Auzoak
Auzoak
2005, narrazioak
160 orrialde
84-95511-72-X
azala: Alain M. Urrutia
Urtzi Urrutikoetxea
1977, Bilbo
 
1997, poesia
 

 

Youssou Ndiaye

 

Zorro handia lepoan, Youssouk hiriko kaleak zeharkatu ditu autobus geltokira bidean. Kaleak hutsik, auto gutxi, semaforoak zereginik gabe aldatzen dira kolorez. Inork ez die Youssouren urratsei jarraitzen. Gauaren ilunean galdu da, pauso irmoz, atzera begiratu barik. Ez du azken oroitzapenik gordetzeko ahaleginik egin, ez du indar gehiago hiri heze honetan galdu gura. Alde egiteko behar dituenak doi-doi.

        Badoa Youssou. Esan ziotenik ez du aurkitu. Salif da utziko duen bakarra. Oraindik posible dela uste du gizajoak, hor nonbait dagoela bere aukera. Ez zuen abegi onik eskatu, ez zuen irribarrerik eta zintzotasunik eta etxerik nahi. Lana. Hori zen dena. Nork pentsatu, ordea, ezintasunak itoko zuenik, hain arrotz eta hain hurko zuen gauza zuri horrek.

        Iparra aipatu diote. Hau ez ei da benetako iparra. Han dena ei da hotza. Gogorra dela esan diote. Horregatik direla aberats. Baietz. Horren bila dabilela, hizkuntzen, irribarreen eta besarkaden aurretik. Hemen ez dagoen, hemen erdietsi ez duen horren guztiaren bila. Ez zela maitasun bila abiatu, eta Afrikaz gero ez dagoela kolorerik, usainik, sustraituko duenik.

        Badoa Youssou. Ez daki nora, baina badoa hemendik. Izango da beste hiriren bat, izango da aukera gehiago emango dion txokorik, izango da nonbait Youssou ments duten lekuren bat. Iparreko hiriren bat. Autobusera igo da. Badoa, atzera begira hiriak eta hiriak, itxaropen urrunak. Eta familia, urrunago. Autobuseko leihotik, hiriko azken argiak, autobideko farolekin nahastuta. Distira marra bat gau beltza ezabatzen.