Ezker hanka falta zuen
Ezker hanka falta zuen
2005, nobela
112 orrialde
84-95511-76-2
azala: Leire Gisasola
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2011, narrazioak
2007, nobela
2002, nobela
 

 

OSTEGUNA

 

Bustita daude bidexkako belarrak. Zerua beltz ageri da, euri zirina ekarri du. Badu ederretik. Andrazko zahar batek lagundu digu errekaraino. Denborak lekutu egin ditu bertokoak. Hilek gaina hartu diete biziei, gordeleku bezainbat galego dago herri honetan. Harrizko zubirainoko tartea hitz eta pitz eman dugu. Atsoari tutik ere ulertu ez arren, banabil belarria galegora moldatzen.

        Rivas dugu solasgai. Atzo idazle galegoak Garaziri Las llamadas perdidas sinatu zionekoa kontatu nion Xenarori. Zer idatzi zion dedikatorian, ordea, ez dut gomutan. Irri-karkailetan hasi zaizkit biak, konfiantza gora doa.

        Manoloren ipuin bana zakiagu guk.

        Gora, bai, Manuel Manolo da.

        Xenaro harrizko zubi hondatuaren parean gelditu da hatsanka. Ur-latsaren gur-gur hotsa entzuten da gure azpian. Atsoa, mendea hankaperatu duelako itxura duen arren, zalu dabil, sasoiko. Que vida... hitzek zer edo zer dakarkioten gogora itaundu ez itaundu egon naiz une batez.

        Puntu suspentsiboen xerka herriratzea gura zuen Gerenak, testamentua gonbit eta mapa bihurturik. Atzo arratsaldean, Garazirena aipatu ostean, esaldiaz zirikatu nuen Xenaro, bakarrik gelditu ginen une batean. Aurretiaz azaldu nion kontua, nondik nora zetorren hura guzti hura. Ez zegoen zurtuegi, erraz ulertu zuen tabernan gorde nahia. Jakin eta berehala bueltatuko nintzen Bilbora.

        Ez nagok hemen deus idazteko. Esaldiaren misterioa argitu eta ospa.

        Xenarok hurrengo egunerako uzteko proposatu zidan.

        Eta itsasorik gabeko egunsentia ekarri dit lehen goizak. Gaur Kristo atxilotu behar dute non edo non. Jakin-min hutsak behartu nau egurrezko leihora, ez da ezer mudatu atzotik. Ikusten dira Pindoko basoaren carballoak eta lapurren bidea. Euri-giroa dago, lanbro aspergarria, baina ez da hemendik haize kolperik sumatzen. Ezkaratzera jaistean goiko solairuko egurrak kirrinka-karranka asmatu ditut. Xenaro hau dorpe samar dabil, lehengusua ez bezala. Ezkaratzeko erlojuak tik, haren zapata ortopediko beltzak tok.

        Atera garenean zain genuen andre zimurtsua, zeru koloreko arropa maiztua daroa, eta abarkak. Galegoz mintzo da, nire zapatetatik begi zoliak altxatu gabe. Irri gaiztoa antzeman diot. Badaki lohituko zaizkidala Sebago berriak. Kaleratu baino lehen eman dit haren berri Xenarok. Baso ondoan bizi da katu nabar batekin. Animalia Siametik ekarri zion behinola marinel batek, Tomas Olasson-ek. Reykjavikekoa da eta hirurehun urte baino gehiago ditu. Herrian agertu zen Marinero en Tierra-ko poemak errezitatzen. Urtero etortzen da baina nekez ikusten dute.

        Xenarok Galiñeiroko zubia erakutsi du, erromatarren garaikoa. Estimatu diot gonbita.

        Guri Manolok ez ziguk libururik izenpetu, baina bere marka utzi dik hemen erantsi zuen atzo nire esaldiarena atzeratzeko eskatu ondoren.

        Garbiago mintzatzeko erregutu eta hura biharamunean ere argituko zidala erabaki zuen. Belu zen. Ordurako nekatuta nengoen, baina dena atzeratu beharrak kirioak dantzan jartzen zizkidan.

        Enbata baten gaiztoenean balego bezala jaitsi da gaur egurrezko eskaileretan behera Xenaro. Tok tok tok bere zapata ortopediko beltza. Hatsa dago, batek daki zer ustel nazkagarri bat. Bart ere erreparatu nion. Harraskatik dator eta areagotu egiten da kanilatik ura ateratzen den bakoitzean. Hodiren bat apurtuta omen dago kanpoan. Itzulingururik gabe erantzun dio atzoko lehen galderari, berba misteriotsuak.

        Ez zakiat deus horretaz. Lehengusua ez diat inoiz ikusi. Banekian senidea nuela Bilbon, baina besterik ez.

        Esan gura duk...

        Esan gura diat ez dela inoiz hemen izan, hori segurua duk.

        Eta bi hitz horiek? Que vida...

        Ideiarik ere ez zeukaat.

        Ederra kontua.

        Eta lehen belarrondokoari bigarrena, orduantxe haizatu du zorioneko ipuinen kontua. Andrazkoak baiezko keinua egin du, soa nire begietan iltzaturik. Argitzeko agindu diet, marka uzteak zer esan nahi duen. Eta Xenarok azaldu du Manuel Rivasek ipuin bana kontatu diela herritar guztiei.

        Arrazoia batek jakin, ez nau errebelazioak harritu.

        Zertarako nagoen hemen alboratu dut une batez. Gueren honek ere badu zer aleturik. Une horretan errekan behera aldendu da atsoa, galtzen lainoaren artetik. Ba ei daki gizonaren erretolika. Goizago edo beranduago Tomas Olasson azalduko zaio atzera ere, Errusiako armadaren kamixeta marraduna soinean, Yolanda Castañoren poemak galegoz errezitatzen.

        — Entzun nahi duk nire azken ipuina?

        Beharko.

        Zolitu egin dut entzumena. Fandiño delako baten ahotsak burrunbatu du Azken Epaiketaren atezain errukibakoarena balitz bezala: Aditu, sasikume horiek! Gorpu freskoen zakilak jateko irrikan dauden milaka paneka bizi dira hor. Eta begiak ateratzen dituzten karramarroak! Eta barrabilak xurgatzen dituzten olagarroak...! Eta bat-batean, bakailao laminarik finena bezain meharra den umegorria irteten da zulotik...

        Arousako itsasadarrean bisitatutako batea gomutatu zait berehala. Muskuiluen artean farlopa, ez da makala. Ez dakit Xenarok ez ote didan erakutsi nahi ni baino gehiago dela. Kontalari trebea ez bada ere, berbetak ez du herren. Zazpi belarriz aditu diot istorioa. Eta onartu galderaren maleziarik eza, Azken Epaiketaren atezainaren aurrean egon naiteke-eta. Herrira bueltatu aurretik, Ourenseko musika-eskolan aritu zen lanpostu hartan behinik behin, funtzio publikoan ibilitako indiano argia. Paketeak ehun eta berrogeita hamar metroko diametroan soilik banatzen zituen. Hortik aurrera taxia eskatzen zuen.

        — Eta zer dela-eta kontatu dizue Rivasek ipuin bana?

 

 

Hotz eta motz erantzun dit, ez zakiat.

        Ikusita ezin zela denekin batera egon, banaka hitz egiteari ekin zion idazleak. Xenarori berari aitortu zion ezinean ikusten zuela bere burua denengana ailegatzeko ez bazen molde hartan. Nahiago zuen banan-banan, gainera. Lehenik eta behin herriaren errolda osatu zuen, nortzuk ziren eta non bizi ziren. Eta denak bizi ziren herrian, Coruñan ikasten zuen Anxela gaztea salbu. Harekin ere elkartzeko asmoa azaldu zuen Rivasek. Hilabete inguruko lanak izan zituen. Hainbatetan lau edo bost bider kontatu behar izaten zuen ipuin bera, bati baino gehiagori ahazten baitzitzaion. Denbora hura joandakoan, herritik hanka egin zuen ipuin berri batekin: A lingua das bolboretas.

        Xenaroren azalpenak ez zaizkit sinesgarriak iruditu.

        Gainera, bueltatu den guztietan ipuin berriak kontatu zizkiguk. Batzuek bi zakizkitek. Edo lehena ahazten ditek.

        Bizitzari buruz zer edo zer kontatu nahi dielakoan dago. Eta hartaz dena jakitea ezinezkoa delako erakusgarri, ez die denei guztia kontatzen. Bakoitzari apur bat ematen dio.

        Hats pixka bana.

        Xenarori sinetsi behar diodan galdetu diot neure buruari zubia utzi eta gutxira; kasu eman behar diodan. Eta sinestekotan, zer kontatu ote dion Rivasek herritar bakoitzari. Auskalo. Dagoeneko mela-mela eginda nago. Nire guardasolak deus gutxi ahal du orvalloaren kontra. Jendatu beharrean nago, galegotu. Belarriak zorroztu behar ditut, orain arteko gorra baztertu. Esaldi madarikatua osatu bitartean, denekin harremanetan sartzera behartuko nau idazleak.

 

 

Zeren Manuel Rivasek uste baino zerikusi handiagoa baitu nire bizitzan. Bazuen Garaziri Las llamadas perdidas izenpetu zion unetik, nahiz eta ni askoz geroago konturatu. Eta badu Lolok ¿Qué me quieres, amor? ipuin-liburua oparitu zidanetik.

        Adiskidetasunaz galdegin zidan lagun txikerrak hileta baten ostean. Ez ginen elizkizunera sartu. Erabakita nengoen eliza batera ez sartzera arreba nagusia Manoel Jorge de Medeirosekin ezkondu zenetik.

        Arrebarena Santa Mariako kaperan gertatu zen. Abadeak, Aranda de Duerokoa bera, baiezkoa eman dio aurreskua barruan dantzatzeari, mezerdiaren ondoren. Unea ailegatzean, ordea, ahantzi egin zaio gizonari. Aurreskularia eta txistularia esperoan daude, burgostarraren eskuinaldean, zutunik Santiagoren Lepamoztea koadroaren azpian, niri imintzioka. Gogaitzen eta urduritzen hasi dira. Halako batean, Jesukristoren gorputza bildutakoei eskaini baino lehenago, dantzaria aldarearen aurrean paratu da. Abadearen atzean egurrezko gurutze marroi ilunkara dago, gaztea koreografia berrian dakusat hanka egin ezean. Gonbidatu lisboarrak adi daude, dantzariaren birjintasuna itsugarria da txal beltzen ondoan. Beranduegi, baina. Gizalegez txapela erantzi, apur bat bizkarra beheratu, Jesukristoren gorputza irentsi eta bazterreko Santiagoren borreroengana bueltatu da buru-makur.

        Ezer ulertu barik, gonbidatu lisboarrak komulgatzen abiatu dira. Azken ostia banatutakoan bakarrik konprenitu du abadeak zer edo zer falta dela. Eta akordatu egin zaio. Orain ekin diezaiokezu ikuskizunari. Izerdi likina dario jotzailearen sudur zapalari, irrist egiten diote betaurrekoek. Bakailaoa maneatzen trebeak omen dira portugaldarrak, baina orain ikasi behar dute pil-pil erakoa. Lar urduri dago mutil guria, ofizio falta eta gantza sobera du. Jausten bada, neuk gurutziltzatuko dut.

        — Zer da hiretzat adiskidetasuna? —itaundu zidan Lolok hiletan.

        Kontua da inork ez genekiela zendutakoa nor zen, ze inporta. Lolok, gerora afari batera eroango zidan ¿Qué me quieres, amor? liburua aitatu zuen, Manuel Rivasen ipuin-bilduma goraipatua.

        — Bazagok hor harremanen gaineko alegia ederra.

        Lagunak bere xedeen morroi bihurtu nahi zuen hildakoa.

        Ni isilik, doluarekin bat.

        Baina ordurako bazuen idazle galegoak beste hanka bat nirean. Garazirenaren ostean, Lolok ez zidan bakerik emango harik eta La lengua de las mariposas ipuinaz gogaitu arte.

        — Honako hau entzun ezak: La mariposa chocó con la bombilla, que se bamboleó ligeramente y desordenó las sombras. Ederra, ezta?

        Ez nion erantzun.

        Galdera ez zen bion adiskidetasunaz, Garazi eta neure artekoaz baino. Cataniakoa bururatu nuen. Ez nituen hitz eta detaile guztiak gordetzen. Mozkorturik zegoenetz. Galdetze hutsagatik, besterik gabe. Hitzalditik tangoetara joan zen. Katu itxurako dantzakidea zeukan zain kafetegiko barran, zetazko zapia lepo bueltan. Atzamar luze-hezurtsuak eramaten zituen bekoki zabaletik garondora behin eta berriro, Caterpillar baten moduan. Ni neu, berandu baino lehen galdu nintzen karriketan barna. Plazek gaueko soineko dotoreak janzten zituzten. Catanian plazak kameleoiak baitira.

        — Zapata oinera zelan, hala sinatu zidak liburua Rivasek.

        Garazik ez zidan jakin-min eza barkatu.

        Baina orduan ez nuen ezer sumatu.