Chevrolet tropikala
Chevrolet tropikala
2007, nobela
224 orrialde
978-84-95511-96-6
azala: Jose Luis Zumeta
Rafa Egiguren
1948, Hernani
 
2019, narrazioa
2002, poesia
1986, poesia
 

 

16

 

Aireztailuak bueltaka zirauen sabaian. Eguzkiak, pertsianaren zirrituetan barna, zebra baten larrua zeukan hormen gainean marrazturik eta, zine-aretoetan bezala, urrezko hauts fina zebilen iragazitako argi zerrendetan igeri. Erdiz erdi zegoen zabalik balkoneko atea. Itsasoko haizea gortina zuri-urdinekin ari zen jolasten eta, bolada bakoitzean, hanpatu eta belaren eitea hartzen zuten.

        Eskua ohantzearen aldameneko mahai txipiaren gainera luzatu eta, Habanan zegoela egia ote zen ziurtatzeko, sudurrean goiti paratu zituen lenteak Migelek. Errelojuari begiratu zion. Aspaldian ez zuen hainbateko siestarik egin.

        Orratzak arinago al zebiltzan Antilletan?

        Atzarri zeukan ondoan Maria Josefa, baina nagiak kendu ezinik, eta ez zion jaikitzeko batere asmorik atzeman.

        Antzertiari buruzko solaserako asmotan etorri zitzaion irakaslea bazkalondoan, baina ez zuten oraino gaia aipatu, zeren...

        Aristoteles eta Castelvetro ate joka zeuzkaten, bai, baina, jakina, zenbait gauza ez dira nornahiren aitzinean egiten ahal, eta kanpoan geratu behar izan zuten zain.

        Horrela, bada, gero eta intentzio handiagoarekin behatu zioten elkarri, eta ahulezia epelean jausi ziren.

        Oinetakoen gainetik jaitsi ondoren, soinekoa gerriraino bildu eta burutik goiti erantzi zuen Maria Josefak. Ikaslearengana hurbildu eta, tentagarri, bizkarra eman zion bularretakoa aska zekion.

        — ¿Cómo tú me encuentras?

        Eztarrian egin zitzaion korapiloa irentsi eta, Con todo en su sitio ihardetsi zion ahalik naturaltasun handienarekin.

        — Pues entonses, para ti toda, mi amor.

        Ohantzean biluzik, bata bertzearen bazterretan ibili ziren atsedenik gabe eta, nor bere desiraren mende, izerdi-mintz gozoan bildurik egin zuten bat. Ezarian, erne, amildegiaren ertzean zelatu gabeko zaldiaren gainean dabilenaren arretarekin, elkarrenganako irrika soseguz gobernatzen saiatu ziren luzaro eta, azkenean, atseginaren hondarretara ailegatu zirelarik, hutsaren gainean geratu ziren zintzilik.

        Oinak lurrean paratzeko indarrak hartu arte nor bere buruarekin lasai ederrean, hitzik erran gabe egon ziren aireztailuari begira. Izerditan trenpaturik zeuden, eta porrokaturik zeuzkaten maindireak. Ohantzetik jaikitzeko tenorea zela adierazteko bezala, muxua eman zion Maria Josefak ezpainen ertzean. Eskua luzaturik Partagas paketea hartu zuen Migelek eta, zigarroaren errealdian, Umberto Eco eta Alfred Hitchcock azaldu ziren solasean. Aitzinera jo beharra zegoen, eta hurrengo adituaren izena eman zion irakasleak jakitera: Bertolt Brecht.

        Baina antzerti gaietan murgildu aitzin, Akira Kurosawarengana egin zuen jauzi, zeren...

        Aristoteles eta Castelvetro ez ezik, zinemagile japoniarra ere kontuan hartzeko modukoa iruditzen zitzaion. Ohantze batean ez zegoen hainbertze jenderendako lekurik, eta ordu erdiko atsedenaldia eskatu zion Maria Josefak. Aski izan zuen ordu laurdena aurpegia freskatu eta janzteko. Komunetik itzuli zelarik, xanpain kopa bana proposatu zion ikasleak egun hartako kapituluarekin hasi baino lehen.

        — Esta ves se trata —erran zion— de una proyesión que yeva por título Rashomon.

        Antigoaleko ate ospetsu baten izena zen. Aspaldi handian, VIII. mendean, Japoniako enperadoreak gortea Kiotora aldatu zuelarik, Mendebaldeko sarrera gisa eraiki zuten, baina garai izugarriak heldu ziren ondoren eta, denboraren poderioz pitzatu, usteldu, eta gainbehera etorri zen. Inguruko gaizkile guzien biltoki, argitzen zuelarik ia egunero agertzen zen gorpuren bat, eta filmaren hasmentan hiru gizon daude bertan, solasean, erauntsiaren pean atertu zain.

        — Es la versión sinematográfica de un cuento muy breve que un tal Akutagawa escribió a prinsipios de este siglo.

        Egurgile arlote bat eta bontzo gazte bat iragan egunetan gertatutako hilketaren lekuko izan dira eta, konprenitu ezinik, hirugarren bati ari zaizkio ikusitakoaren berri ematen. Aterpean dauden bi gizonen lekukotasunaz gainera bertze lau ikuspuntu ere ematen ditu Kurosawak iruditan, hau da, Tajonaru izeneko gaiztagin susmagarriarena, preso hartu duen aguazilarena, hildakoarekin zihoan andrearena eta, sorgin bat bitarteko, hildakoarena berarena. Oihal eder baten bilbean bezala daude ehundurik bertsio guziak, baina ez datoz inondik inora bat; denak dira desberdin eta entzuleak, egurgilearen eta bontzoaren arteko solasari adi, erranairu bakarrean laburbiltzen du egoera, zeren...

        — No somos sinseros ni con nosotros mismos.

        Aireztailua hegaka eta hozkailuaren atea irekia eduki arren, urik gabe egosten paratutako eltzea zen gela. Harat-honat zebilen irakaslea oinutsik, eta urratsek izerdiz inprimatutako aztarnak uzten zituzten baldosaren gainean. Elastikorik gabe, galtzontzilotan, besaulkian jesarririk zegoen Migel hankak zabalen zabal eta, saiatzen bazen ere, ez zuen behar bezala jarraitzen ahal ikasgaia.

        — Creemos en nuestras propias mentiras —erran zuen, Maria Josefa bitarteko, Rashomongo gizonak.

        Saiatuaren papera egiten zuen Migelek, baina Maria Josefaren solasak ez zuen ikaslearen galdera txipienaren trabarik. Ahoa ireki beharra zeukan irakaslea susmoa hartzen hasiko ez bazen.

        — ¿Aristóteles? —galdetu zion aipatu berria zuen erranairuaren egilea aspaldiko laguna balu bezala.

        — ¿Aristóteles?

        Ez zion irririk batere eragin, eta zain gelditu zen Migel, nondik joko zuen ez zekiela. Bere ezjakintasunaren atrebentzia nabarmendu nahi zuen purrustada eskaini zion irakasleak eta, soinburuaren gainetik begiratu ondoren, komunerako bidea hartu zuen. Konprenitu ez duenaren muturra egin zuen Migelek, baina Maria Josefak, azalpenik eman gabe, dutxaldi baten gutizia egin zitzaiola erran zion.

        Elkarrekin dutxatzen ahal zirela otu zitzaion hoteleko maizterrari, baina sutan botatako gatz zimiko baten ondorioa izaten ahal zuen proposamenak; beraz, ireki gabeko botila bezala, isildu eta gibelera egin zuen enbatak amore eman arte.

        Azterketa etorri zitzaion burura, gauzak agindu bezala gertatuz gero, gainean zeukan. Aristoteles, Castelvetro eta egun hartako saioaren ondotik azken solas bat bertzerik ez zitzaion falta. Maila emanen ote zuen? Oharren batzuk jaso izan balitu, tira, kopiatzerik izanen zuen beharbada, baina erremediorik gabeko kaiku axolagabearen gisa ari zen portatzen eta, proba gainditu ezean, ez zioten bertan bizitzeko baimenik emanen. Horrela, bada, Alberto Joseren eskuetan utzia zuen bere etorkizun hurbila, konturatu gabe ari zitzaizkion sosak urritzen eta.

        Arrats apaltzen hasia zegoen.

        Hiriari begiratu zion gortinen artetik. Portuko garabi makurrak ikusi zituen urrunean, eta zuri-gorriz margotutako tximinia luzea ere bai. Alde batetik bertzera zebilen jendea karrikan, baina indarrik gabe iristen zitzaion zalaparta. Inguruko terraza gehienetan arropa sailak zebiltzan haizearen mende idortzen, eta aldameneko balkoneko dortoka itzalaren eta eguzkiaren arteko muga ari zen ikertzen.

        Ate kirrinka entzun zuen.

        Maria Josefa agertu zitzaion uretatik sortutako jainkosa baino ederrago. Toalla zuri handi batean bildurik zetorren, orrazia eskuan. Geratzen zen xanpain tanta bat botilan eta, kopa eskaini ziolarik, irakasleari amorru hondar bat atzeman bazitzaion ere behakoan, onetsi egin zion gonbita. Edaria berarekin zeramala sartu zen berriz ere bainugelan eta, orrazten ari zela, irria harrapatu zion Migelek ispiluan.

        Esáctamente lo contrario —abiatu zitzaion, tartean deus gertatu izan ez balitz bezala—, esáctamente lo contrario que hisiera Hitchcock con su Soga.

        Aitzinean zeukan ispilu hura hautsi eta berriz osatu izan balu bezala, sei edo —Rashomongo atean gertatzen dena barne— zazpi film laburrek bat egiten zuten egilearen erranetara. Ordura arte inork ez bezala, lekuko bakoitzaren ikuspuntutik kontatu nahi zuen Kurosawak gertaera bedera eta bakarra, eta ahalegin horren ondorioz, aldatu egin zituen narrazioaren arauak. Immanuel Kant handiak frogatu omen zuenez, arteak, lehenik eta behin, denbora eta espazioa konprenitzeko moduari eragiten zion bereziki, zeren...

        Ma —erran zion irakasleak.

        Aitzinera egin ezinik, hitza erraten amaitu gabe mutu geratu ote zen egin zitzaion Migeli. Ez zekien tutik ere japonieraz, baina paper mutur batean idatzi zion irakasleak aipatutako hitzari zegokion karakterea. Atearen bi orriak atzematen ahal ziren, edo hori azaldu zion bedere, eta erdian eguzkia edo sua adierazi nahi zuen ikur txipia. Etxe barnetik beha eguzkia izaten ahal zen, baina kanpotik, ateetan barna, gehiago irudi zuen supazterra. Nolanahi dela, ateak betazal eta eguzkia nini, begiaren eitea hartzen zion Migelek marrazkiari. Ez zekien zer erran nahi zuen, eta galdetu egin zion.

        Etxe barneko gela, ganbera... adierazteko erabiltzen zuten hitza omen zen, baina, era berean, tarteari ere horrela deitzen zioten.

        Japoniarrek bazuten antigoaleko terminoak biltzen zituen hiztegia, eta ma karaktereari zegokion lekuan zera adierazten zuen: «bi espazio edo denbora naturalen arteko tartea». Arkitektura, borroka, antzertia eta gainerako arte tradizional guziak irizpide horren mende zeuden. Ezaugarri horrek, bertzeak bertze, erabat bereizten zituen Mendebaldeak egindako bidetik, zeren...

        ¿Imahinas qué cara pondría Castelvetro si de repente lo supiera?

        Aspaldi bateko Europan ez bezala, teatroa gidatzen zuten unitate ospetsu haien berririk gabe, tarteak agintzen zuen ekintza, denbora eta lekuaren artean, eta arkitektura ekarri zuen Maria Josefak adibide gisa, zeren...

        Japoniako etxearen tradizioan tartea eta gela sinonimo ziren edo, bertze modu batean errateko, gelen arteko tarte gisa ulertzen zituzten gelak. Ateak zirrituetan lerraka zebiltzan, eta debaldetan zeuden pasillo guziak; atalez atal tolestu ondoren, bionbo ere bihurtzen zituzten, eta horrek bazuen eraginik teatroaren gainean.

        Una espesie de sistema para distribuir huecos vasíos.

        Akutagawak eta Akira Kurosawak berez zekiten hori, ez zuten Japoniako kulturatik kanpo bilatu beharrik izan, baina Mendebaldeko antzerkigile baten izena ekarri zuen berehala Maria Josefak solasera: Bertolt Brecht. Azken eguna hari eskaini behar zion, eta ez zuen gurdia idien aitzinean paratu nahi. Ikasgaia errematatuko zuen azken zirto baten zain zegoen Migel, baina irakasleak ez zuen deus gehiago erran.

        Desagerturik zegoen aspaldi zebraren larrua hormaren gainetik, eta pertsiana igo zuen poliki. Ilunabarrari hondar bat bertzerik ez zitzaion geratzen, eta karrikako argiak pizturik zeuden dagoeneko. Etxe baten gaineko terrazan ile horiko emazteki beltza ikusi zuen idortutako arropa biltzen, baina behatzen ari zitzaiola konturatu aitzin, aldendu egin zen leihotik.

        Arratsalde osoan irekia egondako hozkailuaren atea bere lekura itzuli eta argia piztu zuen Migelek.

        Iluntasunean ohiturik, begiak bildu zituen Maria Josefak eta, pausoz pauso, mantso, bainugelan galdu zen berriz ere. Arestian erabilitako toalla busti eta aurpegia freskatu ondoren, ezpainak pintatu zituen ispiluaren aitzinean. Istant bat bertzerik ez zuen eman eta, Migelen gibelera hurbildurik, gerritik atxiki eta kopeta paratu zion soinburuan; oinetakoen gainera igan zen, eta gero soinekoari tiratu zion alde batetik eta bertzetik izterretako zimurrak egokitzeko.

        Elastikoa eta galtzak jantzi gabe sartu zen Migel bainu-gelan. Iturria ireki eta lepoa paratu zuen azpian buruko mina arintzeko. Ispiluari so, harritu egin zen begi-zuloekin, eta elefante baten karantza eman zion. Bizarra egiteko beharra zuen, baina ez zitzaion une egokia iruditu; beraz, orraztu eta bertze baterako utzi zituen gainerako lanak. Argia itzali eta irten zelarik, Maria Josefa ez zegoen gelan.