Zeruetako erresuma
Zeruetako erresuma
2005, nobela
344 orrialde
84-95511-71-1
azala: Marcelo Díaz
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
Zeruetako erresuma
2005, nobela
344 orrialde
84-95511-71-1
aurkibidea
 

 

12

 

Hamar soldaduko herroka meharra, desertuan doi-doia seinalatu bide batetik zihoan. Trapu zaharrez jantzirik ziren eta armak zein zakuan metatu puskak zamatzen zitzaizkien soin gainean. Aitzinean bi behari izutu bazebiltzan eta gibelean, lerroa hersten zutela, beste bi kide alde orotara barranda. Konpainiako kapitaina troparen buruan zegoen, aldizka isil ala oihukari. Lur idorrezko pista, mendeak zuela errekaz betea zirudien mendi gorakoi arteko aska batean sigi-sagaka garatzen zen. Pentoken kukurustetan noiztenka itzal iheslariak begimentzen zituzten eta, orduan, bata bestearen atzean kuxkurtzen ziren, noranahi tiroka, beren baitako dardara itsuaren uxatzeko. Baina tiro itsuei tiroen oihartzunak baizik ez zieten ihardesten eta, kolkoak amiñi bat jabaldurik, lerroa berriz binaka osatzen zuten, zelai eta ordoki mehatxagarrietan aurrera egiteko, hurrengo lilura lelotu arte. Ikusten ez zuten arren, bazekiten etsaia hor bertan zegoela: hargatik ez zezaketen zehatz beraiek izuaren minetik asmatua zuten ala errealitatea zen aditzen zuten ahots edo garrasi hura. Eremu misteriotsuenetan, eskuak fusiletan kizkurtuak eta otoitzak marmaratuz arraposki pasatzen ziren, jakinez jo-muga egokia osatzen zutela, keinatzen ere ez zekikeen edozein felaga deabrurentzat.

        Aste bat zuela mendi lehorren erdian kokatu herri batera iritsi ziren. Herriaren atarian geratu zen troparen gehiengoa, hizkuntza ezagutzen zuten haietariko bi, lekuko arduradunekin solastatzera igorri ondoan. Karriken artetik haur irriak eta ama aspertuen deiak biderkatzen ziren, oilo koloka karakaka zenbait eta txakur txanpak ere bai. Herriak lasaia ematen zuen, baina soldaduak beti mesfidatzen ziren, eta urmaelak baino engainagarriagorik ez zela behialako biek harrizko xendari ekin zioten. Fusilak ontsa agerian atxikitzen zituzten, turista arrunta ez baina gerlariak zirela ederki bezain harroki erakusteko. Kapitainak kakiz beztitu burkideen ibilera largabistekin segitzen zuen, irudiz herriko auzapeza zitekeenarenean sartzeraino.

        Zainen tentsioa jabaltzeko, tropako gainerakoak herri behere hartan alhan zebiltzan poallak harrapatzen jostatzen ziren; oilanda gazte bat atzeman, lumatu, tripatu, erre eta bazkaldu zuten han berean, data-ondoaren malda zekenean.

        — Etxean baino nehon ez hobe —erran zuen pentsakor arma azpi-artean zutik zetxikanak.

        — Egia duk.

        Kapitainak oilaskoaren hegal hezurra murtxatzen zuen, hezurraren barneko jarioa hurrupatuz eta gero behatz puntak milikatuz.

        — Aspaldian ez diaguk hain gauza onik irentsi... Luc eta Marc jateko zerbaitekin itzultzen ahal balira!

        — Ez baldin badira itzultzen herria zitzikatuko diaguk! —espantu egin zuen besteak, ezpain izkinetarik urina zeriola.

        — Bazterren baketzera etorriak gara —azpimarratu zuen kapitainak, luzaroan isilik geratua zen Beinatek eransten ziola:

        — Gure baketzea eta gerlaren egitea ez dea funtsean berdin?

        Gau urdinak mortua eta mendi kaskoak balakatu zituen. Luc eta Marc ez ziren itzuli, ez ziren egundaino itzuliko ere. Ondoko goizean, tropa urriak igurika egoteak aski iraun zuela jujatu eta herria setiatu zuenean, bi gizonen hilotzak, barrabilak ahoan trebes, egurrean gurutzefikatuak kausitu zituzten. Ahal zuten egoitza orotan sartu ziren. Ateak ostikoka zabaldu ziren. Mugitzen zen guztiari tiroka zebiltzan, beldurraren beldurrez, izan oilo, arratoi, ardi edo ahuntz. Jenderik ez zuten harrapatu: azantzik gabeko beren krima kunplitu eta, etsaiek ilunpearen geriza baliatu zuketen mendian haratago ihes joateko. Haatik, aterpe apal eta beltz bateko ezkaratzeko izkina batean, soldaduek ahantzia edo abandonatua zitekeen mutiko ahul bat gatibatu zuten: ez zen ibiltzen, jarririk zegoenean gorputza balantzaka zerabilen, soako herabetia zeukan eta munduaz haratago zegoela zirudien. Kapitainak bortizki galdezkatu zuen:

        — Herritarrak non dituk?

        — Ekakik, ekakik... —marmaratzen zuen, begirada zohardiaz soldadu izutu haiena desafiatuko bailuan.

        — Soik putiko... Gure bi lagunen pare gurutze batean zintzilikatuko haugu!

        — Kapitain, ez du deus ulertzen; propioki mendeka gaitezen —proposatu zuen karkar susmatzen zenak—, ikus dezaten, gordagietarik ilkiko direnean, hemen nork duen manatzen.

        — Herritarrak non dituk?

        Kapitainak eskatzen zerraikan, mendekuaren ildoa urratu nahi zuenaz axolarik gabe. Elbarriak ehungarrenekoz ekakik marmaratu zuenean, gontzetarik errautsi kapitainak zaflako bortitzaz mutikoaren gorputza lurrera aurtiki zuen, birindika.

        Luc eta Marc dilindan zeuden egurretarik jaitsi zituzten eta lurperatu, kapitainak Georgesi errautsez ito Biblia zaharra eskatu ondoan. Banaka zein taldekako joaldien ondorioz hiltzeraino kolpatu eta jadanik panpina dislokatua bihurturiko mutikoa hagetan iltzatu zuten, gizagaixoaren oihu eta auhenei elkor. Artalde baten marraka antzeman zuten. Zeruan aireko militarra pasatu zen. Gizonek mendeku lana mututasunik hotzenean bete zuten, Luc CGTko ordezkari eta Marc Naonedeko errient lanean hasi berriak gogoan. Marcek palto kakiaren barruko sakelan zeraman bere emaztegaiaren potreta Beinati eman zion kapitainak:

        — To, hiretako.

        Beinat kapitainari beha zegoen, afruntatua.

        — Ardura egon zarete argazki horri begira: emazte umil eta eder hori nola deitzen da?

        — Marie-Pierre.

        — Hemendik bizirik ateratzen baldin bahaiz ene partez goraintzi emaiok.

        — Bai, kapitain jauna.

        Beinat kasik guardian bermatu zen, armada-nagusiak esku gibelaz jada ez dik balio keinukatzen ziola.

        Mendietarik Aljerrerako itzulerako bidean zazpi kidetako saldotxoak ez zuen gelditzeko betarik. Ez gauez eta ez egunez. Mehatxupean bizi ziren. Handik eta hemendik zetozen etsaien tiroak. Ez zekiten nondik: horrek errabiatzen eta urduritzen zituen. Kapitainak hotsak entzuten ziren lekura bidaltzen zituen gizonak, eta sute hondarrak baizik ez zituzten han aurkitzen. Zanpa-zanpa aitzinatzen ziren orduan, hatsa labur eta buruak apal. Ninikak hargatik finko. Ekia zeruaren erdian jauntzen zenean, egarria pasatzen zuten eta olibatzeen maldara heltzean, itzalean jartzen ziren ahamen eta ur ttilikaz sosegatzeko. Hitzik ez zuten trukatzen. Bakoitza bere gogoetan itotzen zen. Une horiez baliatzen zen Georges apeza, zakuan zeraman liburuko zatiak irakurtzeko:

        Ez dute gehiago ez goserik ez egarririk pairatuko, eta eguzkiak edo ezein berokeriak ez ditu trabatuko. Tronuaren gainean dagoen bildotsa beren artzaia izanen delako, jario biziz aberastu iturrietara gidatuko ditu, eta Jainkoak begietako malkoak oro idortuko dizkie.

        — Ez hiza zozokeriak erratetik nehoiz aspertzen? —artekatzen zuen lagunen batek:

        — Isil hadi, otoi.

        — Utz azue —marmaratzen zien kapitainak.

        Beinatek halaber heziketa hutsez, belarria xerrent beha jartzen zion etxean ikasia zuelako apeza derrigorrez errespetatzekoa zela. Georgesek jarraitzen zuen:

        Ikusi nuen gero jende multzo erraldoi bat, nehork zenbatu ez zezakeena, nazio guzietarik, tribu guzietarik, jendalde guzietarik eta mintzaira guzietarik. Bildotsaren eta tronuaren aurrean zutik zeuden, arropa zuritan apainduak, palmorriak esku-artean zatxixkatela.

— Arren goazen orain, agudo!

        Kapitainaren marraka ozen zebilen, bortu lerroaren malda ilunean, inguma ibiltariak begimendu zituela zioelarik.

        Behialako gatazkan Luc eta Marc galdurik, armada puska gero eta urriagoa eratorrian aitzinatzen zen. Beinatek aldion taldea gibeletik zaintzen zuen. Metro zenbaitetara kapitainaren urratsak segitzen zituen. Oroitzen zen nola gizon zardai horren ezagutza egin zuen hogei hilabete zuela, kontinentetik zetozen beste bost ehun adin bereko mutiko gazterekin Aljer hiri bazterrean kokaturiko Lyautey izeneko kasernan sartu zutenean. Bi asteko soldadu-apailakuntza ukana zuten Marseillan. Halaz, lurrean herrestatzen ikasia zuten, horma gorakoiak gainditzen, lohian ihalozka lerratzen, berrogeita hamar kiloko pisua bizkarrean lasterkatzen eta egunean behin bizkotxa gazia ur xorta batekin irensten. Orduko bidaiaren asperraz gogoratzean oraino mareatzen zen Beinat, kapitainaren itzalean berme. Otsabidetik lau mutil abiatu ziren. Baionan bildu zituzten. Han, armadako jantziak eman zitzaizkien eta Afrikara joateko premiazkoak ziren txerto bat edo beste egin. Hogei urte zituzten.

        Gerla, zaharren ahotik ipuin anker nahiz gertakari latz gisa kontsideratzen zuten haur hotzak baino ez ziren. Pierra, anaia zaharrak doi-doia ekidin zuen Aljeriakoa, Ameriketara joan zelako, osaba Johnen gonbitari erantzunez. Peterren suerteaz jeloskor zen Beinat. Baina zer egin? Amodio seinaleak bazeramazkien infernuaren bihotzeraino, etxetik partitu zenean, amamak oparitu zion eta lepoan zeroan Lourdesko medaila zilar-urdina ferekatzean. Ez zuen inori aitortu, baina Baionako kasernako lo-gela zabal eta urrin txarreko ohean, Beinatek negar egin zuen: Maitexa amets? Ez bakarrik. Galtzen ari zen lasaitasuna eta inozentziaren zama zeraman kolkoan. Ilundura bultak gau bat iraun zion eta goizean kideen antzera, prest zen Aljerialat joateko, belaunaldi hartako gazteen destinua halakoa zenaz gain.

        Beinat, Etxeberriko Patzikorekin Marseillarako trenean sartu zen. Adrien eta Michel Tolosan jaitsi ziren, beren bidaiaren jo-muga Port-Vendres zelako eta handik Oranera zuzenka. Baionako geltokian, gerlara zihoazenen ohorez menturaz, andere panpoxen agur kantatu eta hunkigarriak jaso zituzten: Aljeriak frantses behar zuela zioten, han ororen gainetik bakea premiazkoa zelako. Medaila-sailak papoan daldar zeramazkiten adineko soldadu-ohi batzuek banderak inarrosten zituzketen eta jendarmeak mutikoak, atzera begiratzeko astirik ukan ez zezaten segurki, abereak bezala bagoietara bulkatzen saiatzen ziren. Trena hartzen zuen lehen aldia zen Beinatentzat: ez zen sekula etxetik Donapaleuko merkatua baino urrutiago ilki. Bihotza pilpilka ari zitzaion, baina uniforme beilegiaren azpian, norbaitek mutikoaren izpirituaren bihurguneak ikertuko baldin bazituen, halako harrotasun zutabea ere sumatuko zuen.

        Anitzetan aditua zuen arren lanerako deus-eza zela, besta eta neskak gustukuago zituelako agian, aitatxi eta aitaren ildotik abiatzen zen bederen: gerlari. Kausa onarentzat gainera. Alabaina, prediku aulki edo Herria astekariko orrialdeetarik adibidez, apezek eskualdun gazteak leialtasunera haiatzen zituzten: felaga tzar horiek behar ziren betirako kalitu. Familia jatorriz Bankakoa zeukan eta Orleansville eskualdean etxalde handi baten buru zen Bettan Bidegorry batek izenpetu gutuna harriturik leitu zuen Beinatek astekari euskaldunean, sei-zazpi hilabete aurrerago, sukaldeko subazter xokoan:

        — Bakerik ez dugu. Egun soil bat ez da pasatzen araba auher horietarik bat gure kontramaixu bati edo besteari arrabokatu gabe. Nabala distirarazten dute fite eta gureak lanjerrean dira. Jendarmerialat joaten gara, baina nahasmenduen geldiarazteko ez dira sekula aski. Kukumixak nola hiltzen dituzte banaka. Jakin dugu Frantziak bazterren kalmatzeko armada igortzen zaukula. Hondarrean! Ondorioak sentitzen ditugu jadanik eta eskerrak bihurtzen, gure salbatzera jiten diren eskualdun soldadu gazter...

        Halatan, Marseillako Sainte-Marthe bil-zelairaino zihoala, harri batez bi txori, Aljeria frantses zaintzerakoan, hango frantses-eskualdunak salbatuko zituztela barneratzen zuen Beinatek.

        Biskratik Aures hegiko mendietan barna zetorren armadatik geratzen ziren soldaduen itzulera zail eta gogor hau bezain gogorra iruditu zitzaion Beinati Nemours izeneko itsasontzian egin zuen Mediterraneoaren zeharkaldia, hogei hilabete lehenago. Uniforme garbiaren ordez, berde-marroi koloreko soldaduena ukan zuten, barda eta fusila arautuekin. Bi mila eta bost ehun mutiko binakako herroketan kokatu ziren tropa-garraiorako baliatzen zen batel erraldoiaren sabelean. Armadako buruzagiek ez zituzten handik ateratzera uzten, beren beharren eta itsas-minaren ondoriozko aurtikitzeen urrinak ontziaren behereko gela pozoitua perdukatzen zuela. Larruan josten zen zital tepoa. Hezurretan barreiatzen.

        Lo egin gabe higatu gauetarik landa goizean kafe ura banatzen zitzaien, eguerditan salda ura eta ogi puska idor bat, eta arratsetan eguerdiko hondarrak. Beinatek solaskide arruntik ez zeukan. Patziko auzoa Marseillan galdu zuen, zertifikata erdietsia zuelakoan irrati-transmisioetara bideratu zuten, korpuz hartan biltzen zirela herriko notableen gomendioak lortuak zituzten gainerako euskaldunak, ikasle, apezgai eta etxetiar ohoretsuen semeak! Irakurtzen zekien arren, Beinat aldiz, azken mailako soldadu izendatua izan zen. Adiskideen hatzik ez baldin bazuen ere, gaurkoan Biskratik ihesean Aljerrera itzultzen entseatzen zen armada-abartxoaren baitan kidetzat zeukan Georges apeza batelaren tripa hiroan ezagutu zuen. Goitikin eta kaka meta lehortuen artean zutitu eta liburu zaharra irekitzen zuen:

— Eta bere ahotik bi aldetara zorroztu ezpata jalgitzen zen, nazioen kolpatzeko; burdinezko makilarekin gorbernatuko baititu, ezen hark Jainko guziz ahaldunaren kolerazko oldez hanpatu ardo-ontzia aztalkatzen baitu. Bere apainduran eta bere azpian darama idatzirik: erregeen errege, jainkoen jainko...

— Mutu sortu bahintz behintzat bakea genikek.

        Gehienak oihuka jaukitzen zitzaizkion, batzuek zapata ferratuak begitartera aurtikitzen zizkiotela.

        — Aljerialat etortzea errefusatu behar genuen.

        Georgesen ahots eztiak kideen harramantza-uhin ilunaren ezinegona atitxatzen zuen.

        — Auxilik Jesus! Nork entzun ere!

        — Gure hogeita lau hilabeteak ahalik lasaien pasa eta killa! Eztiaguk besterik nahi. Eta etxera.

        — Uste duzue lagunok nor zareten badakizuela, baina Aljerian jasango duzuenaz haratago izatera bortxatuko zaituztete...

        Apezaren hizteria ez zen gelditzen, eta goseagatik, zorriengatik, aire likitsagatik, ontziaren behereko gela zikinean algara animalea hazten zen. Beinatek adituriko gerla garaiko karkara eta desafio bakuna entzun zuen:

        — Ez ote gaitu hire Jainkoak salbatuko?

        Aljerian zegoen lehen hilabeteetan troparekin lur suntsituaren politika zela ziotenean parte hartu zuen Beinatek. Eta ez zen irri egitekorik: mextak sutan, kabalak sangreatuak, neskatxak bortxatuak eta umeak urkatuak, harkiek makila ukaldika kalituriko FLNko errebeldeak, soldaduek eri ttittila higitze beharrik gabe. Gizon gehienak hainbeste bortizkeriaren aitzinean mutu eta ezaxola geratzen ziren; Aljerialat etorri berriak aldiz trenputxartzen ziren, izutzen eta sabel husten. Erotzen batzuk. Gogoan eduki behar zen, zioen Beinatek geroxeago, soldaduak hor aljerianoei mila pairamen jasanaraziz, frantses armadan zeramaten bizimolde doiaz mendekatzen zirela, hogei urte zituzten, bi gauetarik behin guardiako ziren, deusengatik kasik, hamar egun segidako gaztigua harrapatzen zuten, beren emaztegaietarik bereiz zeuden... eta kanpamenduetan burrustan isurtzen zen garagardoak hazi hordimenak ez zien bihotzaldea baketzen, alderantziz behar bada. Aljerko Lyautey kasernan doan banatzen zitzaien gitane zigarreta merkea erretzen zuen Beinatek, eztul eta auhenez konkorturik.

        Hor zuen halaber, pazifikatze operazio batetik itzultzean, zaindari zegoela, gizon bat nola zitzikatzen zen lehentze begimendu. Uste zuen ez zela ohituko. Baina usaia hartu zuen. Ez zituen gehiago erraiak botatzen, felaga baten orroak aditzean edo felaga hori bera mila puskatan hautsia eta hila begimentzean. Hiru etsai, familia bereko kideak omen, arrastatu zituzten Tizi-Ouzouko gailurretan. Soldaduz inguraturik hirira ekarri eta bi egunez ganbara ustel eta hertsian preso atxiki ziren. Arratsalde batez soto batera eraman zituzten. Biluzik, zutik eta eskuak loturik pairatu zuten telefonoaren, hala deitzen baitzen elektrika gorputzean hedatzen zeneko tortura, eta ur-laurdenaren estira gaitza: ez zuten hitz egin. Behi-zain kolpeka joak eta artarik gabe abandonatuak izan ziren, hilak. Semeetarik bat mintzatu zela jakin zen ondotik, beste biak laxatu zirela sinetsarazi zietelako. Harrapatutakoak ubelduraz ubel ziren. Eta soldaduentzat berdin zen hiltzen baldin baziren ere, gerizatuak eta presoak edozein gisaz exekutatuak zirelako. Tortura salaketak kazetetan azaltzean, armadako buruzagiek soldadu txepelen basakeriaren gain jartzen zituzten arren biolentziak, bigarren bulegoko kapitain-zuzendari arduradun handiak bazekien gertatzen zena, eta maizenean, tortura ekitaldietan hor zegoen, soldaduak haiatzen. Jadanik Beinatek, Biskratik Aljerrerako armadatxoaren gibelean barranda zebilenean argi zuen hori, ez zeukan eraginiko minarekiko sentimendurik: orobat zitzaion eta bizirik etxeratzea baizik ez zuen desiratzen.

        Blidako kasernatik hurbileko jaurretxeko sotoan begiztatuak behin betikoz markatuko zuen. Han alabaina, presunerrak metatzen ziren, eta goserik atxiki artzain-zakur hamikatuak gela hotzetan zerratu preso musulmanen artera libratzen ziren. Bistan dena etsai bihirik ez zela desmasia hartarik salbatzen. Halatan, egiaren errateko, itsasontziko Georges apezgaiarekin betekizun berrira moldatutako taldean kausitu zenean, Beinatek atsean hartu zuen. Kaserna eta torturaguneetarik urrun ibiliko zen, kanpoan, aireari, mehatxupean baina aldi berean, ustez kontzientziaz lasaiago. Adiskideak, agurtzean, Liburua erakutsi zion iragan partekatuaren jakile bailitzan:

        Beren lekukotasuna ematea bururatuko dutenean, amildegitik gora jiten den abereak gerla eginen die, garaitu eta erailen ditu.

        — Hara Georges! Nola zara?

        — Ongi. Eta zu? Nola patitzen duzu hemen pasatzen dena? Munduaren azkena bertan dugula irudi luke.

        Apezak korrok egin zuen. Beinatek Blida eskualdean begiztaturikoa kontatu zion:

        — Zakur haiek izugarriak ziren. Ez dakit non hazten diren horrelako piztiak. Burua apaltzen nian ez ikusteko, baina paraxutista batek jo eta bulkatzen ninduen: «Atxik itzak begiak zabalik mutxiko!».

        — Aljerialat etortzean zerbait galtzen diaguk, Beinat. Jendetasuna naski. Kartzelan egon nauk, sei hilabetez burdinak oinetan, sarjentu bat hiltzen entseatu nintzelakoan, operazio batean neskatxak bortxatzera behartu nahi ninduelako. Nik, mentsa ninduan, sakelatik pistola atera eta pum! Huts egin nian, zorigaitzez. Bi manamendu baditiat bide-zedarri!

        — Baia? Zein dira?

        — Ez hiza girixtinoa Beinat? Naski baietz. Muinak inarrosiko ditiat: bata ez duzu jainkoaz besterik zerbitzatuko eta bigarrena ez duzu hilen. Biak abantxu larrantzi ditiat sarjentu asto harengatik!

        — Gero preso. Ukan dukezu pentsatzeko astia.

        — Eta nola! Hondarrean, Biskrara manatua den hamabost soldaduko saldo urri honetara igorri nitek. Operazio berezia. Sekretuzkoa. Hire harrapatzeko ene plazer berritua!

        Murritzago zen ordea Biskratik itzultzen zen taldea. Kapitaina aitzinean zihoan eta gibeletik bospasei gizon gazte. Atzealdean, beti, Beinat. Lurralde lanjerosean bazebiltzan. Itzalak bat-batean hupatzen ziren muino kaskoetara eta zohartu bezain laster urtzen, mehatxua areagotuz. Kiderik ez zuten nehon kausitzen eta zeharkatzen zituzten gune mortuetan izuak malgorturik ibiltzen ziren. Gelditzen zirenean, edateko, jateko edo karta geografikoak aztertzeko alde orotara so zeuden, tiroak nahiz kolpeak nondik etorriko zitzaizkien goaitatzen. Bideak minatuak ziren.

        Beinat gogoetatsu zegoen. Ez hain aspaldi Malraux ministroa entzun zuen irratian, metropoliko prentsaren akusazioak ezabatzearren Aljerian ez zela gehiago torturarik obratzen bere ahuntz ahotsaz finkatzen. Alta ez zuen burutik kentzen ahal felagetarik ere ez zen musulman bat nola arrastatu zuten Palestron: jejenaren suplizioa plantarazi zioten, larruzko zintaz kaskaka jo, ukabil eta ostikoka zitzikatu. Omo lixiba errautsa irenstera behartu zuten. Etsaia lurrean zegoen, oihu eta negarrez ihalozka. Soldaduak irriz, konpainiako omonierra barne. Geroago, goitikinez eta gorotzez tindatu gela hertsian, axuanta bere zerbitzuko pistolarekin tiro eginez lasterkaraziko zuten, mendekuaren jokoa baltsa hilkor bihurtuz. Gizon horren bekatua: ez zuen urtarrilaren 8ko erreferendumean bozkatu eta herkideak berdin egitera gonbidatu zituen.

        De Gaulle Frantziako lehendakaria erreferendumaren sustengatzeko Aljerren zen abenduan. Aljeria frantses nahi zutenak eta independentziaren aldekoak buruz buru borrokatu ziren. Paraxatutisten jukutrien ondorioz ehun eta hamabi hil zenbatu ziren ofizialki. Georges ere Aljerko manifestaldiaz gogoratzen zen:

        — Paraxutisten kasta bat sortu zuan orduan, supergizonak, kolorez apainduak, nabala gerrian eta fusilak eskuetan karriken jaun eta jabe paseatzen zirenak, musulman airea edo itxura zeukan edonor goratik hartuz. Txapel berde, urdin eta gorriak armadaren indarraren ikur, bazauka hiri Beinat!

        Mutikoaren oharrik igurikatu gabe zerraikan apezak:

        — Militarrei inteligentzia ez zaiek gustatzen eta pentsatzearekiko herra soldadu izendatutako haur hotzen burumuinetara isurtzen ditek. Gazteria horri jendearen errespetua galarazi eta ume aurpegiekiko paraxutistak, hirietan musulmanak eta beraien bidean trebes dauzkatela irizten duten adineko zohituak urrikirik gabe kolpekatzen ditiztek. Harrigarria duk, hilabete batzuk lehenago lantegietan edo eskoletan, edo oraino elgeak goldez udalatzen idien hotsemaile perestuki lanean ari ziren haur hutsak nola aldatu dituen armadak eta indarraren gorazarreak.

        — Ipar Afrikako Frantses Lurra zaintzeko betekizuna diaguk, haien erranen arabera.

        Beinatek Georgesen elegorea apurtu zuen.

        — Sasi-oldartze baten erasoetarik jendeak salbatu behar genitian. Bizitza ekonomikoa, garraioen segurtasuna, etxe eta eskola eraikuntza obretan gure parte hartzearen garrantzia azpimarratzen zigutean.

        Bi gizonak hitz agortu ziren.

        Biskratik nekez Aljerrera zetorren saldo xifrituko soldadukide bihurtu aitzin, Georges apeza hiri nagusitik hamabost kilometro eskasetan zegoen Aterpe batera izendatu zuten. Horra ekartzen zituzten, operazio militarretan harrapatu eta terroristei laguntzea leporatzen zitzaien herrikide eta laborari familia osoak. Han egon zen lauzpabost hilabeteetan, Frantziako armadak, KGBren ikas-lerro nagusiak baliatuz jende galdu horientzat kudeatzen zuen ekintza psikologikoaren harat-honaten ikertzeko astia ukan zuen: lehenik gizakia desintegratu behar zen, isolamendu egoera sortu, gosea, egarria eta umiliazio etengabea landuz, jendea bere girotik bereizi, buruzagi bekaitz eta kanpotik manatuek engainatu gaituzte erratera heltzeko gisan; bigarrenik gizaki hura hartzaile plantan jartzen zen, kolpe psikologikoak emanez, jendartearen aurkako krimak haiatzen zituztelako kontzientzia txarra garatuz eta konplizeenganako herio-gaztiguaren mehatxua hedatuz. Bertan hasten zen endoktrinatze sail berria, Frantziak zergatik oldartuak borrokatzen zituen sakon, fermu eta zabal irakatsiz, psikologikoki berregituratu talde azkarra osatuz eta azkenik, barnetik heziak izan ondoan, batzuetan nehoiz etortzen ez zen askatasunaren parpaila begien menean inarrosten zitzaien. Georges, Lillen sortutako oihalgintzako langile bikote komunistaren semea, armadaratzean apez zelako faborezko tratamenduari uko egin ziona, kirolaz arduratzen zen Aterpean. Baina Aterpeko zuzendaria, izpirituz egokitzekoak ziren jendeen osagarriaz sobera axolatzen zela konturatu zen eta Palestro kokatzen zen paraxutisten IV. Konpainiara bidali zuen. Han geratu zen Hichter sarjentua tirokatu eta huts egin zuen arte.

        Beinatek zinez maite zuen arrats apaletan, eguzkiak gorritzen zituen mendi arteka gordeetan gauerako borobilean kuzkurtzen zirenean Georgesekin hitz egitea. Ez zitzaien horrelakorik usu gertatzen, gehienetan iluna zetorrela, zanpa-zanpa ibiltzen zirelako eta egunez gordetzen. Baina agitzen zenean Georgesek Liburua eskuratzen zuen:

        Ordu hartan berean, lur ikara erraldoia garatu zen munduan; lur ikara horren karietara hiriaren hamarrena erori zen eta zazpi mila jende hil ziren, eta izuz harritutako besteek zeruko Jainkoa auspez goretsi zuten.

        — Biba hi!

        Beinat lausenguz hurbiltzen zitzaion, kapitaina isilik eta gainerako soldadu anaiak trufari altxatzen zitzaizkiolarik:

        — Nondik duk istorio zozo hori, apez? Isil hadi bederen, etsaiak ez gaitzan entzun!

        — Segi beza, apalago...

        Kapitainak Georgesi eskatzen zion, amultsuki:

        — Baduka hor nonbait Mateoren ebanjelioko Mendiko Predikuaren idatzia? Irakur iezaguk bada.

        Lehen aldia zen kapitainak Georgesi Liburuaren zatiren bat leitzea galdatzen ziola. Lanjerra ukigarri zen, Aljerrera ari zen soldadu talde tartail eta tematsuarentzat: kapitainaren gustuko gizonei libertate pixka bat zilegitzea komeni zen agian eta berak Mendiko Predikuaren aditzeko gutizia larria zeukan.

        Bideari ekin zioten. Borj Boun frantses kaserna bat bazen: sufrikarioen amaiera zena? Mutikoek atsean hartuko zuketen ohean etzatea eta ur freskoz garbitzea; ez zuen gehiagokorik amesten Beinatek, aldion saldoaren buztanean zebilela. Hamabost kilometro zeuzkaten egiteko armadaren kanpamendura heltzeko. Baina hara non bortu-gain zehargi batetik, nehork ezin zehazki iragar nork eta nondik, tiro batek erdiz erdi urratu zuen Beinaten lagun-mina bilakatzen ari zen Georges apez gaztea. Euskaldunak, kidea aldamenean erortzen ikustean, urkatzen zen kabala orro latza bota zuen. Saldoko partaideak inguratu eta hurreratu zitzaizkion. Bazterretara begira kapitaina mintzatu zen, durduzatua:

        — Mila deabru! Urde zikinak! Georges hunki ditek! Baina? Bizirik duk oraino.

        Eskuko bi hatzak lepo-zainean pausatu zizkion.

        — Pultsua ahul daukan arren, bizirik da, dudarik gabe, ez luzerako ordea... Goazen arroka horien maldara!

        — Lagun nazazue Georgesen tiratzen...

        Beinat otoizka ari zen, malkotan, soldadu-lagunak dardararen dardaraz, zuloetan gordetzera lehiatzen zirela, hartz-ume lotsati: ahal duena salba bedi! Beinatek oinetarik garraiatu zuen apez erdi-hilaren gorputz astuna.

        Tiro-trukaketak bizpahiru oren iraun zuen. Saldoak ez zuen felaga bakar bat begitandu. Gerard eta Martin, Provence aldeko bi adiskideak ehoak izan ziren; kapitainak bat-batean ez higitzeko eta tiroei ez ihardesteko ordena eman zuen. Beinatek Georgesen burua ahurretan zetxikan, oraindik ere ahulki baina hatsa hartzen zuela. Harriaren maldan ttottotu zen kapitaina, fusila zango artean zutunik, etsia:

        — Hauxe bakea! Gu hemen sufritzen, kideak hiltzen ikusten eta gerlara deitu gaituztenak han, lasaiki beren bulegoetan, lan hiroa dagigula...

        Ahotik, eztul batez, lurreko errauts gorriarekin nahasi zen kerru malgua bota zuen. Jean, Pierre eta Philippe bata bestearen kontra geratzen ziren, ikara, eguzkiaren azpian erretzen, berotasuna eskas balute bezain hoztuak. Beinat Georgesi mintzo zitzaion:

        — Errak hi, apez, ez haiz araiz mundutik horrela eskapatuko? Hago istant bat, Aljerrera bizirik eroango haugu. Bertan gaituk... Oroit hiza duela bi egun, piztia eta mamu istorioak bazterturik, Mendiko Predikua irakurri haugula? Jadanik hitz hauek iltze zeuzkeat arima-zokoan, orduko goizeder hura, gerlarik, jende hilik eta torturaturik ez bailitzan, denak etxean bagina bezala... Baina ez gaituk etxean...

        Matela Georgesengana hurbildu zuen bizi-indarraren neurtzeko. Georgesek orduan begiak ireki zituen eta kordoka auhentsuaz libratu zen:

        — Beinat, har ezak Liburua hiretzat. Izan hadi lurraren gatz eta munduko argi.

        — Hau baiki apez solasa! Deabrua! Georges nora hoa? Hago! Kanta dezagula oraino! Georges?

        Basamortuaren ozena jabal zegoen. Bizirik ziharduten apurren hats hartze kolpekatua salbu. Denek, momentu latz horretan, Georges, Gerard eta Martinen antzera, segur aski hilik nahiagoko zuketen. Ehiztarien mehatxupean ibili ondoan, beltzaren beltzean, zepoan sartutako azeri sotil eta akituen pare ziren, aitzina ezin, gibelera ezin eta infernua bera etsai. Zeruaren hegitik, arranoa edo saia zen ez zekitela, txori erraldoia jazarri zen, intzirika. Tiroak oihartu ziren ortzaizeaz bestaldean. Georgesek Beinaten altzoan azkena eman zuen, odolez itorik. Apez gaztearen gorputza hatsak abandonatu zuela konturatu zenean, haren soako urdinean bere desesperantza propioaren hondoa izartu zuen: nehoiz eta nehori ez zion adiskidantzak zitzifrikatzen zituen gerla hau aipatuko, batez ere ez noizbait edukiko zituen haurrei. Aitatxi eta osabek ez zuten besterik egin, gerla besta handia bailitzan, tiroen artetik zimiztatu neska panpoxez eta hordimenez mukuru.

        Behatzen laztana erakusle, Georgesen begiak hertsi zituen. Liburua orrialde itsu batean ireki zuen:

        Hemen da zuhurtzia. Endelegua duenak konta beza piztiaren zenbakia. Ezen haren zenbakia gizon batena da, eta haren zenbakia sei ehun eta hirurogeita sei da.

— Beha itzazue... Burrunba horiek?

        Philippe zutik zegoen, iparraldera begira.

        — Behar bada gureak dira?

        — Pentsa, nehork ez daki eskualde hauetan gabiltzanik ere! Ahantziak gara! Arrunt ahantziak! Laster, zeruan zirurikan dabiltzan arrano horiek gure haragi ustelduz aseko dira...

        Lehen aldikoz hitz egiten aditzen zen Jean martinikarrak huxtukatu zuen, Beinati Liburua eskutik ebatsiz:

        — Irakurtzen dituan gauzek urduri jartzen nitek! Kalitzen haut zikinkeria hori berriro zabaltzen baduk!

        — Apalago, otoi!

        Kapitainak orroaz, belarria luzatzen zuela.

        Aska lehorraren sartaldeko mihian, frantses bandera kapotearen gainean zut-zuta zekarren kamioi bat azaldu zen. Gorderik zeuden gizonek, kapitainaren manua igurikatu zuten, ageri jauki aurretik. Jeanek punpa batez zeharkatu zuen aterpe naturalaren eta bidearen arteko eremua. Oina pausatu orduko, tiro zaparrada batek gerri aldea erdizkatu zion eta odol putzuan ihalozka, gibelera erori zen. Kamioitik mitraileta asots nasaiak ozen zetozen eta partida zuena irudiz, tiratzaile bakartia, tiratzetik gelditu zen, hila menturaz.

        Kapitainak soldaduei kamioira igotzeko ordena eman zien. Kolpatuak eta hilak atzera aurtiki zituzten, martxandiza arruntak bailiran. Beinat bat-batean gerizara itzuli zen. Kapitainak erasiatu zuen:

        — Beinat, zer duk? Mentsa hiza, hilen haute!

        — Liburua... Georgesen Liburua han utzi dut.