Palestina zauritua
Palestina zauritua
1998, kronika
228 orrialde
84-86766-90-7
azala: Pablo Galarraga
Imanol Murua Uria
1966, Zarautz
 
1996, kronika
 

Oasia Judeako basamortuan

 

Hiri berri, garbi, moderno eta baketsua iruditu zait Maaleh Adumim (bide gorria, hebreeraz), Gashon auto gidariak eta Dalia laguntzaileak asentamenduan alde batetik bestera eraman nautenean. Berdeguneak zabalak eta ugariak dira Maaleh Adumimen, eta kale ertzetan enbor meheko arbol gazteak ageri dira.

         — Begira —abiada mantsotu du Gashonek, eskuarekin nire begiak eskuinaldera eramanez—. Lehen horrelakoa zen hau dena.

         Basamortua ikusi dut.

         — Judeako desertua da. Ekialdera desertua baino ez dugu.

         Gashon, aita poloniar eta ama irakiarreko sabra da, Israelen jaiotako judutarra; Dalia, Argentinara ihesitako judu errusiarren alaba. Maaleh Adumimen bizi dira biak. Kolonoak dira.

         Jerusalemdik ekialdera dago Maaleh Adumim, Jerikorako bidean dagoen muino batean, Judeako basamortuaren mendebaldeko ertzean. Zisjordania da, lurralde okupatua, baina Israelgo lege zibilak agintzen du hemen eta hiritar israeldarraren eskubide guztiak dituzte bertako bizilagunek, juduen asentamendu guztietako kolonoek bezala.

         1967ko Sei Eguneko Gerran Israelek Eki Jerusalem, Zisjordania, Gaza eta Golango lurraldeak hartu zituenetik, berrehun kokagune inguru ezarri dituzte kolono juduek lurralde okupatuotan; 300.000 kolono judu bizi dira egun herri berri hauetan. Eta Jerusalem inguruan asentamendu jendetsuak finkatzeko ahalegin berezia egin dute juduek urteotan, hiri santuaren eta Zisjordania palestinarraren artean "asentamenduen gerrikoa" osatzeraino. Eginahal horren fruituetako bat da, hain zuzen, Maaleh Adumim: 1975ean 23 familia aitzindariek sortutako kanpamentua, 20.000 bizilaguneko hiria da 1997an.

         — Auzo berriena da, muino horretan ikusten duzun hori —gelditu egin gara—. Azken hiru urteotan eraiki da eta jendea jada etxebizitzetan sartzen hasi da. Lanak bukatu aurretik saltzen dira etxeak, Jerusalemen etxebizitza eskaintza eskasa eta garestia baita. Datorren urterako erabat populatua izango da urbanizazio berria, eta 30.000 lagun izango gara Maaleh Adumimen.

         Hiria etengabe ari da hedatzen: etxe bukatu berrien auzoak metro gehiago kendu dizkio desertu gorriari, eta beste eremu batean lurra harrotzen hasiak dira, auzo berri baterako eraikuntza-lanen atari.

         — 45 kilometro koadro lur badugu —atzeko eserlekutik ari zait Dalia—, hurrengo ehun urteetan hazten segitzeko adina lur badugu! Baina ez dugu nahi 70.000 lagun baino gehiagoko hiri bilakatzerik. Hori da gure neurria.

         Kolono "ekonomikoak" —etxebizitza merkeek erakarritakoak— dira Maaleh Adumimeko bizilagun gehienak, eta sekularrak. Erlijiosoak %20-25 baino ez dira, eta ultraortodoxorik ez dago.

         Gashonek Industria Ministerioan egiten zuen lan, Jerusalemen, eta Unibertsitatean ezagututako andregaiarekin ezkondu zenean, hiriburuan etxebizitzak garestiegi eta Maaleh Adumimen erosi zuten bat, orain bederatzi urte. Urte berean etorri ziren Argentinatik Israelera Dalia eta senarra, bi haur txikirekin; sei urtez Jerusalemen bizi izan ziren, errentan, eta duela hiru urte hiru logelako pisua erosi ahal izan zuten Maaleh Adumimen. Udal langileak dira biak orain.

         Arimarik ez dabil kalean. Lotarako herria da, goizetan jendez husten eta gauez atzera betetzen dena, Jerusalem inguruko asentamendu gehienak bezala. 1985ean errepide berria eraiki zenetik oso eroso etor daiteke Jerusalemdik, ordu erdi eskasean, lau karrileko bide zabalean; Al-azariyya herri palestinarra zeharkatu behar izan gabe gainera.

         Maaleh Adumimeko industrialdea begiztatu dugu urrutira, desertuan, kilometro parera edo. Orain industrialdea baino ez dagoen lekuan sortu zen asentamendua 1975ean, 1973ko Jom Kippurreko gerraren ostean. Jerusalem inguruko industrialde handienetakoa da: ehun lantegi baino gehiago, bi mila langile ingururentzat. Langileen erdiak palestinarrak dira.

         — Jerikoko lanpostu hornitzaile garrantzitsuena gara. Horregatik da Maaleh Adumim leku lasaia. Ez dago terrorismorik, ez dago istilurik. Ez lukete ezer egingo lanpostuak arriskuan jartzeko —Daliari begiratu dio Gashonek, adostasuna bila.

         — Herrian ere egiten dute lan arabiar gutxi batzuek, Udalarentzat. Beduinoak, gehienbat —automobilera itzultzeko keinua egin du Daliak—. Goazen?

         — Eta bizi? Palestinarrik bizi al da hemen? —badakit ezetz.

         — Ez, baina atea ez dute itxirik. Edonork eros dezake apartamentua, merkatu irekia da. Baina jabetzen naiz palestinar batentzat ez dela oso erosoa izango hemen bizitzea.

         Autoek herrigunean ez daukate sartzerik, eta herria inguratuz bisitatu ditugu asentamenduko bazterrak, parkez parke, lorategiz lorategi, hostoz jantzitako arbolek gerizpea eskaintzen digutela, itzala zer den ez dakien basamortua ia ukitu egiten dugula.

         — Geratu hemen —agindu du Daliak—. Jerusalem ikusiko dugu.

         Zeruertzean agertu zaizkigu hiri santuaren distirak. Unibertsitate Hebraiarraren dorrea eskuinean, Augusta Victoria ospitalekoa erdian, eta Olibondoen Mendiko monastegikoa ezkerrean. Hamar kilometro eskasera dago Jerusalemgo Hiri Zaharra, gotorlekua.

         — Eta horko muino hori gure Udalaren eremua da, Jerusalemgo udal lurrekin daukagun lotura zuzen bakarra: berrehun metroetan muga egiten dugu hiriburuarekin.

         Ulertzen hasi naiz.

         — Garrantzitsuak dira oso. Berrehun metro horiei esker Israelgo Estatuari lotuta gera gaitezke betirako, Zisjordania palestinarren esku geratuko balitz ere.

         — Lur horietan bederatzi hotel eraikitzeko asmoa dugu. 2000. urterako turistak bikoiztea espero da, eta Jerusalemen ez dituzte nahikoa hotel. Plangintza ia bukatua dago: Gobernuak azpiegiturak eraikiko ditu, eta ondoren hotelak egiteko inbertsoreak aurkitu behar ditugu. Estatu Batuetako inbertsore bat badugu dagoeneko.

         — Beste Har Homa bat? —negoziazio politikoak eten dituen asentamendu berriko lanak etorri zaizkit gogora.

         — Egitasmoa ez da gaur goizekoa baina, tamalez, eremu hau Har Homarekin batera arazo bihurtu da, orain, bake prozesuarekin. Palestinarrak aurka daude, baina Gobernuak jarrera tinkoa du. Espero dut datorren urtearen hasieran errepideak egiten hasiko garela.

         Jende armaturik ez zait egokitu Maaleh Adumimen. Hebrongo Qiryat Arban mordoa zebilela aipatu diet.

         — Hemen arma gutxi ikusiko duzu. Asentamenduei buruz dagoen irudiarekin puskatu egiten du honek; Judea eta Samariako [Zisjordania, juduen hizkeran] asentamendu galdu eta txikiengandik oso ezberdina da hau: kolono horiek arrazoi ideologikoengatik bizi dira han; gu, arrazoi ekonomiko eta praktikoengatik gaude hemen.

 

 

Kokagune laiko eta "ez-ideologiko" honen jatorrian, baina, motibazio ideologiko oso sendoko 23 familiaren ekimena dago. Aitzindari horien artean zegoen Shimon Ansvasher. Maaleh Adumimeko ohiko biztanle laikoa ez dela adierazten dute burua estaltzen dion kippak eta bizar zuri luzeak. Urteetan aurrera joana da; 70 urte inguru.

         Lurralde Okupatu guztietan kokagune juduak zabaltzea helburu duen Gush Emunim erakundeko kide egin zen Shimon 1970eko hamarkadan eta 1973ko Jom Kippurreko gerraren ondoren, orain Maaleh Adumim dagoen lurretan komunitate judua ezartzeko taldea antolatzen hasi zen.

         — Zergatik hemen, basamortu hutsa bazen?

         — Jerusalemen ekialdean dagoelako. Orduan hiri santuaren ekialdean ez zegoen komunitate judurik eta, Jerusalem Israelentzat ziurtatu nahi bagenuen, ezinbestekoa zen.

         Israelen urte asko zeramatzan ordurako Alemanian jaiotako Shimonek. 1933an, mukiak kentzeko gauza ez zela artean, Hitlerrengandik ihesi Belgikara joan zen gurasoekin. Gordelekutzat zeukaten etxetik irten ezinik egin zituzten gerrako urte ilunak. Gatazka amaituta, 1949an, Israelera etorri eta kibbutz batean hasi zen bizitzen, marra berdearen mugen barruan oraindik.

         Baina 1967ko gerrarekin Judea eta Samariarako ateak zabaldu zitzaizkien. Ez erdiz erdi, hala ere, orduko agintari laboristak asentamendu berriak eraikitzearen aurka baitzeuden nonbait. Baina helburua eremu industriala ezartzea zutela argudiatuz, Gobernuak ez ikusiarena egitea lortu zuten. 1975eko urte hasieran lehenengo etxea eraiki zuten, egurrezko zenbait barrakarekin batera. Sinagoga bilakatu zuten aurreneko eraikin hura eta taldeko gazteenetako bat zaindari jarri.

         — Bera izan zen, 1975eko martxotik aurrera, Maaleh Adumimeko lehen biztanle iraunkorra.

         Abenduan, 23 familia fundatzaileak iritsi eta bertan finkatu ziren.

         Baina kokagunea sortu eta gutxira, PAEk (Palestinaren Askapenerako Erakundea) asentamenduari eraso egiteko plana zuela jakinarazi zieten Israelgo Inteligentzia Zerbitzuek.

         — Hesitu egin genuen erabat asentamendua, zakurrak zaindari jarri eta zaintza zerbitzua antolatu. Kontzentrazio esparruen itxura zuen hark. Hedabideetan oihartzun handia izan zuen gure istorioak: exotikoak ginen munduarentzat, erriflea bizkarrean eta zakurra ondoan genituela ibiltzen ginen estremistak.

         Bi urtera, 1977an, Israelgo Gobernuak oniritzi ofiziala eman zion Maaleh Adumimeko asentamenduari eta 1979an udalerri bilakatu zen. Estatus hori hartu zuen Lurralde Okupatuetako lehen kokagune judua izan zen. 1982an jatorrizko lekua utzi eta gaur egun herria dagoen muinora mugitu zuten asentamendua. Geroztik, hazi besterik ez da egin.

         Baina ez berez.

         — Gogor egin genuen lan asentamendua sendotzeko. Azkar jokatu behar zen, jendea erakarriz eta bizkor eraikiz. Hona etortzen zen familia bakoitzak beste bi ekartzeko betebeharra zuen. Israelgo bikote gazteak dira gehiengo Maaleh Adumimen, baina azken aldian etorkin berri ugari heldu da, Sobiet Batasun ohitik gehienbat.

         Horman elkarren ondoan dituen sei argazki erakutsi dizkit Shimonek, alde egiteko asmoa azaldu diodanean. Helikopteroz-edo ateratako argazkiak dira, denak lur eremu berari, orain Maaleh Adumimek hartzen duen muinoari.

         Basamortu hutsa oasi populatu bihurtzen ikusi dut.

 

 

Palestinar itxurako kale-garbitzailea topatu dut bidegurutze bakarti batean, Jerusalemera itzultzeko autobus geltokirantz noala.

         — Ingelesez badakizu? —galdera derrigorrezkoa.

         — Ez.

         Baina ezin etsi, jakinmina ase gabe.

         — Israeldarra ala palestinarra?

         — Palestinarra —hainbeste badaki.

         Banoala, kazetari sena bizirik nonbait, argazki oina etorri zait burura: "Garbitzaile arabiarra judu kolonoen asentamenduko kaleetako zaborrak biltzen". Kamera atera dut, eta baimena eskatu keinuka.

         — Ez.

         Elie Barnavi idazle israeldarrak idatzi zuen langile palestinarrak ikusezinak direla judutarrentzat, falta direnean salbu. Ausentzian ikusten dituzte, ez presentzian. Unibertsitateko tabernan plastikozko edalontziak ateratzen zituztenean konturatzen zen, Ramadana edo grebaren bat medio, palestinarrak falta zirela.

         "Estatu bat eraiki dugu eta ez gara gauza guk erabiltzen ditugun edalontziak garbitzeko".