Paperezko hegazkinak
Paperezko hegazkinak
2002, nobela
152 orrialde
84-95511-50-9
azala: Belen Ibarrola
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2011, narrazioak
2007, nobela
2005, nobela
 

 

Beck's

 

"ETAk hogeita lau ordu eman dizkio Ermuko zinegotzi bati". Iragarri baino gehiago, xuxurlatu egin du. Teilatu beltzak erre-sunda dakar. Hau da Ermua telebistan ikusi duzun lehenengo aldia. Ondoren beste hiri batzuk agertu dira. Bilbo: Gran Viako zentimetro bakoitza gainezka. Baita Madril ere. Cadiz. Ez, ez da Cadiz, Malaga baino. Aurpegiren bat ezagutzeko ahaleginak egin dituzu, guztiz ezinezkoa dela ongi baino hobeki dakizun arren. Malagan ez duzu inor ezagutzen. BBC eta Channel 4 telebista-kateen irudiak hormetara zabaldu dira. Seven-up lata amaiturik, Beck's botila bat ostu diozu Paolori, amico basco esaten dizun pisukide italiar gogaikarriari. Erlojuari behatu diozu. Fiona iristear dago. Birritan esan du berandu helduko dela. Telebistako hitz ulergaitzak samaldaka eta galopan datoz. Itotzerainoko beroa sentitzen duzu. Tranbalaka datoz.

        ETA president Ermua Bilbao Madrid Spain today president terrorist group Basque Country. Berbak bakarrik ulertzen dituzu. Seville. Seville erraza da. Baina berbek ez dute mintzairarik sortzen. The rain in Spain stays mainly in the plain. Ez zaude batere seguru "ETA in today on Ermua of Mr Aznar from Spain" edo "The president with Basque out Country of Madrid terrorist Bilbao group" aipatzen duten. Milaka manifestari azaltzen dira albistegietara. Lehena eguerdian ikusi duzu. Ondoren kriket, landareen mundua eta simpsondarrak etorri dira. Telebistari begira geratu zara ezer aditu gabe. Fionari ere nekez ulertzen diozu. Batzuetan astiro errepikatzen ditu hitzak. Ez dakizu, ordea, zer errepikatzen duen. Ez diozu deus konprenitzen.

        Dirudienez, bezperako solas-saioa eskaintzen ari dira. Hamabost urtetik beherako neska-mutilen txorta-jotzeak adar-jartzeak sexu-perbertsioak dituzte hizpide, seguru. Zuk fucking bakarrik endelegatzen duzu, baina ez hitza bera endelegatzen duzulako, turuta batek fucking guztiak itotzen dituelako baizik. Fucking, turuta. Fucking, turuta. Fucking turuta, turuta fucking. Baina ez duzu zalantzarik zertaz ari diren. Beti sexu harremanak dituzte hizpide. Hobe turutak Fabioren zurrungak itoko balitu.

        Paolo lurrean datza, artaziez txiskeroaz komuneko paperaz aldizkariz inguraturik. Acid Attack-en azken alea da. Botila hutsak daude han-hemen. Hirugarren laguna, nor denik ere ez. Zangalatraba dago beste besaulki batean, turutari eta zurrungei jaramonik egin gabe. Barrandatu egiten duzu. Uztaiak dauzka belarri bekain sudur ezpainetan. Italiartzat jo duzu. Eder dago begiak itxita. Horrelaxe ikusi nahiko zenuke Fiona.

        Telebistaren menpe geratu da etxea. Politikari ezagun bat ikusi duzu aspaldiko partez. Abaildura nabaria zaio. Zuk zeuk ere sumatu duzu nekea. "Spain in well of Lehendakari with terrible out PP and PSOE" entzun diozu, baina ez zenuke lepoa egingo. Beste politikari baten prentsa-agerraldiaren segundo batzuk eskaini dituzte ondoren. Haserre dirudi, gutxitan ikusi duzu horrela. "Basque please on live PNV off and of citizens for and in Basque bad, bad, bad. In Ermua Basque of world bad, bad, bad" azaldu die kazetariei. Baina oraingoan ere ez zaude guztiz zurekin. Fuckingak bezain itoak, zurrungak bezain zulatzaileak dira hitzak. Fionaren telefono-dei batek soilik bortxatu ditu. Ez diozu larregi ulertu. Egia esan, Ermua bakarrik ulertu diozu, eta kostata. Konturatu zara esatariaren berbak eta Fionarenak antzekoak direla.

        Hizkuntzaz gogaiturik, hiri-barnera joan zara eguneko prentsa erosten. Auzunera egun bat geroago iristen da, Londresko auzune gehienetara bezalaxe. Egunkari espainolak apal batetik hartu eta dirutza laga duzu salmahaian. Buelten zain zauden bitartean, argazki eta titular handiak begiztatu dituzu Europako eta Estatu Batuetako kazeten lehen orrialdeetan: "Les Espagnols révoltés par le chantage de l'ETA", "Spagna in piazza contro l'ETA", "Spain prays for hostage facing death deadline", "ETA droht mit der Tötung eines Eatführten", "ETA descerraja 2 tiros en la nuca de España". Gorriturik datoz letra txikiak. Gertaeren esanetara bizi diren itzalak dira, haria harria harlauza.

        Bueltak hartu dituzu. Zer esan nahi ote dute Tötung eta Eatführten-ek? Metrora abiatu zara egunkariak besapean. Igande sargoritsu batean hura da tokirik lasaiena egunkariak irakurtzeko. Noizean behin Fionarekin sartzen zara. Baina berak ez du irakurtzen. Gaur ez da etorri. Badira egun batzuk zertan dabilen ez dakizula.