Zapata-ren oihana
Zapata-ren oihana
1997, kronika
180 orrialde
84-86766-75-3
azala: J&P
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

CHIAPASERA BIDE BAT

 

 

—1—

 

Mexikon, berdin ipar zein hegoaldean, nekez aurkituko duzu konformidadean autobusa baino garraiobide erosoagorik.

        — Trenak badituzu, baina ohoinak ere bai —gaztigatuko dizute burdinbideagatik galdetzen duzun aldiko.

        Eta egon badago. Barruti Federaletik hegora hartzen duzula, Puebla-ko ordekatan, belaze berde eta hilerri txikien artean lasterka ikusiko duzu aldian-aldian. Haatik, merkantzia garraioan gehienetan, Pancho Villak maldan behera dinamitaz beteta bidali ohi zituen muturbeltz haien oso bestelakoa egingo zaizu begietara. Orain iraultza ez datorkizu trenez.

        — Auto onak ere badituzu, baina poliziak ere bai.

        Mexiko mundu guztian ezagun egin duen mordida-k ez dio atzerritarrei ere barkatzen. Horregatik eta beste mila arrazoiengatik ikusiko dituzu autoak hiri handietan bakarrik. Gasolina zure iritzirako merke isurtzen den arren, kotxe gutxi da hegoaldeko errepideetan. Autobusez egingo du jendeak batetik besterakoa. Eta horregatik, ikasi ere egin duzu, ez zara harritzen Oaxacako bus geltokian zinpeko zaintzaileak detektoretik pasarazterakoan soinean daramazun lehergailuak alarma saltarazi duenean.

        — Gerrikoa izango duzu —diost.

        Ohituta zaude. Nekez igoko zara ibilbide luzeko autobus batera metalezko ezer duzula aldean. Berdintsu izan da Mexiko DFtik irtetean. Berdintsu izango da San Cristobaldik iparraldea jotzeko.

        — Atrakoak asko ugaritu dira azken aldian, güero —ez duzu kirol nazionala, baina berrogei bat urteko gizona da orain Mexikoko arriskuez ohartarazten nauena. Mestizoa gehiago indio-indioa baino. Trajeak salatzen du.

        — Irakurri dut kartela.

        — Ez alferrik, egokitzen bazaizu. Lapurrak bidaiari moduan igo, autobusa erdi bidean asaltatu eta bidaiari guztiak zuritzen dituzte.

        Gogorra da esanez bezala okertu ditut masail eta ezpain mintzak, baina ez bion arteko solasaldiaren amaiera adierazteko beste. Pozten naiz poltsan daramadan labana ikusi ez didalako.

        — Ez dakit zer gertatu behar duen hemen. Geltokira etorri aurretik entzun dut telebistan hogeita hamahiru lagun garbitu dituztela aste bitan Michoacan-en.

        Neuk ere entzun dut, baina ez diot ezer esan. Nahikoa lan dut poltsak autobusaren sabelean sartu, resguardo muturra jaso eta gerrikoa lehen nuen moduan janzten.

        — San Cristobalera?

        — Bai. Zenbateko bidea dugu?

        Galdetu beharra nuen. Atzo, biletea hartu behar genuelarik Oaxacatik San Cristobalerakoa egiteko hamaika ordu behar genituela esan baitzigun konpainiako neskak. Gehiegi bostehun kilometro egiteko.

        — Zazpietan helduko gara.

        Arratsaldeko zortziak dira. Hamabi ken bat, hamaika, ebazten dut. Beherapenik ez beraz.

        — Ez.

        Euskal Herrian ez duzu honelako autobusik primeran. Bidaia luzeetako denak bezalatsu, kafe-makina eta komunak ditu atzean. Bidaiarietan, europarrak dituzu gehiengo, frantsesak eta italiarrak nagusi. Izan ere, Chiapas beti izan da bidaiarien helmuga. Lehen, Palenque-ko aztarnategi arkeologikoarengatik, Aguazul edo Montebello-ko ur jauzi eta aintzirengatik edo, besterik gabe, mendi aldeko herriengatik. Orain zapatismoaren xarma bera da amu.

        Atzera behatu eta eskua altxatuz agurtu nau lehengo gizonak, Michoacanen hogeita hamahiru! gogoraraziz bezala.

        Oraindik ilundu gabe, jolas polita bihur daiteke atrakatzailea nor izan daitekeen asmatzea. Ez dakit ohitzen ari naizen hemengo prentsa irakurtzera, ez dakit noraino diren fidagarri, baina albisteak aintzakotzat ez hartuta asmatzen duzula ebatzi duzu. Nekez mugituko zinen bestela DFko hoteleko gelako aterpe babestutik, hiri gainean smog txapela eta hildakoak estatistika beldurgarri bihurtuta orduroko informatiboetan.

 

 

—2—

 

Alaska eta Txile-ko orpoa lotzen dituen Errepide Panamerikarra hartuko du autobusak. Gogoz sakatuko dio txoferrak. Saka dakioke, errepide arteza da eta auto-argi gutxi dator aurrez. Tule, Teotitlan, Tlacolula... herenegun mescaleria-ra bisitara joandakoan baino arinago jaten ditu orain autobusak Oaxacatik irteerako lehen kilometroak. Gauak kolore arre politak ezartzen dizkio Zacariasen etxeari, eta buruz ekiten diozu hark meskalaz esandako guztiak gogorarazteari.

        Itzultzen naizenean, neuk ere aurkituko dut Zacariasek eman didan agavea non sartu, Euskal Herri guztia korrituko dut orain Mexiko hegoalde hau bezala lur egokia aurkitzeko poltsan ondo bildua daramadan landarearentzat. Zortzi, bederatzi urte ondo hazi arte, zuztarrak akote ezean haritz egurrez berotutako labean egosi, dolarean jo eta neuk ere zeuk bezalaxe edukiko ditut zurezko barrika zaharrak, Zacarias. Lau egunez oreak ondo irakin dezan destilatzen ekin baino lehen.

        — Harrik nahi?

        — Harrak?

        — Bai, harrak. Ez al dakik zer diren harrak?

        Zacariasen emaztea, Maria, aitaren batean dut ondoan, platertxoa luze, baina nire ausardia ez duzu berehala agertzen den horietakoa.

        — Hango magüey-ek izango dituzte bada harrak!

        — Baina... han ez dugu ia kaktusik.

        Magüey-a ez duk kaktusa, güero!

        Mariak gatzetan lehortu eta frijituta ekarri izanak asko errazten du gero gustura mamurtzeko lana. Botila ipurdietan ikusita bai, lehen aldia da ordea nazkagarrikeria hauek jaten ditudala, Zacarias. Baina niri ez didazu beste horiei bezala barrerik egingo. Ez bat, bi, hiru. Bost, zazpi hartuko dizkizut, eta ez harrokeriagatik, probatzen hasita txarrak ere ez daudelako azkenean hirugarren meskaletik aurrera.

        — Meskala naturalagoa da tekila zahar hori baino! Honen ke zapore hau!

        Eta sinesten dizut. Zapotekok destilatzen ez zenekitela eta espainolek egin zintuztela zale esan didazuenean bezala. Mexiko estatuan umeari bularra emateko emakumeek pulque-a edaten dutela bota duzunean bezalaxe. Alkohola eta bizitza, istorio txiki asko. Larregi gogoan gordetzeko. Utziozu. Ba al dakizu zenbatetik eman didazun dastatzeko? Bai Zacarias, nik ere egin ditut meritoak zapoteka izateko. Benito Juarez bera baino zapotekagoa nauzu honezkero!

 

 

—3—

 

Ez dakit zenbat lo egin dudan, ez dakit zenbat iraun duen etengabeko jaitsierak, behin eta berriro errepikatzen ziren bihurguneak, galga hotsak, aldats beltzak, bertan geratutakoen omenezko gurutze zuriak eta sastraka zantarrak errepideari ertzak jartzen.

        — Erori egin zaizkizu.

        Kresal usaina. Autobusak astiro ekiten dio orain, burdina trentzatuzko zubian aurrera. Ozeano Barea dago eskuinean, kilometro batzuetara oraindik. Potin txikiak errio hegian amarratuta.

        — Non gaude?

        — Tehuantepec-en —erantzun dit loeroan nengoela erori zaizkidan egunkariak jaso dizkidanak. Frantsesa, doinuarengatik.

        Elurra dago bideoan. Amaituta behar du gidariak Mitla-ra heldu orduko jarri digun filmeak. Trumoirik gabe, ostargiak kristalean irristatzen dira. Atzera behatzen dut. Autobus erdia itzarria dago korridoreko argi motelen eztian. Errepidea lauagoa da orain eta Tehuantepec izen ozen bat baino zerbait gehiago nire belarrietan. Hau duzu inoiz estatubatuarrek Panamako ubidearen gaineko eskubideak galtzen badituzte ozeanoen arteko pasabide berria egingo duten estugunea. Berrehun kilometro eskas daude Atlantikotik Barera.

        Buru gainean dudan argi txikia biztu eta autobusera igo aurretik erosi ditudan egunkariak gainbegiratzen gurutzatuko dut lautada:

        «Kazetariek arazoak dituzte zapatisten Aguascalientes-etara heltzeko».

        Frantsesak dira. Arte, Planeta eta Canal Plus-koak dira Armada mexikarrak zapatisten «Gizateriaren alde eta neoliberalismoaren kontrako topaketetara» zihoazela atzeman eta atzera bota dituenak. Arazoen hasiera baino ez da. Izango da gehiago ondorengo egunetan. La Jornada izango duzu gobernutik ezarri oztopoen salatzaile ia bakar. Horretan datza hain zuzen zapatisten trabesa. Ikusten da. Ondo neurtutako jokaldia dute atzerriko prentsa gonbidatua ozengailu legez erabiltzearena.

        Baduzu kontrako albisterik ere ordea. EZLNk Le Monde-k igorri duen kazetariari betoa ezarri diola-eta adierazpen-askatasunaren aldeko agiria dakar gutunen orrialdeetan, beste medioetako jendeak sinatua.

        Osterantzean, karriketan eta errepideetan sumatzen duzun aire horren baieztapena da La Jornada-ren lehen orrialde betea. Barruti Federalean, FAC-MLNk martxa burutu du egunotan Guerrero eta Huastecas-ko desmilitarizazioaren alde. Hogei hizlari izan da azkenburuko ekitaldian. Barruko orrialdeetan, erabatekoa da Espainia eta Mexikoren arteko estradizio itun berriaren aurkako jarrera. Hemerotekak Guelaguetzaren karietara Oaxacako ezkerreko taldeek argitaratzen dituzten buletinetako baten galdera jaso du:

        «Zer egin du gobernuak 75 mila turistek utzi dituzten 45 milioi pesorekin?».

        Autorik ez, kamioiak, kamioi erraldoi amerikarrak baino ez errepidean. Bidea gorantz kiribiltzen da suak argitu digunean bihurgunerainokoa. Kamioi bat da, irauli eta gurpil gora geratu dena. Zamaren edo gidariaren arrastorik ere ez galipot gainean. Gau guztian izango da su gehiago, karburozkoak iruditzen zaizkizunak ikusi batera. Ez dituzu istripuak seinalatzeko, kontrol militarrak adierazteko baizik. Pankartak letra gorriz: Alto Total. Ozta-ozta ikusiko dituzu, soldaduen itzalak jeep baten ondoan, Volkswagen bat gerarazia bide ertzean. Chiapasen behar dugu honezkero.

        75 mila turista! Zenbat esan nizun, hogeita bost? Hogeita hamar? Berrogei? Ezin txarragoa naiz kontuak ateratzen, Zacarias. Har gehiago jan beharrean naiz burua argi izan nahi badut.

        Begiak biltzen zaizkit. Zikin sentitzen dut neure burua, izerdiak erretzen nauela. Lo egin. Begiak bildu eta ez zabaldu txoferrak San Cristobal esan arte. Lo egin eta gau guztia iraun duen amets luzetik deskantsatuta irten. Ordea urduriegi nago eta ez dut asmorik Michoacango hogeita hamahiruek lo nagoela harrapa nazaten.

 

 

—4—

 

Goizeko bostak dira autobusa Tuxtla Gutierrez-ko geltoki nasan geratu denean. Orduan ohartu naiz: txofer bakarrarekin egin dugu gau guztia. Alkandora urdina eta gorbata Oaxacan igo denean bezain txukun ditu geltokiko argitara. Asko dira jaisten direnak; nekatu itxuran gehienak, besoak luzaka, mangutasuna kentzen asko. Michoacango asasinoa tartean.

        — Zer, aurrera segitzen al duzu?

        — Bai. San Cristobaleraino.

        — Ondo segi orduan. Pozten nau zu ezagutu izanak.

        Poztu! Michoacango hogeita hamahiruak bere atzetik jaitsi dira, itzal huts denak, nire moduko beste norbaiten bila seguruenik, izua nola sartuko. Arindu ederra hartu du autobusak, kafea hartzeko aukera ona da eta igo diren bakarrek ez dute asaltatzaile itxurarik.

        Tuxtla Gutierrez beti zabala atzean utzi eta Chiapa de Corzo-ra heldu orduko hasi du eguna zabaltzen. Estutu egiten da bidea berriro ere gora egiten dugun heinean. Eskuinera, eta zabalgune batean, erdi jausitako seinale batek Cañon del Sumidero-ko bidea erakusten du. Hauek dituzu lurrak. Lurrotan zapuztu zituen Luis Marin-ek harridurak eta izuak estututako tzotzilak eta tzeltalak 1524an. Lurrotan gorde ziren haien ondorengoak Diego Mazariegos-en atzaparretatik zortzi urte beranduago.

        Egun, indigenak barik turistek hartzen dute arroilerako bidea. Kolore biziko txalekoak soinean, motore indartsuko txalupa alokatuetan egiten dute presarainokoa Grijalba ibaian behera. Branka azkarren pean hautsiko dira ur mintzean sustraiak zabaltzen dituzten igelbelarrak; pelikanoak, kurriloak, koartzak eta ubarroiak betirako bezala pausatuko dira urtegiak irentsi gabe utzi dituen arrametan. Bideko leku ikusgarri orotan mantsotuko du txalupak berez dakarren oldarra. Krokodiloa ikusiko dute ibai hegiko basan. Eta hotzikaraz sartuko da untzitxoa Isiltasunaren Kobara, saguzarrak so dituela harrizko sabaitik. Norbaitek Zilar-Haria seinalatuko du atzamarrez hura ikusi orduko. Gehiago gustatuko zaie ordea denei Gabon-Arbola. Izan ere, ederrak dira mendi-negarrak ibaitik. Txalupak motorea amatatu du.

        — Mila metro daude han gora.

        Gidari gazteak, Chicago Bulls-en bisera gorri-beltza atzerantz bota eta begiez seinalatzen du labarrean hazitako txarara. Mila metroko desnibela ibaitik pareta egiten duen tontorreraino. Ez du ezer gehiago gehituko, turistak ondo hartuko du argazkia. Ez alferrik da Chiapasko armarrian agertzen den bera: Hiru Hormak. Hortik aurrera, samurragoa bihurtuko da bidea Chicoasen-go presaraino. Buruan, eta beti harro, presako langileen omenez eraikitako monumentu ikaragarria —errealismo sozialista Mexiko neoliberalean— eta Chiapastik haratago, Errepublika guztira elektrizitatea hedatuko duen indarretxe modernoa.

        Gogaitua nago. Gogaitu egin naiz hildakoak imajinatzen. Gogaitua milaka indigenen mila metroko amildegian beherakoa ikusten Mazariegosen zaldien apatx gorrietatik ihesi. Salto egitea erabaki baitzuten hil eta herio heldutako konkistatzaileen gatibu izan baino lehen. Irudi gaiztoa duzu autobusean zoazela gogoratzeko: hildakoak euritan turisten txalupa gainera erortzen. Hemen gaude. Lehenago eman ibaiari gure gorputzak espainolari baino. Ulertzen? Hil-euria ari dizu. Heldu orduko harrapatuko zaitu lur hauetan zaren bitartean utziko ez zaituen euri xehe, zirin, akigarri, errukigaitz honek. Eta horrelaxe, euria bezain ezti, usadio zahar bat balitz bezala agertuko zaizkizu errepide bazterretan Chiapasko Gainetara heldu orduko, egur fardel handiak soin-soinean, uhalaz kopetara betirako loturiko egurketan.

        Hildako biziak. Autobusaren kristalari itsasten zaion lainoa. Eta aski da.

 

 

Bi iraultza azken baterako

 

        1712a da Maria Candelaria izeneko neska batek Ama Birjina ikusi duela dionean. Mendi zarratuetarik, milaka lagun datoz oldean bidezidor malkarretan behera, eta umeak hemen da dio. Elizarentzat ez da agerpenik. Lurrarekin berdinduko du Cancuc-en harriz jasotako aldarea. Iraultzak hor hartuko du indarra. Mendietan behera, sei mila dira espainolen kontra harrotu diren tzeltal ezergabeak.

        1868an, Chamulan, beste neskato bat da harriak seinalatzen dituena. Harri gorri haiek dira Jainkoaren boza dakarkiotenak. Ondorengo asteetan, harrion inguruan antolatuko da gosea. Mexiko hiriburuko gizon bat da, Igancio Fernandez Galindo, matxinatuen buru jarrita Lurra! eskatzen duena harrietan sinesten duen herriarentzat. Bietan, hartu orduko itzaltzen da sua. Chamulan, gurutzean josiko ditu Mexiko berriak zerua urrutiegi ikusten zuten buruzagi indigena haiek.