Paperezko hegazkinak
Paperezko hegazkinak
2002, nobela
152 orrialde
84-95511-50-9
azala: Belen Ibarrola
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2011, narrazioak
2007, nobela
2005, nobela
 

 

 

The truth is rarely pure and never simple

                                          Oscar Wilde

 

 

— Eskerrak San Pedro Atxerreko tontorraren, Gernikako zinemaren eta Picassoren irudi nahasiek salbatu nauten!!!

        Galderrek sudurtzuloetara eroan zituen atzamar likatsuak. Irudipena zuen goiz samar etxeratu zela, taberna itxi ondoren. Auskalo. Norbaiten kexu garrasi intziri italieradunek ihes egiten zuten behin eta berriro Donatella pisukidearen gelatik. Galderren gelan, ordea, oro zen jantziei itsatsi garagardo beltz hats lika arrisku herri bateko jaiak. Umetako Gernika azaldu zitzaion begietara. Oroipenak ez ziren asko baina garbi sartzen ziren ametsetara. Atxuriko geltokia aita eta ama Gernika Jai-Alai. Ametsek gura dutena egiten dute irudiekin. Ametsek desitxuratu egiten dituzte oroipenik zehatzenak. Frontoira trenez joaten ziren gehienetan. Han bermeotarrei entzuten zieten berbetan. Aitak kontatuta zekien bermeotarrak zirela, eta pentsatzen zuen hura ez zela bere trena.

        Ez zuen deus berezirik nabaritu Fernandoren galeria apokaliptikotik erori zenean; argazkia non egina zegoen galdetzera eramango zuen detaile ttipienik; herria salatuko zuen aurpegi janzkera paisaiarik. Eta hala ere, Waterlooko geltokian trenera sartu zenean, gogora etorri zitzaion lehendik ikusita zeukala. Fernandorenean ez zen ohartu ere egin hainbeste argazki eta irudiren artean. Baina hura Gernika zen.

        — Gernikako kazetarien usainean Londreseratutako ikerlari itsua. Ez duk makala. Hi haiz, hi, gerra kontuetan aditua! —trufa egin zion Emmak barre-zantzoka.

        Barre egin zuen Galderrek ere. Onartu beharra zeukan ez zitzaiola Gernika iruditu. Argazki haren berdina edo antzekoren bat hamaika aldiz ikusia zen. Beste toki batean topatuz gero, berehala asmatuko zukeen. Baina denak berdinak agertu zitzaizkion Fernandoren etxean, denak tamaina berekoak denak zuri-beltzak denak itogarriak.

        — Fernando argazkizale amorratua duk.

        Hark nolako aurpegia jarri zuen galdetzekotan egon zen Galder. Ez zuen egin baina. Umiliazio nahiko eramangarriak ere umiliazioak ziren, azken batean.

        — Ni ez naun aditua ezertan. Kanpoko kazetarien eskuhartzearekin bakarrik nagon arduratuta. Eta orain arduratzen nauen bakarra Capon dun.

        — Gernikakoa zigorra izan zan; Durangokoa, barriz, gaztigua.

        Bou Bizkaiako kapitainarekin berbetan ari zen Jose martxo azkeneko sarraskia jazo zenean. Durangokoa. Hurrengo egunetan eutsi egin zieten bonbaketei. Sekula ikusi bako gerra modua zen hura. Alemaniako hegazkinen joan-etorriek aste osoan iraun zuten. Baita Caponenak ere. Durango elizgabetua izan zen Kristoren izenean. Mojak hilik, Kristoren izenean. Animaliak zeharo barren-husturik, Kristoren izenean. Bazkalostean bonba batek baserri bat birrindu zuen. Arineketan hurbildu ziren Polizia Motorizatuko kapitain baten baimenaz. Behi bi, bost oilo eta zerrama baten pusketek lohitzen zuten ukuilua. Horixe bera adierazi zien baserritarrak, abereak ez zirela ez ezeren ez inoren izenean hiltzen. Bitartean, Radio Sevillatik Queipo de Llano jeneralak inor baino junkerrago gura zuen agertu, inor baino heinkelago: "Nuestros aviones bombardearon objetivos militares de Durango, y los comunistas y socialistas encerraron a los curas y monjas en las iglesias, asesinándolos a balazos sin piedad y quemando después las iglesias". Nazionalisten zentsoreak berak, Arbexek, kontatu zion Caponi. Estimatu egiten zuen. Susmagarriei irratiak kendu aldekoa zen Arbex. Beharko. Baina Bilbo eroritakoan matxinatuekin lerrotu zen Arbex. Handik aurrera Caponek ez zuen ostera ere ikusi, eta hala eta guztiz estimatzen jarraitu zuen.

        — Guk Radio Bilbao geunkan. Frontean ofizialek entzuten eben. Etsaiaren guzurrek nahaste handiak sortu eikiezan geure artean. Errekisau beharra egoan, Durangoko bonbardaketea erakusgarri. Bizi izan ez dauenak ezin dau ulertu. Neuri be bajat nahikoa gatxa.

        — Eta Arbexen traizioa?

        — Arbex? Zera esango deutsut: behin edo behin ikusi neban ingeleskume ha. Ez genduan ezelango susmorik, ezpabere jo eta bertan akabauko genduan.

        Hausnar egin zuen Galderrek. Beharbada Fernandori ere zaila zitzaion endelegatzen. Batek daki nola eta noiz jakin zuen gertatutakoaren berri. Emmak aitortu zion egongelakoak baino askoz argazki gehiago zituela albumetan kaxoietan lurrean sakabanaturik. Baina ez zen argazkilaria. Argazkiak egin baino, argazkiak bildu nahiago zuen.

        Ebatzi zuen Fernandorenean egindako hanka-sartze barkaezinaz baliatu beharra zegoela. Caponen heriotzari buruzko gogoeta bat irakurria zion Emmari, historialari batek egina. Gerra amaitzear zegoen. Alexander Marriot, haren lankidea egunkarian, Ingalaterran zen ordurako. Capon Madrila itzuli zen, ustez egunkariak aginduta. Ezinbestekoa zen han erreportari bat edukitzea eta hura omen zen egokiena. Marriot, Madrildik alde egin bezain pronto, eremu nazionalera mugatu zen; Caponek, aldiz, sartu-irten egin zuen, baina Gernikakoaz idatzitakoek nazionalen etsai bihurtu zuten. Capon zen egokiena, beraz, Espainia errepublikanora bueltatzeko. Bestalde, bazen esaten zuenik Gobernu britainiarrak bidali zuela Capon, lehen Abisiniara bidali zuen moduan. Batek jakin. Bide bazter batean topatu zuten haren autoa, erreta, gerra amaitu eta hiru astera. Frantziara omen zihoan.

        — Horretan ezin diat lagundu. Hik adina zakiat.

        Emmak traje beltz bat zeroan soinean. Eder ematen zion bisaiari. Noiz edo noiz bien botek elkar topatzen zuten tabernazuloko mahai baten azpian. Galderrek ostiko txikiak sumatzen zituen, asmorik gabeko kolpeak. Haren oinak irudikatzen zituen orduan, lehenengoz galtzerdiak jantzita eta gero galtzerdirik gabe. Mahaian hankalatraba eserita. Tabernan barna. Komunerantz. Kanpoan, euritako beroki eskularru berdinak zebiltzan helmuga zehatzik ezarri gabe. Emmak behin eta berriro erabiltzen zuen ahotan Fernandorenean gertatutakoa. Desilusio apur bat hartu zuela aitortu zion, seguru baitzegoen goiz edo berandu ohartuko zela. Galderrek bere baitan galdetu zuen zer esan nahi ote zuen desilusioa hartu izanak, ona ala txarra zen. Desilusio berbak kutsu txarra zeukan baina ez zen, behintzat, etsia edo etsi gaiztoa bezain kutsu txarrekoa. Nolanahi ere, hark abantaila batzuk ekar ziezazkiokeen, ezagutu aurretiko balizko iruditik urrun geratu baitzen haren begien aurrean. Auskalo.

        Emmak eta Fernandok oso harreman berezi bezain estua zeukaten elkarren artean, begi-bistakoa zen. Aspaldiko adiskideak balira bezala hitz egiten zuten. Galderren irudiko sarriago berba egin beharko zuten haren gainean. Poliki. Lehenik eta behin Caponekikoak argitu behar zituen. Gero harekikoak. Fernando ez ei zen berba egin zale. Argazkiak bildu zale zen. Argazkiak ziren Fernandoren berbak keinuak lengoaia. Argazkiak... eta idazten ari zen testua. Testamentua. Hartaz jakiteko gogo bizia zeukan.

        Sei garagardo botila huts zeuden mahai gainean. Bere aitonaren heriotzaz ezer gutxi ikas zitekeela adierazi zion Emmak. Ea bereziki interesaturik zegoen horretaz. Galderrek ezetz erran zion. Capon Gernikara sartu zen eta horrexegatik bakarrik izan zitekeen arduratzeko modukoa. Emmak gogoeta egin zuen. Txolindurik zegoela zirudien. Ea ezagutzen zuen Terence. Galderrek baiezko keinua egin zion. Baita Madner eta Hume ere. Hiru egun geroago sartu zirenekin ere interesaturik zegoen. Ea ezagutzen zituen Fabrizio, Sanzetti eta Miranda. Bai, hirurak. Eta beste kazetari atzerritar batzuk ere bai. Emmak zigarro bat isiotu zuen isilean. Buru arin zegoen. Kanpoan oro zen autobus metro taxi beltz. Oro inolako inongo inoizko.