Sua nahi, Mr. Churchill?
Sua nahi, Mr. Churchill?
2005, narrazioak
288 orrialde
84-95511-79-7
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1995, kronika
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

Vladimir

 

 

1

 

Murgil luzea egiten genuen geure zanbuilaren uberatik joan ahala urrun azaleratzeko eta, begietan itsatsi ilea zakur bustien moduan astindu ondoren hiru lau besakada nagi emanda berriro urpera jotzen genuelarik, sakonago ilunago itoago saiatzen ginen, inork ikusiko ez gintuen munduren batera. Lentan joaten ginen goraldiak uhartetua zuen harkaitzeraino, eta bertaraturik, harro mutu beldurrak ekarriko genituen akordura olatu garratz batek iragan urtean handik eraman zituen lanpernazaleak, herritarrak, koadrilako izendatzen genituenak orain, gure burua hondamen hartako bizigordeak sinetsita. Harkaitz handi hartan etzanda erdi lo gelditzen ginenean besterik ez nuela desiratzen esanen nuke: etor zedila, Ternuatik edo Gransoletik, gu beste norabait eramanen gintuen baga askatzailea.

        — Bihar ere hona etorri behar al diagu?

        — Bai, baina hiri ez diagu utziko!

        — Negarra aterako zaidak.

        Aldendu egin nintzen lagunengandik, bakartasuna bilatu nuen sardatik bereiz, gogora sortzen zitzaizkidanak igarriko ote zituzten lotsa. Besteek ikusi gabe apuntatu nahi nituen liburuan gordetako folio tolestuan, uretara nintzen ostera luzaro baino lehen.

        — Kontuz, sirenak hire atzetik!

        Bagenuen piztia bana gorputzaren otzaran, aingira, halako desadostasun bat geure buruarekin: hitza nekez etortzen zitzaigun eta esanaren ezin askatuak oihu kolpe jauzi lasterka gintuen menderatzen, baina ez genituen onartzen gure itzalaren higidurak, urte batzuen okerra zegoen erretzen gintuzten zalantzen eta elkarri aitortzen genionaren artean, moztadean bizi ginen.

        «Uhinak baleki...» idatzi nuen.

        Lagunak ez zitzaizkidan bilduko hankatik edo samatik helduta elkarri behin eta berriz pulunpa eragin gabe —sanjuanberde egitea, gure aiekan—, urekoak abailduta belarrari oratuz igaiten ziren bidezidorreraino, larru-azala oilobixar, gorputz osoa leiho eurituen antzera pikorreztatua, hortzak karraskaz eta ezpainak more harkaitz pirataren gainean kiskalmenak hartzen egon arren, estropezu nori eraginen bultzaka, halatsu beti, neuk ezkutatutako ogitartekoen bila. Tomasen harridurak egin zuen harako hartan ostikoz erabil ez nintzaten.

        — Bikiniko hura ez al duk hire arreba?

        Arreba nuen bai, neure arreba arroka zuriaren azpiko harlastan, kankailu bat aldamenean, bizkarra xukatzen ziola.

        — Hire arreba, mutil batekin!

        — Esparroi hori ez duk herrikoa!

        Ez nintzen ausartu bazkaritara ekarria zuela esaten. Hiriburukoa zen gainera.

        — Zigortuko bagenitu?

        Hala moduzko solidaritate izpi batek prestutasuna ematen zion proposamen anker hari, ez nintzen zapuztu neure afera ez beste inorena nuena lagunek bere eginagatik. Kankailuaren bular iletsuan mugitu zen arrebaren eskua, musurako hurbildu ziren.

        — Zertan ari dituk horiek!

        Irri inozoak egin genituen, ziztu mingarria Antxonek. Neu izan nintzen lehen harria jaurti zuena. Arrokaren barnerantz aterpetu ziren, handik Itzalarriko Erreka aldera hartuko zuten igeri, zihoazela neure begi bistatik. Biluzik etzan ginen belar zakartuaren gainean, gure mendekuaz harro eta barruko piztia sosegatuta.

        — Merezia zian...

        Gorroto nuen esparroi hura, bai, eta gorrotoago nuen neure burua bostekoa estutzerakoan «Tabakorako!» esanik eskuan jarri zidan billetea ez hartzeko adorerik ukan ez nuelako.

        — Hire arreba zaukaat gogoan!

        Bere toletea mirets genezala nahi izaten zuen Antxonek, huraxe laztantzen ariko zen. Gero ahuspez jarrita zaplaka ekiten zion, baina orduan biraoa bota zuen. Arantzen baten laztana nozituko zuela edo inurritegiren batean landatuko zuela pentsatu genuen, betazalik jaso gabe hasi ginen karkailetan erroz gora geundenok.

        — Hemen zatozak! Hemen zatozak!

 

 

2

 

Tropa samalda handi samarra zetorren Amaotzako malkarrean behera, zabalduan, fusilak eskuan, batera eta bestera zoko-miaka oteak kanoiekin baztertuz. Ikusiak gintuzten eta biluzik geunden. Berandu saiatu ginen herrestan arropa biltzeko, oihu tiro mehatxu egin ziguten.

        — Zutik, eskuak gora!

        Arrebak eta bere morroiak salatuak ginen ausaz, mezetara joaten ez, harkaitzen kontra fusilatuko gintuzten, epaituak geunden, gure begiak dastatuko zituzten guk eskainitako beitari muzin egiten zioten durdoek.

        — Zer zabiltzate hemen?

        — Noiztik etortzen zarete hona?

        Ikusi ez beharreko zerbait ikusiak ginen, edo jakile ginela usteko zuten, Mola jeneralaren bosgarren kolumna ziren, tiroketa eta atakada saioak egitera isilean etorriak. Agian bere amorantearen aurrean torturatu zuten arreba gure posizioa jakitearren. Mihia irentsi genuen haatik, fraideen zafradek aspaldian ziguten irakatsi hobe dela sobera errazak diruditen galderei erantzun gabe. Ardiak inguru haietan ibiltzen zituen artzaina zekarten gidari.

        — Ez zenuten otsorik ikusiko?

        — Edo zeuek al zarete otsoak?

        Txatoren aita erreketeetan ibilia zen, askotan kontatzen omen zion patarrari bolbora bota eta su emanda hartu izan zuela, gudarien muinoetan goiti artilleriarik gabe erasora abiatu aitzin. Hartarik edanak haiek guztiak, burutik zeuden.

        — Ile gutixko zaukatek hauek larruan, otsoak izateko!

        Eta algara egin zuten tarrapatan janzten ginen artean, haien imita gu barre txipitan, izuaren izuz. Leku ona aurkitu genuela, ongi ezagutuko genituela bazterrak, uxarkan eramanen gintuztela aurretik. Errepikako Belliniak zekartzaten, AZ gainezarriak eta Beretta berriak, ongi hornituak zetozen. Zahatoak okela arrautzak gazta pusketak azaldu ziren. Non ezkutatu genituen neskak.

        — Jan gazteak, jan, ikara kentzeko!

        Beteranoak ziren gehienak, ea inoiz postarekin tiro egindakoak ginen, zenbat lumako eta zenbat ileko boteak ginen.

        — Hauek ez ditek iledunik etzanarazi oraindik!

        Berben azpia uzten zuten agerian aldiro zakil haiek. Erne geunden, bagenekien txantxen ondotik zinezko galdeketa helduko zela, eskarnio haietan amurik ez balego bezala lasaitu nahi gintuzten, eskuz esku gureganaino zahatoa, fraideen teknika bera.

        — Hemen, hemen!

        Denak amildu ziren itsasorantz, labarraren azkeneraino jaitsia zen artzainaren oihuak ziren, eta gu motelago. Batek edo bik min hartu zuten orkatila arroketan bihurrituta. Artzainak ardi izterra zeukan eskuan, ziri batean trebestua.

        — Idortzen paratua zegoan!

        Postura zaharrean mintzo zen, apezen gisan.

        — Ez duk otsoa, arimaduna duk!

        — Harkaitz arteko zuloak miatu behar ditiagu!

        Boluntario bat eskatu zuten karabineroen kasernaraino joateko, urrun zegoen, mareajea beheratutakoan baino ez zitekeen iritsi labar-muturraz haratago zeuden leize zuloetaraino. Lau boluntario bazirela, Txatok. Agudo ibiltzeko agindu zigun artzainak, eguzkia ihartu eginen zela —bazekien hizketan agure hark— karabineroak iritsi orduko.

        — Kristauren bat dabilela!

        Belaun-joko bizian urrundu ginen pendizean gora, mendizerri haiek sua pizten zutela ardi izterra jateko asmoz.

        — Hor behean dabilena Vladimir duk!

        Liluratu egin gintuen Txatoren irtenaldi ezusteko hark, izenak ozentasun sorgina zeukan.

        — Vladimir?

        Gure erresistentzia gidatuko zuen komandantea.

        Urpekontzi sobietiko batetik lehorreratutako iraultzailea.

        Gure herri mozkor ustel zabar hartan matxinada antolatuko zuen buruzagia.

        — Vladimir...!

        Menturaz bai, menturaz ez zituzten sakailatu miliziano guztiak Gernikan, menturaz Bigarren Mundu Gerraz geroztik yankiak noiz hurbilduko labana zorroztuta leizean igurika zeuden gerlari nipon haietarik bat iduri kukutua Vladimir, Molaren atzeguardari jazar egiteko.

        — Nolaz ez diagu guk ikusi lehen!

        — Nik banian susmoa...!

        Zunbilondoko muinora iritsitakoan hartu genuen arnasa. Harria Antxonen eskuan, zalea zen.

        — Erotu haiz!

        — Armatuak zaudek!

        Kalibre politeko morteroak igorri genizkien gaztelu zaharreko puskailetan ongi babesturik, arrebari bezain anker. Gogotik erantzun ziguten, baina harrian jo zuten haragi bala haiek: historia aldatzen ahal zen. Maltzurraren aierua elkarri, hitzik gabeko ulertzea. Aspertuko ziren karabineroen zain.

        Gizotsoa Vladimir.

 

 

3

 

Zamako ingelesek ekartzen zituzten paper metetan bereizten ikusten baldin bagintuzten zigiluak biltzen ari ginela esanen genuen, eta ez zen gezurra. Orduan eztul egiten zuten, hitz laurdenik sinesten ez zigutela adierazteko egiten zuten eztul makur hura, ongi, baina ez genuela ezer askorik harrapatuko. Berandu genbiltzala, zatirik onenak estibatzaileek berek eta gero zaborketariek eramanak zituztela. Txatarraren inguruan ikusten baldin bagintuzten uste behar izaten zuten kobre hariaren atzetik genbiltzala —ongi ordaintzen zen kiloa txatartegietan—, eta ez matxeteak moldatzeko pusketa egokirik. Batekoz bestera ulertu nahi izaten zuten beti karabineroek. Ginena baino inozoago azaldu behar genuen, beraiek uste ahal izan zezaten ez genituela tronpatzen, bazekitela nahitara egiten genuela ergelarena. Gizontxoak uste gintuzten, ez zekiten menderatu ezin genuen aingira bana geneukala barruan.

        — Etorri nahi, tirotxo batzuk jotzera?

        Mehatxuz, jakina. Bakean utzi gintuzten hala ere, igande goizetan kapitaina etortzen zitzaien hiriburuko komandantziatik eta estibatzaileen jangelan Itsas Apostolutzako kapilauak ematen zuen mezetara eramaten zituen galaz jantzita. Amaitutakoan aduanako sarreran bilduko ziren zerbait edatera, astia geneukan.

        — Badaude Ingalaterrako erreginarenak baino zigilu hobeak.

        Hura zirrara gurea bizikleta beltz astun haietan jarrita urrundu direnean toldopeak ikertzeari lagata laugarren biltegira buruz abiatzen garela!

        Horiek ere ez dira mezetara joaten...

        Hortxe daude, txopa aldea margotzen...

        Margotzen ariko balira bezala, gu noiz azalduko...

        — Guk, Potiomkin-eko marinelok, geure anaia langileei lagundu behar zieagu, eta iraultzaren lehen lerroan jarri!

        Hala esan zion Matiuxenko marinelak Vakulintxuk marinelari ahapetik txopako eskaileran, guk orduan ez jakitea.

        Ez genekien, baina laguntza iraultzailearen eske inguratzen gara geure anaiengana, pozak urduri, egun aste urte luzez irritsean eduki gaituen zubiko karaktere zirilikoez mezu giltzatua luzatzen digun bost adarreko izarra tximinian begietara gorri ageri duen debiletak manipulatzen dituena emakumea delako zamaketariak eskandalizatuak dauzkan gerraondotik hona gure portura lehen aldikotz txopan drapo gorria dakarrela arribatu den burdinolarako ferrailaren aitzakian Vladimirri bizitzekoak isilean deskargatzera datorren ontzira, sekretura, ametsera.

        — Vladímir!

        Eta guregana itzultzen direla Matiuxenko eta Vakulintxuk. Antxonek, hura beti nabarmen, ukabilaz agurtu ditu. Eskua kapelura marinelen diosala, kapeluan izarrik ez. Ontzi honek, haatik, iraultzaren ubera darama bazterrik bazter munduko itsasoetan.

        — Továrich!

        — Da...

        Txatok paper bat atera du.

        — Dobro pozhalovat v Euskadi!

        Eta iraultzari lotzen gaituen estatxa guregana ontzitik:

        — Bolshoye spasibo!

        Plaza Gorria Stalin Leningrado Bolshoi Valentina Tereskova Hermitage Lenin Olinpiadetako dominadunak koljozak ageri dira olaxtek kasko beltzean islatzen dituzten bristada dardaratietan, arrebaren liburu sobietikoen apaletik hartuta lagunei erakutsi ohi nizkien postalak.

        — Kaláchnikov!

        Matiuxenkok ez du ulertzen, Vakulintxuk blaka emateari lotu da berriro.

        — Matxinada piztu duk!

        Eta metrailetarekin tirokatu itxura egin du Txatok, hobeki adierazi alde.

        — Kaláchnikov!

        Eskua bihotzera eraman du Matiuxenkok antzezlekeriaz, bonbila bat erakutsi digu Vakulintxukek karelostetik jasota.

        — Stolíchnaya!

        Odessako portutik zuzenean etorria zen Potiomkin hark iraultzaren oihartzuna zekarkigun, ubera, baina ez ziguten armarik eskuratzen ahal, Antxon izan ote zen gerra hotza aipatu zuena inoiz, Txatok kontaktu honen garrantziaz ziharduen batean.

        — Vodka!

        Eta nahi genuenetz, keinuka, ona zela.

        — Nyet vodka, Kaláchnikov!

        Vladimirren lagunak burgestuak zeuden, asaldatu egiten zituen gure eskariak.

        — Do you speak english?

        — Yes, yes...

        — Vladímir is here!

        — We are his comrades!

        Ferraila bilakatua zuten guk espero genuena, guri zor zigutena. Alferrik ari ginen, gerra hotza.

        — Kaláchnikov!

        — We need arms!

        Ez ziguten txopako bandera ere eman nahi izan, bakarra omen zeukaten. Koleratu egin gintuzten hasieran, hondoratu gero.

        — The war has finished!

        Ez zuen karabinerorik azaldu behar izan guk alde egiteko, aski zen Matiuxenkoren eta Vakulintxuken algara, Molaren tropako haien gisan algara, bazekiten ingelesez.

        — Peace and love, boys!

        Ez iraultzaileen agurraz, zemaika baizik, harri kozkor bana estutuko bagenu bezala erakutsi genien ukabila: argi ibili gure herrira lehorreratzen bazarete. Ez genien tabakorik eskatu Stella Maris-etik zabuka zetozen finlandiarrei, ez ginen saiatu pikategi ertzean amarratuak zeuden herdoilontzietan sartzen, ez genien trufa egin iraileko estropadetarako entrenatzen ari ziren atunburuei.

        — «Vodka» esan dik!

        Kontuz ibili behar zutela ezin zutela edonorekin fidatu halako gauzak isilpean egiten zirela, gerra hotza, nork daki, agian atako banda hartutakoan paketeren bat lagako zutela uhinek bazterrera ekar zezaten ez genuela etsi behar guk ezagutzen ez genuen klaberen bat ibiliko zutela Vladimirrekikoak egiteko, halakoak bota genituen, geure burua horren barregarri ez ikusteko baino Txatoren etsipenaz errukituta, hurrengo igandean hurbilduko ginela ostera, han baldin bazegoen behintzat kapitainarekin saiatuko ginela ulertuko zuela, nondik atera duk errusiera hori.

        — Ez al zarete konturatzen? «Vodka» esan dik...!

        Eta malkoak ageri zituen, zakatzak gorri, trenbidea iragaiten genuelarik. Ez haren usterik edukitzeko arratsalderako, libururen bat eskatu zidan etxeko atarian. Ez zeukan irteteko adorerik.

        — Eta nola eginen diagu bikotea hirurekin?

Lasai, Tomas, txandakatuko gaituk.

 

 

4

 

Twista balsa rumba arin-arina, dena zetorkion neurrira eta denean moldatzen zen nesken pareko, Tomasek ezin zuen huts egin, hura gabe baiezkorik ez, jakina zen Antxon eta biok txandakatuko ginela. Lotsagabea zen tratuan Tomas arraioa, nolako irrintziak neskek haren ondoan, burura etortzen zitzaion aurrenekoa esaten omen zien.

        — Ez zaik gauza handirik bururatzen orduan...

        Horrelako zerbait esanen zion Antxonek, ez zituen aukerak lardaskatzen.

        — Esanen banio neska bati bere txoparen kulunka ikusita bururatzen zaidana...

        Ez zen zatarra, eta behatu egin zidan, harrigarria zen neskek haiei so geundela sumatzeko zeukaten dohaina, ikusi gabe zekiten, begia lurretik jaso zuelarik niri eman. Ez nuen behakoa besteratu. Hurbiltzeko gonbita ikusi uste izan nuen masail bete haien gorrituan. Bakarrik zegoen zumarraren ondoan, hogei bat urrats. Pieza hasi berria zen, loturako motel haietarikoa, The Moody Blues-ena zela esanen nuke. Neure kasa eskatzen nuen lehen aldia izan zen, baietz —«Goazen!» esan zidan—, eta bazterrean dantzatu ordez sarda barrura eraman ninduen eskutik helduta.

        Tomasek eta Antxonek, harritzekoa, panpandoja bana zeukaten beso artean, ez oso urrun. Zer uste zenuten? Zuei beha geldituko nauk!

        Sinesteak ere lan zuen, neska hark baietz esan zidan zenbat urte nituen ironiaz galdetu gabe, nire bila etorria zen nonbait, gerritik ez baina goragotik heltzeko esan zidan eta dantzari ekin bezain neure bularrean pausatu zuen burua. Ahotik behera erori behar zutela gelditu ziren inguruko mutilak, eskuak bularrean jartzen zizkiguten beti neskek. Ez zitzaion inporta bultza egiten zigutenean, hala nahiago biok, izerdi tanta bizkarrezurrean behera. Antxon imintzioka. Amolai! Ikusten? Ni nauk. Askotan etortzen ote zen. Ezetz, mutil batengatik etorria zela, haren esperoan zegoela. Plexiglas urdineko zakuan zekarren txokolatearen zilarrezko paper plantxatuan bilduriko pospolo kaxa erakutsi zidan. Adiskide baten bitartez heldu zitzaiola han gordea zegoen hitzordua.

        — Badakizu zer daukan barruan?

        Burua neure bihotz gainetik kendu gabe, altxorra eskuan, begiak niregana goitituak.

        — Deklarazio bat, lau zuloko blok frantseseko paper horian idatzia, edo berdean, izan liteke arrosan ere.

        — Oso polita da, poema bat, niretako asmatua, paper horian. Horregatik etorri naiz.

        Ahotsik amultsuena atera nuen, gainak hartuta nengoen.

        — Ez nauzu ezagutzen, baina ezagutuko baninduzu! Nik ordea betidanik ezagutzen zaitut zu, nire bihotzaren otzaran bizi den piztia zara, aingira, hori zara zu, ihes egiten didazulako esku artetik.

        Burua jaso zuen, gelditu egin zen Antxetak taldeko gitarra baxuak ahapaldien arteko soloari ekiten ziola.

        — Banekien zu zinela, niri beha zeunden...!

        Lehen baino bilduago besarkatu ninduen, dantzari ekin genion ostera. Maleziak menderatuta nengoen, isilekoak zirenak esan nizkion neska hari.

        — Ihes egiten badidazu ere, itsasoaren hondoraino murgilduko naiz zure bila, eta ezagutu egin beharko nauzu. Mundua zer da gu biok gabe? Eguzkiak beste nonbait argitzen duenean izar bakarra ageri da zeruan, hondotik goreneraino urrundua zu. Eta hartaraino eginen dut igeri berriz, beltzaren erdiko harkaitza zarelako...

        Zeinen arrotz bikote haiek gure inguruan dantzan, ametsetakoak iduri, gurma zarratuan lauso ikusten nituen, neska ezezaguna eta biok ginen errealitate bakarra han, izerdi hura, erremin hura gorputzaren zuztarrean. Kantariak Eric Burdon berdindu nahi zuen, The House of the Rising Sun, Antxetak ingelesez abesten zuen bakarra hura zen, The Animals-ena genuen.

        — Nik ere maite zaitut, Alberto.

        Niregatik etorria zela esan banio neska zoragarri hari, halako aukerarik, ez dakit zergatik ez nintzen menturatu. Ez zidan axola Albertorengatik, hiru edo lau kopia edukiko zituen idatziak ordutxo desberdinak antolatzeko, hostopeko politena hautatuko zuen. Muzin egin izanen zion hari, baina begi hauek balio dutela, neure begietara pindarka.

        — Ni ez naiz Alberto.

        Bere onera etorri ezinda gelditu da.

        — Ez, ez da egia...!

        Ni nor naizen, ni zer naizen, ni zenbateraino naizen esan ahal izan gabe oldartu zait bularrean ukaldika. Opari merkeder hura nire zango tartean erori da, eta zotin saminetan lekutu zait neska, aingira, izarra, plaza osoa niregana jarriz.

        — Zer esan diok? Hirekin ez zagok neskatan egiterik!

        — Irakatsiko didak heuk!

        — Ken itzak hemen bertan galtza horiek!

        Bekozko egon nintzen labetakoa egin bitartean, omeletari asko kendu gabe, neska hura lapa gogorra zela esaten zidaten lagunei entzungor. Doi bat damutua nengoen. Ez nion Alberto nintzelako gezurra esan nahi, baneukan hoberik: herriko xarmatzaile usteko zenbaitek eta amorostu anitzek eskatuta asmatzen nituen lerro haietan erakutsi gabe gordeak neuzkanak esan eta idatziko nizkiola berari, gordinak, garratzak, gaiztoak.

        — Nondik ezagutzen huen?

        Heldu izan banio, burua nire bihotz gainean zeukala entzutekoak ziren esan behar nizkionak. Hobetzea zegoen aingirarena, ez ninduen betetzen bihotzaren otzararenak. Alabaina, poema bat zela esan zidan. Antxetak taldeari egotzi nion gertatuaren errua, luzeago jo izan balute...

 

 

5

 

Pilda xaretuak lepoan, aurpegia begi huts, bizar arlotea arloteago bihurtua Tomasek zekarkigun egunkariko argazki puntudunak, han ageri zen gizotsoa bata zurian: zazpi hilabete leize zuloan / lanpernak eta karramarroak elikagai bakarra / uhinek harkaitzetan utziriko gatza milikatzera heltzen ziren ardiak akabatu / surik ezaz, ardikia gordinik / kalte eginda leize zuloan etzanda astebete / berak bildu ardiaren gorpua arratoiek jaten / otsoa zebilelakoan, artzainak...

        — Horra Vladimir, psikiatrikoan ingresatua!

        — Hori ez zuan Vladimir, Vladimir hemen zabilek!

        Ez genion entzutea eman Txatoren etorri ahalakoari. Haren zantzuan zebilen, haren aztarna aurkitzen zuen nonahi, baina gainerakook atzendu samarra geneukan Vladimir, zertan uka. Ezustekoa izan zen, egunerokotik zenbait milia urrundu gintuen uhina. Ez aski dorpea, antza. Izenak elurretik zekarren hunkigarria eta drapo gorri bat laguntzaz betea uste genuen ontziaren txopan.

        — Zinemara joanen bagina bihar?

        — Espainolada bat botzen ditek.

        — Hemen bai, baina hiriburuan badago...

        — Hiriburura? Hi ez hago sano!

        Ilundurak hartzen gintuen gero eta sarriago zergatik jakin gabe, gure ibili zoroenek ere sortzen ziguten mikaztasuna, odol gustu antzekoa hortzetan, adinaren tristura zela jakin gabe. Baga handiaren aiduru jarraitzen genuen, eta enbatarik ez inondik. Halako batean trena hartu eta bakarrik joanen nintzen zinemara. Ez ginen azkena popa ustel abiatuko, isilik eginen genuen etxerako bidea. Ez nuen afaldu nahi izaten. Liburuko orrialdea pasatzean ohartzen nintzen ez nuela oroit arestian irakurria. Eta idaztekoak hartuta ez zitzaidan deus onik etortzen, oro zen euri, hasperen, kaiak hutsik.

        — Orain beste nonbait argituko dik...!

        Urrunduz doan ontzia genuen uhertzen ari zen itsas marraren gaineko gorritasuna, margotu berria balego bezala lurrintzen zuen Kasparrek moztutako belarrak, munduko bazterren albistea zekarkigun kaioen telegrafiak, zentzumenak minbera geldituak ginen portu gaineko Lord Hay gazteluko puskailen artean —Lord Jim esaten genion guk—, jolas guztiez gogait eginda.

        — Vladimir hemen zabilek... gerra amaitu ez delako!

        Ez ginen Txatok nahi bezain arin jaitsi Kasparrenera, hemen zebilela, ikusiko genuela. Sastrakaren atzean ezkutatu ginen. Katekoa erdi lo zegoen, ez zuen zaunkarik egin. Handik laster Kasparren andrea irten zen etxetik marmita txipi batekin. Zabortegitik behera egin genuen hurritzen artean Errekalderaino, hango beste baserria, emakumea estrata zaharreko bihurgunean azaldu baino lehen. Ezker-eskuin behatu zuen iturri parera heldu zelarik. Hurbildu ginen poliki, eta ozta ikusi ahal izan genuen ikertu gabea geneukan uren tunel zaharrean sartzen.

        — Ikusten?

        Kontu zabaldua zen Kasparren andreari eta bere hiru ahizpei burua soildu zietela faxistek herria hartu zutenean.

        — Mendeku izugarriren bat ari dituk antolatzen.

        Ordu erdiren buruan edo agertu zen berriro emakumea tunel sarrerako iratzeen atean, marmitatxoa eskuan. Oraingoan ere bidearen goiti-beheitiak aztertu zituen, eta Errekalderantz.

        — Itxoin, itxoin!

        Emakumea beste baserrian sartua zela, gizon bizardun bat azaldu zen bordatik bidera. Iturriraino heldu zen, begipe geneukan. Ilea kirru, bizarraren urdinduak kokotsean. Kainupean busti zuen burua. Arropa zahar garbia zeraman, gomazko abarketak. Estratan gora abiatu zen. Antxonek segitzeko keinua egin zigun eta pagoen ostetik irten ginen bat-banaka. Gizonak zigarroa piztu zuen, Antxonek bezperan gazteluan utzitako Zippoa erabili zuela jakinarazi zigun Txatok.

        — Gure hornidurak jasotzen ditik!

        Zabortegi aldera zihoan. Ilun zen ordurako han behean, pindarrezko tximeleta haren zigarro-mutur sutua.

        — Agure hori al duk Vladimir?

        Eta hura bera zela eguzkiak beste ordutan argitzen zuen nonbaitetik etorria, baietz Txatok, gure herri mozkor ustel zabar hura iratzarriko zuen komandantea. Bekaina okertu zuen Tomasek, ez zuen sinesten. Eta Txato inoiz baino.

        — The war has not finished!

        Mendeku izugarriren bat, lepoa baietz. Astean behin irteten omen zen Errekaldera esne bila. Harantzakoan ez baldin bazen, etxerakoan sartuko zen uren tunelean, Vladimir zeukan han ekintza antolatzeko.

        — Marmita betetzeko.

        Eta hankartera luzatuko zigun eskua Antxonek, ziritu ote zitzaigun. Ez zeukan besterako iritzirik alproja hark.

 

 

6

 

Apar handian zebilen hara eta hona zodiac gris hura, hiru lagun, prismatikoak, portu aldetik heldua zen eta gu geunden posiziotik milia erdira egon ondoren, olagarrotan, eskafandraz, oxigenorik gabe, Purrustarri ingurura joana zen kalma zuria baliatuz itsasoan zabal lema estiborrera zarratuta. Gerogarrenean gure aitzinetik iragana zen hiriburuko bazterretara branka harro, bagenekien berriz azalduko zela porturantz edo gure ingurura eta prismatikoetarik ariko zitzaizkigula, baina guri askorik ez, egunen batean gaitzeko pintaketaz apainduko genituen labar zabalak begi bistan, Platako farola gailur, ez ginen etxeratuko haren distirak nabaritu arte.

        — Mundu hau kaka zaharra duk!

        Besoak eten beharrean eman genion harrika zodiac hipotetiko bati.

        — Bai, alda ezak!

        Paraje aparta zen arrantzan eta bainuan aritzeko, karramarro bilketa egiten genuen hango harriagan, Ilurgitako zulora azaltzen ziren bikote bakanek urrunagora hartzen zuten gu ikusitakoan. Muxarra batzuk geneuzkan erretzen paratuak.

        — Zer iruditu zitzaizuen Erkiziarena?

        Gatz gema, burdin minerala, kok ikatza, zink pirita eta halakoak eskatzen zizkigun, ekartzeko portutik, sekula ez txanpon holandarrik edo Camel edo Chester, Erkizia ergel hark. Menditarra zen, ez zigun inoiz erdaraz egiten. Azken ikasturteko lehen asteetan fraideen Nobizio Etxera joana zen, eta hiru hilabeteren buruan bisitan eraman gintuzten. Ahalkeak hartu gintuen Erkizia azaldu zitzaigunean, sotanak muga ezartzen zuen noizbaiteko ikaskideen artean, gelatarra izandako hura Jainkoaren hauta zen orain. Instalakuntzak erakutsi zizkigun, frontoi ederra, dutxak, liburutegia. Zer moduzko otorduak egiten zituzten galdetu zion norbaitek. Gero, kaperan harmoniuma jotzen zuelarik, bekaizkeriaz behatu nion. Une batean beste norabait eraman ninduen soinu hark. Ez nekien zertara zetorren Tomasen galdera, zer edo zer esateagatik moldatzen zela tekladuan, harritu egin ninduela.

        — Lehendik zekian, pianoa zeukaan etxean.

        Ekainaren azkenean berak egin zigun ordainekoa, irakaslearen mahaian jesarrita hitzaldi laburra eman zigun gazteriaren inkonformismoaz, gizartea aldatu nahia sentimendu jatorra zela, baina hitz hutsak maizenik. Txatok eskua altxatu zuen, luzaz eduki zuen. Erkiziak, maisu keinu batez jarduna ez hausteko eskaturik, guk miresten genituen protesta kantarien adibidea ekarri zuen, gizarteari zernahi kritika egin ondoren diru sortak hartzen zituztela. Eta unibertsitario konformagaitzak, bihar, burges ondratuak bihurtuko zirela.

        — Benetako iraultza pobrezian dagoela esan zian...

        Bizi ziren gizartea ukatzen zuten matxinatuak izan zirela eremutarrak. Gizarteak ez direla barrutik aldatzen ahal, gizarte berriak sortu behar zirela, oinarrizko komunitateak.

        — Asko ikasi dik horrek urtebetean...

        Eta Txatok, herraz, Antxonen estiloan:

        — Txopatik hartzen, batez ere!

        Erkiziak arrazoi zuen, ez zen aski protestatzea, baina sarda senak ekartzen zigun egia haietarik ateratzen zituen ondorioak ez zirela legezkoak, umeak zanpatzen eta bortxatzen zituzten munstroen larruak ziren sotanak, hori uste genuen guk, frogatua geneukan. Bere parleria burututa eztabaida nahi zuela esan zigunean eskaini genion mututasun hartan Erkizia ikasle ohiarenganako dolua erakutsi geniola esanen nuke, eta aldi berean Erkizia fraidegaiaren azkartasunak piztu zigun gorrotoa. Agian hori izan zen arrazoia artean deus aipatu ez izateko hartaz, Erkiziak aurrea hartua zigun hitzetan.

        — Etsaia indartsuegia duk, barrutik ezin diagu.

        — Indartsua duk, baina ez gaudek bakarrik.

        — Bakarrik gaudek, bakar-bakarrik!

        — Ez duk egia!

        — Ez...! Non zagok Vladimir?

        — Nonahi!

        Ez dakit nondik etorri zitzaidan. Isildu egin zen Tomas, eta isildu egin zen Antxon, eta isildu egin zen Txato, berak botzeko arrapostua genuen, lasai emana, ziur, bertan.

        — Denok ikusi genian Errekalden!

        Eta inolaz ere entzun nahi ez genuen huraxe entzunarazi zigun orduan Tomasek.

        — Faborez...! Ez gaituk umeak!

        Erdiko zainean jo gaitu. Gure itzalari so gelditu gara eta, hainbatetan legez, era autonomoan mugitzen dela iruditu zaigu, filme batean, gutariko bakoitzak sortzen duena beste norbaitek duela agintzen sinetsita. Gure burua ikusi, eta ukatu. Ikusi nahi ez. Vladimir psikiatrikoan zegoen, kartzelan zegoen, hilerrian zegoen. Txatok nahi zuena kontatzen ahal zigun, besterik esan ez balu gatazkaro hura trenkatuko zukeen Tomasek, gelditzea zeukan Vladimirrek Odessan zintzurra berotzen. Baina inoiz entzunen geniola sinetsiko ez nukeen zerbait aitortu zuen ondoren Tomasek, horrek galdu zuen, galdu gintuen.

        — Lekua eskatua zaukaat.

        — Zer?

        Ke luzea kendu dio Stuyvesantari.

        — Bokazioa sumatu diat.

        Arineketan joan da itsasoraino bidezidorrean behera, sakon murgildu da zigarroa ezpainetarik kendu gabe, onena zen, buruz, belarriak mundupean estaltzearren —zor genizkionak entzuteko gauza ez—, edo ume egiten gintuen aingira hondoko haitzen baten azpian utzi behar balu bezala.

        — Hori ez duk gure laguna!

        Janzten hasi ginen. Antxonek harri kozkorra hartu zuen, damurik ez hark Tomas akabatzeko azaleratzen zenean. Txatok besotik heldu zion, Antxon makurtu egin zen astiro, harria laga eta Tomasenak hartu zituen.

        — Tomas!

        Zuriz gora jarri zen guri buruz, helizeak adina bits. Ez genion kakazotz egin. Zeremonia tristea izan zen, garrantzizko zerbaiten despedidaren tankera hartu nion nik. Bizkarra erakutsi genion Tomasi eta itsasoari. Muker abiatu ginen herrira, haren gizarte honetako arropa muxarrekin batera kiskaltzen zen bitartean.

        Su txipi hartan piztu zen ostera Vladimir.

 

 

7

 

Su haren garrak haizez haize heldu ziren sinbolotik errealitatera, galerna hasi zuen jotzen aldiro gure bazterrean, gurpil zulatzeak zenbait autotan, eskela itxurako paperak salatarien izen-deiturekin, karabineroen zodiac gris berria desagertzea, agidanez beheko olatuak troinua askatuta.

        — Hor dabilena Vladimir duk, bai...

        — The war has not finished!

        Udalak festetarako ekartzen ohi zuen zezen plaza aldakorretik mekano ketu bat baino ez zen gelditu, burdinazko hondakin erromatarra. Erreketa halabeharrekoa izan zela zabaldu zen herrian, udaltzainen komentarioa tabernetan, hala ekarri arratsaldeko egunkariak, herriko kronikatik landa, azken orrialdean.

        — Istripua izan dela...!

        Txatoren aitaren atelierrera joaten ginen noizbehinka makinan idazten ikastera ilunabarretan, aita bigarren eskuko piezak askatzen aritzen zen artean. Lanak ematen zizkigun esaldiak txukun antzera josteak, gerra ez zela amaitu, eta zazpigarren kalkoraino bakarrik irakur zitekeen, bazter utzi genuen paperketarena. Oraindik ez gintuztela derrotatu, poster bat osatu genuen egunkari txatalez, edukiko zutela atzera ere gure berri, plaza errearen argazkiekin. Zorroan sartu eta probintziako egunkarira bidaliko genuen, Vladimir Brigadak sinatua.

        — Ez, hemendik postaz ez.

        Bakan joan ohi ginen elkarrekin hiriburura, amatxokumeen gauza iruditzen zitzaien lagunei, jantzi turista izozki hondartza, dendaleihoak ikusten ibiltzearekin identifikatzen zuten hango espaloiak zapaltzea.

        — Honaino etorrita...

        Egunkariak ez zeukan postontzirik, zer egin, larunbat arratsaldea, posta bulegoak itxiak hiriburuan ere, barregarria zen benetan hartara berariaz joana.

        — Neuk entregatuko diat. Ez naitek ezagutzen eta ez nauk berriz sekula azalduko...

        Zorrotzar okre hura hartu eta sartu egin nintzen lagunek kantoian itxoiten zidatela. Aluminiozko mahai baten atzean zegoen kontserjea, irratia entzuten.

        — Zuzendariarendako.

        Binpertu egin zuen mahaiaren gainean.

        — Noren partetik?

        Ez nuen espero, eztul egin nuen.

        — Luistarren Kongregazioa, hemen, bertako auzokoak.

        — Ongi, idatz ezazu hor.

        Papoa hanpaturik eskatu nion tabakoa Txatori. Amore eman zuten, The Graduate ikustera joanen ginen, zor zidaten. Nahiz eta Elizak 3R sailkatua edukitzeak eragin handiagoa ez ote zuen ukan, susmoa.

        — Hara zein datozen hor...!

        — Guregana zatozak, ikusi egin naitek.

        — Galtza luzetan eta erretzen, zoragarri.

        Zigarroa jaurti nuen.

        — Savoyko sarreran, ez berandutu.

        Gure aiekan esaten den moduan, ubiladak egiten ezkutatu nintzen jende artean. Kafetegiren batetik edo dendaren batetik irten berriak, ibilgiro ona eta hurrengo tenporadako arropak ikustera joanak biak, auskalo, guti fida ezkontzarako soinekoa erostea.

        — Barrez zetozaan, ikusi egin haute.

        — Inporta zaidak...!

        — Ez, horregatik alde egin duk.

        Uste ez bezala, aitzina jaunak esanda utzi zigun sartzen atezainak. Ez zitzaien damutu, Antxonek ukondoan jotzen ninduen atertu gabe, loriatan zen, hura atsoa, filme bikaina zela aitortu zuen Txatok trenean. Musika txol ona zen, hura lelokatzen itzuli ginen, Antxetak taldekoek aski ongi moldatu zuten berehala The Sound of Silence, «Ilunpe, lagun zaharra, zurekin nahi dut mintza...».

        — Tira, zabal ezazu pakete hori.

        Lepo gogorreko alkandora arrebaren ezkontzarako, zer bestela. Begia kliskatu zidan aitak. Ez ninduten krabata batetik urkatuko, alferrik ari ziren.

        — Gustatzen?

        Ez ziren marinel alemanen Levisak, baina galtzak ziren, zinezko galtzak, dantzarako zinemarako borrokarako galtzak. Barre egiten zidan arrebak.

        — Gaur zeneramatzanak baino hobeto dauzkazu.

        — Zure arrebak erosi dizkizu.

        Esparroi harekin ibiltzea, polito idazten nuela esatea, aztalak sukaldean depilatzea, liburu sobietikoak Txatori pasatzen ez uztea, gauza asko barkatu nizkion orduan arrebari.

        — Helduen pelikularen bat ikusi ahal izateko jantziko zenituen noski inoren luzeak?

        Aitak salbatu ninduen amaren jakin nahi hartarik.

        — Praka motz horiek denak Caritas-era!

        Halako abantadak zeuzkan aitak, etxean berak agintzen zuelakoa egin behar izaten zuen aldian behin.

 

 

8

 

Portu sarrerako labarretan ez baina hurbilago ordea, ez hain handi baina ugari, ate horma etxe ontziola, zuzen, makur, nabarmen, gure herri mozkor ustel zabar hartan —lakartuak hitzok beti Txatoren ahotik—, telebistak Espainiako selekzioaren partida bat ematen zuela, zainak ezin loturik eta bazterrei erne iheserako nahiz jazarrerako pronto ikaran gozatu genuen ilunabarrean gerra amaitua ez zelako ikusgarri Vladimir fundizioko biltegian, Vladimir elizako zimitorioan, Vladimir porturako bagoietan, Vladimir ikaztegiko toldoetan, Vladimir merkatuko aurrealdean, gorri Vladimir.

        — Non zagok Vladimir?

        — Nonahi!

        Nolako fiertasuna hurrengo egunean, begia nora eraman letra haiek jo gabe, nolako hozkirri atsegina bazterretan komentatzen zirenak entzuten, mezuaren esanguraz bizkarrak harrotzen, dena jakiten zutenei galdetzen, arrebaren susmoa igartzen, brigadakoak argazkiak egiten ikusten.

        — The war has not finished!

        Mundu hura kaka zaharra zela jakitea, belarria bihotzean jartzen zidan neska batekin dantzatu izana... naturak erabakitako arauen meneko iruditu zitzaizkidan anarterainokoak, begiak zabal murgiltzea edo eztulik egin gabe erretzea beste. Geu ginen handik goiti aroak abiatuko genituenak, «Asmoa gure esku» idatzi nuen. Historia aldatzen hasiak ginen.

        — Hemen zatozak! Hemen zatozak!

        Lord Jim gazteluko kasamata erdi eroriaren sabaia dardarazten du marrumak.

        — Gernika suntsitzera zatozak!

        Dozenerdi Junker 52, sabelandi, bonbadun, gure bila. Halako harramantza bederen. Arma patiora jalgi gara bokalea aldean beste iragaiten duen tentsio altuko kablean pankarta nola zintzilikatu bertan utzita. Hegazkin arin bat hodeipean, jira dotorea eginda gaztelura buruz amiltzen.

        — Hori Heinkela duk.

        Kirru biribila marraztu du bokalearen gainean guregana jaitsi ondoren.

        — Ikusi duzue? Arrano bana zaukak hegaletan.

        — Itzulian zatorrek.

        — Eta svastika leman.

        Ukabila erakutsi diogu, Vakulintxuki eta Matiuxenkori bezala mehatxu. Ez gaitu tirokatu, ke zuria buztanduz goratu da bigarrenean.

        — Tomas duk!

        Ukabil itsutu haietan erabaki dugu Heinkel batean datorrela Tomas gu leziatzera, maisu, gure itzalen higidura urduriak irentsiko dituen itzal erraldoia. Hodeiostetik jausi da berriro, abaor hartu du ezker hegala gaztelurantz makurtuta.

        — Gora Vladimir...!

        Badator Tomas umeak bortxatu zentzatu gizontzeko ikasia duen guztiaz blindatua, alferrik ari garela, bakarrik gaudela, kalterako dugula... Bera da, bai, gerraontzi hegalarian naturaren arauak berrezartzera. Eta malko erretan gainez egindako amorruak bultzata, arma patioko harrietan marinel hordituen antzo zabuka aireratu ahal izan dugu, asmoa gure esku, Vladimir.

        — Entzun ezak Tomas: Gora Vladimir...!

        Molaren tropek Matiuxenkok Vakulintxukek gurasoek fraideek Heinkelak karabineroek Erkiziak Tomasek zuhurtziak naturak gain hartu nahi diote gure eskuek darabilten asmoari, zodiac batek etendako aparioaren kordela bezain laxo gelditu behar du gora aitzina ausartago garamatzan matxinadak, hala dute erabaki inongo Agintaritza Gorenean.

        Potiomkin bakarrik Tsarraren itsas armadaren aurka.

        Kometa bat Gernikako zeruan 1937ko apirilaren 26an.

        Vladimir gure herri mozkor ustel zabarra inarrosten.

        — Oparia utzi ziguk, kabroiak!

        Sasian trabatua, lokatzak erdi estalia, herdoil arrastoz, sekula ikusi gabea genuen kaio erraldoiren batek errun arrautza.

        — Itsasotik tirokatu zitean gaztelua faxistek, Hernán Cortésetik.

        — Hau ez duk kanoikoa, hau hegazkinek jaurtia duk, beha hegal hauek...

        — Kontuz, ez uki!

        Heinkelaren arranoek mokoa erantsi digute begietan, arrautza zilindriko hura jostailu hauskorra zen, akastu egin da Txatok ukitu duenean, eta gorringo pozoituan bildu gaitu, heldua da urrun eramanen gaituen baga handia, gerra ez da amaitu, motorrak full ahead emanda dator guregana herri mozkor ustel zabarraren historia haragi gose Gernika birritan suntsitzera Vladimir bide bazterretan sakailatzera, eta ni gurman zarratzen ari den errealitatetik urrun eta urrunduz noa, zorabioan, hostopeko neska ezezagunak odoluste gozoan dantzarazi banindu bezala, hondamendi latzetako bizigordeen koadrilakoa bihurtzeraino. Nire gorputzaren otzarak —ez dut hobetzen jakin, bistan da— lehertu egin behar izan zuen, erditze bat, hitz uste jolas liluraka menderatua ninduen aingirak kita nintzan.