Koioteren arrastoa
Koioteren arrastoa
2006, kronika
176 orrialde
84-95511-88-6
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2003, nobela
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

Afaria Idaho Fallsen

 

Uztailak 25. Azken gaua Coeur d'Alene eskualde honetan. Post Falls herrian hain zuzen. Afaria. Jatekoaren parte bat geuk prestatua, hau da, etxe honetan hiru egunez izan garen hiru euskaldunok. Jantokia, etxean hiru egunez abegikor, zabal, euren burua guk nahi izan dugun edozertarako ukan gaituzten Debbie eta Mike senar-emazteen etxeko atzealdea, izatez etxeari erantsitako oholtza dena, zurezkoa, behea baino metro eta erdi gorago eraikia. Hor behean lorategia, zenbait zuhaitz tantai eta hesia; dena inguruko beste holakoen berdintsua. Afaltiar, esandako bostak gehi etxejabeen lagun bikotea. Azken hau anfitrioien adin bertsukoa, alegia, laster mende erdia betetzekotan direnak. Etxeko txakur biak ere inguruan dabiltza.

        Giroa epel dago. Ikusten da inguruotan laster hozten duena. Berogailuak dituzte hemen kanpoan, zutoinetan jarrita. Eltxoen hondamendi, goian eskegitako lanpara antzekoak, zeinetara intsektuak erremediorik gabe sartzen diren, eta bertan hil. Horiei begira goizean etxeko jaunak galdetu didana etorri zait.

        Merkatu handi solairu bakarreko zabal denetarikoak dituen horietako batean izan da.

        — Bada hemen Europan ez den ezer? —galdetu dit, harrotasun puntu batez, autoko giltzak euron eraztunean atzamar batez jira eta bira darabiltzala, Mikek.

        Dendari erreparatu diot, gurean ez dugun zerbaiti antzeman nahirik. Gizonari poztasun bat ematearren.

        — Ez dut holako deus ikusi. Ezer ez —erantzun diot.

        Izan ere, supermerkatuan argazkiak errebelatzeko izan gara eta, horretan ere denda-eredu globala. Gustura esango niokeen, aizu, begira horri, horrelakorik ez dugu ba gurean.

        Globalaren zabala, supermerkatu horretan ere aukerako liburuak. Mikek bat seinalatu dit. Indioei buruzko liburu mardula da; 500 nations. 14,99 dolar. Erosi egin dut, hari plazer egiteagatik gehienbat. Bitartean emaztea argazkien ardura hartuta ibili da. Egunean zehar egindakoak dira.

        Emaztea etorri denean Mikek beste galdera bat luzatu dit.

        — Drogarik bai zuenean?

        Baietz esan diot, ohikoak direla han ere.

        — Kokaina?

        Baietz.

        — Eta poliziak harrapatzen al du trafikatzailerik?

        Noizean behin, nik.

        — Eta kokainaren parte bat ez al da beti desagertzen?

        Baietz berriro nik, 'Navajas kasua' iritzi zitzaiona gogoan. Alegia, Irunen Poliziak koka errekisatu, eta parte bat desagertu zenekoa; Poliziaren beraren eskuen artetik desagertu ere.

        Irri egin dute biek.

        Halakoxea da Debbie, halakoxea Mike, lehengoan euroaz galde egin zidan gizona. Ea billeteak ala txanponak diren zorioneko euroak, jakin nahi zuen. Bietarik direla esan nik eta, hemen bezala!, papera ez duk dirua!, irmo esan zidan. Diskurtsoa aditu nion; urregorriaz, zibilen eskubideez, bankuen jarreraz eta bidean datorren crack ikaragarriaz; ez daukagun dirua dira moneta-paperak, finean. Azken hori halaxe esan zidan. Biribil-biribil.

        Galde egin zidan baita non egonak ginen, eta nik otsoen zaintza lekuan egonak ginela esan, eta hangoa kontatu nion, alegia, animaliok ezer egiten ez dutela, gizakiontzat arriskurik gabeak direla eta, batez bestekoan, han egin ziguten diskurtso ekologiko.

        — Hara, kalterik ez otsoek! —barre egin zuen.

        Ehizarako grina du gizonak. Halaxe esan zidan urtean hamabostaldi bat egiten duela baso-mendietan ehizan, eta erakutsiko zizkidala lekuak, hurrengo batean, jakina, eta emazteak onartu egin behar diola hamabost egun urtean libre hartzea. Nago hona bizitzera etorri den askok erabaki horretan akuilu ez ote duen ehiza izan.

        Lo egiteko utzi didaten gela, etxepean dena, ehizako oroigarriez josita dago. Piztien adarrak, buruak, larruak, argazkiak, den-dena Hemingway style edo eredukoa. Isil nadin baina. Hartz-hortz parea erosi nuen Pow Wow jaialdian.

        Bestela, zaletasun eta xehetasun halakoetan jakiten da bakoitzaren ideiez, gai sakonetara zertan jo eduki barik. Beraz, hobe halakoetara ez jo. Ez gara enbor bereko adarrak. Alabaina, sortu da gai sakona, sortu denez. Hori ardoak bere zain-bidea egin ostean izan da. Bestela afarian ganorazko gairik ez eta, horixe aipatzeko gogoa izan dut. Eltxoan harrapatzeko zera horiek. Ez dut egin.

        Afaria ez da bereziki alai joaten ari izan. Gogaiturik denak. Ahalegina egin dute, dena dela. Goizean gure dantza taldearen ikuskizunera joan gara, orain eurokin afaltzen ari garen bikote biak, antolatzaile etorri den Michelle eta ni neu, seiok. Gurekin afaltzen dagoen seigarrena, Kriskitin taldeko zuzendaria, Egoitz, dantzariekin jardunean ibili da.

        Joan gara, bai, Silverwood jolas-parkera, hantxe izaten ari baita nazioarteko dantza jaialdia. Egia esan ez diote jaramon handirik egin dantzaldiari. Egin dituzte argazki batzuk, jo dituzte txaloak eta banatu dituzte irriak eta zorionak. Gero jolasera joan gara denok. Roller irrista-mendi mekaniko itzel bi horietan ibiltzera. Umeen pare ibili gara. Egundokoa izan da, bai. Jolasa ez da horretan amaitu, ostera. Izan da beste entretenigarririk ere. Bada, horietako hurrengoan egin zait argitasuna hemen dagoen puritanismoaz.

        Roller horien ostean benetako ibaiarena egiten duen ur-laster artifizial batera joan gara, pneumatiko biribiletan ibilbidea egitera. Busti egin gara, busti egin garenez. Bada, gustura erantziko nukeen kamiseta, inguruan beste inor gerritik gora biluzirik ikusi izan banu. Baina ez. Kamiseta ez dute ezergatik ere eranzten. Bai zera erantzi. Nahiago mela-mela eginda barraken artean ibili. Arraioa! Neska-mutil gazteak, umeak, haurrak, jantzita zelan doazen-eta, mormoi doaz. Soin osoa estalirik, bero sargoria egon arren. La casa de la pradera telesail hartan bezalaxe.

        Hori arrastian izan da. Gero argazkiak errebelatzera, eta afaria prestatzeko bakailaoaren antzeko zerbaiten bila joan gara. Jatekoaz Michelle eta Egoitz arduratu dira, ni neu begirale izan nautela. Ondo prestatu dute, nahiz eta gurean erabiltzen ditugun osagarriren bat faltan izan. Ikusten da amerikarrek gogoko dutena afaltzekoa. Baina badiot. Hemen gaudela hiru egun honezkero, anfitrioiak gogaiturik direla esango nuke. Hori bai, ez dute kexarik ageri. Lehenengo egunean bertan zirika-zirika izan genuen galdera —nondik nora jakin dute taldea datorrena, eta etxeetan leku egin?— gaur argitu ahal izan dugu.

        Gizarte-klub moduko baten iragarkiari erantzunez hartu gaituzte, hala eurak gu, nola Kriskitin taldekoak ez ezik jaialdira etorri diren beste taldeetakoak ere beste familia batzuek. Iragarkiari erantzun dioten gehienak, mormoiak. Pertsegitu izan gaituen bautista fanatizatua etorri zait gogora. Aldea dago, aldea dagoenez. Hauek abegitsuak dira-eta, horrelakoak izatea fede-heziketaz ei datorkien arren, dohainak dohain dira, jainkoaren eskutik etorriak zein berez sortuak izan. Gu hartu gaituztenak ere mormoiak direlakoan gaude baina, ez dakit nik. Benetan mormoi direla dakigunik bada etxe honetan, dena dela.

        Etxean garen hiru euskaldunez gainera badira apopilo hartuta beste senar-emazte gazte bi. Hain gazteak ze, nerabezaroaren kaiolatik irten gabeak dirudite. Neska Dantza Jaialdiko argazkilari ofiziala da; mutila antolamenduan dabil, trafiko kontuetan eta. Hain zuzen ere, mutil horrexek eroan eta ekarri izaten gaitu etxetik parkera eta parketik etxera; etxekoen 4x4 auto berri-berrian (aparailuan Sugarland country taldearen Twice the Speed of Life izeneko cd-a sartuta). Horretaz gain, etxean diren artean gazte biek Colari ematen diote, izozkiak irensten dituzte —ubarroiak arraintxoak zelan, ba halaxe— eta irria zabaltzen dute goizetik gauera zorionaren bandera ezpainetan eroatera beharturik baleude bezala. Kaferik ez dute hartzen, ostera. Toxikoa! Era berean, ezta alkoholik ere. Ba, toxikoekiko portaeran igarri du Michellek gazteok mormoiak direna. Etxekoek ostera denetariko pattarrak, garagardoak eta mahats-ardoak dituzte. Tarteka-tarteka jo izan dugu xurrutadatxoren bat. Halako bateko lagun giroan izan da gizonak euro diruarena galdetu duela. Txanpon bat eman diot, oroigarritzat. Tori, Ameriketan halako askorik ez duk izango eta. Lagunei erakusteko, esan dit, erabat pozik. Toxikoen harira, afaltzeko dugun ardoa ona da. Etxekoa barik beste bikoteko neska txolinduta dago. Hain gutxi edanda. Ez du ohiturarik. Etxeko andreak hobeto eusten dio.

        Hona iritsi ginenean ostirala zen eta, etxeko andreak gau hartarako plana proposatu zigun. Ezinbestez joan behar genuela dantza egitera.

        — Halakoxeekin! —bota kanperak erakutsi zizkigun.

        — Ez dugu holakorik ekarri —esan genion.

        — Lasai, bigarren eskukoen dendan erosi ahal izango dizkizuet, merke-merke.

        Denda hori karitate erakundea ei da.

        Iritsi zen dantzara joateko gaua eta, hara, botarik ez baina, bost horrek emakumeari. Dantza egitera ezinbestez joan beharko dugu.

        Etxetik irten orduko entsegu modukoa eginarazi zigun. Ilaran jarri, besoak elkarren lepoan leun jarri eta dantzak dituen hamaika pausoak —ez da ironia— erakutsi dizkigu. Kriskitin taldekoak behingoan harrapatu du, Michellek beste erakustaldi parea behar izan du eta nik, elbarritu honek, ez dut behin ere pauso denak segidan egiterik lortu.

        Bo, saioa eginda hantxe abiatu gara, etxeko gizona gidari. Hiritik kanpora. Lekua ondo ezagutu barik sekula santan iritsiko ez ginatekeen lekura. Hortxe ei dira taldeko besteak, alegia, antolatzaile taldeko bigarrena, Errenteriako gizona eta Zumaiako irakaslea. Hiru. Ez uste hiru lagunak horrela izendatzeak dantzarekin zerikusirik ez duenik. Honaino bidaia antolatzeko dantzarako baino ausardia handiagoa behar da, Errenteriakoa izateak kasik berez dakar jaietarako gaitasuna eta, azkenik, gure irakaskuntza sisteman ez dago irakaslerik udako ikastaroren batean dantzan ikasi ez duenik. Erraz daukate hamaika pausoak ikastea.

        Eta lekua, oi lekua. Etxe bakarra; zurezkoa; teilatua isurialde bikoa; atea hain zabala ze garajea ematen du, horren gainean lekuaren izena: Big Al's. Ataurrean aparkaleku zabala. Autoa hortxe utzita sartu gara.

        Oso big da, zinez, lekuaren barrua. Errektangelu perfektua. Han atzean eszenatokia, eta musika banda honezkero jardunean; erdi-erdian dantzarako leku zabala, oraingoz dantzaririk gabe; hori mugarrituz albo luze bietan mahaiak, antzina gurean tabernetan izaten ziren egurrezko luze-luze haiek baino luzeagoak. Mahaiotako batean, hara. Neska bat hara igorik dantzan. Eta Errenteriakoa harexekin, erotismo puntu batekin eusten neskaren ipurdi dantzari.

        Debbiek zer nahi dugun galdetu eta, garagardoak denontzat. Horretarako ez dago eragozpenik, barra bi dira eta. Nirea ekarri didatenean erreparatu diot lekuari zehatzago.

        Han atzean, atetik gertu bada plastikozko igerilekua. Inoiz hor bainatzen ote diren da kontua. Baiezkoan nago. Ikusi besterik ez dago zein zoro dabilen mahaiaren gainean neska dantzan, eta haren ipurdiaren inguruan gure espediziokidea. Horiek hor izan dira, denentzat jolasgarri. Harik eta benetako dantzaldia hasi den arte.

        Ene!, dantzaldia hasteko abisua eman denekoa. Mahaiaren gaineko neskak behera egin du, ziztuan —astiroago gure lagunak, zeinaren ausardia miretsi egiten dudan—, eta neska bera bezalaxe hortxe agertu dira gizonezkoak eta emakumezkoak erdi-erdira, hortxe eratu dituzte ilarak, hortxe itxaron dute bandak nota egokia jo arte eta hortxe ekin diote.

        Gizonek denek sonbreirua, alkandora bakeroa, praka estuak eta kanperak; emakumezkoak berdin antzean, salbu eta gona jantzirik etorri direnak. Etxeko andreak berariaz ekiten dio, irakasleak ez dio tregoarik ematen, antolatzaileek honetarako besteko bularra badutela erakusten dute, dantza taldearen buruak bere antzea erakusten du eta nik garagardoari ekiten diot. Antropologoa ilargian.

        Dantza eta garagardoa, garagardoa eta dantza, halaxe doa gaua denentzat, etxeko gizonarentzat eta niretzat izan ezik. Hark ez du edaten. Gidatu beharra, badakik, esan dit. Eta nik ez dut dantzarik egiten, ikusi nau berak etxean entseatzen, beraz, galderarik ez. Noizean behin ostera dantza egiteko eskatzen didate, nahiz dela etxeko andreak, nahiz dela antolatzailetakoren batek. Denei ezetz nik. Eta halako batean mahaiaren gainean dantzan berriro lehengo neska bera.

        Nabarmentxoa da. Garagardo botila eskuan, ipurmamiak biribilean dantzan, bere buruarentzat ari da. Haatik, Errenteriakoak ipurmamien biribilari jarraitu nahi eta, gora doa. Ingelesez tutik ere dakien arren, dantzara. Ez baita ahozko hizkuntzarik behar horretarako. Ez da behar hitzik, ez, liketan txoria harrapatzeko. Bai ostera neskak esan nahi duena aditzeko. Eta ezin errenteriarrak. Beraz, neuregana etorri da, eta atzetik neska. Honek zer diotson jakin nahi du.

        Neskari ulertu diodanez, hiru gauza ditu gure lagunari esateko.

        Lehena, bera ez dela inorekin oheratzen; bigarrena, mutil-lagunak eta biak utzi egin diotela euren aferari baina, hona hirugarrena, mutila, hala ere,