Gatibu sortu nintzen
Gatibu sortu nintzen
2000, kronika
152 orrialde
84-86766-12-5
azala: Garbiņe Ubeda
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2006, kronika
 

 

Oporrak

 

Udako oporretan, 1963an, Espainian ibilaldia egitera abiatu ginen. Gustatu egin zitzaigun Granadako Almuņecar... eta guk han pisu bat erosi! Orduan oso herri txikia zen Almuņecar. Goizean itsasotik etortzen ziren arrantzaleei erosten genien. Ez zegoen errestorantik. Maitagarria zen jendea. Goizeko lauetan astoekin lanera zihoazenean ere kantari joaten ziren. Kilo bat mahats eskatu, saltzaileak bost pezeta zela esan, zuk hogei durokoa eman, eta hark: “Tira, emango didazu bihar”. Eskuzabalak...

      Urtero oporretan herri horretara joaten hasi ginen. Bigarren urterako bizkaitar batek jatetxea ipini zuen: Restaurante Bizkaia, San Cristobal hondartzan. Urte batzuk geroago kanpotarrez betetzen hasi zen herria, eta orduko bi mila inguru biztanletik auskalo zenbatera igaroa den gaurdaino.

      Almuņecarko bidean, Madrilen geldialdia egiten genuen, Maria Victoriaren lehengusinaren etxean. Lehengusina horren senargaia Guardia Zibileko komandantea zen. Nolabaiteko adiskidantza egin nuen komandante horrekin, eta kuartela ikustera eraman behar ninduela, Guardia Zibilaren sorrerako kuartelera, Duque de Ahumadaren kuartelera! 1965 inguruan izango zen hori. Dena erakutsi zidan, baita lau hankako zakurren heziketa lekua eta ospitalea ere, ebakuntza-gela eta guzti. Diplomatikoren batek Carrero Blancori oparitutako dalmata eder bat ere erakutsi zidan. Delako komandante hau teniente koronel egingo zuten gerora. Almeria kasuagatik egin zen ospetsu. Carlos Castillo Quero zen.

 

 

Astean behin egiten dugu moduluan gauden laurok demandaderorako janari eskaria, fruta eta entsaladarako barazkiak batez ere. Erremolatxa gorriaren poltsa hartu du Antxonek eskuetan, erreparatu dio zer ote dakarren idatzita.

      — Kontxo, Sanchonuņo —esan du, erremolatxaren plastikozko zorroari beha—. Segovia eta Cuellar artean dago herri hau. Alkateak Jose Luis izena du, eta emazteak Sara, Sarita. Ezkongai zirenetik ezagutzen ditut, 1956an Sarita, eta Jose Luis bi urte geroago. Maria Victoriak txikitatik ezagutzen zuen Sarita. Castellonen nengoela, kartzeleroen bitartez bidaltzen zizkidan goraintziak Jose Luis honek. Herri txikia da Sanchonuņo, edo txikia zen behintzat. 1958 inguruan txaranga kontratatzen zuten herriko jaietarako, eta meza nagusian ere txarangak jotzen zuen organoaren faltan. Mierarena zen hango industria nagusia, pinuei urratuak eginez lurrezko ontzitxoetan biltzen den erretxina alegia. Aguarrasa eta trementina ateratzen dira, besteak beste, pinuen erretxina horretatik. Erremolatxa ere asko egiten zen lehen; udazken beranduan edo neguan biltzen zuten. Izoztearekin ere hantxe aritzen ziren nekazariak erremolatxa biltzen, eskuak zartatuta zituztela. Nork esan behar zidan niri orduko herrixka hartan erremolatxa faktoria bat ipiniko zutenik!... eta hango erremolatxatik jan behar nuela orain eta hemen, herrixka hura ezagutu eta berrogeita bat urtera!

      Ehunka historia ditu honelakoak, lehenagokoak eta geroagokoak.