Haragia
Haragia
2007, narrazioak
160 orrialde
978-84-86766-94-8
azala: Lander Garro
Eider Rodriguez
1977, Orereta
 
2021, nobela
2019, saiakera
2017, narrazioak
2004, narrazioak
 

 

Hirugarren oparia

 

Arrotza egin zaio aireportuaren zoko batean, metalaren erdian, eguzkiak argitu eta haizeak harrotzen duen ikurrina, eta birikak txiki gelditu zaizkio ikuskizunarekin. Berriro da lau urte lehenago gurasoen etxea utzi zuen neskatoa, baina mendi eta lur usainak galduta.

        Etxera deitu du, hiru bider, amak erantzun duen arte, hilabeteak hitzik ahoskatu gabe dirudienaren ahotsaz.

        — Iritsi zara orduan?

        — Bai. Galdeiozu aitari nire bila etor daitekeen Zarautzera.

        — Galdetuko diot. Bost minutu barru berriro deitu, katxarro horietara deitzea garesti irteten da-eta.

        Zarautzera iritsi bezain pronto aita agertu da Expressaren barruan, atzealdea zakuz beterik.

        — Igo —esan dio ingude gaineko mailukada hotsez.

        Irratian Ganbara taldearen balada bat.

        — Plakatu haiz.

        — Aspaldian ikusi gabe —erantzun dio alabak hiru kolpetan, eta gero ez da kasik ezer entzun errementerian, sugar saiatuak soilik labetik ihes egin nahian.

        Saioak hanken artean helduta darama maleta, eta maldan gora zanbuluka doan paisaje berdeari begiratzen dio, mendixketan jasotako etxe trinkoei, gaztainaz kargaturiko adar batek autoaren aurkako talkaz menia apurtu duenean.

        — Osaba antzarak akabatzen utzi dinat. Azkenaldian langile zabilen eta aprobetxatu egin behar!

        Herrira iristeko azken maldan gaztaina gudarosteak oldartu zaizkie, arantzak Saioa eta aitari itzulita.

        — Bihar gaztainak biltzera etorri behar dinat.

        Saioak ulertu du gonbidapen bat dela.

        — Londonen ez dago gaztainarik, ba al zenekien?

        Aitak balazta zanpatu du, eta furgoneta herriko plazako aieka batean geldiarazi.

        — Ikusi al dun? —kultur etxe bihurturiko Jauregi Zaharraren atarian eraikitako aluminio eta beirazko igogailua erakutsi dio—. Modernoa.

        Saioak ulertu du, aitak gustatuko zaiolakoan erakutsi diola igogailua, eta plazer eman nahi izan diola, nahiz eta badakien aitari higuingarria iruditzen zaiola, Jauregi Zaharrean halako espanturik.

        — London ematen du.

        — Urte hasieran jarri zitenan. Etxe asko egin nahi ditizten. Modan jarriko dun herria.

        — Moda-modan.

        Saioa ohartu da ezer ez dela aldatu aitaren iseka airea, bere iseka airea, ezer ez.

        — Aurrerantzean gazteek ez diten Ingalaterrara alde egin beharko.

 

 

Expressaren balaztek garrasi egin dute: etxea du parez pare, zuri eta ilun, berde eta heze. Ama eta osaba atarian dira, ama gomazko goanteak erantzi gabe, osaba ganibeta eskuan.

        — Ikusi Rogelio —esan dio aitak Saioari antzara lohitua erakutsiz, eta bat-batean izen horrek gordetako unibertsoak eztanda egin dio. Soroan korrika zoroan, antzara erraldoi bat lepoturik, biziaren azken bulkadak lumatza odolduan, antzara txikiago bat segika duela.

        — Emaiok! —oihu egin du osabak aitari.

        — Plakatu zara —esan dio amak, Saioaren oinetan etzan denean antzara dekapitatua, sabelean oraindik bizia. Berea izan da lehen muxua, estua eta hezea—. Eta uztai hori?

        Saioak sudurra zimurtu du eta behiak bezala egin du orro.

        — Neska hau!

        — Zer moduz dago señorita? —esan dio osabak, mahoizko galtzetan xukatuz eskuetako gorria, eta gero atximurka egin dio masailean; hainbesteko energiaz Saioari sudurreko uztaia dilindan gelditu zaio.

        — Afari-merienda prestatu dugu.

        Aitak hortzen arteko karraskila adarra ahoaren bestaldera eramanez segizioari buruzagitza jarri dio, iluna garaitzen ari den belarraren gainetik. Atzean utzi dituzte motzondo etsituak. Sukaldean gazta eta lukainka mutur bat jaten ari diren bitartean, amak ur irakinetan hondoratu du Rogelio, uzki horitua bistan, eta lumatzen joan da, kendutako luma sorta bakoitzaren ostean maleta askatu ezin duen alabari txeraz begiratuz. Aita-osabak mahaiaren bueltan dira, dena zain eta izerdi.

        — Ohera noa, leher eginda nago.

        — Osabaren logela patatarako erabili dugu, humedadeagatik, aitonarena txukundu dizut —erantzun dio amak.

        — Ni zurean geldituko naiz —esan du osabak eta atximurka egin dio onik utzitako masailean.

        Hil zenetik gutxitan aipatzen dute aitona. Aitaren aita zen baina amak zaindu zuen hil aurreko hemeretzi urteetan. Gangrenak hankak janak zizkion arren, batailak irabaztera ohitutako jeneral baten antzera gobernatzen zuen etxea zaharrak. Gero, gehiago zahartu zenean, burua erabat galduta, hitz egiteari utzi zion. Tuberkulu bat. Eta hala ere, etxe hartan izandako itzalak mehatxatuko balitu bezala zaindu zuten hil artean. Saioa txikitatik harritzen zuen amaren sakrifizio ahalmenak.

        Aitak maleta logelara eramaten lagundu dio. Ama atzetik joan zaio, sukaldeko zapia amantaletik zintzilik, eta Saioa ohartu da Londonetik lehen aldiz etorri zenean ekarritako belarritakoak daramatzala jantzirik.

        — Zer moduz reflexologia ikastaroa? —galdetu dio aitorpen eske, aitak bakarrik utzi dituenean.

        Amari, asaldatzen den guztietan bezala, ezpainak mokortu zaizkio:

        — Ixo, ume, hauek ez dakite ezer eta.

        — Oraindik ez? Eta nork eramaten zaitu Zarautzera?

        — Aitak. Masajea hartzera eramaten nauela pentsatzen du.

        — Esaiozu nire opari bat izan zela, nik ordaindu nuela ikastaroa.

        — Belarriko minekin jarraitzen al duzu?

        — Urtaro aldaketa bakoitzeko.

        — Hori sendatzen ere ikasi dugu.

        Gero atea itxi du eta Saioa bakarrik gelditu da. Animaliak bezala mugitzen da ama: zehaztasunez, baina zaratarik atera gabe; geisha baten antza du: zurbila, irribera, adeitsua. Logelatik aberearen pulunpak entzuten dira oraindik.

 

 

Saioak beharrezkoak dituen puskak baizik ez ditu atera maletatik. Aitona bertan aurkitu zuten bakailaoa bezala gogorturik. Amak eta berak aurkitu zuten. Ogi kozkor bat zuen esku artean eta ahoa zabalik.

        Ez da bere arrastorik gelditzen logelan.

        Amak aitonaren ondoan egiten zuen lo, oxigenorik gabe gelditzen zenean ito ez zedin. Itota hil ez dadin esaten zuen beti amak, etxe hartan heriotzaz hitz egiteko zeukaten soltura paregabearekin. Orain plastikoan bilduta dago ohe hori. Saioak ez du inoiz jakin zenbat denboraz egon zen begira, baina greba zela-eta ikastolara joan gabe gelditu zen egun batean, ama katuak bezala hurbildu zen gela hartara, orain bezala, eta zaharrari sudurra estaltzen aurkitu zuen Saioa. Utziozu esan zion, larritasunik azaldu gabe. Utziozu, ahotsa jaso gabe. Ez zuten afera sekula berriro aipatu. Handik urtebetera edo hil zen zaharra, eta ama-alabek maindire bat tolesten den zeremonia faltaz preparatu zuten hobirako.

        Elkarri eskua emanda egon ziren tanatorioan, eskuak lotuta, elkarri kemena emanez bezala bizitza berri bati ekin behar dioten ezkonberrien antzera.

        — Erdiarekin ere nahikoa genuen —xuxurlatu zion amak alabari irriz.

        Hankak falta ez zituen gizon baten tamainakoa zen kutxa.

        Saioak ezin du lorik egin. Mesanotxean jaunartzeko argazkia jarri du norbaitek: txirikorda bik zedarritzen diote aurpegia eta lore zuriak ditu buru gainean. Kabitzen ez zitzaion eraztun baten erruz hanpaturik ikusten zaio hatza. Egun hartan amak organo bat oparitu zion, eta Saioak agindu zion beretzako abesti bat jotzen ikasiko zuela. Bésame mucho izan zen, apaizak erakutsi zion, katixima eta gero. Gizonak aurrean ez zeudenean jotzen zuen Saioak, ama dantzatzen ikusteko. Gizonen aurrean zoriontsu agertzeko eskubidea izango ez balute bezala.

        Ondoko gelatik osabaren txiza txorrota plastikozko pixontziaren kontra entzuten da, jarraian karkaxa bat eta goizaldeko oilarraren kantuarekin elkartu den zurrunga.

 

 

Bazkalorduan jaiki da Saioa, amak kaska egin duenean.

        — Joan al dira gaztainetara?

        — Bai, goizean goiz. Iristear egongo dira —poliziaren zain egongo balitz bezain erne belarria—. Hor dira, aditzen?

        Saioak esne botila hartu du hozkailutik. Sojarenera ohitua, harridura eragin dio benetako behi esnea zintzurretik behera sentitzeak.

        — Azkenean jantzi dituzu oparitu nizkizun belarritakoak.

        — Kosta zait, baina orain ez ditut kentzen.

        — Aitak zeozer esan al zizun?

        Amak belarritakoak laztandu ditu.

        — Kaldererotara ote nindoan.

        — Ez al zizuten alergia ematen?

        Indian egindako belarritakoak dira, zilarrezkoak. Ordura arte belarritako pare bakarra zuen amak, urrezkoa. Oparia egin zion garaian, Saioak amaren mundu murritz eta kamutsari leihoak zabaldu nahi zizkion.

        — Zer moduz zaude?

        — A ze galdera, neska. Nola nahi duzu ba egotea?

        Senarra eta anaia inguruan zebiltzanean, amari galderak erantzun gabe erantzuteko trebetasuna azaleratzen zitzaion.

        Osabak errafiazko zaku bat gaztaina ekarri du.

        — Bost bat kilo.

        Amak eskukada bat hartu du itxura begiratzeko, triku momifikatuak dirudite. Saioari goroldio usaina etorri zaio, orain bai, etxean da.

        Gizonek lepoaren inguruan lotuta dute aho-zapia. Bazkaltzen duten bitartean ez dute apenas hitzik egiten, elikagaietan eta horiek sabeleratzeko egin beharreko mugimenduetan soilik jarria balituzte bezala gogoa eta indarra.

        — Elurra datorrela esan dute irratian —esan du Saioak.

        — Bazkalostean egur egin behar dinagu —esan du aitak. Leihotik begira dago. Ez ditu inoiz bereizi aginduak eta laguntza eskeak.

        — Elur erauntsia —gaineratu du osabak.

        — Ikusi al duzu Jauregi Zaharrarekin egin dutena? Zuri gustatuko zaizu —ama iseka airez ari zaio Saioari. Aita-osabak agertu bezain pronto haien arauetara makurtzen dira ama-alabak oharkabean.

        — Atzo erakutsi zidan aitak. Nahiago nuen lehen bezala, egia esateko.

        — Babes ofizialeko etxeak egin behar ditizten. Zarauztarrak etorriko ditun bizitzera eta herria modernizatu beharra zagon.

        Osabak ogiaren koxkorraz fideo eta oilar soberakinak ahoratu eta amari eman dio platera. Honek labekoa zerbitzatu du, senarrari, anaiari, alabari, eta azkenik bere buruari. Akuri erre bana.

        — Ez al duzu izena eman behar? —galdetu dio amak.

        Saioak bakarka hitz egiteko gaia iritzi dio, baina hala ere erantzun du:

        — Denda biologiko baten arduraduna naiz Londonen, ama, oraingoz han gelditzeko asmoa daukat. Gainera, etxea musutruk daukat eta diru dexente ari naiz aurrezten —saihets ttipietan hondoratu ditu sardexka eta labana.

        — Hori ongi dago.

        — Dirua ez zagon inoiz soberan.

        — Ingelesa hobeto ikasi nahi dut. Erdara baino hobeto hitz egiten dut kasik!

        — Erdaraz primeran egiten dun ba hik! —esan du aitak amari begira, eta platerean pilatutako akuria hezurtxoak mahaiaren erdian utzi ditu, pila handiago batean.

        Osabaren begiek mahaiaren bestaldetik traba egin diotenean, hozkailutik flan pakete bat atera eta mahaian ipini du Saioak. Aitak, osabak eta amak platerari buelta eman diote eta gainean isuri dute flana. Zoparako erabilitako koilararekin jan dute.

        — Zure aita datorren urtean da erretiratzekoa. Londonera joango garela agindu dit.

        Aitak ez du imintziorik txikiena ere egin, baina Saioak badaki lotsaturik dagoela.

        — Bai ala? —zirikatu du.

        — Joan beharko —eta gerrikoa koska bat nasaituta, ogi papurrak galtzetatik astindu eta siesta egitera igo da. Saioari zahartu egin dela iruditu zaio.

        — Eta zu, osaba?

        — Ni ez naun katxarro horietako batean sekula santan igoko —eta sagar bat zuritu du, sagar asko zuritu dituenaren iaiotasunez, eta labanarekin lagunduta isiltasun erabatekoan jan eta gero, bera ere siesta egitera joan da.

        Saioa eta ama harrikoa egiten gelditu dira. Edozein etxetan bizi izan dela ere, Saioa beti egon izan da prest harrikoa egiteko, aitzakia eta xextra guztietatik urrun. Ez du inoiz konpartitu jendearen nagikeria ontziak garbitzeko, beretzat harrikoa beti izan da une intimo eta gozoa, etxean amak eta berak egin dutelako beti agian.

        — Nahi baduzu goazen zure gelara eta reflexologia pixka bat egingo dizut. Ea belarri horiek sendatzen ditugun.

        Ohean etzanda Saioa, amak galtzerdiak erantzi dizkio eta oinak bere izter gainean ipini ditu. Saioak amantalaren hezea nabari dezake orkatiletan. Amaren eskuak mamitsuak dira eta okinak orea nola maneiatzen ditu Saioaren oinak.

        — Zer moduz bizi zara?

        Behatz txikerrak indarrez estutu dizkio:

        — Hemen daude belarriko min horiek, horregatik egiten dizu min estutzen zarenean.

        — Eta zer moduz zaude orduan?

        — Zenbatetan galdetu behar duzu! Ondo, esan dizut.

        — Badakit zer esan duzun.

        Isilik gelditu dira eta Saioak tristura gozo bat nabaritu dio aurpegian.

        — Opari bat ekarri dizut.

        Maletatik koloretako paperetan bildutako kutxa atera du. Amak belarri parean jarri eta astindu egin du.

        — Zintzarri hotsa dauka!

        Saioak barre egin du, ama ume bilakatuta ikusteak zirrara eragiten dio.

        Papera kontu handiz kendu eta ohe gainean utzi du, tolestuta. Kutxa zabaldu eta edukia esku ahurrean erortzen utzi du: soka batez lotutako golf tamainako bola bi.

        — Txinatar bolak deitzen dira —erantzun dio Saioak amaren galderak egin gabe galderak egiteko moduari.

        Saioak bakarrik utzi du ama. Korridoretik aita-osaben zurrungak heltzen dira. Sukaldetik Juan Carlos Irizarren kantu bat, jendeak nahi duen abestia eskatzen duen saio horietako bat. Gaztaina eskukada bat jarri du egosten, anisarekin.

        Bitartean, aizkora txiki bat hartuta, egurra egin du gauerako. Izerdia botatzeak on egiten dio.