Palestina zauritua
Palestina zauritua
1998, kronika
228 orrialde
84-86766-90-7
azala: Pablo Galarraga
Imanol Murua Uria
1966, Zarautz
 
1996, kronika
 

"Ez da heriotza, sakrifizioa baizik"

 

Mahmud Musleh, nola ez, bizarduna da. Islamista baita. Zilartua du bizarra, buruko ile urriak bezala. Beso laburreko alkandora argia eta praka luzeak jantzita agertu da hitzordura. Hortz hautsiak itsustu egiten dio irribarrea.

         Sei urte zituela, 1948an, Haifa jaioterria utzi behar izan zuenetik Zisjordaniako hamasei herritan bizi izan da, Ramallan finkatu zen arte. Ramallako Karitate Zentro Islamikoko zuzendaria da eta Hamas mugimendu islamikoko bozeramailea Ramalla eskualdean. 1990. urtean atxilotu eta bi urte egin zituen espetxean, Hamaseko kide izateagatik. 55 urte ditu.

         I.M.U: Oslotik erremediorik gabe pasatu beharra zegoela diote akordioen defendatzaileek.

         Mahmud Musleh: Herri palestinarra zapalduta bizi da, zentzu guztietan, eta bake akordioen ondorioa da hau. Israeldar batek palestinar baten lurra hartzen du, etxea kentzen dio, kanporatu egiten du erbestera bidaliz, edo hilez... Herri palestinarrak nola onartuko du okupatua, erbesteratua edo hila izatea onesten duen akordioa? Erresistentzia da gure aukera bakarra.

         I.M.U: Baina Oslon hitzartutako markoan bizi zarete. Zein da Hamasen gaur egungo estrategia?

         M.M: Gaur egun, Palestinako Agintaritzarekin gatazkarik ez edukitzea da Hamasen nahia. Ez dugu herri palestinarrean zatiketarik eragin nahi. Horregatik, Hamas prozesu politikotik kanpo dago. Osloko akordioak hilda jaio ziren eta, beraz, ez dugu interesik ez erantzuteko, ez parte hartzeko. Kontra egiteko beharrik ere ez dago gainera: egoerak berak erakusten du akordioek zer ekarri duten.

         I.M.U: Zein da zuen etorkizuneko proiektua?

         M.M: Hamasen proiektua gizarte islamikoa da, Palestina lur islamikoa da. Proiektu islamikoak ez du esan nahi musulman ez dena behartu egingo dugunik erlijioz aldatzera, ezta jendea hilko dugunik ere gurutzadetan kristauek egin zuten bezala. Saladinok, gurutzatuen aurka borrokatuz Jerusalem hartu zuenean, ez zuen inor hil. Hori da Hamasen proiektu islamikoa. Lege islamikoaren arabera, gainera, debekatua dugu inori bizia kentzea, ez bada norbere defentsan. Ezin dugu hil agintea baldin badugu, baina hil dezakegu hiltzailearengandik defenditzeko. Horrela ulertu behar dira Hamasen ekintza militarrak.

         I.M.U: Mahane Yehudako atentatuaren erantzuleei buruz nahastea dago oraindik. Hamasen izenean agiria agertu zen baina sinesgarritasunik gabe, nonbait. Ezer argitu al dezakezu?

         M.M: Ekintza militarren erantzukizuna adar militarreko [Izz al Din Qassam] arduradunena da. Oraingoz ez dago argi, inork ez baitu erantzukizuna bere gain hartu. Dena den, zalantzarik gabe esan daiteke ekintzaren erruduna zein den: okupazio israeldarra. Palestinan ez dago etxe bakar bat horman martiri baten argazkia ez duenik. Nolatan kezkatzen da jendea israeldarren segurtasun arazoekin? Munduak israeldarren sofrimendua ikusten du: israeldar gaixoa, bonbek hiltzen dute... Baina zer gertatzen da arabiarrarekin, etxetik bidali zuten arabiarrarekin? Maila honetan, Hamasen iritziz, ekintza militar hauek onargarriak dira, okupazioaren erasoaren aurrean norbere defentsan egindakoak direlako.

         I.M.U: Onargarri ez ezik baliagarri ere ba al dira? Ondorio positiborik badute zure iritziz?

         M.M: Zentzu handia dute ekintza hauek, pertsona batzuek, martiriak, kausa baten alde beren bizia ematen ari direla erakusten baitiote munduari. Ezin zaie ekintza terrorista esan, norbere defentsakoak baitira, eta gehienetan norbera hil egiten da gainera. Hilketa bat dagoenean hiltzailea ez da hiltzen.

         I.M.U: Zerk bultzatzen du, zure ustez, 17-20 urteko mutil bat halako ekintza batean bere burua hiltzeko erabaki gogorra hartzera?

         M.M: Ekintza egingo duen gazteak hamazazpi urte izan ditzake, baina sofrimenduzko hamazazpi urte dira, errepresiopean bizitako hamazpi urte... Dakiguna da gazte hauek, sofrimendu horren ondorioz, eta defenditu nahi duten kausa bat dutelako, gertu daudela euren bizia emateko. Ez da heriotza, sakrifizioa baizik.

         I.M.U: Atentatuaren ondoren neurri gogorrak hartu zituen Israelgo Gobernuak palestinar guztien aurka, baina bereziki militante islamisten aurka. Ehundaka atxilotu omen dituzte.

         M.M: Hamaseko jende asko hartu dute preso, baina ez da salbuespena. Atxilotzeak uneoro gertatzen dira, Hamasen ekintza militarrak izan edo ez izan. Hamaseko kide ezagunak ohituta gaude etxetik kanpora lo egiten, senideengandik urrun. Eta gaua etxean pasatzen dugunean, kaleko arroparekin egiten dugu lo, soldaduak edonoiz etor daitezkeelako.

         I.M.U: Zuk ere etxetik kanpo egiten dituzu gauak?

         M.M: Bai, nire bila etortzekotan etxera joango baitira. Elkarrizketa egiten ari garen leku honetan pasatu dut bart gaua.

         I.M.U: Netanyahu presio gogorra egiten ari zaio Arafati eremu autonomoetan Hamaseko kide guztiak atxilotu ditzan.

         M.M: Israeldarrek euren poliziatzat daukate Arafat. Erresistentzia palestinarra kontrolatzeko polizia izan dadin nahi dute. Osloko akordioen funtsaren ispilu da hau. Boterea nork duen eta akordioak norentzat diren baliagarri argi eta garbi erakusten dute Arafati hori eskatuz. Baina Arafat ez zegoenean ere, orain autonomo diren eremuak Israelgo Gobernuak kontrolatzen zituenean, bazen erresistentzia palestinarra, eta Israelek ezin izan zuen desegin. Gertatzen dena gertatzen dela, garbi dago ezerk ez duela bukaraziko erresistentzia.

         I.M.U: Israelek Arafatek polizia lana egin dezan nahi duela diozu. Egiten al du?

         M.M: Arafat ez da Israelen polizia. Israelek nahi du izan dadin, Osloko akordioek nahi dute polizia izan dadin, baina ez da. Arafati egiten dioten exigentzietako bat Hamasen azpiegitura desegitea da, erakunde islamikoak desegitea. Herri palestinarrari, komunitate pobreenei, ikasketak ordainduz, jatekoa ordainduz eta abar zerbitzua egiten ari diren erakundeak desegitea esan nahi du horrek. Arafatek Israeli amore emango balio, herri palestinarrari eraso egiten ariko litzateke. Arafaten Gobernua sustengatzen ari diren palestinarrek ez lukete onartuko.

         I.M.U: Hiru milatik gora palestinar preso daude, baina gizarte palestinarrean ez da sumatzen presoen aldeko mugimendu indartsurik.

         M.M: Okupazioarekin lotura zuzena du presoen auziak. Jendeak badaki, esperientziaren eta historiaren poderioz, presoak kartzelatik ateratzeak ez duela ezertarako balio okupazioak segitzen badu. Gaur kanpora, bihar barrura. Jendea jabetuta dago presoen askatasuna lortzeko eginahalak egitea baliogabea dela, eginahalak arazoaren sustraiaren kontra, okupazioaren aurka, egin behar direla.