Palestina zauritua
Palestina zauritua
1998, kronika
228 orrialde
84-86766-90-7
azala: Pablo Galarraga
Imanol Murua Uria
1966, Zarautz
 
1996, kronika
 

Atentatua egin genuen

 

— Zer moduz atzo Jerusalemen?

         Presatua dabil Iman, goizero bezala, eta erantzunaren zain gelditu gabe alde egin dit sukaldetik. Zirt-zart batean itzuli da, laranja zukuaren kaxa hozkailutik atera eta, kartoizko ontzitik zuzenean edanez, zutik gosaltzeko.

         — Israelgo Gobernua, gutxienez, konplizea da.

         Bonbak zeramatzaten bi palestinarrak Hebrongoak zirela zabaldu da. Bataren berri ez omen zuen familiak azken 15 urtean, eta bestearen berririk ez dute izan etxean hiru urtean.

         — Litekeena da israeldarren esku egotea aldi horretan, eta atentatua egitera behartzea orain. Nazioartean presio handia jasaten ari zen Israel azken aldian, eta arreta desbideratu beharra zuen. Munduaren aurrean biktima gisa agertzea primeran datorkie.

         Jerusalemerako asmoarekin jaiki naiz, baina hiri autonomoetako palestinarrok setiatuta gaude. Israelen eta Lurralde Okupatuen arteko muga goitik behera zarratzeaz gain, hiri autonomoen sarrera-irteera guztiak itxi egin dituzte israeldarrek. Ez dago Ramallatik irteterik. Ez dago Jerusalemera joaterik. Horregatik erabaki dut Ramallatik irtetea. Jerusalemera joatea.

         Ez naiz bakarra. Bidaiari guztiak emakumezkoak dituen taxia topatu dut, ondo kostata. Errepide nagusian abiatu eta kilometro pare batera egin dugu topo israeldarren lehenengo kontrolarekin. Atzera egiteko, ez dagoela pasatzerik. Ez da inor harritu. Setiatuta gaude. Atentatua egin genuen atzo.

         Atzera egin du furgonetak, bidaiari guztiak isilik, Ramallara itzultzeko etsita bageunde bezala. Baina oraingoan taxia ez dut utzi, eta gidariak bidezidorren bat noiz hartuko zain gelditu naiz.

         Ramallaraino itzuli, hiri barruan jiratu eta bidexka batean sartu da. Errepide estuan barrena abiatu gara, bidezidor kaskar bilakatu da aurrerago eta batere asfaltorik gabeko mendibide aldapatsu gero. Furgoneta eta kamioneten errenka luzean joan gara, eguzkiak idorturiko bide zartatuan triki-traka, Jerusalem aldera: bide batean abiatu eta, ibilgailuak bueltan datozela jabetuta, atzera egin eta beste bide batetik sartu. Makina bat aldiz sartu du gidariak atzera-martxa, aurrez aurre zetozkion ibilgailuak bide meharrean saihestu ezinda. Baina izkin egin diegu israeldarrek errepide nagusian paratu dituzten bost kontrolei.

         Agintari israeldarrek badakite, ondo jakin ere, inguruetako bidezidorrak hartuz Jerusalemera joan-etorrian gabiltzala hainbat palestinar, baina bide nagusia ondo kontrolatua dute. Mendibideetan doazen ibilgailuak kontrol puntuetatik begiztatu ere egiten dituztela egingo nuke.

         Xekel bana eskatu digu estra gidariak helmugaratu garenean. Lan estra egin du, izan ere. Baina zer dira hamar hogerleko soldadu israeldarren atzaparretatik ihestearen truke?

         "Ez dago erreportari hau geldiaraziko duen armadarik", izkiriatu dut koadernoan.

 

 

Segurtasun neurri handiagoak eskatuz Udaletxeko plazan batutako talde bat salbu, ez dut Jerusalemgo kaleetan atzoko atentatuaren zantzurik nabari. Bai, ordea, etxerako bidean.

         Atentaturik gabeko garaietan ere kontrola egon ohi den puntuan, Ram herriaren parean —Israelen eta Lurralde Okupatuen arteko mugan—, jaitsi naiz oraingoan taxitik. Sei palestinar geldiarazita dituzte bide-bazterrean kontrolaren ardura duten zortzi soldadu gazteek. Kazetari agiria eskuan dudala zuzendu natzaio bati.

         — Baimenik gabe Jerusalemera sartzen saiatu dira, eta nortasun agiriak aztertzen ari gara ordenadorean. Garbi baldin badaude, atzera Ramallara bidaliko ditugu. Orain ura eman diegu, ikusten duzu, eta gero agian jateko zerbait.

         Bidoi batetik txandaka edaten ari dira, errepideari bizkarra emanda, lerroan. Ramallatik Jerusalemerako bidea zorrotz zaintzen ari dira militarrak, auto guztiak geldiaraziz eta miatuz, baina nire aurrean bederen ez dute inor atzera bota. Baimen berezia dutenak baino ez dira etorriko kontrolera, pentsatu dut. Alderantzizko bidea, aldiz, soldadu bakarrak zaintzen du, baina ia batere automobilik ez dator Ramallara. Ibilgailuz beteta imajinatu ditut inguruetako bidexkak. Bi norabideetan.

         Soldadu zintzoarengana jotzen asmatu dut nonbait, palestinarrekin hitz egiteko baimena eman baitit. Baina agurtzeko beta baino ez dut izan, soldadu handiago bat, kankailu halakoa, imintzioka gainera etorri zaidanean.

         — Zer egiten duzu hemen?!

         Ez dago hebreeraz jakin beharrik galdera batzuk ulertzeko.

         — Hauekin hitz egiteko baimena duzula?! Utikan hemendik!

         Jaramon egin diot, zintzo.

         Ordu parea egin dut mugan. Kontrolean, kontrolpean. Eta etorri naizenean bezala daude palestinarrak joan naizenean: errepideari bizkarra emanda, bidezidorrez betetako maldei begira.

         Hurrengoan asmatuko ahal dute Jerusalemerako bidearekin!