Haragia
Haragia
2007, narrazioak
160 orrialde
978-84-86766-94-8
azala: Lander Garro
Eider Rodriguez
1977, Orereta
 
2019, saiakera
2017, narrazioak
2004, narrazioak
 

 

Ez du katu bat balio

 

 

Jasateko gai garen guztia merezi dugu.

Elfriede Jelinek

 

 

1

 

Esnatzean iratzargailua jotzen utzi du, minutu bat edo bi. Ohean ez da inor gehiago, noiztik ez daki. Hankartean Theloniousen isatsaren kilimakurrak. Joanak zimiko egin dio katuari buztanaren puntan, eguneroko harrapaketa jolasak jaikiaraziko duelakoan, Theloniousen hozken bertigoak; Thelonious bere laguna, esnatzen laguntzen duen bakarra. Baina zimikoak ez du bertigorik ekarri gaur eta katuaren hankatik egin du tiraka. Biguna. Joanak itoari bularrean sakatu dio, sorospenean ikasi bezala, baina beldur izan du hezurrak hautsi eta akabatzekoa. Orduantxe akordatu da heriotzarekin. Orduantxe onartu du ezin dela bi aldiz hil. Theloniousen heriotza jaso du, hanken etsipena aldarri, inoiz baino untxiago, letaginak ahotik at. Belarriak eta burua, bizkarra eta paparra laztandu dizkio katuari, bigunaren arrarotasunetik ihes egin nahian, baina hilotzak zor duen errespetuari ere ez dio izkin egin nahi, Thelonious da, finean, eta berogailu gainean ipini du, malkoak xukatu ditu eta lo-soinekoa jantzita komitiba buruaren antza hartu du. Thelonious, Eñauten urtebetetze oparia, Ondo etorriko zaizu, kariño, edo On egingo dizu, alargundu berri den zaharrari perikitoa oparitzen zaion bezala. Iratzargailuak bost minuturoko oinazea sortzen jarraitzen du. Hirugarren joaldian sukaldeko iratzargailua martxan ipintzen da, Mao Zedongen aurpegia esferan eta bi nekazari igitaia eta mailua astintzen, Txina osoa aharrausika. Katua hartu du ahalik eta zeremoniatsuen, begi bat zabaldu dio, epel dago. Zapata kaxa batean sartu du, sukaldeko trapua beztidura, eta Eñauti deitu dio lantokira:

        — Zu joan orduko hilik behar zuen, ohartu egin beharko zenukeen.

        — Ez naiz ohartu.

        — Lurperatu egin nahi nuke, baina hori egitea umekeria den galdetu nahi dizut lehenik.

        — Ez dut ulertzen nola izan den, zanpatu egingo zenuen.

        — Zanpatu eta akabatu. Lotarako pilulak izan dira, seko uzten naute.

        — Pilulak hartu aurretik ere ezin izaten zinen esnatu, ez dakit akordatzen zaren.

        — Ez zen gauza bera. Lur jota nago, Eñaut, ezin zara lanetik irten?

        Naturaltasunez jokatzen saiatu da Joana. Bere osasunagatik kezkatuta sumatzen du Eñaut eta ez dio motibo gehiago eman nahi. Hozkailuan sartu du. Bera etorri arte itxaron nahi du lur emateko. Baina gosaritarako esnea hartzera hurbildu denean, berriz ikusi duenean aguakatea, soia, uhaza, arrautzen artean hilkutxa, atzera egin du. Eta ezin izan du gogoeta baztertu: jendeak zakarretara botatzen ditu animalia hilak, eta gero seme-alabei zerura joan direla esaten die, eta elkarbizitzak iraun duen artean animaliaren usaina onartzeko modukoa izan bada, eta sofarik hondatu ez badu, eta oharak inoren loa eragotzi ez badu, agian, agian bakarrik, beste txakur edo katu edo dortoka bat erosiko diete seme-alabei, aurrekoak zituen defizitak gaindituz beti ere: ile asko botatzen bazuen, ile motzeko bat; mugituegia bazen, otzanago bat; umeen mundu ikuskera aldrebes zezakeen estalketak egiteko ohitura bazuen, zikiratutako bat.

        Madalenak esnetan busti bitartean negar egin du.

        Tabako usaina gorabehera, bezperako arropak jantzi ditu. Arrautza bat kraskatu du eta gorringoa katiluaren kontra lehertu da, bi koilarakada bete azukre, kina txorrotada bat eta hasieran gorrotatu baina dagoeneko maitatzen hasia den brebajea irentsi du, izebaren errezeta. Hortzak garbitzea ahaztuta, lanerako bidean da. Ezin du gogotik erauzi heriotzaren sinplezia.

 

 

2

 

Gaur ere belu da. Nagusiak kafe katilua jasoz agurtu du. Joanak ez dio azalpenik eman, zertarako. Gaur ere berandu, esan dio. Iritsi orduko ugazabak post-it-ez estali du Joanaren ordenagailua, bakar batean jar zitekeena zazpi post-it-etan idatziz, hogeita bi minutuko beranta paper deigarriz azpimarratuz. Joanak, Windowsaren ongi etorriari erantzun dio begi keinu batez. Nagusia algaraka entzun du telefonotik hizketan, anaiarekin erabiltzen duen doinua da. Joanarekin erabili izan zuen antzeko doinua inoiz, txinpartaz beterikoa. Orain ez du doinurik. Etorri zaio zerrenda batzuekin. Alfabetikoki ordenatzeko. 117 orrialde bete izen. Ordenagailuak berak egin lezake baina artxiboa galdu zaio. Joanak badaki gezurra dena. Hogeita bi minutuengatik da, ez da zigor handia eskolan 1.000 bider idatzi behar zuten esaldiaren ondoan. Beste hiru lankideak heldu dira. Haiek ordubete geroago dute sarrera ordua. Nagusiaren bulegoan sartu direnean, algarak zenbatu ditu Joanak: Mikelek 3, Marijok 2, Estebanek 0. Mikelek jarraitzen du rankinaren gailurrean. Inguruko idazmahaiak habitatu dituzte. Katuarena kontatuko dio gero Estebani, kafe orduan, berak txakurra dauka eta ulertuko du. Nagusiak bulegora joateko deitu dio telefonoz. Algara bat lapurtu nahiko dio, baina Joana prest dago tinko eusteko. Zerrenda dataren arabera ere ordenatu behar duzula esatea ahaztu zait, esan dio orduan. Joanak nagusiari kableak ikusi izana iruditu zaio, kamixetaren lepoaren azpitik. Nagusiak lepoa atondu du. Garaiz heltzeko ahalegina egin behar duzu, Joana.

 

 

3

 

Horrela dagoenean Be-bopera joan ohi da. Ez da izan zena melomania neoliberalismora plegatu zenetik. Nahiz eta Dizzy Gillespieren globoak aurpegian, nahiz eta Aretha Franklinen hortzak hormetan, Dire Straits eta Joaquin Sabina bafleetan. Knopflerren ahotsa aditu duenean triste sentitu da. Ardoa edaten du horrela dagoenean, eta mahaitxo ilunen bueltan mokoka ari diren bikoteak begiratzen ditu, bata bestearen ezpainetatik ogi papurrak jaten. Itxaroten du, gehiago ilundu arte. Zaila zaio kalkulatzea noiz duen zeruak itsasoarekin bat egiten. Batzuetan hori baino lehen irteten da Be-bopetik, eta barandara jaurtiko du gorputza, zeruaren beltza eta itsasoaren beltzaren zain, beltz bakar horren esperoan, eta etorri artean begiak erdi itxiko ditu, bi masen arteko marra deuseztuz. Beltzak, bere neurrira ekartzen du Joana, munduan kokatzen du, iratzeen, izkiren, izakien pare. Batzuetan gertatzen zaio. Heldulekua galtzen du, tamaina. Adibidez, larrutan ari denean, bi animalia ikusten ditu estaltze lanetan eta Natura kateko ahots ezti horietako bat entzuten: «Emeak hankak zabaldu eta arrak estaltzen utziko dio, larrutaldiak minutu eskas iraungo du».

 

 

4

 

Nagusia akabatzea, bere haragia labeak errauts bilakatu edo zizareek jan eta kaka itxurarekin kanporatzea. Eta zizare horiek kaka bihurturiko nagusia berriro jatea, okitu arte, eta berriro libratu, kaka fin amaigabe bat. Hori zure bikotekideari aitortzea eta honek katu bat oparitzea trukean, tori, kariño, ondo etorriko zaizu. Akabatzeko gogo hori da benetakoa den bakarra gaur, orain, beltzari begira, ezerezak nonbait kokatzen naueneko une honetan, Be-bopetik Manaren kantu bat datorren arren. Horren kontrako pilulak. Kimikak egia ezaba ote dezake. Zazpi urte gizon berarekin, zazpi urteko egunerokotasuna eta behin zerbait esateko izan eta ezin. Behin benekotasuna ukitu ahal eta Eñautek jasan ez. Sei urte lantoki horretan, administrazio laguntzaile, sei urte algaratxo horiek entzuten, sei urte. Sei urteko jazarpena nagusiaren mahai azpian lau hanketan ez jartzeagatik. Zentzu metaforikoan, gainera. Biologikoan balitz, tu eginez ezabatuko litzateke lixiba zaporea. Eta okerrena: goizeroko algaratxoak.

        Marxi buruzko liburu bat best-sellerren artean. Marxekin hitz egin nahiko nuke, bizarrean kilima batzuk egin, eta aizu, esadazu zeozer, zer egin behar dut sentimendu honekin inor ez badut aldean, norekin egin dialektika bakarrik nagoenean, norekin bilakatu klasekide klaseko baztertua naizenean. Post-it-a jarri nahi diot bihar pantailan: Akabatu egingo zaitut. Zoraturik egotea al da hau. XX. mende hasieran erreferente bihurtuko nintzateke ekintza horrengatik, feministek ikono bihurtuko nindukete, bekaren bat ere lortuko luke norbaitek nire biografia idazteko. Diru publikoa nire azaña edertzeko. Baina trastorno adaptativo al entorno laboral con ansiedad, idatzi du medikuak. Txipiroietan egon nahi nuke txintxorro horietako batean, gizon horri galdetu, ahurrak pitak urratuta dituen horri, kriseiluaren argipean, berak ere erotu egin naizela pentsatzen ote duen.

 

 

5

 

Esteban izan zuen burkide hasieran: duintasuna, errespetua, lan-baldintzak izaten zituzten mintzagai. Gutxika, hitz horiek hipoteka, Kutxa, Eroski bidaiak, Salomon eskiak bilakatuz joan ziren. Estebanek nagusiaren aurrean lehen algara egin zuenekoa oroitzen du. Astelehen goizez izan zen, futbolean ikasitako txiste baten kontura. Handik hamabost egunera, Estebanek Anoetarako sarrera bat oparitu zion nagusiari, anaiarena omen.

        Labanak, pistolak, balazten manipulazioa, zianuroa. Dena da telefilmeko. Ez du halakorik nahi, baina ez dio heriotza naturalik desio, justiziazko bat baizik. Thelonious hilik da eta gizon horrek ez du katu bat balio. Ardoak loratu egiten du Joana, ez daki bizien edo hildakoen mundutik gertuago jartzen duen, baina nonbaitetik gertuago sikiera. Tabernako leihotik begiratzen du, iluntzen hasia da eta barandara doa pauso azkarrez. Kresalak ilea hanpatzen dio. Bikoteek footing egiten dute bidegorritik, etxeratutakoan dutxa eta entsalada hartuko dute, eta biharamunean lanerako egongo dira. Joanak ez du horrelako bizi perspektibarik. Berak itsasoa eta zerua bat egiten direneko unea itxaroten du soilik, eta etorri denean, irribarre batekin egin dio oles, ardozko jauzi bat eztarrian gora.

 

 

6

 

Menditik itzuli gara, Thelonious lurperatzetik. Ez da bereziki tristea izan. Eñaut maitagarri egon da, berak egin du zuloa eta berak estali. Baina, ez da modurik, Eñautek ere pilulak hartzea nahi du, berak ere bai. Maiatzaren leheneko manifestaldia, hori bai. Ikurrinak eta trapu zahar gehiago, hori ere bai, baina gero pilulak hartzea nahi du.

        — Bihar sindikatura joango gara eta mobbing salaketa jarriko diogu putaseme horri.

        — Eraso sexualen bat egon izana nahiago nuke.

        — Ez esan txorakeriarik, Joana.

        — Hori egon izan balitz ulertuko zenukete.

        — Bihar sindikatura joango gara informazio eske, eta gero ikusiko dugu zer egin.

        — Ez dut hori nahi.

        — Maitea, esan didate zakurtegian katu pertsa mordoa dagoela, beti nahi izan duzu katu pertsa bat.

 

 

7

 

Bulegora deitu du nagusiak, gurpila zulatu zaio eta argibideak eman ditu norbaitek garabiari esan diezaion non dagoen. Mikelek bete du agindua. Joanak irteera ordua dauka eta biribilgunean ikusi ditu, garabiko gizonaren ondoan gurpil berria jartzen. Klaxona jo dio, buila handia sortu du, nagusia, errepide bazterrean belauniko, begira gelditu zaio eta Joanak emozio handiz egin dio agur. Nagusiak eskua eragin du. Irratian Kind of blue. Joanak bolumena igo eta tronpeta jarraitu du eztarria urratu arte. Gaur ez du itsasoari ezer galdetzeko beharrik.

        Eñaut etxera iritsi bitartean oinetako azkazalak pintatu ditu. Iltzeen zarata entzun du gonako patrikan. Hatz batekin iltze baten punta estutu du, ziztatu arte, gero ahora eraman du eta herdoilaren zaporea lehertu zaio aho-sabaian. Ez daki iltzearena edo odolarena den herdoila.

        Eñaut dortoka birekin etorri da. Jendeak komun zulotik behera botatzen ei ditu eta zikinkeriak gizenduta heltzen omen dira estoldetara. Bi agure dirudite, harrizko begiekin, Eros eta Thanatos.

        — Hauek ez dute araldirik izaten.

 

 

8

 

Sindikatuan baja hartzeko gomendatu diote. Gaztea da sindikatuko kidea, patillak eta belarritako bana. Gibelean afixa bat: «Trabajador, hazte oír». Bere ordenagailua lotan da, eta pantailan, tarteka, marrazo bat agertzen da koral artean igerian, buztana astinduz. Marrazo otzana iruditu zaio Joanari. Gazteak paper batzuk begiratzen ditu hizketan jarraitzen duen bitartean. Nik sinesten zaitut, baina froga gehiago behar ditugu. Gainera, goizetan garaiz heltzen hasi beharko zinateke, aitzakiarik ez emateko nagusiari. Frogaren bat lortu behar duzu, baina seguru zaude epaitegietara jo nahi duzula?

 

 

9

 

Haurra zenean amonak prestatzen zion bazkaria. Joanak aza gorroto zuen eta amonak bazekien, baina hala ere ez zegoen gutizietarako. Hilko bazina hobe, esan zion behin Joanak. Amonak eskua hartu eta paelan sartu zion, sutan jarri berria zegoen. Neskari ahurra gorritu zitzaion, baba bat irten zitzaion gaua etorri baino lehen, baina ez zion ezer esan amari. Biharamunean, amonak berak zulatu zion baba jostorratzaz. Gero olioa jarri zion zulotxoan eta aza platerkada epela jarri zion begien aurrean. Handik hilabete gutxira hil zen, eta Joana errudun sentitu zen errudun sentitu ez zelako. Amonak dirua Testamentu Berriaren orrien artean gordetzen zuen, baina Joanak ez zion inoiz sosik lapurtu.

        Orain ere heriotza opa du, ez da erruduntasunaren beldur, erruduntasun gabezia horren beldur baizik. Psikosia, dio Lacan hasiberrientzat liburuxkak. Baina Joana ez da hasiberria.

 

 

10

 

Hamasei minutuko atzerapenarekin ailegatu da gaur. Nagusiak ordea ez dio deus esan. Kafe orduan, Mikelek bezperan bezero batekin izandako gatazkaz hitz egiten die. Mikelek gatazkak sortzen ditu bezeroekin, gero nagusiari kontatzeko. Mikelek txinalak janzten ditu lanerako, nagusiak bezala. Bulegoa nire etxea da, egin nahi dute aldarri ugazabaren oinek. Bulegoa gure etxea da, Mikelenek. Marijok karpeta garraio etengabean jarraitzen du. Orriak hartzen ditu pasieran, eta batez ere, oso azkar ibiltzen da, oso azkar, eta ileak uxatzen ditu aurpegitik, edo euli imajinarioak. Joanak esan egin nahi dio, nora zoaz hain azkar karpeta hutsekin. Marijok euli bat harrapatu du eskukada batez, edo ile xerlo bat, begira-begira gelditu zaio. Estebanek ezkutuan bidaltzen ditu sms-ak, sakelakoa izterren artean jarrita.

        — Esan lasai neskari maite duzula, motel.

        Joanaren hitzek lotsarazi egin dute.

        Mikelek faxez bidali dizkio anaia abokatuari ugazabaren argiketa agiriak.

        — Nire anaia oso ona da, Aldundiari salaketa jartzeko esango dizula uste dut. Sos batzuk aterako dituzu, ikusiko duzu.

        Eta ugazabak kafe gehiago egin du, Joana bidali du azukrea erostera. Itzuli denean, kanabera azukrea eskatu diola esan dio, eta ez azukre zuria. Denak Joanari begira gelditu dira, koilaratxoak eskuetan.

        Azukrea erostetik itzulitakoan post-it berri bat aurkitu du pantailaren erdian. Nagusia eta Joana elkarri begira gelditu dira. Joanari bihotza azkartu zaio eta gizonaren ezpain marroiak arakatu ditu, eta zalantza sartu zaio, kolore hori lan orduetan edandako kafeen eraginez ote den edo berezkoa. Nazka sentitu du, eta oihu egiteko gogoa.

 

 

11

 

Lerrokatzen ditu soldaduak, poliziak, gerrillariak. Ikusten ditu trintxerak, kartzelak, sasia. Telebistan gertatzen diren gerrez gain, arbasoen gerrak. Arbasoek haien eskuekin odolustutakoak. Tolerantziak, errespetuak, demokraziak lako hitzek hiritarren barne munduak alferrikaldu aurretiko garaia du gogoan. Hilketa eskubidea. Ez da hain zaila izango, norbait akabatu duen jende andana dagoenean hor zehar, goizetan kruasana eta laranja ura gosaldu ostean bilobak haurtzaindegira eramaten. Noizbait esku odoleztatu izandako horiek guztiak, lokamuts, infernu, eroetxerik gabe bizi direnen kuraia senti dezake zainetan. Estebanek emandako futbol sarrera tolesten ikusi du nagusia.

        Eñaut ez da oraindik etxera heldu. Telebistan ugazabak egon behar zuen futbol partida, gola, zaleak jauzika.

        — Zer egin du Realak?

        — Irabazi.

        — Zenbat?

        — Bat eta huts.

        — Aupa! Afaria? Eta lan kontuak?

        — Gaur hobexeago.

        — Salaketaren gaineko erabakirik hartu al duzu?

        — Bihar hitz egingo dugu, Eñaut, pilulek zozotuta uzten naute.

        Dortokak begira-begira gelditu zaizkio.

 

 

12

 

Goizean, lanera joan ordez, etxe ondoko kafetegian gosaldu du, kruasana eta laranja ura. Estebanek telefonoz hots egin dionean, ez du hartu. Be-bop zabaldu arte itsasoari begira egon da, korrikalarien urratsekin batera urrunduz Joanaren ezinegona. Eguerdia da. Alkohol usaineko jarraitzaile txuri-urdinak auto batean lo, turuta hots errari bat.

        Pertsianaren orroarekin batera, ardoa eskatu du Be-bopen. Tabernek egunez ez dirudite gaueko berak. Beste ardo bat. Bozgorailuetatik Kenny G.

        Begiratua txepelduta irten da tabernatik. Lainoak itsas azalean pulunpan. Kaioen garrasiak ugazabarenak. Begiak zarratzen ditu, beltzaren bila. Goizeko hamaikak dira, zerua azalera itsasten zaio eta ezin du jasan. Estebanek deitu dio, berriro:

        — Joana, non zabiltza?

        — Botaka eman dut gaua, bulegora deitu nahi nuen baina esnatu naizenean ez dut indarrik bildu. Nagusiak zerbait esan du ala?

        — Zerbait gertatu da Romanekin.

        — Zer?

        — Partidura joateko gelditua nengoen baina ez zen ailegatu. Garbitzaileak aurkitu zuen bulegoan botata, ez dakite zer izan den baina larri dago.

        Barandan jarrita, oka egin du, gozo. Kaio bat zikinean mokoka. Argitasunak okitzen du Joana. Korrikalari batek gerritik heldu du, xiratik musuzapi bat atera eta muturra garbitu dio. Gizon zahar bat da, burua arradaturik darama, mp3aren kableak patrikatik zintzilik dauzka, Joanak identifikatzen ez duen musika klasikoa entzun daiteke.

        — Ondo al zaude, neska?

        Taupadak kopetako zainetatik atera beharrean ditu. Joanak besarkatu egin du gizona, gizonak ilea laztandu dio:

        — Nonbaitera eraman zaitzaket?

        — Zerbait jan nahiko nuke.

        Elkarrengana bilduta gelditu dira, barandan bermaturik. Joanak eskuak behatu dizkio, iletxoak, azkazalak, eta inoiz odoleztaturik egon ote diren, inoiz armarik jaso ote duten zalantza piztu zaio.

        — Zenbat urte dituzu?

        — Hirurogeita hamaika —erantzun dio zaharrak harrotasunez.

        Joanak kenketa egin du, 36an jaio berria behar zuen beraz. Gonbita onartu aurretik egin behar zion galdera, baina bera beti berandu. Joanak gizonaren izerdi usain garbia sentitu ahal izan du bizkarra ferekatu dionean.

        — Joango gara?

        Kaioen garrasiak ugazabarenak.