Palestina zauritua
Palestina zauritua
1998, kronika
228 orrialde
84-86766-90-7
azala: Pablo Galarraga
Imanol Murua Uria
1966, Zarautz
 
1996, kronika
 

Isatsaren preso

 

Ordubetean egin dugu Ramallatik Jerikorako bidea, Judeako desertu gorrian barrena, 10 laguneko taxian. Errepidea ona da, zabala, kolonoak asentamendutik asentamendura eroso joateko eraikia. Maaleh Adumimdik gertu pasatu gara aurrena, eta kokagune gehiago ikusi ditugu aurrerago ezker-eskuineko muinoetan. Etxe berri adreilu zurikoek adierazten digute juduen herri berriak direla. Beduinoen akanpalekuak ere begiztatu ditugu errepidearen ertzean. Dendetan bizi dira, basamortuan. Bidegurutze batean, pasaran goazen bidaiarioi begira geldi-geldirik dagoen gamelu dotoreak diosal egin digu, muturrarekin zirkin eginez.

         Itsasoaren mailatik behera sartu garela gaztigatu digun ingelesezko bide-seinalea irakurtzearekin bat belarriak itxi zaizkit. Itsaso Hilaren ondoan, itsasoaren maila baino beherago dago Jeriko, munduko lurralde baxuena eta munduko hiririk zaharrena.

         — Hemen da —ohartarazi dit Habib itzultzaileak hiriaren sarrerara heldu garenean, gidariari gelditzeko eskatu aurretik.

         Kuartel itxura du espetxeak. Horma alturik ez du, baina arantzadun alanbre-hesiak inguratzen du bere osoan. 3 x 2 metroko etxola dugu aurrean, eta ibilgailuei sartzea eragozten dien langa. Ez dirudi kartzela gotorra; Jerikoko tronpetek aise eraitsiko lizkiokete harresiak.

         Ibrahim Alqam presoaren senideekin sartzea zen plana, etxekoen laguntzat hartuz gero oztoporik jarriko ez zutelakoan. Baina uste baino beranduago heldu gara, eta senideak barruan dira dagoeneko. Inor ez dugu zain.

         — Ez dio axola. Ni izango naiz senidea —esan dit prestu Habibek; ez da Jerikoraino alferrik etorri.

         Pasaporte espainiarra eman diot zaindariari, nortasun agiria eskatu digunean.

         — Lehengusua dut, Espainian bizi da —galderari itxoin gabe erantzun dio Habibek zaindariaren keinu okerrari.

         — Aurrera.

         Sartu ahala, oraindik aire librean, dozena bat gazterekin egin dugu topo, zuhaitz baten gerizpean eserita denak. Inork ez du uniformerik, baina kartzelako zaindariak dira. Ez digute jaramonik egin. Aurrerago topatu ditugun barrakoietako ate gutxi batzuk erdiz erdi daude: dozenerdi ohekoak dira batzuk, ohe bakarrekoa bakanen bat. Hauetako batean sartu-irtena egin du Habibek, ohean etzanda dagoen ile urdina agurtzeko.

         — Koronela da. Arafatekin arazoren bat izan du eta hemen dago aste batzuetarako: arrastatze militarra.

         Ez dakigu zer arazo izan duen Arafatekin, Habibek ez dio galdetu.

         — Segurtasun zerbitzuetan lan egin nuenean ezagutu nuen. Nik ere arazoak izan nituen. Azalduko dizut.

         Erdi galduta ibili gara barrakoi artean, baina asmatu dugu bidearekin azkenean. Barruan hamar bat teleikusle dituen gelara sartu gara. Inork ez du uniformerik eta ez dakit nor den zaindari, nor preso-senide. Poltsikoak erabat hutsarazi dizkidana ez da preso-senide, orain badakit. Gorputza ondo igurtziz miatu didan elastiko tiranteduneko potoloa ere ez da bisitaria, ziur. Habibek paper eta txartel andana du zorroan eta zorrotz behatu dizkiote denak. Nik ez dut batere ekarri.

         Harrizko horma bateko metalezko atearen aurrera ekarri gaituztenean Habibek berak sakatu dio txirrin gorriari, baina ez dugu giltza soinurik entzun. Zaindari bat etorri eta ukabilez hiru kolpe lehor jo dituenean zabaldu da atea, patio handi baterako bidea irekiz. Estalperik gabea da bere zabalean, baina 50 lagun ingururi itzala ematen dien karpa handi bat dago bazterrean. Beroa latza da Jerikon. Izerditan ari dira, ni bezala, espetxeko hormak.

         Masailean zazpi musu emanez agurtu du Habibek estalpetik kanpo, eguzkiak erre eta aire astunak ito egiten duen lekuan, dauden gutxietako bat. Soinu eta guztikoak dira Habiben eta gizon gihartsu beltzaranaren arteko musuak.

         — Polizia da, Agintaritza utzi egin nahi du nik egin nuen bezala, eta kartzelara sartu dute hiru hilabeterako —soseguz eman dit azalpena Habibek, ez harridura ez amorru—. Aizu, ezagutzen al dituzu elkarrizketatu behar dituzun presoak?

         Ezetz egin diot buruarekin.

         — Eta haien senideak?

         — Ezta ere. Addameer elkartearen bitartez egin nuen hitzordua, familiarekin zuzenean egon gabe.

         Bospasei laguneko taldetan eserita daude presoak eta bisitariak, denak nahasian. Alfonbra gainean lurrean daude gehienak, plastikozko eserlekuetan gutxi batzuk. Taldez talde ibili gara galdezka, bibotedun batek "ni naiz Ibrahim Alqam" esan digun arte.

         Bibotea beltz eta ilea labur, elastiko beigea eta praka bakeroak ditu soinean Ibrahimek. Adi entzun ditu Habiben azalpenak: zer nahi dudan, noren bitartez etorri garen eta, ustez, elkarrizketa hitzartua genuela berarekin eta bere lagun Masah-rekin. Ez zekiela ezer baina, tira, hartzeko aulki parea. Berehala gureganatu da Ibrahim Masah. Bizarduna da, bekokian ilea galtzen hasia eta argala. Indartsu begiratzen dute bere begiek. 27 urte ditu Masah-k, bere lagunak baino urtebete gehiago. Palestinar gehienekin gertatu ohi zaidan bezala, helduagoak iruditzen zaizkit biak.

         Plastikozko lau aulkitan eseri gara, lauki itxia osatuz, elkarrengandik gertu-gertu. Kafe bana atera digu Alqamek, familiak ekarritako termotik. Ahapeka mintzo zaizkigu, ingurukoek entzuterik nahi ez balute bezala.

 

 

Ramalla inguruko asentamendu judu bateko hiru laguni tiroz eraso zieten hiru lagunek 1996ko neguan. Emakume judu bat hil egin zuten eta bere bi lagunak zaurituta utzi, ihes egin aurretik. Palestinaren Askapenerako Fronte Popularreko Ramallako hiru militanteri leporatu zieten ekintza Palestinako Agintaritzako segurtasun zerbitzuek. Bi militante berehala atxilotu zituzten. Horietako bat, Ibrahim Alqam.

         Preso hartu eta hurrengo bi egunetan epelak hartu zituen Alqamek, gau eta egun, Ramallako atxilotze gunean. Baina zaindari zuen poliziak, Alqamek berak bezala, bi egun zeramatzan begirik bildu gabe eta, loak menderatu zuenean, hanka egitea lortu zuen.

         Adiskide baten etxera jo zuen. Hezur eta mami astinduta, gorputza ubel, ospitale batera eraman zuen lagunak. Baina ospitaleko segurtasunekoek Alqamen berri jakin eta israeldarrengandik babestu ahal izateko segurtasun zerbitzu palestinarren esku egotea hobe zukeela "esan" zioten. Jaramon egin zien. Zer erremedio.

         Bere burua entregatu egin zuen. Hurrengo lau egunetan gehiago torturatu zuten: hiru egunez euritan biluzik eduki zuten, abenduko hotzean; buruan kolpeak jaso zituen; eta hanketatik lotuta zintzilikatuta ere eduki zuten.

         Kordea galdu zuenean, eritetxera eraman zuten.

         Ibrahim Masah ez zegoen etxean Polizia palestinarra bila joan zitzaionean, baina bi anaia gazteagoak eta aita, bai. Eta Poliziak hirurak eraman zituen. Senideak askatzearen truke, komisarian aurkeztu zen Masah. Gau hartan, zuzenean, Jerikoko espetxera eraman zuten Masah gaztea. Han topatu zituen Ibrahim Alqam eta hirugarren laguna.

         Goizaldeko lauretan, abokatuari deitzeko aukerarik ere eman gabe, espetxeko gela batean epaitu zituzten hirurak. Agintaritzak jarri zien abokatua. Epaileak militarrak ziren, soinean zeramatzaten uniformeek adierazten zutenez, defentsa eskubideak errespetatu gabe epaiketak gauerdian egiteagatik ezaguna egin den Segurtasun Auzitegiko kideak. Ordu laurden baino ez zuen iraun epaiketak, epaituek ez zuten ahoa zabaltzerik izan eta betirako kartzelara zigortu zituzten hiruretatik bi. Ibrahim Masah-k 15 urteko zigorra du bizkar gainean.

         Jerikoko harresiak baino ikusten ez dituztela daude geroztik bi Ibrahim: Alqam eta Masah. Hirugarren laguna ihes eginda dago. Duela hilabete zirrikitu bat aurkitu zuen hormen artean, barruan zazpi hilabete egin ondoren.

 

 

— Estatu palestinarraren alde borrokan aritu ondoren Agintaritza palestinarrak espetxeratuta zaudete orain.

         — Sekula ez nuen pentsatuko horrelakorik gerta zitekeenik —dio Alqamek—. Sinestezina zait palestinarrek giltzapetuta egotea. Baina, batez ere, inoiz ez nuen begitandu ere egingo atxiloketaren ondorengo egunetan eman zidaten tratua jasango nuenik nire anaien eskutik.

         —Pentsa, israeldarren okupazioaren aurkako borrokan burkide izandako bat orain zaindari dugu espetxean. Egoera oso aldrebesa da.

         — Prozesu politiko bat bada martxan. Horren ondorioz askatasuna lortzeko esperantzarik?

         — Gureak luze joko du —betirako zigorra du Alqamek—. Israeldarrek ez dute onartuko gu askatzea, eta israeldarrek onartzen ez badute, palestinarrek ez gaituzte askatuko.

         — Gu bi arrazoirengatik gaude preso. Batetik, Israel gustura edukitzeko; harreman onak eduki nahi dituzte prozesuarekin aurrera jarraitzeko. Eta bestetik, Fronte Popularreko kideak giltzapean eduki nahi gaituzte, Fronteko zuzendaritzari presioa egin ahal izateko.

         — Bake prozesu honek ez du gurearen soluziorik ekarriko!

         — Zer iritzi duzue prozesu politikoari buruz?

         Galdera itzuli barik niri so geratu da Habib:

         — Popularrak dira. Garbi dago zer pentsatzen duten: kontra daude.

         — Baina euren argudioak entzun nahi nituzke.

         — Fronte Popularrekoak hasieratik egon dira prozesuaren kontra —niri jaramonik ez egiteko beste konfiantza hartu du Habibek—. Nire ustez, laster Agintaritzaren aurka borrokatu beharko da, baina ez militarki.

         — Galde iezaiezu, orduan, horri buruz. Ea Arafat etsaitzat duten.

         Lortu dut solasaldia presoengana eramatea berriro. Masah-k erantzun dit:

         — Ez. Ez dugu nahasi behar. Agintaritza isatsa baino ez da. Gorputza Israelgo Estatua da, eta Israelgo Estatuaren isatsa, Palestinako Agintaritza. Isatsaren kontra ekinez ez dugu ezer lortuko. Gorputzari egin behar diogu eraso.

         — Torturatua izan zinela kontatu diguzu, Ibrahim —Alqami ari natzaio—. Salatzeko aukerarik izan duzu?

         — Al Haq elkartera joan da nire familia, baina esan diete oso zaila dela auzi bat irekitzea. Nola frogatu? Antzeko kasu asko daude eta gehienetan ez da ezer gertatu. Dena den, ni torturatu nindutenen koronela atxilotu egin zuten, hona ekarri zuten, aldi labur bat egin zuen, gero Ramallara eraman... orain ez dakigu non dagoen. Jende asko torturatu zuen koronel alu horrek.

         — Zuen artean izan zen?

         — Militarrak aparte daude. Beste guztiok nahasita gaude, ordea. Politikoak zortzi gaude espetxe honetan, Fronteko lau eta Hamaseko lau. Gainerakoak lapurrak, eskaleak, israeldarren informatzaileak eta horrelako jendilajea da.

         — Txibatoekin hitzik ez dugu egiten. Egun onik ere ez. Hamar bat daude.

         — Hamasekoekin, aldiz, oso ondo konpontzen gara. Frontekoak ziega batean gaude eta Hamasekoak beste batean, baina denok elkarren artean banatzen dugu dena. Gure familiek ekartzen duten guztia denontzako da. Denok bat gara.

         Patioaren sarreran Habibek agurtu duen presoa —polizia— etorri zaigu, Habibekin bi hitz egiteko. Txantxetan jardun dute bi adiskideek. Gure bi solaskideak, bitartean, burua makurtuta eduki dute. Alde egin duenean, hitzerdirik ere ez polizia "desertoreari" buruz.

         — Palestina autonomoko espetxeetako bizi baldintzak oso txarrak direla entzun dut.

         — Txarrak? Bekatua baino txarragoak! Penagarriak! —ahotsa pixka bat altxatzen ausartu da Alqam—. Hiru aldiz egona naiz lehendik Israelgo kartzeletan, eta hango bizimodua ez da batere santua, baina nahiago nuke haietako batean egon!

         — Izateko baino ez izateko hobea da hemengo janaria! Ez dago jaterik! Senideak astean behin ekartzen digutenarekin moldatzen gara. Aste guztirako jatena ekartzen digute. Hemen familiak ordaintzen du dena. Senideek ordaintzen ez duten bakarra argindarra eta ohea da.

         — Batzuek ez dute nork bisitatu, edo familiak ezin du honaino etorri, edo janaria erosteko dirurik ez dute, eta ezinean dabiltza, neketan baino ezin janez.

         Tabakoa eskaini digu Alqamek. Nik ezetz. Habibek patrikatik paketea atera du, baina presoak ez dio utzi; beretik erretzeko. Habibek txiskeroa ateratzeko imintzioa egin duenerako ere garra mutur aurrean ipini dio Alqamek.

         Ramallatik etortzen zaizkie senitartekoak bi Ibrahimei.

         — Tokitan dago. Astero honaino etortzea garestia eta neketsua da. Taxia hartu eta ordubeteko bidea egin behar. Ramallara eramango gintuztela agindu ziguten orain bost hilabete, hori eskatuz 15 eguneko gose greba egin genuenean. Gaur arte.

         Emakume gizen bat hurbildu zaio Masah-ri, ama izan daiteke adinez, eta diru billete bat eman dio ezkutuka. Presoak beraiek hasi dira eserlekuak jasotzen. Bostekoak indartsu estutu dizkiogu elkarri adioan. Zazpina musuko agurrak lagunminen artekoak bide dira. Niri ez dagokit.

 

 

Espetxeko itzala utzita, burmuinak urtu beharrean ditut berriro. Irakiten legoke Jeriko bere osoan, eltzea balitz. Bero sapari aurre egitea dugu gaur lanik behinena eta, eztarria garbitu beharko, itoko ez bagara. Eta hau ez da okupazioaren errua, Arafat.

         Latako banana-marrubi nektar hotz bana edan dugu, sabela berdintzeko asmoz espezie eta frijiketa usaina darien jatetxe ugarietako batean sartu aurretik. Txurroak frijitzeko egokia dirudien ontzi zabal koipez betea du atarian jatetxeak. Falafel-ak frijitzeko da. Garbantzo egosi xehetuarekin egindako kroketa itxurakoak dira falafelak. Entsalada pixkatekin eta saltsaren batekin hornituta ematen dizute ogitartean edo, nahi izan gero, falafel bola mordoska bere horretan zorro batean. Ez da oso jaki fina, baina merkea da eta bete egiten du.

         Frijiketarako ontzitik ez urruti, sawarma okelaren trontzoa dute ate ondoan, jatetxe gehienek bezala. Ardatz bertikal baten inguruan, hankaz gorako konoaren forman paratuta erretzen dute espezieekin gozatutako ardikia, gero goitik behera moztutako xerra mehetan zerbitzatzeko. Entsalada eta saltsa apur batekin emango dizute sawarma ogitartekoa eskatuz gero, baina platerean eskatu dugu Habibek eta biok, eta lau entsalada ezberdin atera dizkigute platertxo txikietan, eskatu gabe, sawarma irensten laguntzeko. Ona dago laranja zuku naturala baina, lastima, garagardo freskorik eza.

         Hiria baino herria da Jeriko. Herri zaharra. Jendez gainezka dagoen meskita zuri handi baten ondotik pasatu garenean akordatu naiz ostirala dela.

         —Jerikoko gazteluaren aztarnak ikusi nahi? Bizikletan joan gaitezke —turismo-gidari lana egiteko prest dago Habib.

         — Bizikletaz?

         Ramallarako bidean jarri gara segituan, labeari ihesi.

         Taxi gidaria ere gogoratzen da ostirala dela. Irratia piztua ekarri du —Loiola Irratia, pentsatu dut—, otoitzak —eta garrasiak— denok entzun ditzagun. Habiben istorioak, ordea, ez dit utzi errosarioari behar bezalako arreta jartzen.

         Intifadan "beltzekin" aritu zen. Kaffiyah (lepoko palestinarra) beltza eramateagatik bereizten ziren Fatah-ko militanteak altxamenduan. Hiru aldiz espetxeratu zuten israeldarrek eta hiru urte egin zituen giltzapean guztira.

         Autonomiaren etorrerarekin, Agintaritzarekin lan egin behar zuela erabaki zuen eta, Polizian sartu zela ulertu diot, "segurtasunean" lan egin zuela esan didanean. Espetxe palestinarretan borrokakide izandakoak giltzapetzen ari zirela konturatu zenean, eta onartzen ez zituen zenbait agindu betetzeko eskatu eta berak uko egin zionean, arazoak izaten hasi zen. Behin baino gehiagotan arrastatu zuten.

         Agintaritza uztea erabaki zuenean, hiru hilabete ezkutuan egin behar izan zituen. Ondoren, Agintaritzarekin mintzatu eta bakean utziko zutela hitz eman zioten. Anaia atzerrian du oraindik, antzeko arazoengatik.

         — Arafatekin eta Fatah-rekin atsekabetuta?

         — Ezinaren ezinez ari dira. Arazoak arazo, Oslok zerbait on ekarri du, nahiz eta orain Agintaritza gaizki jokatzen ari den. Ni Fatah-zale naiz orain ere. Jokabidea zuzentzea da kontua. Demokrazia. Agintaritzari aurre egin, baina ez militarki. Ni ez nago prest palestinarrok elkar akabatzeko. Bi mutil hauek? Demagun oker jokatu dutela. Demagun. Baina gutxienez epaiketa justua merezi dute.

         Belarriak zabaldu zaizkit itsasoaren mailatik gora etorri garenean. Gamelurik ez dugu zain bidegurutzean. Beduinoen akanpalekuak eta kolonoen kokaguneak lehengo lekuan segitzen dute.

         Ramallan, fresko. Hogeita hamar gradu.