Ez zaigu ahaztu
Ez zaigu ahaztu
1998, kronika
176 orrialde
84-86766-86-9
azala: Garbiņe Ubeda
Alberto Barandiaran Amillano
1964, Altsasu
 
2021, kronika
2005, narrazioak
 

 

Celia Lopez Ugalde

 

— Non dugu galego hori? —oihu egin dute atetik.

        Banekien diosal hori erabiliko zuela.

        San Nicolas de los Arroyosko autobus geltokiko tabernan lau gaude: litro erdiko zerbeza baten aurrean manisekin jan ordua zaintzen agure bat; John Wayneren film zahar baten azpitituluei tarteka begiratzea beste lanik ez duten bi langile, eta neu, arrotz bakarra. Denok jiratu dugu burua, baina Javier Tiserak ez du dudarik izan. Niregana heldu da bizkor.

        Zain eman dudan ordu luzean, Rosariora eta hiriburura doazen autobusen joan-etorriak kontrolatu eta pareko orubean futbolean ari diren mutikoei begiratzeaz gain, ahalegindu naiz belarrietan dudan ahotsari aurpegia jartzen. Ez dut batere asmatu. Helduagoa egiten nuen eta, nola esan, euskaldunagoa.

        Aitarengandik duen odol indiarra indartsu dario begiradari. Gabardina luzea darama jantzita, bero egiten duen arren; ilea gominaz bustia eta atzerantz orraztua du, begi zabal eta biribilak, eta musuak zuri-gorriak, baina beltzaxka; garaia eta harroa.

        Buenos Airestik honako bidaian behin eta berriro gogoratu ditut berarekin telefonoz izan ditudan komunikazioak —desorduz eginiko deiak, nahasgarriak askotan, ilogikoak eta surrealistak—, eta konturatu naiz ezagutzeko gogo biziz nagoela. Ez agindu zizkidan izen, datu eta zerrenda guztiak eskuratzeko itxaropenik dudalako, ez. Aspaldian jakin nuen ez zuela ezer, promesa guztiak ni hona etorri eta Celia lehengusinari gertatutakoa jaso nezan jarritako amuak zirela, baina onartu nuen jokoa. Gudari bizkaitarren biloba hau ezagutzeko gogoa lotuago dago konplizitatearekin, lehen deitik antzeman nion ilusioarekin: bera izan zen nire asmoa hasieratik ulertu zuen bakarra. Bidaia, neurri batean, berari zor diot.

        Taberna osoa pauso luzez zeharkatu ondoren nire mahaiaren parera iritsi denean, aspaldiko lagunak bagina bezala besarkatu nau. Luzatu diodan bostekoa zintzilik gelditu zait, jokoz kanpo.

        — Zure etxean zaude —irribarre zintzoa irakurri diot.

        Javier Tisera baikorren alderdian jokatzen dutenetakoa da, bizitza hau beste ezer ez dagoela eta bizi egin behar dela ikasi duena. Edozein toki izan daitekeela toki espeziala.

        Duela hilabete batzuk utzi zuen Buenos Aires eta San Nicolasera, bere jaioterrira etorri zen bizitzera. Hiriburutik 250 kilometrora gaude, Parana ibaiaren ertzean. Etxerantz goazelarik, bere familiaren historia kontatu dit.

        — Polentzi Edorta Etxeberriak, gure aitonak, Argentinara etortzea erabaki zuenean hasi zen dena, 1952an. Bilboko familia jeltzale batean jaioa, ingeniaritza ikasketak egin zituen eta bukatu berriak zituela piztu zen 36ko gerra. Gudarien lerroetan sartu zen, noski. Bazekien ardurak izango zituela, ikasketengatik, baina erabaki logikoa zen berea, familia osoa aritu zelako Francoren armadaren aurka.

        Polentzi Edorta Bilbon ibili zen ia gerra osoan, hasieran teniente, gero kapitain eta, azken hilabeteetan, komandante. Nazionalak hiriburuko atean zeudela, tren geltokia lehertarazteko agindua jaso zuen, erasoaldia albait gehien zailtzeko. Badirudi bertan gelditu zen azkenetakoa izan zela.

        Nazionalek atxilotu eta Santoñan epaitua izan ondoren, bizitza osorako kartzela-zigorra gainean, epaile militarrak agindu zuen Puerto de Santa Mariako presondegian bete behar zuela. Hara joan ziren emaztea eta bi alabak ere, horietako bat Javier Tiseraren ama. Hiru urte beranduago Polentzi Edorta kartzelatik atera zen eta Cadizko ontzioletan lanean hasi, 1952an Argentinara joatea erabaki zuen arte.

        Urrats geldotan egiten dugu bidea, narrazioaren gurdiari jarraiki.

        — Aitonak entzun zuen han, Buenos Aires ondoko hiri batean, bazegoela altzairugintza dotorea, lanik ez zuela faltan izango, euskaldun asko zeudela. Itsasontzia hartu eta hona abiatu zen, bakarrik. Toki ona iruditu zitzaion eta dei egin zion familiari, etortzeko.

        Urtebete beranduago emazteak eta alabek bide bera egin zuten, eta 1956an gainontzeko senitartekoek. Patriarkaren atzetik, erro bakarreko adaskak bailiran, hamabi lagun iritsi ziren urte hartan San Nicolasera.

        Polentzi Edortaren emaztearen familiaren artean zen Eladio Lopez, gerra hasi aurretik Bizkaiko Bankuan kutxazain izandakoa, dena galdu zenean Bartzelonara joandakoa. Han bataiatu zuen, erbesteko Euzko Jaurlaritzaren zigiluarekin bataiatu ere, Bilbon jaio berria zen Celia Lopez Ugalde. Javier Tiseraren lehengusina.

        — Celiak hemeretzi urte zituen Agentinara iritsi zenean —Javierren pausoek San Nicolasko plaza nagusira eraman dute paseoa—. Zatoz, gauza bat erakutsiko dizut.

        Oihan tropikalak mila kilometro iparralderago hasten badira ere, San Nicolasek basoari konkistatutako lurra ematen du. Han eta hemen jaiotzen dira Brasilgo intxaurrondoak, pikondoak, kakaotzeak, makarangoak, palmondoak, arkaziak, eukaliptoak... eta haritz bat, Gernikakoaren semea.

        — Egun seinalatua izan zen Euskal-Etxekoek haritza landatu genuenekoa. Nik badut argazki bat zuhaixkaren aurrean, Celiarekin eta lehengusuekin.

        Haritz koskortuak bere abarrak luzatzen ditu, harro, egun hura gogoratzen duen plakarantz.

        Familia poliki moldatu zen lur berrian. San Nicolasek gerrak bereizitakoak elkartzeko eta lan egiteko aukera eman zien. Baita zauriak sendatzeko ere, Etxebarria, Lopez Ugalde eta Iriondotarren artean nazionalistak ez ezik, errepublikazaleak eta komunistak ere bazirelako, denak Francoren aurka ibilitakoak.

        — Hemengo Euskal-Etxeak ere asko lagundu zigun. Ama, iritsi zirenen artean gelditzen den zaharrena, astero joaten da bertara afaltzera. Bukaera beti berdina da: gogora ekartzen ditu Deustuko zubia, hango kaleetako tabernetako gizonak... eta erregaliza. Tema berezia du horrekin.

        Erbesteratzeetan konstantea izan ohi denez, lehen belaunaldikoei emigrazio-lurra arrotza gertatu zitzaien, baina jakin zuten esker ona adierazten. Polentzi Edorta hil zenean ikurrina eta Argentinako banderarekin lurperatu zuten San Nicolasko hilerrian, «aberriarengatik eta abegia eman zionarengatik».

        — Urte onak izan ziren haiek. Gero, ordea, diktadura iritsi zen, militarrak... eta Celiaren bahiketa.

        Javierrek kronista baten gisara kontatzen du lehengusinarena, xehetasun guztiekin.

        — Buenos Airesen amaitu zituen Bartzelonan hasitako Arte Ederretako ikasketak, eta zoratzeko moduko lana aurkitu zuen berehala Colon Antzokian: urtero estreinatzen ziren opera montajeetako dekoratuak pintatzen hasi zen.

        San Nicolasera egiten zituen bisitaldiak gertakari handiak ziren Javier eta gainerako lehengusuentzat. Celiak denak biltzen zituen bere inguruan eta, supazterreko ipuin kontaketen magia berberaz, Traviata-ren bigarren eszenarako egindako dekoratuak, tenore eta sopranoen arrandiak, palko nagusian esertzen zen honako eta halako jende inportantearen kontu txikiekin engainatzen zituen begiak biribil entzuten ziotenak.

        Fikzioa eta errealitatea neurri egokietan nahasita, mundura orduan zabaltzen ziren adimen haiek elikatzen zituen Celiak. Oharkabean, hondar oso sendoa uzten ari zen Javierren eta besteen bihotzean. Bera desagertuta ere iraun zuena.

        — Arreba bezala zen gu guztiontzat. Berak erakutsi zigun ibai honetan igeri egiten, azaldu zigun Joan Miroren eta Picassoren arteko diferentzia, Cezanne eta Grecoren artekoa. Hamar urte genituela erakutsi zigun Gozamenen Jardina izeneko triptikoa ulertzen, Buñuel, Fellini eta Chaplinen filmak ikusi genituen berarekin... Denok ulertu genion langile eta nekazari baten arteko aldea zehaztu zigunean, esan zigun zein diren mundu honetako bidegabekeriak, herri honetako jende behartsua non dagoen... Horrek guztiak esanahi sakonagoa ematen dio «lehengusina» hitzari.

        Operara joaten zen jende dotore eta distiratsu hura ez baitzen neska bitalista hark ezagutzen zuen herria. Espainiako Errepublika garaiko borrokak eta istorioak txikitandik entzunak zituen etxean, militantzia politikoa familiaren ezaugarria zen. Hori zela eta inor ez zen harritu 70etako hasieran Partido Revolucionario de los Trabajadores (PRT) alderdi marxista-leninistan militatzen hasi zenean.

        — ERPko adar politikoa zen PRT —argitu dit Tiserak—, ezkerreko indar garrantzitsua garai haietan. Bi aldiz zen, beraz, militante, militarren garaian pintorea izatea politika egitea baitzen.

        1976ko urriaren 13an, armaturik heldu ziren zortzi lagunek bota zuten Buenos Airesko bere etxeko atea. Etxean ordubete egon ondoren auto batean sartu zuten, eta hiriburuko etorbide handi batetik desagertu ziren, arrastorik gabe desagertu ere. Inork ez zuen Celia berriro bizirik ikusi.

 

 

Lehengusinari gertatutakoa 1987an hasi zen arakatzen Javier Tisera.

        — Ez nuen egin bizirik aurkitzeko inolako esperantzarik genuelako, baina familiaren ohorearengatik.

        Familiaren ohorea, klanaren iraupena, arbasoen tradizioa garrantzi handikoak dira denak Javier Tiserarentzat. Familiarik gabe ezer ez dela uste du berak, San Nicolas zeharkatzen duen ibai hau Amazoniatik jasotzen duen urik gabe ezer ez den bezala.

        Emaztea eta haurrak aurkeztu dizkidanean doi bat ulertu dudala uste izan dut.

        Etxeko atea zeharkatu eta berehala lepotik zintzilik ditu bi umeak, eta Raquelek, nekatuta dirudien arren aurpegi goxo eta polita duen andreak, irribarretsu agurtu du gabardina ohe gainean utzi duenean.

        Tiseratarren etxeak kanpotik badu itxura, baina txiroa da oso, iluna eta arimarik gabea. Javierren liburuek betetzen duten apalategia izan ezik, paretetan ez dago apaingarririk, biluziak dira, deserosoak. Atzealdean duten lur puska —belar txarrez betetakoa, ezer landatzeko baino partidak jokatzeko eta okela erretzeko erabiltzen dutena—, hori da arnasa hartzeko bide ematen duen toki bakarra.

        Eta hala ere, abegikorra egin zait. Izango da, akaso, munduko etxerik politena balitz bezala erakutsi didatelako, edo Argentinan ikusi ditudan etxe dotore bakarrak aberatsenak direlako. Eroso nago, gustura. Miresten dut umiltasun eta, era berean, bizi diren tokian eta unean bizitzeagatik duten alaitasun hori.

        Pablok eta Claudiak atetik begiratzen didaten bitartean, asmatu ezinean zer izango den interesgarriagoa, etorri berria ezagutzea edo pilotari ostikoak ematea, Javier agertu da ekarri behar izan diodan Athleticeko elastikoa jantzita. Telefonoz emandako informazioaren ordainean eskatu zidan, txantaje eta guzti.

        — Bestela ez da traturik —mehatxu egin zidan, Realekoa ez ote zuen nahiago esan nionean.

        Barregarri samar dago, zinez. Handiagoa erosi behar izan nion, baina tira, haurrei gustatu zaie. Berehala piztu da futbolaz eztabaida. Larunbatean jokatuko da Buenos Airesen River Plate-Boca Juniors klasikoa, herri honetan pasio guztiak pizten dituen futbol partida, eta aste honetan ez da beste ezertaz hitz egiten Argentinan. Hauteskundeak ere ahaztuta gelditu dira. Etxean denek egiten dute amaren kontra, familian Bocakoa ez den bakarra. «Ohitu naiz Riverrekin bakarrik sofritzen», suspirioa izan da Raquelena. Kontu bakar batekin gaude denok ados: polita da Athleticeko kamiseta, baina inola ere ez Pablok atera duen Bocakoa adinakoa.

        Txikienari bularra ematen utzi dugu Raquel, beste bi haurrek nahikoa eztabaida dutela erabakitzeko nork jantziko duen elastiko zurigorria lehengusuak etxera datozenerako.

        Eltzekoa ari gara bazkaltzen Javier eta biok; plater bakarra.

        Celiaren bahiketari buruz datuak biltzen hasi zen garaian Buenos Airesen zen Javier bere familiarekin, La Nación egunkarian lanean.

        — Hamahiru urte nituela hasi nintzen hemengo egunkarian, mandatuak egiten. Gogoratzen dut bereziki erredakzioburu izugarri gogor hura, egun eta gau osoa teletipoen artean ematen zuena. Esaten zigun kazetari batek bazkaldu eta lo egin behar duela erredakzioan, eta nik estu-estu jarraitzen nion aginduari. Koltxoi baten gainean lo egiten nuen eta bertan bazkaltzen. Askotan, gauerdian, erredakziotik ateratzen nintzen zerbait afaltzera, eta diskotekara joaten nintzen gero, dantza egitera. Jendea lotara joaten zenean ni bulegora itzultzen nintzen.

        Egun batez, hirigunean areto handi eta txuri-txuria duen talde masoiari buruz erreportaia argitaratu zuen egunkarian, eta handik astebetera jipoitu egin zuten kalean. Babes eske joan zitzaion zuzendariari, oharren bat atera beharko zutela-edo.

        — Txundituta utzi ninduen: «Ez hadi ba komeni ez zaizkian uretan sar». Egunkaria utzi eta hiriburura joan nintzen.

        Handik itzuli berri da, askoz gehiago kobratuta ere bizimodu zoro samarra egiten zutelako emazteak eta biek egun osoan elkartzeko astirik gabe. Orain klaseak ematen ditu San Nicolasko Kazetaritza Fakultatean eta zutabeak idazten ditu kazetarako. Eta publizitateaz arduratzen da. Ez dirudi hori asko denik Argentinan, baina berarentzat lan bat da, nahikoa beraz.

        — Familiak ahalegin guztiak egin zituen Celiaren berriren bat izateko —kafe lurrintsua dugu biok aurrean—. Lekuko bakarra zegoen, atezaina, baina ez zuen inoiz gurekin hitz egin nahi izan. Bere bizitzatik ezabatu nahi izan zuen gertatutakoa. Gogorra da, baino ulertzen diot. Argentina beldurrezko kontzentrazio esparrua zen garai hartan, eta gehienek nahiago izan zuten gertatzen ari zena ukatzea.

        Celiaren aitak habeas corpusa aurkeztu zuen, eta Espainiako pasaportea zeukan eta enbaxadan salaketa jarri zutenen artean lehendabizikoetakoa izan zen. Oso katolikoak zirenez, Elizaren babesa ere bilatu zuten, baina, beste askori bezala, etsitzeko gomendatu zieten, begirada jainkoarengana zuzendu eta fedea ez galtzeko.

        — Osaba duela hiru urte hil zen. Bere alabaz galdezka hil zen, ea aurkitu genuen. Badakizu, garai hau bizi ez zuen batentzat ulertzeko zaila da baina... semea, anaia, norbait desagertua duenari iruditzen zaio ezin izan diola bere bizitzari bukaera eman, eten bat izan dela. Oso traumatikoa da.

        Espainiako Desagertutakoen Batzordean aritu zen Javier hainbat urtez, enbaxadaren bidez Espainiako Gobernuari ardura handiagoa eskatzeko, baina erantzun bera jaso zuten guztietan: Argentinako agintariek ez zutela inolako laguntzarik eman nahi. Hor hiltzen ziren, desagertzen ziren, ahalegin guztiak.

        — 1987an lortu nuen Celia bizi zen auzoko poliziburuarekin hitz egitea. Aitortu zidan neska bahitu bezperan goitik jaso zuela agindua kalea libre uzteko, hau da, trabarik ez jartzeko kanpotik etortzekoa zen talde berezi bati. Guk uste dugu San Nicolas bertako indarrek bahitu zutela lehengusina, hona ekarri eta hemen hil zutela. Hala ere, inork ez zuen ikusi inongo zentro klandestino edo kontzentrazio esparrutan, eta litekeena da bidean hiltzea.

        Etxean ez da bakerik. Pabloren urtebetetzea da, merendua prestatu behar du Raquelek laster iritsiko diren lagunentzat, eta haurrak urduri daude, tximistak hartuta.

        — Goazen paseoa ematera, ibaia erakutsiko dizut —gonbidapena egin dit Javierrek.

        Giro hezea da oso, baina polita dago herria. Etxeak etxebizitza bakarrekoak dira gehienak, txuriak eta urdinak, garbiak. Kaleak karratuak dira, Argentinako barnealdeko gehienak bezalakoak: konpas batekin eta plano baten aurrean eginikoak dirudite.

        Hiria hutsik dago ordu honetan, lasaitasuna arnasten da bazterretan, eta Etxeberria eta Lopez Ugaldetarrek hiri honekin zortea izan zutela pentsatzen ari naiz Tiserak orduko bakardade sentimendua laburbildu didanean:

        — Diktaduraren garaian ez ziguten sinetsi, esaten genienean estatu terrorismoa gizartearen kontra erabiltzen ari zela, gauez gainera, jendea bahitzeko; erokeria zen gehienentzat. Baina lekukotasunak itzalpetik atera zirenean, jendeak izututa begiratu zigun, askotan entzunagatik inoiz sinetsi izan nahi ez zuelako: «A ze astakeria egin ziren, eta gu enteratu gabe!». Alfonsinen eta Menemen erabakiekin (amnistiak, indultuak) Argentinako gizarteak bide bat hautatu zuen: nahiago izan zuen zaurian atzamarrik ez sartu. Jendeak erabaki zuen baietz, hori gertatu zela, baina aurrera jarraitu beharra zegoela.

        — Zaputza izango duzue barruan —barrutik atera zait neuri.

        — Nik uste dut badirela iraunbizitzeko modu ezberdinak. Gizarteak ahanztura hautatu baldin badu, oso litekeena da akats berberak berriro errepikatzea. Eta ni ez naiz gai inor epaitzeko, baina gogoratu behar da desagertu zen jende hura gu bizi garen etxe berberetan bizi zela, gu sartzen garen tabernetara sartzen zela, guk ditugun pasio berak zituela. Ahantz dezatela hala nahi badute, nik ez dut ahaztuko. Batzuetan, honi buruz hitz egiten dudanean, giristino sentitzen naiz Erromako koliseoan.

        — Eraiki daiteke zerbait zauri honen gainean?

        — Ez. Inork ezin du bizi bere miseriak zein diren jakin edo ezagutu gabe. Gizarte osasuntsu batentzat ahanztura ez da tokirik onena. Eseri beharko genuke denok eta garbi utzi gure artean dabiltzala kriminalak, eta biktimak... Niretzat garrantzitsua izango litzateke krimen hauengatik norbait preso egotea, nik sinetsi egiten baitut justizian, uste dut jendeak ordaindu egin behar duela egiten duenarengatik. Ordea, galdetzen badidazu hau guztia kita dezakeen bizitza osorako kartzelak, ezetz erantzungo dizut.

 

 

Parana harroxko heldu da, beldurtzeko gogoz. Itsasotik ehun bat kilometrora gaude eta bost kilometroko zabalera du jada ibaiak.

        Euri handia bota du aspaldi honetan, eta bi hilabete barru, Brasil, Uruguai eta Paraguain jasotako ur guztiak burrunbaka eta orroka iristen direnerako, uholdeak espero dira. Orduan lur puskak ekarriko ditu korronteak, zohitiak, eta hemen parean dauden irla hauei itsatsiko dizkie, bertan bizi diren ehiztarien gozamenerako, hartaka igarabak ugariagoak izango direlako.

        Solasaldia entzun duen ibai honen aurrean, behinola euskaldun batek erregutu zion amari: «Itzul gaitezen Euskal Herrira, ama, ibai hau oso iluna da-eta». Itzuli egin ziren.

        — Zuei ez zitzaizuen inoiz burutik pasa?

        — Mintzatu ginen itzultzeko aukeraz, bai, baina errotuegi geunden. Bidea errepikatzea izango litzateke, berriro lur bila hastea. Familiaren erdia pozik izango litzateke, baina beste erdiak pairatu beharko luke hogeita bost urte lehenago pairatutakoa. Inor ez zen ausartu.

        Etxeko bidea hartu dugu, poliki, hitz egin gabe ia. Han, urruti, Argentina osoan famatu den tenplu berria marrazten da arrastiriaren kontra. Duela zazpi urte, inguruko larreetan, neskatila batek Ama Birjina ikusi zuen. Hasieran, beti bezala, Elizak zuhur jokatu zuen, baina ikusita baserritarrak, ikasgabea izanik ere, hebreeraz eta sanskritoz idazten zituela Itun Berriko testuak, elizgizonek erabaki zuten, noski, hura mirakulua ez bazen... eta bedeinkatu zituzten agerkundeak, ofizialdu zituzten. Geroztik, urtero hirurehun mila inguru erromes azaltzen dira Argentina osotik San Nicolasera. Eskoziako itsasoan altxatzen diren petrolio dorreen itxura du tenpluak, eta fededunen diruarekin eraikitzen ari da.

        Etxera iristen ari garela, Javierrek kontatu dit Malvinetako gerran nola elkartu ziren irla hotz eta urrun haietan irlandarra eta euskalduna, biak Argentinarekin soldadu. Azken erasoaren bezperan, britainiarren gerra itsasontzi modernoen dorreak ikusten zituztela, hiltzeko entrenatuta zeuden eliteko tropen aurrean kikilduta, aberrietako kantak abesteari ekin zioten, fusil zaharrak eskuetan, hotzak eta beldurrak akabatuta.

        — Diotenez, muturreko egoera horietan jendeak ateratzen du barruen duena. Pentsa, biak ziren jaiotzez argentinarrak, hizkera, kultura eta bihotza hemengoa zuten, baina ikusi zutenean bertan hilko zirela, jatorriaz oroitu ziren. Familiaren goxoa iritsi zitzaien kanta zaharrekin batera.

        Taldekideek emozioz entzun zituzten gau ilun hartan bi gazteek lubakian abestutako koplak. Inork ez zituen hitzak ulertu, baina denentzat lasaigarri izan zen hura.

        Hurrengo goizean ingelesek bonbardatu zituzten posizioak eta denak hil ziren. Belaunaldi oso bat kontzentrazio esparruetan garbitu ondoren, militarrek soldadutza garaian zeuden mukitsuak bidali zituzten munduko armadarik onenetakoaren kontra, eta gero abandonatu.

        Tiseratarren etxea haurrez beteta dago. Kremazko enpanadak, fruta azukrez bustiak eta opilak prestatu ditu Raquelek. Baita cola eta laranja ere. Autobusa hartzeko ordua dut.

        — Aukera izanez gero, zoaz klasikora —despedida egin dit Javierrek atean—. Nik ezin dut, baina animatu Bocakoak!

        Geltokirantz noala, etxeko atarian zintzilik daukaten poema dut buruan. Gauaz eta izuaz zen, Javierrek idatzitakoa. Atzetik datorkidala ikusi dut, korrika. Liburu bat dakar eskuan, La noche de los lápices.

        — Tori, irakurri Euskal Herrira joaten zarenean.

        Lehen orrian honela dio: «Albertorentzat. Bere memoriagatik, eta basapiztien eta ahaztutako istorioen latitude hauetaraino etortzeagatik».

 

 

LAPITZEN GAUA

 

La Plata, 1976ko udaberria. Lehen ere egin duten borroka batean dabiltza bigarren zikloko ikasleak, 1956tik indarrean izan den eskubide bat mantentzearen alde: garraiobideetarako txartelaren alde. Unión de Estudiantes Secundarios (UES) sindikatuaren barruan, Claudio Acha (17 urte) nabarmentzen hasia da gelako mahaien gainean igota errebindikazioak oihuka argudiatzen dituztenen artean, bera delako hezkuntza politiko handiena duena.

        Bazekien Maok —horrela deitzen zioten Claudio Achari lehen mailako ikasturte batean El Capital irakurtzen ikusi zutenetik— militantzia benetan arriskutsua zela garai haietan, ezagutzen zuen taldekide batzuen artean zabaldua zen izua. Horren kontra egin beharraz mintzatzen zen, hala ere, ahal izaten zuen guztietan.

        Adela Segarrak, bere lagun minenak, aurreko udazkenean gaztigatua zion:

        — Jende asko erortzen ari da, Claudio. Ez dut militantzia utzi nahi baina ezin dut La Platan jarraitu.

        — Etsita zaude? —galdetu zion gazteak.

        — Apur bat. Egoera gero eta zailagoa da, ez al zara konturatzen?

        — Bai, baina orain ezin dugu huts egin. Orain erabakiko da txartelarena. Kontu handiagoa izan behar dugu, gauza guztiak elkarrekin babestuta egin, laguntzak lortu...

        — Ezin dut jarraitu... —moztu zion Adelak—. Buenos Airesera noa.

        Claudiok ulertu zion, baina ez zen autobus geltokira joan neska agurtzera. Inoiz esan ez bazion ere, maiteminduta zegoen.

        Ignacio Javier Acha eta Olga Koifmann ez ziren harritu semearen militantzia zaletasunarengatik, marxista porrokatuak ziren biak. Necoecheatik La Platara iritsi zirenerako hamabi urteko haurrak ezagutzen zituen Cheren bizitza, iraultza sobietarraren egunak eta Argentinako azken urteetako politikaren gorabeherak.

        — Ama, hemen sozialismoa da irtenbide bakarra.

        Bazekien, hurbiletik jakin ere, teoriatik praktikara jauzia zegoela, jauzi arriskutsua. Ondo gogoratzen zuen Angel Bengoechea, El Vasco, familiako laguna, hil zenekoa. Claudiok sei urte besterik ez zituen, baina haurtzaroko oroitzapenen artean esna zirauen gurasoek eta troskista hark egongelan edukitzen zituzten eztabaiden gomutak, frankotan haien kulunkan lokartu zelako. Bengoecheak 1964an eratu zuen Fuerzas Armadas de la Revolución Nacional gerrillari taldea, eta urte bereko uztailaren 24an hil zen, prestatzen ari zen leherkariak eskuartean eztanda egin zionean. Kolpe latza izan zen. Claudiok lehen aldiz ikusi zituen gurasoak negarrez.

        Motxila hori hartuta, hamabost urte zituela sartu zen UESen. Oporretan, peronismoan aritzen ziren beste hainbat gaztek bezala, auzo txiroetako haurrei irakurtzen irakasten zien, eta matea hartzen zuen gero langileekin, kontatzen zizkioten istorioekin txoratuta: borrokak, sofrimenduak, ametsak.

        1976ko irailean militarren errepresioa gori-gorian zegoen. Ikasleak susmo txarrak hartuta zeuden, La Platako institutuetan gero eta nabarmenagoa baitzen betaurreko beltzeko morroien presentzia. Hezkuntza Ministerioa militarrek kontrolatuta zegoen erabat Airesko probintziako hezkuntza arduraduna jenerala zen—, eta leloak ez zuen dudarako zirrikiturik uzten: «Unibertsitateetan, subertsiboen zulo horietan, ordena ezarriko da».

        Gazte batzuk desagerturik zeuden jada, Claudio eta Adelaren adinekoak gehienak. Errebindikazioekin jarraitzeko gogo zutenak, hala ere, adoretsu ari ziren. Claudiok eta lagunek bere egina zuten gobernuak ezarri nahi zuen autobusen txartelen prezioaren igoeraren aurkako borroka.

        Don Julio taberna zuten kuartel nagusi. Egunero han biltzen ziren, fakultatetik atera eta gero, banana batido famatuak hartu, zigarroren bat edo beste erre, eta ekintza berriak prestatzeko: pintadak, kartelak, komunikatuak, edozer jendearen artean nabaritzen hasia zuten desmobilizazioa gainditzeko. Dekanoaren bulegoan, anartean, goizero izaten ziren itaunketak, bakoitzaren konpromezu maila ezagutzeko. Mezua garbia zen:

        — Borroka hau galduta duzue. Hobe uzten baduzue...

        Claudiok bazekien informeak militarrengana iristen zirela zuzenean, eta zerrenda beltzean bere izena azpimarratuta zegoela.

 

 

Hilaren 16an, goizeko 02:35etan, atea behera botatzeko moduko kolpeak entzun zituzten 73 kaleko 2.539 zenbakian. Ohean zeuden denak.

        — Argentinako Armada! Ekarri armak!

        Olga Koifmannek ireki zuen. Sukalderaino bultzatu zuten.

        — Liburuak, non daude liburuak eta armak?

        — Ez dugu armarik, eta liburu bakarrak haurrenak dira, eskolakoak —erantzun zuen, ahots zartatua.

        Atetik, hiru urteko Pablok kuriositate handiz begiratzen zion hamar zentimetrora zuen fusilari, aho distiratsu eta beltzekoari. Amak beregana egin zuen baina ostikada batek galarazi zion.

        — Arren, bihotza operatu berria dauka! —erregutu zien militarrei.

        — Gauzak gehiago ez nahastu gero! —erantzunak ez zuen kezkarik—. Nor da hau?

        Claudio eta aita ordurako pasilloan ziren, militarren kulatek zainduta.

        — Seme nagusia, unibertsitatean ikasten ari da...

        — Armadaren segurtasun arrazoiengatik gurekin eraman behar dugu.

        Olgak Koifmannek 1985eko maiatzean egin zen epaiketan azaldu zuenez, agudo gertatu zen. Bi morroiek Claudio hartu eta korridoretik arrastaka eraman zuten, galtzontzilotan. Amak justu-justu luzatu ahal izan zizkion galtzak, eta laztandu egin zuen pixka bat. Ford Falconak kalean gora desagertu ziren gauaren babesean.

        Franciso Lopez Muntaner (16 urte), Maria Claudia Falcone (16 urte), Horacio Angel Ungaro (17 ute), Daniel Alberto Racero (18 urte) eta Maria Clara Ciocchini (18 urte) egun bereko ordu txikietan eraman zituzten. Mario Benedetti, Martin Fierro, The Beatles, Joe Cocker edo Joan Manuel Serrat maite zituzten gazte ameslariok indargabetzeko gaua eta bortizkeriaren botere guztia erabili behar izan zituen Armadak, «estatuaren segurtasunarengatik».

        Pablo Alejandro Diaz, taldeko zazpigarren kidea, zain zegoen. Bazekien bere bila joango zirela. Besteen atxiloketak gertatu eta bost egunetara lagun baten etxera joan zen afaltzera.

        — Gaur edo etorriko direla iruditzen zait. Nahiago dut sabela beteta itxaron —esan zion lagunari.

        Inoiz ez bezala jan zuen. Gau hartan atxilotu zuten, eta zazpien artean bizirik atera zen bakarra bera izan zen.

        Urte batzuk beranduago, Desagertutakoen Batzorde Nazionalaren aurrean deklaratu zuenean, Pablok dena kontatu zuen. Kontatu zuen azal kiskaliaren usaina, azkazal erauzien min jasangaitza, «Gora aberria! Gora Montoneroak!» oihuak ondoko ziegatik, kartzelako apaizen konplizitatea torturatzaileekiko, adorea emateko Daniel, Horacio eta Claudiorekin batera abestutako kantak:

                Detrás de las paredes

                que ayer se han levantado

                te ruego que respires todavía.

                Apoyo mis espaldas

                y espero que me abraces

                atravesando el muro de mis días.

                Y rasguña las piedras

                y rasguña las piedras

                y rasguña las piedras hasta mí.

        Eta baita Zamba de mi esperanza, hori batez ere, denek ezagutzen zutelako.

        Kontatu zuen haurra edukitzekotan zegoen neska bat eraman zutela bere ziegara, han utzi zutela, eta mediku sasiko hark esan ziona:

        — Laster iritsiko da unea. Beraz, kontrakzioak hasten direnean, hartu taupadak eta gero deitu. Guardiak etorriko dira.

        Kontatu zuen taldeko guztiak, eztarria lehertu beharrez, haurra bazetorrela oihukatzen hasi zirenean nola iritsi ziren guardiak, nola eraman zuten neska biluzik, eskaileratan behera.

        Kontatu zituen Maria Clara lagunaren erreguak guardiari gauez, afaldu ondoren:

        — Ez ukitu! ez ukitu gehiago!

        Eta libre utzi bezperan, zaintzaile batek lagunei agur esaten utzi zionean, 18 urteko neskak malko artean egin zion aitorpena:

        — Tortura mahaian bortxatu ninduten, aurretik, atzetik... Ezin dut gehiago. Abenduaren 31 guztietan topa egin niregatik. Ni hilda egongo naiz ordurako.

        Epaile eta torturatzaileen aurrean kontatu zuen, jakinik ere ez zuela ezertarako balio, lagun guztiei oihukatu ziena eskaileratik gora eraman zutenean:

        — Aterako zarete! Denak aterako zarete!

 

 

Olga Koifmannek eta Javier Achak La Platako bulego eta erakunde militar eta polizial guztiak zeharkatu zituzten. Guztietan ukatu zieten Claudioren bahiketa, ukatu zieten semea inongo taldek noizbait eraman zuenik ere! Azkenean apezpikuarengana jo zuten. Idazkari batek aurpegira bota zien:

        — Ez duzue inoiz gehiago zuen semea bizirik ikusiko.

        — Jauna —galdetu zuen amak, erotuta—, baina nola dakizu?

        — Zuen semea irailaren 15etik 16ra bitarte atxilotu zuten, ezta?

        — Bai, baina nola dakizu?

        — Ez duzue berriro ikusiko.

        1978ko irailean Suediara erbesteratu ziren.

        Claudioren eta beste gazteen nerabetasun akabatutako honi buruz La noche de los lápices liburua idatzi zuten Maria Seoane eta Hector Ruiz Nuñezek 1985ean, eta izen bereko filma egin zuen gero Hector Olivera zinemagileak.