Leuropa
Leuropa
2002, nobela
196 orrialde
84-95511-51-7
azala: Anthony Russo
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2000, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
 

 

Orduko Zineb eta Lila eta Beni Mellalgo gizonak ere etorri ziren eta denak, haiek eta bestiak eta hiru beltzak ere almazenian zeuden lasto pardelen artian jarrita.

        Lehenengo ikusi genuena eta eserita bazegoen ere ikusteko modukoa zen: neska beltzak krixton zorroa zeukan, haurdun zegoen bai? eta ez hiru edo lau hilabetez. Horrek Sakiri etzion batere graziarik egin, Krimok etziolako halakorik esan eta gainera, neri esan zidana, neska harekin zer egin behar genuen? Hala zegoela hura klubera eramaterik etzegoen, baina hori gutxienekoa zen eta etxera zijoazela Krimok Sakiri esan zion, neskarekin zegoen gizon haietako bat bere gizona zuela, noski txarrena eta Saki estutu zuena zen hala egotia bera eta zuloan estado hartan sartu behar izatia, Krimok zazpi hilabeteko zegoela esan omen zion, hala esan omen zion neskak berari, eta Sakik esan omen zion hala izatia hobe! Eta gero neri esan zidan: Hori gure Axierrekin batetsu etorriko duk! nik orduan jakin nuen Axier jarri nahi ziotela beren semiari, eta hartan, Sakik esan omen zion Krimori, jakingo zutela beraiek zer egiten zuten, eta bidian zerbait pasatzen balin bazen, hor konpon!

        Hala bada, Saki eta Krimo etxera joan ziren eta Sakik esan zidan: Hi! beraiekin joateko, baina ni kanillan musua garbitzen ari nintzen eta Selimek orduan, artian nik enekien haren izena baina, han itzalian jarrita zegoen eta: Zu hangoa zara? galdetu zidan, eta nik: Bai, irriparre batekin begiratu zidan, ya Saki eta patioan izkutatu ziren eta, ni egia esateko beste inorako ez baina oherako hobia nengoen, hartara Selimen ondoan jarri eta begiak itxi nituen, eta Sakik behintzat kafesniarekin eta gosari legia egin zuen, noski bera txoferra zen eta, besteen aldian atentzio pixka bat merezi zuen, bai?

        Handik laster bueltan ziren biak, Krimok kapazo bat zekarren eta barruan ogi fin edo crêpe bezalako batzuk, Krimok haiek partitu zituen, esanez: Hau da gure azkeneko janaria eta barruan eztago jaterik eta norbaitek beste beharrik balin badauka, orain egitia dauka eta gero aguantatu dezala! Esan behar da Selimek ogi fin hura, berak deitzen diona «mesmen» baina hemen iparraldian esaten da «rgaif», Selimek hiru mokadutan ziplatu zuela, zergatik barrakako bestiak bezalaxe berak bezperan baraua egin zuen!

        Bitartian Saki gabarrari lona kentzen hasi zen, ni ere igo nintzen, jarri genuen bere tokian eskalera, gero Krimok esan zuen: Iala! esan nahi duena: Goazen! eta ya denak inguratu ziren, Sakik gabarrara igotzen laguntzen zien eta nik eskalerari eusten, bobinen arteko pasilloan eta pataten artian banan banan eta kontu pixka bat eginez pasa behar zuten, aurrena Lila eta Zineb sartu ziren beren poltsekin, gero Fati, beltza, eta bere gizona, lehendabizi hau eta gero andria poliki poliki, haien atzetik beste gizon beltza zetorren, eta harek, Sakik ikusten, bazeraman gerrian lotuta mobila, eta hari, erderaz: E, negro, itzalita izango duk ala! esan zion Sakik. Bestiak, begirada harro batekin: Claro, esan zuen, eta barrura joan zen.

        Beltz haiek halakoxiak ziren, kalma haundikoak eta haiek, orduan larria bazuten, ederki asko disimulatzen zuten. Bestalde Nigeriakoek fama hori dute, harro samarrena, eta ni oraintxe hasi naiz beltzak hemengoak edo hangoak eta batzuk besteengandik pixka bat berexten, hala Nigeriakoak sendoak dira eta inglesez jakiten dute, Senegalgoak dira meharragoak eta hango emakumiak oso guapak dira, esan behar da beraiek ere aprobetxatu egiten direla hortaz, eta orain Senegalgoak aipatu eta gogora etorri zait behin Donostiako puertoan tipo bat sartu zitzaidala «negozio» bat eskeintzen, esan zidan Senegalgoa zela, gero hurruna plazan Iñakiren aitari esan nion, eta harek: Badakit nor den hori, horrek dio Senegal, hori ez Senegal, hori Somalia, horrek eztaki wolof... Bueno eta beltz haietaz ezin besterik esan, zergatik gero haiekin ikusi eta ez ikusi izan zen eta gero esango dizut nola.

        Bestiak ere sartu ziren banan banan, Krimo bera azkena eta harekin hamahiru ziren. Bueno eta ya denak barruan zirela, handik Krimok hotsa: Ura! eskatu zidan, pataten artian utzi zituztelako botilak, eman nizkien ba ur botila haiek eta gero eskalera gainetik azkeneko begiratua eman nuen, Krimo ez beste guztiak eseri ziren baina zeuden oso juxtu! Oraindik ikusten ari naiz, izkina batian hiru emakumiak beren poltsen gainian jarrita eta gero beste guztiak soinian soinekoak besterik etzeramazkitela eta hankak bil bil eginda oso bata bestiaren gainian oso nolabait, gainera han barruan beroa hasi zuen, Fatik minaren aurpegia eta hankak bere gizonaren gainian zabalduta zeuzkan, Kebir haundia izerditan eta eskuarekin tapatuta begiak, haren ondoan Ahmed buruan trapu busti batekin, gaua inondik ere sukarrarekin pasatu baitzuen, denen erdian zaharra kuku kuku eginda eta oso apuratuta neri begira zegoen eta Zineb berriz, burua paretaren kontra eta irriparre triste bat eskeini zidan.

        Gakoarekin tira eginda lona korritu zuen Sakik, eskalera kendu, paleak berriz ere ondo ajustatu genituen eta gu ya jeitsi eta gabarra itxi genuen.

        Bueltako bidia ezagutzen genuen eta errekan kontu pixka bat baina karreterara problemarik gabe iritsi ginen eta handik ere zuzen eta aise, Tanja baino hamar bat kilometro lehenago xortak zeuden eta Sakik: Putakumiak, eta: Emaidak pakete bat, ya haiei emateko eskuan tabako paketia hartuta zeukan baina haiek eskuarekin segitzeko adierazi ziguten eta bastante.

        Gero hiriko sarreran jende pilo bat zetorren oinez karreteraren erditik eta ez ginen berehalakoan ohartu entierro bat zela! Kotxiak gure aurrian eta beste aldian ere denak geldirik eta motorrak itzalita zeuden eta Sakik aurrena: La madre que le parió! Eta etzuen berak itzali motorra zergatik Krimorekin hitz egin zuen bezala motorra itzaltzia puertora heldu ginela seinalia baitzen, baina jendia guri begira zegoen eta batere begi onekin ez! Eta Sakik: A tomar por culo! esan eta motorra itzali zuen, hori baita hemengo kostunbria edo legia entierro bat izaten denian.

        Han egondu ginen hiru lau minutuan eta ya kamionaren atzetik mutiko batzuk hurbildu ziren eta nik uste jolasian baina auskalo! kamionaren azpiak begiratzen hasi ziren, Sakik atia ireki zuen eta: Alde, alde! oihu egin zien haiei, noski beldurra zeukan, behin Casako autopistan gertatu zitzaion bezala, kuadrilla batek erremolkia asaltoan hartuko ote zuen.

        Asteazkena zen, puertoan sartu ginenian goizeko bederatziak, eta nik, orain parre egiten dut, baina orduan pentsatu nuena: ederki goazek, bihar iluntzian han gaituk, asteburuan parranda pixka bat egin eta astelehenian lanera niak!