Blackout
Blackout
2004, nobela
184 orrialde
84-95511-61-4
azala: Jeanne Mannen
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2021, narrazioak
2017, nobela
2013, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1997, narrazioak
1992, ipuinak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Blackout
2004, nobela
184 orrialde
84-95511-61-4
aurkibidea
 

 

—8—

 

Miller eraman dute. Zuk ez duzu horren berri izanen, jakina. Beha du Luc, sutan begiak.

        Zer?

        Zuk ez dakizu deus.

        Zertaz?

        Millerren atxilotzeaz.

        Miller eraman ditek, beraz. Banengoen ni halako zerbait gertatuko zela. Komunista eta judua, argi zegoan.

        Bai, oso argi. Eta badakizu eramanen duten hurrengoa nor izanen den?

        Ez zakiat deus, ez diat politika kontu horiekin neholako egitekorik. Bizitza laburra duk, ahalik eta ongien bizitzera entseatzen den norbait baizik ez nauk, ez halako mamu ankerra. Konprenitzen?

        Politikarekin egitekorik ez, baina politikariekin bai. Haien txotxongiloa izateko.

        Nor ez duk, aldez edo moldez, txotxongilo? Baita hihaur ere.

        Norena naiz ba ni?

        Anarkista ero horiena.

        Ez jainkorik, ez jaberik nik.

        Bazakiat. Germinal eta abar.

        Hitler eta abar.

        Trufa hadi Hitlerrez. Egundo ez duk anarkia nehon nagusitu. Hitlerrek, aitzitik, Europa osoa hartu dik menpean.

        Hire eta hire molde berekoen laguntzaz.

        Wehrmachten bitartez, batez ere.

        Debalde armadak oro, jendeak askatasunaren egarri izanez gero.

        Jendeak ardoaren egarriz baizik ez dituk izaten, nihaur bezala.

        Zoaz ostatura, hortaz.

        Ideia ona. Hauxe bururatu, inarrosi du Etxegoienek eskuz idazten ari izan den orrialdea, eta horixe eginen diat.

 

 

Gauero bezala, jendez mukuru dago Le Bon Diable: aitzindari alemanak, afera-gizonak, Gestapokideak (alemanak zein frantsesak), hainbat artista eta ausweiss baten jabe zorionekoa den bertze nornahi. Ehun bat lagun guztira. Musika, kea, irriak, esmokin eta zetazko soineko luze-distiranteak. Tango bat jotzen ari da orkestra, eta harekin batera dantzan ari alemanetarik zenbait: Es walten zwei Geschicke in der Liebe...

        Forest eta Didirekin dator Etxegoien, alokatu esmokin estu banatan bilduak boxeolari biak, neurriz egin berean eroso kazetaria. Laster utzi dute bakarrik. Bata emazte bilogorri bati loturik higitzen da pistan, Gestapoko bere lagunekin solasean dago bertzea. Orduan agertu da Michel Besson Le Monicotik heldu berria.

        Sekula baino biziagoa da Parisko gaua azken aldi honetan, kabaret eta ostatuak jendez gainezka.

        Harekin bat dator Etxegoien.

        Isilik baratu dira biak ondotik, dantzariei beha, kezko errezel mehean zehar. Minutu batzuk eman dituzte hala, harik eta Besson Etxegoiengana poxi bat itzuli eta, begitarte argiz, atzo arribatu zen zure laguna Alemaniara, erran dion arte.

        Mila esker.

        Erraza izan da, oso adiskide ulerkorrak ditut Lauriston karrikan. Brasillachi kontatu nion. Hark ere ez du sobera maite, aski gorria omen da zure lagun hori.

        Gorria? Judua. Zor handia dut zurekin.

        Ez, nehola ere. Dagokiguna baizik ez dugu egin. Aberriaren laguntzeko premia dago. Azkenean gure tenorea etorri eta ezin dugu galtzera utzi. Sasiak eta belar makurrak erauzi eta bazterrak garbitu behar ditugu Frantzia berria erein baino lehen.

        Utz nazazu kopa bat xanpain zuri eskaintzera.

        Flocardek berak ekarri die Etxegoienek galdatua. Botilaz gain, hiru kopa ekarri ditu eta haiekin jarri da.

        Aberriaren berpizkundearen alde! altxa du Bessonek bere kopa.

        Topa egin dute hirurek, edan egin dute. Edan eta mintzatu, botila hustu eta bertze bat galdatu behar izan duten arte. Je Suis Partouteko idazleak hitz egin du batik bat, gero eta ozenkiago, halakoxeak baitira alboko mahaietakoen kantuak. Das ist schade, dass es vergangen ist...

        Haien bidea eta orkestrarena jadanik berezirik, beren gogo hordiaren apetei men eginez, Alemaniako herri kantuei ekin diete grinaren grinaz.

        Brasillachez ari da Besson, laudorio eta gorapen tai gabeki. Hoberena da, Drieu de la Rochellerekin batera, bere iritziz. Modernoak oso, baina Frantziako tradizio literario onenarekin, jatorrenarekin loturik. Benetako literatura, Etxegoien, ez Gide eta emeki horiena, ezta Bernanos eta katoliko zuri horiena ere. Europako gizonari dagokion literatura.

        Asperturik irudiz, jaiki, Besson eta Etxegoieni bizkarreko bana jo eta bertze alboko mahaikoengana doa Flocard. Aferak baditu haiekin, nonbait, Espainiako muga aipatzen entzun baitute, eta kopuru batzuk ondotik.

        Ez dakit ez ote gabiltzan sobera berant engoitik, dio Etxegoienek. Beha Café de Floreko horiei, komunistak horietarik aski, eta hor jarraitzen dute, beren betiko mahaira jarrita, ele eta mele patxada osoz. Haien liburuak liburu-dendetan daude eta antzoki onenetan ematen dira haien antzerki-lanak. Itxuraz, deus guti aldatu da, kexatu zaio mintzakideari.

        Pazientzia amiñi bat. Helduko da horiek nehork ezagutuko ez dituen eguna. Banan-banan aritu behar izaten dugu. Kontu franko dugu aldatzeko, baina oro batera aldatzeko aski jenderik ez dugunez, lehentasunen ezartzea dugu ezinbertzeko. Hortik has eta gero gerokoak.

        Eta esnob harroputz horiek guztiak ez direa lehentasunezkoak?

        Zerrendan dauzkagu, baina bertze anitz dira horiek baino lehen.

        Nor ba?

        Ikusi duzu. Juduak, bertzeak bertze.

        Bai.

        Eta komunistak.

        Jakina.

        Ez gara presatuak. Europa berria hasi baizik ez da egin. Lehendabiziko urteko hasierako hilabeteetan gaude. Gutienik mila urte gehiago ditugu aitzinean, lana behar bezala bururatzeko. Oroit erromatarrak. Ehunka urte behar izan zituzten beren zibilizazioa munduan gaindi hedatzeko, baina harrezkero nehork ez ditu haiek egin eta utzirikoak zirtzikatu ahal izan. Hor baititu Europak, mendebalde osoak, bere sustrai eta oinarriak. Gisa berean eginen dugu guk ere, zerbait azkar eta sendoa. Horixe dugu intelektualok eginbehar, adiskide maitea, guri dagokigu hastapenetako lana, dorpea baina ez eskergabea. Geroak emanen digu arrazoia.

        Zu bezain itxaropentsu izan nahiko nuke. Hala ere, sobera urrun dago geroa niretzat, ez naiz ezagutzera helduko, eta zuk aipatu horiek neure begiez ikusi nahi ditut. Seminariora igorri ninduten mutikoetan —badakizu, ikasle ona nintzen herriko eskolan, eta ikasteari jarraitzekotan hura baizik ez zuen ni bezalako pobre batek— eta han ere antzeko zerbait agindu ohi ziguten: etorkizun osorako zoriona gure mundu honetan jasanikoaren truke. Ez nion apaizen amu hari hozka egin, eta zaila zait erran duzun horren atxikitzea ere.

        Idealen aurkakoa ote zaitugu?

        Ez aldekoa, ez aurkakoa.

        Erretolika hutsa duzu hori. Zerbait hautatzen da beti. Ez dago bertze biderik.

        Zerbait bai, baina ez derrigorrez bi konturen artean.

        Baina ideia zuzenak...

        Ideia zuzenak! Nork bereak. Batentzat okerra dena, ezinago zuzena izanen da bertze batentzat. Ideiak nik ere baditut, gehiegi menturaz, baina, hiltzen naizen egunetik aitzina, ez dut bakar bat izanen. Hil arteko utopiak deitzen ahal zaie nire ideiei.

        Bon, gure alde arituz gero hil arte, ni kontent, hortik aitzinakoa zure esku.

        Ez hori baino lehenagokoa.

        Orain arte ez duzu nitaz arrangura izateko arrazoirik izan, nik uste.

        Arestian erran dizut, zor handia dut zurekin.

        Unadura estakuru, Bessonek alde egin duelarik, Didi hurbildu zaio.

        Non utzi dituk adiskideak? galdetu Etxegoienek.

        Le Grand Jeura joan dituk, hau baino hobea omen duk emazteen biltzeko.

        Hau baino hobea? oraino bilogorriari estekaturik dagoen Foresti beha Etxegoienek. Sosak izanez gero.

        Zer eginen duk, nirekin jin edo hemen gelditu?

        Didiren lagunekin bildu dira. Emazte batzuekin daude. Oso gazteak dira eta gorrizkaturik dituzte aho-ezpainak eta matelak. Lurrin gazi-gozo bera darie guztiei. Edan, pipatu, algaraka ari izan eta haien soinekoetan barneegi sartu eskuak baztertzen dituzte, nahi gabe irudiz, euliak eskuka haizatu ohi diren molde bertsuan.

        Gizon nahiz emazteak dira hordituak, Didi eta Etxegoien halaber. Hainbertze non, beren zinezko egoeraz ohartu ezinik, edateari segitu dioten, eta, kabaretaren hesteko tenorea heldu delarik, nehork ez du etxeratu nahi. Han elkartu zaien Kozinzki konde poloniarrak bere Neullyko jauregia eskaini die bestari jarraitzeko, baina Etxegoienek proposaturikoa hobetsi dute. Hurbilago dago.

        Ternes hiribidera abiatu dira, beraz, atezainik gabeko bere etxeari buruz, Etxegoienek errepikatu duenez. Irri egin bertzeek, eta Desai andere polizia aipatu die, haserre planta eginez. Harengandik ikasi beharko zenukete, aholku egin die.

        Kondearen eta Gestapokoen autoetan joan dira airean bulebar eta hiribideetan gaindi, lokartu hiria beraientzat osorik. Oraino gaua izanagatik, heldu den eguneko argi herabea jadanik hauteman daiteke Paris gaineko zeru ardo kolorekoan.

        Hotel pribatuko sala nagusian bildu dira. Larruzko besaulkietan hondoratuak batzuk, sofan ia etzanak bertze batzuk, kopa bana eskuan orok.

        Django Reinhardt, musikaren jainko bakarra, aldarrikatu du Etxegoienek, gitarra-jole ezagunaren plaka bat orratz pean ezartzean.

        Nehork ez dio ezetzik erran. Nehork ez dio deus, bikote batzuk dantzan baino besarkaturik doi-doi higitu eta elkarrengan bermatzen dira ez erortzeko. Ohe baten xerka hasi da bertze zenbait. Gainerakoak mahaiaren inguruan bildu dira karta jokoan. Ongi hetsi dituzte salako errezelak, kanpoko argiak eguna sala ez dezan.