Auzoak
Auzoak
2005, narrazioak
160 orrialde
84-95511-72-X
azala: Alain M. Urrutia
Urtzi Urrutikoetxea
1977, Bilbo
 
1997, poesia
 

 

Rafael Pereira

 

Bilboko metro berria hiritik irten eta Bilbo Handia deitzen dioten herrietatik dabilenean erreka ertzetik, gehienek paisaia negargarria, kutsadura eta anabasa baino ez dituzte ikusten itsasontzi, ontziola, enpresa kimiko eta industria ohien orubeetan. Erromantikoek, nostalgikoek eta komunistek zirrara berezia sentitzen dute irudi horren aurrean. Ez dakite argi zer egin moila, kanal, garabi, tximinia eta bestelako aurriekin, baina borroka partikularrari eusteko arrazoi bat gehiago ematen diete aldioro.

        Autobusak Larraskituko azken geltokian utzi eta Pagasarrirantz abiatu delarik, Rafael Pereirak ez ditu ez baten higuina ez bestearen nostalgia igarri, edo agian sentimen biak batera agertu zaizkio. Botxotik itsasoraino hedatzen den haran zabalean askoz irudi gehiago datozkio Rafaeli. Han dago Elorrieta, kanalaren inguruan bazter batean, hirian izandako lehenengo bizilekua. Oharkabean joan dira hamabost urte urrezko erretiroa eskaini ziotenetik, zarata handi barik bakea eman zezaten enpresan. Ourensen nonbait etxea egin eta kartatan, paseoan eta bere ortu txikian emango zituela urteak esan zuen batek baino gehiagok, emazteak uzten zionetan Galiziako bidea hartuz.

        Pereiraren ihesa bestelakoa izan zen. Hasieran gustuko zuen lankide ohiekin bizitakoak gogoratzea auzoko tabernetan. Mila anekdota eta pasadizo zeuzkaten. Emilio margolariarena adibidez. Dutxako berogailua piztea zen zeukan egiteko bakarra, eta tenperatura egokian egon zedila, langileek ur beroa izan zezaten itzuleran. Gainontzeko orduetan pintatu egiten zuen Emiliok, Euskal Herriko paisaiak batez ere. Rafaelek eta lagunek denek zeukaten koadroren bat etxean, Emiliok borondateaz gain dohain gutxi zuela aitortuta ere.

        Egun batean lanetik bueltan, dutxako ura hotz zegoen. Rafael bera joan Emiliorengana, eta egunero legez pintatzen aurkitu zuen.

        — Zer pasa zaio urari?

        — Zer du ba?

        — Ur hotza, hori da daukana. Jendea amorratzen ari duk.

        Sasoi hartan langile asko zeuzkan enpresak eta gogorrak ziren ontzioletakoak horrelako txikikeriekin etortzeko.

        — Ene! Ez diat ahaztu, ba! Tira, jarriko diat martxan eta berehala aterako duk epel. Baina ez ezak ezer esan, ederra zaukaat osterantzean!

        Barre-algara ederrak egiten dituzte istoriook gogoan. Baina Rafaelek buruz dakizki denak eta gurago izaten du han goian bere buruarekin topo egitea: azken baserritar haiekin berbetan gelditzea maite du, eta irudikatzea zelan egingo ziokeen Luisak errieta letxugekin, tipulekin edo azelgekin etxeratzean, prezio onean eta zorro bete intxaur opari eman ziotela esanez.

        Portuan, Zorrotzaurren kokatutako La Aeronautica SAn entzun zituen lehenengoak arratiarrak izan ziren. Haiekin batera ezagutu zituen Txorierrikoak, goizero trenez etortzen zirenak, eta Ernesto bera, Arbolantxako kojoa, eskumako zapatarik behar ez zuena. Otxarkoagako aurreneko etxeetan bizi zen ordurako Pereira, eta auzoaren gaineko baserritik jaitsi ohi zen herrenka Ernesto. Txakolina zeukaten, nahiz eta Rafael Pereira beste interes batzuek eramaten zuten haraino: Ernesto el aldeanoren arreba Luisari portutik beren-beregi igotzen zizkion Gineatik ekarritako kokoak. Ernesto haserretu egin zitzaion hasieran, lanetik etxera eroan eta arreba gorteiatzen zebilela jakin zuenean. Zer eman behar zion gosekil gailego hark, nebak berak eroan zitzakeen gai exotiko haiez gain?

        Han entzun zuen lehenengoz libre antzean portuan besteek ezkutuka zerabilten berbeta iluna. Adinean aurreratu ahala gutxitan egiten bazuten ere, haserretzen zirenean polito irteten zitzaien mordoilo ulergaitz hura. Orain nekez ikusiko du Deustuan zein Otxarkoaga gainean txakolinik, eta Egirletara doan autobiaren lerro finetik baserria kokatzen saiatu da.

        Geroz eta goizago iluntzen du jadanik, euria dakarrela esan dio bernak gainera. Baina polita behar du aspaldiko partez Zolloraino segitzeak. Ze demontre, esan egingo dio Angel Mariri, sanmartinetarako buzkantza ederrak jateko era egin dezala. Eta ez badu gura, eroan dezala ama autoan eta bere kontu bilobak. Pozik joango dira beragaz Ganekogorta eta Ustaratik. Eta Laredora doan hurrengoan, ea olagarroren bat ekartzen duen, Luisak ez dezan esan suetean endredau baino ez duela egiten.