Euskal karma
Euskal karma
2001, rapsodia
160 orrialde
84-95511-45-2
azala: Garbiņe Ubeda
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
1998, saiakera - nobela
1995, nobela
Euskal karma
2001, rapsodia
160 orrialde
84-95511-45-2
aurkibidea
 

 

—2—

 

B-12k eskatu zigun kanonaren bila nor joango zen erabakitzeko hainbat premiazko bilera egin zela egia da, baina nago Arantzazuko fraideek ni hobestea izan zela pergutada honetarako aukeratua izatearen arrazoi nagusia. Nago, baita ere, agian egin behar dela hemen excursus txiki bat, zergatik hobetsi ninduten Arantzazuko fraideek azaltzeko.

        Badakikezuenez, Arantzazuko Andre Maria, jatorrizkoa, 1493koa da, eta zenbait sute eta eraso jasan ditu historian zehar. Lehiaketa nazionalaren bidez, Luis Laorga eta Javier Saenz de Oiza arkitektoek, izen handiko hainbat eskultore eta arkitektok lagundurik, berreraikitze lanaren lehen urratsak emateari ekin zioten, 1950ean. Ni munduratzeko lanaren lehen urratsak ere, Arantzazurenak berak bezala, 1950ean eman ziren. Jakina denez, Arantzazuko fatxada, bertako apostoluak eta Pietatea Oteizarenak dira; ateak Txillidarenak; beirateak Eulaterenak; absideko pinturak Muñozenak eta kriptako freskoak, zur landu erre eta polikromatuaz egina, Nestor Basterretxearenak. Laorga, Saenz de Oiza, Oteiza, Txillida, Basterretxea, Eulate, Muñoz... Harrigarri samarra da, zati bakoitza nork egin duen hain erraz jakiten den toki batean, inork ez jakitea nire egilea (nire egile materiala, biologikoa) zein izan zen. Kontuak kontu, zozomikote eta tenporekin bueltaka zebilen fraide batek ikusi omen ninduen aurrena, elizako ate ondoan, saskitxo batean. Grazia egin omen zion komunitateari nire izaerak, itsusi mortala izan arren arlo fisikoan, gehiegi maite ez nautenek diotenez, eta ez hain azkarra izpirituzkoan, eta inude batenean hazi ondoren, mundu anker hau ez zela niretzat iritzirik, nonbait, Arantzazuko fraideek hartu ninduten besoetako. Eta hantxe pasatu nuen nire gaztaroa, lehen ikasle eta gero baratzezain, munduaz eta bere ponperiaz deus jakin gabe, hogeita bost urteko adina bete nuen arte; orduan, nahi izan zuen halabeharrak ni aizkolari australiar baten erakustaldian suertatzea, eta ni neu aizkorarekin nahikoa trebea izaki, euskal ebakera erakusteko aitzakiarekin Australiara joan nintzen; han hamabost urtez, munduaren maleziak oro ikasi nituen; gerora, baina, munduaz enoaturik, Arantzazura itzuli nintzen, non seme bati egiten zaion bezalako harrera egin baitzidaten, eta berriz hartu bainuen lehengo lana, baratzezaina, fraideen komunitatearen oniritziaz eta abegi onaz.

        Baina nahikoa hitz egin dugu nitaz, oraingoz bederen, eta erasten eta kontatzen ari nintzen historiari lotzeko garaia iritsi da, berriz ere. Beraz, sorlekua utzirik, erlatiboki (gero eta erlatiboagoki) gazte nintzalarik, Amazoniara joan nintzen, kuraiez beterik. Helburua: Mitxoleta topatzea, eta, topatu ondoren, bere senera itzularaztea, zer zen eta nola baliatzen zen ez nekien kanon bat eskuratzen nola lagunduko zigun aztertzeko. Hara abiatu nintzen, jantzirik nuen laneko arropa, Kandido Zubizarretaren salakota, Bitoriano Gandiagak behin erabili zuen estola bat eta Villasanterena izana zen Oteizaren hamabi apostoluen postala ekipaje bakartzat.

        Kontatu nahi denaren ikuspuntutik munta handikoa da jakitea ezen, garai haietan, menturazale, txerpolari, errekaitu-saltzaile, buhame, ijito eta mota guztietako petral saldoek mukuru betetzen zutela Amazonian sartzeko atari zen San Oximoron herria, Oximoron Leibnizbarrutia idazle famatu zenaren oroimenez horrela deitua. Oximoron Santuaren Aita Zaindarien Gazteluak, Aita Zaindarien bizilekua ere bazenak, ehun metro gorago zegoen muino batetik, etxolaz beteriko karrika asfaltatu gabeko herria zaintzen zuen.

        Esana denez, San Oximoron zen Amazonian, ibaian barna, sartzeko porturik usuena. Kolko Mitxoletaren arrastoan jarriko ninduen flete baten bila nenbilela, pito luzeak estaltzen zizkien oihal txikiez jantziriko indio matxetedunak, bolizko adarrak garraiatzen zituzten ehiztariak, etsaien erraiak jaten zituzten piratak, koko-oskolez trilero-jokoak egiten zituzten buhameak, krokodilokiak saltzen zituzten bisuteroak, aire iluneko esklabo-saltzaileak, urre-bilatzaileak, drogamenpekotasun anitzek jotako esploradoreak, buru-txikitzaileak, hegaztien zirinen kontrabandoan zaildutako patibularioak, txoto hegalzabaleko begibakarrak, presondegi izugarrienetatik ihes egindako zorritsuak, putaner ardankoiak eta horien arteko bulegari itxurako ale bakanak (europarrak edo estatubatuarrak, nire ustez), gehien-gehienak gizonezkoak, begiratzen entretenitzen ari nintzela, Gandiagaren estola lepoaren inguruan airoski bildurik, sudurra oihan-txori baten hezurraz zeharkaturik zuen indigena batek keinua egin zidan itzalean zegoen etxola baten atetik. Eskuan zuen paper luzanga bat inarrosten zuen ni nengoen tokirantz.

        Indigenak keinua errepikatu behar izan zidan, ez nuelako uste niretzat zenik; ez nuen inor ezagutzen San Oximoronen, inori ez nion nire bidaiaren berri gaztigatu, eta inork ez ninduen espero. Beraz, zer zela eta deitzen zidan inork? Nola ezagutu ninduten, nork ezagutu ninduen? Seguru-seguru jakin nuenean keinua niretzat zela, hurbildu egin nintzen, nahikoa harriturik, algodoi-fardelak eta errinozeroen adarrak garraiatzen zituzten morroiak bazterrera bultzatuz. Indigenak atea zarratu zuen bere gorputz handiaz, eta batere ulertu ez nituen hitz batzuk jaurti zituen. Ez det zure mintzaje barbaroa entendiuten, esan niyon. Belzkoteak zaparrada errepikatu zuen, eta eskuetako paper luzangak jarri zituen nire sudur azpian. «Ajá!», esan nuen. Barrutik, ahots batzuk entzun ziren («Txomin!! Berriz derbirako sarrerak saltzen harrapatzen bahaut, txikitu egingo haut!»). Beltzak etsi zuen, sarrerak sakelan gorde, eta hatz batez etxola barrura sartzeko keinua egin zidan.

        Etxola umel eta ilunaren barruan bi lagun zeuden; batak europar itxura zuen. Euskarri beltzezko antiojo modaz paseak janzten zituen. Altua eta meharra zen, eta bere begiek zoramen-izpi bat destilatzen zuten irribarrea egiten zuenean. Britainiar armada kolonialeko kapitainen antzeko jantzia zuen soinean. Bera zen buru egiten zuena. Bestea txikiagoa zen; Saimazako gizonaren eta Rabindranat Tagoreren arteko nahasketa bat bezalakoa zen, itxurari dagokionez, eta sari bat janzten zuen. Honi Prostatas deitzen zioten. Atea zaintzen zuen belzkotea, Txomin izenekoa, antza, bermeotarra omen zen. Altua despistatu zen une batean, Prostatas delakoa hurbildu zitzaidan, eta zera esan zidan, ahapeka, etzaiok beltzari sarrerarik erosi, nik merkeago saltzen dizkiat. Euskarri beltzezko antiojoduna hurbildu zitzaidanean Prostatas braust isildu zen. Burua egiten zuena hasi zen hizketan.

        Badakigu nor zaitugun eta zertara etorri zaren, ekin zion etiketa askorik gabe, baina alfer-alferrik ari zara, bota zidan, honela, lehor, hasteko. (Nabarmena zen elkarren arteko gangar usaina eta katxondeo airea nirekin ari zirenean, Txominek eta Prostatasek zirikadez zipriztintzen zituztenean bestearen hitzak, zirtolari). Ez duzu zer eginik. Kolko Mitxoletari burutik egin zaio. Marlon Brandon dela uste du. (Hau esan eta hirurek irri-karkaila luzeak egin zituzten). Marlon Brandon dela uste du, eta andereño guztiei jo die larrua, brankako zirrikitutik eta atzeko latinetik. (Honek gerria tolesterainoko irriak sorrarazten zizkien). Ez dizu kanonik bilatzen lagunduko. Ezin dizu lagundu. (Barre gehiago). Eta, arren, kendu Oteizaren apostoluen postala paparretik. (Barrenak lehertzerainoko algarak).

        Jakina, Arantzazutik abiatu nintzenetik kendu ez, eta soinean neukala jada gogoratzen ez nuen apostoluen postalaz ari ziren. Zer zuten apostoluen kontra, fedegabe zantarrok? Gero beste pentsamendu batek asaldatu ninduen; agian, horregatik ezagutu ninduten? Denbora irabazte aldera, ergelkeria batzuk esan eta irribarre urduriak egin nituen beren algarekin bat egiten nuela adierazteko, herabeti. Baina, haiek ni nor nintzen baldin bazekiten, ni hasia nintzen susmatzen haiek nortzuk ziren. Britainiar armada kolonialeko kapitainen antzeko jantzia zuena Ugatza baizik ezin zen izan. Ugatza, K.A.T. (Kanonetik Askatzeko Txatarreroak) erakunde entzutetsuko buru anker eta odolgosea. Tesi zuzendari bat, unibertsitateko bi errektore, literatura-irakasle bat, kritikari bat, hiru argitaratzaile eta mandatari bat, bi txofer eta zerbitzari bat garbitzea izan zen bere azken azaina odoltsua. Hamabi lagun, denetara: hamabiak klub bateko bainu turkiarrean zeuden. Katarrak bainua lurrinez betetzen zuten hodien tokira sartu ziren, eta juduak hiltzeko erabiltzen zuten gas berdina ipini zuten lurrina botatzen zuen mekanismo automatikoan; bitartean, beste katar batek, edo bik, ez dago oraindik argi, atea silikonaz itxi zuten, kanpotik. Gero ihes egin zuten. Klubeko zaindariak iritsi zirenean, eta atea irekitzea lortu zutenean, ikusgarri danteskoa kausitu zuten (albotik esan dezadan: zer pentsatuko luke Dantek ikusiko balu bere obra guztiak adjektibo bat baizik ez duela balio). Denak zeuden bainujantzian, edo toallan bilduta. Denak itota. Zaindariak esan omen zuen, hilik ikusi zituenean, ez zitzaizkiola hain gizon jakintsuak iruditu: heriotzak berdintzen gaituela esateko modu bere gisakoa, nonbait.

        Ugatza eta bere bi katarkideak irri ederrak egiten ari ziren nire kontura. Kanon bat, zioen Ugatzak, halakorik! Zertarako nahi duzu kanon bat, ordea? Horrek ez du ezertarako balio, baina! Nork sartu dizu horrelakorik buruan? Martetar-koxkor berderen batek? Prostatasek mihi puntaz betetzen zuen ahoaren matrail aldea, eta gero higitu egiten zuen, eskua ukabil eginda aho aurrean mugitzen zuen erritmo berean. Belzkoteak prakak jaitsiko zituen mehatxu-keinua egiten zuen. Hirea bai kanon ederra, e, Txomin?, esaten zuen Prostatasek, erakutsi, erakutsiok laguntxoari!

        Nekatu nintzen beren panparroikeriez eta arrandiez, ez nuen beren gustu txarreko umore matxista aintzat hartu, eta gizarte zibilaren nagusitasun morala erakutsi beharrez, solemneki aldarrikatu nuen Kolko Mitxoletarengana iristeko delibero irmoa hartua nuela, kosta ahala kosta, hitz hauek erabiliz nire asmoen berri emateko: Bereziki pozten naiz zuen umore ona ikustean, jaun txit agurgarri horiek, zuei begiratzea baizik ez dagoelako ikusteko hizkuntzaren senak ukituta zaudetela, ez delarik hori Jainkoak —halakorik bada— Leninek —halakorik nahiago baduzue— edo dena delakoak zuen saihetsetik behera barreiatu duen dohain bakarra, sinpatiak ere gainez egiten baitizue, eta grazia apartaren txinpartak, eta esan gabe doa ez dudala zalantza txikienik ere egiten zuen ausardiari, kalipuari, adoreari, kemenari eta bizkortasunari dagokienez; alabaina, eta bere jokabide horretatik inolako ezbeharrik eta deserosotasunik sortuko ez zaizuelako uste osoan, apo nazkagarri honek, zuen zapaten zola garbitzeko ere duin ez den zomorroide, perguta, afrusa, hankabiko arrunt honek erabaki du, orain arte esandakoaren kalterik gabe, Euskalgintza Orokorraren Batzar Nagusiak (EOBN) era orokorrez, eta Arantzazuko fraideek partikularzki emandako agindua betetzea, zeina baita Marlon, barkatu, Kolko Mitxoletaren altzora bildu eta bere jakinduria agortezinetik eskuratu orain gure salbamendurako ezinbestekoa eta guztiz beharrezkoa omen den kanon delakoa.

        Katarren nagusia ez zen ulerbera agertu nire erretolika frantziskotarraren aurrean. Nik emango dizut zuri, berbalapiko horri, esan zuen Ugatzak, burdina hotz bat nire saihetsean jarriz. Ez al zenuen kanonik nahi? Hau duzu kanona!

        Burdinaren hotzak eta gogorrak, eta zer esanik ez formak, argi eta garbi erakusten zuen Ugatzak nire saihetsean jarritakoa pistola bat zela, eta, hortaz, Ugatzak Walter, Beretta, Firebird edo agian Smith&Wesson zeukala kanon bakartzat.

        Aho-sabaia sikatu, zangoak dar-dar hasi eta heste meharraren jarioak uzki aldera etorri zitzaizkidan esfinterreko atea jotzera. Une batez astapotro haren aurrean belaunikatzea eta errukia eskatzea bururatu zitzaidan, beste ideia hoberik ezean. Otoitz egin nuen oraindik paparrean neraman Oteizaren apostoluen postaletik, Villasantek bere eskuaz ukitu zuen aldetik, bilau horiek txokarratuko zituen su-mihi bat atera zedila; edo inoiz Kandido Zubizarretarena izandako salakotari etxola hartatik hegan aterako ninduten helize txiki batzuk hazi zekizkiola; edo, besterik ezean, Gandiagaren estola, nire eskuetan harturik, Daviden habaila bihur zedila. Baina deus horrelakorik ez zen gertatu, eta denbora irabaztearren, Ugatzari estola kentzeko baimena eskatzekotan nengoenean, beroaren aitzakiaz, ustekabeko zerbait gertatu zen.

        Txominek, ate ondoan zelatan zegoenak, oihu bat egin zuen eta, barru aldera ziztuan itzulirik, mahaietan barreiaturik zeuden hainbat paper, plano, kargadore, arma eta abar biltzen hasi zen, su herioan. Prostatas batu zitzaion eginbehar premiazko hartan, eta Ugatzak berak, nitaz ahazturik, azken begiratu bat bota ere gabe, pistola bere zorroan sartu eta buztinezko zoruan ordura arte nire oharkabean egondako tranpatxo baten ate irekitzeari ekin zion, Aita Zaindariak! azkar, goazen hemendik, agintzen zuela, oihuka.

        Hirurak desagertu ziren tranpatxotik, azkar demonio, eta atea doi beren atzetik itxi zenean, nik kalamar-latek, hautsontzi beteek, tabako paketeek eta botila metal-urek osatutako paisaje kaotiko samarraz doi-doi une batez konturatzeko denbora eduki nuenean, gizon saldo burrunbatsu bat barneratu zen etxolan. Katarren baten etzatokia zatekeen hamaka baten atzean kukutu nintzen, gelako zoko batean.

        Etorri berriek kalamar-latak eta, orokorrean, mahai gaina estaltzen zuten gauza guztiak bota eta bultzatu zituzten, kalapita handiz; baina ni beren itxura arras bitxiari gelditu nintzen so: tunika zuri luzeak zeramatzaten, oinetaraino iristen zitzaizkienak, eta burua punta zorrotzean bukatzen zen kapirote batez estaltzen zuten, aste santuko marmo edo mozorroen moduan. Euren tuniken beheko parte zirimolatsuek, hegalariek, ozta-ozta estaltzen zituzten tuniken azpian sumatzen ziren terlenkazko praka grisak.

        Ihes egin dute! oihu egin zuen denetan buru behar zuenak. Mira dezagun gela azken zokoraino!

        Martxa hartan, ez zen oso luze joango nire ezkutaleku badaezpadakoa aurkituko zuten arte. Etxolaren banbuzko paretarekin estuagotu nintzen, kafe-borra eta kafea galtzerdi batetik zehar nola, nire gorputza eta arima, pareta galbahe, bitan bereiz zitezela desiratuz, hala bata ez bazen, bestea behintzat libratuko zelakoan. Aldi berean, desesperatuki hasi nintzen buztinezko zorua atzaparkatzen, sator trebeena izanik ere ez nuela ihesbiderik banekien arren; gutxienez, nire ahalegin patetikoek fruitutxoa eman zuten: buztinezko zoruaren azpian Prostatasen edo agian Txominen derbirako sarreren ezkutaleku sekretua zegoen.

        Artean «Ihes egin dute!» aldarriaren azken bibrazioak erabat desagerturik ez zeudelarik, laguntzaileetako batek hatzaz seinalatu zuen ni nengoen aldera. Ez, denak ez! Hor bat dago! Doi-doi eduki nuen denbora derbirako sarrera-multzo bat hartu eta poltsikoratzeko.

        Nire gainera etorri ziren. Konturatu orduko ostikoka, txistuka eta atzamarkaka ari zitzaidan tropel baten erdian nengoen. Irainak ere —Hiltzaile! Fanatiko! Intolerante!— ugari ziren. Konortea galdu nuen.