Ezinezko maletak
Ezinezko maletak
2004, nobela
256 orrialde
84-95511-62-2
azala: Asun Goikoetxea
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2017, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1998, kronika
1996, poesia
1991, poesia
 

 

Harakin

 

Batere esperantza barik jaitsi zen Harakin hegazkinetik Heathrow aireportuan. Gehiegi izan ziren ibili zituzten medikuak, eta gutxiegi eman zizkieten esperantzak; horregatik, duela bi hilabete-edo, Bazterrek, duela hamabi urte inguru joan zenetik, lehendabiziko aldiz etxera hots egin zuenean, harritu egin zen telefonoa eskegi eta ahots urrun eta ezezaguna hariaren beste aldean entzutean.

        Totelka nabaritu zuen lehendabiziko gizalegekerien ondoren: keriak; izan ere, Harakini kortesiazko formula orok errezeloa sortzen baitzion. Jakin zuela Fermin Londresen izan zela, bazekiela, damu zela... Harakinek azken bi urte eta erdian zerabilen bizimoduak, han eta hemen mila saltsatan sarturik, bestela erakuts bazezakeen ere, besterik buruan, berehala ulertu zuen zertaz ari zitzaion: Manexez, alegia, «Gure semeaz, poza beharrean atsekabea ekarri zien seme hartaz» esanen zion Bazterri. Arazoari, Estik semearena izendatzen zuen moduan esateko, bere baitan nondik heldu ez jakinagatik, jendaurrean aritzean halako normaltasun tonu bat eransten zionez, bidea erraztu zion Bazterri: «Gure semearena jakin duk orduan!» bota zion, azken hitzean barrunbeak salatzen zizkion oilar batek ihes eginez.

        Adiskide batzuk aitatutako Kaplan medikuaz mintzatu zitzaion Bazter: «Oso ona omen duk ume...». Ume ondoren zetorkeen izenondoaren bila aritu zen uneak eternoak egin zitzaizkion Bazterri.

        «Ume atzeratuekin» ebaki zuen Harakinek, berriz ere barnea eta kanpoaren arteko urraduraren mina sufrituz.

        «Horixe. Etorri, nahi baduzue!».

        «Ez diat uste; mediku gehiegitan ibili gaituk, eta...». Bere horretan utzi zuen esaldia, esangabekoari tonu etsia erantsiz. «Dena dela, esanen zioat Estiri, eta hots eginen diat. Emadak hire telefonoa».

        Estik umearekin joateari uko egin zion; baina etsipenari murruak jarri nahian-edo, informe klinikoarekin joan zitekeela iradoki zion, bolada hartan erabiltzen zuen ahots noragabearekin. Sukaldean zeuden, eta Estik txiki-txikia eta basatua ematen zuen fluoreszentearen argitara. Bere buruari garbi aitortu nahi ez bazion ere, gogoeta ez egiteaz harrotzen zen, animaltasuna indartuz sufrimendua saihesten bazekielakoz.

        «Esti, arazoari jira eta bira ibiliagatik, ni baino deseginago zegok».

        Medikua bisitatu, Bazterren etxean ostatu hartu, eta hurrengo egunean itzuliko zen.

        Harategitik Batasunako bilerara, eta bileraren ondoren Bazterretxe tabernako zerbezen ohiko prozesiotik bueltan eginik aurkitu zuen maleta Manexen gelan. Haurrari begiratu bat bota zion zerbezaren alkoholetan kulunkari. Zenbat ilusio galdurik. Esti irudikatu zuen koadrozko maleta txiki hura egiten. Armairu gainetik hartu, koadro arrekara haiei hautsak astindu, gider hedagarria eta gurpil beltzak oihal busti batekin garbituko zituen. Eta gero ohantze gaineko arropa lisatuak, egun baterako bazihoan ere atorra, galtzak, galtzerdiak, galtzontzilo pare bat, banan-banan maleta barnean atondu, Manexi noizean behin kukuxumuxu egiten zion bitartean.

        Bidaiariak, gomazko errezeletatik atera ahala, maletak hartu eta atetik harantz desagertzen zihoazen. Argi-fokuak distira egiten zuen maleta garraiagailu gainean. Flight 963 Bilbao. Bakarrik gelditu zenean erreparatu zion goma beltzari, etengabe pasa eta pasa. Burua altxatu zuen, maletaren paraderoa keinu haren bidez argituko balitzaio bezala. Hutsik zegoen areto handia. Aldeetara so egin ondoren erabaki zuen areto nagusira ateratzea. Ate automatikoa irekitzearekin ikusi zuen Bazter, kezka aurpegian, hura ere aldeetara so. Fermin eta Jexus Mariz akordatu zen. Laurak egin zituen gogoan, gazteago zirenean bezala, edozein gauzagatik barrezka, edo mendian gora, edo poliziek etxetik atera eta komisaldegira eraman zituztenean. «Oraindik ere eginen genikek parranda ederra non ere den».

        Besarkatu egin zuten elkar. Bazter deseroso nabaritzea iruditu zitzaion, besarkadatik ihes egin nahian.

        «Maleta galdu diat» esan zion.

        «Jode!».

        Bazterrek begiak altxatu zituen, aretoan erreklamazio bulegoa non zegoen ikusteko.

        «British, ezta?».

        «Bai».

        Aretoaren beste izkina seinalatu zion, eta harantz abiatu ziren.

        «Beno, zer moduz hago? Zazpi urte ez dugula elkar ikusi! Zuen ezkontzan azkena».

        «Ongi. Estik goraintziak eman zizkidak».

        «Eskerrik asko».

        Orri bat eman zieten erreklamazioa egiteko.

        «Maleta nolakoa zen esan behar didak».

        «Koadrozkoa, horixkak eta arreak; gider hedagarri horietako bat zian. Eta erruedak».

        Bazterrek esandakoa idatzi eta orria eman zion bulegariari. Agertu ahala bidaliko zietela maleta etxera; ez zela biharko agertuko. Orduan, bidaltzeko Espainiako helbidera.

        «Lasai, nire arropa ez zaik kabitzen, baina bazegok etxean hire tamainakoa».

        «Ez dik inporta, ez diat arroparik behar; Estiren kontuak dituk».

        Beste azalpen baten atezuan gelditu bazen ere, ez zitzaion etorri. Bazterren bizkarrari jarraitu zion kanpoko aterantz.

        «Orain medikuarenera joanen gaituk» esan zion Bazterrek taxian sartu zirenean.

        «Urruti duk?».

        «Hirigunean».

        Baiezkoa egin zuen, hirigunean egoteak zekarrena jakinen balu bezala.

        Bazter ezinean nabaritu uste zuen, esateko zerbaiten bila.

        «Beno...» esan zuen lagundu nahian.

        «Zer... Beno» itzuli zion aurpegia bere hitzen irrikan.

        Manex bien artean zegoela iruditu zitzaion, semearen jaiotzatik, bizitzako esparru orotara hedatu zitzaion arazo saihestezin hura bien arteko adiskidantzarainoko oztopo gaindiezina zen orduantxe.

        Bor-bor zituen barrunbeak. Hala ere, borborra ez zuen analisi bihurtzen, ez zituen arrazoiak bilatzen, edo azalpenak, edo bere buruan kinka hartara eraman zuten sentimenduen azterketa egiten. Borborraren harrabotsa aditzen gelditzen zen animalia izutu baten moduan, eta gero lehertu egiten zen ihesari emanez.

        «Badakik etxe asko egiten ari direla Lekunberrin. Kristoren lan pila diagu udaletxean. Jendeak nolanahi eraiki nahi ditik etxeak. Gure eginbeharra duk herria dagoenean mantenaraztea, euskaldun. Euskal estiloko etxeak ez badira, ez diagu egiten uzten, eta horrek istiluren bat edo beste sortu dik. A, nire gurasoek goraintziak eman zizkidatek hiretako... Ez dakik zenbat aldatu den Lekunberri! Oso desberdina zegok. Kanpotar pila zegok, eta horrek gauza asko aldarazi ditik. Bahoa karrikatik eta bazegok herrian bizi eta ezagutzen ez duan jendea. Akordatzen haiz gure herria nola aldatuko genukeen amesten genuenean... ba aldatu, aldatu duk baina...».

        Bazterren bisaia arretatsuari erreparatu zion. Aditze itxurak egiten ari zitzaiola iruditu zitzaionez, supituki isildu zen. Taxiaren kristalez bestaldeko paisaian bilatu zuten laguntza. Ageri zitzaizkion etxe eta kaleak ez zioten ezer iradoki Harakini.

        «Baina...?» Bazterrek.

        Denbora hartu zuen esan nahi zuena adierazteko, Bazterren arretaren benetakotasunagatik harriturik.

        «Baina zoritxarrez ez duk guk amestu genuena. Jendea bere zortzikotan zebilek. Bost axola Euskal Herriaren askapena, bost axola presoak. Gero eta euskara gutxiago entzuten duk karrikan. Lan egin, kiroldegira joan, eta ongi pasa baino ez dik jendeak buruan».

        Bazterren burua kanporantz jiratu zela ikusi zuen. Berak ere kanpoan bilatu zuen laguntza, ezer iradokitzen ez zioten etxe eta kale burrunbatsuetan; baina kale egin zioten. Taxilariaren irudia bilatu zuen.

        «Normala duk» esan zion Bazterrek. «Mundua horrela zebilek». Gero, luze iritzi zion une baten ondoren, «horrela zebilek orain» gehitu zuen.

        Isilik egin zuten Kaplan doktorearenerako bidea. Bazterrek sartu ahala eskaini zion txostena bon vivant itxurako medikuari. Mahai gainean utzi eta eserarazi zituen. Hitz eta pitz hasi zitzaien, eguraldiaz eta Spain gora Spain behera. Espainolak ez zirela esatekotan egon zen, baina mahai gaineko maletatxoak erakarri zion arreta. Larru gorriaren ukipena kilikagarria egin zuen, eta horrek ezinegona eragin zion. Zer irtenbide emanen ote zion? Ba ote zeukan Manexek esperantzarik? Seme eta andrearekiko ordura artekoa aldatzera zihoala pentsatu zuen, gogoetari indar emateko ukabilak estutzen zituela. Dena desberdina izanen duk. Esti eta Manexen azantzak entzun zituen egun hotz batetik ihesi etxeko atetik sartzean. Zergatik tokatu zaigu guri? Barkatu batek baitaragabetu zuen Harakin bulegora. Medikuak, txostena mahai gainetik hartu, eserlekua jiraturik bizkarra eman, eta txostena leitzeari ekin zion. Bazterrek zeharka begiratu zion, medikuaren jokaera arraroaz ohartarazi nahian bezala; Harakin xor zegoen, larruzko eserleku biratzailearen bizkar distiratsuan galdurik. Txostenaren lehendabiziko orriaren atzealde zuria eserlekuaren bizkar beltzetik zintzilik ikustean zapuztu zitzaizkion Euskal Herritik zekartzan esperantza apurrak, ikasia baitzuen, horrenbeste mediku ibiltzearen ondorioz, lehen une hartan medikuak egiten zuen suspirio ia adiezinaren bidez, edo umearenganako lehen bistadizoaren ondorengo hitz dudatien bidez, edo orduan bezala eskuak txostenaren orriak pasatzeko modu axolagabe haren bidez, ez zegoela erremediorik, Down sindromea ez zegoela sendatzerik, Estik hala uste bazuen ere, ez zegoela ondorioak leuntzerik.

        Medikua jiratu zenean bazekiena eta ondorengo «erretolika guztia», berak esaten zuen bezala, nahiz eta Estiri adierazpidea, egia azalarazten zuelako beharbada, batere gustatu ez, ulertu zion Bazterren itzulpenaren batere beharrik gabean, «Institutuko ingelesaren aztarnak, alde batetik», pentsatu zuen, «erretolika, bestetik», alegia, ongi heziz gero asko aurreratzen dutela, gizartean integratu behar direla, irakurtzen ikasi duenik ere badela, eta abar eta abar eta abar.

        Bukatu zuenean, galderarik ba ote zuten itaundu zien medikuak. Ezetz. Horrenbeste bidaia horren gutxirako.

        Agur moduan medikuak eskua sorbaldan paratu zionean, gizon haren dolumina nabaritu uste izan zuen, «dolumina eta poza» pentsatu zuen Harakinek, seguru aski seme-alaba sano eta normalak izanen baitzituen Ingalaterrako Down sindromeari buruzko mediku adituenak; Euskal Herriko harakin trixte bati aldiz... «Hau bizi puta!».

        Igogailuan isilik egin zuten lehendabiziko solairurako bidea. Kanpora ateratakoan euri egoskor batek hartu zituen. Gautzen ari zuen.

        «Zer egin nahi duk» galdetu zion Bazterrek.

        Sorbaldak altxatu zituen.

        «Benga, esan; zer egin nahi duk?».

        «Lagun egidak» esan zion lehor.

        Harakinen laguntza deiak harri eta zur utzi zuen Bazter.

        «Afaltzera joanen gaituk?».

        «Nahi duana, baina goazen hemendik».

        Behin lurrean eseririk, aurrez aurre zeudela berritu zitzaien taxiko elkarrekiko urruntasun adakera. Harakin eroririk zegoen, txekor begiez egiten zion so Bazterri, zerbait esan zezala eskatuz. Sei urte inguru zeramatzaten elkar ikusi gabe, eta derrigorrez izan behar zuten elkarri esateko zerbait, derrigorrez, adiskideak zirelako.

        Bazter hitzaren bila nabaritu uste izan zuen Harakinek, baina hitzik ez zitzaion sortu. Lagungarri, zerbitzaria hurbildu zitzaien, eskaera egiteko libreta eskuan.

        «Neronek eskatuko diat».

        «Bai».

        Sushia hasteko, tenpurak, algak eta okonomiyakea; edateko, zerbeza.

        «Gustatuko zaik» esan zion Bazterrek, ahotsean alegrantzia ukitu bat paratuz. «Duela sei hilabete-edo Fermin etorri zenean hona ekarri nian».

        Winstona zamarratik atera eta Bazterri eskaini zion.

        «Aspaldi utzi nioan».

        «Baina gure ezkontzan erre huen, ez?».

        «Ez, zortzi urte badituk utzi niola»; eta une batez bere baitara bildu ondoren gehitu zuen: «Ez zekiat zertarako, ordea».

        «Nik hiru urtez edo utzi nioan, baina zera, enfin, haurrarena gertatu zenean hasi ninduan atzera berriz».

        Konprenitzen zuelako keinua egiten ikusi zuen Bazter.

        Baina hik ezin duk konprenitu zer den haur baten esperoan bederatzi hilabete egon ondoren haur hori atzeratua, atzeratua, ez gutxitua, ez ezindua, ez mugatua, atzeratua irtetea; nola konprenituko duk hik?, oihukatzeko gogoa egin zitzaion, baina isildu egin zen, zigarroari tira eta tira.

        «Emadak zigarro bat» eskatu zion Bazterrek, «gaur erre eginen diat».

        «Garai zaharren alde».

        Zigarroa izeki zuen eta zerbeza altxatu. Irribarre nakarra ezpainetan jarraitu zion Harakinek, elkarren artekoa aiseago zihoalakoz, lasaiago.

        «Zer moduz zegok Lekunberri, Lekunberri Aranaz?».

        «Ongi. Esan diat: etxe gehiegi egiten ari dituk».

        «Oraindik segitzen duk militatzen, orduan».

        «Gauzak ez zeudek berriketarako». Zalantza egin zuen une batez, baina gero gehitu zuen adar jotze tonua azpimarratuz: «Klaro, balio duzuen guztiek alde egiten duzue!, eta beharko gaizki egon gauzak».

        «Nik ez nian lekurik han».

        «Nola ez huela lekurik? Hura hire herria duk!».

        «Izan ere... zuan; ez zekiat noizbait nirea izan zen».

        Bekoz beko so egin zion Bazterri, zetorren ustekabea sumatu gabe.

        «Badakik homosexuala naizela».

        Ez zen gehiegi harritu, garunaren hondoan betidanik jakin izan zuena berritzea baino ez zela izan otu zitzaion.

        «Ez nekian, nahiz eta Estik aitatuta-edo zerbait susmatu. Zer ikusteko zeukak horrekin?».

        «Zer eginen nian nik zuek bikoteekin bizi zineten bitartean. Zer eginen nian han orain? Iraultza egin?».

        Bazterrek bere burua bridatu zuela ohartzearekin batera mingostasuna eragin zion azken esaldian erabili zuen ironiak. Borrokarako prestatu zen, baina Bazter isilik gelditu zen.

        «Iraultza? Hik ez huen Iraultza egin nahi? Ala orain ez duk Iraultza egiteko garaia?» sumindu zitzaion. «Beti duk garaia Iraultza egiteko».

        Bazterrek keinu uxagarri bat egin zuen eskuarekin. Zerbeza zerbitzatu zuen Bazterrek eta irribarre egin zion tentsio unea faundu nahian.

        «Ez gaitezen haserre. Zer moduz zegok Esti?».

        «Ongi» ahoskatu zion lehor, oraindik aurreko eztabaidaren lorrean. Potroetaraino nagok iraultzaren garaiak iraganak direla diotenekin, pentsatu zuen, baina ez zen azaleratzen ausartu. Aldiz, ahotsaren bolumena jaitsiz eta barkamena eskatuz esan zion: «Ez gabiltzak oso ongi. Umearen arazoak eragin handia izan dik gugan».

        Bazter azalpen gehiagoren atezuan gelditu zitzaion. Beste zigarro bat eskaini zion.

        «Ferminek zer edo zer aitatu zidaan. Datorren hilabetean etorriko duk, psikologo biltzar batera edo».

        «Fermin, hara zer pieza! Ez zian esan Gesto por la Pazen dabilela?», Harakinek suturik.

        «Zer duk Gesto por la Paz?».

        «Putakume koadrila bat! Bakea egin nahi ditek, Ezker Abertzaleak lortutakoa ukatuz, sufrimendua ahantziz. Dena bukatu, ezer gertatu ez balitz bezala egin».

        «Baina bakea nahi ditek, ez? Hori ongi dagoela iruditzen zaidak».

        «Bai, baina ez edozeren truke».

        «Ez zekiat, oso urruti nagok Euskal Herritik».

        Harakini samin eta mespretxuaren arteko keinua marraztu zitzaion ezpainen inguruan.

        «Akordatzen haiz HBren aldeko jaialdi hura antolatu genuenean, zein ongi pasatu genuen» bota zuen nabarmenki atsegina izan nahia erakutsiz; «zer indar genuen gauzak aldatzeko!».

        «Orain ere aldatu nahian zabiltzate», Bazterrek irribera.

        Atsegina ozpintzera egin zitzaion lehendabizi, baina gero asmo onarekin oharturik barre antzeko batek ihes egin zion.

        «Zein ongi pasatzen genuen...». Gaztaroan egindakoetan galdu zen: jaialdia, mendiko igoerak, zer barreak egiten zituzten, atxiloketak...

        «Hi ez hinduten ostiatu komisaldegian».

        Bazterren bisaiak apartetik egin zion so, oso apartetik. Plater zikinak, arrain puxkak, arroz apurrak, hautsontzi zikina.