Zakur kale
Zakur kale
2007, narrazioak
144 orrialde
978-84-95511-92-8
azala: Caty Bartholomew
Harkaitz Zubiri
1977, Donostia
 
2012, nobela
 

 

Hura izan da

 

 

Ospitalean zain aurkitu du emaztea, burumakur.

        — Ondo al zaude? —galdetu dio senarrak.

        Emazteak hots batez erantzun du, agian baiezkoa adierazi nahian.

        Medikuarekin bakarka hitz egitera joan da gizona. Kezkatua dirudi medikuak. Emakumeak osatzeko hilabeteak beharko dituela iradoki dio.

        — Kolpe gogorrak jaso ditu. Poliziarekin hitz egin beharko zenuke —aholkatu dio.

        Emaztearen albora itzuli da senarra. Izutu egin du haren aurpegi zurbilak. Indartsua izan da beti emaztea, pentsatu du gizonak, baina nekez eutsiko lioke inork honelako zerbaiti.

        Orain gertatu behar zuen, erretiroa hartu ondoren, hainbeste urtetan Abegi SAren bulegoetan aulkiari itsatsita egon ondoren. Zenbat buruko eta bizkarreko min, Donostian bizimodu apal bat mantendu ahal izateko. Erretiroarekin, egun osoa beren buruei eskaintzeko asmoa zuten. Gizonak nahikoa lan badauka bizkarreko mina baretzen eta gehiegi ez erretxintzen. Batzuetan ezin izaten du ohetik altxa ere egin. Umetatik du gorputz ahula. Eskerrak gaztetatik emaztea alboan eduki duen, dena errazten. Emakumeak ez du sekula eritasunik izan, tarteka tristura egun batzuk. Biak makal daudenean bakarrik sortzen da zailtasunen bat. Ez dute lagunduko dien inor, eta noiz edo noiz elkarrentzat traba izango dira.

        Emakumea ezin batean doa ospitaleko korridorean barna. Inoiz ez du emaztea gaur bezain lur jota ikusi.

        Zer basapiztia motak egin diezaioke horrelako zerbait zahartzen ari den emakume bati? Gorrotoa, pentsatu du gizonak, hori bai animalia bortitza eta ezustekoa, segundo batean erraldoi bihurtzen dena.

        Kotxean sartu direnean, barkamena eskatzear egon da senarra. Baina ez daki zergatik eskatu beharko liokeen. Eta isilik geratu da, gauari begira. Gero eta hotzago dago kanpo aldean.

        Errepidean behera hiriko farolen argiak ikusten dira Donostia isilean. Gabon gaua da etxe gehienetan. Beraienean ez. Edozein asteburutako afaria egiten dute urtero, gauza berezi gutxi batzuk gehituta. Ez dute arau estandarretara moldatzeko presiorik sentitzen aspalditik. Inguruan ez dute lan hori hartuko duenik. Emaztearen gurasoak laurogeietan hil ziren, eta ahizpa Alemaniara ezkondu zen. Uko egin zioten seme-alabak izateari, eta oraindik adiskide diren senide bakarrak, gizonaren anaia eta haren emaztea, Durangon bizi zaizkie; haiek Gabonak emaztearen senideekin egiten dituzte, eta gero Urtezaharrean beraiekin bi egun pasatzera etortzen dira Donostiara. Anaiarekiko harremana mantentzeaz biziki pozten da gizona. Horretan ere emazteak lagundu izan dio. Bera alboan edukiko ez banu, akabo nire kemena, pentsatzen du maiz gizonak.

        Martxan jarri du kotxea. Abiatu aurretik kosta egin zaio albora begiratzea. Emaztea kristaletik harago hutsari so sumatu du. Jabetu da beraien arteko elkarrizketak nabarmen aldatuko direla. Elkar ezagutu zutenetik honetaz eta hartaz hitz egin izan dute. Etorkinei buruz, esate baterako. Kanpotarrek mesfidantza eragin diote beti emazteari. Nik galiziarrak besterik ez ditut ezagutzen, erantzun zion noizbait senarrak; iruditzen zait etorkinen artean denetik dagoela, geure artean bezalaxe; hemen kaleko zakurrak bezala hartzen ditugu etorkin berriak, eta aukeran otzanegiak direla uste dut; guri halako tratua emango baligute, auskalo zenbat zakurkeriatarako gai izango ginatekeen. Emakumeak, bere ahizpa gogoan, onartu izan dizkio horrelako iritziak, baina gero hori dena sinetsiko ez balu bezala jokatu du sarritan.

        Gizonak ez du uste kontu horiek berriro aterako dituztenik.

 

 

Groseko Katalunia plazaren erdian gertatu da, arratsaldeko bostak aldera. Minutu erdia ere ez du iraun.

        Bakarrik gaude munduan, pentsatu du gizonak. Ez du ulertzen nola inork ez duen laguntzeko ardurarik sentitu. Erasotzailearen jokabideak ere harri eta zur utzi du gizona. Eskatu dion une berean eman dio poltsa emazteak eta, hala ere, gazteak behin eta berriro kolpatu du. Bizi baldintza okerrenek ere ez lukete halako bortizkeriarik zurituko, pentsatu du.

        Orain emaztearekin afaldu eta dena ahaztu nahiko luke.

        — Afaria prest neukan ospitaletik deitu didatenean. Badakizu, urtero bezala, afari normaltxoa. Bueno, gauza berezi bat egiten saiatu naiz arrainarekin.

        Emazteak ezpainak mugitu ditu, pixka bat besterik ez.

        Emaztearen ezintasuna eta umiliazioa bereak balira bezala sentitu ditu senarrak.

        Ibai ertzeko errepidean zehar, Mundaizko zubi pareko semaforoan gelditu behar izan dute.

        Bat-batean, aztoratu egin da emaztea.

        Semaforoa berdean jarri denez, kotxea martxan jarri du gizonak.

        — Gelditu! —oihu egin du emakumeak—. Hura izan da! Gelditu kotxea!

        — Zer?

        Emakumeak ezkerrarekin indarrez altxa du eskufrenoa. Kotxea oso zakar gelditu da. Gizonak bolantea jo du buruaz. Ispiluari begiratu dio berehala: ez dator kotxerik atzetik. Gabon gaueko afari ordua da.

        — Horrek egin dit! Horrek!

        Emakumea atea ireki nahian hasi da, zango batean igeltsua eta eskuineko besoa lepotik beherako zapian bilduta.

        — Egon hemen. Banoa ni.

        Gizona korrika atera da eta kotxetik gertu zegoen gaztea ziztu bizian ihesi doala ikusi du. Atzetik abiatu den arren, azkarregia da beretzat. Kotxerantz begiratu du. Emaztea urrunera so dago. Emazteari zor diola pentsatuz jarraitu du bila.

        Ezin izan du aurkitu. Kotxera sartu eta isilik segitu du aurrera.

        Ehun metro aurrerago, gizona bere sabelean sentitzen duen korapiloan pentsatzen hasi den une berean, emaztea oso urduri mugitu da berriro.

        — Begira, hor dago!

        Gizona errepideari erreparatu gabe irten da kotxetik. Inguruan zebilen gazte bat kale kantoian desagertu da. Harantz abiatu bezain azkar jabetu da gizona bere ahultasun fisikoaz. Arnasestuka doa, bihotza lehertu beharrean, eta gazteak berriro ihes egingo diola pentsatuz larritu da. Berehala aurkitu du ordea, erakusleiho bati begira.

        — Disimuluan? Lehen ihes egin didazu, baina orain ez zara urrutira joango.

        Gazteak kopeta zimurtu du eta beste alderantz abiatu da.

        Gizona bere gorputz xingleaz gogoratu da berriro, eta arrapaladan joan da zabor artean ikusi duen makila bat hartzera. Sendoa da. Seguruago sentitzen da orain. Mutilak ordurako ihes egingo zuela bururatu zaio, eta bere onetik aterata ekin dio lasterka egiteari. Zebra-bidearen parean topatu du gaztea.

        — Zergatik egin duzu?

        Zer esaten ari den galdetu dio gazteak. Gaztelaniaz galdetu dio orduan, baina gazteak ezer ulertu gabe segitzen duela dirudi. Gizonak eskuan daraman makilari begiratu dio. Gazteak argala eta ahula ematen du. Gizona oroitu da bera ere halakoa zela gaztetan, eta ausardia gabekoa gainera.

        — Zergatik egin duzu? —galdetu dio gaztelaniaz.

        Gazteak nazka aurpegia jarri dio.

        Gorrotoak bultzatuta egingo zuen, pentsatu du gizonak. Auskalo zerk eraginda. Baina gorrotoa. Orain sentitzen dudanaren tamainakoa behintzat. Zehatuta utzi dit emaztea.

        — Pozik egongo zara, ezta? —errepikatu dio bi aldiz.

        — Zoaz etxera, zahar alua! —oihu egin dio mutilak gaztelaniaz.

        Aguretzen ari gara, baina zorrak kitatzeko gai gara oraindik, pentsatu du gizonak.

        Gaztea hizkuntza ezezagun batean mintzatzen hasi zaio. Imintzio zakarrak egiten ari da. Gero eta haserreago dagoela dirudi. Gizona jarrera horrekin gehiago sutu da eta, bere buruarentzat ezustean, beste norbaitek gidatuko balu bezala, makilaz buruan jo du gaztea. Haren oihuak entzun ditu. Baina gizonak kolpeka segitu du, gorputz osoan zigortzen. Geldiaraziko duen ezer ez dagoela sentitu du. Gazteak konortea galdu duela jabetu denean, makila hautsiaren ezpalez eta odolez zipriztindutako gorputz etzanari azken begiratua egin eta buelta erdia hartu du.

        Kotxera itzultzen ari delarik, indartsu sentitu da aspaldiko partez. Zereginak beteta.

        Gidariaren eserlekuan jarritakoan, zuzen begiratu dio emazteari:

        — Egin beharrekoak eginda daude. Orain etxera joango gara. Ondo garbitu eta, nahi baduzu, arraina afalduko dugu. Eta bestela, ohera goxo-goxo.

        Emazteak ez du ezer esan.

 

 

Aurrera egin dute farolek argitutako errepidean.

        Gros auzoko Pinares plazaren parera iritsi direnean, aztoratzen hasi da emaztea:

        — Gelditu kotxea! Hori izan da! Gelditu kotxea!

        Gazte bat ikusi dute autobus geltokian eserita, zigarro bat erretzen.

        Kotxearen abiadura moteldu du.

        — Zer?

        — Hori izan da!

        — Nola izango da, ba, hori? Bestea Amaran utzi dugu duela hiru minutu. Ez da kotxea baino azkarrago joateko gai. Lan handiak izango ditu dagoen lekutik altxatzeko ere.

        Emaztea isildu egin da.

        Senarrak aurrera segitu du, motel, albora begiratzeko ausardiarik gabe.

        Mirakruz eta Ategorrieta kaleetan ez da kotxerik ageri. Bakarrik daude.

        Jai Alaiko trenaren zubi azpia gurutzatzen hasi direnean, gazte bat maldan behera oinez datorrela ikusirik, emaztea kristala kolpatuz hasi da garrasi batean:

        — Hori izan da! Gelditu kotxea!

        Ez du kotxea gelditu, ezta moteldu ere. Aurrera darrai errepide bakartian.

        Gizonak badaki etxera iritsi aurretik emaztearen esaldia behin baino gehiagotan entzun beharko duela.

        Umetan zeinen ahula eta koldarra zen gogoratu du berriro. Negar egingo luke orain.