Ezker hanka falta zuen
Ezker hanka falta zuen
2005, nobela
112 orrialde
84-95511-76-2
azala: Leire Gisasola
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2011, narrazioak
2007, nobela
2002, nobela
 

 

SINATU GABEKO KRONIKA

 

Purgatorioa-5

 

Erreguka ibiltzen ginen gurasoek txoke-autoetara eroan gintzaten.

        Errekaldeko plazara.

        Talkak genituen desio. Euren begiradapean. Eta hura azkena izango zela agintzen genien beti.

        Azken bidaia.

        Azken talka.

 

 

Gerena ikusi behar duk bota zidan Garazik telefonoz.

        Lehor.

        Erregua baino gehiago agindua iruditu zitzaidan, umiliatu gura ninduen. Nirekin zakar jokatzeko eskubidea bazuela, auskalo. Baziren hilabete batzuk zakurraren salara bidali ninduela, ze horrela erran baitzuen, zakurraren salara joan eta ez hadi inoiz bueltatu, eta orain Gerenarekin biltzeko eskatzen zidan. Eta bazekien, ondo jakin ere, ez nuela hura ikusi nahi. Hilda zegoen, gurasoek atxilotu ostean agindu bezala, bai, zentzurik metaforikoenean, baina hilda azken batean hainbeste urte joan eta gero. Zertara zetorren ikusi behar hura?

        Onartu egin nuen baina, men.

 

 

— Igogailu ondoko landetan geldituko gaituk, aspaldi bezala.

        Itsasadarrean, gabarra zuri-gorria draga-lanetarako balio ere ez, nonbait. Dike lehorrean zegoen izen gabetua, gainbeheraren lokatzak eta Athleticen bolada kaskarrak hondaturik, itxura batean.

        Itxura batean.

        Bestelako itsasontzi batzuek zuten hura bazterturik, lehenago Euskaldunan gertatu zen moduan eta La Navalen gertatzen ari zen moduan.

        Eta, hala ere, eder zihoan Portugaleteko zubian behera Bilbao Knutsen, Sestaoko ontziolaren azken zerraldo laranja, 271 metroko begitazio flotagarria.

        Kasualitatez ikusi nuen. Lagun baten esperoan nengoen Santurtziko moilan. Portsmouth-etik zetorren, The Pride of Bilbao bainera distiratsuan. Arrantzaleak aurrea hartzen ari zitzaizkien ontzigileei.

        Bilborako bidea autoz egin nuen. La Najako geltokia eta Abandoibarrako trenbidea ere ez genuen ordurako. Nolakoak ziren gogoratzen ahalegindu nintzen. Iturriza parkearen ondotik ikusi nuen aldiriko trena, elegante. Zubi ttipi baten azpitik pasatzen zen. La Naja zelangoa zen, ezin bururatu ordea. Goiko geltokiak irensten zuen, Abandokoak, aspiradora baten lez. Alboan Guggenheim museoa eta Euskalduna jauregia, distira itsasadarrari.

        Egongo ote zen ezkia?

 

 

Deitu din?

        Ez.

        Orduan?

        Orduan landetan geldituko ginela erabaki zuen, aspaldi legez, eta argi geratu ez balitzait bezala, zera gehitu zuen:

        Eta sasoiz ailega!

        Kartzelaldia amaitu ostean Burdingileak berak apurtu zituen harremanak.

        Garazirekin.

        Besteon berririk mendrenik ez baitzeukan.

        Lehen hilabeteetako gutunetan Garazi gutaz mintzatzen zitzaion huts egin gabe, nola hanka hautsi nuen eta ez ote nuen ortopedikoa eraman beharko, nola Lolo sandia zaporeko neska ile-gorri batekin ibiltzen hasi zen... Baina ez zuen luze jo. Aukeran biek Guadalquivir eta Ibaizabal ibaiez jardun nahiago zuten, eta aliron berba arabieratik zetorrela argitu, eta Ramon Artagabeitia ezizenaz sinatu; edota Ramonchu Artagaveytiaz ere sarri. Eta gure izen-deiturak Euskaldunako lehen aurre-erretiroekin batera desagertu ziren.

        Behin kalean, ordea, Gerena ez zen lehengo bera.

        Naturala ere bazen, noski.

        Baina kolpe latza.

        Garazirentzat.

        Birritan geratu zen. Batean, Bolirekin batera. Hilabete batzuk zeramatzan presondegietatik kanpo. Ugari bisitatu zuen kartzelaldian, baina famatu, Herrera de la Manchan famatu zen, hamaikakorik defentsibenaz jokatzeagatik. Eta azken partida galtzeagatik. Gazteria taldearen bulegoan ikusi zuten, Ezkerraldeko proiekturik xumeena. Zerotik hasi beharra zegoen.

        Bestean, ordea, bakarrik; Mamen topaketara azaldu arren, modu batean edo bestean. Ezusteko galanta izan zen: Gerenarentzat, atxiloketa. Garazirentzat, telebistako esatariari entzutea alias Europa. Eta guretzat, etakidea izatea.

        — Mamen ez duk Carmen.

 

 

Bolatoki berriaren ondoan itxoin genion.

        Egunero etortzen duk hona.

        Eta? Normala dun, igogailuan ibiltzen zunan beharrean barrura sartu baino lehen.

        Gerena luze gabe agertu zen, mamu bihurturik.

        Ikaragarri zurbil, mehar-meharra orratz baten lez eta burua soil.

        Amildegia balkoi bilakatzen zen maldara hurbildu eta itsasadar ondoko iraganean tinkatu zuen begirada galdua. Iluntzen ari zuen. Portugaleteko kalatxori karrankariak Areatzako zaindari zebiltzan.

        Garazik doi bat itxaron eta deitu egin zuen.

        Hemen naukazu, Burdingile!

        Gerenak lepoa bueltatu zuen astiro, naukazu hark ez ninduen ikusezin bilakatzen.

        Une batez, Abrarainoko bidea inoizkorik abandonatuena begitandu zitzaidan, Bilboko udaletxetik Euskalduna zubiraino mintzaldi gezurrezko zihoan, estetika berri itogarri baten menpe, Amezaga eta Kresalarekin alboratua zen eredu literarioa, burdina-pilak eta bobinak bezain finitua. Tilo batek erdibitzen zuen jauregi bihurtutako ontzitegia: ezkerrean herdoil nahia; nahi herdoildua eskuinean.

        Eta berehala konprenitu nuen ez zegoela partida hartaz kronikarik idatziko zuen kazetaririk.

 

 

Purgatorioa-5

 

Erreguka ibiltzen ginen gurasoek txoke-autoetara eroan gintzaten.

        Errekaldeko plazara.

        Talkak genituen desio. Euren begiradapean. Eta hura azkena izango zela agintzen genien beti.

        Azken bidaia.

        Azken talka.

        Onkologiako gela handia azkenekoz bisitatu genuenean, joan-etorri asko zegoen. Gerena txitean-pitean zihoan komunera gurpildun tramankulua aldean. Autoetako kontaktu-kableen antzo.

        Eta bakoitzean erraten zigun azkena zela.

        Azken bidaia.

 

 

Minaren minez erregutzen hasi zenean ulertu genuen ez zegoela atzera bueltarik, mendian gora leher eginda zihoan karrerista. Ospitalera Larrialditik sartu zen bere kasa, bizkarrezurrean mina zuelarik. Medikuak sorgor begiratu zion. Soilik egun batzuk han. Begiradapean, zer gerta ere. Eta hark Gazteria taldea buruan. Eta hark telebistan eman beharreko futbol partida kezka.

        Eta handik egun batzuetara, minaren minez erregutzen hasi zitzaigunean, ulertu genuen karreristak bide bazterra joko zuela.

        Eta handik beste egun batzuetara, eldarnioa. Eta Kixote etorri zitzaidan burura, marrazki bizidunetakoa.

        Tarteka, erreguetatik irain eta laidoetara igarotzen zen. Boliren irainak Sestaoren defentsa belaxkei.

        Gau batean, batek jakin ohetik zelan altxatu, korridorera irten, komunera sartu eta ur izoztuz dutxatu zen. Ura entzun eta hainbat erizain hurbildu ziren.

        — Baina, Iñaki, zertan zabiltza?

        Dutxaren zoruan kukuturik erantzun zien:

        Mexikoko Txapelketara etorri naiz, kronikagile.

        Eta orduan malko bana eskaini genion.

        Eta beste bat lotu zutenean. Zakur baten lez, hobe beharrez, besoak zulaturik, ubel, more.

        Bitartean..., bitartean egunkarietan eutanasiaz ari ziren.

        Geroago hemorragia sortu zitzaion urdailean, eta odola ahotik zeriola hasi zen burrustan. Egun horretan eutanasiaz ere aritu ginen hirurok. Eta ezinaz. Eta adiskidetasunaz, hileta hartan bezala. Eta ea heriotzan paradisurik zegoen.

        Eta egun horretan bertan, iluntzean, Lolori hots egin zioten. Alaba Larrialdietan zegoen kalentura handiak jota, 41 gradu. Eta aldi berean ustekabeko telefono-dei batek albiste onak ere ekarri zizkion. Eta ez hemorragiagatik, ez sukarragatik, bakarrik negar egin zuen berri ona lagunarekin konpartitzean. Eta ez dut gomutatzen inork hain modu bortitzean negar egin izana, ospitaleko korridorean, ohe huts batean jesarrita.

        Eta Garazi bilatu nuen begiradaz, baina ordurako gela barruan zegoen.

        Goiz oskarbi batean, begiak zeharo handiturik eta lepoan imintzio urduri bat agertzen zituela esnatu zen Gerena, Riverren argazkirantz bueltatuta.

        Handik minutu batzuetara lo-zorroan sartu zen.

        Eta handik bi egunetara hil zen.

 

 

Zera dio Joseba Sarrionandiak Akordatzen liburuan: akorduak ez dira zehatzak, baina ahaztura ere ez da hain-hain zehatza.

        Urtebeteko gaixoaldia eta deirik ez. Bisitarik ere ez, zer esan gabe doa. Gerena zendu eta ordu erdira, berriz, doluminak Garaziri kazetari gazte batek. Telefonoz.

        Eta zelan jakin duk? Guk ez dizuegu deitu.

        Mutila fina da berean, ezagun du hark.

        Nagusiak eskatu zidan heuk zer edo zer esateko hari buruz. Egunkarian ipintzeko.

        Gaston El Correo-ren kirol-zuzendari berriak gaztea du zubi, Postaria azken muturreraino. Erretratu eta guzti agertuko omen da.

        Zirkurik ez, arren, obituarioa nahikoa eskertu dio Garazik.

        Azken agurrean sugandilak dira erostari bakar, eguzkiak eutsi arte behinik behin.

        Usain asko.

        Ematen du beste hildako batzuek erabilia dutela lehenago hil-kutxa. Inguruan katu ezkel bat dabil usnan, zer harrapa, zerraldoan hamabi korrokoi baleude bezala.

        Gangrenaturik balego bezala.

        Inork ez du Garaziren begiekin topo egin gura, kalaxnikovak omen dira.

        Baina ez dira.

        Ahaztura hain zehatza ez izatea du desio bakar.