Txokolatezko dinamita
Txokolatezko dinamita
2001, narrazioak
136 orrialde
84-95511-46-0
azala: Garbiņe Ubeda
Mikel Taberna
1957, Alkaiaga
 
2013, nobela
Txokolatezko dinamita
2001, narrazioak
136 orrialde
84-95511-46-0
aurkibidea
 

 

ERREGE EGUNEKO PANPINA

 

Aitzineko gauean ilargi betea izan zen, eta halakoetan aitak pattar botila espres erosten zuen, afalondoan suari begira pasatzen zituen ordu luzeetan bera ere suak har zezan. Egun hartan ere halaxe gertatu zen eta, bere buruarekin solasean hasi zela ohartu ginenean, anaiak eta biok alde egin genuen. Ni anaiaren ondotik. Banekien nora eramanen ninduen.

        Errotariaren etxea herritik bereiz zegoen. Isilka pasa ginen ate nagusiaren paretik, atzeko aldeko baratzeraino. Gaua ez baitzen gau, platanondoaren gerizpera sartu behar. Anaiaren katabegiak ezker-eskuin eta goiti-beheiti ibili ziren. Harrapatzen bagintuzten han, komeriak izanen genituen.

        Hantxe gordeak gelditu ginen esperoan. Ez denbora sobera. Lehenbiziko pisuko leihoa argitu egin zen. Puntillazko kortina zuriak izanagatik, nahiko garbi ageri zen barrenaldea. Hiru ateko armairu bat, erdikoan gorputz osoko ispilua, eta gelara sartzeko atea. Ikusten ez zen partea gure imajinazioak gehitzen zuen: ohatze bat, bi mesanotxe alde banatara, panpina bat etzinda, gurutze bat paretan...

        Neska gazte bat zen argia biztu eta barrenera sartu zena. Huraxe bera. Agertu eta desagertu zitzaigun bizpahiru aldiz gure begiekin jostetan. Gero, zutik, ispilu luzeko bere irudiari begira gelditu zen. Matelak eta kokotsa bere behatz finekin ukitu. Laztanka. Arropa eraunzten hasi zen gero. Hura gorputz ederra! Eskua bakarrik joan zitzaidan galtzen azpira, anaiarenak erakutsia zion bezala. Banaka-banaka kentzen zituen hostoak, mantso-mantso, ikusleek horixe nahi genuela baleki bezala. Gure ipurtargiak gau ez zen gau hartan ere biztu egin ziren arte.

        Aita lurrean luze harrapatu genuen, botila erdi hutsa eta su itzaliaren arrastoen ondoan. Bera karroan utzi eta gero, mantak hartuta arbolaren azpian etzin ginen. Murieta jotzen genuen aldioro, intxaurrondo hura izaten genuen gure xaribela, aitak erraten zuen bezala. Bera eta bere magala.

        Ez dakit nor ibili ote zen anaiaren kaskoan dantzan, udazkeneko gau hartan. Leihoko neskatxa hura bera akaso. Ni, oroitzen naiz zeruko izarrei begira egon nintzela luzaro eta, lo gelditzean, amuarrain arrautzak zirela egin nuela amets, eta nola bakoitzetik amuarrain ttiki bat ateratzen zen, eta nola putzu zuri batean galtzen ziren denak.

        Barrenak libratzeko gogoak eta goizeko ihintzaren freskurak iratzarri ninduten. Sobera ezaguna nuen usainak abisu eman zidan, anaiaren lepoko zolda aurkitu behar nuela sudurraren parean begiak irekitzean. Bi gorputzak elkar hartuak zeuden gaua goxoxeago pasatzeko.

        Altxa eta ibai bazterrean hustu eta lasaitu nintzen. Argitu bazuen ere, ez zebilen inor landabideetan, igandea baitzen. Aita ikusi nuen ondotik karrotik jausten. Ikusi ez banindu bezala, hitzik erran gabe hurbildu zen ibaira. Pixa egin zuen patxadan, zerura begira, eta aurpegia eta eskuak ur hotzez busti gero. Arbastak biltzen hasi nintzen su egiteko.

        Anaiak ere begiak ireki zituen hondarreko eta, nik kafea prestatzen nuen bitartean, bezperan amuak eta hariak utzi genituen zokora joan zen. Ur beltza zinkezko ontzietara bota eta, haren beroa eskuetan sentitzeko, xurrupaka hasteko momentua gibelatu genuen. Hala geundela etorri zen bueltan. Ezagun zuen kontent zegoela, irria eskapatzen baitzitzaion ezpainetatik. Txaketa azpian zekarren gauaren oparia, piku-hosto batzuetan bilduriko lau amuarrain eder. Ongi hasi zen eguna, zerbait gehiagorekin segurtatuko genuen mantenua, eta akaso sos batzuk bildu ere bai, amari etxera eramateko itzultzen ginenean. Hura izaten zen gure eguneroko martxa.

        Ongi oroitzen naiz goiz hartaz, ustekabeko bisita izan genuelako. Igandea zen, eta bederatzietako meza nagusira etorririko jende guzia ikusi genuen sartzen elizara. Gu ez ginen paioekin joaten horietara. Aitak ezpainak mugitu zituen, zapela burutik kendu eta esku batekin petxuaren kontra kontuta. Anaiak eta biok bagenekien isilik eta serio egon behar genuela halakoetan, ez zer erraten zuen ordea. Akabatzeko, amen hirurok.

        Txapelokerrek ere meza huts egina zuten, nonbait. Harro eta fanfarroikeriaz, Oko-n lapurrak ibiliak zirela eta beldurra sartu nahi izan ziguten. Alferrik ordea, aita zakur zaharra baitzen, eta ez zuten nolanahi ikaratuko espantuzko sainga haiekin. Pozoia isuri eta alde egin zuten noizbait ere. «Pestainiak,  pestea biño zitalago!», bota zuen gure zaharrak, beti bezala. Geroxeago, zubi ondoko txopotegian sare bat konpondu nahian ari nintzelarik, aita norbaitekin solasean sumatu nuen.

        Aitaren lehengusua zen, guk osaba deitzen genuena. Karro gainetik ari zen. Karroari tiraka, Mariana, euren mando zaharra. Atzetik lotua bertze mando bat ekarki zuen. Legaria aldean agian izanen zutela harentzat erostuna. Truke baliren bat edo hartzeko ideian (matantza sasoia hurbil, eta nabala zeri sartu bilatu behar). Ez galdetu niri nondik eskuratua zuten. Osaba halaxekoa zen! Ez zen bakarrik heldu. Anjelita zuen lagun, alaba, gure lehengusu ttikia, alegia, ni ikusi orduko karrotik salto egin eta niregana lasterka abiatu zena.

        Ondo-ondoan izan arte segitu nuen sarea konpontzen ariko banintz bezala. Pixka bat nerbiostu nintzen.

        — Egun on, primo! Zenbat harrapatu ttuk gaur?

        — Gauaz multxo pollita, egunaz seiatu ere ez gaitun egin oraindikan, señorita!

        — Zuek bai señoritoak! Seiatuta ere ederrak zate zuek arrantzaletako!

        Irri egin nuen, banekien-eta ezinezko nuela solasean kontra hastea Anjelita deabru harekin. Batzuetan aingira erraten nion, arraio bizia eta harrapatzen hagitz zaila zelako.

        Aitari lagun egiteko bidali omen zuen amak, eta bidenabarkoan saski batzuk ere ba omen zituzten saltzeko. Bueltarakoan ibai bazterreko zumea pikatu gogo zuten, etxean ama-alaben behatz antzetsu haiekin zernahi gehiago egiteko.

        Hala geundela, anaia etorri zen isilka ondora. Xarbo ttiki bat zekarren eskuetan, eta abisatu gabe sartu zion Anjelitari lepo atzean, bizkarretik beheiti.

        — Gor alu hori!!! Urde zerria, ze sartu didak! —hasi zen lehenbiziko garrasi eta saltoka, eta gero anaia txoroari harrika.

        — Kasu emantzan, igual ausiki eginen din hartan! —erran nion nik, eta niri kolpeka orduan hura. Irri egin genuen gogotik!

        Gustatzen zitzaidan. Gorputz-azalez fina baina aldi berean gogorra zelako. Berak hain ongi josten zuen zumea bezalaxekoa. Mingain kantaria zuen, zorrotza (puñala ere izaten ahal zela geroago ikasi nuen), eta gorputz dantzaria. Bizia demonio! Aingirak baino biziagoa... horixe erran nahi nuen.

        Ttiki-ttikitatik elkarren ondoan ibiliak ginen. San Migel eliza zaharraren inguruan koadrila osoa, Nikolas, Jero, Eduardo, Petaka (berak ere ez zekien orduan Anastasio zuela izena)... baina batez ere ur bazterrean, Ruizen lantegiaren pareko arboldegian eta. Beti Eduardo buru, Nikolas anaiarekin, haiek baitziren zaharrenak. Eduardok mingaina eta agindua, baina Nikolas gorra beti erneago eta trebeago. Gu, gaztexeagoak, haien ondotik beti. Morroi. Han gure etxola eta gure planak: gaixtakeria nola egin, bertze koadrilen kontra nola borrokatu...

        Eta orduak eta orduak urari begira, aita Murietako intxaurrondoaren azpian suari begira egoten zen bezalaxe. Zenbat adaxka bidali ote genituen itsasoraino ailegatuko ziren esperantzarekin. Haiek ziren gure barkuak. Piratak, jakina! Edo txingoak egiten harri xabalekin ur azalean. Ez aspertzen gu! Nola ikaratu ginen Eduardok Nikolasi harriarekin buruan eman zionean nahi gabe. Nikolas gizajoa odoletan, guk urarekin garbitu nahi eta orduan eta zabalduago odola!

        Anjelita zen gurekin juntatzen zen neska bakarra. Aspertzen omen zen gainerako neskekin. Eta gure artean edozein mutikoren pare hartzen genuen. Ez baitzuen sekula atzera egiten. Gu kapaz baginen, bera ere bai. Horrela denbora dexente ibili ginen.

        Bularrak bat-batean betetzen hasi zitzaizkion arte.

        Fumatzen-edo hasiak ginen denboran izan zen, eta, nahi gabe, nik biztu nuen sua, amak tomate eske baratzera bidali ninduen arratsalde batean. Ruizen fabrikaren parean pasatzean, bi automobil beltz eta jende multzo bat ikusi nuen. Jende aberatsa, zapela buruan eta ttattarra lepoan. Zorroak nonbait ederki hornitu ondotik, fabrika ikustera etorriak bide ziren. Han zen Ruiz zaharra bera ere. Halako batean, zapeldun haietako batek buelta eman eta erretzen ari zen purutzarra airean bota zuen. Nire hanketaraino! Hura erregalua! Bost pezetakoa emateak ez zidan poz handiagorik eman izanen! Hura hartu eta lasterka joan nintzen lagunengana, tomateez ahantzirik eta tripaundi haien irriei kasurik egin gabe.

        Bertzeek ezin zuten sinetsi. Arboletatik zintzilik izaten ziren soka moduko adaxka idor batzuk erretzen usatuak ginen. Xorta erraten genien. Edo lurretik harturiko xigarro muttur zupatuak, bertzela. Baina hura bezalako puru puskarik, sekula ez!

        Nikolasi mixtoak galdetu eta biztu egin nuen. Nik eman behar nion lehenbiziko musua. Behatz artean nuela, txorakeriak egiten hasi nintzen. Nikolasek, Petakak eta Anjelitak irri egin zuten. Ohartu baino lehen, Eduardok eskutik kendu eta bere ezpainetara eraman zuen. Bera zen taldeko jefea, eta ezin zuen eraman ni bezalako mukizu bat hari deusetan gailentzea. Norbaitek ipurdian akuiluarekin egin balit bezala, salto batean lepotik hartu nuen Eduardo, ni halako bi zela pentsatzen hasteko astirik izan gabe. Hartzak xakur ttikia bezala, ni airean hartu eta arbola baten kontra bota ninduen. Orduan sartu zen Nikolas. Fuerte aritu ziren, hagitz fuerte. Ordukoa du anaiak kopetako saketsa. Baina azkenean Eduardoren muturrak ibaiak ekarririko harea finari musu eman behar izan zion.

        Hemen ubeldu, han zauri, arropetan urratuak, etxera bidean joaki ginela, Petakak erran zidan Anjelitagatik gertatu zela gertatu zena. Anjelitari titiak ateratzen ari zitzaizkiolako. Orduan ez nuen tutik ere entenditu, baina kontua da handik aitzinera Anjelita ez zela gehiago guregana etorri. Ezta Eduardo ere.

        — Joxe! Hi ere gorra, edo ze!

        Anjelitak oihu egiten zidan despeditzeko, karroa abiatzeko prest baitzegoen. Nonbait osabak presa zuen lehen baino lehen mandoa bere gainetik kentzeko. Anjelita gibelean zihoan jarrita, hankak zintzilik, esku batekin adioka eta bertzearekin zamari eder haren muturra balakatzen. Nik ere eskuarekin agur, gehiago iduri izan behar nuen arbola tente eta mugitzen ez dena, ezen ez odol-haragizko gizona, aitak taka! jo baininduen belarri ondoan...

        — Erna hadi!

        — Aita, ikaratu nauzu!

        — Ze, Josetxo, gustatzen zaik, e? Ez da hala?

        Errezeloa dut ez ote nuen arraso ergel aurpegia paratu, irri zozoa ezpainetan, burua bueltatu eta baiezko keinua egin nuenean.

        — Nahi duk mirunitako? Dagonekoz hemezortzi urte eginak ttuk eta hasi beharko diguk zerbait pentsatzen!

 

 

Lizarrara itzuli ginenean aitak amari erran, eta osaba-izeben etxera joan ziren solas egitera. Dudarik gabe akort jarri izanen ziren, eta ezkontzarako prestatzen hasi ginen denak. Bagenuen koxka ttiki bat, Anjelita nire lehengusua baitzen, lehengusu ttikia, baina lehengusua azken finean.

        Mariak, don Estebanentzat aritzen zen serorak, kopetabeltz hartu zituen aita eta osaba, etxeko atea ireki zienean. Beharrik apezak berak aditu zuen norbait joana zela bisita egitera. Bere gelatik «pasa zaizte!» bidali zien, eta neskameari burlazko erreberentzia eginez sartu ziren biak, egun berezietako jaunzkera dotorean eta kaxta bana eskuan.

        Don Estebani diosala egin eta mahai gainean utzi zioten saskittoa. Apezak segituan altxatu zuen oparia estaltzen zuen zapia: sei amuarrain ttiki, goiz hartan berean ibaitik atera berriak, garbi-garbiak, paderarako prest.

        — Zenbat aldiz erran behar dizuet ez dela beharrezkoa deus ere ekartzea nirekin solas egiteko!

        Muin egin ziezaioten eskua luzatu bidenabar, buruari jira egin eta Mariari deitu zion, arrainak sukaldera eramateko.

        Aisa egin zuten tratua. Don Estebanek berak bidaliko zituen paperak Iruñera, berak eginiko informearekin, eta, zuzenbidez, eguberri alderako etorriko zen baimena. Aita eta osaba, lajaiari eskerrak eta berriz ere muin eman, aitaren egin eta etxera bueltatu ziren, harro eta kontent, Vatikanoko Aita Santuarekin berarekin egon balira bezala.

        Berria agudo zabaldu zen herrian barna, berez, haizeak hedatua bezala. Urrunagokoentzat ama aritu zen: Iruñera, Arronitzera, Ameskoara, Barrankara... jendaki guziei jakinarazi behar zitzaien, nola edo hala.

        Eguna ailegatu bitarteko bi hilabete haiek airean pasa ziren. Ia sumakabean erran nahi nuen. Jende guzia, emakume jendea batez ere, jo eta kea aritu baitzen, egiteko bakarra zutela gogoan: gure ezkontza.

        Gizonek egin ez, baina haien kaxkoetan ere, kopetako tapakia kendu izatera, apenas harrapatuko genuen bertzelako pentsamendurik. Hala joan ziren josten esposatzeko sarearen hari guziak: bizilekua, oihalak, arropak, gonbidatuendako aterpea, otordu bereziak...

        Ni, berriz, ez nintzen aberastu izanen egun haietako arrantzari esker. Nikolasek bien partez aritu behar izan zuen. Laino epel bat jarri zitzaidan buruan, eta gorputza ez nuen deusetarako gauza. Zutik kontzen diguten soka guziak moztu balizkidate bezala. Agindu bakarra aditzen nuen nire baitan «hoaie erreka bazterrera eta etzin txopo baten gerizean, eta hago hantxe geldirik, ura nola heldu den eta nola joaki den begira». Egonean egoteko bertzetarako fundamenturik ez nuen. Eta halaxe gustura. Pox isil bat barren-barrenean. Goserik ere ez nuen sumatzen.

        Anjelita hagitz guttitan ikusi nuen. Eta, gainera, beti norbait zuela lagun. Ez ziguten bakarrik egotera uzten. Hori lege zorrotza baita gure artean. Esposatu aitzinetik ezin izate hori, alegia. Gainera, gero prueba pasa beharko zuen. Pixka bat serioxeago harrapatzen nuen, emakumeago. Ordurako bere burua etxekoandretako hartzen balu bezala. Niri irri murritz bat bertzerik ez zitzaidan ateratzen. «Hau saltsa antolatu dena gure kulpagatik!», pentsatzen nuen nire kolkorako. Berak, ordea, beti botatzen zidan zerbait, «Parkeko estatua ematen duk, Josetxo!». Beti xirika aingira bixi hura!

        Baimena ailegatu zelako berria San Andres egunarekin eman zigun Don Estebanek, «San Andres, goizean azaro eta arratsean ez! Berri onak aspaldiko partez!». Uste baino bizkorrago ibili ziren, nonbait, Erromako alde hartan. Feria eguna genuen Lizarran, eta behar zen bezala hartu genuen notizia: tratuetako salerosketan aterako sosak, egun hartako otordu ongi hornituaren hondarrekin joan izanen ziren Ega beheiti, hurrengo primaberan harrapatuko genituen arrainen gizengarri.

        Goizaldeko ordu ttikietan, gazteak, batere hotzik sumatu gabe, kantari eta kortejatze lanean ari ziren bitartean, zaharrenak suaren arrimura solastu ziren, ezkontza eguna seinalatzeko. Urtearen azkeneko egunean esposatuko ginen, abenduaren hogeita hamaikan.

 

 

San Migel eliza inoiz baino handiagoa iruditu zitzaidan, edo nire burua sekula baino ttikiagoa. Ez dakit. Nahiz eta negu gorria izan, ez zen elur urtea suertatu, eta etorri behar zuten jendaki guziak tenorez ailegatu ziren. Egun garbia atera zuen eta apenas zebilen haizerik, baina eguzkiak ez zuen batere berotzen eta xulo guziak ongi tapatu behar ziren, abenduko hotz isil hura hezurretaraino ez sartzeko. Paio begiluze batzuk ere ikusi nituen, xelataka ate ondoan, ijitoen arteko ezkontza hura ikusteko desiotan.

        Don Estebanen boz sakona sakonago aditzen zen, baina kosta zitzaidan ederki erantzutea erakutsia zidatena, galderak egin zizkidanean. Beharrik Anjelitak ukondoarekin saihetsean jotzen ninduen, behar zen aldiro, eta disimuluan. Orduan bai bainintzen ni elizako santu hotza!

        Etxeko atarian edukitzen genituen karroa eta zamariak kanpora atera eta dena garbi-garbia utzia zuten emakumeek. Mahaiak errelduan, bata bertzearen ondoan, eta haien gainean, denak estaltzen zituela, mantel zuri-gorria. Ruiztarren seme gazteenak metalezko bi ontzi utzi zizkigun, fabrika berotzeko ibiltzen zituztenak. Haien barrenean ikatzarekin sua egin eta ate ondoan paratu genituen. Primeran berotu ziguten bazkaritarako sala berezia.

        Nire buruak buila bertzerik ez zuen aditzen, mahaiburu batean Anjelitaren ondoan jarrarazi nindutenean. Soineko beltz distiratsua zuen, ongi lisatua eta goitituak iduri zuten bularrei itsatsia bezala, begiek ere dir-dir egiten ziotela. Nireen ispilu, segur aski, erredura fin bat sumatzen bainuen haietan, ardo ttanttarik probatu gabea banintzen ere (ezin!), bertze gainerako guziak ez bezala.

        Bazkariko kardoa, zerrikumea edo ardi zaharra, baita Monikaren etxean prestaturiko pastela ere, Lizarrako gozogile hoberenaren haretxenean alegia, aipatzea komeni da. Denak pasatzen ikusi bainituen, nire begien aitzinean, zeinek baino zeinek itxura hobea, nik pixar bat bertzerik jan ez banuen ere. Estomakan zerbaitek korapiloa egina zidan, eta alferrik zen zintzurretik beheiti deus pasarazten saiatzea ere. Jendea gustura ikusten nuen, umore onean, eta pixkan-pixkan joan nintzen nire onera etortzen eta korapiloa laxatzen.

        Arratserako berriz ere nirera ekarria nuen apetitoa, eta lehen galdurikoak berdintzen hasi nintzen. Bertzeek igualtsu segitzen zuten, eta zaharrari akabaila bezala eman genion hasmenta urte berriari, jan-edanean, kantari eta dantzan, Migeltzok eta Ebaristok (a ze artista parea!) gitarra eta filarmonika jotzen zituztelarik.

        Etxekoak agortu genituenean, lehengusuek-eta ekarri zituztenekin hasi ginen: Barrankako txorizo-lukainkak, Ameskoako gasna, Larragako esparrago-potoak, Villatuertako oilaskoak... eta, beti ere, Arronizko mol gorriari ematen geniola. Multzo handia bakantzen joan zen guttika-guttika, logalea eta nekea gorputzari gailendu ahala, baina batzuek eguna ongi argitu arte segitu genuen (ez nintzen ohartu noiz joan zitzaidan Anjelita, eta ni ohatzera orduko bera jaikia zen, atseden eta gero).

        Egun bakarra ez zitzaigun aski iruditu, ez kanpokoei ez etxekoei. Eta nola aunitz ekarri baitzuten eta ez zen deusetik falta, bigarren eta hirugarren egunean ere igualtsu ibili ginen. Ni ez nintzen dantzazale, eta jarrita ematen nituen orduak, eskuak jotzen, musikarien arrimuan. Batere korapilo edo zimikorik ez nuen sumatzen, ez estomakan ez inon, baina hitza ez zitzaidan aisa ateratzen. Pozak kanka jo banindu bezala nengoen: zernahi eta nornahiri irri.

        Bortz egun eta bortz gau joan ziren horrela, eroaldian eta destenore totalean. Seigarren egunerako ordea zerbait aldatu zela konturatu nintzen. Aspertu egiten nintzen denari eta denei begira, eta begia Anjelitari ematen nion bakarrik. Berak ere niri begiratzen zidan, eta ilbeltzaren bortzeko arrats hartan, «Aski duk!» erranez bezala, ohatzera joateko «Goazen primo» erran zidanean, otxan-otxan segitu nion, inori kasurik egin gabe, mundu osoan bera eta ni bakarrik bageunde bezala.

        Aipatzen ez direnak aparte, loarekin eta atseden beharrarekin genituen zor guziak kitatu genituenean iratzarri ginen, eguzkiak beheiti aldera hasia izan behar zuen orduan. Altxa, jauntzi eta elkarrekin joan ginen sukaldera. Han ziren aita, ama eta anai-arreba sail bat. Denek burua gure aldera egina zutela, hantxe, sukalde erdian gu biok zutik, irri egin, Anjelitari begiratu eta solasa berriz ere banuela ohartu nintzen, honela atera baitzitzaidan barren-barrenetik: «Begira ze panpina ederra ekarri didaten erregeek!».