Zakur kale
Zakur kale
2007, narrazioak
144 orrialde
978-84-95511-92-8
azala: Caty Bartholomew
Harkaitz Zubiri
1977, Donostia
 
2012, nobela
 

 

Kaxen barruan zer dagoen

 

 

Gustura sentitu da egunkariko argazkia ikusita. Enpresa ondo doalako saritu dute. «Urteetako lanak fruituak eman ditu» esan zioten, «zorionak». Irribarrez ageri da argazkian, beste guztien erdian, zilarrezko plaka bat eskuetan. Begiak egunkaritik baztertu gabe joan da etxeko pasillo luzean zehar, alfonbra irandarra seguru zapalduz, altzari garestien albotik, paretan zintzilik eta apaletan egonean dauden gauza baliosei erreparatu gabe, ezta familiaren armarriari ere. Sukaldeko mahai handira eseri da gosaltzeko.

        Rosamundak prest dauka dena. Emakume kolonbiarra beti isil-isilik egoten den arren, argazkia ikusi duela esan dio gizonari. Honek, ohi baino ahots goxoagoaz, txikikeriak direla erantzun dio, harrotasuna ezkutatu ezinik. Isiltasun tarte baten ondoren, udazkena sartua dela esan dio Rosamundak, eta gizona harritu eta poztu egin da aldi berean, azkenean Rosamunda konfiantza modu batez hitz egiten hasi zaiolako. Orduan sartu da emaztea sukaldera, atzetik semea eta alaba berriketa ozenean dituela. Gizonak bere argazkia datorren orrialdean zabalik mantendu du egunkaria.

        — Ene, Josu —esan dio emazteak—, zeinen dotore ageri zaren. Ingurukoen eraginez ote da?

        — Ez harritu —erantzun dio senarrak—. Beraiengatik ez balitz...

        — Ba, ea zure lagun horiek gu ere kontuan hartzen gaituzten —esan du semeak umoreko—. Eskertuko nieke lanpostu on bat. Trebeziarik ez zaigu falta. Zerbaitegatik gara Josu Igara jaun txit errespetatuaren seme-alaba jatorrak.

        — Ezin zarete kexatu, Ander —esan du aitak—, nahi zenuten guztia eman dizuet.

        — Den-dena... —esan du alabak zalantzati.

        Labanaz edalontzia kolpatu du amak, atentzioa erakarri nahian.

        — Orain gosaldu azkar. Bestela, berandu iritsiko zarete.

        — Gustura ez bazaudete —jarraitu du aitak zirtolari—, ez da berandu zuen kotxeen giltzak bueltatzeko, eta zain dituzuen etxebizitzen giltzak bueltatzeko ere ez. Horrela zuen kasa saia zaitezkete...

        — Ez dezagun ezerezetik drama bat sortu —eten du semeak—. Guk asko maite zaituztegu. Eta inguratzen gaituzten etxetxoak, trasteak eta tresnak ere bai.

        Barre egin dute sukaldean dauden guztiek, Rosamundak izan ezik, ustez ez baitu euskaraz batere ulertzen. Igara jaunak Rosamundari begiratu dio eta berehala joan zaio irribarrea. Bi urte daramatza neskame eta ez dakite ezer berari buruz. Rosamundaren begirada zorrotzak etengabe epaitzen dituela uste du Igara jaunak, eta beldur da Rosamundak uste baino gehiago ez ote dakien euskaraz.

        Laurak mahaiaren inguruan eseri direnean amaitu dira solasak, gosea da nagusi. Gero semeak aitari egunkaria hartu dio eta orrialdeak pasa eta pasa hasi da, tarteka albisteren bati buruz aipamen laburrak eginez: euskal politikari buruzko eztabaida etenik gabea, Iraken ia ehun hildako atzo, modelo hori drogatzen harrapatu dutela, Sara Montiel ezkontzera doala berriro.

        — Begira, aita —esan du halako batean—, Pasaiako portuan kokainaz betetako kaxa batzuk atzeman dituzte. Gaur ez zaizue txutxumutxurik faltako lanean. Non zegoen itsasontzia, zuen bulegotik gertu?

        — Ez dakit. Ez dut ezer entzun. Zer esaten du ba?

        — Gauza handirik ez. Guardia Zibilak donostiar bat atxilotu duela eta kontrabando sarearen bila dabiltzala.

        Igara jaunak, aulkitik altxa eta eskuak semearen sorbalden gainean jarriz, arretaz irakurri du berri laburra. Leihotik begiratu du ondoren. Urriko egun hodeitsua. Zuhaitzak hostoak galtzen hasiak dira.

        — Hau hipokresia hutsa da —serio kexatu da semea—. Denok dakigu zertan ibiltzen den Guardia Zibila. Merkantzia hau ez zen beren kontrolpean egongo eta moztu egin diote bidea. Beste negozio sare batekoak izango ziren hauek.

        Igara jauna bere aulkian eseri da atzera eta katiluan gelditzen diren kafe kondarrak edan ditu astiro. Emazteari musu eman eta gainerakoak ohiko hitzen bidez agurtu ditu. Etxearen behealdean dagoen Antiguako auzoari begiratu gabe abiatu da lanera. Eguneroko kotxe ilara luze eta motelekin topo egin du Donostiako saihesbidean. Sakelako telefonoa hartu duenean, ez du lantokira deitu berandu iritsiko dela abisatzeko. Beste norabait hots egin du, baina ez dio inork erantzun. Goizero bezala Pasaiako irteeratik joan beharrean, Lapurdiranzko muga zeharkatzera doa. Baina asmo hori baztertu eta autopistaren Oiartzungo irteeratik joan da lantokira. Bidean iseka eta atralaka egin die beste gidariei, gauza batengatik ez bada, besteagatik. Lantokiko aparkalekura iritsi denean, Guardia Zibila ikusi du atarian.

        Kontu handiz sartu dute patrolean.

 

 

— Ba al dakizu zein atxilotu zuten egun berean? —esan dio parean duen gizonak Igarari—. Etxabe, futbol jokalari ohia.

        — Suerte txarra dauka azken aldian. Ez zen orain dela gutxi mendian zulo batera erori, semearekin ehizan ari zela? Egunkarietan agertu zen.

        — Ehizan? Mesedez! Zorrak izango zituen edo azpijokoren bat egingo zien bere lagunei. Eta jipoitu egingo zuten.

        — Entzuna nuen horrelako negozioetan zebilela.

        — Halako etxe handiak nola lortzen direla uste duzu ba? Norbait zapaldu, norbaiti iruzur egin, edo lagun benetan onak izan. Ez dago beste biderik. Bestela, denok biziko ginateke pisu arrunt batean, hipotekak itota. Oihaneko legea da hau. Ez zalantzarik izan.

        Hotz sartzen ari da larunbat goizeko eguzkia Martuteneko kartzelako lokutorioan. Kristal higatuetan eragiten duen dirdirak ez die bi gizonei ondo elkar ikusten uzten.

        — Manu, ikusi al duzu horko hori? —galdetu dio Igarak, alboko presoa seinalatuz.

        Manuk zeharka bakarrik begiratu dio.

        — Badakigu leku hau ez dela zuretzat egina, Josu. Ahal dudan guztia egiten ari naiz, eta jendea mugitzen ari da, baina... Berde horiek beste mundu batekoak dira, eta kosta egiten da.

        — Berdeak?

        — Guardia Zibila. Zeintzuk izango dira ba?

        — Ez dakit ba.

        — Ekologistak ez, ezta? Xalokeriarik ez nirekin. Ez ahaztu zure laguna naizela.

        — Ondo da, ondo da.

        Biak isilik gelditu dira. Manuren atzamarrak pianoa bizkorregi jotzen ariko balira bezala ikusi ditu Igarak.

        — Ulertzen dut, baina hala ere, besteek zer esango duten kezkatzen nau. Eta familiakoek ere bai. Eta bizilagunek. Eta ezagutzen nauten guztiek... Zer esango dute? Ezaguna naiz inguru hauetan eta izen ona izan dut orain arte. Zure antzera.

        — Moldatuko zara, Josu. Ikusiko duzu.

        — Ez dakit. Ni bezalakoak erortzen direnean gertatzen dira lintxamendu latzenak. Erortzen denaren kontra gordeta zuten guztia orduantxe azaleratzen da. Beldur naiz.

        — Eutsi, Josu.

 

 

Emazteak lanetik irten behar izan du Martuteneko espetxera senarraren bila joateko. Musu eman diote elkarri. Aurpegi hotzak dituzte. Kotxean emazteak hartu du gidariaren lekua.

        — Dutxaren azpian orduak eta orduak emango nituzke —esan du senarrak—. Azala zikin sentitzen dut. Zimurtu arte garbituko nuke.

        Emazteak baiezkoa egin dio buruaz. Igarak emaztearen belaun gainean jarri du eskua.

        — Lanera bueltatu beharra daukat. Bestela, entzun beharko ditut ingurukoen esamesak eta, zer nahi duzu esatea, nahikoa izan dugu orain artekoarekin —zeharka begiratu dio senarrari—. Lanetik irtendakoan egongo gara lasaiago. Zuzenean etorriko naiz etxera. Orain dutxan sartu eta garbitu ondo, eta egin lo pixka bat... Nekatua zaudela ematen du.

        — Halaxe nago, Ana.

        Ibaetako unibertsitatea alde batera utzi eta Pakea aldera igo dira. Maldan gora joan ahala, Antiguako auzoaren ikuspegi gero eta zabalagoaz gozatu du Igarak. Aparkaleku pribatura iritsi direnean, inoiz baino handiagoa iruditu zaio bere etxea. Atera iritsi arteko pauso bakoitza astiro egin du, duda-mudatan bezala. Ezkaratzean arnasa sakon hartu eta hasperen luzea atera zaio.

        — Non daude Ander eta Ainara?

        — Eguerdiko hamabiak ere ez dira. Lanez lepo dabiltza eta ezin izan dute etorri. Afalorduan ikusiko dituzu.

        Aurpegian keinu gogor bat geratu zaio Igara jaunari. Hitzik ahoskatu gabe sartu da dutxara. Ohera sartzeko aholkatu eta joan egin da emaztea. Igara baineran etzan da, goxo, luze, pentsakor. Loak hartu du harik eta uraren hotzak esnatu duen arte. Lehortu eta ohean sartu da.

        Goizean betiko orduan esnatu da, erloju bat gorputzari atxikita baleuka bezala. Ez du sekula hainbeste ordu segidan lo egin. Ohearen beste aldera begiratu du. Emaztea oraindik lo dago. Poliki altxa da, nekearen arrastoak gorputz osoan sentituz, baina berehala egin ditu goizerokoak, eta sukaldera joan da.

        Rosamunda alde batera eta bestera dabil bertan. Espetxean zegoen bitartean, Igara jaunak oso presente izan du Rosamunda.

        — Egun on —esan dio Igarak.

        Rosamundak buruarekin bakarrik erantzun dio.

        Emaztea sukaldera sartu denean, seme-alabak non dauden galdetu dio senarrak.

        — Ez ziren ausartu zu esnatzen. Eta gaur oso goiz joan behar izan dute lanera.

        — Lanetik irtendakoan geldituko gara, ezta? Aspaldiko partez Kontxatik paseoan ibiltzeko gogoa daukat.

        — Eguraldi kaxkarra dago, Josu. Eta gainera, sasoi honetan oso goiz iluntzen du. Zergatik ez dugu hurrengo baterako uzten?

        Igara jaunak esku artean dituen katilua eta koilara zakar utzi ditu mahai gainean.

        — Entzun, Ana; benetan haserretuko naiz jendeak ezkutaketan jolasteari uzten ez badio. Lan asko egin dut orain arte, eta ez dut etxean esker txarreko inor nahi.

        Emazteak gosaltzen segitu du, ohi baino polikiago, mugimendu bakoitza neurtzen bezala. Bukatu eta kalera irten aurretik, musu eman dio senarrari.

        — Zazpietan geldituko gara Basque kafetegian. Ados? —esan dio emazteak—. Eta oinez buelta gaitezke etxeraino.

 

 

— Hainbeste denbora joan da egun hartatik, ia ahaztua nuela epaiketa izango zenik ere — esan dio goxo eta urduri emazteak.

        Senarrak keinu etsitu bat erakutsi dio.

        Igara jaunari babesa erakusteko bildu diren senide eta lagun bakanen multzo ñimiñoan, nabarmena da Ander eta Ainara deseroso daudela.

        Epaitegian luze joan da gaurko saioa. Akusazio partikularreko abokatua sutsu aritu da goiz osoan.

        — Orduan, zer sinetsarazi nahi diguzu, Igara jauna? —galdetu dio gaztelania dotorean—. Dirua eman zenion eta handik gutxira dezente gehiago ekarri zizun, ezta? Ez zizun horrek susmo txarrik eragin?

        — Diru gehiago ekarri zidan, bai —erantzun dio—, baina hori ez da harritzekoa. Ondo egiten du bere lana. Aspalditik ari da burtsan, inbertsioen kontu horrekin, eta beste makina bat negoziotan ere bai. Kontu ezaguna da hori.

        — Negozioak bere afizio nagusia direla behintzat argi gelditzen ari zaigu epaiketa honetan. Zer negozio mota diren... hori beste kontu bat da. Nolanahi dela, harrigarria iruditzen zait zure xalokeria. Denok ezagutzen zaitugu, Igara jauna. Pasaiako portuan zuk eta beste zenbait kidek kudeatzen duzuen enpresak emaitza ikaragarri onak eman ditu zu han zaudenetik. Eta ezagutzen zaituen jendeak esaten du posizio onean dauden lagunak dituzula. Hori ez du edozeinek lortzen.

        Igarak zalantza adierazi dio sorbaldak igoz. Gero, aretora begiratu du. Adi begira dago emaztea. Seme-alabak, aldiz, burumakur. Ez dago jende gehiegi aretoan. Kazetari bakar bat ere ez.

        — Zurekin batera atxilotu zituztenak lagun-minak dituzu, ezta?

        — Hala ziren, bai.

        — Orain ez, ala?

        — Azken aldian sortu den zalapartarekin, ez dut haiekin hitz egiteko aukerarik izan.

        — Zer konta diezagukezu beraiei buruz? Zertan ibili izan dira orain arte?

        — Ez dakit. Ez naiz kontu pertsonaletan sartzen.

        — Pertsonalak? Ez, ez. Denoi dagozkigun kontuez ari naiz.

        — Nik horri buruz zuk bezainbeste dakit.

        — Jakina. Zure etekina lortzen duzun bitartean, gor, itsu eta mutu.

        Igara jaunaren abokatua ozenki hitz egiten hasi da:

        — Nahikoa da. Akusazio partikularrak epaia eman nahiko luke, baina hori epaileari dagokio.

        — Beste era batera esango dut —esan du akusazio partikularreko abokatuak—. Zaila egiten zait Josu Igara jaunak kontatu diguna sinestea. Negozioen mundua ondo ezagutzen duen batek jakingo zukeen zertarako erabili behar zuten eskatu zioten diru hori. Droga trafikoan ibiltzen den jendeak tarteka finantziazio arazoak izaten ditu, eta horrelakoetan hornitzaile handiei materiala salerosketaren unean bertan ordaindu ahal izateko ezinbestekoak dira bazkide kapitalistak. Hauek etekin handia lortzen dute oso denbora gutxian. Ez zenekien hori, Igara jauna?

        Igarak aretora begiratu du berriro. Emaztea lurrera begira dago orain, seme-alabak bezalaxe.

 

 

Sukaldeko mahaiaren parera iritsi denean, gosari oparo baterako nahikoa eta soberan aurkitu du. Rosamundari begiratu dio, baina honek Igara jaunari bizkarra emanez jarraitzen du, harraskan dauden platerak garbitzen. Ez du Rosamundaren hitzik aspaldi entzun.

        Emaztea sartu da, arin, egunkariak eskuan, irribarrea ahoan.

        — Nolatan horrelako gosari erraldoia? Bazkaria ematen du ia —esan dio Igarak.

        — Badaukagu zer ospatu. Epaiketa malapartatu hori ahaztu ahal izan genuenetik ematen du dena berriro ere bide onetik doala. Epaiaren ondoren, gainera, zuen enpresa ondo doala erakutsiz berriro egunkarian agertu zarenez, zurrumurruak isildu egin direla dirudi. Bazen garaia.

        — Tira, Ana...

        — Ahaztu aurretik: atzo zure lagun horrekin topo egin nuen. Juan Imaz izena duela uste dut. Epaiaren ondoren sari hori eman zizun elkarteko arduraduna.

        — Saria ere ez zen.

        — Berdin dio. Kontua da harekin topo egin nuela eta eskerrak eman nizkiola den-denagatik; eta berak, apal, meritu osoa zurea zela esan zidan. Tipo jatorra da, ez zaizu iruditzen?

        Senarrak musu eman dio masailean.

        — Eta orain, gainera, Anderrek lan on bat dauka. Gaur bigarren eguna. Ea zer moduz doakion.

        — Ondo moldatuko da.

        — Hori ere ospatu behar dugu, beraz.

        Igara jauna leihotik kanpora begira gelditu da. Udazkena da berriro. Laster negua. Bazter guztietan nabari da. Inguruko zuhaitzak biluzik gelditu dira ia, adarrak ezkutatuko dituen estalkirik gabe.

        Alaba agertu da sukaldean, eta handik gutxira bere neba.

        — Zer moduz enpresa dotore horretan, Ander? —galdetu dio aitak, kafe kikara aho parera eraman aurretik.

        — Hasieran pixka bat urduri, baina gustura. Leku ona ematen du —erantzun dio pozik.

        — Oraindik ni falta naiz, aita —esan du alabak.

        — Ez naiz zuetaz sekula ahaztu. Ezin zarete kexatu. Zuek nitaz... zuek ez zaitezte nitaz ahaztu. Horrek ezin du ezer onik ekarri.

        Semea kolpe batez altxa da aulkitik eta mahaiaren inguruan eserita dauden hirurei esan die:

        — Ez dezagun ezerezetik drama bat sortu, jaun-andreok.

        Barre egin dute sukaldean dauden guztiek, Rosamundak izan ezik, beharbada euskaraz ez dakielako.