Eta handik gutxira gaur
Eta handik gutxira gaur
2004, narrazioak
168 orrialde
84-95511-63-0
azala: Lourdes Sanchez
Eider Rodriguez
1977, Orereta
 
2021, nobela
2019, saiakera
2017, narrazioak
2007, narrazioak
 

 

SUSANA, GUDARIA ETA POETA

 

Ez zait ikusteko ezer gelditzen. Zubia, zubi bat besterik ez da; erreka, erreka bat; zerua, zeru bat. Paisaia hutsik dago orain, toki aproposa da igandetan lasterka egiteko. Edo ez dago zehazki hutsik: berez den horrek betetzen du, nik begiratzen ez dudanean.

Eye's cat, M. Atwood

 

Madrilera zoazela esan diozu Harkaitzi, Ikeara altzariak begiratzera, oso merke eta funtzionalak direla, etxeraino eramatea ez dela garesti, eta bihar arte ez zarela itzuliko. Han zaude, Madrilen, galdurik. Informazio bulegoan autobus zenbaki hori non har daitekeen galdetu duzu. Ordu eta erdi besterik ez daukazu. Errepidea gurutzatu duzu, zorabiatu egin zaituzte autoek, kafea behar duzu autobusa hartu baino lehen, eta geltoki ondoko take-away batean sartu zara. Irakiten dago kafea. Kolonbiakoa edo Ekuadorkoa dirudien gizon bat autobusaren zain dago markesinaren azpian jesarrita. Bera ere presondegira ote doan galdetu diozu zeure buruari, nor ikustera joango ote den baldin eta kartzelara badoa. Bere ondoan eseriz gero hitz egiten hasiko zaizula susmatu duzu-eta, etxe-atari batean gelditu zara errepideari so. Ondoan dituzun zapata beltz hautseztatuek hegalik gabeko kakalardoak dirudite. Kartzelan dagoen anaia ikustera doala agian, pentsatu duzu. Autobusa heldutakoan ere kafea edan ezinik jarraitu duzunez, oso-osorik utzi duzu atarian bertan. Harkaitzekin akordatu zara. Berak ez luke halakorik sekula egingo. Jatetxeetara joaten zaretenetan ez du janari alerik uzten platerean, nahiz eta gose izan ez, nahiz eta tripako minez egon. Iban ezberdina da. Gezurra dirudi anaiak izatea. Han egongo ez bazina bezala zaude bidaia osoan. Ez han, ez inon. Eguzkiak gogor jotzen du, izerditan zaude. Kaka, pentsatu duzu; hiru urte elkar ikusi gabe egon ondoren izerdi usainarekin elkartu behar. Kartzelaraino eramango zaituen autobusaren leihotik begira zaude. Gidarien besoak ikusi dituzu autoetako leihoetatik zintzilik, ordulari itsusietan bukatzen diren garro iletsuak gehienak. Uste duzu gai izango zinatekeela euskaldun bat espainol batengandik bereizten autotik zintzilik gelditzen den gorputz-atal hori soilik ikusita. Beroak gogor astintzen du. Ondoan daukazun atsoaren abaniko-airea harrapatzen saiatu zara alferrik. Arrain usaina dauka. Iban burusoiltzen hasia dela esan dizute, argal dagoela. Hori da dakizun bakarra. Hori eta ez zaiola boza aldatu.

        Denbora honetan ezin izan zaitut ahaztu.

        Ez duzu enkontruan pentsatu nahi. Paisaiak bortizki alde egiten du zure erretinatik, eta errepideko hautsa eztarrian daukazula iruditu zaizu. Antsietateak eztula eragin dizu. Autobusa gelditu eta kakalardo zapatadun gizona jaitsi da argitasunean galduz. Ez zihoan anaia ikustera. Eguzkiak zuriz blaitzen ditu koloreak, paisaia are tamalgarriagoa bihurtzen. Desolatio, desolationis kantatu duzu. Kontrastea falta duen telebista dirudi. Itzali egin nahi duzu. Bidaiari batek gidariari garrasi egin dio aire egokitua jar dezan. Gidariak ez du keinurik txikiena egin. Berak ere beroaz nazka eginda behar du egon. Terminusa. Hortxe dago, zure parean horizontalki altxaturik, presondegia.

        Bostehun metro dituzu oraindik atera iritsi arte. Pentsatu duzu, Guardia Zibilaren kaseta berde higatuak arkaikoak direla hormigoi uniformearen ondoan. Ez dago denborarik hormigoiarentzako; hori da arazoa, hilik jaio diren gauzak atenporalak direla. Baliteke Iban ziegatik begira egotea, eta badaezpada eleganteki igo duzu malda, burua tente, begitartea zimur. Erakargarri sentitu zaren unean deitu dizu telefonoz Harkaitzek, Ikeara ailegatu zaren galdezka. Bide batez taladro on bat erosteko eskatu dizu, eta zuri iruditu zaizu dena dakiela. Den-dena.

        Hasieran nahikoa izan zitzaizun kariñoa Ibanen gabeziak sortutako dardara baretzeko. Zure despistearen ganduan itsu-makila bilakatu zen, oasis bat. Baina egunek, uneek, segundoek aurrera egin ahala desagertzen joan zen ongizate hura, eta zuk itsaso beltz irenslearen aurrean geldirik aurkitu zenuen zeure burua, bakarrik. Ordurako beranduegi zen ordea, hasi bezain laster izan baitzen berandu.

        Telebistan ikusi zenuten, bazkaltzen ari zinetenean. Ez zenuen ezagutu. Izena eta fotoa ez zetozela bat pentsatu zenuen. Ez da bera. Gero arnasa gabe gelditu zinen. Harkaitz hozkailuan ari zen karraskatzen, izoztutako kroketa bi eskuan, nardagarria zen. Bera ere kroketen moduan gelditu zen anaiaren irudia telebistan zintzilik ikusi zuenean. Mekaguendios bat bera ere jaurti gabe besarkatu zintuen, laztan zenezan, memeloturik. Alde egin nahi zenuen, irain egin, baina bere besoek katea zintzaten utzi zenuen.

        Iritsi zara presondegiko atera. Sakelakoak jo du. Harkaitz. Jotzen utzi duzu. Dena daki baina ez dizu ezer aurpegiratuko. Zigarro bat eskatu dizute. Beste bat. Ilaran jarri zara nortasun agiria eskuan, ijitoen begietan zerbaiten bila. Komunera zoaz ispiluan zure burua konprobatzera, baina komunean ez dago ispilurik. Goragalea duzu. Ezin duzu sinetsi hor atzean dagoela, harresi horren atzean nonbait, zure zain. Iban Agirre Alberdi. Zure txanda da. Arkupetik igaro zara. Deje aquí billetes y monedas. Quítese el cinturón. Txapadunak muskuilu banarekin begiratu dizu, aspertu antzera, sorgor. Alf-en antza dauka. Hartz txinaurrijale batena. Pase. Guardia zibil bat dago kristalaren bestaldean. Begiratu egin dizu eta begiradaz desafiatzen saiatu zara. Enoraturik. Bakarrik utzi zenuen, gehien behar zintuenean abandonatu, eta hala ere ikusi nahi zaitu. Gutun hura, inoiz idatzi dizuten gutunik ederrena, hitzen arkitekturan, sentimenduen grabetasunean, poesiaren zokogune alferretan galdu gabeko gutun hura erantzunik gabe utzi zenuen.

        Inbentarioa egin duzu: Ongizatearen demokratizazioagatik abandonatu zenuen. Ikeako familien zoriontasun aurpegiengatik. Landetako hondarrarekin urtean bitan jolasteagatik. Etorkizuneko zure kroketek miresle bat edukitzearen truke. Eta zure hankek. Eta zure ezpainek. Eta zure ileak. Goizeroko ohe harrotuaren mapan norbaiten zantzuekin topo egiteagatik. Goizero bat edukitzeagatik. Ñabardura domestiko, zeramikazko katilu txuri-urdin folklorikoengatik. Bion liburu bildumen arteko besarkada harmoniatsuarengatik. Poesiaren abaroan noizean behin zure izenarekin topo egiteagatik. Enarak egoki aurpegiratzen dizun bezala, arazo afektiboengatik abandonatu zenuen. Eta Harkaitzen besoetan gelditu zinen. Arazo afektiboak.

        Duintasun itxura mantendu nahian eseri zara itxarongelan. Handik hamar minutura lasaitu eta laxoan utzi duzu lepoa. Ez dizu inork begiratzen, ez zara inorentzat existitzen. Kristalezko ateak itxi dituzte, lau emakume ijito eta haien ume zorritsuekin gelditu zara. Txapadunaren atzetik joan zarete. Korridorearen bukaeran patio bat. Patioaren bestaldean eraikuntza bat. Beste korridore bat. Ez ote zara orain arteko koldarkeria golf makila batez aldentzen saiatzen ariko. Ez ote zara institutuko maitasunen bila ari, erantzukizunetatik ihesi. Pase, esan dizu beste txapadun batek. Ohe handi bat duen logelan zaude. Burdinazko ate baten giltzapean. Ohe ertzean eserita, eskuak soberan dituzu, eta begirada, eta ahoa, eta hitzak. Pauso batzuk entzun dituzu. Giltzaren soinu zurruna. Berriro, Pase. Hor aurrean daukazu: zuri begira, bekainen arteko besarkada luzearen azpitik, besoak zintzilik. Ondoan eseri zaizu. Eskuak jaso dizkizu. Ez da muxurik egon.

        Esku ahalkeak mintzo dira:

        —Zelan?

        —Txarto.

        —Ez da ezer pasetan, e! Ni ondo nago. Zelan Harkaitz? Badaki?

        —Zer?

        —Hona etorri zarela, une honetan nigaz zaudela visean.

        —Ez.

        —Eta?

        —Eta zer?

        Zuk ohi duzun bikaintasunarekin gelditu zatzaizkio begira, hori izango balitz bezala zure borroka. Itsasontzi baten lamina horrible bat dago ezkerreko horman. Eskuinekoan beste bat. Biak berdinak direla konturatu zara.

        —Ohartu al zara? Berdinak dira.

        —Susana, zelan egingo dugu? Susana...

        Sss

        u

        sss

        a

        nn

        a...

        Vayan saliendo. La comunicación ha terminado. Ia bi orduak. Atzapar batek besoa oratu dizu.

        —Susana, bukatu da, joan beharra daukazu. Idatzi, kontaidazu. Nik oraindino maite zaitut, badakizu.

        Ibani begira gelditu zara zerbait ulertu nahian. Soinekoa jantzi duzu, kuleroak eskuan harturik. Azken besarkada, zuretzako lehena. Urrutiratzen ikusi duzu, sahats abaildu baten lerdentasunaz, pauso bakoitzaren ondoren zuri begira, ulertzen ez duzun iluntasunezko keinu batekin, besarkadaren aurretik entzun ez duzun maite zaitut baten oihartzuna korridoreko paretak kolpatuz, zu kolpatuz. Patio bat eta ijitoen begi ilunak zure begietatik urrun.

        Presondegiko atearen langan geldirik, ataria atzean, erantzunik jaso ez duen agur eria ahoskatu duzu.

        Autobusean igo, eta gidariari txartela ordaindu arte ez zara ohartu eskuan dituzula kuleroak. Presondegia urrutiratu egin zaizu, hormigoi masa hila.

        Argalagoa aurkitu duzu eta burusoilagoa. Kio dorreak ikustean asmatu duzu iritsi zarela. Jaitsi aurretik gidariari galdetu diozu nola joan zaitezkeen Ikearaino. Sapa sobornaezinak tantez bete du gidariaren aurpegia, eta ez dakiela erantzun dizu, hor ondoan Leroy Merlin bat dagoela, bertan ere altzariak eta etxerako gauzak saltzen dituztela. Ibiltzen hasi orduko aurkitu duzu.

        Ez da Ikea baina berdin balioko dizu taladroa erosteko.