Kilkerren hotsak
Kilkerren hotsak
2003, nobela
248 orrialde
84-95511-57-6
azala: Robert Capa, Garbiņe Ubeda
Edorta Jimenez
1953, Mundaka
 
2010, poesia
2006, kronika
2003, saiakera
2001, poesia
1993, nobela
1991, nobela
1990, ipuinak
1987, poesia
1986, poesia
1986, poesia
1985, poesia
 

 

—2—

 

Gerra girora jauzi egin nuen. Nabarra boutik zelan alde egin nuen etorri zitzaidan gogora. Martxoak 4 zituen, oker ez banago. Nahiago dut hura gogora ez ekartzea, ostera.

        Haren ostean egundoko misioa eman zidaten. Bisitariak aipatu zidan herrira joan behar nuen. Barkatuko didazue herriaren izena ez aipatzea. Sasian bizi izan denaren maniak, bai.

        Misioa erraza zen. Itxuraz behintzat. Baina ene bizi guztian ezerk ez dit haren lehenengo pausoak eman zidan besteko mina eman. Hasteko, falangista baten afiliazio orria eman zidaten.

        —Erakutsi beharrekoetan eta erakutsi beharrekoei erakusteko —agindu zidan Zerbitzuburuak, misioari buruzko beste argitasun gutxi batzuk eman ostean.

        —Soingainekoa eta haren barruko forruaren artean sartu nuenean bihotza lehertu egingo zitzaidala pentsatu nuen —esan nion bisitariari, eta nire azalpenetan etenaldia egin nuen.

        —Ez zen samurra izango falangista zerrikume baten agiria bihotzaren parean eramatea —ulertuarena egin zuen.

        —Hori ere egia da —esan nion—. Baina horregatik bakarrik izan balitz! Pentsa ezazu harrapatu egiten baninduten. Geureek. Eta dokumentua topatu. Zelan azaldu nor nintzen? Tiro bat jo eta bertan seko utziko ninduten. Beno, hori anarkistekin edo komunistekin gertatuz gero. Abertzale negarti haiekin beste kontu bat izan zitekeen, ziur. Baina harira!

        Falangista hura hil berria zen, itxuraz. Nork, non eta nola eman zion heriotza, hori ez nuen galdetu. Baina dudaren harra barruan geratu zitzaidan. Faxistek ez omen zeukaten haren heriotzaren berri, horra argi neukan bakarra.

        —Hau dena Ibaiganen izan zen. Han ikusi nuen gure aristokrata itxurako agintari hura —hau esateko bisitariari begietara begiratuz hitz egin nion.

        —Telesforo Monzon? —galde egin zidan, nortaz ari nintzen ziur zegoen arren.

        —Berbera. Ertzaintzaren buruaren burua zen. Ez nuen harekin hitz egin, zerarekin baino... —izena esateko hauxe falta zitzaidala moztu egin nuen. Ezin dut izenik eman, ez eta hildakoren batena ere.

        Bisitariak adi entzuten ziharduen. Ertzaintza aipatzean zerbait nabarituko niolakoan, baina kia! Ez zuen zirkinik ere egin. Ez nion esan falangistaren orria hantxe ezkutuan baneraman ere nire beste afiliazio orria, berau ere faltsua, aldean neramanik. Zertarako?

        Herriraino bidea autoz egin nuen. Zerbitzuetakoa izatearen abantailak. Dena dela, ez nuen autoz joatearen arrazoia ulertu. Hain presazkoa ote zen ni herrira agertzea? Galdera hori ere barruan geratu zitzaidan. Bilbo atzean utzi orduko desagertua zen edozein duda. Aire erasoaldietan jotzen zuten deiadarra aditu genuen, eta hantxe ahaztu zitzaidan presaren zergatiaz galdetzea.

        «Zorioneko presa!», bota nuen nire artean.

        Enekuri gainean ginen. Txoferrak bekain ertzaz begiratu ninduen. Gogorrago zapaldu zion. Han aurrean Abra osoa geneukan. Hantxe ikus zitezkeen Bilbo blokeaturik zeukaten gudontziak. Eta ezin ezer egin guk blokeoa hausteko. Aire erasoaldiaren deiadarra aditu zen berriro. Hegazkintxo bakarra zen. Enekurin behera gindoazela hasi zen haren bonbardaketa.

        —Paperak —esan zidan txoferrak.

        —Papertxo hegalariak, bai —esan nion, eta hortxe amaitu zen gure hizketalditxoa.

        Eta halaxe izan zen ordukoan. Orri hegalarietan Mola jeneralak, Bizkaian harria harri gainean ez zela geratuko, mehatxu egiten zuen. Eta matxinatuekin zerikusirik ez zeukanak ez zuela ezeren beldur izateko motiborik, eta hau hori eta bestea. Geu omen ginen matxinatuak! Halakorik!

        Hegazkinak bihotza kolkotik atera zigun. Hurrengoak paperak barik balak jaurti zitzakeen. Billano muturreraino isil-isilik joan ginen, autoko argiak amataturik, gauari aurrea hartu guran. Bidean ikusi genuena hobe ez aipatzea. Gerra galtzen gindoazen. Horretaz konturatzeko txoferrari begiratzea baino ez zegoen. Hamazazpi urteko umekondoa.

        Behin Billanon, hango faro-dorre zaharra saihestuz haren ondoko bunkerretara egin genuen. Hantxe zegoen transmisioen zerbitzua. Eta kostako bateriak ere. Txoferrak autoa leun-leun gelditu zuen. Eskerrak eman nizkion. Txiza egiteko aprobetxatuko zuela esan zidan, erantzun gisa.

        —Kontuz txilibitua lar erakutsi gabe! —ziria sartu nion—. Hangoek begipean gaitiztek eta.

        Bizkor iluntzen ari zuen. Baina faroko argiak biztu gabe segitzen zuen.

        «Alarmaren bat», pentsatu nuen, alarmarik noiz ez zen egoten nire artean esanez.

        Transmisioen zentroko bunkerraren ateetan itsasoko ertzain bi zeuden. Guardian. Bat ezagun egin zitzaidan, baina berak ez ninduen ezagutu. Biboteagatik, beharbada. Gerra hasi aurretik bizarra ondo eginda ibiltzen bainintzen, orain, ba, batzuetan bibotea eta besteetan bizarra. Ez ninduen ezagutu, eta hobeto horrela. Ez zen kontua gizagaixo hari azalpenak ematen hastea. Ohiko orria erakutsi nien. Barrura sartzen utzi ninduten. Esan gabe doa orrian ageri zen izena ez zela nire benetako izena baina, nire lako batek zein du benetako izena? Transmisio-buruaren bulego atea —tuneletako batean egindako zuloa— zabalik zegoen.

        —Arranoa! —ahots sendo batek oihu egin zidan.

        —Sinbad! —beste oihu batez erantzun nion.

        Ez neukan garbi zergatik bota zuen Arrano! hura. Harritu egiten zelako ni han ikusteaz ala ezizenez niri —batzuek behintzat— Arrano esaten zidatelako? Ez nion galdetu.

        Hantxe zegoen Sinbad kapitaina, bere betiko aldarte onean. Aspaldiko lagunak ginen.

        —Bo, lagunak —duda egin nuen, bisitariari begiratuz—. Irakasle izan nuen Nautika Eskolan.

        —Deustuko Itsasketa Eskolan?

        —Ze itsasketa eta ze metraileta! Ez gara horretan hasiko —bota nion—. Sinbadek harrera ona egin zidan. Lepoan jo zidan agurrezko kolpea alde batera utzita.

        —Tragotxo bat? —eskaintza egin zidan.

        Mahai-gaina paperez beterik zeukan, hura anabasa. Eta bera zen Merkatal Marinako Pertsonen eta Transmisioen Arduraduna!

        —Nola esaten zioten orduan hari? Erri-Itsaskintza-Oro Azterkaritza? —azken hau ozenago esan nuen, galdetuz.

        Galdera airean geratu zen. Bisitariak ez zuen tutik esan. Eta nire azalpenetan aurrera egin nuen.

        Sinbaden bulegoan zegoen anabasaz gainera, eta dena askoz nahasiago egiteko, irratien hotsak eta telegrafoaren txistuak aditzen ziren. Anabasa, bai, baina botila non gordetzen zuen ondo zekien Sinbadek. Basotxo bi bete zituen.

        —Arranoa! Gerra hau kaka hutsa duk, Uriarte! Topa! —esan zuen.

        —Hau duk berotzekoa! Nondik atera duk pattar hau?

        —Sekretua —erantzun zidan—. Hire misioa bezain sekretua.

        Ordua zen norbaitek nire misioa zehatzago azal ziezadan. Zerbitzuburuak, barruko poltsikoan erretzen neukan orria emateaz gainera, ezer gutxi argitu baitzidan. Herriaren izena, hara joateko autoa —beribila esan zuen berak— jarriko zidatela, txoferrarekin —txoferra, halaxe esan zuen— larregizko konfiantzarik ez ibiltzeko eta Billanon geratzeko agindu zehatzagoak hartzera, horra hark esan zidana.

        Baina Sinbad gibelandiak ez zuen presarik. Misioa, beraz, hain presazkoa ere ez zen. Eta bera irakasle eta ni haren ikasle ibili gineneko denborak ekarri zituen gogora. Ikasle ona izan omen nintzen.

        —Ikasle hain jatorra izanik, gero ez hintzen inoiz enbarkatu.

        Ez nion erabaki haren zergatia azaldu behar. Bera ere, noiz enbarkatu zen ganorazko ontzi batean, ba? Sota jauntxoaren Goizeko Izarra yatean sartu zen, eta han beti jai.

        —Zergatik Sinbad ezizena? —bisitaria jakingurak erreta zegoela igarri nuen.

        —Deportiboko Zirku amateurrean ibiltzen zen, marinel jantzita egundoko jauzi luzeak egiten. Hortik ezizena.

        —Gizon txirenea, Bilbon esaten den moduan esanda —esan zuen bisitariak.

        —Izan ere Sinbad, jaiotza izenez Juan Duñabeitia, Bilbokoa zen eta. Egia da jauziak egiteaz gainera itsaso beteko gizona zela. Goizeko Izarrako mastetan gora zelan igotzen zen ikusi beharko zenuen; katua baino malguago. Eta han zegoen, ia berrogei urterekin, mutilzahar kasik, gerrako jaka harekin. Baina goazen harira. Misioaren nondik norakoa azaldu zidan. Ez zehatzegi, egia esan.

        —Lantzean behin alemanen gerrako barku bat Ogoño eta Matxitxako arteko badian sartzen duk, gauez —esan zidan—. Horren zeregina? Hemendik alde egin nahi duten faxistak bertan enbarkatzea.

        —Gure oniritziarekin —eten nion Sinbadi.

        —Gerra hau ez diagu ez hik ez nik gidatzen. Gobernuaren aginduak dituk —Sinbadek ez zuen sekula santan Jaurlaritza hitza erabiliko; nirekin behintzat—. Zenbat eta faxista gutxiago gure artean, ba enbarazu gutxiago. Paperak ematen zaizkiek eta hor konpon. Hanka hemendik! Enbarka bitez!

        —Eta zein da problema?

        —Ba bide batez paperik gabeko beste arrain batzuk ere enbarkatzen direla, eta ez edonolakoak, arranoa!

        —Legatz ederrak —esan nion.

        —Saltsan jartzeko modukoak. Hementxe dituk faxistak gauez pasatzen dituen gizonaren datuak; eta haren enbarkazioaren izena.

        Papertxo bat luzatu zidan. Hartu, begiratu eta zatitu egin nuen. Ez nuen haren beharrik.

Ur-Txori zen ontziaren izena, eta Benjamin gizonarena. Izen politak biak. Ur-Txori behar zuelako izan ontziak, gauez eta faxisten kargamentu haiekin nabigatu ahal izateko. Eta hura ontziaren meritua ez bazen, jabearena izango zen. Benjamin! Bibliako ipuintxo hartan Jakoben hamabigarren semea, eta azkena.

        —Eta zein zen badian sartzen zen aleman ontziaren izena? —eten zidan bisitariak.

        Adina tamalgarria da. Dena nahasten da. Edo lagun hark esaten zuen moduan, azkenean norberak ez daki Txinan zein diren jeneralen izenak eta zein ibaienak. Bada, niri berdin jazotzen zait, baina Alemaniako hiriekin eta barkuekin. Ontzi hark hiri baten izena zuen, horretan ez daukat dudarik.

        Königsberg gurutzontzia zelakoan nago —esan nion—. Edo Leipzig, beharbada.

        Izenok esaten Billanoren ostekoak etorri zitzaizkidan, eta halaxe azaldu nizkion bisitariari.

        Sinbadekin basoa hustu, elkarri lepoan laztan egin eta autora joan aurretik beste baten izena eta xehetasunak esan zizkidan belarrira.

        —Gogoratuko zaik, Uriarte? —galdetu zidan, begiak elkarren begietan.

        Galderak ez zuen erantzunaren premiarik. Kanpora egin nuen. Hantxe zegoen txoferra, apur bat aztoraturik.

        —Gauez hegazkinik ez— esan nion, lasaitzearren.

        Matxitxakoraino egin genuen bidean izan genituen kontrolak ez ditut gogoan. Uste izatekoa omen zen faxistak itsasoz alde egiten saia zitezkeela.

        —Frantziara —esan zigun kontroletako batean gudari batek.

        —Ez zegoen orain dagoen kontzientziarik —bota zidan bisitariak.

        Ez nion jaramonik egin. Nire aldetik Frantziara barik Iparraldera esatea itxaroten bazuen, lekutan zegoen. Oraindino ere, eta Donibane Lohizunen urteetan bizi naizela, kostalde hau Lapurdi da niretzat. Baina harira.

        Aleman ontziak eragin zidan zirrara gogoratzearekin nahikoa nuen. Matxitxakora iritsi ginenean izan zen. Handixetik begiztatu genuen Königsberg edo Leipzig hura. Argiak amataturik zituen, haren posizioa eta egoera adierazten zutenak izan ezik. Makinak martxan zituela zegoen. Geldi. Bermeora segitu genuen.

        Behin Bermeon Bilbora itzultzeko agindua eman nion txoferrari. Eta edozer ikusita ere autoan inor ez hartzeko. Bere gaztean ez ulertuaren keinua egin zidan.

        —Tira —esan nion, pentsatzen ari zenaz jabeturik—. Larrialdi batean inor hartzen baduk ere ez egiok esan norekin etorri haizen, ez zertara ere.

        Txoferrak ukabila bekokira igoz agurtu ninduen.

        —Euzko Abertzale Ekintzako gazteok! —pentsatu nuen nire artean, mutila EAEkoa zela ziurtzat emanda—. Abertzale finak, baina gudari bulartsuegiak. Sardako arrainak sarean legez jausten ari dituk.

        Gero gaztetxo hark esker oneko beste keinu bat egin zidan. Gaitz egingo zitzaion bidean inor ez hartzea 1935eko Citroën 11CV zoragarri haren barruan. Bihotza apurtuko zitzaion bestela. Eta niri ere apurtu zitzaidan, ia-ia, Bermeoko kaleetan hara eta hona ibiliz. Eta halaxe ulertu nuen autoa jarri bazidaten ez zela presagatik izan. Bide hura autobusean, edo militarren konboi arrunt batean egin ahal izango nukeen. Baina ez zuten nahi. Gure egoera ikustean gogoak behera egingo zidalakoan. Gaua portuan ematea erabaki nuen.

        Loak nekez hartuko ninduen eta, beraz, nahigo izan nuen gaua Nabarra boutik zelan alde egin nuen gogoratuz eman.