Blackout
Blackout
2004, nobela
184 orrialde
84-95511-61-4
azala: Jeanne Mannen
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2021, narrazioak
2017, nobela
2013, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1992, ipuinak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Blackout
2004, nobela
184 orrialde
84-95511-61-4
aurkibidea
 

 

—9—

 

Berun eta ankre usaina sudur-mintzetan, makina eta paper meten artean iragan eta bulegoetarako eskailera igan du, linotipietan ari direnak (lanjantzi urdinez, eskuak koipeztaturik) ia oihuka agurtu ondotik. Luc ere agurtu du bere mahaira jarri baino lehen.

        Miller anderea jin da zure bila, jakinarazi dio gazteak hitz neurtuez, hondar asteetan ohi duen moldean.

        Miller anderea. Azkenean!

        Kopeta zimurtu du Lucek.

        Emazteek ez zakitek gizonik gabe bizitzen, dio Etxegoienek kontent. Behar gaitiztek, konprenitzen? Guk haiek bertze bederen.

        Senarraz gain ez dago Miller anderearentzat bertze gizonik, Lucen ahotsean amorrua nabarmen.

        Beharbada, baina alarguna duk kasik.

        Alarguna? Senarra hil diotea? Nola dakizu?

        Hik dakian bera zakiat nik.

        Zer dela-eta deitu duzu alargun, ez dea preso?

        Erran diat, hik dakiana zakiat nik, ez gehiago. Hala ere, senarra ondoan ez izanik ez dea pitin bat alargun, ez dea gizon baten eskas?

        Bai zera. Miller ez da nornahi. Gizon osoa da guti bezala.

        Jakina, baita haren anderea ere emazte osoa.

        Zalantzarik gabe. Horregatik duzu jai harekin.

        Lelo horrekin ari haiz beti.

        Hura zureganatzeko leloarekin zuhaur ari zaren gisa berean.

        Ez dituk emazteak ezagutzen. Mesfida hadi itxuraz. Hautakoak dituk emazteak horretan.

        Itxura hutsa dea? Lehenago ere entseatu zinen haren erakartzera, eta ez zenuen erdietsi, nahiz eta emazteak ongi konprenitzen dituzula ziur izan.

        Bertze egoera batean geundean orduan.

        Noski. Eta oraingo egoera baliatu nahi duzu haren eskuratzeko. Huts eginen duzu. Miller anderea ez da zure lagun lilitxoen moldekoa, ezin duzu erabili Pigalleko horiek erabili ohi dituzun bezala. Ez da zure andere gajoa.

        Ez aipa anderea orain.

        Axolarik ez zuri hark. Zeuk erran didazu behin baino gehiagotan.

        Andereaz zer edo zer erran dezakeen bakarra ni nauk, ez bertze nehor.

        Nahi duzun bezala.

        Nire anderea edo hire Miller andere estimatua baino argiago eta ondratuagoak dituk hik hainbertze gutietsi puta horiek. Ordaindu beharrekoa erran eta, hura onartuz gero, ongi eginen ditek beren lana, itxurakeriarik gabe, lañoki, bertze nornahik dioenari behatu gabe. Haien alde egon beharko likek zinezko anarkistak, baita hire gisako batek ere.

        Gizon-emazteek beren indarraren eta gorputzaren saltzearen kontra izan da anarkismoa beti.

        Anarkia zer ote den eztabaidatzea aspaldiko kontua duk niretzat. Solasgai aspergarriagorik nekez kausi litekek.

        Zure editorialena, adibidez. Gogaiturik nauzu juduen aurkako oldar etengabe horrekin.

        Orain ez gaituk horretaz ari, emazteez baizik.

        Bakar batez ari izan garela uste izan dut nik orain arte, emazte azkar, oso eta burutsu batez, hain justu; zu bezalako kolaboratzaile batekin Chez Marcelera egundo joanen ez litzatekeena.

        Hori ikusteko zagok.

        Hori jadanik ikusia dago, nihaurek ikusia, bertzeak bertze.

        Aldatu egin duk egoera, erran diat.

        Berdin dio. Nik ere erran dizut. Orain, lehen, senarrarekin edo senarrik gabe, sekula ez duzu zure sarera bilduko.

        Ezetz?

        Ez.

        Djangoren nire plakak oro hik irabaziz gero. Akort?

        Bai. Kontent.

        Eta nik irabaziz gero?

        Galdu eginen duzu.

        Ikusiko diagu. Erran zer erdietsiko dudan nire asmoa gauzatuz gero.

        Erran zeuk.

        Irri dagi Etxegoienek: Djangoren plakekin gauza guti parekatzen ahal dituk. Ez dea hala?

        Zinez guti.

        Bat baino gehiago galdatu beharko diat, beraz.

        Nahi duzun guztia.

        Hasteko, niri hikaren egitera itzuli beharko duk postura galdu orduko.

        Bon.

        Bigarrena ez zaidak orain gogoratzen baina noizbait jakinaraziko diat, eta orduan nirekiko zorra kitatu beharko duk. Ados?

        Eskua eskaini dio Etxegoienek.

 

 

Europan barrena gerlak darraielarik, gozotzat jotzen du Etxegoienek bere bizimoldea. Hala aitortu dio katuari bere gaueko monologo hordietarik batean. Eguerdi aldean iratzarri, egunkaritik iragan, ostatura joan, han zenbait salerosketa kudeatu, eta Pigalle zein Champs Élysées aldeko kabaretetara jo ezean, hotel pribatuko salan iragan ohi du eguna, Hennessy botila eskura, eta felino tipi-nabarrari ele eta mele. Astean behin bertze etxera azaldu, eta Desai andereak gordetzen dizkion gutunak jasotzen ditu. Bakarra izaten da aldi gehientsuetan, Biarritzetik emazteak igorritakoa. Astean behin gutienik ere, Gabirekin biltzen da. Larrua jotzeaz gain, edan, pipatu eta hitz egin ohi dute, musika entzun bitartean. Zinemara edo dantzaren egitera joan izan dira, bai eta antzerkira ere noiz edo noiz.

        Zer deritzok? bira egin du Gabik, gona poxi bat bi eskuz altxatuz.

        Polita.

        Ongi xahutu diat hik eman sosa, beraz.

        Zetazko gona argia jantzirik azaldu da emaztea, oinetako gorekin, zapi koloretsu bat lepo inguruan, biloa egin berria.

        Soineko beltz luze bat ere erosi diat, arrunt dotorea, hire egunkariko harroputz horrekin elkartzen garen hurrengoan puta bat naizela nabari ez diezadan.

        Miller din izena. Juliette Miller.

        Horrekin ibiltzen hasi haizela entzun diat.

        Miller anderearekin?

        Hori entzun diat. Egia dea?

        Ez guztiz.

        Afaltzera eraman omen duk, Tour d'Argentera gainera. Ni aitzitik, ezta izkinako ostatura ere ez nauk eraman izan.

        Les Hallesko Beauletenean maiz egon gaitun.

        Bai, baina hara joateko ez haut behar.

        Nehora joateko ez naun behar.

        Hik baino lehenago ezagutu nian Beaulet nik.

        Orain konprenitzen dinat: hark kontatu din.

        Hori gutienekoa duk. Beauletek kontatu edo bertze norbaitek, horrek ez dik kontatutakoa aldarazten.

        Lagunak! bekainak goititu ditu Etxegoienek hitza erratearekin batean.

        Ni baino hobea duk ohean?

        Ez erran pitokeriarik, Gabi. Afaldu, promenatu eta solastatu baizik ez dinagu egin.

        Ezin izan duk ohera eraman, beraz. Harroa duk hire kuttun berria, urrundik antzematen zaiok. Ongi ezagutzen ditiat horrelakoak. Jai duk horrekin, gizona, bistan duk. Handizki jasanaraziko hau. Hire burua umilduko duk horri segika.

        Horri segika! Bera ibili dun nire gibeletik.

        Bere senarraren libratzeko. Baina sekula ez duk ohera eramanen.

        Nirekin etorri beharko din, haatik, baldin eta hik erran bezain argia bada, behinik behin.

        Argia duk, bai, hihaurek aipatu duk maiz, baina harroa, horregatik ez duk atxikitzen ahalko.

        Senarra amiñi bat maitatuz gero, ez din bertze biderik izanen.

        Maitatuko dik, noski, baina areago bere burua.

        Maitasun ederra harena orduan.

        Horrelako emazteek beren burua ditek soil-soilik zinez maite.

        Zorigaiztokoa ni.

        Ongi ezagutzen ditiat horren moldekoak.

        Gizonak ezagutzen ditun hik bereziki ongi.

        Bai. Zozoak zarete gizonak, itsuak.

        Itsuak ere bai?

        Ez dagoen tokian ikusi ohi duzue maitasuna, eta emakume batek benetan maite zaituztelarik ez zarete, pare bat zentimetrora ukan arren, ikusteko gai izaten.

        Emazteari so gelditu da une batez Etxegoien, haren begiei.

        Ez izan ergela, gizon bakarra maite izan diat nik eta aski izan nian harekin. Nehork ez naik harrezkero ordaindu gabe estali. Nire pottorra ez duk nehorentzako opari.

        Bertze nehork baino hobekiago zakinat hori.

        Ez ahantz, zer gerta ere.

        Hirekin xahutu sosak, egoki xahututakoak beti.

        Eraman nazak nonbaitera, hortaz.

        Hik hauta nora.

        Ez diat La Tour d'Argent hautatuko, ez nauk gose. Dantza egin nahi diat.

        Kabaret batera joanen gaitun.

        Baina ez zernahi kabaretera. Joan gaitezen leku dotore batera.

        Le Bon Diable.

        Ez. Monseigneur.

        Ez dun Le Juliette nahiago?

        Ez.

        Ongi, bada, hara joanen gaitun. Hona edo hara, hirekin bada, axola guti.

        Mila esker, jauna, irri egin du Gabik, mirail tipi bat bere esku-zorrotik ateraz. Bere ezpain meheak gorrizkatu, begiak eta matela koloratu eta altxatu egin da: bagoazak.

        Monseigneureko atea ireki baino lehenago entzun dituzte.

        Hamabortz.

        Hamabortz?

        Biolinak, ihardetsi du Etxegoienek, mahaien artetik dabiltzan biolin-joleei beha.

        Doinu gozoak jotzen dituzte. Hungaria aldekoak omen dira, eta hangoa da, nonbait, haien janzkera (atorra zuri eta galtza beltz zabalak) nahiz hazpegiak (mustatxa beltza eta handia, bilo kizkurra). Haien buru dirudienak, lau sokatako tresna jo ez ezik, jauzi, zilipurdi eta oihu tipiak ere egiten ditu.

        Ardaila sobera, mikaztu da Etxegoien.

        Leku dotorea.

        Lasaia ere ba omen dun, eta beha gaur.

        Gaur ere bai. Horiek laster alde eginen ditek, ezin izanen ditek horrela jarraitu oso luzaz.

        Gabik erran bezala gertatu da: laster Hachem Khan, kabareteko zuzendari artistikoak ordezkatu ditu musikari buhameak. Soir d'Hiver kantatu du, Donne-moi ton sourire kantatu. Ondotik, berari eskaini esku-zartak eskertu eta hurrengo artista iragarri du: Andréa, avec un récital en langue basque.

        Goazen hemendik.

        Zer duk?

        Deus ez.

        Zergatik joan nahi duk?

        Jasangaitza dun zulo honetako musika.

        Andréa hori ezagutzen duka?

        Ez, ezta ezagutu nahi ere.

        Ez haut konprenitzen, ez baduk ezagutzen eta oraino kantari hasi ez bada, nola jakin maite ez duala?

        Bazakinat.

        Biolin-joleak entzun dituk bederen, gorrotatu aitzin.

        Sortzetik gorrotatu izan ditinat Andréa horren doinuak.

        Burutik jota hago.

        Ez hemen geratzeko bezain burutik jota.

        Gabiren jarlekua gibeleratu eta altxatzera lagundu du Etxegoienek.