Kilkerren hotsak
Kilkerren hotsak
2003, nobela
248 orrialde
84-95511-57-6
azala: Robert Capa, Garbiņe Ubeda
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

—21—

 

Dokumentua karteran sartu nuen, ez bainuen begien aurrean izatearen premiarik zer zioen buruz esateko.

        —Dokumentuak hamar puntu zauzkak —bota nion.

        —Elizaren aginduak bezala —haria harrapatu zuen.

        —Bere burua errugabeko aldarrikatzeko orduan hamar motibo, ez bederatzi ez hamaika, hamar motibo idatzi zitian.

        —Beraz, Mallonaren helegitea da dokumentu hori.

        Une batez dudatan geratu nintzen. Helegitea?

        —Berba polita, helegitea. Ba horixe, helegitea —esan nion, helegitea, niretzat, aldarri egitea dela—. Iparra altxatu duk, eta igual komeni zaiguk apur batean oinez egitea.

        Jagi eta kartera besapean hartuta ibiltzeari ekin genion.

        —Hamar arrazoi horiek azaldu aurretik —eztulak eman zidan berriro—. Gerra Kontseilu Egonkorrean leporatu zitzaizkion akusazioak gezurra direla esanez ekin zion Mallonak bere zerari.

        —Hasiera polita eman zion Mallonak helegiteari; Gerra Kontseilukoak gezurra zirela esanez hastea ere!

        —Ez zaik hain harrigarri egingo, bere buruaren alde ematen duen lehenengo arrazoia zein den jakiten baduk.

        Etenaldia egin nuen. Banekien eta haren jakinguraren soka tenkatzen ari nintzena. Eta zer arrano; lehenago negargura nabaritu izan banio, igarri nion moduan, zer izango ote zen harrezkero esango nizkionak entzutean.

        —Eskumakoekin inteligentzian, dio lehengo puntuak, ordenako gizonen alde egin dut, begirune osoz.

        —Ordenaren aldekoa zen, bai. Baina Euzkadiko Errepublikaren alde Gernikan egin zena, eta hura dena, hara zein ordena faxistentzat! —Bernardo hark gogoan zuen nik behiala esandakoa.

        —Dudarik ez. Horrexegatik zehazten dik bigarren arrazoia ematean zein ordena aipatu nahi duen —bota nion—. Bigarren arrazoi hori zera duk, behin herriko halako bati etxean lapurretan egin nahi izan ziotela, ordurako gerra hasita zegoan hain zuzen, eta berak defenditu egin zuela hura. Dena dela, ez huen faxista baten alde egin zuen aldi bakarra! Izen denak dokumentuan dauzkak.

        Berriro ibiltzeari ekin genion.

        —Ez didazu dokumentua eman —bota zidan handik tarte batera.

        —Bo —esan nion—. Zer esan nahi duk? Gauzak ahazten zaizkidala? —zakar bota nion.

        Izan ere halaxe zen orduan, eta halaxeago da orain, urtebete igaro denean. Edo ahaztu edo bestela nahastu egiten dut ia dena. Salbuespenekin. Badira burutik kendu ezin ditudan akordu batzuk. Mallonarenak, esate baterako.

        Bisitariak ez zuen ezer esan. Nahita ere, ezin. Dokumentukoak buruz aipatze hura nire buru onaren frogatzako joko zuen. Izen bat bota nion. Hirugarren arrazoia ematean Mallonak aipatu zuen gizonaren izena, hain zuzen.

        —Jesus (...). Badakik nor zen hori? —galde egin nion.

        —Bai —irmo erantzun zuen.

        Irmotasunaren haren atzean negargura igarri nion eta, nahikoa. Ez zidan besterik esan behar. Etxekoa ez bazuen, gertukoa behintzat bazuen Mallonak bere hirugarren arrazoian aipatua zuen gizona. Aspaldi hila izan behar zuena, baina herrian familia handia utzi zuena.

        —Horrela bada hirugarren arrazoia azkenerako utziko diagu. Laugarren arrazoia duk beste faxista bat atxilotu zutela, eta Mallonak haren portaeraren erantzukizuna bere gain hartu zuela. Badakik. Herria faxisten habia huen. Baina, tira, beste izen hori ere dokumentuan zagok —etenaldia egin nuen—. Bosgarren arrazoia ipuin eder bat idazteko modukoa duk. Ezagun egiten zaik Ybarra izena?

        —Eta nori ez —esan zuen—. Cabo Quilates eta Altuna-Mendi haietakoak kontatzean aipatu dizkidazu.

        Egia zen. Haatik, kartzela ontziena noiz aipatu nion bisitariari, ordutik hara tartetxo bat igaroa zen.

        —Egia. Ba, bosgarren arrazoian izen horixe ageri duk. Herrian izan nuen misioarekin zerikusi zuzena zeukan Mallonaren bosgarren arrazoi horrek.

        —Faxistak ontzietan hantxe sartzen zirela, eta horien izenak jakin behar zenituztela, eta horixe zela zure misioa, halaxe esan zenidan.

        —Eta halaxe huen. Mallonak bi hilabetez izan zitian herrian gordeta Ybarrako markesa eta haren semea Antonio, biak Sevillako auzokideak.

        —Ezin izan zutelako Frantziarako ontziratu? —galdetu zidan.

        —Horixe duk, horixe duk!

        —Zure bisitaldiak fruitu izan zuen —zorionak emanez bezala esan zidan.

        —Bo, nire bisitaldiak edo! —esan nuen, ez bainuen horretan fede handirik—. Beste batzuen zereginak ere izango zian horretan zerikusirik.

Cabo Quilateseko eta Altuna-Mendiko jazoeren ostean Jaurlaritzak ahaleginak eta bost egin zituen, halakorik berriro jazo ez zedin. Eta horretan Mallona denei aurrea hartuta. Baina hau ez nion esan Bernardo bisitari hari. Nekatzen hasia nintzen.

        —Beste batzuen zeregina? Zer esan nahi duzu?

        Erantzun modura Mallonaren seigarren arrazoia eman nion.

        —Komunistek, Ekintzakoek, Sozialistek, Solikoek —holaxe esaten genien ELAkoei orduan— eta Nazionalistek Herriko Defentsa Batzordea osatu zitean, eta horiexek agindu zitiztean herrian egin ziren atxiloketak, Mallonak bere seigarren arrazoian dioen legez. Mallonak berak, helegitean —berba hori esatean bisitariari begietara begiratu nion; ez zegoen ironiarako tartetik—, helegitean, diot, atxiloketa horien aurka egin zuela zioan. Baina hemen bada trikimailu bat —esan nion, nekaturik—. Jesarri gaitezen.

        —Berton —esan zuen bisitariak, taberna-aurre bateko mahaiak seinalatuz.

        Hantxe jesarri ginen.

        —Begira —esan nion, kartera mahai gainean utzita.

        Kartera zabaldu eta paperak ateratzeko ahaleginean nengoela zerbitzaria etorri zitzaigun. Kafe hutsa eskatu nuen nik, ea hark suspertzen ninduen. Gero eta traketsago bainenbilen. Bisitariak ur hutsa eskatu zuen.

        —Hemen daukak Mallonaren eskuizkribua —erakutsi egin nion— eta hemen berriz eskuizkribuaren kopia makinaz egina. Biak egun berekoak dituk. Begoñako Andra Mariren egunekoak.

        Paperak luzatu nizkion, dena buruz kontatzeko ezindurik sentitzen nintzelako.

        Nire ezintasuna antzemanik edo, bisitariak tarte bat isilik eman zuen, eskuizkribua eta makina-izkribua elkarri alderatzen.

        —Ene! —irten zitzaion—. Ez dira elkarren berdinak. Batetik bestera badira aldaketa txiki baina interesgarri batzuk.

        —Interesgarriak? Argigarriak, esango nikek nik. Zazpigarren arrazoian, adibidez. Mallonak dioena sinplea duk. Bat, ebakuazioaren momentuan parrokiako elizatik hiru eki-saindu eta balio handiko beste gauza batzuk eroan zituztela; bi, horren berri eman ziola aipatu dugun abadeak —begira geratu nintzaion, ea izenak ez aipatzearena gogoan ote zuen—; hiru, ontzi haiek itzultzeko Mallonak berak egin zituela egin beharrekoak.

        —Baina makinazkoan hori dena beste modu batera dio! —haserretzen hasia zen mutila, hara!—. Hemen lehenik dioena da abadeek, pluralean, jakinarazi ziotela Mallonari ontziena; Mallonak gestioak egin zituelakoa, horren ostean dio; eta azkenean dio, ba, lortu zuen bakarra —bakarra horretan indar eginez esan zuen— zera izan zela, kalizak Bilboko Banco del Comercion uztea!

        —Mallonak ez zian hori idatzi. Berak Bilboko portu frankoan utzi zituela idatzi zian. Euzkadi egunkarian argitaratu zen moduan.

        —Eta zergatik aldaketa hori? Halako itxikeriarik! —berotzen segitzen zuen.

        —Ez zagok halakorik. Mallonak zer esango zuen jakin aurretik kalizen kontu harekin nahikoa zarata eginda zeudean. Ez zitzaiean komeni eki-saindu haien kontua lar astintzea. Kaliza denak ez hituen agertu. Noren eskuetara joan ziren agertu ez zirenak? Ez duk sekula jakingo.

        Etsiturik ari nintzen. Hainbeste urteren buruan hura dena gogora ekarri beharrak min ematen zidan. Baina aukeran huraxe zen argitu ahal nuena argitzeko azken oportunitatea.

        —Etsigarria —esan zuen, nire baitan irakurri izan balu moduan—. Zein paperi egin beharko nioke kasu, ez dago dudarik. Mallonaren paperari.

        —Bai, jakina. Baina argigarria duk aldaketa ziztrin horiena ere. Bestela —arnasa hartzeko kafeari ekin nion— hurrengo arrazoiak crescendo moduan zoazak. Zortzigarren arrazoia begia atera ziotenekoa duk.

        —Tiro haren ondorioz berrogeita bost egunez hil-haginean egon zela dio eskuizkribuan —irakurtzen ari zena ozen esan zuen—. Baina ez dio nork jo zion tiroa.

        —Makinazkoan bai —zuzendu nion—. Izquierda Republicanakoek. Baina makinazkoan ostera ez dik esaten heriotzaren ertzean eman zuen denbora horrena.

        —Ez dut ulertzen zergatik. Garrantzia kentzeko, akaso? —jakinguratsu esan zuen.

        —Akaso bai. Baina begira bederatzigarren arrazoia. Hori ere dokumentu batean eta bestean modu ezberdinean agertzen duk. Adi horri!

        Adi, bai, hantxe baitzegoen nire misioaren parte bat ezkutaturik. Faxistek harrapatu izan banindute eskerrak eman behar nizkiokeen Mallonari. Bere bederatzigarren arrazoian esan zuenez, poliziak bitan joan zitzaizkion. Etxera. Mehatxuka. Eskuindarrak babesten segituz gero atxilotu egingo zutela esanez. Eta herriko komunista baten izena ere eman zuen eskuizkribuan Mallonak. Ni joan nintzaionik, ez zuen aipatu.

        —Hara, hara, hara! —irakurtzen ari zenaz bisitaria zur eta lur zegoen.

        Zer irakurtzen ari zen igarri nion.

        —Ustekabeko galanta, ezta? —bota nion—. Eskuizkribuko hamar arrazoiak hamabi bihurtu dituk makinazkoan. Baina funtsean berdin dik horrek. Makinazkoan bederatzigarrena bitan zatitu ditek; bera eskuindarra zela, eta polizia komunistak bitan etxera joan zitzaizkiola. Eta horra hamaika arrazoi! Eskuizkribuan amaierako arrazoia, hamargarrena, horixe duk indartsuena.

        Irakurtzen utzi nion.

        Banekien hamargarren arrazoi hura gogoratzea gogor egingo zitzaidana. Eman zezakeen hamargarren hartan Mallonak katixima zuela gogoan. «Hamar agindu hauek bitan laburtzen dira; maita ezazu Jainkoa edozeren gainetik, eta maita itzazu besteak zure burua maite duzun legez».

        Beste aldean, faxisten artean, fede oneko katolikoak bazirelako aipatu ote zuen Mallonak hamargarrenik eta azkenik aipatu zuen hura? Queipo de Llano faxistatzarrarena, alegia?

        Queipo de Llano hark, irratiz, Mundakako alkatea aipatua zuela zioen Mallonak. Radio Sevilla hartako emisio batean. Zorionak emanez. Eta adibidetzako jarrita.

        Ez nuen uste Bernardo hari Queipo de Llanoren irrati-saioek zuten garrantziaz azalpenik egin behar nionik. Etxean egon banintz Jacques Preverten Paroles liburuko pasartetxo bat irakurriko nion. Beraz, izkribura itzuli ginen.

        —Makinazko eskuizkribuak dioenez —esan nion—, Sevillara iritsiak ziren pertsona batzuek Queipo de Llano odoltzaleari faxisten aldeko Mallonaren eginahalak aipatu zizkioten.

        —Berak etxean gordeta eta babespean izan zituen ybarratarrek —esan zuen.

        —Haietako batek —esan nion.

        Begira geratu zitzaidan, azalpen eske.

        —Amak. Ze semeak, Antoniok, askatu eta gerrara egin zian. Behingoan. Faxista sutsua izana huen gerra aurrean, Getxon. Baina ezetz jakin non sartu zen?

        —Gezi Beltzetan? —esan zuen.

        —Bero —esan nion, jolasaz gozatuz—. Herrian horiek eta nor beste sartu zen?

        —Mairuak? Karlistak? —zur eginda zegoen.

        —Antonio Ybarra Lasso de la Vega 1938ko abuztuan hil huen. 22an. Alfereza zela; Erregularren alfereza, Alhucemako 8.eko Taborrean. Askatu eta, hara!, herrian sartu ziren mairuekin joan huen.

        —Faxista konbentzitua, beraz.

        —Horixe esan diat.

        —Ybarratarrak faxisten altxamendua sendo eta gogotsu finantzatu zutenen artekoak ziren —Bernardo hark zerbait bazekien—. Eta haien testigantzarekin Queipo de Llano hark, irrati saio sutsu haietako batean, Mallona aipatu zuen.

        —Bai. Baina heuk irakurri!

        Mallona katoliko fede-muturrekoa! Bere defentsaren azken buruan huraxe jarri zuen. Queipo de Llanok bere ontasuna goraipatu bazuen, egin ere egin zuen moduan, ez ote zioten epaileek beste gaizki eginak, politikoak, barkatuko? Eta zein gaizki-egin, gainera?

        Ez nuen Mallona kartzelan imajinatu gura. Gerra hartan katolikoek katolikoen legean ari zirela pentsatu nahian. Epaile faxistei fede katolikoak aldarrikatzen duen barkamen gaitasuna gogorarazteko.

        —Ondo al zaude? —bisitariak nire samina antzeman zuen.

        —Amaitu duk hamargarrena irakurtzen? —erantzun nion, ondo nengoela adieraztearren.

        —Amaitu dut, bai —esan zuen, ni ondo nengoen sinesten ez zuela agerian zuela.

        —Eta?

        —Mallonak etxean gordetako faxista haiek, ybarratarrek eta, ezin izan zioten zigorra kenarazi? —harriturik zen bisitaria.

        —Bernardo —esan nion—, ze Bernardo haiz, ezta? —buruaz baietz egin zidan—. Oraintxe irakurri behar duk hirugarren arrazoia, ea horretan zein misterio dagoen. Eta gero hor aipatzen den beste Jesus (...) faxista hori nondik nora ezagutzen duan esango didak. Bai?

        Buruaz baiezkoa egin zuen. Eta mundu honetan «bizirik bizi edo bestela hobe hil» jokatu behar denez, kafearen ostean zerbait edateko ordua iritsia zela begitandu zitzaidan, eta koñak pitin bat eskatu nuen. Ea behintzat bizirik hiltzen nintzen. Ez nintzen hil, bistan da. Haatik koñakak suspertu egin ninduen. Zorionez.

        Zorionez, diot, bisitaria, Bernardo ei zen hura, negar egitekotan baitzen. Hirugarren arrazoiko zerbaitek min eman zion. Zerk? Horixe galdetu behar nion. Baina nahiago izan nuen berak esatea esateko zuena.

        —Hemen aipatzen den industria-gizona, Mallonak balizko heriotza batetik salbatu zuen beste faxista bat zena, etxekoa dut. Aitaitaren aldetik. Nire izena Jesus Bernardo (...) da —esan zuen, abizena ere aipatuz—. Ikusten duzunez, bataio harrian haren izena ere eman zidaten, Bernardorekin batera, eta familia izenez harexen izena daroat Jesus Bernardo horien atzean.

        —Eta? —esan nion.

        —Ez ote zuen Jesus hark ezer egin Mallonaren alde? —esan zidan.

        —Horregatik etorri haiz niregana? Hori jakitearren? —ulertzen hasia nintzen.

        Ez ertzaina, ez abokatua, ez historialaria. Bisitaria, Jesus Bernardo (...)!, beste Jesus (...) faxista haren habekoa zen. Etxera itzultzeko ordua zen. Eta halaxe esan nion.

        —Goazen autoaren bila.