Mandelaren Afrika
Mandelaren Afrika
1998, kronika
144 orrialde
84-86766-81-8
azala: J&P
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2017, nobela
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1996, poesia
1991, poesia
 

 

Ellen Kuzwayo

 

— Bihar parlamentuan!? Konforme.

        Telefonoa zintzilikatu dut. Ellen Kuzwayo mendearen bigarren hamarkadan jaio zen, beltzak lurraren jabe izan zitezkeen garaian. Haren belaunaldiko asko bezala (Nelson Mandela, Oliver Tambo, Sisulu...) Misioetako eskoletara joan zen. African National Congresseko (ANC) Batzorde Nazionalekoa izan zen aipatu horiekin batera, harik eta Mandela atxilotu eta ANCko buruzagitza klandestinitatera pasatu zen arte.

        Urtebete eduki zuten kartzelan, oraindik ere, ia berrogeita hamar urte beranduago, argitu ez dizkioten arrazoiengatik. Egun ANCko parlamentaria da. Johannesburgeko Soweton bizi da, Parlamentuan lanean ari denetan salbu, Parlamentua Cape Townen baitago.

        Ederra da Hego Afrikako Parlamentuaren eraikina; sendoa, legearen indarra hormei atxikia balu bezala. Parlamentariak, bulegariak eta abarrak metal detektoretik pasatuz doaz «Unjani!» edo «Good morning» diotela.

        Kuzwayoren bulegoraino gidatu naute. Berandutu delako desenkusatu zait ahots lodiz. Ez dagoela zer barkatzerik. Baietz, ordua ordua dela. Laurogei urteko emakume zutia, enantza handikoa. Adinak ez dizkio nolanahi zizelatu zimurrak, gorriak pasatua behar du!

        Txalaparta argitaletxeak ateratako liburua jarri diot esku artean. Begiratu eta ez du ulertzen.

        — Opari bat? —galdetu dit.

        — Bai, opari bat... Zure liburuetako bat da, Sit down and Listen.

        — Zer esan nahi duzu, hau nire liburuetako bat dela?

        — Euskaraz beste titulu bat dauka, baina euskarazko bertsioa eta ingelesezkoa parekatu ditut eta berdin-berdinak dira. Titulua da aldatzen bakarrik. Euskarazkoak Soweton Kontatuak du izenburua. Beharbada arrazoi komertzialengatik aldatu diote. Badakizu, Soweto oso leku ezaguna da mundu osoan eta saltzen laguntzen du —desenkusatu naiz, editorea neu banintz bezala.

        Liburuaren kontua ulertu duenean oso pozik jarri da.

        — Ez nekien nire liburua beste hizkuntza batera itzulita zegoenik! Nire agenteak ez dit ezer esan. Hots egin beharko diot Londonera.

        Agendan izkribatu du arkatzez. Indar handia du atzamarretan. Arbola sendo baten erroak dira.

        J.O.: Nola uztartzen dituzu zure baitan Hego Afrikan lehian ari diren bi kulturak, afrikarra eta mendebaldekoa?

        ELLEN KUZWAYO: Nik bi sustraia mota ditut, nazio honek bezala: Afrikako sustraia, nire kasuan tswana, eta mendebaldeko sustraia. Nire irudiko, bi sustrai mota horiek, bi kultura horiek ez dira aukerakoak; ez dagoela bata ala bestea aukeratu beharrik, esan nahi dut. Biak nire baitan daude eta biekin sintesia egiten saiatzen naiz. Bestela gertatzen da Hego Afrikan. Afrikako kultura nolabait bazterturik egon da eta orain azaleratzen ari da. Jendeak uste baino garrantzitsuagoa da gainera.

        J.O.: Call me woman zure biografian emakume beltzek apartheidaren aurkako borrokan jokatu rolaz ari izan zara.

        KUZWAYO: Oso garrantzitsua izan da emakumeen zeregina borrokan. Emakumeak izan ziren paseak eramatera ukatu ziren lehendabizikoak. Badakizu, lehen, garai zaharretan, jende beltzak nagusiak sinatutako pasea behar zuela bizitokitik mugitzeko. Bada, gizonek urteak zeramatzatenean paseak garraiatzen, Gobernuak emakumeak ere paseak eramatera behartu nahi izan zituenean, ukatu egin ziren eta izugarrizko istiluak sortu zituzten. Izugarriak, emakumeak erotu egin ziren. Hor hasi zen emakumeen borroka. Hala eta guztiz, gizon beltzek ere ez gaituzte, oraindik ere, banakako emakumetako hartzen, multzo bezala baizik. Gaur egun nire kideen iritziak aldatzea zaila da. Oraindik ere minor izaten jarraitzen dugu, baina ez gaude prest. Minortasun horretatik aterarazteko izkiriatu nuen Call me woman, jendeari hau guztia ezagutzera emateko, eta nire buruari atsedena emateko, noski.

        J.O.: Hego Afrikara ailegatu naizenetik barkamen sentimendu itzela nabaritu dut: beltzek, zuriek egin dietenaren ondoren barkatu nahi dituzte, adiskidantzara jo nahi dute.

        KUZWAYO: Nire biografia izkiriatu nuenean oso emakume haserretua nintzen. Baina haserrearekin ez goaz inora. Mandelak, kartzelan 27 urte egon ondoren, barkatzen badu, nola ez dut ba neronek barkatuko, urtebete baizik ez naiz egon kartzelan-eta! Mandela oso gizon handia da, haren nortasunak gizarte guztia kutsatu du. Zuk nabaritu duzun barkamen giro horri eusteko, jakina, jendearen baldintzak hobetu behar dira lehen-lehenik. Pobrezia konpondu behar da, pobreziak eragiten baitu krimena eta biolentzia. Hego Afrikako hiri eta herrietan, lehen mundua eta hirugarrena kilometro gutxiren buruan daude. Miseria lekuetatik kilometro gutxitara daude etxe zoragarriak, modako dendarik hoberenak, auto distirantak eta abar. Horri gehitzen badiozu jende beltzak izan duen eta daukan oportunitate eza, koktel lehergarria duzu. Bigarren, hezkuntza sistema hobetu behar da. Eta hirugarren, etxe gabeziaren arazoa konpondu.

        [Argazki batzuk egiteko baimena ez dit ukatu. Bitartean, liburuan irakurri dudan pasadizo bat argitzeko eskatu diot].

        KUZWAYO: Nire semea apartheidaren aurka aritzeagatik Hego Afrikako iparraldean konfinatu zuten. Ezin zuen zegoen herritik atera, lagun bakarrarekin baizik ezin zuen egon. Kontua da nire semeak ezkondu nahi zuela, eta ezkontza antolatu genuen. Apaiza, nire erraina, haren ama, nerau eta nire senarra biltzea baizik ez zuen onartu Gobernuak. Beraz ezin genuen eztei otordua egin. Polizia beltz bat paratu ziguten etxe barnean eta herrian bertan anitz zeuden barreiatuak. Azkenean herriko jendea hurbildu zen janari pilo batekin eta etxean sartu ziren. Poliziak ez zien sartzen utzi nahi, baina azkenean, hola edo hala, lortu zuten. Barnean zegoen polizia beltza harriturik zegoen. Gixajo hari ere janaria jarri genion plater batean... eta isildu zen. Orduan ikusi nuen herriko jendearen elkartasuna, orduan frogatu zidaten atzera berriz Ubuntua, Afrikako filosofia: «Norbera pertsona da beste pertsona baten bitartez», edo itzul daiteke beste era honetan: «Inor ez da irla bat».

        [Altxatu egin da. Uste baino garaiagoa da. «Bi metro inguru gizalege eta ezti», pentsatu dut Parlamentuko labirintoan galdurik].