Henriren irudia
Henriren irudia
2000, nobela
160 orrialde
84-86766-11-7
azala: Garbiñe Ubeda
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2002, nobela
1996, ipuinak
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
Henriren irudia
2000, nobela
160 orrialde
84-86766-11-7
aurkibidea
 

 

Lazaroren etxekoak

 

Berriz ere gora, ez ote ziren buelta bat egiten ari; Xan hankan min gaizto bat sumatzen hasi zen. Kale zabal batean zebiltzan orain. Alde batera parke txiki bat, beste aldera banakako etxeak. Lau estaiko etxe estu baten aurrean gelditu ziren, Lazarok patrikatik giltza-sorta bat atera zuen. “Henriren etxea?”, galdetu zion Xanek. “Henrirena?”, esan zuen Lazarok; Xan kale erdira eraman eta: “han kale-kantoian ikusten duk ba, leiho gorri ilunekiko bat? Hura zuan Henriren etxea”. Hormak huntzaz estalita, leihoak zarratuta zeuden. “Hutsik al dago?”, galdetu zuen Xanek. “Hala uste diat; badik denbora pixka bat hara kristorik sartzen ez dudala ikusi”, esan zuen Lazarok, ja giltza bere atariko sarrailan sartzeko makurtuz. Xani, beti hara begira, parkean itzal iheskor bat ikustea begitandu zitzaion.

      Bebarrua estua zen: paretara hertsiki arrimatu behar izan zuen Xanek, itxi ahal izateko atea. Goian, argi dardarati bat. Gorantza, eskailera zurezkoak. Hara gabe, parez pareko atea ireki zuen Lazarok.

      Haren atzean, haztamuka sartu zen Xan; mahai batekin topo eginda, han gelditu zen, Lazarok mahaiaren gainean zegoen argi txiki, motel bat piztu zuen arte. Tetxo oso bajuarekiko gela zabal bat zen, errektangulu formakoa: sukaldea, mahaiak eta aulkiak alde batean, bi ohe eta armario handi bat bestean. Gelako alde hura aski ilun bazegoen ere, Xani ohe biak hartuta zeudela iruditu zitzaion. Lazaro txaketako poltsikoak husten ari zela, Xan zain gelditu zen, hark nora behar zuen esan ziezaion. Ez zirudien, ordea, etxean beste gelarik zegoenik. Bestalde Lazarok, sukaldetik bi kopa eta botila bat ekarriz, aulki batean jartzeko gomit egin zion. Elkarren ondoan jarrita, topa-legea egin, edan egin zuten. Kup batez edan zuen Lazarok berea. “Ederra”, eta: “Bai”, komentatu zuten. Oheetariko batean norbait remobitu zen. “Etxean egina”, esan zuen Lazarok harroki; norbait hura jaiki, bazetorkien bata bat erdi-jantzita; “gabon, emazte”, esan zuen Lazarok, halakoxe umorez; emakumeak zerbait esan zuen; apika hizkuntza atzerriko batean, Xanek ez baitzuen ulertu; eta Lazarok, hain zuzen ere: “zer diñozu, emazte?”, jaurtiki zion; “hitz egizu klaro, komeni denez”; ez zion emazteak jaramonik egin; sukaldera joaki, baso bat ur edan, fregaderaren kontra apoiatuta, besoak antxumaturik so gelditu zitzaien; “Xan, Luzi; Luzi, Xan”, esan zuen Lazarok; jaiki zen apur bat Xan, Luziri eskua luzatu zion; Luzik laxoki estutu zion; ez zegokeen bestalde emakumea txit umore onean; bistan da, ez ziren orduak; mazelezur handia, ile rubioak nahastuta, begiak ondo ireki ezin zituela zegoen; Lazarok zigarro bat piztu zuen eta: “Henriren laguna da”, esan zuen. “Henri?”, esan zuen Luzik; izen hark apur bat iratzarri ote zuen. “Itzalpean bolada bat eginda gaur arratsean etorri da-ta, gurekin egingo du lo”. “Baai”, esan zuen Luzik jentilki; hala ere, ez zitzaiokeen iruditu egundoko idea. “Ivanekin”, esan zuen Lazarok, adieraziz-eta, normala ez ezik, ezin egokiagoa ere zela. “Ni...”, hasi zen Xan. “Hi lasai”, moztu zion Lazarok; “beste kopa-erdi bat edango diagu”; bere kopa erditik gora bete eta: “Henri ikusi nahi du”, esan zion Luziri. “Ikusi?”, esan zuen harrituta Luzik. “Esan diot”, esan zuen Lazarok, “ez dabilela hura begi-bistan; esan diot. Nahiz-ta... zuk igual ikusi duzu?”; gaixtoki esan zuen. “Nik?”, esan zuen Luzik espantuz. “Bere kuttuna zian”, esan zion Lazarok ahapeka Xani; eta, Luziri: “ez duzu ukatuko”. Luzik zerbait marmarkatu zuen; agi denez, beste hizkuntza hartan; tartean baina, “kirtena” hitza aditu zuen Xanek. Lazarok barre-karkara egin zuen. “Ixo”, agindu zion Luzik; haurra ohean zela-ta; gero, Xani: “ba, niri esan, Henri hirian dela”. “Hik ba al dakik ukranieraz?”, galdetu zion Lazarok Xani; honek buruaz ezeztatu eta: “segi’zazu euskaraz”, esan zion Luziri. “Esan, bakarrik”, esan zuen Luzik. “Esan, esan... Gauza asko esaten da”, esan zuen Lazarok; “su-etena dela-ta... he! Noiz artekoa ote da? Eta, presoek, zer esaten dute? M’kabuen...”. “Zure anaiak, igual jakin”, esan zion senarrari Luzik. “Anaia? Hura mendian beleei begira dago, hura ez da ezerekin enteratzen”; trago bat edan eta: “ateraiozu, Luzi, Xani jateko zerbait; bide luzea eginda etorri da-ta”. Xanek ez zuela behar adierazi zuen. Alabaina, ja Luzik nonondik gazta zati batzuk, ogi puxka bat atera zituen. Bizkitartean Lazarok, Xanek protestatu arren, kopa baztertu gabe, eskueran baso bat ardo ezarri zion. Xan pentsaketa gogorrean murgilduta zegoen. Beraz, su-etena zegoen. Noiztik ote, eta zein kondiziotan? Zena zela ere, agian horrek Henriren bilatzea erraztu egingo zion; izan ere, bazitekeen burkideek, egoera berrian, oraintxe ez bazen laster batean, emeki-emeki beren gordelekuak utzi, argitara irtetea. Xanek gazta zati bat eraman zuen ahora. Luzi kutxara bat garbitzen ari zela, Lazarok berriz, uzkurtxo zirudien. “Agian”, esan zuen Xanek, “gerra amaitzen ari da”. Lazarok bafako bat egin eta, buruari poliki eraginez: “Gerra galdu diagu”, esan zuen; Xani tinki begira zegoen; Xanek ordea, ez zuen deus esan; kokoloaren aurpegia zuela susmatuagatik, hala nahiago zuen; alta bada, Lazarok: “orain”, esan zuen, “jakin behar diagu derrota administratzen”; buru urdinean hazka pixka bat egin eta: “hori ordea, ez baitago gure esku”, bukatu zuen. Handik pixka batera: “Zenbait gauzak”, aitortu zuen Xanek, “ihes egiten dit”. “Niri ere bai”, esan zuen Lazarok; hainbesterekin, isildu ziren; Xanek beste gazta zatitxo bat hartu zuen; gazta latz eta gogorra, ogia ere gogortxo zegoen; Lazarok, zigarroa ezpainetan zuela, burua jirabiran ibili zuen; “Luzi”, esan zuen, “egidazu masaje pixka bat hementxe”. Luzi otzanki hurreratu, esku biez senarraren lepoaldea igurtzi zuen. Xani ahoa zabaldu egin zitzaion; beste zer eginik ez zuela, ardo trago bat edan zuen. Laster berriz, burua alde batera makurtzen, betazalak batzen hasi zitzaizkion. Hartaz Luzik: “Zure laguna”, esan zion Lazarori, “lo dago”. Oihartzun gutxi izan zuten hitzok Lazarorengan; begiak itxita zeuzkala: “Ederki gara”, esan zuen; “ezta, Xan?”. “Ederki, ederki”, esan zuen Xanek, apalxko. Egin zuen bere jarrera erorkorra zuzentzeko ahalegina, plantatu zituen beso biak mahaian. Hartan, begiak irekiz, Lazarok ardoz bete nahi izan zion berriz ere basoa. Ezetz eta, Xanek basoaren ahoan paratu zuen eskua. Lazarok hala ere berean eta, ardo xorta bat isuri zen kanpora, mahaian putzu txiki bat eginez. Xan desolatuta zegoen. Luzik, isurkina trapu batekin xukatu eta gero, Xani besotik helduta: “Etorri”, esan zion. Xan zutitu eta: “Zer?”, harritu zen Lazaro; “dagoeneko erretira?”; bazen gaitzeste pixka bat galdegite hartan. “Bihar...”, hasi zen Xan. “Segi ezak, segi ezak”, esan zion Lazarok: konprenitzen zuela. Xan pot eginda zegoen. Logaleak bentziturik, zinez ari zen erortzen.

      Luzik Ivan txikiari pareta aldera bultza egiten ziola: “Hor egin dezaket”, esan zion Xanek, alfonbra seinalatuz; agian absurdoa zen: Luzik, ulertu bazuen, ez zuen behintzat deus esan; agian irribarre egin zuen. Ivan txikia bestalde, apenas higitu zen. Ile luzexka, ahoa zabalik, antza lo gogorrekoa zen.

      Lazaro eta Luzi urrun-urrun zeuden orain. Lazarok segitzen zuen erretzen, Luzi haren buruan zerbait bilatzen ari bide zen. Xanek begiak itxi zituen... Loak hartzea ez zen, haatik, hain erraza izan. Baziren, alde batetik, Lazaroren eta Luziren estalikako irriak. Ez ote ziren berataz ari? Seguru aski ez, seguru aski ez esnatzearren ari ziren irri-estalika. Bazuen, beste alde batetik, gose-zirri bat. Noski soberaxko edan, gutxixko jan zuen. Eta, jan zuen gazta hark, ase barik, gosea arrabiztu zion. Gainera bat-batean zakila oso gogor jarri zitzaion. Eta, jarrera aldatu zuelarik, ez ote zuen Ivan pixka bat esnatu; ez ote zituen mutikoak begiak pixka bat ireki. Une batez hala izan bazen ere, Xanek ondo begiratu zionean, itxita zeuzkan. Azkenerako, lokartu ote zen. Izan zitekeen geroxeago, izan zitekeen handik ordu batzuetara, atzera esnatu, Lazaro eta Luzi beren ohean zirela ohartu baitzen. Ilunean iuramentu bat, geroago hasperen batzuk aditu zituen.

      Esnatu zenean, bakarrik zegoen. Horrek harritu zuen, bera, lo arinekoa izanda, nola ez zuten besteen jaiki-hotsek iratzarri. Hain aspaldi zen ez baitzuen bizkarpean halako ohatze gozorik izan. Zenbait txoriñoren kanta-hotsak aditu zituen, urrutitxo motor-hotsak. Lazaro eta Luziren ohean estalkia liso-liso paratuta, haren gainean bere arropak txukun aski tolestuta zeuden. Haraxeago berriz, aulki batean jarrita, mutiko bat berari fijo begira zegoen. Zalantza pixka bat egin eta gero, Xanek mantak alboratu, ohean jarri eta: “Ivan?”, galdetu zion. “Hola”, esan zuen Ivanek. Handik pixkatxo batera: “Bakarrik zaude?”, galdetu zuen Xanek. “Bai”, esan zuen Ivanek; jaiki gabe, lasai asko: “amatxik prestatu dizu gosaria”, esan zuen. “Amatxi? Non dago ba amatxi?”. “Goian”. “Aita eta ama?”. “Lanera joan dira”, esan zuen Ivanek. “Aita ere bai? Non egiten du ba aitak lana?”. “Ez dakit... makina batean”, esan zuen Ivanek. “Eta zuk, ez duzu eskolarik?”. “Gaur ez”, esan zuen Ivanek.

      Mutikoa aurretik zihoala, zurezko eskaileretan gora, lehenbiziko estaian gelditu ziren. Giltzaz itxi gabe zegoen atea zabaldu, sabai altuko sala bat kruzatu zuten. Bazter batean gizon zahar bat pareta higatzen ari zen espatula batekin. Tripa handia, antiojoak, bizar pixka bat, Xan ikusi zuelarik: “Egun on”, esan zuen, aztoratuxe, lanari une batez utziz. “Berdin”, esan zuen Xanek, bat-batean eskuak nora sartu ez zekiela. Ivan sofan, telebistaren aurrean jarri zen, publizitate spot bati so. “Pasa, pasa”, esan zion aitatxik, espatularekin sukaldea seinalatuz.

      Sukaldean amatxi labadoratik arropak ateratzen ari zen. Emakume luzea, lasto koloreko soineko alai batekin. “Jaiki zara”, saludatu zuen, eta: “ondo lo egin duzu?”; gero: “jarri, jarri”, gonbidatu zuen; Xan jarritakoan: “Lazaro arratsaldean etorriko da”, esan zuen amatxik; katilutik hurbil esne-kazoa eta kafeontzia lagata: “hemen egoteko esan du, gurekin bazkalduko duzula”; zerbait objetatu nahi izan zuen Xanek; alabaina, su-gaineko lapikotik pir-pir ari ziren indaben usain gozo-gozoa zetorren; eta: “jan, jan”, esan zion amatxik, labetik ogi xerra errearin batzuk ateraz, gurina eta mermelada ere Xanengana bilduz; “gaur ere euriantza dago”, esan zuen, arropen baldea jasota, leihoz kanpora begira. “Mmm”, esan zuen Xanek, ja ogi puxka bat ahoan. Kanpora zihoala: “Jan, jan”, esan zuen amatxik.

      Segitzen zuen, ikus zezakeen Xanek bere txokotik, aitatxik salan espatula jardunean. Berez, lan arina zirudien. Hura berriz nekez, hasgeldika, baldarxka ari zen; ez izaki, seguru aski, ofizio horretakoa. Edota, artega zegoen: hain zuzen, Xan begira zuela nabarituz; eta hartara, ahalegintzen zen lana hobeto egiten, are gehiago nekatuz. Afan hartan, hauts pila ateratzen ari zen. Oroz gain, Xani haren janzkerak eman zion atentzioa: mahonezko galtzak, baiki, txaketa beltz zabal bat ere bai, ordea. Agian hiriko moda zen. Agian berak ere lortu beharko zuen txaketa beltz halakoxe bat, nahi zuen bezala ez aperzibituan pasatzeko.

      Xanek, katilukoak eginda, jaiki, leihoz kanpo begiratu zuen. Etxe aurreko parkean, zuhaixken artean, banku batean gizon heldu bat azpian egunkari orri batzuk zituela eserita zegoen: beroki ilun hura, ez ote...? Bai eta, bezperan berak ostatuaz galde egindako tipo hura bera zen. Zer ari zen han? Bere zain ote zegoen; bijilatzen ari al zen? Eta, hala ari bazen, berenez edo norbaiten aginduz ari zen? Zuhurki jokatu behar zuen. Eta, batez ere, lasai egon. Leihotik aldenduz: “Ilun da giroa”, esan zuen. “Bai!”, esan zuen salatik aitatxik; “beti dago ilun!”; gero, Xan ate-alboan baratu zela ikusiz: “jarri, jarri”, esan zion, paletarekin sofa erakutsiz. Izan ere orain, espatula lagata, kapazoan masa preparatzen ari zen. Xan Ivanen ondoan jarri zen. Mutikoa telebistako marrazki bizidunei begira iltzatuta zegoen. Laster Xan, aldamenka, aitatxiri begira jarri zen. Hura ordea, zertan ari zen? Agi denez, pareta txukundu behar zuen: arraspatu zuen estreina, orain raseatu behar zuen. Hantxe zeukan kapazoan masa egin berria, hantxe igeltsuaren zakua, hantxe uraren baldea, lurrean brotxa, llana eta nibela. Orain berriz, paleta lagata, ez zuen bada atzera espatula hartu, eskailerara igo, ez zen bada berriz ere pareta goian arraspatzen hasi? Akatsen bat ikusi zukeen. Berriz ere nahi-ta-ezinean ari zen: kemenez, baiki, ez ordea txit abilki. Bistan dena, masa gogortu egin behar zitzaion. Eta, goian ari zela, pareta-zatitxo batzuk kapazo barrura erori ziren. Xan jaiki egin zen eta: “Gogortzen ari da”, esan zuen, apalki. “Gogortu?”, esan zuen aitatxik; larri baina, situazioa kontrolatu egiten zuela adieraziz: “ba!”, esan zuen. Segidan berriz, eztul eraso bat izan zuen, ez jaustearren paretari heldu behar izan zion. Masa eta pareta seinalatuz: “Zer duzu, honako?”, galdetu zion Xanek. “Horrako eta, honako ere bai”, esan zuen aitatxik; “baina, zer ari zara?”; Xanek pareta brotxagaz bustitzeari ekin zion-eta; “laga, laga”, esan zuen aitatxik. “Ofiziokoa naiz”, esan zuen Xanek ezaxolaz, aise, ez zezan aitatxik alde makurrera hartu. Aitatxik temoso, lotsa-antzean begiratzen zion. Akitua zegoen, eta hala ere: “Ez da preziso”, esan zuen. “Hala ere”, esan zuen Xanek, orain masa paletarekin onduz, kolpe bizika eraginez, gero bizkor-bizkor llanarekin paretan hedatuz. Aitatxik amore eman zuen; kritiko segitzen zituen Xanen desmartxak, amusaturik agian; hargatik, Xan kapazoko hondarrak batzen ari zela: “Hor”, agindu zion eskailera-burutik, eta berriz ere: “hor”, hartara garbi utzirik bera zela obrako burua; Xanek beheko aldeko husgune guztiak bete zituelarik: “hori da”, esan zuen aitatxik; Xan paleta garbitzen ari zela: “orain lanik gabe egongo zara?”, galdetu zion. “Hala nago bai”, esan zuen Xanek; “non-han zeozer bilatu beharko dut”. Aitatxik, berriz ere espatula-lanari ekin eta: “Orain etxe asko egiten ari da”, esan zuen. “Batean edo bestean...”, esan zuen Xanek. Sukaldera joan, kanilapean eskuak garbitu zituen. Handik itzulian, aitatxi eskaileratik erori ez erori zegoen: antiojoak lurrean zituela, bisaia zuri-zuri, kordoka ari zen. Xanek lagundu zion jaisten, aulki batean esertzen. Nekez hartzen zuen arnasa, begiak lanbrotuta zeuzkan. Xan beste aulki batean jarri eta kartoi-puxka batekin haizea ematen ari zitzaiola, atzera mintzatzeko kondizioetan zelarik: “Hark ere bazekien igeltsuan”, esan zuen aitatxik. “Hark?”, galdetu zuen Xanek. “Henrik”, esan zuen aitatxik; beraz Lazarok haren bila etorri zela kontatu zien; ez zen komeni, agian, berria hala-hala heda zedin; hotsa behar ez ziren belarrietara heldu zitekeen; alta, bazitekeen zaharrak datu berriren bat ematea; bazirudien zerbait esatekoa zuela; izan ere, antiojoak jarri eta, eskuaz apurtxo bat hurbiltzekoa eginez: “ixilpeko obra batzuk egin zituen”, esan zuen; sekretuka, hurrean zen etsairen batek adi balezake lez; ordea beraiekin Ivan txikia besterik ez zen; esan zituen hitz haiek Xanengan sortzen zuten efektua ikustearren pixka batean isilik egon eta gero: “ixilpekoak ziren”, esan zuen, “baina nik banekien ari zirela”; gero, bekainak jasota, apalkixeago: “orain baino orduan errazago jakiten ziren gauzak”, aitortu zuen. Esku-gibelaz ahoa igurtzi zuelarik: “Nahi al duzu baso bat ur?”, eskaini zion Xanek. Aitatxik lelo-lelo begiratu zion; gero, eskuaz ezezkoa egin eta, armario bat erakutsi zion. Xanek hura ireki, barruan botila bat ardo zegoen. Hau? esan gabe, erakutsi zion Xanek. Bai, orobat isilik, aitatxik. Xanek baso bat erditik gora bete, eskuratu zion. Aitatxik kulka-kulka edan, gero Xani basoa eta botila armarioan jasotzeko adierazi zion. “Beraz ezagutu zenuen?”, galdetu zuen Xanek. Irribarre eginik, aitatxik hortz urrezko bat erakutsi zion. Ardoak bizkortuta, haren masailak pixka bat koloretu ziren. “Bizikletan etortzen zen hona”, esan zuen; “esaten zigun: halako eta halako herrietan, mendi-lepoz lepo ibili zela... Gero Simca zahar batean zebilen. Orduan ja gutxiago etortzen zen hona. Bazituen noski beste egiteko batzuk. Beti zerbait buruan hark. Beti zerbait makinatzen. Gero jakin genuen lanean hasi zela. Olaben: enpresa handi bat, orain fuerte dabilena. Ez ote zuen gainera Henrik handik zetorrela behin auto-istripu bat izan. Hala ere ondo atera zenean...”.

      Amatxi sartu zen; paretako lanari erreparatu gabe, Xan eta bere gizona zokoan eserita ikusiz pixka bat harritua, laketua ere bai, Xani: “Ondo gosaldu duzu?”, galdetu zion; baietz, eta: “nahi duzu beste zerbait: urdaiazpiko pixka bat edo...?”. “Ez eskerrik asko”, esan zuen Xanek, ohitura zenez. Amatxik sukaldera sar-atera egin zuen; handik heldu zela, nonbait zerbait antzemanik: “Edan duzu”, esan zion aitatxiri: galde-doinu batez, erreprotxe apur bat eztituaz, menturaz Xan han zelako; aitatxik hatz birekin xortaño bat baizik ez zuela edan adierazi zuen; amatxik isilik, buruari eraginez egin zion errieta; alabaina, ez zegoen aitatxi bere onik onenean; berriz ere zuri-antxa, berriz ere flakezak hartuta zegoen; amatxik Xani: “jar zaitez sofan”. Xanek duda egiten zuenez: “Zoaz, zoaz”, esan zion aitatxik. Joan zen behintzat Xan Ivan zuntzunduaren ondora. Geroxeago aitatxi ere jaiki, hurreratu zen urraska-urraska beraien aldera. Hain poliki zihoan, minutu pasea egin baitzuen besaulkiraino. Ez zuen batere planta onik. Xanek trabeska begiratzen zion, pena pixka batekin, zaharraren ziztrintzeaz alarmatuta ere bai. Aitatxik jarri eta bertan zen manta xingle batekin estali zuen bere burua; doi-doia sudurra eta begiak libre utziz; begiak telebistan finkatu zituen.

      Hainbesterekin, legea hala zenez, orobat egin zuen Xanek. Telebistan une hartan, irudi latz batzuk ikusten ziren. Film bat izan behar zuen, non ez ziren albisteak, edo erreportaia bat. Espainolez ari ziren. Zer zen hura, baina? Emakumezko bati, bularrean zauri handi bat zuela eta hil-gogor zegoela, tipo batek, pasatzen zen batek edo polizia paisanozko batek, ez baitzen esplizitatzen, buruan ostiko txiki bat jo zion. Detaile horrek pentsarazten zuen film bat izan zitekeela. Hala ere, izan zedin esatari bat, izan zitezen protagonista batzuk hain bertako itxurakoak, izan zezaten hain bertako azentua: bertako espainolaren azentua, horrek guztiorrek pentsarazten zuen, egiaz gertatua ez bazen, krimen, edo zigor baten errekonstrukzio bisuala zitekeela. Oraintsu gertatua ote zen? Ez zen probablea, su-etena egiazkoa bazen. Han gelditu zen behintzat, espaloian, emakumezkoa, eta harixe begira kamera, denbora luzean; orain hankak: zapata-takoinak, kanpai-galtzak; orain enborra: jaka motza, bularra gorria; orain burua: sudur zuzena, begiak erdi zabalik, oro arretaz erakutsiz. Amatxi albotik, pixka bat aurreraka kuxkurtua, eskua masailean zuela begira zegoen; iragarkiak hasitakoan aldendu zen, zintz eginik painuelotxo batean.

      Orain pantailan neska-mutil lerdenak ageri ziren, honek kolonia bat, hark auto bat iragarriz. Bere besaulkian ernegaturik higitu zen aitatxi. “Ezin da telebista ikusi”, esan zuen muxinduta; “kaka zahar bat da”. Ez ote zen gelditu beste zerbait esateko gogoz; ez ote zituen berba batzuk txitxibutxikatu. Ahoa okerturik, ordea, burua alde batera jausten ari zitzaion, betazalak ere ixten. Anartean amatxik salako aulkiak mahai gainera jaso, sukaldetik eskoba ekarri zuen. Hura ikusirik aitatxik erremuskada batez manta bazterrera bota, jaiki, emazteari eskoba kendu, obrako hauts eta zakarrak biltzen hasi zen. Amatxi apur bat apartatu zen. “Ene”, esan zuen, ikaratuxe; aitatxi, kartsuki, muebleak lekuz aldatzen ari zen; arras makurturik, eten-beharrean lurretik igeltsu-pella gogor bat askatzen ari zela: “erotu zara?”, galdetu zion errukiturik amatxik; Ivanek ere jiratu zuen burua; galdera hura aditu eta aitatxi lurrera bere betean jaustea, biak bat izandu ziren; bizkor salto eginagatik Xanek ezin zuen ebitatu zaharraren buruak lurraren kontra kanka egin zezan; amatxi ere heldu zen fite, gizonaren burua bere magalera ekarriz; aitatxi dardarka ari zen; “zer duzu, zer duzu?”, galdetzen zion amatxik, haren masailetan zaflaxkoak emanez; eta negar egiten zuen: negar mantso bat, etsipenezkoa, dagoeneko aitatxi hilda balego bezala; damuturik, agian, une fatal hartan ero deitu ziolako. Dardarra baretzean kieto-kieto gelditu zen aitatxi. Ivanek haren eskumuturra hartu zuen; Xanek, zaharraren bularrean belarria paratuz, taup, taup, aditu zuenez: “Ari da, ari da”, esan zuen. “Ene, ene”, esan zuen amatxik; geroxeago aitatxik begiak ireki zituen; egin zuen irribarre drole bat; “zer duzu, Simon?”, galdetu zion amatxik sinkulinka. Aitatxik, begirada harengana zorroztuz: “Badakizu”, esan zuen, “badakizu zer dudan”. Ivan atzera sofara zihoan; ez zen aitatxiren lehenbiziko atakea izan behar hura, ez ziren amatxiren lehenbiziko lamentoak izan behar haiek. “Nik ez dakit”, esan zuen amatxik negar-ipaka. “Badakizu, bai”, esan zuen aitatxik; eta begi hanpatuak Xanengan ipiniz: “zuk ere badakizu”, jaurtiki zion. Xanek begiak oso zabaldu zituen. Alabaina aitatxik maitekiro begiratzen zion orain. Salaketa hura eginik indarrez hustu balitz bezala zen, areago, berak ez balu bezala inoiz halakorik esan; ez balu bezala, orain, Xan ezagutu ere egingo. “Lazaro hemen balego”, esan zuen amatxik. “Eta medikuari abisatzea?”, galdetu zuen Xanek. Aitatxik izututa begiratu zion; ederki zegoela erakutsi nahian, enborra pixka bat altxa, jaikitzekoa egin zuen. Ezin izan zuen. Amatxi berriz, ez baietz ez ezetz zegoen. Xan zutitu egin zen, hartara distantzia pixka bat markatuz: Nahi zuten egotea? Egongo ziren. Hala ere, bazirudien zinez aitatxi bere onera ari zela etortzen. Ez zen ja ahoa, ez ziren ja begiak bakarrik: berauen aurrean, eskuak ere mugitzen zituen, baldar, harriduraz. “Aber heldu hanketatik”, esan zuen amatxik; ja bera, indar gaitza erakutsiz, heldu zion gizonari besapeetatik, ja Xan eta bien artean trinkili-trankala, erdi-herrestan eramaki zuten gizona sofaren ondora. Aitatxiri zeharrera begira baina, begiak telebistatik erabat kitatzen ez zituen Ivan txikia besaulkira igorri eta, Xanek eta amatxik eup! eginez jaurti zuten aitatxi sofaren gainera. Aitatxik protesta egin zuen. “Zergatik narabilkizue horrela?”, esan zuen; eta bazen pena, eta bazen mina hitz haiexetan; gero berriz: “nor zarete zuek?”, galdetu zien. Amatxik, bere aurpegia harenera hurbilduz: “Simon... ez al nauzu ezagutzen?”, galdetu zion. Matraila estuturik, tinki begiratu zion aitatxik. Amatxik bere esku hezurtsua erakutsi zion, ustez-eta hura ezagutuko zuela; aitatxi begi-gogor; amatxi sotinka hasi zen. Hartan aitatxik irribarre bihurri bat egin zion Xani. Eta, xuxurlo batean, amatxik adituko ez zuelakoan, ustekunde zentzugabea, edo aitzitik, aditu egingo ziola ederki jakinda, eta beraz gaiztoki: “Tematia da, gaixoa”, esan zion Xani; ez zituen aprezio handian emaztearen arretak; “lehengoan”, segitu zuen, “edan xamartuta etorri nintzen eta, berak oheratu ninduen”; eta, kariñoz bezala: “gaixoa”, errepikatu zuen. “Ez zenuke edan behar”, esan zuen amatxik, gizonari papotik iletxo bat kenduz. “Ni asko edanda nago”, esan zuen gizonak harroxko; “zuek ez dakizue, nik... mozkor handiak, eta ez aldian behin, ez zortzitik behin. Egunero mozkor. Hori, zu (amari) ez zinenean. Eta zu zinenean... ere bai”; eta, emazteak txit zoritxarrekoa izateko seinaleak ematen zituenez: “aire!”, esan zuen, eta eskuan ez zeukan zerbait botatzeko imintzioa egin zuen. Amatxik besaurrearekin babestu zuen bere burua. Hartara Xanek: “Zer ari zara?”, esan zion aitatxiri. Aitatxik fijo begiratu zion: zu nor zara? esanez bezala; hala ere, Xanen indarra hautemanik, apur bat kikilduz, bere barkamena eskatuz: “Bizitza kontrolatu egiten dit”, esan zuen, erruki-doinuz. Alabaina, arestian bere beste aurpegia, bere aurpegi latza erakutsi zuen. Tirano bat zen; edo, agian: banpiro bat zen, manka ezkero andrea, hil egingo zena. Hori, aitatxik berak bazekien ongi aski; eta damu zen, horregatik, oraintxe; eta, bere azkeneko ordu zitekeen honetan, barkamena eskatu nahi zuen. Begian malko bat zeukan. Amatxik ere bazeukan malko bat begian, Ivanek ere, nahiz pantailara begira, bazeukan malko bat begiaren ertzean. Hargatik, Xanek, bigarren aldikoz, orain amatxiri zuzenean: “Agian medikuari deitu beharko genioke”, sujeritu zion. “Bai”, esan zuen amatxik etsian. “Ez!”, oldartu zen aitatxi; ezpainak dardarka, begietan sua berriz ere piztuta. “Zure on-beharrez da”, saiatu zen amatxi. “Badakit zer nahi duzuen”, esan zuen aitatxik; ez zuen prezisatu: arrotz baten aurrean (aldika, hala baitzen Xan, nahiz aldika etxekotzat ibili) ezin aipatuzko hitzak zirela ulertzera emanez. Noski uste zukeen, zor zioten begiruneagatik ez bada beldurragatik bederen, ez zirela ausartuko medikuari deitzen. Emazteak ordea, sarreraren ondoan, mahaitxo batean zegoen telefonora jo zuen. Deitu eta baten batekin mintzatu zen. Orain dibertiturik kontenplatzen zuen Xanek aitatxiren aurpegia: apo-aho luzea, kopetan harridurazko zimur ilun kiribiltsuak. Amatxik komunikazioa etetearekin, aitatxiri kopeta atertu, ahoa zabaldu zitzaion. Lur-jota zegoen. Bestenaz amatxik beste telefono dei bat egin zuen; nonorekin solas animatuan jardun, irri egiten zuen. Agian ez zen inorekin ari, agian bere poz irudikoaz gizona zigortu nahi zuen.

      Ivan bere ohiko ezaxolara itzuli zen. Noski telebistan futbola zegoen, hain segurki aitatxiren begirada erakarri zuena. Halako batean: “Ivan!”, esan zuen, “igo bolumena!”. Bat-batean arrunt piztu zen. Interesatu egiten zitzaion telebista, zeinaren kontra, ordea, lehentxeago net mintzatu zen. Arranguratzekoagoa zen orain salaz bestaldeko situazioa. Izan ere amatxi, telefonoa eskegita, makal-antxa lurrera begira, aulki luzean kuxkulduta zegoen. Aitatxi-ilobak lagata, Xan harengana joan, haren ondoan jarri zen. Errespetatu egin zuen amatxiren isila. Halako batean, burua jaso gabe: “Qué va a ser de nosotros”, esan zuen amatxik; ez zedin hala tormentatu, Xanek hari eskua heltzekoa egin zuen; ordea, amatxiren esku bihurrikatuek goaitean zeuden piztiak begitandu zitzaizkion eta, atzera egin zuen; bere besoaz amatxirena apur bat loxinkatu zuen; agian lagun-erakuspen sinple hartaz lortuko zuen, ez zedin ez-une hartan amatxi bera ere zurrundu, nola baitzen aparientzia noiznahi gerta zitekeela; bitartean, aitatxi sofatik jaiki zen, xarraka-xarraka koarto ilun batera joan, handik kojin bat hartuta poliki-poliki etorri, berriz sofaratu zen; “zer egin du?”, galdetu zuen, begiratu nahi ezik, kezkatuta amatxik. “Kojin bat hartu du”, esan zuen Xanek. “A”, esan zuen amatxik. Aitatxik ordea, ez nonbait kojin harekin gura zuen konfortik atzematen eta, berriz ere jaiki, berriz ere xirri-xarra gela ilunera joan, beste kojin batekin itzuli zen. “Beste kojin bat hartu du”, esan zuen Xanek. “Ondo dago”, esan zuen amatxik, esperantza poxi batekin; alabaina, armariora beste joan-etorri bat egin zuen aitatxik; koadro txiki bat zekarren oraingoan; sofan jarri zen, hura besartean zuela begiak itxi zituen; eta, Xanek ez baitzuen ezer esaten: “orain, zer egin du?”, galdetu zuen amatxik. “Koadro bat hartu du”. “Ze koadro?”. “Txikia da, eta badu marko bat urre kolorekoa”. Amatxik hasperen egin zuen. Trankil gelditu zen behinik-behin aitatxi. Ez halaxe amatxi, isiltasun hark kezkatzen bide zuena. “Zer ari da?”, galdetu zion Xani. Xanek lepoa luzatu zuen. “Badirudi lo gelditu dela”, esan zuen. Lasaialdi bat izan zen. Amatxi ere lokartzen ari zatekeen; handik pixka batera berriz, dardar egin eta: “Lo segitzen al du?”, galdetu zuen. Aitatxi geldi-geldirik zegoen. Zer zen ere, Xan harengana hurreratu zen. Gizona enborkia baino zurrunago zegoen. Xanek haren aurpegira gerturatu zuen berea. Aitatxik salto egin zuen. “E!”, esan zuen espantuka; “zer...?”. “Ni naiz”, esan zuen Xanek; “uste nuen...”. Ez zuen frasea amaitu. Aitatxik gogor begiratu zion. “Hilda nengoela”, esan zuen; “hori uste zenuen”.

      Ezkilatxoa jo zutelarik, Xanek ireki zuen atea. Eskailera barrenean txuriz jantzitako bi gizaseme zeuden. Handia, sabel ederrekoa bata, txikia, meharra bestea. Handiak kamillari eusten ziolarik, txikiaren begiek diz-diz egiten zuten. Xan asaldatu egin zen. “Hemen al da gaixoa?”, galdetu zuen txikiak. Xanek alde batera egin zuen, bi gizonak sar zitezen utziz. Haiek sarreran amatxi ikusi zuten: ate ondoko aulkian, egur-puxka ihartu bat bezala kiribildua. Ja hari heldu behar zioten, ja handiak paratu zion esku mazoa gainean. “Ni ez”, esan zuen sumindurik amatxik, “hura”; heldu ziren bada aitatxigana gizaseme biak; han eta hemen apur bat ukitu, errutinazko galdera pare bat egin, aitatxik hinkik esaten ez zuenez, kamillan ezarri zuten; laga zuen aitatxik eramaten; agian ulertu zuen kontra egitearen alferra, gizaseme lar sendo eta propio lan hartarakoxe entrenatuak ziratekeenez; guztiaz ere, nabari zen haren begietan izua, noski, etxea behin-betikoz lagatzeko izua, baina izu konkretuago bat ere, bertan behera erortzekoa: atera helduta, orain zutik, kili-kolo zegoen amatxi ebitatzearren, kamilla apur bat okertu zutenez, aitatxik hanka bat paratu zuen lurrean; erizain handiak etzanarazi zuen; “suabe”, eskatu zion amatxik. “Bazihoan-eta”, defenditu zen erizaina. Hartan amatxik: “Egon”, esan zuen; eta eskegitokitik beroki berde bat hartuta: “ni ere banoa”, esan zuen; manta arin batekin senarra estali zuen; Ivani deitu zion; Ivan txikia, Xanen ondora etorrita, beldurxko zegoen; ez zen, hala ere, aitatxiren suertearekin erabat indiferentea; izan ziren zenbait laztan eta musu; “Xan”, esan zuen amatxik; ja erizainek bazeramaten aitatxi kanpora; “egingo bazenigu mesedea”. “Nola ez”, esan zuen Xanek. “Lazaro etorri bitartean”, esan zuen amatxik, “okupatuko bazina mutikoaz”. “Noski”, esan zuen Xanek, eskua Ivanen sorbaldan ipiniz, bere kontra pixka bat estutuz. Amatxik, irribarre maxkal bat eginez: “Eramazu gora”, proposatu zuen. “Gora?”, harritu zen Xan. “Gora”, esan zuen amatxik, “nire amaren etxera”. Gero zalu-zalu irten zen, bere gizon matxuratuaren atzetik.

      Ivan eta Xan eskaileretan goiti, mutikoa jauzika, Xan haren atzetik, pauso bakoitzean zurak krak egiten zuela zihoazen. Posible bazen, pentsatu zuen Xanek, amatxi zahar harekin utziko zuen mutikoa, segituko zuen bere bide propioa berak.

      Ivanek txokoren batean atzemandako giltzarekin atea zabaldu, lasterka sartu zen korridore ilunean. Xanek ez zuen deus ikusten. Egongo al zen amatxi zaharra etxean? Jakin gabe ezin aldegingo zuen behintzat. Hala bada, egin zuen berak ere barrura. Mueble txiki batekin topo egin zuen, paretetan koadro batzuk, zenbait apaingarri bitxi hauteman zituen.

      Korridoreak sala-kamarote batera zeraman. Kortinak itxita, lanparak pizteke, eguerdi-aldea behar bazuen ere, ilunxko zegoen. Mahai apal, zabal-biribil batean kafeontziak, kikarak, pasta batzuk ere bazeuden platertxo batean. Bat-batean bizkarrekoa bordatu-lan batez estalia zuen besaulki batean emakume xahar-xahar bat ikusi zuen Xanek. Ximur-ximur egindako mahaspasa zirudien. Amatxi zaharra behar zuen. Hark, zerbait sumaturik noski, bere kristal lodiko betaurrekoak beragana itzuliz: “Lazaro?”, galdetu zuen. “Ez naiz Lazaro”, esan zuen Xanek, apur bat hurreratuz. “Henri?”, galdetu zuen amatxi zaharrak. Xan gogor harritu zen; ez zuen beraz Henrik, ez denboran ez espazioan, handik hain urruti behar; ez baldin bazuen noski amatxi zahar hark ere koskaren bat buruan, familian bestalde korrientea zirudiena. “Ez”, esan zuen Xanek, amatxi zaharragana beste pauso bat emanez; amatxi zaharra apur bat inkorporatu zen, begirada lausoz, jakinminez: nor zara ba? galdetzen ziola; “Xan naiz”. “Xan?”, esan zuen amatxi zaharrak, harridura handiz. “Lazaroren laguna”, esan zuen Xanek. “A”, esan zuen amatxi zaharrak; “eta hori?”, besaulkiaren atzean ezkutatu zen mutikoagatik. Pi-pi egiten zuen jostailu-makina txiki bat zerabilela, Ivanek irri egiten zuen. “Ivan da”, esan zuen Xanek. “Ivan, horixe”, esan zuen amatxi zaharrak, situazioa pixkanaka ulertuz; “baina, ez zaude hor; jarri, jarri”, gonbit egin zion amatxi zaharrak Xani. “Ez, ni...”. “Jarri, jarri”, insistitu zuen amatxi zaharrak; “kafetxo bat hartuko duzu gurekin”.

      Orduan ikusi zuen Xanek, berari bizkar emanda, sofa batean beste bi emakume jarrita zeudela. Haietako batek, besoa luzatuz, Ivani burua laztandu zion. Haienganako erreberentzia txiki bat eginez, Xanek eskua ere emango zien, haiek predisposizio pixka bat erakutsi balute. Haiek ordea, irribarre distantez begiratzen zioten. Ivani burua ferekatzen ari zitzaiona, amatxi zaharrak Maria deitu zuena, amatxi zaharra bera bezain zaharra zen, nahiz, potoloagoa izanik, larru lisoagoa zeukan. Bestea berriz, Lolita, bera ere zaharra baina, dudagabe gazteagoa zen; zehazkiago, haur zahartu bat ematen zuen; bere irribarre xaloaz, burutik eskas samarra menturaz.

      Bero egiten zuen, Xanek zamarra erantzi, eseri egin zen. “Oraindik bero egongo da-ta...”, esan zuen amatxi zaharrak, kafea zerbituz; beste bi emakumeak begira-begira zituela sumatu zuen Xanek: lotsaz eta bazterka, Lolita, disimulorik gabe, jakinmin apika gaiztoz Maria zeritzona. Azken horrek bere papardoan perlekiko lepoko bat luzitzen zuen, begiak eta ezpainak higuingarri pintatuta zeuzkan. “Ez zintudan behin ere ikusi, uste dudanez”, ekin zion hark, elezuri. “Probablea da”, esan zuen Xanek. Ez bide zuen zaharrak halako erantzun laburrik espero; isilalditxo baten ondoren: “Hemengoa zara?”, galdetu zion. “Ez”, esan zuen Xanek. Maria zapuztuta zegoen. Amatxi zaharrak, Xani kikara hartzeko seinale bat eginik: “Etzanala ernegatu”, esan zion Mariari. “Nik ernegatu?”; Maria ofendituta zegoen; “zergatik dion?”. Lolitak (probabilitate guztiz, Mariaren alaba zenak) bere basotik esne zurrut bat edan zuen. Anartean, nahas-alditxoa profitatuz, Ivan txikiak Mariaren eskuen artetik aldegin, amatxi zaharraren gonapean jarri zen. “Aitatxi ospitalera eraman dute”, esan zuen. “Ospitalera berriz?”, esan zuen amatxi zaharrak; “nolaz izan da?”. Alabaina Ivan bere makinatxora bilduta zegoen. “Zorabioa izan du eta”, esan zuen Xanek, “zure alabak pentsatu du hobe zela ospitalera eramatea”. Eskuek dardar pixka bat egiten bazioten ere, ez zirudien amatxi zaharrak lar inpresionatua. Burua kordokatuz: “Ospitalea”, esan zuen, “ez da toki ona”. “Zer esan ninan?”, esan zuen Mariak; “minbizia behar din”. “O”, protesta egin zuen amatxi zaharrak, “ez esan holakorik”. Mariak, koilaratxoarekin kafeari eraginez, ustez inozentki: “Gaur askok dutena da”, esan zuen. “Badakit askok dutela”, esan zuen amatxi zaharrak; “ez da, ordea, orain esatekoa”. Mariak, Xanengana itzuliz: “Gaizki esan al dut?”, galdetu zion; Xanek zirkunstantziazko bekain-jasotze bat egin zuen; “mutilak konfiantzazkoa zirudin”, esan zion amatxi zaharrari Mariak: konfiantza hark bere hitz, hala ere, ebidentki, ez oso bihotz-altxagarriak esplikatuko balitu bezala; eta zuri-zuri, berriz ere Xani beha, irribarre dultze antzeko bat eskaini zion. Xanek, solasa beste-bidera nahian: “Kafe ederra da”, esan zuen. “Gustatzen al zaizu?”, esan zuen amatxi zaharrak; “hartu, ordea, pasta bat ere”; Xanek hartu zuelarik: “Lolitak ekarri ditu”, esan zuen txeraz amatxi zaharrak. Lolitak irribarre herabe bat egin zuen. Xanek: “Mm... ederrak dira” esan eta, estimaz bezain apetitu onaz beste pasta bat hartu zuelarik: “Jan, jan”, esan zion amatxi zaharrak, “hola gustua ematen du”; gero, etsipenean apur bat eroriz, hasperen luze bat egin eta: “guk ere laster despeditu beharko dugu”, esan zuen. “Zer esaten ari haiz?”, errieta egin zion Mariak; despeditu beharko dugu!”. “Tenorea heldu delarik”, esan zuen amatxi zaharrak, “despeditu egin behar da”. “Tontakeriak, esaten ditunanak”, esan zuen Mariak; hala ere amatxi zaharra lasai asko zegoen; haren begitartea argitu ere egin zen; nonondik galtzerdi bat atera, marmolezko arrautza baten laguntzarekin, hari orpoaldean petatxo bat paratzen hasi zitzaion; “hola bai hautsiko dun bista”, egin zion Mariak eraso; berriz ere Xanen apoioa bilatu zuen; berari begira: “ilun honekin...”, esan zuen. “Bai... lanbrosko dago”, dibagatu zuen Xanek. Hain segurki Maria pikatuxe zegoen. “Zure euskara”, esan zuen, “arraro samarra da”. “Hala behar du”, esan zuen Xanek; eta, kopeta belztuta: “kanpoan izan naiz-eta... denbora luzean”. “Kanpoan izan al zara? Non? ez bada atrebentzia”. “Emakumea... hiri zer inporta zain?”, esan zuen, betiere goxoki, amatxi zaharrak. “Galdera bat dun”, defenditu zen Maria. “Motan egon naiz”, esan zuen Xanek. Isiltasun handi bat izan zen. Aditua zuten emakume zahar haiek dudagabe Motako berri; bazekiteken jendea hara zergatik eramaten zuten; harrituxe zeuden, ez biziki kontra, nahiz seguru aski partidarioak ez izan. Xani esana pixka bat damutu zitzaion. Zer ari zen, zer inporta zitzaion, izan ere, bere bizitza antigoaleko emakume lotsagabe hari? Alta, amatxi zaharra hain leiala zen; bere lanean aplikatuta, irribarre ezti harekin... Ez zion behintzat hari ja-ta bertan laga eta aldegiteko itsusirik egingo.

      Hartan Ivanek, burua amatxi zaharragana jasoz, beheitixko, baina Xanek aditzeko maneran: “Henriren bila etorri da”, esan zion. “Ui”, esan zuen amatxi zaharrak, “ze kasualitatea”. Une batez galtzerdia magalean utzi zuen; berehala jaso, petatxoari ekinez, bazirudien hartaz hitz egitea ebitatu nahi zuela. Mariak, aldiz: “Henri ezaguna duzu?”, galdetu zion Xani. Interes handiz begiratzen zion. Bazen behintzat giroan halakoxe misterioa. “Ezaguna dut, bai”, esan zuen Xanek. “Ez zara zu... haren familiakoa izango”, galdetu zion Mariak. “Ez behintzat”. “Baduzu aireño bat...”, esan zuen Mariak. Amatxi zaharrak, bista jaso eta: “Sudurra”, esan zuen; “Henriren sudur berbera daukazu. Hargatik nahastu bainaiz lehenago”. “Gazteagoa izatea”, esan zuen Mariak; bera, edo Henri, nor zen gazteagoa, Xani duda gelditu zitzaion. “Agi denez”, esan zuen Xanek, “aspaldi etorri gabe dago”. Bazuen esperantza ezetsi egingo zutela. Ordea: “Badu bai denbora pixka bat ez baita auzoan ikusi”, esan zuen Mariak. “Urteak ere badira”, esan zuen amatxi zaharrak. “Hortaz”, esan zuen Xanek, “ez dut agian ikusterik izango”. “Ez da noski hura hemen orain”, esan zuen amatxi zaharrak; besteak isilik, berak hasperen bat egin eta: “lehenago”, jarraitu zuen, “maiz etortzen zen hona; Lazarok esango zizun. Mutil ona zen, baina hain bizimodu desordenatua zeraman... Joaten zelarik, nik sagar bat, edo bollo bat ematen nion biderako. Ez zuen hartu nahi izaten. Nik esaten nion: hartu geroko. Banekien-eta nola zebilen. Orduan hartu egiten zuen”. “Gaixoa”, esan zuen Mariak errukitsu, “pobre bat bezala zebilen”. Amatxi zaharrak, betaurrekoak adabakitik jasota: “Ez zunan pobrea”, esan zuen airatuki. “Ez dinat esan pobrea zenik”, esan zuen Mariak, “azken aldian pobre bat bezala zebilela baizik”; eta, haren froga gisa: “zapatapetan zulo eder bana zeramazkinan; neuk ikusita”; amatxi zaharrak ez zuen estremo hura ukatu, muxin zen arren; Mariak segitu zuen: “esaten zuen: oinez ibiltzen naiz, ez dudalako trenerako sosik. Eta nik esaten nion: trenean ibiliko bazina, ez zenituzke zapatak xahutuko hola”. Onean hartu zuen anekdota amatxi zaharrak. “Amets egiten zuen”, esan zuen oroimentsu, “egun batean mendian etxe bat egingo zuela. Mendian, esaten zuen: Okupe deitzen den parajean. Eta, han bada urmael bat, eta: bertan igelak haziko zituela, esaten zuen”; barre egin zuten hiru emakumeek; “irrizua zen”, esan zuen amatxi zaharrak. “Bazituen okurrentzia batzuk”, esan zuen Mariak. “Jatorra zen”, esan zuen Lolitak, erromantizismo kadukoz; beste zeozer esan behar ote zuen; ordea, Mariak idor begiratu zion eta isildu egin zen. Bazioten bistan da hirurek ere Henriri halakoxe kariñoa. “Nobia bat baino gehiago izan zuen”, esan zuen amatxi zaharrak; eta, honako hau behintzat ez-hain-ona zen bezalako doinuan: “neskak erakarri egiten zituen, gero ez baitzien eusten”. “Berbalari ona zen”, esan zuen Mariak. “Zertaz eta zeinekin ere”, esan zuen amatxi zaharrak; “behar zelarik bazekien isilik egoten”. “Jakina”, esan zuen Mariak, “bazituen bere sekretuak, bazituenez”. “Ez ezkutatzeko ezer zuelako”, puntualizatu zuen amatxi zaharrak, “holakoa zelako baizik. Hitz gutxikoa, bertakoa. Hemen holakoak gara”.

      Alta bada, Ivanek, bere zokotik: “Egia da”, galdetu zuen, “gizon bat hil zuela?”. Amatxi zaharrari hartu zuen sustoarekin josgaien kutxatila lurrera erori zitzaion: arropa-txatalak, xingolak, orratzak eta kolore eta forma ezberdinetako botoiak lurrean eta alfonbran barreiatu ziren. Haien biltzeari ekin zioten Xanek eta Ivanek. Kezkatuxe zeuden Maria eta Lolita, larrixko amatxi zaharra. “Kontuz”, esaten zuen, “mina hartu gabe”. Ivan eta Xan pixka batean aritu ziren, alfonbran eskua poliki pasata, orratz buru-ttikiak atzematen. Amatxi zaharraren besaulkiaren azpian azazkalak mozteko tresna txiki bat atzeman zuen Xanek. Amaitu zutelarik: “Orduan... hil zuen?”, galdetu zuen Ivanek. “Hori esan zuten”, esan zuen Mariak. “Beste batzuek”, esan zuen amatxi zaharrak, “esan zuten gizon hura hil zutenean, Henri ez zela hirian”. “Formalki salatu zuten”, esan zuen Mariak. “Kia!”, esan zuen amatxi zaharrak, “Henrik ez zuen halakorik egingo”. “Orduan nork hil zuen?”, galdetu zuen Ivanek. “Jainkoak bakarrik daki”, esan zuen amatxi zaharrak; “garai hartan”, segitu zuen, “jendeak jendea hiltzen zuen; kaserna hartan gizon hura hil zutenean, ba, Henri hemen ez zenez, bere burua defenditu ezin zezakeenez, ba... berari leporatu zioten”. “Nor zen hildakoa?”, galdetu zuen Ivanek. “Gizon pobre bat, kulparik ez zuena”, esan zuen amatxi zaharrak. “Ez omen zuten jakin”, esan zuen Mariak; “eztandak txiki-txiki egin zuen, ez omen zuten identifikatzerik izan”. “Ekibokazio bat izan omen zen”, esan zuen Lolitak. “Litekeena da”, esan zuen Mariak; “dena dela, ekibokazioa edo ez, bonba jarri zuena Henri izan edo ez izan, kontua da bera orduan desaparezitu zela”. “Bere atzetik zebiltzan-eta”, esplikatu zuen amatxi zaharrak. “Zeozer egingo zuen”, esan zuen Mariak. “Beldur zen”, esan zuen amatxi zaharrak. “Esan zuten”, esan zuen Mariak, “zera biltzen ibiltzen zela... nola esaten da? Informazioa. Hori biltzen zuelako segitzen omen zuten”. “Ez zuten segitzen ezer bildu zuelako”, esan zuen amatxi zaharrak, “gaizki nahi ziotelako baizik”. Mariak hasperen egin zuen. “Oso denbora mugituak izan ziren haiek”, konkluitu zuen. Ja ezpainak hertsi, ja biak isildu ziren.

      Handik pixka batera: “Listo”, esan zuen amatxi zaharrak. Josi-lana alde batera laga eta: “nahi duzu beste kafe-xorta bat?”, galdetu zion Xani. “Ez ez”, esan zuen Xanek, eta kafeontzia berak hartuta: “zuk nahi duzu?”. “Bueno”, esan zuen amatxi zaharrak, “jarridazu pixka bat”. “Gehiago?”, harritu zen Maria; alabaina, Xanek berari eskaini ziolarik: “tira, nik ere ttantta bat hartuko dut”, onartu zuen; amatxi zaharrak soineko-pleguren batetik ogi-kurrusko bat atera, kafetan beratu zuelarik, Mariak arbuioz begiratu zion: “ez zakinat nolaz ahal dunan orain...”. Amatxi zaharrak, fastidiatuxe: “Lata ematen didan”, gaitzetsi zion. “Lata nik?”, esan zuen Mariak; “zer pentsatu behar du mutil honek...?”.

      Xan pentsatzen ari zen bazukeela aldegiteko tenorea. Eskuak belaunetan paratuz: “Bueno”, esan zuen, “utzi egin beharko zaituztet”. “Ja bazoaz?”, esan zuen amatxi zaharrak; sinzeroa zen bere atsekabean; ogi-kurruskoa barruan zela kikara mahaian utzi, Xani despedida ematearren jaikitzera zihoan; galarazi egin behar zion jaiki zedin Xanek; istant hartan atean jo zuten; une batez guztiak gelditu ziren para-para eginda; segidan amatxi zaharrak, lurrean botoiak sailkatzen ari zen Ivani: “ireki ezazu atea polit horrek”, eskatu zion.

      Ez zuen Ivanek salatik irteteko betarik izan. “Ba al da norbait?” esanez, neska bat sartu zen. Xanek nahastuta, ahapeka saludatu zuen. “Eli”, esan zuen Mariak, “zer egiten dun hemen?”. “Manuelari ilea moztera etorri naiz”, esan zuen Elik. “Ez hidanan esan”, kejatu zitzaion amatxi zaharrari Maria. Ja Elik bere berokia erantzi zuen, ja eskegitokian utzi, ja bazihoan, bere etxean balego bezala, salaz beste alderaino, gehixeago zabaltzeko kortinak. “Ilunpean zarete”, esan zuen. Amatxi zaharrak: “Atzo esan nionan etortzeko”, esan zion Mariari, “pixka bat arreglatzeko puntak”.

      “Ikusi duzu zein mutil goapoarekin garen”, esan zion amatxi zaharrak Eliri; honek irribarre egin zuen. “Bueno, ni...”, hasi zen Xan. “Orain al zoaz?”, esan zion amatxi zaharrak. “Bai, ni...”. “Ile nahasi horiekin... nola joango zara?”, esan zion amatxi zaharrak maitagunez; gaizki ezin hartu eta, Xan aztoratuta zegoen; amatxi zaharrak Eliri: “zergatik ez dion berari mozten, momentu batean?”. Eli prest ageri zen. “Baina, zu...”, esan zion Xanek amatxi zaharrari. “Nik ez daukat presarik”, esan zuen amatxi zaharrak, bere kikarari ber-helduz; “egin, egin zuek”.

      “Zatoz, ilea bustiko dizut”, esan zion Elik. Komunean Elik lababoaren kontra aulkitxo batean jarrarazi, igurtzi gozoak eginez ilea garbitu zion. Xanek begiak itxita zeuzkan. “Ikusi zaitudanean”, esan zuen, “pentsatu dut: nobioaren bila etorri da”. Elik barre sotila egin zuen. “Atzo esan nizun, hura kanpoan dela”; eta, isil-arte bat eginda: “Henriz zerbait jakin dut”, esan zuen; Xanek begiak ireki zituen, Eliren kokotsean atxiki zituen; “kale honetan, etxe batzuk harantzago bizi zen”. “Bai, Lazarok esan zidan atzo”, esan zuen Xanek. “Familiarekin bizi zen hemen”, segitu zuen Elik; “gero, lanean hasitakoan, Erdira joan zen. Han zen, izan zenean istilu guztia”. “Han bizi al zen?”. “Alde Zaharrean...”, esan zuen Elik, “Etxart izeneko pentsioan”; eta, ia xuxumuxu batean: “geroztik ere han izan ote den...”; gero, doinua berriz ere goitituz, bere burua zurituz bezala: “ez da, nik uste, dagoeneko sekretu bat izango”, erantsi zuen. “Etxart”, xuxurlatu zuen Xanek, begiak berriz ere itxiz, Eli hatz-mamiez burua marruskatzen ari zitzaiola. Nork esan zion Eliri...? Ez zen, agian, neska guztiz inozentea; bazuen, agian, posizio bat sasipeko borrokan. Ez zuten beste hitzik esan. Bigarrenez burua aklaratu ziolarik, Elik ileak pixka bat lehortu, salara eraman zuen; korridorean zebilen mutikoari: “Ivan”, esan zion, “ekatzu salara aulki txiki hori”.

      Familiaritatez, aulkitxoa leiho ondoan jarri, haren gainean kojin bat ezarri zuen Elik. “Jarri”, agindu zion. Xan amatxi zaharraren atzean, argiari begira zegoen. Hiru emakumeak amano zituela, haiengandik berex hala ere, Elik nonbaitetik orrazia eta guraizeak atera zituen.

      Orraziarekin kilimak eginez, aise eta trebeki ekin zion Elik ilea mozteari. Artean Maria, amatxi zaharrari nonbait egun batzuk lehenago hil zitzaion katu batetaz ari zen; Elirekin ari: “Esaten du”, esan zuen, “horma gainetik erori zela. Gaixoa, horma gainetik nola eroriko zen. Eta handik erorita ere, nola burua hautsiko zuen? Geuk ikusi genuen: burua lehertuta, belarritik odola zeriola”; amatxi zaharrak mahukatik zapiño bat ateraz zenbait malko xukatu zituen; “egun hauetan”, segitu zuen Mariak, “oso triste egon da. Beldur izan naiz ez-egitekoren bat egingo ote zuen”. “Zer esaten ari haiz?”, esan zuen amatxi zaharrak. “Ez naun serio ari”, esan zuen Mariak; egiazki, umore estrainio bat zerabilen. “Igual”, esan zuen Lolitak, “teilatutik eroriko zen”. “Ze gauzak okurritzen zaizkizun”, esan zuen Mariak; “katua teilatutik erori? Noiz ikusi da?”. “Eta zuk”, esan zuen Elik, “nola uste duzu ba hil zela katua?”. “Bistan da”, esan zuen Mariak, “norbaitek hil zuen, eta gero ezkaratzera bota”. “Zeinek hilko zuen... eta zergatik?”, galdetu zuen Elik. “Badakita nik!”, esan zuen Mariak. “Igual inbidiagatik”, esan zuen Lolitak. “Inbidia?”, esan zuen Mariak; “inbidia zerena, maitea?”. “Zuk zer esaten duzu, Manuela?”, galdetu zuen Elik, guraizeekin Xanen lepoa ferekatuz, Xani bestalde hotzikara bat sentiarazi ziona. Amatxi zaharra txol makalduta zegoen. “Agian”, esan zuen, ixilka, “goizean errieta egin niolako... bere burua bota zuen”. “Ez esan horrelakorik”, esan zion Elik. “Katuak”, esan zuen Mariak, amatxi zaharraren ustekizuna ez hain ezin-halakotzat jota, “oso sentsibleak dira...”. Elik ebaki zion: “Neuk ekarriko dizut beste katu bat, Manuela”. Eta, orraziaz Xanen belarri gaineko ile batzuk jasota, guraizeez klis-klis egin zuen. Bestalde, buru gainean ari zitzaiola, hanka bat Xanen hanka bien artean ezarri zuen, eta bere sabela Xanen besoaren kontra pixka bat estutu. Xanek, begiak ertirekian, haren eskuen jesto preziso, era batera inozenteak ikusten zituen; eta, usain hura aditu...

      Halako batean: “Listo!”, esan zuen Elik; eskuaz azkeneko ukituak, agian ukitu informalxeago batzuk eman zizkion. Kanpoan euria ari zuen. Xani parkean, ezpel-zuhaixken artean beroki iluneko gizona ikustea begitandu zitzaion. “Gizon hura...”. Elik kanpora begiratu zuen. “Zein?”, esan zuen; gizona, ordea, ezkutatu egin zen; haur-talde bat pasatu zen, andereño batekin; biak kanpora begira zeudela: “gero zer egin behar duzu?”, galdetu zion Elik. “Ez dakit”, esan zuen Xanek. “Nahi baduzu nire etxera etorri”, esan zion Elik. Xanek begiratu zion. Hain espeziala zen.