Eulien bazka
Eulien bazka
2003, nobela
176 orrialde
84-95511-55-X
azala: Sonia Uribe
Hasier Etxeberria
1957, Elgoibar
2017, Donostia
 
2007, nobela
2005, nobela
Eulien bazka
2003, nobela
176 orrialde
84-95511-55-X
aurkibidea
 

 

2

 

Frantsesa izateko, emakume ona duzu andre hori Damian, esan dio Katalinak, ohetik dutxara salto egin duenean. Baina Damianek ez dio deus entzun. Atea erdi itxita dauka eta uraren zaratarekin ohartu ere ez da egin Katalina han dabilenik. Urrutikoetxeari deitu behar diot, pentsatu du eta ondoren apalategiko botiken artean Dexedrina poto bati jarri dizkio begiak. Beharko dut bai, zerbait. Hil baino lehen bizirik segitzeko.

        Kafeontzia sutan jarri duen istant berean sartu da Katalina sukaldeko atetik. Plastikozko pala bat dakar zakarrez beteta eta lehengo bera esan dio berriz, frantsesa izateko emakume ona duzu andre hori, Damian. Orain bai, orain entzun dio. Goiz ibili da gaur. Emakume fina duzu hori, Damian. Gauza bat zuri esateko agindu dit: atzo berak emandako papera ez galtzeko eta telefonoz deitzeko, lehenbailehen Floch edo Flach jaunari. Jaikitakoan, horixe zuri esateko eskatu dit.

        Ez da frantsesa, Katalina. Véronique Ziburukoa da, erantzun eta alde egin du sukaldetik Damianek, kafea eskutan daroala. Nahi duzuna esango duzu, erantzun dio Katalinak, baina Bidasoatik haranzkoak beti izan dira frantsesak. Lehen, orain eta gero. Zuk esango didazu niri nor den frantsesa eta nor ez, Katalinak.

        Hori ere ezin entzun izan du Damianek dagoen tokitik, soto ondoko geletako batetik. Izozkailu handi bat ireki du eta arkume birika bi atera ditu bertatik. Izozturik. Torizue maiteok, esan eta mahai baten erdian jarri du barrukietako bat. Ez dut izan astirik desizozteko. Ahaztu egin zitzaion haragi pusketak bart ateratzea. Halaxe beharko duzue gaur. Hotza badago, itxaron epeldu arte, laster gertatuko da hori. Ni banoa. Eta gauza bera egin du ondoko gelan ere. Handik atera denean, hormako erloju txiki bati behatu dio arretaz. Termostatoa da. Hogeita hamar gradu. Ez dago gaizki tenperatura hau, maiteok. Ez dago batere gaizki zuentzat.

        Arraro sentitzen du bere burua. Ez da atzo goizeko bera. Beste bat da. Munstro ipotxak bere baitan jarraitzen du. Eztarriaren erdian. Ez da bardako ametsa izan. Ez da kafearen usainarekin joan. Bertan jarraitzen du. Nola bizi behar da minbiziarekin. Biziminez. Hitz joko polita, besterik ez. Biziminez, kaka zaharra, minbizia biziminez.

        Bai, biziminez, pentsatu du jarraian. Nola, bada, bizi bestela. Eta ez daki segur Dexedrinaren eraginagatik edo zergatik, indartsu sentitzen da. Bizitzeko gogoz. Bost axola argia behar baino lehen amatatzen bada. Bost axola finera behar baino hurbilago bada.

        Zerk ematen dio, bada, balioa bizitzari. Luzaro bizitzeak ez behintzat. Esan diezaietela hori Radiguet, Rimbaud edo Basquiati. Esan diezaietela eduki zuten bizitza labur hura ez zela izan besteena baino hobea. Besteenen adinakoa. Hiltzearekin amaitzen omen da bizitza. Nork esan zuen, baina, hiltzearekin heriotza ere amaitzen dela. Nork esan zuen egia borobil hori.

        Bizi behar hutsaren bizipenaz bizi direnak ez dira benetan bizi. Esan diezaiotela egia hori Katalinari, ondo zahartuta gero ere lan makurra egiten segituko duenari. Edo nire amari, nire aitari, bizirik irauteak ematen duen lana besterik ezagutzen ez duten guztiei. Leihotik begira jarri, eta ezer ikusi gabe bizirik jarraitzea beste ezelako xederik ez dutenei. Bizitza bera gordetzen aspertu baizik egiten ez diren gizon eta emakumeei.

        Denbora dute amets. Zer da, baina, denbora. Zein da denbora ona. Baliosa. Zein denbora gutiziatzen dugu bestea baino gehiago eta zergatik. Denbora luzea ote hobea, motza baino. Zergatik da hori horrela. Zergatik ez du epe laburrak gehiago balio, epe luzeak baino.

        Epe laburrak hurbil du amaiera eta horrexek ematen dio distira geratzen zaigun apurrari. Betirakoa dirudienak, ostera, ez du ernetzen gizakia. Lotan dauka eduki. Egun bat bestearen atzean, denak berdinak, tarteko eguraldiaren aldaketak izan ezean.

        Baina zer dihardut, nola liteke defendatzen ibiltzea laburra luzearen aurrean. Nola liteke hori Damian, zentzu ororen aurka aritzea. Adimena era horretan makurraraztea. Logika oro neure zerbitzura egokitu arte okertzea. Beti haiz moldatuko orotara. Beti haiz egokituko. Gazi-gezetara. Inoiz ez duk joko behea. Ala aspaldi jo dualako habil horrela. Gora eta gora. Itolarrituta urpetik arnas bila irteten den balea bezala.

        Dexedrinak bultzatzen duela ohartu da Damian. Kitzikatua dabil eta adimena erne. Pentsamenduak uholdean datozkio eta guztien gainetik, esaldi bat atera zaio ahotik. Pentsatu ez ezik, esan egin du. Ahoskatu. Eta harritu egin da, ez baitu sekula bere burua bakarrik hizketan sumatu gaur arte. Eta ez da ari euliekin. Bere buruarekin dihardu. Ezagutzen ditudan pertsona guztiak, hiltzen ari dira. Bai, horixe esan du. Ezagutzen ditudan pertsona guztiak hiltzen ari dira. Eta apur bat geroago beste gauza bat ere esan du. Bizirik dagoena, hiltzen ari delako dago bizirik. Horixe esan du.

        Eulitegitik etxera sartu da ostera eta telefonoa hartu du. Urrutikoetxearen zenbakia markatu eta, beti bezala, Tere idazkariak jaso dio deia. Ez, Urrutikoetxea tenientea ez da etorri ondiño baina mesu bat daukat suretxat: egoteko hemen hamar eta erdietan sin falta eta esin badusu, esateko non egongo sara. Hor izango naiz hamar eta erdietan. Hutsik gabe, erantzun dio Damianek hotz, eta eseki egin du aparailua.

        Hor izango naiz, kaka zaharra. Zer ote du Urrutik orain. Gorpuren bat. Kaka zaharren bat, seguru. Hor izango naiz, bai, baina horretarako mugitu beharko dut ipurdia. Agur Katalina, egin du oihu, banoa. Ez dakit noiz itzuliko naizen. Ahal bezain lasterren. Arratsaldean.

        Ez ahaztu frantsesak emandako agindua, esan dio ozen Katalinak. Vèronique ez dela frantsesa esateko gogoa sartu zaio berriro Damiani, baina eutsi egin dio arraposturik emateke. Nahikoa du berearekin. Bakarrizketan esandako guztiarekin.

        Hori berria da, pentsatu du gero. Atzo goizean ez nion inola ere barkatuko, erantzun egingo nion Katalinari, eta Ziburukoak ez direla frantsesak adieraziko. Hondarribikoak espainolak ez diren era berean. Ala bai, Katalina espainola ote. Vèronique frantsesa ote. Inguruko guztiak atzerritarrak ote. Bera, Damian, ote anormal bakarra.

        Baina ez dio ezer ihardetsi Katalinari. Ez du horretarako gogorik izan eta bat-batean gizon berria dela sumatu du. Lehenago ez bezala, alferreko lastoak albo batera uzteko gai dela sentitu du. Mamia soilik duela gose. Azalaren lekuan funtsa. Ez du astirik alferrik galtzeko. Epe laburra dena urre, horixe helburu. Bizimina. Hiltzen ari naizelako nago bizirik, pentsatu du berriro. Ez naiz lehengo bera.

        Autora bidean, Argos etorri zaio jostari eta buztanarin. Lainoturik baina ateri dago eguraldia. Ez da atzoko zaparradarik. Udaberriaren lehen eguna da gaur.

        Zakurrari egiten dio galde. Dexedrina ala kartzinomaren albistea ote da, Argos, bizipozten nauen oldar honen jabea.

 

 

Donostiara bidean erruz dabiltza autoak autopistan. Gehiegi, beti bezala. Ugariegi.

        Polloeko tunelera iristen denean, kuartelaren parean, urrutitxo geratzen zaio atzoko bazoka tiroek jotako belardia. Beste noranzkoan doa eta tartean bada eremu zabal bat, hamar metrokoa edo, eta bertan Ertzaintzaren radarra gidarien abiadura handiegia zigortzen. Flash bat egin diote atzetik Nafarroako matrikula daukan auto bati. To oparia, pentsatu du, Damianek, ez zaik doakoa irtengo Donostiarako bidaia, nafar kaikua. Ederki akordatuko haiz gaurko bisitaz. Ven y cuéntalo.

        Astia eman dio, hala ere, belardian, urkiek eta eukaliptoek babesten duten maldaren erdian, eztandetako baten arrastoa ikusteko. Belar berdean, lurrezko tarte ezegoki bat ageri da. Metro inguruko zabalerakoa. Ez da hainbesterakoa, pentsatu du. Zarata bai handia, zarata galanta egin zuten eztandek. Ezertarako ere ez, ordea. Horixe dute horiek. Zarata besterik ez.

        Autoaren barnean argazkiak ateratzen ari diren ertzainak datozkio burura. Bada hori ofizioa. Egun osoa auto barnean kizkurturik, gidariak nola izorratuko. Edo alkoholemiako frogak egiten. Egin putz hemen. Gogorrago. Egin putz berriro. Mozkortuta zaude. Bada hori lanbide nazkagarria.

        Hamarrak dira. Irratia piztu du. Ez dute deus esan atzoko granadei buruz. Gertatu zen, bada. Neuk ikusi dut oraintxe arrastoa. Ederra albistegia.

        Zorte ona eduki du. Ertzaintzaren polizia-etxetik hurbil egokitu zaio lekua. Aparkalekua. Ez da beti horrela izaten. Hamarrak eta hogei. Okindegi batean erosi du Egunkaria. Euskaldunon Egunkaria. Bera bezalako anormalen periodikoa. Beste kazeta guztien pisuak zimurtu dio lehen orria baina argi dator, belardiaren argazki eta guzti. Atzo atentatu saiakera izan zen Intxaurrondoko kuartelaren aurka. Eta beherago, granada-jaurtitzaile baten bidez sei tiro bota zituztela dio. Granada hutsak omen. Metrailarik batere gabekoak.

        Eskerrak, pentsatu du Damianek. Bestenaz ez nintzen hemen izango notizia hau irakurtzen. Ez nintzen kezkatuta ibiliko, eztarriko arrabioarekin. Korrokoi ezkatadunarekin.

        Poltsikoak hustu behar izan ditu. Plastikozko kaxa zuri batean jarri ditu denak. Giltzak, telefono-kilkerra eta zigarro puruak gordetzen dituen metalezko kaxa dirdaitsu bat. Ondoren segurtasun uztai baten azpitik iragan da, baina, hala ere, txistua jo du aparailuak. Piit, piit. Gorputzean goitik behera pasatu dizkio eskuak ertzain atezainetako batek. Será el cinto, esan du. Pase, pase. Gerriko uhalaren burdinazko belarria, antza.

        Egunon Arruti jauna, esan dio Terek. Sure sain daude. Ekarriko disut kafetxo bat, galdetu dio azkenez eta baietz Damianek. Behin abiadura hartuta, bere motorrak ez duela zertan gasolinarik gabe gelditu, erabaki du. Dexedrina kafearekin batera hartuta bezalako pizgarririk ez dago, bera bezain hilda dagoenarentzat.

        Ezagutzen duzue elkar, dio Urrutikoetxea tenienteak. Javier Larrañaga forentsea, Damian Arruti entomologoa edo halako zerbait, esan du. Halako zerbait, soberan esan arren. Bai, ezagutzen dugu elkar esan du Damianek, noiz edo noiz egin izan dugu lan elkarrekin, eta eseri egin dira mahai borobil baten inguruan.

        Tenienteak hautsontzia beterik duela ikustean, Damianek zigarro puru bat atera du metalezko kaxatxotik. Nahi duzue. Ezetz buruarekin. Hobe horrela, pentsatu du. Merkeago.

        Urrutikoetxeak hartu du hitza. Izarraizko osin batean, laurogeita sei metroko sakoneran, gorpu baten zatiak aurkitu zituzten joan zen astean Mondragoeko espeleologo batzuek, dio. Zortzi zati. Emakume batenak dira. Zati guztiak zeuden ederki paketaturik. Bakoitza bere aldetik. Eskuak eta burua falta dira, ordea. Bila gabiltza oraindik.

        Larrañagak jarraitu du. Aztertu egin ditugu zati guztiak eta hiru eta sei aste bitarte zeramatzatela leizean, iritzi diogu. Azterketek hala diote, behintzat. Hogeita hamabost urte inguruko emakume batenak dira eta gorpua zatitzeko egin dituzten ebaketak, motozerra elektriko txiki horietako batekin eginak dira.

        Damianek harridura aurpegia jarri du. Nola jakin dezake inork erabilitako motozerra elektrikoa zela eta ez bestelakoa. Azkar etorri zaio erantzuna. Motozerraren kateko olioaren aztarnak bai, ikusi ditugu, baina ez dugu aurkitu gasolinarenik, esan dio forentseak. Elektrikoa behar zuen izan derrigorrez, motozerrak.

        Berriro Urrutikoetxeak du hitza. Sexu krimen bat dela uste dugu. Aluan ezer ere ez, baina emakumearen gorputzeko azalean, gizonezko hazia aurkitu baitugu. Hiru gizon ezberdinen hazia.

        Eta Damiani bortitzegia gertatu zaio entzundakoa. Jasanezinezkoa egin zaio buruan gauzatu zaion irudia. Jakin nahi luke, hala ere, hiru gizonezkoen hazia gorputza zatitu baino lehenagokoa ala gerokoa ote den. Gorputza zatitzeak eragindakoa ote den, ala lehenagokoa. Baina ez da ausartu halako gauza bat galdetzera. Nahiago izan du isilik.

        Urrutikoetxeak ez du eten mintzaldia. Hala ere, beste gauza bat ezagutzea ezinbestekoa zaigu ikerketan aurrera egin ahal izateko, eta horrexegatik egin dizugu dei, Arruti. Zati guztiak egun berean jaurti ote zituzten jakin behar dugu derrigorrez. Erabakigarria da. Nahitaezkoa dugu hori jakitea. Zati denak aldi berean bota ote zituzten zuloan behera, ala une eta egun ezberdinetan.

        Zergatik behar duzu jakin hori, galdetu du orduan Damianek. Ezin dizut oraingoz erantzun. Etorriko da garaia, dio Urrutikoetxeak. Baina ezinbestekoa da guretzat hori jakitea: zati guztiak aldi berean botatakoak ote diren. Horixe duzu oraingoan lana, Arruti. Eta noiz izan zen zehaztea ere bai, jakina.

        Tenientea telefonoa hartu eta Tereri ari zaio. Esan horiei sartzeko azkar. Zain gaudela.

        Non daude orain zatiak, galdetu du Damianek eta Larrañagak erantzun dio. Polloeko gorputegian, hozkailuan sartuta.

        Beti Polloe, marmarkatu du Damianek ahopeka. Zer diozu, galdetu dio tenienteak. Ezer ere ez, nire kontuak. Aurki naiz neu ere hor, pentsatu du azkenez. Badaukat kakalardo bat eztarrian ausiki. Laster irentsiko nau osorik.

        Atetik barrura hiru gazte sartu dira. Bat emakumezkoa da eta lehenengo begiratuan, kazetari baten antza daukala erabaki du Damianek. Ederra da. Musca aurea iruditu zaio Musca argentea baino gehiago. Ez da maila kaxkarra Damianen mailaketan. Une batez, Jaione emazte ohia ekarri dio gogora. Jaione. Non ote dabil orain Jaione. Eta nola. Ez daki zergatik baina parean daukan emakumea kazetaria dela esango luke. Gaztea da. Gaztea oso. Hogeita hamarretik oso gora ez oraindik.

        Baina ez, ez da kazetaria. Ertzaina da. Urrutikoetxeak dioenez, brigada zientifikoko partaidea. Lupe Latasa du izena. Bera arduratu da leizeko arrastoak biltzeaz. Beste biei, ordea, urrutitik ikusten zaie ertzainak direla eta bai, halaxe dira. Mangas deitzen da bata, eta Leniz bestea. Urrutikoetxearen agindupean, euren esku ei dago ikerketa.

        Osinean ez genuen ezer apartekorik aurkitu, dio Lupe Latasak. Zati guztiak irmoki zeuden paketatuak eta ez ziren asko apurtu hainbeste metrotan erori arren. Tarratada txikiren bat baino ez. Harritzekoa da, baina halaxe da. Plastiko gogorrean ederki bildurik zeuden denak. Ordenagailuak estaltzeko erabiltzen diren horietakoak ziren poltsak, nylonezko sokaz bilduak. Hatz markarik batere ez dugu aurkitu paketeetan eta leizearen barrenean bestelakorik ere ez, paketeek eurek erortzean egindako seinaleak izan ezean.

        Lenizek jarraitu du hizketan. Paketeetarako erabili duten plastikoa, edozein informatika dendetan aurki daitekeela. Geuk ere halakoxeak erabiltzen ditugu Ertzaintzan. Guztiz arruntak dira. Ordenagailuak hezedura eta argitik babesteko erosi ohi direnetakoak. Sokak ere erabat arruntak dira, arropak zintzilikatzeko erabiltzen diren horietakoak. Egia esan, galduta gaude, ez daukagu bestelako aztarnarik. Eskuak eta burua aurkituko bagenitu, kontua beste bat litzateke, baina bitartean alferrik gabiltza. Ez dakigu nor den ez eta nor izan daitekeen ere. Ez dakigu bere gorputzeko zatiak nola iritsi diren haraino. Ez dakigu zer gertatu den. Ez dakigu ezer.

        Nolakoa zen andrea, galdetu du Damianek eta forentseak ematen dio erantzuna. Esan dizudan bezala, hogeita hamabost urte ingurukoa, hirurogeita bost eta hirurogeita zortzi kilo bitartekoa, odola A motakoa. Bularrean eta sabelean egindako zazpi labankadaz hildakoa. Bortxaketaren arrastorik ez, baina hiru gizon ezberdinen hazia azalean. Seguru asko osasun onekoa. Ez du behintzat odolean ezer apartekorik erakutsi. Bitxia dirudi, baina bere azkeneko janaldian ostrak eta ardo zuriren bat hartu zituen. Seguru asko, Riesling ardo bat. Ez dakigu ziur, baina bai, Riesling bat izan daiteke edo bestenaz, Jurançon bat. Nolanahi ere ardo zuria, fruta-gustukoa eta gozo horietakoa.

        Hori nola jakin litekeen pentsatu du Damianek eta istant batez, forentseak irudikatu ditu emakumearen sabeletik ateratako ardo zuria dastatzen. Irudikatutakoak ernarazi dion goragaleak kafea eta Dexedrinaren zapore mikatza ekarri dizkio eztarrian gora, baina ez du egin eztul txiki bat baino. Hala ere.

        Jaitsi egin beharko dut neuk ere, esan du Damianek azkenean. Jaitsi nora, galdetu dio Urrutikoetxeak. Leizean behera, erantzun du. Lupe Latasak orduan, berak lagunduko duela leizean behera esan du. Elkarrekin jaitsiko direla leize zulora.

        Osinean behera. Laurogeita sei metro ilunpetan. Lurraren erraietan behera. Kaka zaharra, pentsatu du Damianek. Kaka zahar zaharra. Ezerk beldurtzen badu mundu honetan, horrexek izutzen du. Tuneletan, kobazuloetan edo leku itxi eta ilunetan baino nahiago du zerraldoan hilda. Zinemara ere beti joaten da garaiz, argiak itzali aurretik. Bestela ez da sartzen. Ezta pentsatu ere.

        Izarraizko osinean behera. Laurogeita sei metro. Ilunpean. Mendiaren sabelean, sokatik zintzilik. Kaka zaharra. Badaki zer gertatuko zaion baina beste irtenbiderik ez dauka. Joan egin behar du. Lekua ikusi egin behar du. Ingurua aztertu egin behar du. Fauna ikusi behar du. Landaredia behatu behar du. Ito egingo da. Izerdi hotzak harrapatuko du, ikusmena eta zentzuak oro galduko. Zorabiatu egingo da eta bi egun beharko ditu, gutxienez, bere onera etortzeko. Hori guztia badaki aurretik.

        Klaustrofobikoa naiz, esan du guztien aurrean. Lasai, neuk lagunduko zaitut leizean behera, errepikatu dio Lupe Latasak, beste inori ezer esateko aukerarik utzi baino lehen. Ez da ezer txarrik gertatuko. Zaude lasai.

        Zaude lasai. Kaka zaharra, pentsatu du Damian Arrutik.

 

 

Autoa hartu duenean hasi dira lehenengo sintomak. Pentsatze hutsarekin hasi da itolarritzen. Eskuak txindurritu zaizkio eta entzumena ahuldu. Azala lehortu. Pentsatze hutsarekin. Halakoxea da klaustrofobia, esan zion behin bere lagun Barandiaran psikologoak. Egoera ustekabean etortzen bazaizu, ito egingo zarela iruditzen zaizu. Eta ito egingo zara inork ateratzen ez bazaitu bertatik. Ilunpetik. Itxialditik. Egiazki ito. Baina egoera gainera etorriko zaizula aurrez eta denbora askorekin jakiten baduzu, are da okerrago. Poliki-poliki hasten zara itotzen, egoera irudikatze hutsarekin. Amuarraina belar gainean bezala. Azala lehortzen zaizu, eskuak txindurritu eta entzumena lausotzen. Gorputza gaiztotzen zaizu ezdeusa bihurtzeraino.

        Amuarrainei ezin dakiekeela eskurik txindurritu, horixe erantzun zion Damianek, zerbait esate aldera.

        Orain kontua egiazkoa da, ordea. Damianek ez daki nola irten atakatik. Barandiaranek ez zion adierazi zer egin behar izaten den halakoetan. Klaustrofobiaren sintomak egoera baino lehen etortzen direnean, zer egin behar da. Ba ote pilularik. Edo bestelakorik. Arnasa bere lekura itzultzen lagunduko didanik.

        Izerditan dago eta ozta-ozta asmatzen du errepideko bidegurutzeetan. Polloeko gorputegira bidean trafikoa handi dabil, hiriaren ertzetan. Biribilgune eta semaforoek irteera guztiak dituzte mendean udaberriaren hasiera egunean ere. Alboan darama Lupe Latasa eta ondoren doaz, Ertzaintzaren auto zuri batean, Mangas eta Leniz. Horiek ere radarreko argazkiak egingo zituzten orain baino lehen. Eta alkoholemia frogak. Putz hemen. Putz gehiago. Mozkortuta zaude. Geldi hemen pasatu arte. Zure datuak behar ditugu.

        Larrañaga forentsea eta Urrutikoetxea tenientea ere bazetozen ondoren, baina galdu egin dituzte. Aieteko semaforo batean. Edo beste nonbait.

        Damianen itolarriari beste zerbait ere gehitu zaio. Ez du Lupe Latasaren aurrean ahul agertu nahi eta horrexek erakutsi dio alboan daukan emakumea gogoko duela. Ezinegona areagotzeak horixe du seinale. Ez du zergatik ezer ezkutatzen ibili, baina barneko ohitura zahar batek erakutsia dio emazteen aurrean ahuleriarik ez agertzen. Gogoko emakume ezezagunen parean delarik, gizonak ez du azaleratu behar pitzaturik. Ez du ehizari traba eginen dion deus erakutsi behar. Matxurak norberak behar ditu gorde ezkutuan, ehizakia harrapatu artean bederen. Bestenaz, pitzatu horrexetatik eginen luke ihes ehizagaiak, basurdeek aukerako lekutik egiten duten legez.

        Lupe Latasa Musca aurea izateko moduko emakumea iruditu zaio Urrutikoetxearen bulegoan estreinakoz ikusi duenean. Ez da gutxiagorakoa. Musca argentea eta Musca albinaren artekoa. Dotoreago jantzita, hori baino gehiago ere mereziko zuen, baina bulegoko arropek distira kendu ohi diote gehienetan emakumeari. Lupe Latasari ere bai. Neutroegia da daroan jantzia. Estaltzekoa da gehiago, erakusteko baino. Hala ere, lehenengo begiratutik, ez du errazki eman ohi halako nota alturik Damianek. Harritzekoa da hori. Halako nota altua, lehenengo begiratutik.

        Zilegi ote begien aurrean ikusten dudan emakume oro zazpi euli motetako batekin alderatzen ibiltzea. Etengabeko sailkatu behar hau, pentsatzen du. Baliteke.

        Ederrena, ia existitzen ere ez den emakumea, Musca albina izaten da. Hortik behera beste guztiak: Musca aurea, Musca argentea, Musca domestica, Musca erratica eta Musca alighieri. Zilegi ote hala ibiltzea denak sailkatzen. Lehenengo begiratutik. Ahoa ireki baino lehenagotik. Ez dakit. Halaxe da baina. Beti egin izan dut hori horrela. Automatikoki. Zazpi euli horietako baten multzoan dago emakumea beti.

        Jaione Musca aurea izan zen hasiera batean. Geroago Musca argentea eta Musca domesticaren mailara jaitsi zen. Badira emakumeak lehen begiratuan euli multzo batekoa izatea merezi eta gerora ezagututakoan, beheragoko mota batera erortzen direnak. Horietakoa zen Jaione.

        Aldaketa horiek gertatzen direnean, infernuko ahoa ezagutzen du gizonezkoak. Zerutik infernurako marra baitago Musca erraticatik behera. Orduan alferrik izaten da. Zerurik gabeko lekuan egon daiteke gizona bolada luzean, handik edo hemendik eta akaso beste zeruren bat agertuko zaiolakoan.

        Infernuan ez, ordea. Behin infernuko marra iragan delarik, gizonak ez dio eutsiko lehengoari. Ezin izaten dio eutsi. Alferrik da. Horrelaxe izaten da hori. Horrelaxe izan zen golfeko bizimodu isolatuak Jaioneren irudia goitik behera mailagabetu zuenean ere. Bere etxeak Zoriona baino, Infernuko Marra behar lukeela pentsatu du Damian Arrutik. Infernuko Marra, horrelaxe, letra larriz. Kaka zaharra. Infernuko Marra. Kaka zaharra, Zoriona.

        Ezin dut gehiago, esan du azkenean. Eraman ezazu zeuk autoa esan dio Lupe Latasari. Zer gertatzen zaizu. Ezer ere ez. Ez dut ondo egin lorik. Eta autobus geltoki batean egin du bazterrera. Ertzainen bigarren autoa dutela atzetik.

        Gaixotu egiten naiz zuloan behera joan behar dudala pentsatze hutsarekin esan, eta leihoa zabaldu du Damianek, arnas bila. Erraza izango da, zaude lasai. Neu joango naiz zeurekin. Non dago intermitentea, galdetu du Lupe Latasak, erantzunik espero gabe. Zaude lasai, ez da egongo arriskurik leizean behera joateko tenorean.

        Damianek erakutsi dio lehenengo pitzatua. Ezkutuan behar zuen horrek. Eman dio emakumeari ahuleriaren berri. Hasi da, harrapatu baino lehen, ehizari iheserako aukerak ematen. Baina egiazki ehizatu nahi al du, bada, Lupe Latasa. Ez ote betiereko jarrera soil bat. Ez ote du hori gizonak beti berezko. Tximuen artekoaren antzeko.

        Zergatik ote du gizonezkoak horrelako gauza bat beti berarekin. Emakumea ehizatu beharra. Emakume ederra harrapatu ahal balu bezala jokatu beharra. Izango bada. Gizonezko izango bada.

        Zein maila ote dauka berak Lupe Latasaren begientzat. Ezberdina ote da merezitako sailkapena pitzatua hain argi erakutsi baino lehen eta ondoren. Ala, emakumeek ez dute gizonek bezala funtzionatzen. Ez du oraindik ikasi nola egiten duten. Lehenago errazagoa zen hori, pentsatu du. Gizona ona eta langilea izatearekin aski zen bere gurasoen garaian. Hala esana zion amak, aita zintzoa eta ona zela. Gizon ona zela. Horregatik esposatu zela berarekin. Ez zion sekula esan bere aita ederra zenik. Gizon ederra zenik ez zion sekula esan, bere aita.

        Aldatu egin dira gauzak, ordea. Nola egiten dute, baina, gizona aukeratzeko. Zeri ematen diote gaurko emazteek baliorik. Begiei. Bularrari. Ipurdiari. Ahoari. Ikasten ahal da hori sekula, ehun urte bizi izanda ere. Jakiten ahal du gizonak inoiz emakumeek nola duten arra ikusten.

        Damianek kafea eta Dexedrinaren nahasketari egotzi dio, azkenean, hainbeste pentsamendu ganoragabekoren aztoramena.

 

 

Polloeko gorputegian hotz egiten du. Hotz egin behar du gorputz ia izoztuak erabiltzen dituzten lekuan. Damian, Lupe eta ondoren zetozkien ertzainak iritsi direnerako, han ziren Urrutikoetxea tenientea eta Larrañaga forentsea. Damianek arnasa apur bat hartu du autotik gorputegiko atarirainoko bidean. Baina gero berriro itolarritu da, korridoreetan barrena hartu dutenean. Mukizapia atera du, bekokiko izerdi hotza xukatzeko eta zintz egin du ondoren. Alferrik. Ez dira mukiak. Beste zerbait da itotzen duena eta urdaila eta biriken arteko tartean dago bizitzen jarrita. Berez hutsik eta ezer gabe behar lukeen lekuan. Ala, buruan dago gorputz osora zabaldu eta erabat indargabetzen nauen odol gaiztotu honen iturria. Egin dio galde bere buruari.

        Larrañagak hozkailu baten tiradera handia erakarri du. Mahai gurpildun antzeko zerbait da. Gorpukiak daude agerian, emakume baten gorpua osatu ezinik, piezak falta zaizkion puzzle haragizko baten antzera. Ala okela esan behar zaio hildako haragiari. Hala balitz, puzzle okelazkoa behar litzaiokeela esan, deliberatu du Damianek. Ez esku eta ez bururik. Gainerako atalak, elkartze ezinezko batean hurbildurik. Ezer ez du ikusi Damianek batasuna eta osotasunaren hain kontrakoagorik sekula.

        Mangas eta Leniz ertzainek, handik erretiratu egin dituzte begiak, gorpua ikusi eta gero. Ezin izan diote aurrez behatu ikuskizunari. Hormetako afixa handi batzuetan dituzte begiradak ezarriak. Eta goregi dauden leiho txikietan ere bai. Ez dute gogoko eskaintzen zaien agerikoa. Bistakoa da hori. Urrutikoetxeak ere apartatu egin du begirada, horixe da Izarraizko leizean aurkitu genuen guztia, esan eta gero. Zer iruditzen zaizue.

        Lupe Latasa, Larrañaga eta Damian Arruti, ostera, hurbildu egin dira zatietara. Larrañagak latexezko eskularruak luzatu dizkie beste guztiei. Polizia-etxean esan dizuedanaz gain, ez dugu aurkitu ezer apartekorik.

        Damian Arrutik hiru gizonezkoen haziaren arrastoa non ote den begiratu du, baina ez du aztarnarik kausitu. Non duzue mikroskopioa. Laginak behar ditut zati bakoitzetik, esan du gero.

        Lenizek eta Mangasek, kanpoan itxaron ote dezaketen galdetu diote Urrutikoetxeari belarrira eta atetik kanpora joan dira, zurbil, nagusiak baiezko keinua egin dienean.

        Damianek pena dela esan du. Lehenago deitu behar ziotela, gorputzaren zatiak hozkailuan hoztu eta intsektuak betiko aldendu aurretik. Gorpuaren berezko bilakaera eten aurretik. Orain zailagoa daukala egin beharreko lana. Polikiago begiratu beharko duela. Denbora beharko duela hildakoaren heriotza eguna zehazteko. Edo behintzat, zati guztiak egun berean bota zituzten ala ez erabakitzeko. Lehenengo egin beharrekoa, leizeko baldintzak aztertzea izanen dela eta, ondoren, mikroskopiora itzultzea.

        Larrañaga puzzlea beste era batera osatzen hasi da mahai gainean. Orain zati guztiak azpikoz gora jarri nahi ditu, atzealdetik ere ikusi ahal izan dezaten emakumearen gorpua. Lehenago bularrak eta sabelaldea ageri bezala, emakumezkoaren ipurdi masailak eta bizkarra dira ikusten. Izter eta zangoak, atzeko aldetik.

        Besoetako baten azaleko aztarna bati erreparatu dio Damian Arrutik orduan. Ezkerreko besoari atzeko aldean, ukondotik hurbilago, galtzarbetik baino. Lupa hurbildu eta, baina nola liteke, esan du. Ez da posible. Ezin liteke, behin eta berriz. Aztoraturik. Itzulinguru bat egin dio gorpukiak biltzen dituen mahaiari, presaturik. Berriro behatu dio ezker besoko azalari. Ezin liteke, esan du ehungarrenez. Ezin liteke. Hau ez da egia, egin du oihu. Eta biraoa bota du. Kaka putza esan du ozen. Bai. Kaka putza. Horixe.

        Zer gertatzen da, galdetu du Urrutikoetxeak eta zer gertatzen zaizu galdetu dute beste biek. Zer gertatzen da. Zer ikusi duzu.

        Begiratu honi, erantzun du Arrutik. Begiratu honi arretaz. Eta luparen beiratik harantzago begiratu dute guztiek.

        Ez dugu ezer ikusten. Hor ez dago ezer nabarmenik.

        Begiratu ondo, agindu die Arrutik, begiratu ondo.

        Baina alferrik. Inork ez du deus ikusi.

        Horko marka hori oso bitxia da, esan du azkenean Damian Arrutik. Harrigarria. Behatu adi. Phophyla bahii izeneko eltxo txiki-txiki batek eragiten du. Orbainak beti hartzen du itxura bera, sukaldean erabiltzen den iltze-kanelarena. Pospolo buru baten neurrikoa. Ez da inoiz ezabatzen. Ezin da. Kirurgia erabili gabe ezin da sekula ezabatu azalaren gainetik. Behin eltxoak heldu duelarik, zauria gaiztotu egiten da. Zornatu. Arrasto horixe uzten du intsektuak. Betiko.

        Nik ez dut ezer ikusten, gehitu du Urrutikoetxeak.

        Bai, ikusten dut esan dute Lupe Latasak eta Larrañagak. Txiki-txikia da. Lore edo arrosa nano bat dirudi.

        Ez, ez du arrosaren itxurarik. Espeziarena bai. Iltzearena. Entomologian ezaguna da hori.

        Eta zer, galdetu du Urrutikoetxeak.

        Eta zer, eta zer diozu, esan du Damian Arrutik. Harrigarria da horrelako seinalea gure artean aurkitzea. Intsektua Itaparika irlan bakarrik bizi da, Brasilen, Salvador de Bahiatik hurbil. Han bakarrik sortzen den onddo txiki baten bizkarroi izanez bizi da Phophyla bahii eltxoa. Ez da beste inongo lekutan aurkitu sekula halakorik.

        Eta zer, galdetu du berriz Urrutikoetxeak.

        Damian Arruti erantzun gabe geratu da, biraoka eta purrustaka.

        Zer duzu gizona, zer duzu horrela jartzeko, esan dio Lupe Latasak.

        Zer dudan, kaka zaharra dut, kaka zaharra. Horixe. Burua eta eskuak aurkitu behar dira lehenbailehen. Goazen leizera.

        Baina zerk aztoratzen zaitu horrela, berriro Latasak. Leizera ez gara joaten ahal bizpahiru egun barrura arte. Dena antolatu beharra dago, hara joan aurretik.

        Zer du apartekorik honek, galdetu dio orduan Urrutikoetxeak, Arrutiren aztoramendua endelegatu ezinik.

        Ezagutzen al duzue besagainean halako orbaina daukan emakumerik, galdetu du Damianek. Ikusi al duzue sekula halako marka daroan emakumerik. Eta ezetz erantzun diote guztiek. Entzuterik ere ez zutela halako orbaina uzten zuen intsektuarenik.

        Bada, nik bai. Nik ezagutzen dut halako lekuan halakoxe orbain bitxia daukan emakumea. Edo zeukana, ez dakit nola esan behar den. Nik ezagutzen dut mahai gainean datzan emakume hori. Kaka zaharra.

        Eta eskularruak kenduz, aterantz hartu du Damian Arrutik, beste hiruren aurretik. Arnasa apur baten bila.