Zeruetako erresuma
Zeruetako erresuma
2005, nobela
344 orrialde
84-95511-71-1
azala: Marcelo Díaz
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
Zeruetako erresuma
2005, nobela
344 orrialde
84-95511-71-1
aurkibidea
 

 

16

 

Klinikako aparkalekuan utzi zuen autoa. Motorra eho zion. Azantzarekin batera kasete-irakurgailuan zebilen Stingen Sacred Love zinta berriko melodiak korrok bitxietan amildu ziren. Aitaren ikusteko antsia, New Yorken bizi zen ingelesaren ahotsak eta Manu Katché atabalari ausartaren erritmoek arinduko ziotela uste zuen Graxik: Shut out the world behind us, put your long black dress... Musika zinta halatan, biribilka ari zen, emaztearen gogoan aztarnarik utzi gabe.

        Garrailaz estali klinikako xendetan ibiltzen hasi zenean, oroitu zen kanta berdinak lauzpabost aldiz hauteman zituela, are gehiago azken beltzaren atarian zegoenean. Aita tanpez gaizkitu zenetik astean bietan egiten zuen hiribururako bidaia, muinetan metatu altxortegi musikalean (Ry Cooder, Chrissie Hynde, Sting, Sinead O'Connor, Bono, Emmylou Harris besteak beste) irauteko eta ihardukitzeko arrazoiak bilatuz. Baina ez zitzaion erraz ohe zimurtuan zetzan gizonaren herio hurbilaren aurreko izuaren baztertzea. Gela beilegitik ateratzen zen, negar zorian eta sabela atxikiz, ez oka egiteko. Musikak laguntza erraldoia eskaintzen zion alta, balizko etxea eraikitzeko aldamioa bailitzan.

        45. ganbarako atea jo zuen. Erantzunik ez. Sartu zen.

        Hatsartze elkor eta kolpekatua.

        — Arratsalde on, aita.

        Eskua tinkatu zion, ohearen ondora heldurik musu bat pausatuz kopetan. Gizonak begitartea itzulikatu eta begiz bakarrik ihardetsi zion. Ahurra trinkoago egin zen. Aitak ez zuen jada hitz egiten, zenbait aste lehenago jasan buruko odol erasotik landa. Ulertzen zuela erakusteko, eskuineko besoa ahulki mugitzen zuen edo ninikak zituen higitzen, oraino munduaren partaide zela frogatzeko. Beldurra iraizten zitzaion. Graxiren soan ere, menturaz, hiltzearen beldur berdina pizten zen, su berekoia, baina aitaren aurrean sentimendua neurtzen saiatzen zen. Jendeak ez ziren debaldetan uhertu behar.

        Halaz, sekula aitaren begiak ene aldia dea orai? eskatzeko moldean bereetan bermatzenegi baldin baziren, apaltzen zituen, lotsaz eta agian arrapostu zintzo bezain argia ez zezakeelako hitzez bidera; ez zen ausartzen. Uneak baziren, zioen Graxik, non ez ziren beharbada egia guztiak aitortzeko gai. Hargatik garbi zegoen. Gela hits hartan egiarekin buruz buru gelditzeko ikara hotza nabaritzen zuen bakarra orduan, Graxi zela. Ez aita. Hark bazekielako. Hitzorduaren aiduru baitzetzan, ttattit.

        Eskuen eta begien elkarrizketa mutuari ez zen ohitzen. Ohean zegoenak ele-gabeziaz gaztigatzen zuela sinestera heldu zen Graxi. Aditzen ausentzia. Bihotz urrakoa. Hitza premiazkoa zen. Gogoan zeukan aitarekin eroan zuen hondar solasaren eduki pobrea, behin betirako gogoan zizelkatutakoa. Igande arratsalde batez joan zitzaion bisitaz; gelaratu zen ahalik azantz gutxien eginez. Ohantzearen parean plantatu zen. Aitak erran zion:

        — E'hut sartzen intzun.

        — Atsalde hun. Untsa zirea?

        — Ba, lo'in nahi niken eta e'nun heltzen.

        — Sufritzen duzia?

        — Eez, bena...

        Ez zuen perpausa bukatu, betazalak erori zitzaizkion etxeko norbait ganbaran ikustearekin gorputz osoa lasaitzen eta laxatzen zihoakiola. Zoriontsu zitekeen nortasunik ez zuen klinika horretan, ez hain abandonatua hots. Ezpainetan irri mehar bat jauki zitzaion. Graxik perfusioaren hari zehargitik leiho ondoko kantoi batean pausatu bunet ilunera lerrarazi zuen begirada, biak biziaren hasiera eta bukaeraren ikurrak bailiran. Sosegatu zen: gizona bunetarekin sortu zen, eguneroko urratsetan nehoiz ez zuen kitatu eta pariatzekoa zen garaitezintasunezko seinale erregetiarra hobira eta Josafateko Soroetara eramango zuela.

        Bizitza laburbiltzen zion errautsez, hautsez eta izerdiz emokatu buruko umilak. Hargatik, igande hartan, jada hatsartzeko nekeziak zeuzkan arren, aitaren isiltasun tematsua akiduraren gain jarri zuen. Partitzean, hiltzera zihoan haragiaren berotasunak harritzen zuela, pott presatua matelan txertatu zion eta agur lainoak plegatu zituzten:

        — Jinen nitzaitzu etzi.

        Hatsartze elkor eta kolpekatua.

        Aitaren isiltasunak kezkatzen zuen. Herrirako bidean Graxik ez zeukan pentsamendu minberagorik jorratzeko. Hatsartze elkor eta kolpekatuek gizonaren kokotxa dilindan eta ahoa zabalik geratzera behartzen zuten. Airea premiazkoa zuen eta kantitate handian. Airartze latz bezain dorpeak batzuetan hitz eskasiaren harrobi larria zulatzen zuen, biziaren segurtatzeko hain garrantzitsua zen oxigeno ttakak nonbaiteko linboetan zintzilik baileuden. Molekula bederaren xerka joatea komeni zitzaion, gizonaren begi geldoetako arranguraren hedadura lekuko.

        Aitak bizirik irauteko zegizkien indar erraldoiak menean, orduan bai, zinez ulitzen zela Graxi eta laguntza galdatuko zuela! Baina laster, mendeak ziruditen segundoak ahitzean, birikak ozenki eta neurka naturalagoan husten eta betetzen sumatzen zituen.

        Graxiren izpiritua alha zebilen: igande aipatu hartan, erizain nagusia edo familiako medikua deitzekoa zena? Eta autoan zebilela ez aski eginaz hobendun sentitzen zen, herioa bezalako gauza itsusi eta hitsaren etorreraz errudun. Iluna jaistear zela, izpiritua desbideratu zitzaion kulparen zurrunbilotik aitaren berekiko mututasunaren oinarrien aztertzera; halaz, injustua zen arren, gertakaria gizonaren bereganako betidaniko kexuaren gain jarri zuen. Nehork ez zion hitz egiten. Maitaleek kidearen kitatzeko baliatzen zuten teknikaren pare itxuratzen zuen ele-hustasuna: metaforikoki larru-azala larrantz ziharduenari beste batengana zihoazela nola erran ez jakin eta isiltasun-harri bihurtzen ziren.

        Hiru egun, hiru hilabete zein hiru urteren buruan, bereizketarekiko zehaztapen eskasak mila puskatan barreiatzen zuen Graxi, zartatzen, hausten, zira arrosezko panpina: zorionik ez zen. Halaz, ohean zetzanarena asmatuzko mendekuaren bizkar ezarri eta negarraren beroa oldartu zitzaion betazalen izkinan. Aitaren herioa iragarria izanki eta alaba zen haren mezulari herabea.

        Graxik berrogei urte zituen. Ezkongabea zen. Gaurko menderako kanonekiko gorpuzkera ingrata zeukala ager genezake: txikia, lodikotea, papogabea, beltzarana, erdi-mutiko. Itsusi kausitzen zuen burua. Ohaide bihi batek ez zion ederra zenik nehoiz azaldu, are gutxiago amodiorik baimendu. Beti arropa ilunez bezti zen eta ikusezina bilakatua zen; karrikan demagun ibiltariek kuskatzen zuten eta deplauki haren presentziaz ohartzean, harritzen, loriatzen edo haserretzen ziren. Jende-kalitaterik ez zitzaion onartzen eta mintzatzea zilegitzen baldin bazioten, akats oroz aberats zela azpimarratzen zuen, barre etsia ezpainetan dildilika sortzeagatik barkatu ahoskatzen bailuan.

        Maitatua eta jende-gisa kontsideratua baino, hazia izan ordez gogorki hezia zutela iruditzen zitzaion: konparaketa poetikoa sobera garatu gabe, nahar artean eta lur hiletan handitu eta lilitutako arrosa zuria zen. Aitarengandik ele bat espero zuen unean, mugak eta bizitzako esperientziarik bortitzenak, burdina gorriz markaturik, gostariak gosta, larruan pairatzera behartua izan zela konturatzen zen Graxi. Itsumandoka gehienetan. Galdeei ez zihoazkien erantzunak erreusitzen zutenen partetik erdietsiz. Frustrazioa areagotzen zioten.

        Anitzetan bidez engainatzen zen, hutsa zein bekatua preziorik garestienean ordainduz. Samurtasunaz eta maitasunaz enorant eta ez-jakin zebilen. Destinuaren aztarnak finkatzeko gai ez zen hosto zuriekiko liburua zen. Bere ez-izatearen deboila fisikoa besteen begietan irakurtzen zuena. Munduarekiko funtsik gabeko kalaka ugari eraman eta egiazko solas gutxi trukatu zuelako. Laster berandu zatekeen. Autoaren ilunean, musika eho zuela, hori guztia preseski zeukan bihotzean iltze herdoildu, aitaren isiltasun mingarriaren mailuaren pean.

        Hatsartze elkor eta kolpekatua.

        Gurasoren baten herioa hurran sentitzen zenean, gauaren erdian norberaz dolutzeko ordua zabaltzen zen. Batzuk zeruetako erresuma lehian, ez ziren tristatzen: aita edo ama azken hatsetan ikusi eta esperantza lantzen, iraultzen eta zaintzen zuten oraino. Graxi aldiz, hiltzea usnatuko zukeen kabala errabiatuaren maneran zebilen: zanpa-auhen luzeko zakur, zurrunga xehe eta entzunezineko erle, bakardadea deitoratzen zuen otso-eme. Herioa leitzen zuen aurpegi horaildu eta gristuetako matela edo kopetetako arroiletan. Herioa leitzen zuen hatsartzeko moldean. Soakoetan. Eleen mamietan. Ametsetarik ezpata zilarrak dantzan zekuskien adiskideen ahurretan. Dardar eta egarri jaikitzen zen orduan.

        Hiruzpalau egun herioa agitu aurretik karnetak, kaierak, kontabilitateko liburuxkak dad is dying oharraz iluntzen zituen, ezinbestez iragarritako errealitateak sinesgarritasuna ukatuko zion fikzioan urtu nahiaz. Eroa eta irrazionala zela sinesten zuen, neurriz kanpo. Arrunt mentsa, aita hilen zelako ustea kolkoan ereiteko, ingurukoak arrangura ez eta gizona hobera ari zela errepikatzen ziotela. Barneko sua eho zuen, lagun hurkoen konfiantzaz asebetetzeko: biharko geroa sordeis baino sordeisago imajinatzen zuen beti. Lasaiturik hondarrean, eskuan arkatza baldin bazuen idatz zezakeen: aurrebizitzen dudan herioa misterio bat da eta herioa da nire jakitate eremurik zabalena.

        Ohean zetzan gizonari behatzen zion, perfusioaren hariek armiarma sarea ehuten ziotela. Hatsa nekez baino nekezago biriketaratzen zitzaion. Graxik hor berean eta berekiko, aitaren gorputz geldoaren aitzinean, heriotzak bizitza nola kateztatzen, mugatzen eta baldintzatzen zion arrapasatzen zuen: hainbat urtez ez zen egun bakar batez jaiki, hilko zela eta etsiduraz hil behar zuela asmatu gabe. Karrika zeharkatzean, kuskatuko eta zitzikatuko zuen autoarekiko errekontrua desiratzen zuen.

        Mihi-kolpe soilaz ezaba ez zitekeen aspaldiko istorioa zen. Alabaina sortu omen zen anai-arreba hilen ordezkari, ordezko, ordain, bazko-egun bateko mirakulua baina nehoiz izate propiorik ez zuen eduki. Hala uste zuen behintzat. Sendiko hilak oro bazerabilzkion halaber buru-onaren itzalean, dantza eta ingurutxo zoroan, batzuetan bizia trabatzen eta besteetan bizitzeko lotsa gerizatzen. Iruditzen zitzaion halatan, bizitzaren ezpondetan aiduru zegoela, zeren aiduru ordea ezin finka.

        Leinuaren herio memoria zen. Haurrean beldurra eragiten zioten amamaren mantalet eta kapeletak zein armairutan zeuden bazekien, hil mihise amironatuak, ezko-argiak eta izai merkezko kutxa distiratsuaren gainean pausatzen ziren hornigailu sainduak. Errituak ezagutzen zituen: frankotan aditua zuen, norbait zentzean, baserriko nagusiak erleak abisatzen zituela:

        — Erle maiteak, etxekanderea hil da...

        Aitak eskuineko ahurra mugitu zuen.

        — Erle maiteak...

        Klinikako gela batetik zakur errebelatu baten zaunka luzea oihartu zen. Arima iraitzi zitzaion. Hil kanta baten abesteko premiak gorputz osoa urratu zion.

        Hatsartze elkor eta kolpekatua.

        Negu hartan elurra egin zuen nasaiki, bazterrak mantal lodi batez estaliz. Auzo batek mundua utzi zuen. Hil-jarraigo iluna bidean pasatzen segitu zuelakoaz bakarrik oroitzen zen Graxi: lehen auzoa gurutze zilarra zetxikala, apeza bi bereterrekin, zaldiek tiraturiko orga batean sokaz eratxiki kutxa, doluz apaindu jendalde trinkoa eta gibelean, isilik eta burua apal etxeko labrita, denak ere elurraren zurian beltz. Fededun bilduei kea zerien ahotik.

        Beharbada orduan zuen lehen aldikoz entzun betiereko zoriona hil honi eman otoi Jauna ahairearen melodia umila. Ez zezakeen deus segurta, denborak memoria higatzen baitzion. Senideak hotzez karkara imajinatu zituen, mendien bestaldetik etorritakoak barne. Etxetik elizara zeuden hiru kilometroetan oinak bustirik eta aurpegiak gorriturik bazebiltzan. Hitza zuhur zerabilten. Menturaz, Jainkoaren Egoitzara heltzea ontsa estimatuko zuten, hango bero eta aterpeaz gozatzeko. Intsentsu eta ezko usainak agian, salbatuak zirelako seinale zitzaizkien.

        Alargun eta haurrenez aparte, ez zen hipako ozenegirik aditu. Heriotza bizitzaren zatia zela zirudien, suerte mota bat ezen adinean harategi zihoazenek oraino hatsaren hartzen jardutea salatzen zuten:

        — Jainkoak hemen ahantzi nu ala?

        — Ez zitela inketa Erramun, jinen zautzu ba aski goiz.

        — Alaxokotzia... Jin bedi arren, prest nizano.

        Heriotzarekiko ohiturak arras barneratuak zeuzkan arren, Graxik izua nabaritzen zuen, batez ere begien ortzaizean aita flakatzen eta ahultzen ari zihoakionean. Bizitza bakuna zen eta behin baizik ez ziren, salbuespenak salbu, gurasoak galtzen. Ezin erranezko dolorea zen. Halaz, gerlari abiatzeko plantan, kantatzeari ekin behar zela murmuratzen zuen emazteak. Aitaren goraipatzeko hitzak arrakatzen saiatu zen.

        Ahaire monotono eta lanzinantean hasi zen gizonaren itzalak eta argiak zerrendatzen, garaitezintasuna azpimarratuz lehenik. Antzinaroko Mediterraneo hegietako andere saldoko partaide zela irudikatzera iritsi zen: beltzez jantziriko familia ezberdinetako mutxurdin adinduen taldean zegoen, itsusi edo jainkoen zein etxeko zaharren artatzeko ezkongabe atxiki zitezkeen emazteen erdian. Herriko edonor zentzen zenean, aberats ala pobre, haren merezimenduak jendaldearen aurrean laudatzeko zeregin berezia zuten alaina. Halaz Graxi, aita hedailo beha zegokiola, Hektorren ohoreak abestuko zituen Iliadako Helenaz alda zitekeen:

— Troia zabalean, denek gaiztoki begiratzen nautenean, nehor ez baitaukat nerekiko on eta ezti izateko, halatan neure bihotz kolpatuaren aixolbean zutaz bezainbat nitaz negar dagit.

        Herioa hurbiltzen usnatzean hala zen, etzidamuko hilotzaz baino, norberaren idatziriko balizko suntsiketa itsaso galernatsu bilakatzen ziren malkoak.

        Hatsartze elkor eta kolpekatua.

        Euria zeharka ari zen, klinika isileko bitrak astinduz. Soa kanpora hedatu zuen Graxik, ohean irudiz azkenarekin guduka zihoan gizonaren begiei ihes. Txapela ikusi zuen leihoaren maldan eta marmarika hasi zen: herioak txikitik troxatu zaituena, zu, neure aita ez zaitezela hil, ez hil bederen eni hitz bat erran gabe, mintza zakizkit, lehen idien aitzinean hots emaiten nenbilenean mintzo zintzaizkidan bezala, ote eta iratze biltzera auzoen laguntzera gindoazenean bezala, mezatik landa hilerrian otoitz bat murdukatu ondoan, karamelo eta karanbar ezti erosteko libera soila ematen zenigunean bezala, Donapaleuko merkatura joateko bi oihuz iratzarrarazten edo ardiak Lakabirako artadira eskapatzera uzteagatik larderiatzen gintuzunean bezala. Mintza zakizkit. Isiltasun hori ez dezaket pati. Zure niniketan neurekiko erasia irakurtzen dut, ez nazazula erantzun ments abandona, bestela bizi osoan so horren kezka putzu amilgarri gisa atxikiko dut, damuzko makila: mintza zakizkit oraino.

        Ez dut zure hatsartze elkor eta kolpekatua gehiago aditzen: nahi ote duzu medikua dei dezadan? Lotsa naiz aita. Ez zaitezela joan. Besoa kopetaratzen duzu. Betazalak apaltzen zaizkizu: loeriak eroaten zaitu. Ahoa zabalik pausatzen zara: zergatik ez didazu hitz egiten? Alta, ez hain aspaldi, egoera gogorrago zenean, baten edo bestearen hiltzea jakitean, ele kitzikariak ilkiko zitzaizkizun:

        — Hua're juan dun ni beno lehen.

        — Etzena azkarki eri?

        — Haaa... Hameste kalapita! Itxuraz mundua berak iretsi behar zinan.

        — Iduri'izi kuntent ziela! Etzu urrikiik ala?

        — Urrikia? Etzinan urrikiik ez haak. Hor dun orai.

        — Eztuguia noizbait hil behar?

        — Omen.

        Aitaren ihardespen ezin-sinetsiaz oroitzean, klinikako gelaren tepoan, hatsaren erritmo motelarekin dantzatuko zukeen irri ertzoa askatzear zegoen Graxi. Karkara doiak buru-zokoa bete zion, zarta eta bazterrak ezpalez ziliportaka. Etxebarneko Jakes zendu zelako berria zekarkion auzo bati, orduan euskara ongi ez zekien anaietarik batek egin zirtoa errepikatu zuen berekiko:

        — Ba, ontsa'uzu.

        — Goiz huntan partitu'uk, ttume-ttumea.

        — Denak hil behar tziu.

        — Bena mutikua ze'ari hata hi? Denak hil behar tziu: errak denek hil behar diuk alo!

        — Barkatu...

        Anaia ahalketua sukalderatu zen, Jakesen lehen auzo xifritua itzaletik segika zekarrela, madarikari. Aita, Etxebarneko nagusi zaharrarekin ere pataska gorrian ari izana zela burutu zen Graxi. Alabaina, haur zelarik oraino, buhameak bazter orotan kurri ibiltzen ziren garai loriosetan, erremenbramendua deituriko herriko funts eta etxaldeen berrantolaketa xedea eraman zen. Espertak, geometrak eta politikariak etorri ziren laborantza eraginkortzeko auzoen arteko lurren esku-aldaketa sustatzeko eta justifikatzeko.

        Jakesek nahi zuen atsolutoki Lakabira bereganatu, zedarrietan han hara zegoen iraztor heze baten trukean. Aitak ez zuen horrelakorik onartzen eta mehatxuengatik, eskaintzak ezeztatzen zituztenen izenak enkre gorriz seinalatuko ziren, Lakabira baserriaren mengoan mantendu zuen. Igandeetan, herrira zihoanean, Graxik maite zuen, zakurra ondotik zeukala Bordaraino oinez hupatzea eta handik, urrezko leku perfektu eta karratua zen Lakabira mirestea; aldi berean alkateak antolatu bilkuretarik landako tentsioaz ezkaratzean sartu orduko aita husten berritxuratzen zuen, emazteari eta haurrei larderiaz.

        — Hail anoka...

        Umeren batek botila berdearen tutuna tinkatzen zuen. Gizonak ele-gaizto zerraikan:

        — Ene hiru hautinak ez daztatela ebatsiko! Alajinkoa ez!

        Hatsartze elkor eta kolpekatua.

Mintza zakizkit. Graxik bere nahikundea aitari telepatiaz helaraziko zuen ahal izan bailuan. Loeriatik jalgitzen zenean, gizonaren ezpainak mugitzen jarraitzen zituen, baina hitz bihirik ez zitzaion jaukitzen: ohituraren arabera, ardura bereber mintzo zen aita. Ez zuen nehoiz gaurkotasun lasairik jastatu ohean mutu zetzan gizonak: inguruarekiko hiruzpalau elkarrizketaren abantzamendua bazeukan beti. Batzuetan, ustez inork ez ziola behatzen, goraki ari zen, gertaturikoa komentatzen eta emango zion arrapostua apailatzen. Antsiak eta barne-minberatasun handiegiak zuten gerizarik gabeko gerora akuilatzen.

        Neskak halaber, larruari lotutako dote gisa ulertzekoa zen, galdeak, dudak, segurtamen izpiak, erantzunak, hipotesiak eta anitzetan ondorio hutsalak zizelkatzeko gai zen alimaleko irrati bat zeraman kolkoan, ahots etengabe bat, lotarako bakarrik isiltzen zen murduka zurrun bat, menturaz ametsetarik eleka ari zitzaiona. Bazekien jende zoriontsuek ez zutela horrelako plomuzko tramankulurik burumuinean trebes, bazekien haiek interlokutoreak erraz kausitzen zituztela kezka gehienen arintzeko, izan senar zein emazte, izan adiskide, izan ezagun.

        Bakartasunaren sentimendu leherkorrak ez zaplastatzeko, noiztenka ernatzen zen ahots hori bera, ulutxa nahasi, aitaren ahotik herotsik gabe jazartzen imajinatzen zuen, hor klinikako ganbaran, eta dolorea, puñal zorrotz, zutundu zitzaion bihotzaren basamortuan. Hasperenkatu zuen:

        — Mintza zakizkit aita, otoi...

        Hautsiko zen Graxik aitak ez baldin bazion hitz egiten. Aditza, katea zen. Eterrez usaindu ospitaleko zeldaren murritzean, behin erraiak xahatzen behatu baitzuen astiro, lagunak bere aitaren pentsa-indarra nola bereganatu zuen agertu ziola oroitu zen. Adinean zihoan arren, haurtzaroko debekuak oraino izaera osoa baldintzatzen ziotela zioen. Mundua ukapen zitzaiola salatzen zion.

        — Ez nuen ezeren eskubiderik eta gaur berdin, hormak arrasatuz bizi naiz, uhargi. Mezara joateko edo jendeetaratzeko ahalkea sartu zidan. Biloak, besoak eta zangoak gorde behar nituen, udako berorik minenean ere, erakutsia izateko gai ez banintza, nonbait itsusiegi. Eta egiaz, itsusia bilakatu naiz. Molde batez aitak txikitatik errautsi ninduen, nitaz ahalke zelako. Ene ingurukoak zu barne, aitaren pare, nitaz ahalke direla sinesten dut.

        — Ez, ez dut zurekiko horrelako sentimendurik.

        — Ez dezaket jada jasan gurasoek umeak apalesten dituztenean, karriketan edo dendetan ahoak eman ahala: ez zara deusetara helduko edo sortu zarenean urkatu behar zintudan errepikatzen diete eta ele makur horiek gero, norahaize-ikur, baliatuko dituzte egunero. Ez dira konturatzen zein hitz larriak ahoskatzen dituzten, maizenean haurren onerako ustez. Haurrek herioa baizik ez dute gogoan, herioari esker askatzeko lehia, bizi osoa iraun dezakeena, hil ez izanaren damua eta gainera maitatuak ez direlako, ez dakite maitatzen eta maitatuak izaten: ez dute nehoiz ikasi. Etxekoek gutxienez, umeak laztantzen, ohoratzen eta sustengatzen jakin behar lukete.

        — Ez da erraza bizitzea...

        — Ez noski —ihardesten zion lagunak—, batez ere hastapen-hastapenetik dena gaizki borobilkatzen denean. Begira, ni sei urtetan, jadanik ezkor aire batekin eskolaratu nintzen: tatxa bat neukan mihi puntan, ez nuelako ikasgelan erabiltzen zen hizkuntza ezagutzen. Salbaietarik nintzen. Baztertzen ninduten eta errientsa nitaz trufatzen zen, gaineratiko haurrak irri eginaraziz. Bihotzean nuen ahalkeari gizarteak pairarazten zidana erantsi zitzaion eta paralesiatua geratu nintzen. Ahalke horren zama larria horma jazartzen zait, gizon baten aitzinean amodiorako biluztera bortxatua naizen bekanetan...

        — Arren utz ditzagun agerpen tristeok —artekatzen zuen Graxik zintzurra tinko—, eta goazen mozkortzera!

        — Hordimenak ez nau salbatuko.

        Hatsartze elkorra eta kolpekatua.

        Memoriaren bihurdikatze antzuak akitu zuen, laster zenduko zen aita etzanari so zegokiona. Hargatik mara-mara jarraitu zuen: lagun harekiko solasetik lekora, lau hilabete eskasaren epean, egunkarian irakurri zuen bere burua ibaira bota zuela, loak hartzeko erremedioak alkoholarekin nahas irentsi ondoan. Inork ez zuen kidearen jestu iluna ulertu, ongi pagatutako lan segurua eta apartamentu ederra bazuelako. Egia zen, bizia materialki lortu arren, ez zela aise garaizegi sufritutako ahalkearen harrak karrakatzen zuen zurrunbilo mentaletik salbo ilkitzea, partikulazki laguntzarik gabe.

        Graxik frankotan aholkatzen zion psikoanalista batengana joatea, baina haren orduko arrapostuaren oiharra ernatu zitzaion klinikako ganbara mutuan:

        — Parasitatzen nauen gaitzaren erroen ikertzea, aitaren trahitzea liteke neuretako. Lotura negatiboa izan arren, enetzat lotura da halarik ere, manera bitxi batez, leher eta bizi-kemenaz hustuz, zuhurki baizik ez baldin bazen ere, maitatu ninduelako seinale bat. Hiltzen nauen seinale bakarra. Hautsi nauen oroz neure behin betiko harekiko sumisioaz segurtatu da. Nabaritzen dudan ahalkeaz ahalke naiz eta horrek isiltzera eta errealitatea jasatera kondenatzen nau...

        Aurpegia apaltzen zuen adiskideak, Graxik gaurkoan, zegien eran, lur gorrian zizelkatu Asineko erregearen maneran azpiko kokotxa dil-dil hatsartzen zuen gizonari begira. Zintzur ezpondak lardaskatuz igotzen zitzaion airea eta, sekula aski ez bailitzan, biriketan behera zurrumilatzen, haize-uholde. Premiazko hatsa loditzen eta haragitzen zihoakion, zaina noiz nahi tapa zezakeen birla erraldoi bilakatzeraino. Ikara zen neska, eta bat-batean pasagian hara eta hona aferatuan zebiltzan erizainaren bila abiatu zen.

        — Untsa da aita?

        — Baa, lo dea?

        — Bai, bena...

        Erizainak azalpen saioa moztu zion, eztiki:

        — Utz azu lo egitera.

        — Banoa orduan...

        Graxi aitaren saihetsera itzuli zen, karrankaz hatsartzen zuenaren mateletan despeditzeko bi musuren pausatzera. Klinikako atarian negarrez urtu zen. Autoan malkoak ibai bilakatu zitzaizkion, hatsartzearen ozena eta galdeekiko erantzun ezaren samina gogoan. Bazekien, jagoitik, zergatik ez zait mintzatu eskatzen zinpurtuko zela, zalantza eta itxaropen artean urratua. Biharko egun bakoitzean, baldin eta... Hainbatetan jada keinka larrietarik atera eta aita ez bide zen egundainokoan hilen. Halatan, arranimatze-guneetarik jalgitzean etxaldeko sukaldean espantuz ari zen, osasuntsu berriz:

        — Ez zuan enetako aldi huntan!

        — Doietarik ha.

        — Alajinkoa... Eta ni hemen...

        Hatsartze elkor eta kolpekatua.

Mintza zakizkit aita galderatik zergatik ez zait mintzatu arranguratsura lerratu zen hiriko karriketarik kopeta ilun zebilen Graxi. Igande arratsalde hartarik hiru egunen buruan, klinikatik telefonatu zioten gizonari azken ordua zetorkiola errateko. Alabaina, eraso zerebrala erasan zuen astelehenarekin eta ordutik hara bisitatu zutenek ere ez zuten harekin hitzik trukatu. Graxi gaizki zen, gizonaren mututasuna sumatu eta bertan ez zelako mediku baten bila abiatu: zerk bada jargian itsatsirik atxiki zuen? Aitaren herioaren hobenduna sentitzen zen nolabait.

        Geroago arrazoiaren xenda zulatzen zuenean, bizia horrela zela eta ez zuela den-mendreneko errurik mailukatzen zuen. Ez zen ordea arras sosegatzen. Gorputza dardaraz ari zitzaion. Negarra bazerion. Aldamenean norbaiten behar gorria nabaritzen zuen, hitz egiteko eta manera berezi batez kontsolatua izateko. Atzerriko adiskide min haiek deituko zituen eta penaren zama elkarrekin garraiatuko zuten.

        Klinikako gelara heldu zenean, aita hariz eta monitore argitsuz setiatua ikusi zuen. Ahoa eta sudurra kartzelatzen zion tresna uhargiak hatsaren abiadura biderkatzen zuen, irudiz erritmoan ari zen monitorearen hots labur zehargiarekin jostari. Zintzur korroka eta bip mekanikoak. Aldizka. Batera. Hondar borroka epaitu zuen Graxik. Betazalak apaldu zituen. Minutu zenbait oraino eta hatsartze ahula baimentzen zuten hodiak ilkiko zituzten, karranka motz eta bip ozenak geldiaraziz.

Aita! oihu egin zuen, borreroak abandonatuko zukeen biktima, desesperaturik. Intziri berdinak libratzen zituen, bakoitza beren maneran, bai aitak eta bai Graxik. Uhin-hotzaren igoera nabaritu zuen neskak bizkarrezurrean. Soa leihotik hegaldarazi zuen. Erizainak bazebiltzan alderik alde, uneak den-mendreneko berezitasunik ez eta herioa erabat arradoa bailitzan. Medikua hurbildu zitzaion:

        — Atera zaitez.

        Ganbaratik jalgi zen. Eterrez eta sendagailuz urrineztatu klinikako pasagia beilegian, eskuak aurpegiratu zituen. Aita lama sabactani? Murmuratu eta bitxiki, hortik aurrera bete-betean bizi zitekeela irudikatu zuen Graxik. Trenpu txarraren arintzeko, jartoki bat xerkatu baina ez zuen ezer kausitu: zutik geratu zen. Karranka latza antzeman eta orduan buruhona zitzikatzen zitzaiola pentsatu zuen. Auhen labur hark gelako hormak zeharkatu zituen. Itxuraz, klinika eta mundu osoa larrantz zitzakeen, Graxi suntsituz bidenabar.

        Azken hats haren molekula bihurtzen ari zen, bera ere husten, erretzen, ezeztatzen, oinarrizko kaosera itzultzen. Kaos hartarik alabaina ibiltzen eta jendeekin solastatzen ikasten hasiko ote zen? Herioak amodio bekaitzak lurrintzen zituen, egiazko maitasun ipuinak zilegitzeko. Malkoak dilinda zeuzkan. Soa nahas. Erizainak bultzatu zuen:

        — Zatoz. Bukatua da.

        — Badakit...

        Jadanik hilotz zetzanaren gelan sartu zen, herioaren misterioaren jakile bakarra bailitzan. Nini txikia zen. Umea. Haurrotza. Mukizua. Lehergarria. Erizainak gogortzen zihoan aitaren parean utzi zuen. Buneta han zegoen beti, leiho hegian.

        Oroitu zen. Nabala ukaldia zen. Odola kopetan behera zetorkiola imajinatu zuen. Aho-sabaia karastu zitzaion: edozein esteketarik libre zen. Mugaide galdu berriaren sensazio beroak, hormatzen zihoazkion zango-besoak epeldu zizkion. Uda eta aita belar epaiten irudikatu zituen: barrukian idiak, Katzo eta Mantxo uhalez uhal uztartzen ziren, abere-estalkiak bizkarralde aberatsetan pausatzen, kabalen muturrak ahate edo antzara urrinez torratzen, ulu beltz kitzikarien amoreagatik. Gero idiak loiroratzen ziren, erromatar enperadorearen barbaroen aurkako garaipena ospatzeko bezain eder eta distiratsu.

        Batzuetan Graxi idizain ibiltzen zen, baina gehienetan ohorezko kargua Pierra anaiari jaukitzen zitzaion. Etxeko bidean mutikoak orduan, akuilua sorbaldetan gurutze goiztiar, idiak ibaiertzeko pentzera gidatzen zituen, behia be-ka. Aita ez zen sekula urrun. Edo aitzinean zegoen, epaiteko makinaren olioztatzen eta burdinazko juntetan kokaturiko belar puskak eskuz kentzen. Bai hori zitekeen, Graxik aitaz atxikiko zuen itxura: munduaren aitzinean hotsemaile, bere trakako etsaien aurkako borrokari, irria maite zuen urtxo eta otso errabiatu aldi berean. Gizon gogorra. Bortitza, bere eta ingurukoekiko. Barkatzen ez zekiena. Aitaren azkenak Graxi askatu zuen eta barkatuko zion, orokorki.

        Garaitezin izan arren aitak amore eman zuen.

        Aspaldiko Mehainerateko xendra hertsian, behialako Eguberri hartan aita nola, Graxi herioak baketzen eta lasaitzen zuela zirudien etxeko jaun ohiari buhameen gisara mintzatu zitzaion, umekia adina distira zebilkion irri xehea ezpainetan:

        — Apaitapa? Jopoapan zipirapa beperapaz?

        — Epenepe tepenoporepeapa jipinapa dipinapat...

        Erantzun ziona? Mentalki eleka segitu zuen, tristura sakonaren oihalaren argi zuloetarik maitasuna birla kotoitsu jazartzen zitzaiola:

        — Apaitzinapa opordupuapan...

        Sabelaren barnetik oldartu garrasia ez zuen ahantziko.