Jalgi hadi plazara
Jalgi hadi plazara
2007, nobela
228 orrialde
978-84-95511-93-5
azala: Zaldi Eroa
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

Hostias

 

Haizemin Axularren antzera mintzo zen, berritzen ari ziren katedralaren ate monumental ederraren itzaletik urrundu ginenean. Gustu mikatza neukan aho zokoan eta bazkaltzeko ideiak ez ninduen asebetetzen, egiazki. Urdaila etsai nuen, eta bero asto hauek gatazka fisiologikoa areagotzen baizik ez zidaten. Elurra amesten nuen, zeruari begiratzen nion oroz. Oka egitearen erruz akitua sentitzen nintzen. Haizemin eta Carmen ez banitu aldamenean eduki, lurrean hedailo nintzatekeen. Zokilek Gexan Hiriart besotik zetxikala, ohartu nintzen bien artean umore handia sortzen ari zela. Estevezek bidea irekitzen zigun karrika hertsietan barna, isil eta gogoetatsu.

        Eguzkiak zuzen jotzen zuen Matxete plazan. Mundua ihalozka zebilkidan, baina hobetu nintzen jatetxean aixolbetu bezain laster. Behereko barran hartu gintuzten eta eskaileretan gora lehiarazi. Aire kondizionatua zegoen. Ene burtzoroa jabaldu zen eta, mahaian jartzean, Carmen eta Gexan Hiriarten artean, sosegatua nintzen. Gexan Hiriart Iparraldeko euskaltzainak Zokilen konpainia nahi zuen atsolutoki. Haizemin eta Estevez aurrean geneuzkan. Zerbitzaria etorri zenean, behialako disgustu, desatsegin eta sabeleko minak ahantziak genituen. Jateaz baino ez genuen pentsatzen.

        — Har ezazue nahi duzuena —garrasitu zuen Gexan Hiriartek, esku bat Zokilenean pausatzen zuela.

        Zokilek irri xarmagarri batez jestua zilegitu zion.

        — Nik entsalada batekin aski dut —erran nuen, eta erran orduko erraiak mustupilka nabari nituen.

        — Entsalada bat?

        — Bai, ez nago oso ondo.

        Eiki goseak hila nintzela, baina ahal izan baldin banu hotelera joanen nintzen lo egitera, eta bakarrik. Hargatik adiskideen eleen zurrunga eztia zela kausa agian, orekara nentorrela iruditzen zitzaidan. Estevez hautematen nuen, Errioxako mahats ura usaintsuz arrada bete godaleta ahora zeramala:

        — Bitxi da hala ere. Uste genuen, logikaren arabera, Albert Labruquereren hilotzaren atzematea, eta ezezagun batekin bekoz beko kausitu gara katedraleko harri, zementu eta igeltsu erdian. Zuk, Haizemin deklaratu diguzu Gorringo izan litekeen gizon lodikote bat gurutzatu duzula Dato hoteleko sarreran, gelak erreserbatu dizkiguzunean. Mekatxis! Hilotzak Labruquererena beharko zukeen.

        — Bai noski —artekatu nintzen edari beltz sukratua zintzurrean behera lerratzen zitzaidala—, bide onean gaude, Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan Prontxoren konplizitatearekin iragan osteguneko Onomastika bilkurako notak biltzen dituen iranja koloreko karpetako paperak kontuan edukitzen baldin baditugu.

        — Hauxe perpaus luzea Amaia, aspaldiko partez.

        Carmen barrez ari zen. Bai, gaitzeko perpausa zen. Lehertzen ninduen perpausa. Zena zela, bizkarreko zakutik 14. kideak zerrendan idatzi hiriak eta herriak zekartzan dokumentua atera nuen:

        — Bilbo, Gasteiz, Iruñea eta Santa Grazi.

        — Santa Grazin izan dun Jean d'Amou —zerrenda ebatzi zidan Carmenek pentsati—. Eliza sakonki arakatu eta ez omen zunan ezer. Maletaren irekitzeko giltzarik ez behintzat.

        — Gexan, erradazu zergatik egon zineten Bilbon?

        — Es que, es que...

        Gizona hitzetan trabukatzen zen, eske-ka. Lasaitu zenean, segitu zuen Zokilen begietan kuraia bilatuz:

        — Gorringorekin negoziatzekoak ginen.

        — Negoziatu?

        — Maletaren giltza non zegoen salatzen genion eta bakean uzten gintuen hark. Bestela zirrika eta gaiztakeria ari zitzaigun. Iparraldeko euskararen onerako ekiten zuela errepikatzen zigun, eta badakizu zein nolako errespetuan datxikagun Iparraldeko euskara guk, Lafitte kalonjearen seme izpiritualok. Eta tratua egin genuen iragan urteko Baionako besten laugarren gauean, Thiers karrikako Euskaltzaindiaren bulegoetan. Baina...

        — Baina zer?

        Berantesten nindoan. Biolentzia zurrutada batek ito ninduen. Hitz erdika baizik ez zitzaidan ari Hiriart ustel hori, abilarena egin beharrean. Urguilutsua baitzen zaharkia! Ez nezakeen gehiago jasan: bi ukabilkada eta lau ostikorekin mintzatuko zen bai! Ohartu nintzen neure indarkeria keinuen debaldeaz eta lagunak naka-naka jaten miretsi nituen. Kalamarrak tinta beltzean. Txuleta patata frijituekin. Legatza saltsa berdean. Lomoa piperrekin. Isuri beltza burrustan.

        Entsalada gotorraren hosto fresko eta tipula xerra uhargiekin tematzen nintzen. Oliba hezurrak murtxatzen nituen. Carmeni so nengokion. Ez nuela gehiago ene bizitzako egun soil bat Carmen gabe pasatzen ahalko ideiak neuronak urratu zizkidan. Hura nahi nuen, baina hark nahiko nindukeena? Maitemindua nintzen, goitika egitean iragana, sineste motelak, justifikazio errazak, beldurrak eta laneko orduen kiratsa botatzen nuen, behingoz inkesta batean bekoz beko neuzkan hilotzak ene nazka orokorren egiaztatzeko baliabideak ziren.

        — Baina zer?

        — Iturriza baratzean gure juntaren türbüstera jin zinezten zuek biak eta handik hara dena gaizki biribilkatu zitzaigun. Ordukotzat Manex Bergeret bulta hartan desagertua zen, eta gure laukotea Bilbon nonbait barreiatua.

        — Harremanik ez zenuten zuen artean? Mugikorrik ez duzue ala?

        — Ez dugu. Ez gara zuen maneran, telefonoa perexa bati belarritik lotuak gu! Zergatik genuke horrelako tresna zatar bat? Buruz buru hitz egiten dugu guk, antzinako jendeen maneran.

        — Orain badakizu —ele uholdea moztu nion—, zure bi lagun minak artsenikoz pozoituak izan direla eta hirugarrena kurri dabilela, Bizkaian, Araban edo Nafarroan nonbait. Hilotz kausitzen ez dugun artean bizirik dela kontsideratzekoa dugu. Gurekin zareno zu, normalki, segurtasunean zara.

        — Bai, enekin seguritatean zaude Gexan —erantsi zuen Zokilek ardoz mukurutu basoaren ondoan bere pistola pausatuz.

        Arma zilarraren distira ikusi zuenean, pistola arras femeninoa zen alainan, Estevez kexu gorrian sartu zen:

        — Zokil, redios, gorde ezazu tresna zirtzil hori. Ateratzen duzunean, izutzen nauzu.

        — Demokrazian gaude ez? Gura dudana egiten dut. Baina bale, Estevez, sabelpean kokatuko dut, pubis iletsuaren gainaldean, bere ohiko leku lizunean. Tregoa garaia delako soilik.

        — Haserre nago zurekin Zokil, asko maite zaitudan arren: zer behar diguzu frogatu? Arma edukitzeagatik ilunpera bidaltzen ahal zaitut, edonoiz. Kartzelatik ilki zinenean hitz eman zenidan ez zinela gehiago joko horietan atrebituko, eta pistola horren mihi bustiarekin jostatzen gurutzatzen zaitut. Badakit zure arnesak ez duela balarik...

        — Bala bakar bat du.

        — Eroa zara Zokil.

        — Bala bakar bat seigarren hodian, nik badakit, baina pistola ebatsiko lekidakeenak ez lekike, eta errusiar erruletan ausartuko litzatekeenak bizitza arriskatuko luke ederki.

        Zintzurrak klosko bihurtu ziren. Akiduraren ordez, atsegin eta betetasun aireak igotzen zitzaizkigun burumuinen arintzera. Ezpain gurintsuez Gexan Hiriartek Zokilen lepondoan musu lodi bat pausatu zuen.

        — Zokilekin, egia erran, pistola daukalako menturaz, bakean sentitzen naiz. Euskarak sostengua galdatzen du, araz edo moldez. Gizon indartsuak gustatu zaizkigu Iparraldean.

        — Baina Zokil ez da gizona, emakume ahul bat baizik!

        — Jeloskor zara ala Amaia? Zokil maite dut justuki, emazte inutil horietarik izanez, emeen nortasun txepela gaindituz, zinezko gizon larderiatsuaren antzera ekiten duelako.

        — Arma bat duelako?

        — Bai arma eta armak dakarren xarma.

        Eranskin premiarik ez zen. Halaber Zokil, Gexan Hiriart Iparraldeko euskaltzainaren sedukzio boterearen menpe urtzen ari zen. Elkarrekin etzanen bide ziren laster batean. On dagiela murmuratu eta galdezketa segitzea erabaki nuen:

        — Jean d'Amouk Izturitzeko harpean eman zidan paperean aipatzen duzun Santa Engrazia hori non dago? Zuberoko Santa Grazi da?

        — Ene seme kankailak erran dizu ez zela Zuberoko Santa Grazi. Bere begiez ikusten izan da. Ene ustez Santa Engrazia kapera bat da, desertuaren erdian, toki idor batean.

        — Ahaaa. Aitzina!

        — Behin, ez dakit zein kongresutan ginen, Albert Labruquererekin sauna batean egon ginen elkarrekin. Biak biluz, jainkoak gaztigatzen dituen kokinkeria guztietarako prest. Albert ene zerarekin jolasten zela, ohartu nintzen papo aldean bazuela olerki bat tatuatua, harria bezain zut altxatu zitzaidanean, Albert apaldu zen, milika lapa murtxatu ninduen, hori zuen laket bederen, eta esnea Islandiako geiser baten antzera ziliportatu nuenean Albert erori zen, haragizko txülüla ozenarazten zuela. Orduan poesiaren azken hitza haztu zitzaidan memoriaren zokoan: Santa Engrazia.

        — Ahaaa. Baduzu besterik?

        — Albert atzeman dezagula, ahal bezain laster! Ez diot neure buruari barkatuko zerbait itsusi gertatzen baldin bazaio. Jukutria eta penitentzia kordeletan partzuer ginen...

        — Partzuer zarete —zuzendu nuen, Gexani so.

        Zerbitzaria mahai kantoian zen, papertxoa eskuan, izerdi. Kafeak manatu genizkion. Kafea eta ondotik ihardokitzeko, alkohol baso borobilak. Haizemin atera zela ez ginen ohartu ere egin. Itzuli zen, alegera:

        — Pilulak hartu ditut. Eta bihar goizean, trenez, laguna etorriko zait.

        — Laguna?

        — Bai, nire maitale beltza. Abudiop. Ez dizuet aurkeztu. Geltokian aiduru date. Gasteizko geltokian, blues.

        — Kabituko al gara denak Thunderbird hartan? Anitz gara jadanik.

        — Amaia, otoi, Thunderbird mundua da eta mundua bertan kabitzen da.

        — Eskerrak. Bestela hobe genuen autobus txiki baten alokatzea.

        — Ironia merke duzula ageri du.

        Ipurdia balantzatuz aulkitik altxatu zen berriz Haizemin, une berdinean Gexan Hiriart eta Zokil higitzen zirela.

        — Bagoaz zorren ordaintzera.

        — Partekatuko dugu —erran zuen Carmenek, ez baitzen horrela ohitua.

        — Nekeak parteka ditzagun, baina ez bazkari zoragarri hau.

        Kukumixa berotua bailitzan desagertu zen Hiriart, zirt-zart, apuñatik Zokil zeramala. Gexan Hiriart harrigarria zen zinez. Bikoitza. Anbiguitatez betea. Sosez okitua halaber. Banaka aldentzen ginela, Estevezek sabela torratuz siestatxo baten premia azaldu zigun, berritasun eta zeregin handirik ez zegoela aitzakiaz.

        — Thomasek deituko dit arratsaldeko seietan. Autopsia eginen diote katedraleko hilotzari eta, sekula artsenikoarengatik hil baldin bada, ondorioak atera ditzagun!

        — Eta Gorringo?

        — Dato hotelean dagoela ziur nago —gehitu zuen Haizeminek, harrotasuna doi-doia menperatuz, bular silikonatuak eztiki ferekatzen zituela.

        Abudiopek gure abenturan parte hartzea onartu zuelako harro zen Iparraldeko ahaire zaharren abeslari hunkigarria. Carmenek, aldiz, gerritik lotu ninduen; siestaren ideia arras egokia zitzaion. Zokil eta Gexan Hiriartek amodioa deskubritu zutela ematen zuten: Birjina Zuriaren plazan zehar, punpa eta jauzika, Dato karrikan elkar harrapa eta utz-ka, San Prudentziori kasurik gabe, lehenak ziren hoteleko atearen maldan.

        Dato hotela berezia zen: Arka plazakoen kidegoan, eskultura barrokoek agurtzen zuten bidaiaria eta, gero, tapiza ubelez apaindu eskaileretan gora behar zen harrera bulegoratzeko. Han, euskaraz ere zekien gizon gazte batek errezebitu gintuen, goiz partean Haizeminek erreserbatu geletako gakoak banatuz.

        — Iparraldekoak ezta?

        — Erdiak Iparraldekoak eta gaineratikoak Bilbo Iparraldekoak.

        — Hara. CNN telekatea badago logeletan. Eta argia, giltza erabiliz pizten da.

        — Ongi da —iritzi zion Haizeminek scout talde baten buruzagia irudi—. Beraz hiru gela daude. Hasieran pentsatzen nuen Estevez, Zokil eta hirurok elkarrekin loak hartuko ginela, eta Gexan Hiriartek bakarrik, baina eguraldi sentimentala agudo aldatu denez, Carmen eta Amaia batean joango dira, Zokil eta Gexan bestean, eta gu biok, ez dea hala Estevez?, azkenekoan.

        Estevezek ehemmm kurrinkatu zuen. Nahiagoko zituen menturaz hiru ginea eta bere gela propioa. Baina saldoaren menpe zegoenez, grazia hotzez baieztatu zuen Haizeminen proposamena. Alabaina, inorekin bizi ez zen arren, laneko orduengatik zioenez, Estevezek emazteak zituen gogoko, ez emazte bihurtu gizonak, emazte sortu eta emazte higatzen zirenak baizik. Ederki konpontzen zen ordea, Thunderbirda mukurutzen zuen fauna koloretsuarekin, adiskidantzaren izenean.

        — Adiskidantzak noranahi eraman dezake —auhenkatu zuen, irri xaloak aurpegia distirarazten ziola—. Oro har amodiorik ez denean.

        — Ez etsi Estevez, amodioa herioaren maneran iragarrezin dator. Soizu —salatu zion Carmenek—, ni hogei urtez bakarrik, bakartegiko bakartegi baina, egon naiz eta Amaia, espero nuena, etorri zait, iparraldeko lau euskaltzain harrapatzea helburu duen ikerketa baten estakuruan.

        — Badakit. Nik artean emazte zenbait ezagutu ditut. Baina ez dute agoantatu. Ez nintzen sekula etxean, eta etxean nengoenean, lanaz pentsatzen, ez da horrela bikote-bidea erraza. Gurutze batez zirrimarratu dut ene bikotean bizitzeko xedea. Afera klasatua da.

        Cold Case bat izan daiteke ere.

        Banekien zertaz ari nintzen.

        Geletara eramaten zuen mirailez eta hemeretzigarren mende bukaerako margoz bezain egur ilunezko zizelkiz hornitua zen pieza karratuan ginauden, Estevez entzuten. Behingoz bere buruaz mintzo zela! Besteak logeletan barreiatuak ziren, Zokil eta Gexan Hiriart gorputzen deklinabidea harilkatzen eta, ate zabaletik zetozen herotsen arabera, Haizemin dutxapean.

        Musuak trukatu genituen hirurek eta berezi ginen.

        Bortak klaskatu ziren. Bakoitza bere intimitatearekin teman kausitu zen. Aspaldian ez zitzaigun horrelakorik agitu: bi egun eta gau bat baziren taldean jarduten genuela, etengabe. Bitxia zen, batez ere bakarrik zebiltzanentzat.

        Carmenenganako lehia ikaragarria nuen.

        Hoteleko logelen edergailu barrokoek harritzen eta bozkariatzen gintuzten. Bitrailezko leihoak hertsi genituen eta ohean etzan ginen. Tinki-tinki. Ezpainak ezpainetan. Bularrak bularretan. Zangoak eta besoak korapiloan. Gorputzak bat. Denboren buruan, Carmen zutitu zen, biluzi eta bainutegira ihes egin zuen. Istant amultsu batez emazteari xerrent beha egonik, zoratua eta aztoratua, ildo beretik abiatu nintzen. Urrats batez uraren pean aurkitu nintzenean, bezperatik larru azalean metatzen ari zitzaidan zikina, errautsa eta izerdia nahas, kentzen nuela sentitzen nuen. Puskaka erortzen zihoakidan munduaren eta neure arteko berunezko tapakia. Mugimendu askeagoak egiten nituen, dutxatik zetorren euria ama ontziko likido amniotikoa bailitzan.

        Maite nuen Carmen.

        Musuka higatu ginen. Mihiak laxatu ziren. Carmenen besoetan nengoelarik dena ahanzten nuen, bakartasun jasana, kideen soako apalesgarriak, ene gorputzaren forma zehatzezina, lau euskaltzainak bizirik harrapatzeko gutizia eta Iparraldeko euskararen egoera larria. Dena ahanzten nuen eta guztiaz oroitzen nintzen, amodioaren ordua memoriaren esnatze minberarena balitz bezala. Carmenen gerriko gantzari lotzen nintzaion, salbamen bila, uhinek astindu gabarra ahula suntsi ez zedin. Aditzak suhartzen ziren isiltasunaren supazterrean, hatsa agudotzen eta estirak luzatzen. Gustatzen zitzaidan putzu ilunen hegietan kuzkur, ene bitasun egarri basatiaren ureztatzea. Gau urdineko ilargiari muturra eskainirik, otso emearen antzera atsegina oihukatu nuen:

        — Laztana.

        — Nork erran lezake ez haizela hi ere lesbiana?

        Katutxo ezin asearen pare, ene kontra kukubilkatzen zen Carmen. Nahi zuen atsolutoki ene izaera lesbiana onartu eta deiadarka nezan. Baina ez nintzen oraindik atrebitzen ekintzak hitzekin brodatzera. Ez nintzen, bistakoa zenez, bakarra egoera horretan: zaila zen ateka horretan zeuden guztientzat. Belarria ausikitzen zidala, xuxurlatzen zidan:

        — Onartu ezan hiretzat hasteko, besteek zer pentsatuko duten axolatu gabe.

        — Niretzat? Zergatik onartu niretzat? Ez dinat ezer balio, ez naun ezer, karrikak ziuntaz zeharkatzen dituen izate uher bat baino.

        — Ikusten haut nik. Elkarrekin behar dinagu betiko.

        — Bai, betiko, elkar ikusten.

        Ez nekien Bibliako zein liburu zaharretarik erauzi perpausak deklamatzen hasi nintzen, burua Carmenen bular borobil leunen bereiz-marran pausaturik:

        — Begiak badituzte, eta ez dute ikusten, belarriak badituzte eta ez dute aditzen, oinak badituzte eta ez dira aitzinatzen, mihiak badituzte eta ez dute hitzik erratekorik. Madarikatuak bitez.

        — Segur haiz Bibliako pasarte bat dela? Ez dun hik hori bertan asmatua? Biblia, Bertolt Brechtek bezain xeheki irakurri eta doinu horretako zati haserreturik ez dinat inoiz leitu.

        — Agian Mendigaineko Predikutik uholdetzen zaidana dun.

        — Menturaz. Maite haut bihotz.

        Hilotz.

        Amodioa egin genuen berriro. Gero eta sakonago, gero eta betegarriago, gero eta hunkigarriago. Atsedeneratzean, haritik orratzerako anekdota xoxo bat kontatu nion Carmeni: noizbait bortuko bideetan bikotean zebiltzan bi neska arras gazte topatu nituen. Stephania elekarienak erran zidan deblauki:

        — Lehen aldiz egin dugularik eskasa zen, bigarrenez hobe, eta hirugarrenez zoriona zen biontzat. Zu ere hala zara ez?

        — Zer hala naizela?

        — Lesbiana. Ostatuan sartu zarenean iragarri dut.

        — Ezin dut gorde orduan? Hala naiz bai, ene orduetan.

        — Hauxe arrapostua!

        Eiki, arrapostu bikain bezain euskalduna eman niola Nadinak ferekatzen zuen Stephaniari. Carmen kikizai estofatuak menperatzen saiatzen zen:

        — Aitortzera bultzatu hinduen neskatxa hark.

        — Eta nola! Nehoiz ez bezala. Gainera, ene erdi-aitortzaz harro nindunan.

        — Begira!

        — Aitortzen dunan unean, erdiz baizik ez baldin bada ere, hire bizitza osoa logikoa bilakatzen dun, bakartasuna, normaltasun lehiaren haraindiko gizonenganako asperdura, norberaren baitako ahalke dorpea, ez jakin zergatik eta nondik hazten zaigun preseski ahalke hori, emakumeekin seguritate eztian izatearen sentimendua eta mila gauza oraino. Aitortzaren istantean damutzen ahal haiz hirea ez den joko-alor batean jostatu haizelako, hireak ez diren arauak errespetatu beharraz, horrek dakarren ezintasuna sari.

        — Bai.

        Momentu bereziak baziren, ez latzak beti egiaz, gibel ez baitzen gehiago egiten ahal. Carmenen ezpainak ezpainez musurikatzen nituela, gostariak gosta, atzera ez nintzela sekula itzuliko hitz ematen nion neure buruari. Baketua nintzen.

        — Lesbiana naun.

        — Azkenean.

        Iluntzen ari zuen. Samurki bildurik geratuko ginen, eleka eta amodiotan orenak bihikatzen, bortan bost kolpe gotor aditu ez bagenitu. Alabaina, Gasteizen ginen, helburu zehatz batekin, arratsaldeko zazpiak ziren engoitik.

        Estevez logelaratu zen banpez, oraindik larru-has ginela.