Mandelaren Afrika
Mandelaren Afrika
1998, kronika
144 orrialde
84-86766-81-8
azala: J&P
Juanjo Olasagarre
1963, Arbizu
 
2017, nobela
2004, nobela
2002, poesia
2000, poesia
1996, poesia
1991, poesia
 

 

Edertasuna

 

Gail edertasunari buruzko ikerketa egiten ari da emakumeendako produktuak iragartzen dituen konpainia baterako. Eztabaida talde bat dauka, eta gonbidatu nau eztabaida taldea ispilu baten atzetik behatzera.

        — Produktuak iragartzeko arazoak dituzte apartheidaren istorioa dela-eta. Apartheidak ezezik baloreek ere eragina dute. Badakizu 80etan emakume beltzek azala zuritzeko erabiltzen zuten produktu baten kontra kanpaina gogorra egin zutela ANCko emakumeek. Produktuak beruna zuelakoz; eta jakina, beruna oso toxikoa izanik, denbora bat ematen aritu ondoren, azaleko gaixotasuna sortzen zitzaielakoz.

        Kontua da zenbait konpainiak bi iragarki telebistaratzen dituela (modelo zuria eta modelo beltza), beste batzuk bakarra, beste batzuk konpromezuko firrista batean coloureda. Produktua oso mendebaldekoa bada, emakume beltzek ez dute iragarkia aintzat hartzen, modeloa beltza izan arren. Iragarki bakarrarekin identifikazio arazoak sortzen dira. Coloured modeloarena zuriek hobeki hartzen dute beltzek baino. Apartheidarekin sinbologia ez da bera arraza guztiendako.

        Lau emakume sartu dira gelan, berrogei urte inguruko british bat, hogeita hamar inguruko afrikaner ilehoria, berrogeita hamarreko emakume zulua eta hogeiak pasatxoko sothoa.

        Gailek erretratu batzuk paratu dizkie eskuan, bakoitzaren inguruan bururatzen zaiena esateko.

        Lehendabizikoan 30 inguruko emakume zuria ageri da irribarre zabalarekin. Argazkia egiteko ile luzea atzera bota izanak txima batzuk utzi dizkio kopetaren gainean. Hippy antzeko belarritako handiak ditu eta jertse nabarra. Zuzen begiratzen dio kamerari, begiak alai.

        ZULUA: Nik uste dut azaleko irribarrea duela, ez barneko irribarrea. Badirudi, ileagatik-eta, ez duela bere burua gehiegi zaintzen. Niri behintzat ez zait oso ederra iruditzen.

        AFRIKANERRA: Niri oso hurbilekoa egiten zait, polita, lasaia, benetakoa, oso irekia.

        SOTHOA: Ez duzue ikusten irribarre hori oso burlatia dela? Burla imintzioa da-eta!

        INGELESA: Oso irribarre zabala iruditzen zait. Oso naturala ematen du, lasaia eta aldi berean abenturazalea, mardula.

        ZULUA: Ez nago batere ados.

        Hurrengo argazkia eman die Gailek. Jite anglosaxoniarreko emakumea, 30 inguru, errubioa, atzerantz orraztua. Begi urdinak. Irribarrez, baina hortzak erakutsi gabe. Eskotedun soineko beltza darama. Lady Di dela esango nuke.

        AFRIKANERRA: Ederra da. Lasaia ematen du eta oso sofistikatua.

        SOTHOA: Niri ere ederra iruditzen zait, airosa dirudi.

        ZULUA: Ez zait batere ederra iruditzen. Hotza da. Ez du konfiantzakoa ematen. Beraz, ez da ederra. Zuriendako produkturen bat saltzeko balio dezake, baina ez litzateke emakume beltzarengana ailegatuko.

        INGELESA: Sofistikatua iruditzen zait. Bere buruaz oso seguru dago. Britainiarra edo alemana ematen du. Aristokratikoa.

        Hirugarren argazkian emakume mestizoa. Rastafarien antzera txirikorda txikitan orraztua. Diadema moduan paraturik, painuelu nabarra. Begiek dir-dir dagiote. Belarritako biribilak. Irribarre zabala dauka, hortz zuriak erakutsiz.

        INGELESA: Ez du batere sofistikaziorik. Hegoafrikarra izanen da.

        ZULUA: Hara bestea! Benetako irribarrea duela iruditzen zait niri. Konfiantzakoa, bere buruaz segurua, arrakastaduna!

        SOTHOA: Jatorra dela esanen nuke. Ederra, atsegina. Begi xerloak dauzka.

        AFRIKANERRA: Irekia dela esanen nuke, interesantea. Amerikarra ematen du.

        Azkenekoa emakume beltza da. Aurpegia baino ez zaio ageri. Ile harroa nolanahi erortzen zaio. Begiak ñir-ñirka. Mestizoaren irribarrea baino zabalagoa du, hortz zuri-zuriak erakutsiz.

        ZULUA: Begiak barrezka dauzka. Barnetik datorkio horri edertasuna.

        SOTHOA: Ederra dela baino ezin dut esan.

        INGELESA: Ederra baino gehiago, bizia iruditzen zait, bizi betea. Brasildarra dirudi.

        AFRIKANERRA: Karibetarra dela esanen nuke. Edo coloureda. Gaztea, indarrez betea.

        ZULUA: Beltza da-eta! Zulua izan daiteke! Zergatik esaten duzu karibetarra ematen duela? Zergatik ezin du hegoafrikarra izan! Dena dela, barnetik datorkio horri edertasuna.

        GAIL: Orain esaidazue beste arrazako zein ezaugarri iruditzen zaizkizuen positiboak eta zein negatiboak.

        ZULUA: Emakume zuriek oso sudur handiak dituzte. Ezpainak finak, finegiak... eta horrek itsusi egiten du. Ez daukate titirik...

        SOTHOA: Bai, ipurdi apalak dituzte. Begi txikiegiak... Hortz gehiegi.

        ZULUA: Eta askotan aurpegia estaltzen dute orrazkerarekin! Beno, ilehoria izatea ongi dago.

        SOTHOA: Niri gustatzen zait argalak izatea eta masailezurra altua izatea.

        INGELESA: Niri ez zaizkit batere gustatzen beltzen titi eta ipurdi handiak. Begiak ere oso hutsak, sakontasunik gabekoak iruditzen zaizkit.

        AFRIKANERRA: Ilea da niri gustatzen ez zaidana. Eta sudurrak, sudur motz eta zabal horiek ez ditut gogoko, ezta ezpain lodi horiek ere! Haien hortzak eta irribarre zabala gustatzen zaizkit.

        INGELESA: Azal kolorearen tonua gehiegi gustatzen ez bazait ere, onartu beharrean nago akatsik gabeko azalak dituztela! Mugitzeko modua ere oso deigarria dute.

        [L.A. Confidential filmeko edozein polizia kirten bezala egon naiz ispilu atzetik adi. Lotsaturik egon naizela adierazi diot Gaili].

        — Konturatu zara, oinarrian beltzek ez dutela edertasuna kontzeptu fisikotzat jotzen —esan dit—. Haiendako edertasuna barnetik sortutako zerbait da, nortasuna eta ezaugarri fisikoak batzen dituena. Zuriendako, aldiz, nahiz eta afrikanerrak bat ez etorri erabat, edertasuna ezaugarri fisikoei lotutako zerbait da.