Auzoak
Auzoak
2005, narrazioak
160 orrialde
84-95511-72-X
azala: Alain M. Urrutia
Urtzi Urrutikoetxea
1977, Bilbo
 
1997, poesia
 

 

Lehen kafea

 

Maria Antonia lauretan hasten da beharrean, oraindik ere gaua dela. Bostetarako, kafetegiko pintxoak prest daude, Manuelek Lezamatik ekarritako opil eta kruasanen ondoan, barra gainean erakargarri. Eta kafe makina goiz osoan jo eta ke ibiltzeko gertu.

        Hasieran kosta egin zitzaion makinari neurria hartzea. Buruko min asko sortu zizkion. Berak dastatzen zuen kafea inori atera orduko, badaezpada ere. Nerbioak jota amaitu ohi zuen eguna, eta arduratuta zebilen makina haren sekretuak ulertu zituenerako. Egun misterio gutxi traste horrek Maria Antoniarentzat, nahiz eta ez duen kaferik hartzen. Kafeak bezain goxo egiten ditu tilak, teak, kamamilak.

        Triniri zor dio barrena erretzen zion arazo hura konpondu izana. Ordurako hasieran baino dezente hobea egiten zuen jadanik, baina Trinidadek asko zekien kafearen gainean. Eta behinola aholku eman zion:

        — Lehen baino gogorxeagoa irteten zain, baina nahiko makal oraindik. Eta benetan indartzen dunanean mikaztu egiten dun. Probatu dun 'herriko kafearekin'?

        Halaxe esan zion, el café del pueblo, Badajozko azentu nabarmenez. Ez zen Extremadurako kafea, bistan da, gerra ostetik Portugaldik kontrabandoan sartzen zuten kafe xigortua baizik, Afrikako kolonietan bildu eta eho gabe aletan ontziratua. Kafe gogorra zen, eta senideren bat herrira itzultzen zenean, kiloka ekarri ohi zuen altxorra balitz bezala. Maria Antonia ere estraperloaren multzo horretan sartu zuen Trinik.

        Bolueta, Etxebarri eta inguruko lantegiek asko zor diote Bar Toñiri. «Malko batzukaz» ateratzeko eskatzen diote gehienek, azukrea baino pizgarriago —eta gozoago— zaien txorrotadarekin, agindutako orduak eta ordaindutakoak edo ordaindu gabekoak egiteko.

        — Toñi, porra bero batzuk bost minutuan ateratzerik bai? —bezeroak denboraz estu baina leial datozkio egunero.

        Denen emazte eta amatzat hartu du usu bere burua, oraindik ere oheko berotasuna galtzear duten behargin aldrari gosaria prestatzen. Zartaginean etengabe darabiltza txurroak eta porrak. Ez du egun osoan kenduko goizeko lehen ordutik itsatsi zaion olio usaina. Ez zuen printzesatan amesteko astirik izan ametsetarako tartea laburregia izan zen haurtzaroan. Haatik, xede bakan haiek ez zeukaten orearen eta erabilitako olioaren usainik. Herrian ikasi zuen txurroak egiten, hara itzuli ziren lehen udan. 60etako amaieran, oparotasunaren lehen txanponak aurreztu eta Mantxako sorterrian eman zuten abuztuko oporraldia. Ez zen Toñik gustukoen zuen ideia, jaietara, zinemara edo hondartzara lagunekin joaten hasi berritan. Hala eta guztiz, poztu zuen etxetik irteteak, Ciudal Real asago eta ezezagunera izan arren. Txikia zela Bizkaira ekarria, lotura gutxi zeukan lautada urrun haiekin, etxean entzundakoekin nahastutako oroitzapen lausoez aparte. Gurasoen azentua, inoiz izatekotan, bizkor baztertu zuen Maria Antoniak. Iragan urrun eta txiroaren aztarnak ziren, Bilbo inguruko gaztelera agian arlote baina edozelan hirikoago eta modernoaren aldean.

        Zapatuetako goatekeetan ezagututako mutilak, euren zirriak eta ausarkeriak atzean geldituak ziren. Beharrizanak adin bereko hiruzpalau neskako taldea batu zituen uda hartan: bakarra herrikoa bertakoa eta beste biak Madrildik eta Barakaldotik joanak, Maria Antonia bezala. Beharrizanak batu bai, baina gustura joan ziren adiskide berriak elkarrekin inguruko jaietara. Horietako batean ezagutu zuen Manuel. Herrian gelditzen ziren mutil bakarretakoa zen, eta familiaren pobreziak bere garaian atzera bota arren, azkenean ezin izan zien Manuren enkantuei uko egin. Beharrez urri, poltsikoa hutsik eta guardia zibila zirikatzen ibiliagatik, ez zuen irribarrea galduko, hain gutxi edozein neskari pikardiaz betetako esaldiren bat botatzeko parada. Iparralde euritsuan gutxitan ikusi zuen irudimena eta argitasuna zerion Manueli Mantxako lautada beroetan. Adin hartan gauza arrunta zen hiriko ondasun apurrak puztuta herritar arloteei aurpegiratzea, alabaina, konplexu gutxi morrosko harengan. Etorri ala itzuli egin ziren ere ez zekiten deserritu haiek baino askoz gutxiago. Hasierako irribarre eta jolasen segida, berehala jakin zuen Antoniak zein gosebera izan zitekeen. Maite zuen Manuelekin egotea, izaera basa haren naturaltasuna. Bilboko estuasunak ahaztuz, musuka irents zezan utzi zion gauez gari sailetan, izerdi patsetan atorra eranzten ziola. Gauerditik aurrera etxeratuta aitak emandako zaplaztekoak ere ez zuen Mari Errauskinen bihotz sutsua hoztu. Artez joan zen gelara, oheratu aurretik gonapeko galburuak astintzera.

        Unea bizitzeko olgeta hark anpulu lodiak ekarri zituen opor amaieran, eta etxerako bidaia isil eta tristea. Laster jaso zuen lehen gutuna, ordea, inoizko pozik handienetakoa eman ziona: Manuelek Gasteizen egin behar zuen soldadutza. Udako beroaldiak harreman serioari egin zion bide, eta denboraz neskaren gurasoek ameto eman zioten herriko mutilari.

        Soldadutzaren ondoren lehengusu baten etxean bizitzen hasi zen, Errekalden. Goizero 4. trolebusa hartzen zuen, Recaldeberri-Castaños, Gordoniz zubitik Arenaleraino, eta Atxuriko trenean Boluetara, fundiziora. Adreilu gorriko tximinia handiak eman zion atentzioa lehen egunean, Toñiren aitak lagunduta beharrean hasi zenean. Sekula ikusi gabeak zituen labe haiek, fusiorako, tratamendurako, maskorrak... Laminaziorako zilindroak bakarrik egiten zituzten Manuel sartu zenean, nahiz eta askok zituen gogoan estoldak eta bagoneten gurpilak ateratzen zituzten sasoiak.

        Gizon isila zen Manuel fabrikan, Mantxako gazte txirenetik arras aldatua. Inork ez zion aurpegiratuko alferkeria, horratik. Gehiago kosta zitzaion lantegiko ekimenetan sartzea. Santa Ana eguneko ospakizunetan antolatzen zituzten aizkolari edo boxeo-borrokaldietan herrira eta abuztuko oporretara ihes egiten zion gogoak.

        Urte pare baten buruan ezkondu ziren, krisi zantzuren bat bai baina etortzeko zegoena antzeman ezinik. Hogei urte egin zituen lantegian guztira, eta 1983ko uriolaren ostean hasi zen etorkizun beltzari antzematen. Aitaginarrebaren eta besteen erretiroa etorri zen lehendabizi. Manuelek bazekien hurrena bere txanda zela. Sartu zen moduan utzi zuen lantegia, zarata handi barik, aukera eman ziotenean.

        Ordain-sariarekin hartu zuten kafetegia. Emaztea bera tematu zitzaion, hainbeste langilek zabaldu zituzten tabernei izu baitzebilen Manuel. Egiaz, askok itxi du geroztik, baina botatako izerdiak botata, eutsiko diote beste urte gutxi batzuetan.

        — Toñi, kobraizkiguzu kafeak eta porrak —bota dio Anton Arbolantxakoak.

        Beti etortzen dira bezero berdinak: Manuelen lankide ohiak, inguruko moldiztegietakoak eta beste enpresetakoak, eta tren-geltokiko leihatilakoa. Inoiz banatzaileren bat edo beste ere bai, sartu eta kafesnea eskatu diona, kasu. Tipo xelebrea da, errotatibatik atera berri diren egunkariz beteta daroala furgoneta, barrako bazter batean jarri da atzoko partidari buruzkoak irakurtzeko.

        Maria Antoniak orain ulertzen du senarraren beldurra. Bizpahiru urtez jarraituko dute kafetegian. Gero herrira alde, aurreztutakoarekin. Manuelek lana galdu berritan joan gura izan zuen, herrian bertan ez bazen Puertollanon birfindegian edo Ciudad Realen zerbait egin zezakeelakoan. Baina Manu semea institutuko atarian zen, eta Miren eta Aitor are gazteagoak ziren.

        Gaur badaki bakarrik joango direna Ciudad Realera. Maria Antoniak garai batean asmo horiek ekartzen zioten beldurrik ez du jadanik, maite du senarra, eta zor diola uste du. Manu iaz ezkondu zenetik zentzatuago ikusten du, gaztetxotako politika kontuak utzita. Mirenek mutil jatorren bat topatuko balu, herritik ezkontzara itzultzeko aitzakia izateko behinik behin! Baina ikasketak utzi eta egun osoan amarekin beharrean emanda, nor ezagutuko du, inguruko langile eta banatzaileez gain? Ilusioa Aitorrekin dauka. Etxeko txikia fin dabil unibertsitatean eta baliteke Ingalaterrara joatea datorren ikasturtean.

        — Hara non datorren Manuel zaharra! —agurtu dute fundizioko azken beharginek senarra atetik sartu denean.

        Lantegiko azken txanpan daude horiek ere. Oraintsu irauli zuten azken galdaketa eta aurki itxiko dute etxeak eraikitzeko. Gehienek Basaurin jarraituko dute, batzuek Reinosaraino joan beharko dute, eta zortedunak aurrejubilatu egingo dituzte. Kolega ohiengana itzuli da Manuel, opilak eta gozokiak biltegian itxi ostean. Lana izan ohi dute hizpide bakar, eta astelehenetan Athletica.

        — Ez hadi tematu, Jesus. Penalti izan edo ez, atzoko mirari bakarra dozena erdi ez jaso izana duk. Horiei bost kamisetak, koloreak, euskal harrobiak eta ostia guztiak! Hamaika aberats poxpolin baino ez dituk!

        Grazia egiten dio asfaltoak ia kutsatu gabeko mantxatarra zurigorrien tradizioa horren sutsuki defendatzen entzutea. Santa Anak alienatu, San Mamesek integratu. Begoña eta Bizkaiko beste etorkin haiekin ikasi zituen euskarazko berba bakarrak, aita, ama, agur, aizkolari, karramarro, zorionak, gorri, baltz, eskilarapeko, berezi, buruhandi... lantegian eta handik kanpo futbola ikusteko batzen zirenetan.

        Irribarrez batu eta harrian utzi ditu txurroen azken platerak, gizonek beharrera bidean elkar agurtzen zutela. Ia hustu da taberna. Moltsoa barra gainetik pasatu, eskuak garbitu eta adatsetik pasa ditu Maria Antoniak. Ahal duenean ordua eskatu behar du ile-apaindegian, ile urdinak oso nabarmenak baitira berea bezalako bilo beltzaranean.

        Alaba iritsi zaio, eta Toñik atseden hartu du. Trini datorrenean ibiltzera joango dira biak. Ona ei da barizeetarako.