Auzoak
Auzoak
2005, narrazioak
160 orrialde
84-95511-72-X
azala: Alain M. Urrutia
Urtzi Urrutikoetxea
1977, Bilbo
 
1997, poesia
 

 

Ramon Sanz

 

Gogorrena jasan ostean, bost axola niri hona bidali izana. Lehen bai, lehen bizi behar zen hura. Orduan zen hau gogorra. Egun batean bai eta hurrengoan ere bai. Oraingo agente berrien abenturatxoekin ez dago kolorerik... beno, bai, kolorea da dagoen aldea: exotikoagoa izango da, senegaldarra edo nigeriarra delako prostituta, Kamerungoa trafikantea... Arazo handi barik, ordea, dena oso ordenatuta... Ikusi nahiko nituzke orduko istiluetan. Baina ez, orduan ondo zaildu ginenak hemen gabiltza, trafikoa artezten.

        Ijito hori ere etorriko da non edo nondik. Ni nekatu naiz, ez dut arazorik gura. Ea ahalik eta arinen amaitzen den txanda, eta bakea. Merkantzia ostu hori ez dezala uste berehala salduko duenik.

        Hiri paso emango diadalakoan? Arin egingo diat paso nik hiri!

        Ea, doala Berlingo hori. Apustu langile txukunagoa dela, norbaiten etxeko sukaldea konpontzen-edo.

        Arrazista naizela ez zidan bota ba lehengoan Amaiak? Gure alaba geroz eta tuntunagoa da, unibertsitatean aurrera eginagatik. Hara, beltzekin adibidez: tarteka liskarren bat edo beste salbu, batere arazorik ez, eta ez dut uste kexurik izango dutenik nire gainean ere. Gaur bertan lokutorioko senegaldarrari erosi diot tabakoa.

        Ijitoak ordea? Denak ez, ados, baina badirenak... badira. Orain arrazista ez izateko ijitoak gustatu behar, aizu, hori besterik ez genuen behar. Berbetan baino ez dakitenen pitokeriak!; eta gero, arazoak daudenean, beti gugana. Utzi, utzi gura dutena egiten, aldarrikatu euren eskubideak, egin argazkiak eurekin hauteskunde-kanpainan —beltzek bozkatzen ez dutenez, hobe ijitoen ondoan agertu—, eta eman dena: laguntzak, janaria, arropa, etxea... Hori bai, Indautxuko zuen pisutzarretatik urrun. Eta auzokideak nazkatu, kikildu; eta zereginik ez dagoenean, orduan bakea geuk jarri behar.

        Etorkin gehienak diferenteak dira. Nik beltzak ditut gustukoen. Eta mairuez ere kontu gutxi, jendeak mesfidati ikusi arren. Duela hamar urte nork esango zigun koitadu afrikarrok izango zirela gure bake iturri.

        Segi ezak, ijito horrek, hire litxarreria guztiarekin! Bai, besteok ere bai! Tira, tira, txilibitua jo behar dut ala, señora? Lokartu barik, aurrera, bizkor, oraindik auto saldoa dabil-eta.

        Antzina ez zegoen auzo honetan lan egiterik. Batetik jo, bestea egin... eta alferrik zenbiltzan sentipena ez zenuen behin ere gainetik kentzen. Gogorrenera jota familiaren bat auzotik bota eta beste bik betetzen zuten haien lekua. Heroinaren prezioa neurrigabe igotzen ari ziren, edozein ordutan aurrekoa baino sinesgaitzagoa zen deia jasotzen zenuen, hemen edo han lapurreta izan zela, borrokaldiak, gaindosiak, saltzaile txikiak handiagoek irensten zituzten, lehertu arte erabiliz... eta halako batean, afrikarrak heltzen hasi... eta konturatzerako, akabo arazoa.

        Hasieran gogorra izan zen, egia da: borroka latza eremua irabazteko. Baina beltzek irabazi zutenetik bake ederra. Sestaokoen kalte, hara joan baitira ijitoak. Eta gu? Inoiz baino hobeto, esanak esan.

        Ea ba, Zabalburutik zatoztenak, segi bizkor, garai batean legez ateak ondo itxi eta leihoak igota Bilbo Zaharretik. Eman, eman, auto-ilararik sortu barik. Zuek bai eta nik ere bai, denok joan gura dugu etxera.

        Hankak nekatzen ari zaizkit hainbeste denbora hemen zutunik. Ziur zirimiri hau ere oso ona dela hezurrentzat, redios.

        Sutu egiten dira sartu berriak, inpotentziaz-edo. Lasai hartzeko diotsegu, arazoa ertzainena dela, eta guri dagokiguna kontua lar ez haztea baino ez dela. Hor eusten diegu, San Francisco eta Palanca artean. Eta norbait ur handitan sartuz gero, apur bat estutu eta kito.

        Lehengoan Erriberan, errekaz bestaldean, negozioa zabaldu zuen batek. Egunero bertatik txangotxoa egin eta gameluei argi gelditu zitzaien kontua. Laster itzuli ziren atzera hona gora!

        Ene, Abdullah kalean dabil berriro! Pasa, gizona, hoa Cortesen gora hire pirata zulora! Ea orain zabor hobea banatzen duen, ze aspaldian zerabilen kakarekin hiria jonkiz garbitu behar zigun.

        Kontuak kontu, errazago eusten diegu, arnasa hartzen baina airea guk neurtuta. Nolanahi ere, txarragoa da zaldirik ez dagoenean, orduan bai buruko minak monoaz dabiltzanekin. Ze, okerrera joango balitz ere, koloreak salatzen ditu. Atzera Afrikara eta kito. Gutxik dauzkate paperak eta, azken batean, zer egingo dute etorri diren gizarteak hori eman badie? Eskaintza eta eskaria, hori da dena. Hori, eta batzuk majo aberasten dabiltzala, eta laster eskubideak ere erosi ahalko dituztela, tribu osoa ekartzeko.