Ezker hanka falta zuen
Ezker hanka falta zuen
2005, nobela
112 orrialde
84-95511-76-2
azala: Leire Gisasola
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2011, narrazioak
2007, nobela
2002, nobela
 

 

ASTELEHENA

 

Pintura pitzatuko komun honetan, hil-hotzik sortzen da egunsentia Galizian. Urruneko labarren bakardade hezea abaildu da ate zirrituetara. Hormak berdatzen hasiak dira dagoeneko. Eta bañerako zomorroak eta sabaiko armiarmak ditut lagun bakar. Ematen du baldosa arrakalatuek salto egingo dutela album zaharretako kromoen gisara giroa are gehiago izoztuz. Gaur ere ispilua lausotu bada ere, garden ikusi dut zenefan izkiriatutako trakoma legezko amodioa urdindu dela.

        Gaur ez tik ez tok.

        Hotz naiz konketara amiltzeko zorian. Inguruan oro da ximelago. Harrizko estrata malkartsu baten gora igotzen naiz takoi luzeko zapataz. Hamaika xede letra bihurtu dut, hamaika letra xede. Eta letraz uhertu dira gerokoak. Gerokoaz jelatu letrak. Jelaz geroratu uherrak. Lokartu zaizkit zangoak tabernetan. Herrendu dira momentuak arineketa luzean. Bakartu naiz aldran ibiltzean. Zangotu zaizkit noraezak. Denbora bera ere belztu omen zait. Malkoak ezinez lehortzen ari dira, belazeei udaminean lez, urtegiei sikatean lez. Eta, hala ere, ez naiz oraindino zeharo antzutu. Badago negar-jauzi bat inork ez dakien toki batean, arrazoitu gabeko negar handiak bota behar ditugu oraindik, Atlantida itotzerainoko negar handiak. Dirudienez, bakardadea ikasi beharreko ogibidea da.

        Hotz naiz.

        Gaur ez tik ez tok. Hanka ortopedikorik gabeko eguna da, Xenarok beherakadari erreparatu dio nonbait. Irten aurretik Pedreiraren botilarik onena oparitu dit.

        Arabiarrek prezioak igo ahal ditiztek. Bueltarako.

        Hunkitu egin naiz apur bat, trago luzea joko dut autobusera igo orduko. Bide luzea dut Bilbora ailegatu arte.

        Kalean Rosalia de Bucer bistaratu dugu, kamixeta marraduna soinean lurmuturrak hari musikalez josteko prest. Tabernaria gora tabernaria behera hasi zaio Xenarori aztoraturik, zeharo ulertezin. Hil ote den, Helena Ferrin bezala, edo are okerrago, hil ote duten.

        Ez bata ez bestea, zorionez.

        Rosaliak ziok lehenbailehen joan behar duala tabernara.

        Tabernara?

        Baiezko keinua egin dit Olassonen musak begiak Sebagoetatik kendu gabe. Erabat galegoturik daude dagoeneko.

        Zer dela-eta?

        Ez zakik, tabernariak Rosalia ikusi dik eta mandatua agindu ziok. Hark ezin dik-eta taberna abandonatu.

        Ez eta Zorelle, Noval eta Porrasek ere, zinegotziak udalbatzan behar du derrigorrez.

        Badut denbora oraindik. Gainera, Porrasek berak eraman behar nau Vigoko autobus geltokira.

        Tira ba, azkena edango diagu! oihukatu du Xenarok animatu nahian. Ez omen du ezer ezkutuan uzteko asmorik. Estimuan nauka, seguru.

        Taberna ttipia lepo dago ailegatu garenean. A Guarda, Camariñas, Malpica de Bergantiños, Ribadeo eta Viana do Boloraino heldu den hasperen batez erantzun du Xenarok, espero balu bezala. Kanposantuari hartu dio aurre bilguneak, Aste Santua fini da. Indarberriturik ematen dute denek, badatoz licenidoak, erruz.

        Celtak nahiko lukeen hamaikako sendoa paratu dute nire aurrean, Bolik gurako zuen talderik defentsiboena: Manuel Besteiro, Isidora Varela, Juan Pedreira, Herminio Noval, Xose Zorelle, Bento Figueira, Luci Estevez, Litos Toxa, Aurora Barreiros, Suso Garcia..., Rivasen ipuinetatik etorritakoak Titanic gabe. Eta une batez iruditu zait beste ipuin batzuetara sartuko direla, Aurelio, Maritxu, anaia bikiak, Barandika, Gaston, Pedrueca, Loroño, Mount eta hormetako andrazko xarmangarriekin nahas, M. Luisa de Pando eta A. Maria de Pando ontziak galegotzera, eta ondoren betiko lez herrira itzuli, palmondorik gabe.

        Isilik daude. Susmo txarra hartu diot berehala, asmatu dut zer datorren. Kalezulo honek ez du irteerarik. Eta ezin diot ukorik egin, ez naiz aitzinatu.

        Ez dut luze itxaron behar izan. Tabernari luzanga hurbildu zait aldean pakete bat dakarrela, derrigorrezko oparia. Konturatu naiz ez dakidala zein den bere izena. Bai, ordea, beste guztiena.

        Tori.

        Bateko eta besteko begi maltzurrak sumatu ditut niri so. Azkar ibili beharra daukat. Paketea liburu bat da, begien bistan dago. Rivasek kontatutako ipuinen antologia ote den bururatu zait lipar batez. Neuk ere ez dut ahoa zabaldu.

        Joan den asteazkenean iritsi zuan Bilbotik.

        Ahalegindu naiz ez ulertzen, isilari eutsi diot papera kentzen hasi eta berehala. Ez du luze jo, baina. Gutunazalean, nire izen, deitura eta herriaren izenaz gain, ohar bat ere badago: astelehenean emateko.

        Asteazkenean Bilbotik?

        Xenaro bilatu dut, urte batzuk lehenago Maritxuren tabernako sukalde lohitik lehengusua bilatu nuen moduan. Gora dezakeen guztia goratu du kabroiak, bazekien ni heldu baino lehenago, bazekiten denek. Paketearen liburua eta nork bidali duen, berriz, ideiarik ez. Jakingura nabaritzen zaie, ez da bidaltzailearen izena inondik ere ageri.

        Dar-dar ttipi batean, denek entzuteko moduan irakurri dut izenburua:

        Las llamadas perdidas...

        Harri eta zur geratu naiz. Galegoek, berriz, txaloka hartu dute, eurek oparitutakoa balitz bezala. Ezin omen zen besterik izan.

        Sinetsi ezinik, liburua zabaldu dut automata baten lez. Hirugarren orrialdean eskaintza bat azaldu zait, letra polita daroa:

        Garaziri: Que vida venga con zapatos de bailar. Manuel Rivas. Bilbao 6 de noviembre de 2002.

        Eta orrien artean Taorminako antzokiaren postala, Catanian erositako hura, Arriaga bihurtu guran.

        Eta atzealdean:

Bidaiaririk ez dagoela ikusita, igogailuaren atea itxi eta gorako botoiari sakatu dio Gerenak.

        Gora doa atzera ere, goian baitaude bezeroak itxaropentsu, goian baitago burdinaren distira, eta iluntze gorrimina, eta hondoratuko ez diren baporeen uberak, eta Riverren harmailak, eta portuko zikoina ugertuen mokoak, eta aurrelarien burukadak, eta hormetako andereen keinadak, eta Areatzara ausartzen diren kalatxoriak, eta azaldu behar zaizkigunak oro, eta auskalo andana.

        Eta ohartu da, gorakoan, kondenek ere igo gura dutela.

        Eta zorionez, horretan igogailuak ez du antzik, ez baitago beherakorik gabe gorako biderik ametitzen duen aszensorerik.

        Eta gero erlojuari erreparatu dio.

        Eta fini pentsatu du, eta olagarroaren ametsetan etxeratu da.

        Eta mantso gerturatu da ezkaratzeko leihora. Azken batean inoiz ez da presaka ibili. Gelak iragan-sunda du, Ankara ontziaren herdoil usaina, arroz-pastela. Pertsianaren zirrikituetatik itsasbehera eta Kaikuren trainerua ikusi ditu, eta pentsatu du eurek bakarrik dirautela aldaezin bakardade horretan.

        Eta bihar parez pare zabalduko ditu leihoak.

        Eta sar dadila sartu behar den usaina, dena dela.

        Eta kanpora botako du ustela.

        Itsasadarrera.

        Abrara galtzen.

        Betiko.