Auzoak
Auzoak
2005, narrazioak
160 orrialde
84-95511-72-X
azala: Alain M. Urrutia
Urtzi Urrutikoetxea
1977, Bilbo
 
1997, poesia
 

 

Sex-shop

 

Mozkortuta nengoen bera agertu denean. Eta ordurako ez banengoen, laster igo zait atzera berriz. Ezertan irakasle izatekotan, bloody maryak prestatzen nintzela esaten zidan. Vodka ona zela ezinbestekoa, erantzuten nion, eta tomate zukuari neurria hartzea. Hala ere, tekila-sunrise zen bere edari kutuna. Nonbait irakurriko zuen afrodisiakoa dela. Gereziena zen magia, antza, tekilarena baino gehiago. Ez dakit. Basatia zen Jone. Asegaitza. Beti gordetzen nuen parranda eta gero azken arraia bat etxerako. Lehengoaren ostean hartzen nuen, komunera altxatzen zenean, eta zakil puntan igurtzi mesanotxean gelditzen zen txuztarra.

        Denda itxi dudanean jende gutxi zebilen kaletik. Majo kargatuta irten naiz, aspaldian ez bezala eman diot ron botilari beharrean. Azken morroiak alde egin eta kabinak apur bat txukuntzen hasi naizenean konturatu naiz alkohola borbor zebilkidala. Komuneko papera atzera bere lekuan ipini eta azken begiratua eman diot, aldizkariak, bideoak eta DVDak nahas-mahas handiegian ez uzteko: titi handidunak batean, gaztetxoak bestean, luxuzkoa erdi inguruan, bondagea, sadomasoa, euriak eta bestelako perbertsioak bazterrean. Ez dakit tragoek defentsak jaitsi dizkidatelako-edo, kontua da odola bizkor sentitu dudala hankarte bueltan. Ez da gutxi, oraindik ere plastiko pilo horrek buztana berotzea. Baina kontrolatu beharra neukan. Arrastian bota dut bat, zer gerta ere berehalakoan ez nadin joan gauez, baina bigarrena ez da komeni. Ez gabiltza hain fuerte.

        Tabernan sartzerako pattarra zainetan indartsu zebilela nabaritu dut, eta oraindino ordu laurden falta da hitzordurako. San Frantzisko sarreran mairuari erositako kebabak urdailerantz bidea egin ahala mozkorra bere puntura ekarriko dudan esperantza daukat.

        Lekua ez dut ezagutzen. Rulasek aipatu zidan zulo hau, iluna, DJ onak askotan, eta Batzokia baino anonimoagoa. «Batzokia?» galdetu zion Gorkak. Artaburu hutsa da, bizitzan urrun heltzen direnetakoa. Pisua eta unibertsitatea gurasoek ordaintzen dizkiote baina farlopa garesti dabil eta dendan hasi zaigu lanean.

        «Kafe Batzokia» errepikatu genion barrez. Egunik egun inuzenteagoa da koitadua. Ez du merezi daukan moduko emetzarrik. 20 urteko txakur gosetua, halako bular tenterik! Zenbat bakarlan joan diren mozolo horri egingo dizkion zupadak imajinatzen. Ea kabroia jabetzen den behingoan marikoia dena eta libre uzten duen titihandia.

        Hau da perkala hemen biltzen dena. Gure harategian baino ganadu hobea, azal ugari bistan eta inongo hotz barik. Aldameneko neskei begira gelditu naiz garagardoa datorren artean. DJaren doinuetara ari dira dantzan, zigarroa esku batean, edariak bestean. Hirurak dira politak, baina zapiaz ilehoria atzerantz bilduta daroan begi urdinduna bonboi hutsa da. Idun zabaleko kamiseta beltza dauka, azpiko tirantedun nikia eta bularretakoaren zinta moreak agerian utziz. Ez naiz begiluze bakarra. Makillajearen kolore hotzek barrualde epela ezkutatzen dutelakoan, botilari dzangada luzea eman eta oharkabean balitz bezala sakatu du Arte Ederretakoa-edo behar duen mukizu erdi hippy batek. Arrisku handirik gabeko taktika da, begiradak gurutzatzean segundo bakarrean aukerak ebaztekoa: barkamena eskatu eta lagunarengana itzuli ala pitzadura hartatik aurrera egiteko erarik ote dagoen. Halaxe adierazi diote ilehoriaren begi bihurriek gaztetxo tximadunari.

        Ez dut gogoan inoiz garito honetan sartu izana. Mugida itxurosoa dago, pastiak gura adina, nor bere zoroarekin, eta mukizu kaskamotza eskuma aldean goian. Ez du txarto pintxatzen. Ohi bezala arrazoi Rulasek, leku bikaina da lehen enkontrurako.

        Nire asmoa Gernikara joatea zen, motorra hartuta. Sara behingoz etorriko hona-eta, plan polita zirudien ustekabean legez urriko azken astelehenean topo egitea. Baina laguna hemen inguruan bizi bada, hobe honen gisako tabernak. Eta zorte apur batekin, datorrela nirera.

        Ordu bietan egin dugu hitzordua, barra ertzean. Buruz dakit bere deskribapena, baina pena da argazkirik bidali ez izana. Agindu legez Voll-Damm botila daukat eskuan, eta larru itxurako jaka sorbaldatik.

        Sara Zaragozakoa da eta gustuko nau. Ezagutzen nau, eta konforme dago; ez galdetu zergatik. Poxpolin aparta da urrunean, ea distantzia hurbiletan are hobeto moldatzen den. Messengerretik sarritan elkar berotu izan dugu, inori esango ez genizkion gordinkeriak bota dizkiogu, eta ezagutzen ditu nire fantasia eta perbertsio ezkutuenak. Ondo —txarto, alegia— portatuz gero atzetik ematen ere dezente gozatzen duela esan dit, suabe-suabe hastea sartzen eta gogor jotzea jarraian.

        Ados, badakit, urduri nago, inoiz izan ez nuen nerabetako lehen zitan baino gehiago. Aitziber izan zen lehenengoa. Koadrila osoa zalditzarra hartuta zebilen eta mutil-laguna KO zeukala aprobetxatuta zamalkatu ninduen argoseak. Ederto funtzionatzen nuen, zer demonio, herriko kanpaijole handiena izanda ere prest izaten nuen fusila behar zenerako. Behor hura gainean jarri orduko botako nituen pare bat egunean zehar bakar-bakarrik, baina zut-zut irentsi zuen barruraino.

        Orain berriz, zelan portatuko naizen zalantzati, zein ote den alkohol puntu egokia, Interneten bezain gordina, bezain putatxoa izango ote den... urdanga askoak ezagutu ditut bizitzan, baina aspaldion diru apur bat bildutakoan soilik bota izan dut. Eta Rulasek Pisciseko jaietara gonbidatzen nauenean. Bikote-trukeko klubak sex-shopak baino etorkizun hobea daukala dio tipoak. Jendea geroz eta likitsagoa da, baina ezinbestekoa ei dauka bereiztea pertsona publikoa, jendaurrean ageri den funtzionario agurgarria, eta gaueko perbertsioetako piztia. Ez dakit beste zerbaiten bila hasi beharko dudan edo sex-shopa pasako didan Rulasek. Diru apur bat lortuta egin liteke zer edo zer nik uste. Zuzenekoan dago giltza, ikuskizun pare bat ekialdekoren batekin eta beste latinaren batekin. Kabinak baino garestiagoak dira, baina funtzionatuko lukeela uste dut. Eta gizon ezkonduentzat zaila da materiala Internetez etxeratzea.

        Gorkak ordea, etorkizuna gaya dela dio. Ez dugu material gutxi, horratik, baina tipoak gehiago behar dela, egunik egun libreago dihardutela eta armairutik irteten den bizioso piloari eskaintzen duena eman behar zaiola. Hain abertzalea ez balitz majaderoa, laster joango zen bera ere beste aldera, teoriko alaena. Ez nintzateke harrituko edozein egunetan hemen inguruko taberna zuloren batean erabat trabestituta ikustea. Baina ez, horren ordez politikakeriatan dabil mozoloa. Aurreko zapatuan ia-ia ukatu egin zidan arraia! Gero merke uzteko eskatu dit hurrengoan.

        — Ez mobidu txo, poltsie zabalduten najabik-eta. Zer dok hori baina? —hasi zitzaidan.

        — Ze pasetan dok? Imini egik hautse tiro pare baterako!

        — Eztok DNIdxe, horraitino!

        — Txo, guitue bide txarretik igon jak edo?

        — Nik etxoat karnet espainolan ganeko ezer sartuko. Eztekok ENArik?

        — Kolunpiotan nigaz ez, e. Auskeldunen karneta? Eztok gureko esnifadorien dokumento poliziala ixetie, ezta? Ala unibertsitatean IAk emoten'tsuez: Espidzale Nazionalisten Agiria, no te jode!

        — Tire, tire, kenduik hori eta eutsi hautsek, ENA atara artien. Ia ba, eizek raia eder bi haonen ganien.

        Marka da horrelakoekin galtzea generoa. Gramotik ezer gutxi gelditzen zait, hiru tiro, fin samarrak eginez gero. Beharko ditut bai, buruko bidaia txar hauek kentzeko. Zer demontretan nabil haurtzaindegi honetan txakur gosetia baino irtenago? Ez dakit noiz zerbitzatu zuten, baina niri arroza aspaldi pasa zitzaidan. Eta okerrena usaindu ere ez dudala egin zelan joan diren kontuak. Lehen behintzat, pasatutako gramoren batekin lortzen nuen txortaldiren bat behin edo behin, baina aspaldion hori ere ez.

Así es la vida, mala y jodida, esaten zuen zaharrak. Ez zen egiazko aita bat. Kabroi hutsa, bazekiena seme-alabak eta konpromisoak nolabaiteko zigorra zirela, emakumeek zuloa erabiltzeagatik ezarritako ordainsaria. Gorroto zuen ama. Eta neurri batean ni ere bai, handik sortua nintzenez.

        Alproja maltzurra zen. Kolegen kolega. Batzuetan aldarte oneko ibiltzen zen nirekin, eta gogorregi jipoitzen baninduen, diru apur bat ematen zidan laster. Erre nuela antzeman zidan lehen aldian adibidez.

        — Erre duk?

        — Ez.

        Belarrondoko bakarra izan zen, baina bero-bero utzi zidan aurpegia. Zorionez, sumatu nuen zetorrena eta gogor eutsi nion lurrera ez jausteko.

        — Niri bost erretzen duan ala ez, baina gezurrak, beharrezkoak baino ez, aditu?

        Goitik behera begiratu zidan. Nitaz harro nabari nuen: ez nion begietara begiratzen, noski, baina tinko eusten nuen zutik, zirkinik egiteke eta malkorik isuri barik. Segidan tabako paketea atera, zigarro bat piztu eta atxiki luzea emanda pasatu egin zidan.

        — Ea zelan moldatzen haizen.

        Gutxitxo errea nintzen ordurako, eta aitaren tabako beltz hark berehala eraso egin zidan. Saiatuta ere ezin eztula eragotzi. Barrez lehertu zen zaharra eta berehala kokoteko bat emanda belarrira egin zidan berba, tonua jaitsi barik:

        — Kalean ez haiz marikoien moduan eztulka hasiko, ez duk? Har ezak paketea eta ikas ezak behingoan erretzen kanpaia jotzen ikasi duan bezain ondo!

        Egiaz, niri gizontzetik gehien gustatzen zitzaidana hura zen, edatekoak, erretzekoak eta beste edozer baino gehiago: emakumeei begiratzea, fantasiak egitea, eta zakila urratu arte masturbatzea.

        Herri xelebrerik bada, gurea hori, ostia. Ez zen hain zaila baxu hegan egitea, inoren atentziorik piztu barik. Bada ez, hor ere nabarmendu behar zuten gurasoek. Sasoiz alde egin zuen amak gurekin batera —ez zen hain ergela, azken finean— bere senar eta nire aita zen kabroia kontserba-fabrikatik itzuli orduko.

        Institutuan zer egin behar nuen bada, lagunik gabeko hiri honetan? Urte osoa alferlanean eman, eta hurrengoan, aitari pasa zion zama sorgin halakoak. Munstroak kontaktu pare bat ukitu eta birritan pentsatu barik mutil bidali ninduen itsasora.

        Txikitan ez nion beldurrik heriotzari. Hiltzeari bai, bizitza joaten zeneko une horri, baina heriotzari berari, kia. Ez zen inolako amaieraren seinale, hain gutxi haraindiko kontu kristaua. Orduan heriotza zen zu protagonista bihurtzea eta jendeak zutaz gauza txarrik ezin esatea eta eskelak Eginen eta Correon, zure familiaren eta lagunen arabera, eta agian Deian ere bai. Orain bakea ematea da, inork gehiago ez izorratzea eta inori kaparrada emateari uztea.

        Hemen papaoarena gehiago ez egitea izan daiteke, adibidez. Zelan pasa behar zait mozkorra hirugarren Voll Damm-a irensten nabilela, eta aurreko ronak oraindik abantean? Plantatuta utzi behar nauen beste putatzar bat Sara, nonbait. Eta ni kabinetako goseztoak baino beroago, neskatxa hauen botetan gora miazkatzeko irrikaz.

        Ez nintzen ni itsasorako egina, baina ez nuen gutxi ikasi. Askatasun eremua ere bazen espetxe kulunkari hura, aldizkariak lasai asko pasatzen zizkidaten, euskaraz han baino ez dut egin natural, eta nerabetarako diru apur bat ere baneukan. Mutil sartu gintuztenei esker erosten zuen koadrilak zaldia, denentzako lain egon zedin. Ikusi gurako nuke orain orduko estudianteren bat, bizirik-edo jarraitzen dugunotatik. Interno bidali zituzten guztiak ere ez dira gaur arte heldu. Aitziber beroa zainak izoztuta joan zen gaixoa.

        Ni aitaren egurrak libratu ninduen neurri batean. Behin bakarrik harrapatu ninduen, eta ez zuen ezer egin. Bazekien berdin zela orduan, larrutan dabilen txakurra askatzen saiatzea bezain alferrekoa zela zalditzarraren atzaparretatik ekartzea. Mendeku hotza hartu zuen handik gutxira, bere buruari zin egin bezala. Menpekotasunak biderik egin orduko une baxu batean parez pare oilo-garia sumatu eta, ez naloxona ez naltrexona ez ostiarik. Edo bai, ostia piloa jausi zitzaidan.

        — Mukizu astakirten horrek, pattarrarekin, tabakoarekin eta buztanari eragiten ez daukak nahikoa? Edo oraindik larrutan egin ez duen ume mokoa baino ez haiz?

        Berehala hasi ziren lehenengoak erortzen eta besteok zelan edo hala egin genuen aurrera. Egiteko askorik ere ez zegoen sasoiak ziren. Aldamioan bai, baina ez nuen itsasoa utzi hiri euritsu honetan tximinoarena egiteko eta gaur ez bada bihar lepa-hezurra txikitzeko, ez horixe. Lantxoak eta trapitxeo apur batekin, inoiz amarenean, inoiz lagunenean biziz tiratu genuen.

        Zeregin gutxi eta etorkizun gutxiago. Zer demonio, oraingo antzera. Ordu biak aspaldian jo dituzte. Geroz eta txarrago, motel. Bizi-bizia izateko ez nintzen sortu baina beti jakin izan dut tenorean erretiratzen. Orain berriz, ezin antzeman jokoz kanpo nagoela, hau ez dela nire lekua. Zein da baina nire lekua?

        Neska beltzaranari erreparatu diot. Ez nau ikusi, baina bera behar du. Lokalaren ilunera ohitu artean begi txikiak doi bat zabaltzen saiatu da. Begirada polita daukala uste dut, gainontzean ez da esan zidan bezain ikusgarria, bular ederrak bai, mokorrak apur bat nabari zaizkio, eta non heldua ez zaio falta. Ordenagailuko teklatuan bezain beroa dirudi oherako ere. Ziur tanga ñimiñoa dakarrela, niretzat depilatu berri duen pottorro hori iradokitzen. Postura egingo nuke ezpainak ere markatzen dizkiotela praka horiek.

        Barrako beste aldean jarri da. Merezi du, bai horixe. Goazen, artista, berba gutxi eta artez etxera lehertu arte ekitera.

        Ustezko Sararengana joateko pauso bat eman dudanean agertu da bera.

        — Manu, aspaldikoa! Bizirik oraindik?

        Esan dut mozkortuta nengoela, ezta? Joneren begietako marrari erreparatu diot kliskatu dituenean, eta ezker bekaineko arrakada zoragarri gelditzen zaiola otutzerako gerritik hurbildu eta denbora joan ez balitz bezala hasi naiz dantzan. Badakit suizidio totala izan zitekeena, baina ondo pentsatuta —egin ez dudana, egia— beste bat nintzela erakusteko bide bakarra ere bazen. Tipo alaia, kontrolatua baina berak maitatu zuen zoroa. Gora jaso ditu eskuak irribarretsu, zigarroa eta edariak babesteko batetik, eta, bidenabar, ez zaidala hain erraza izango argi uzteko. Apur bat gehiago hurbiltzeko ahaleginari itzuri egin eta gerri kolpez nire beso gatibatzailetik askatu da.

        Beti bezain bero mugitu zait aurrez aurre, ipurdi zoragarri hori brageta parean higitzen. Barrako neskari lepoa emateko aprobetxatu dut, eta zurrutada bakarrean hustu dut Voll-Damma. Hobe Heinekenekin segitzea.

        — Dudan ibili nauk apur batean, hi ote hintzen. Makal ikusten haut —sorgin halakoa beti bezain zuzen eta beti bezain guapa zegoen.

        Baina tente oraindik. Dorre garaiagoak eroriko ditun ni jausterako.

        Behar beroari goitik ekin behar zitzaion, bestela ere gaina hartuko zizun-eta. Plazer hutsa da Jone moduko emeak gainean sentitzea, erabat aske eta sutsu.

        — Ziur, alproja. Zera... ezer barik gelditu nauk eta, badakik, pentsatu diat hik beharbada izango duala pasatzekorik...

        — Ez, neska, horiek antzinako kontuak ditun. Zintzotu gaitun, badakin. Baina aurkituko didan gaiztakeria apur bat praka barrenetan bilatuz gero.

        — Postura baietz. Ez daukak ezer orduan...

        — Pasatzekorik ez ba, polit hori. Baina har ezan niretik apur bat nahi badun. Joandako sasoiengatik tirotxo bat?

        Zer egin osterantzean? Etxera gonbidatu, kargamentua han daukadala-eta eman? Gauza bakarra dago oraintxe bertan Jonerekin larrutaldi basatiena botatzea baino gehiago gura dudana. Bihar egitea, indar betean. Eta etzi. Inoiz ikusi gura eta ikusi ez zuen gizona hementxe nabari dezala, beti bezain zoro, inoiz baino helduago. Ez dut beste neska ikusten, beltzarana. Damu gutxi.

        Komuneko atea itxi eta sarraila ipini du. Sasoi bateko katu begi grinatsuak igarri dizkiot. Hauts-marra bi egin ditut, berea nabarmen lodiagoa, eta aurpegira hurbildu diot. Zoriontsua nintzateke orduantxe kisketa betiko apurtuko balitz. Esnifatu eta burua atzerantz botatzen zuela sudurreratu dut nik ere. Begiak doi bat gorrituta begiratu dit, irribarretsu.

        — Ez duk pasatzen beraz? Material ona daukak horratik.

        — Hiretzat beti izango dinat onena, baita ipurdi eder horretan igurzteko ere.

        — Suabe, Manu. Aspaldian ez diat hire berri; gauza asko aldatu dituk?

        — Erabat. Negoziotxo batean ari naun, neure pisua zaukanat, eta gaztetxotako zorakerietatik... badakin zein gordetzen dudan. Zer kulero daraman?

        — Ez duk jakingo gaur, Manu.

        — Bada hik agian jakin gurako dun praka hauen azpian betiko martxa berean ote gabiltzan.

        Eskua heldu eta pakete gainean ezarri diot. Ez da asaldatu.

        — Larrua jo nahi didak?

        — Gogo faltarik ez zaukanat, baina titi bero horietan galduta ere konformatuko naun.

        — Asko txintxotu haiz.

        — Bai ba. Bazauzkanat negozio proiektu pare bat kontu txarretatik erretiratzeko. Baina, hire ipurdi hori ikusita, gaur bazagon negozio hoberik.

        — Ez ezak etsi, eta ikusiko diagu. Orain goazemak inork susmo txarrik hartu orduko. Onartuko didak birratxo bat arraia truk.

        — Noiz eman zionat ezetzik hire proposamenen bati?

        Gezur erreka bat zen, ados, gure harremana izan zen legez. Horrela hautsi genituen hautsi beharrekoak. Baina ahaleginak ez ziren faltsuak, sexua baino gauza egiazkorik ez zegoen, kontrolagaitz. Mundua zen egokitzen ez zitzaiguna. Saiatu ginen, esaten zidan nire atzamar bihurriek bere gorputzaz gain balio zutela kokteletarako. Nire trapitxeoak utzita zabaldu genuen taberna zuloan osatu nituen konbinatu batzuk, baina laster ulertu genuen barraren zein aldetakoak ginen. Koktel politak osatzen ditut oraindik ere astia dudanean, geroz eta urriago ditudan lagunentzat. Afrodisiakoak batzuk, omen. Horrelakorik egon balego!

        — Voll-Damma oraindik?

        — Ez, alkohol gabea atera, ondo gogoratu nahi dinat hire mihiaren zaporea.

        Zabor hura ahoratu dut, bere zuku goxoak milikatuko banitu legez. Izugarri eder dago, bere orgasmo amaiezinen ostean baino goxoago. Beltzaranaren arrastorik ez. Hobe horrela.

        — Bai, neska, gauza batzuek beren adina zaukaten. Eta berandu bada ere, badun kontu zaharretatik erretiratzeko sasoia.

        — Benetan? Ikusi beharko genikek hori.

        — Ikusiko dun, laztana. Nire negoziotxoa zabaltzeko asmotan nabilen eta bazauzkanat epe laburrean handitzeko asmoak ere.

        — Zentzatu haizela sinetsi beharko diagu oraindik.

        — Orain bertan gauza bakar batek galaraziko lidake burua. Beranduegi ez baldin bada.

        Egun batez, hasi bezain natural, hasi bezain basati amaitu zen dena. Gureak ez zeukala etorkizunik bota zidan moxal bero hark, zerbait garrantzitsua esaten balego legez. Hasieratik genekien hori, ez geneukala zeregin handirik unean unekotik aurrera, baina merezi zuten haiek, redios! Buztan hoberik aurkitu bazuen niri ez zidala zertan azalpenik eman, esan nion. Egia zen, inoiz ez nion konturik eskatu, ez nion sekula ezer aurpegiratu. Jarraiko bala galduren bat, ziur, trikuharriak baino abertzaleago.

        Amaierako bat bota genuen eta gero fardelak egiten lagundu zidan. Gaurko zulo ustela topatu nuen Zabalan, Cortesetatik hur. Laster hasi ziren mairuak eta sudakak heltzen eta kalea txokolatezko putez bete zen. Erraz bidea hartu nuen, oreka moduko bat: gutxi ematen zidan gizarteak eta nik gutxiago itzuli. Auzoko txapuzaren bat, business txikiren bat tarteka, bazterrean mantentzen saiatuz beti ere.

        — Aizak, beste bi jarri. Atzera topo eginak beste bat merezi din.

        — Bat eta kito, Manu. Lana zaukaat bihar.

        — Lana gaur egin beharko geniken, katutxo. Azkena, ados?

        Ez dut ezer jakin gura. Umerik, gizonik edo planik duen ezagutzeko asmorik ez dut. Munduan gu biak baino ez gauden hegaldia desio dut, eta ea ondo lur hartzeko gauza garen.

        — Tira ba, azken hori, eta ospa.

        — Berehala joango gaitun eta kenduko ditinat kuleroak.

        — Ziur! Zer negozio iluni daragoiok orain?

        — Ilunik ez, txiki, otzandu dun txakur zaharra. Sex-shop batean beharrean eta Interneteko harreman batzuk bideratzen, hori dun dena. Pasa hadi egunen batean.

        — Bai, noski —sentsualitatez hurbildu zait—. Lehen ondo dantzatzen huen hirugarren zerbezatik aurrera. Ahaztu haiz zelan konkistatu huen neskatila poxpolin hura?

        — Ohe-dantzan moldatzen gintunan hobeto. Lotsati bihurtu naun dantzarako... baina jakingo dun ni eroaten, betiko moduan.

        — Erdu hona, gezurti hori.

        Kontrolatzen egin dugu dantza, urrats okerren batean labain ez egiteko erne. Beltzarana izkina batean dago, hogei urte eskaseko gazte batekin berbetan.

        — Zerbait ikasi dinagu, polita. Segi ezan jiraka eta berehala ohartuko haiz hire Manu berriaz.

        — Isildu behingoan, eta gozatu unea. Sasoi zaharrengatik.

        — Eta etorriko direnengatik, katutxo. Joan ditun biharamunari beldurrez botatako gezurrak. Zer gura dun gosaltzeko?

        Barre egin du, antzina ez bezala. Gero DJ putakumeak auskalo zer moldaketa pintxatu duen. Jone bereizi egin zait eta aterantz joan gara.

        — Barkatu, laztana, alde egin behar diat.

        — Eroango haut nire zaldian.

        — Vespa zaharra?

        Arraioa, beti harrapatu behar ote nau sorgin eder honek?

        — Bilbon ibiltzeko primerakoa. Gura badun emango dinagu osteratxoa, polit hori.

        Tabernako atarian gaude, aurrez aurre. Animo, neska, ez ezan beldurrik har. Itzar hadi nire bularrean.

        — Hurrengoan, Manu, hurrengoan fijo. Asko poztu nauk hi ikusi izanaz.

        Errekatik zetorren haize umela baino bizkorrago jarri da puntetan Jone eta musu eman dit. Ezpain heze eta beroak lotu dizkit, ez dakit zenbat iraun duen plazerak. Gero apur bat bereizi da, atzamarrak lokietatik aurpegirantz ekarri eta munduko laztanik goxoena egin dit.

        — Ondo segi, artista.

        Mesedeetako zubirantz joan da kalean behera, ipurdi bikain hori berak bakarrik dakien gisan mugituz. Ez banizkio berbak hain erraz ulertuko, inoizkorik basatiena botako genuen gaur gauez. Tabernako komunean, kale bazterrean, zubian bertan. Hiri osoa surtan jartzeko gai ginen. Baina ez da gehiago egongo. Lar ondo ezagutzen nau, lilitxo halakoak.

        Alferrik bere atzetik joatea. Edo agian ez. Hortxe dago ibaia, zabal, heriotza bezain hotz. Taberna barrura sartu naiz. Jende gutxiago dabil. Hor dago nire beltzarantxoa, bakarrik, garagardo botilarekin dantzan.

        — Sara?

        — Sí.

        Ez dakit bera lotu zaidan ala nik besarkatu dudan. DJaren hatzekin nenbilen bere gorputzean gora eta behera. Laster eman dit pota saman, gosebera, bularrak itsatsiz nire aurka. Gerri-kolpe bortitzez aurrera egin eta hankak erdi zabaldu ditu, lizun igurzteko. Behorrak belarria miazkatu eta xuxurlatu dit:

        — Eroan nazak hemendik.

 

 

Artxanda gainetik noa Egirletarantz, itsasadarraren alde biak eta hiri osoa azpian. Hotz lehorra aurpegian egin ditut kilometroak hiriko argiei begira, oskarbi, kutsadurak eragindako gandu fina soilik gainean.

        Ezin izan dut. Urduritasuna, diotsot nire buruari gezurretan, baina hori gero etorri da. Gustura egin dut erreka ertzeko bidea, nire buruaz ziur, Euskaldunako zubitik, Lutxanatik jadanik kresala nabari zela, kaioak, zamaontziak, atoiontziak... eta atzean, estu besarkatuta bular oparoak itsatsiz, neska polit hori.

        Ezin izan dut. Gustura nindoan, motel eta arretaz gidatzen badaezpada ere, pasatu samar nengoela jakitun, baina ez nabilela konturatu naiz. Eta urduritzen hasi. Burua lepotik kendu dit ondo ote nindoan galdetzeko, eta baietz, zer bide hartu galdetu diot.

        Ezin izan dut, eta konturatu naiz. Etxeko atarian gelditu gara une batez. Berak kendu dit kaskoa, berak bilatu dizkit ezpainak. Burua jiratuz erantzun diot, eta berotzen nenbilela nabaritu dut. Agian bazegoen aukeraren bat. Saman behera jaitsi zait aseezin, mihia belarrira hurbilduz, nik lokietatik heldu eta zinta kenduz ilea askatu diot. Gero beherantz jarraitu dut eta neskaren dardara igarri dut, eskuak kamiseta azpitik sartu ditudanean. Sukartsuago gurutzatu ditugu ezpainak. Motorretik jaitsita etxeko atearen kontra gelditu gara. Bularretakoak betegarria dutenetakoak ziren. Sararen titiak, ziruditen bezain handiak ez baziren ere, aski tente eta zut zeuden bertan luzaroan galtzeko.

        Ezin izan dut. Game over. Mutila ez zebilen. Pasatuegi zegoen. Barkatzeko esan diot, eta osatu dut esaldiren bat lotsatu beharrean, igoko nintzela nahi bazuen, lagunduko niola. Elur apur bat gorde izan banu behinik. Lasai egoteko, ez duela ardura.

        — Ni ere mozkortxu nabilek. Gelditu lasai etxean, gura baduk.

        Eskertu diot, baina hobe bakoitza berera. Irribarre egin du. Ez dut uste gelditzea gura zuenik. Eskertzen duela alde egitea. Hobe horrela. Portalean galdu arte itxaron dut, geldirik, segapotoaz olgetan, zer eginik ez dugunean legez. Mezu bat neukan: Gernkn ng. Jon ezgtu dt. Enaiz agrtko. Brkt ta skrrik sko. Musu bt, Sara.

        Artxandako putetxearen atarian zeuden auto garestiak aurreratu eta Egirletako argiek botxoa azaldu didate, erreka laztantzen itsasorantz. Otxarkoaga, Santutxu, Begoña, hemen; Miribilla, Errekalde, Abando, han. Hor dago hiri langilea, itzartzear, eta bestea, lorik egiten ez duena, farola eta argi guztiekin ere ikusezin.