16 ipuin amodiozko
16 ipuin amodiozko
2002, narrazioak
240 orrialde
84-95511-53-3
azala: Garbiņe Ubeda
Xabier Mendiguren
1964, Beasain
 
2008, narrazioak
1992, ipuinak
1987, antzerkia
 

 

Informazio sexuala

 

ipuin anti-erotikoa

 

Seigarren, zazpigarren eta zortzigarren ikasturteetan segidan jarri ziguten diapositiba-sorta bera (anaia Pedrorekin, anaia Jazintorekin, anaia Jabierrekin). Beti saio bera, eta berbera ez bazen biki izpirituala, edo klonikoa, gaurko egunean esaten den bezala.

        Lehenengo argazkia naturako panoramika zabal bat izaten zen: mendi-zelaiak egunsentian, edo itsaso eta basamortuak, izadiaren eta haren sortzailearen handitasuna adierazteko. Zeru-lurrak sortu zituenak sortu zituen munduko bizidun eta bizigabe guztiak ere, eta honen agergarri azalduko ziren argazkietan erleak eta loreak, edo zaldiak eta behorrak, edo gorilak eta tximinoak, eta, guztien gainetik, egilearen emaitza gorena: gizakia.

        Hitzaurre moduko bat besterik ez zen hura, diapositiba-gelako iluntasuna aprobetxatuta jolasean eta txorakerietan ari ginen bitartean: aurreko lerrokoren bati kaskarreko bat eman, lehenengo ilarakoei paper-bolak tira eta halakoak. Fraidea bitartean (anaia Pedro, anaia Jazinto, anaia Jabier), ixo eta ixo, indar handirik gabe baina.

        Laster hasiko zen mamia. Gure Jainkoak ar eta eme egin gintuen, esango zuen off-eko ahotsak, eta pantailak orduan haur biluzi biren argazkiak erakutsiko zituen, urtebete ingurukoak, txintxilikarioa eta txuloa agerian zituztela. Orduan hasiko ziren lehenengo txisteak, oihuak, irriak, baita fraidearen lehenengo errietak ere:

        — Isilduko zarete, ala klasera itzuliko gara bestela? Gezurra ematen du...

        Klasean egotea baino hobea zen hura, eta isildu egingo ziren gure orroak, momentuz, fraideak (anaia Pedro, anaia Jazinto, anaia Jabier) hurrengo filminari paso emateko bederen. Aurki hasiko baitzen onena. Ahots modulatu hark zioenez, pubertarora iristearekin batera, zenbait aldaketa izango zituzten geure gorputzek, hala nola ileak haztea aurpegian, besapeetan edo sabelpean...

        — Txemari atera zaizkio, kristoren ile pila! —esango zuen Txufik, eta beste guztiok algaraz erantzun.

        — Isilduko al zarete? Umeak ematen duzue!

        Pixkanaka isilduko ziren gure barreak; ez hala ahopeko komentarioak, ileen kontu hura axola handikoa baitzen guretzat. Tamalez, argazkiak ez zuen inongo bixarrik ageri: babalore bat agertzen zen, jantzita noski, arratsean hodeiertzari begira, zera baino inozoago. Penagarriagoa zen ordea hurrengoa; nesken aldaketak komentatzen ari zen betiko ahots koipetsu hura: ileak haztea gorputzeko zenbait aldetan (non zehaztu gabe), bularrak handitzea (hemen gure barre txoro eta imintzio nabarmenak), eta argazkiak, neska bargasta bat bere ederrean erakutsi ordez, tuntunpaela ilehori bat ageri zuen, margarita bat eskuan, pentsakor, hostoak kenduz maite nau / ez nau maite ari balitz bezala edo. Beste zer edo zer nahi genuen guk, beste zer edo zer espero, eta hori adierazi nahi zuten gure marruek.

        — Ixo! —fraideak.

        — Iñakiri ere titiak atera zaizkio —bota zuen Txufik, eta denok barrez jarri..

        — Hoa kaka egitera —Iñaki klaseko potoloak, minduta.

        — Zufiaurre, hurrengoan kalera.

        Denok apur bat baretu arte itxaron zuen fraideak (anaia Pedro, anaia Jazinto, anaia Jabier), saioaren muin zientifikoa baitzetorren hurrengo azalpenenean: marrazkitxo zenbaiten laguntzaz off-eko ahots orojakileak azaldu zigun gure guruinek (zer ote zen hori) substantzia berezi batzuk jariatzen zituztela, gure hazkundea eta aldaketak eragiten zituztenak; guruin sexualak diferenteak omen ziren neskentzat eta mutilentzat. Gure kasuan espermatozoideak sortzen ziren; neskenean, berriz, obuluak. «U, u, u» egin zuen baten batek, baina laster isildu zen, handia baitzen beste guztion jakin-mina.

        Zelulen argazkiak eta marrazki eskematikoak tartekatuz, han agertu ziren txalburu buztanluzeak, barrabiletik zakilerainoko tutuak, obulutegiak eta umontzia, Falopioren tronpa eta guzti, nondik ibiltzen baitira txangoan obulu izeneko pilota txiki, bigun batzuk. Barre txikiak ziren gure artean, une jakin batean ozen eta nabarmen bihurtu zirenak, hain zuzen ere ahots neurtu hark (Jainkoaren ahotsa ote?) esan zuenean ezen zakila, gorputz porotsua izanik, odolez bete litekeela eta bigunetik gogorrera igaro, espermatozoideak bertatik igarotzeko.

        —A ze kanpai jotzeak, e Fermin? —bota zuen Txufik, denen algaren artean.

        — Zufiaurre: zoaz oraintxe bertan kalera —esan zuen fraideak.

        — Zergatik?

        — Zaude isilik eta atera kanpora, zartako bat ematea nahi ez baduzu.

        — Baina egia da: Fermin akolitoa da parrokian, eta berak jotzen ditu bertan kanpaiak.

        Danba!, kristoren zaplaztekoa eman zion fraideak (anaia Pedro, anaia Jazinto, anaia Jabier), gure barregurak derrepente eten zituena.

        — Ea hemendik aurrera isilxeago zaudeten —esan zigun fraideak Txufik alde egin ostean, eta proiektorea berriz martxan jarri aurretik sermoitxoa botatzeko aprobetxatu zuen—. Gezurra ematen du: zuen hobe beharrez ekarri hau ikustera, hazitxoak zaretelakoan, eta horra, umeak baino okerrago. Informazio sexualik ez daukazuela esango duzue gero...

        Lasaitu zen halako batean fraidea (anaia Pedro, anaia Jazinto, anaia Jabier) eta aurrera segitu genuen diapositiba-saioarekin. Eskemak utzi eta jendearen argazkiak genituen aurrean berriz ere: hamazortzi urteko neska-mutil batzuk eskutik helduta; gero beste bikote bat, elkarri gozo begira; hurrena beste bat (edo lehengo bera, ez zegoen jakiterik) besarkatuta, atzean ilunabarraren gorria ikusten zela (ilunabarra zen, bistan zegoenez, Jaungoikoaren unerik gogokoena, edo sexualena, edo argazkietarako aproposena). Bien bitartean, goiko ahots hark azaldu zigun nola, adin batetik aurrera, elkarrenganako joera dugun gizon eta emakumeek, Jainkoak hala nahi izan duelako, eta nola elkartzen garen bikoteka, eta nola sentitzen dugun arimaz ez ezik gorputzez ere bat egiteko desira, gure jaunak bedeinkatua.

        Ez fraideak egundoko errieta egin zigulako baina isil-isilik geunden une hartan, aho barneko listu-irenstea besterik aditzen ez zela, ondoren etorriko zelakoan zereko zera, alegia, pin-pan-puna, denok espero genuena.

        Etorri, etorri zen, baina ez argazkiz, ezpada marrazkiz. Ez oso marrazki kilikagarriekin gainera: zirriborro batzuek adierazten zuten nola zakila ematutuan barrena sartzen zen, eta nola espermatozoideak pozez saltoka ateratzen ziren, barrualde haietan obulu bakartiaren bila.

        Egundoko borroka zen hura: denak korrika, eta bakar batentzako tokia bertan. Olinpiadetako ehun metroko lasterketa balitz bezala geunden gu denok, arnasari eutsiz, hura dena nola bukatuko.

        Bukaera, jakina, hurrengo argazkiak eman zigun: emakume bat ageri zen bertan, egundoko zoriontasun-aurpegiarekin, bere sabel loditua laztantzen, atzean gizona zuela, emakumeari eta honen sabelari samur-samur begira. Bistako ondorioa zen hura, eta ezaguna, baina hala ere halako frustrazio-sentipen bat sortu zigun denoi barruan, airez betetako globoa bat-batean lehertu edo hustu balitz bezala, edo, zehatzago esanda, gure gorputz porotsuek istant batean bere odol guztia galdu balute bezala.

        Ondorengoa ere jakina zen, eta anti-klimax hura areagotu besterik ez zuen egin: erditze baten irudia ikusiko genuen («bizitzaren miraria», ahots ahalguztidunaren hitzetan), ama hori haurrari titia ematen gero, eta amaitzeko beste panoramika zabal bat, ilunabarra ez bazen egunsentia oraingoan. Jainkoaren xedeak buruturik geratzen ziren horrela, bere planak zehatz beterik eta zikloa berriz ere hasieratik abiatzeko prest. Eta halaxe sentitzen zen fraidea ere (anaia Pedro, anaia Jazinto, anaia Jabier), elizaren irekitzeak eta garai politiko berriak eskatzen zuten modernizazioaren aitzindari, inkisizioaren oskurantismo zapaltzailea behin betiko itzalpera bidali duen goiaingerua iduri. Gu denok aski isil eta apaldurik ikusita, gainera, diapositiba-saioaren mezu sakona barneraino sartu zitzaigula eta geure baitan hausnartzen ari ginela pentsatuko zuen, gizajoak.

        — Tira, goazen gelara —esango zuen fraideak argiak piztuta.

        Protestaka eta marmarka hasiko ginen gu orduan, klasera itzultzeko nagiz.

        — Hurrengoan jarraituko dugu, sexualitatea Jainkoaren dohain gisa sakonago aztertzen —esan zigun fraideak (anaia Pedro, anaia Jazinto, anaia Jabier).

        Eta kontsolamendu ttiki horrekin geratuko ginen gu, hurrengo filmina-sortan zerbait kilikagarriago ikusteko esperantzan.

        Pasabidera irtetean Txufi topatu genuen, belarriondo gorritua eskuarekin igurzten oraindik, baina irria ezpainetan eta jakin-gosea begietan.

        — Ta? Zerbait ikusi al da?

        Eta gu zalantzan geratuko ginen, egia aitortu ala gezurren bat asmatu, eta aldi berean kalkuluak egiten nor bere artean, ikusitako argazki xixtrin eta geza haiek baliagarri izango ote zitzaizkigun, geure bakarkako fantasia sexualak ernatzeko.

 

[1998]