Blackout
Blackout
2004, nobela
184 orrialde
84-95511-61-4
azala: Jeanne Mannen
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2021, narrazioak
2017, nobela
2013, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1992, ipuinak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Blackout
2004, nobela
184 orrialde
84-95511-61-4
aurkibidea
 

 

—10—

 

Chez Marcelera bildu dira. Ezetz erran dio Juliette Millerrek hasieran, nahiago duela bertze zernahi leku, bertze aldietakoen gisakoren bat, baina amore eman du geroago, Etxegoienen tema ikusirik. Seiak dira, ostatua beteen egon ohi den tenorea, goizez eta arratsaldez karrikaratzen diren egunkarietako kazetariak elkartu ohi diren orena. Etxegoien heldu da lehena, emaztea baino oren erdi lehenago. Leiho ondoko mahai batera jarri eta Hennessy galdatu du. Kopari hurrupaka, karrikari behatzen dio noizik eta behin, edo berari so egiten diotenei bertzela. Lucekin jarriak diren gazteei, batik bat. Behatu eta irri egiten dute beren artean, irri egin eta berriz behatu. Luc serio dago, aitzinean duen Gauloises paketean finko behakoa, lagunen blagei gor, han ez balego bezala.

        Miller anderea, erran du, altxa eta hari eskua eskainiz.

        Etxegoien jauna.

        Aulkia erakutsi eta emaztea lagundu du jartzera. Bizkarra harrotu du poxi bat hark orduan, gizonaren laguntza zaildu nahian menturaz. Zeharka izanagatik, so dute ostatu osoa.

        Granadina galdatu du Millerrek.

        Etxegoien kontent dago, adeitsu. Matelak gorritzen zaizkio mintzatzen den bakoitzean: Musikarako aro ona oraingo hau Parisen.

        Batez ere Wagnerrentzat, ozta erran du Millerrek.

        Bon, ni, dakizunez, ez nauzu musika gorenean jantzia, begiak apaldu ditu Etxegoienek. Swing-zalea nauzu, jazz-zalea, nahiz eta janzkera zein orrazkeraz, arras normala izan, eta ez gazte horien moldekoa, keinu bat egin du Luc eta bere lagunak dauden alderako. Hala ere, badakit zein musikazale gaitzak diren alemanak.

        Musika epikoa maite dute.

        Hori arras ongi dakit nik ere. Haien kanoien azantza pairatu behar izan nuen gerla handian.

        Miller mutu.

        Ez harri, hilabete anitz eman nuen erreketan, botxeei buru egiten, izugarri hotz eta gose maizenik.

        Senarra ere han egon zen.

        Noski, berriz gorritu da Etxegoien.

        Gutirako balio izan zaio.

        Gaizki-adituren bat baizik ezin daiteke izan, erran nizun arestian. Libre egonen da laster.

        Etxegoienen begitarteari josi dio Miller andereak bere behako zorrotza. Isiltasuna.

        Nolanahi ere, erran du Millerrek azkenean, zure eskuetan nago.

        Baina Juliette...

        Hala da, eta hobe argiki solastatzen bagara.

        Nahi duzun bezala.

        Hala nahi dut.

        Bertzerik gabe, aulkiko bizkarraldetik dilindan utzi larruzko zorro handia eskuratu emazteak, paper urdin-ilunean bildu koli bat atera eta Etxegoieni eskaini dio.

        Emanen diozu?

        Helaraziko diot.

        Ongi da, altxatzera egin du Millerrek.

        Zaude, eskua atxiki dio une batez Etxegoienek.

        Gelditu egin da emaztea, harridura edota beldurra izan daitekeen zerbait begitartean nabarmen.

        Mesfidatia zara, Juliette, eta nitaz fida beharko zenuke. Garai nahasiak ditugu oraingoak. Lagunak behar dira. Ni zure laguna izan naiteke.

        Mila esker, berriz entseatu da jaikitzera.

        Eskua askatu dio Etxegoienek. Bera ere altxatu, libera batzuk marmolezko mahai gainean utzi, Luc eta bere lagunak dauden aldera behatu, irri egin eta Miller anderearen gibeletik irten da ostatutik.

        Karrikan, metroari buruz urrundu da emaztea. Velo-taxi bati hots egin dio Etxegoienek. Rochechouart karrika, erran dio pedalei eragiten dienari.

        Europa osoaren jabe bilakatzen ari den armada alemana, Parisko karrika eta bulebarrena ere bada. Autoak, motorrak, kamioiak iragaiten dira beren aferetan dabiltzan paristar irudiz ezaxolatu eta soraioen artetik. Aro epela gerlarako, maitasunerako hautagoa nonbait.

        Das Betreten dieses Lokals ist deustchen Soldaten und Zivilpersonen strengst verboten, irakurri du ate ondoko afixa berria.

        Sar, sar Etxegoien. Hi ez haiz alemana.

        Hauxe alemana ez izateaz pozten naizen lehen aldia, jakinarazi dio atezainari.

        Beterik kausitu du Le Panier Fleuri, gizonez beterik, neskarik ez baitabil inguruan. Markesa —hala deritzote etxeko nagusiari— baizik ez du bar ondoan hauteman. Paretetako paper loredunak, jarlekuen, apainduren eta errezelen kolore ubelak giroaren malenkonia lausoa azkartu, eta inguru egokia sortzen dute bular oparoko eta bisaia oso margoturiko emazte zaharrentzat. Handia da, zabala baina ez lodia, eta belarritako, eraztun eta lepoko potoloak erabili ohi ditu, urrezkoak edo urre-itxurakoak bederen.

        Gabi? galde egin dio Etxegoienek.

        Gaur oso harturik dago.

        Kopeta zimurtu zaio gizonari. Harturik, noiz arte?

        Oraingoa laster bururatuko du, baina bertze bat izanen du jarraian.

        Igurikiko dut.

        Belle ia libre dago, nahi baduzu harekin joan.

        Igurikiko dut.

        Nahi duzun bezala. Bitartean edan zer edo zer, gonbidatu du Markesak, beirazko apaletako botilak erakutsiz. Hala ere, ezin izanen zara Gabirekin luzaz egon, berehala azalduko baita hurrengoa. Gauez ibiltzeko debekua alemanek ezarri, eta ezin sinetsizko moldean betetzen zaigu hau goiz-goizetik.

        Sosak atera ditu sakelatik Etxegoienek. Libera mordoska tolestatu, eta Markesaren bi bularren arteko erretenean sartu ditu. Seguru naiz jakinen duzula tarte bat gordetzen niretzat.

        Ez izan horren seguru.

        Markesa!

        Eginahalak eginen ditudala baizik ez dizut ziurtatzen ahal.

        Aski.

        Léo Marjane, ahots erlats-minduaz, kantari ari da gramofonotik.

Je suis seule, ce soir

Sans ton amour.

J'ai perdu l'espoir

De ton retour.

        Bigarren koñaka galdatu berri duelarik ikusi du Gabi, zetazko txabusina horiaz jantzirik, departamentu urrun bateko prefeta dirudien gizoño batekin solasean. Kopa utzi eta emaztearengana jo du berehala.

        Gabi!

        Samurturik irudiz, airean itzuli da prefeta itxurakoa Etxegoiengana.

        Egon poxi bat, laster egonen nauk hirekin.

        Agindu bezala, ozta minutu pare bat iragan da Gabi elkartu zaionerako. Zer diagu?

        Goazen gelara.

        Ezin diat. Bertze baten beha nauk. Markesak ez naik utziko.

        Konpondu dinat hori, Markesarekin mintzatu naun. Galde egion.

        Nagusiari so egin dio Gabik. Hark keinu ulerkor bat egin eta, bortz minutu soilik, onartu du.

        Ongi duk.

        Lepotik atxiki, eta ia bulkaka eraman du gizonak eskaileretan goiti. Hamabi zenbakidun atea ireki du Gabik. Markesaren adineko emazte zikin airekoa ediren dute, oheko mihiseak eta esku-oihal erabiliak aldatzen ari dena.

        Gero eta agudoago egin behar dinat, gero eta tarte tipiagoa uzten didazue, egin dio Gabiri protesta. Gerla madarikatua!

        Bakarrik gelditu dira azkenean biak. Etxegoien, fitsik erran gabe, Gabi besarkatu eta haren jantziak eranzteari lotu zaio grinatsuki.

        Hago. Ez diagu horretarako astirik. Oroit Markesak erranikoa: bortz minutu.

        Gerrikoa askatu, galtzak jaitsi, ohean jarrarazi eta Etxegoienen zango tartean ezarri da belauniko. Hiru minutu geroago, hats bizi datza Etxegoien ohe gainean. Gabi mirail aitzinean dago, bere ezpain gorrizkatuetan ageri tanta zuriak zapi batez ikuzten.

 

 

Le Panier Fleuritik etxera joan da bertzerik gabe. Akiturik dagoela aitortu dio hango atezainari. Jatera eman behar zioat katuari. Gose izanen duk, erran dio.

        Bere iguriki kausitu du ate alboan. Besoetan hartu eta sukaldera darama lehendabizi eta salara ondotik. Bere besaulkitik hurbil ezarri dio jatekoa eta han utzi du, botilaren eta kopa baten xerka doan bitartean. Ongi jarririk, zigarreta bat piztu eta Hennessy botila ireki berria husteari lotu zaio eta solastatzeari halaber, alkohola kopatik bere odolera iragan arau.

        Zorionekoak zuek katuak. Arazorik ez larrutan egiteko. Sekula ez. Katemeren bat aurki eta aski. Guk haatik, nolako lanak. Ongi ordaindurik ere, larri. Gizon guti Parisen eta oro putetxeetan. Nehork egin nahi ez bere anderearekin. Ulergarria. Nihaurena bezain traketsak badira ohean. Maite zaitut. Egun osoz lelo hori ahotan. Maitezaitutmaitezaitut. Kaka zaharra. Maite, oso, baina zernahi anderek senarrarekiko duen betebeharrik behinena zer? Beharrik Gabi hor izaten den. Emazteak beti. Lehendabizi berotu, osoki erre gero. Tantaka urtu arte erre. Emeki-emeki. Nahi moldean garabiltzatek. Hona eta hara. Zakur ergelak gaituk haien eskuetan. Zakur ezinago ergelak. Txorta giro eternalean. Kilometroetatik usaintzen diagu emearen zango-arteari darion lurrina. Konprenitzen? Itsuarazten gaitiztek. Tentelarazten gaitiztek. Hori zezaketek emazteek. Haietarik bat gutiziatuz gero, fini bakea. Fini dena gizonarentzat. Ezin arreta bertze zernahiri eman. Xahu gaituk. Ez gaituk deus. Zinez gutiziatuz gero. Bizkorrak dituk, oso. Gehienak bai bederen. Molde batekoak zein bertzekoak. Gabi zein Juliette Miller malapartatu hori. Osoki emazteak bi-biak. Batik bat Miller. Nire andere mozoloak ukan nahi lituzkeen kultura eta jakituria baditik, sobera ukan ere. Bere xarma eta klase handiak ez aipatzearren. Egiten duen orok uzten ditik begi-bistan. Bere keinu eta higidura bakoitzak. Zigarreta nola pizten duen, erraterako. Nola atxikitzen duen eri artean. Ezinago dotoreki. Eta nola ibiltzen den. Are hire maila goreneko katu batek miretsiko likek. Hegan bezala. Eginahalak eginen ditiat hona ekartzeko. Ezagutuko duk. Zerutik erori aingerua. Horrela erranen liokek nire andereari hainbertze maite dituen poetetarik batek. Sublimea. Bazakik, noski. Aluak ongi baino hobeki zakik. Badik bere buruaren berri, bere balioarena. Eta kario salduko dik. Nehoiz saltzen badu. Erregina duk. Pantera beltza. Beharrik ehiztaria izan naizen tipitatik. Horrelakoxeak gaituk gu: ehiztariak sortzez. Bi aitatxiak, aita, anaiak, lagunak eta auzoak halaber. Pobreen kirola. Dudan anderea ere ehizaki izan nuela erran daitekek. Millerren atxikitzea arras nekezagoa izanen duk. Seguru. Baina ehiztariak bazakik barrandan egoten. Ez zagok bertze biderik panteraren eskuratzeko. Emeki-emeki erakarri beharra zagok, alegia deus ez, eta ondo-ondoan ukaitean baizik ez harengana besoa luza. Axolarik ez denbora. Asteak edo hilabeteak. Edo urteak. Merezi dik. Hark jokatzen duen bezala jokatuko diat nihaurek ere. Hark bezain maltzurki. Bezain dotoreki. Presarik gabe, baina egundo etsi gabe. Konprenitzen? Orain berean ekar nezakek. Debréri deitzea aski. Haren mutilek auto batean sartu eta hona ekarri. Aise. Ez diat bortxatu nahi, haatik. Berez etorri behar dik. Eta horrela etorriko duk goiz ala berant. Nirekin ez zela sekula ibiliko erran zidaan Lucek ere. Gaixoaren aurpegia ostatuan ni ikustean Millerrekin batean. Apalxeago zabilek orain baina. Sobera epel. Lehenagoko Luc nahiago diat. Orduko alaitasuna eta ez egungo begitartea. Zozoturik zabilek, ideia zoro batzuen menpeko. Pitokeriak. Gaztea duk eta. Hobe likek biziaz gozatzen ikasiko balu. Bizia den bezalakoa: gozoa eta mikatza batean. Baina ideiak omen ditik. Ideiak. Hainbertze gorrotatzen dituen naziek ere baditiztek. Nornahik, egia erran. Merkeak dituk ideia madarikatuak. Horregatik hanpatu behar duka? Halaxe zabilek azken aldian, harro-harro. Bere gisan pentsatzen ez dugunok gutietsi eta mespretxatu, horra gure askatasunzalearen jokamoldea. Zakil halakoa. Djangoren ikustera nirekin joatera gonbidatu eta ezetz. Duen ametsik zaharrenari uko egiteko gai duk, nirekin ikustekorik ez duela agerian uztearren. Harroputz galanta. Harroputz eta ipurzuri, gainera. Berdin jokatzen dik tabakoarekiko. Gorria nik eskaini, eta Gauloises zirtzil horiek nahiago dituela. Nire premiarik ez duela nabarmentzeko. Gezurra. Gezur ustela. Grina eta plazer gaitzez ez dik niri ebatsia pipatzen, ba? Ez naizela ohartu uste dik gure mutilak, baina ez horixe. Nihaurek ezartzen zizkioat Lucky paketeak begi-bistan, ni ez nagoelarik har ditzan, denik eta umiltzerik tipiena gabe. Konprenitzen? Lucky Strike. Amerikanoa. Espainian gaindi ekarria. Hogei mila libera bakoitzak. Eta bera sinetsia etsaiari lapurtu diola. Herriari ebatsia berriz herriaren eskuetan. Bera duk-eta herria. Baina maite diat, David. Maite diat umemoko handiuste hori. Ni nintzen bezain tentela delako, menturaz.