Itzalaren ertzean
Itzalaren ertzean
1996, ipuinak
168 orrialde
84-86766-69-9
azala: Modigliani
Pablo Sastre
1958, Madril
 
2006, nobela
2004, nobela
2002, nobela
2000, nobela
1992, ipuinak
1990, ipuinak
1986, nobela
1984, nobela
 

 

Amaia eta Lorea

 

Ernesto Freire kaleko pub hartan, gauez, zerbeza bat hartzen ari zela, barraz bestaldetik hurbildu zitzaiona Lorea zela ezagutu zuenean, zeharo kortatuta gelditu zen Marc.

        Andoainen ezagutu zuen, bederatzi urte lehenago. Beheko Plazan Azur Baltzen kontzertua izan zen, eta gero bertara joan zirenetako asko inguruko tabernetan barreiatu ziren.

        Taberna luze batean eserita zeudela sartu zen bertara Amaiaren koadrila.

        Amaia zen talde hartan Marc-ek ezagutzen zuen bakarra: Mutrikukoa, baina Ondarroako Institutuan, bere maila berean ikasten ari zena. Ilez eta azalez beltzarana, oso goapoa, oso erreserbatua ere, itxuraz gogorra, zerbeza eta txokolatea oso maite zituena. Kopetan zakar luze bat zuen, eta sudurrean berriz, orduan inor-gutxik bezala, eraztun txiki bat zeraman.

        Tabernara sartzean, plazan ez zuen erreparatu-ta, bertan ikusteaz harrituta-edo, Amaiak «aupa» esan zion Marc-i. Institutuan, kurtsoaren hasieran, behin edo behin elkarri begiratu zioten... Gero, Marc-ek aurrera egiteko ausardiarik izan ez zuenez, neskak begiratzeari utzi zion, harro-puntu batekin. Artean hari buruz, Marc bastante etsita zegoen.

        Marc momentu hartan konturatu ere ez zen ia egin Lorearen presentziaz. Zerbeza batzuk hartuta, herriko lagun batekin: Pellorekin gustora baitzegoen, mundu aparte batean. Biak zeuden barraren kontra, aulki altu banatan jarrita, haraxeago ziren beste batzuek atseginez aditzen zituzten taberna-solasak eginez.

        Geroxeago berriz, konturatu zen Amaiarekin etorri zen neska rubio, aurpegi luzanga, bizi hura, bere ondo-ondoan, ia bere kontra gelditu zela.

        Tabernan giro ona, musika ona zela-ta, zerbezak bukatutakoan, Pellok beste ronda bat eskatu zuen.

        Amaia eta bere lagunak azkarrago zihoazen. Apenas minutu batzuk egin zituzten, eta ja kanpora zihoazen. Orduan Marc-ek Amaiari:

        — Ze, ba al zoazte? galdetu zion.

        — Herrira? esan zuen Amaiak. Ke-ba. Ostatu gorrira goaz.

        Orduantxe begiratu zion Marc-i neska rubiak bere begi berde-berdeekin.

        Beraiek ere, zerbezak lasai bukatu eta, irten ziren taberna luzetik. Ordurako, batzuek etxera itzuli nahi zuten (bi kotxetan joan ziren, hartaz ez zen problemarik), beste batzuek: Pellok eta bixkiek, jarraitu egin zioten Marc-i ostatu gorrirantz.

        Bertara ailegatzerako taldea, zenbaitek alde egin, beste zenbait inkorporatu egin ziren-eta, arrunt formabakoa zen. Marc-ek zenbait lagun ez zituen inondik ezagutzen. Kalean, ostatu gorriaren pare-parean jadanik, ezagutzen ez zuen neska batekin aritu zen. Hura ere aski gustokoa zeukan. Une batez ahaztu egin zitzaizkion Amaia eta bere lagun rubia hura.

        Baina gero, ostatuan sartu eta Amaia eta besteak bazter batean ikusi zituelarik, eserita, kasualidadez-bezala haiengana joan, eta Amaiari (berak, orduantxe) eskatu zuen helatua eskaini zion.

        Lamikaldi luze bat egin zuen Amaiak, eta Marc-ek kilima-ikara bat somatu zuen ahoan. Besteei ere eskaini zien helatua; eta besteek ezetz.

        — Ahotsa izorratu egiten zidak, esan zuen mutil txima-luze batek, izenez Jon, Andoaingoa bertakoa Marc-ek geroxeago jakingo zuenez.

        Marc-en gustoko jendea zen hura. Amaia, eta Jon, eta neska rubiaz aparte, bazen bikote jator bat, enamoratu-berriak inondik ere, denbora guztian musu eta laztanka. Guztiak ziren bere adinakoak, guztiak (jazkeraz, estiloz) bere tankerakoak ere.

        Berriz ere, neska rubiaren ondoan suertatu zen Marc. Haren esku luzeekin, fijatu zen orduan. Neskak irribarre egiten ziola iruditu zitzaion.

        — Zergatik egiten duzu irribarre? galdetu zion Marc-ek.

        — Ez dakit, esan zuen neskak, baina gero, berehala: Aurpegi graziosoa izango duzu —eta ja, lasai egin zuen barre.

        Segundu batzuk igaro ziren, Marc-ek erantzuterako:

        — Ba, zuk ere ez didazu negargurarik ematen.

        — Penak barruan daramatzat-eta, esan zuen azkar-azkar neskak.

        Ostatua jendez beteta zegoen, musika berriz oso altu. Marc-i kostua eskaini zioten.

        — Zer zara, bertokoa? galdetu zion Marc-ek neska rubiari.

        — Eibarkoa. Eta zu?

        — Ondarrukoa, esan zuen Marc-ek.

        Ostatutik irten zirelarik, Marc konturatu zen Pello eta besteak galdu zituela. Pixka bat harritu zen, ezer ez esateaz, lagunek bazekitelako berak ez zeukala herrira itzultzeko modurik. Bah, pentsatu zuen, hor nonbait ibiliko dira —eta galduta ere, ez zen asko inporta, koadrila harekin ederki zegoen-eta.

        Amaia eta besteak, kanpoan zirela, bokatak jango ote zituzten, eta non, aritu ziren.

        — Hor goian bada bokata ederrak ematen dituzten ostatu zahar bat, esan zuen Jonek. Bide-txidor horretan gora, kilometro batera dago.

        — Ez al dago kotxean joaterik? galdetu zuen Amaiak; bere gona motz estu haiekin, normala galdetzea.

        — Bai? Kotxea hartuko dugu? esan zuen Jonek.

        — Bah, oinez joango gara! esan zuen Loreak, animoso.

        — Saiatu behintzat! esan zuen Marc-ek, Amaia zirikatzearren ere.

        Hauek baietz, haiek ezetz, azkenean Marc-ek eta Loreak bakarrik heldu zioten bide-txidorrari oinez.

        Haizeak zerabiltzan, Marc-en aurrean, Lorearen adatsa, eta bere soineko xinplea...

        — Ikusten al dituzu izarrak? esaten ari zen neska. Horiek ez dakite zer galdu duten...!

        Goia garbi-garbia, bide-txidorra berriz, geroz eta lokaztuago zegoen.

        — Hor ezkerrera jaitsiz gero, ez al gara errepidera irtengo? galdetu zuen Marc-ek.

        — Ke-ba! esan zuen Loreak, eta aurrera egin zuen.

        Zikin-zikin zeuzkaten oinetakoak. Halako batean, oso bat-batean, irteerarik ez zuen, ez izatea zitekeen errekagune batera iritsi ziren.

        Orduan emakume bat goiko sasietatik eskopetarekin apuntatzen ari zitzaiela, ikusi zuten. Lorearen erreakzioa, bi saltotan erreka pasatu, eta alde egitea izan zen.

        Emakumeak (tipo kaxkar batek lagunduta, iruditu zitzaien) hots egiten zien:

        — Quién sois! Qué haceis ahí!

        Ez ulertzeko keinua egin zuen Loreak, gelditu gabe ihesari emanaz. Marc haren atzetik, nahiko beldurtuta zihoan...

        Ostatu zaharrera ailegatzen ari zirenean, bi xakur azaldu ziren. Ostatukoak ziren baina, euren urduritasuna nabarituz, kozka egin behar zietela zirudien. Marc xakur haietako bat lasaiatzen saiatu zen —badaezpada, hankarekin bizkarra laztanduz...

        Beren lagunak bokatak jaten ari ziren parajera iritsi ziren.

        Ez zieten barre gutxi egin, gertatu zitzaiena kontatu zietenean. Jonek esan zuen, Maria la loca izango zela, han inguruko txabola batean bizi zen Kastillako emakume bat.

        Eskatu zituzten bokatak, beraiek ere. Loreak urradura bat atzeman zuen soinekoan.

        — Amak ikusten duenean, esan zuen, gozoa jarriko da ba.

        — Hark ere ibiltzen al du ba eskopetarik? galdetu zuen Jonek.

        — Eskopetarik? Ez duzu ezagutzen hura! Gure etxean legea dago, legea! Eta nirekin hainbestean! Ahizpa zaharrenak jaso ditu jasotzekoak! Behin ez zuen ba amak, sukaldean, kate batekin bonbona-butanoari lotu, bera kanpora zihoala-ta, ahizpak iluntzean ez alde egiteko! Eta orain hala ere...! Orain xamurrago dabil: tripetan ez dakit zelako koxkorra aurkitu omen diote eta, operatu egin behar dutela-ta, hospitalari eta odolari eta gauza horiei ikara die! Ikara! Pentsatzearekin ere desmaiatu egiten da...!

        Gustora aditu zituzten Lorearen kontuak; batez ere Marc, paseo labur hura eta gero lagun berri bat egin zuela sentitzen zuelako...

        Tarteka hala ere, Amaiari begiratzen zion. Haren ile beltz nahasia, haren larruzko txamarra, haren hanka zoragarriak, hain ederra zen; Loreari begira, ixil-ixilik, irribarrez, begietatik su-pindarra zeriola zegoen... Gainera (iruditzen zitzaion Marc-i) Loreak eta biek paseo hura elkarrekin egin izanak ez ote zuen jeloskor samar ipini... Eta bera azken batean, Amaiarekin egoteko batu zitzaien; hargatik ezelango asmo konkreturik ez zuen, orduan ondo zegoen eta, zer gerta ere gero, ez zitzaion askorik inporta.

        Bokatak eta gero, kaferen bat, zerbezaren bat, beste porruren bat erre zuten, bertan. Kontu bat edo beste atera zuten, giro lasai, umoretsuan.

        Halako batean, Jonek esan zuen:

        — Ze, joango al gara lotara? Bestela giltzak utziko dizkizuet; nik bihar lana dut-eta...

        Amaia eta beste hirurak, haren etxean lo egitekoak baitziren. Jonek berak esan zion Marc-i:

        — Etorri hi ere...

        Kotxean jaitsi ziren seiak —Lorea, atzean, Marc-en gainean, beste bikotearen ondoan; bien sexuak, oso konsziente zen Marc, arropen milimetro pare batek berezita soilik...

        Etxe zahar bateko goreneko pisuan bizi zen Jon. Herriaren erdi-erdian, baina inguruan bista despejatuak eta, nahikoa intimidadea zuena.

        Behean gela bakarra, eta sukaldea eta komuna, ganbaran lo egingo zuten beraiek. Hara igotzeko, terrazatik gora, sarrera estu bat zegoen, bertara ailegatzeko eskalada pixka bat egin beharra zegoen.

        Besteek zakuak eraman zituztela-ta, Jonek manta bat eman zion Marc-i.

        Baziren bertan (kandela baten argitan antzeman zitekeenez) ohe bi, bat txikiagoa, bikoteak bereganatu zuena, bestea zabalagoa, Amaiak, Loreak eta Marc-ek erabiliko zutena. Hala ere Marc-ek esan zuen, berak lurrean egingo zuela lo. Loreak ordea:

        — Gurekin egin, esan zuen, kabituko gara.

        Broma batzuk egin zituen Loreak, ganbarako espazioa, oheen erosotasuna zela-ta.

        Amaia berehala bere zakuan sartu zen, eta ohearen izkin batean jarri. Beste bi neska-mutilek azken porru bat piztu zuten, gero Amaiari pasa...

        Marc komunera jaitsi, eta igo zenean, Loreak ere hartu zuen tokia, Amaiaren ondoan. Marc-ek zapatilak erantzi zituen eta:

        — Ni erdian, esan zuen, bi nesken artean txoko bat eginez, bestela hoztu egingo naiz-eta.

        Orduan Amaiak esan zuen:

        — Zipaioak etorriz gero, hau putetxe bat dela esango dute!

        — Nik badaezpada, esan zuen Marc-ek, kaltzontziloekin egingo dut lo.

        Beste irri-komentario batzuk egin zituzten, gero ixilduz joan ziren, Amaiak kandela itzali zuen arte.

        Oso gustora, nahiz urduri samar, sentitzen zen Marc, bi nesken artean. Ze ustekabean gertatu zen dena, amets bat zirudien. Zelan onartu zuten, eta zelan orain bi neska zoragarri haien erdi-erdian, bataren eta bestearen beroa sentitzen zuela zegoen... Alde batera, paretaren kontra, Lorea, neska bizi, espontaneo hura, berehala bere gorputza berearen kontra moldatu zuena; beste aldera, apartexeago, Amaia, neska ixil, eder, iaia konkistatzen inposible zirudiena...

        Lokartu eta gero (segituan edo zenbait ordu geroago, ezin esan ba), Marc-ek amets bat izan zuen: Amaiak hankak beragana luzatu zituen, gero elkar besarkatu zuten...

        Bero-bero, iaia hazia isuri zuela esnatu zen Marc. Segundu batzuk behar izan zituen, apur bat lekutu, eta hura amets bat izan zela, konturatzeko: ametseko situazio ia berberean baitzen; salbu-ta, errealidadean, Lorea behar zuen, eta ez Amaia, hankak bere kontra ipini zituena...

        Animali-eran hurbildu zen Amaiagana Marc. Erraza zen, oso gertu baitzeuden, eta esnatu zenetik (bere harridurarako) bere eskua Amaiaren ilea ukitzen ari zen; behatzen artean ibili, losengatu zituen ile mardul haiek...

        Harekintxe konformatuko zen. Alabaina, Amaiaren mugimendu lebe bat, hasperen beharbadako bat izan ziren, imajinazioa piztarazi ziotena: ohartu egin ote zen neska, ilea ukitzen ari zitzaiola, eta gustora zegoen? Behintzat Marc-ek, bere musua pixka bat aurreratuz, neskaren bizkarraren kontra-kontra jarri zuen, eta haren urrinak zoratu egin zuen: kamisetaren gainean, omoplatoan kozka txiki bat egin zion. Amaiak erreakzionatu zuen unea izan zen —baina apal, oso apal egin zuen: buelta egin zuen, eta bere besoa Marc-en buru gainean ezarri zuen. Orduan Marc-ek, bere eskuaz, haren ilea, baina ez dagoeneko ile-puntak, burua bera, hain maite zuen buru hura laztandu zuen —eta orduan Amaiak, suabe-suabe, Marc-en besoa jaso, eta zegokion tokian, beste besoaren ondoan, bere burutik urrun, ezarri zuen, eta Marc-ek konprenitu zuen, eta zerbait murdurikatuz, guztia amets bat izan balizko zerbait (eta izatez, halaxe izan zen) beste aldera jiratu zen...

        Ustez handik ordu batzutara, berriz esnatu zenean, leihoskatik sartzen zen argi pirrintan, bere parean, enborra erdi zakutik kanpo, hankak berriz bere gain-gainean, Lorea zeukala ikusi zuen; eta atzean berriz, bere bizkarrari pega-pega eginda, Amaia zeukan...

        Oso momentu gozoa izan zen. Amaiaren arnasa, bere lepoan, eta Lorearen soslaia, haren eskua, haren bularrak, erdi ikustatzen zirenak, eta hiruron usainak...

        Berriz ere lokartu zen, eta berriz ere esnatu zenean, ganbaran bakarrik zegoen. Sukaldera jaitsi eta, besteak terrazan ikusi zituen. Eta bertan, terrazan, sukaldeko ateko kristaletan (barruko iluna zela-ta, ispilua egiten baitzuten) bere buruari begira, esku biez bere ile nahasiak ordenatzen, Amaia ikusi zuen; Amaiak ez zuen bera ikusten; eta Marc xarmaturik egon zen, haren edertasun beltx eta salbajeari begira.

        Zer-edo-zer gosaldu eta gero, eguzkitan, Jonek jarri zuen musika entzuten egon ziren, goiz-belar pixka bat erretzen.

        Marc eta Lorea, berriz ere elkarren ondoan, abuztuan zer egin behar zuten aritu ziren. Marc-ek lagun batzurekin, egun batzutarako Galiziara joateko asmoa zeukan. Loreari berriz, Bilbon lan bat atera zitzaion —ez zuen prezisatu...

        Bederatzi urte igaro ziren.

        Askotan gogoratu zen gau harekin. Geroztik Loreaz ez zuen ezertxo ere jakin, Amaia berriz ez zen hurrengo kurtsoan Institutura azaldu. Gero, handik urte pare batera-edo, komentarioa iritsi zitzaion, lagun artean baten batek esan zuen, jakoarekin engantxatuta zegoela...

        Hargatik, Ernesto Freire kaleko pub hartan, zerbeza bat edaten ari zela, barraz bestaldetik hurbildu zitzaiona Lorea zela ezagutu zuenean:

        — Lorea... baizik ez zuen esan ahal izan.

        Emakumea argalago, ezpainak eta begiak oso pintatuta baina, ile rubioa lehen bezala luze, eta orduan bezain bizi eta umoreko zegoen.

        — Marc! esan zion Loreak. Zer egiten duzu hemen?

        — Ikusten duzu... Marc-en begiek dizdiz egin zuten, triste antxeturik.

        Bizitza ez zen berarekin ere portatu. Institutua eta gero, Gernikan osabak bere tailerrean hartu zuen; ezkondu egin zen, neska dotore batekin, gero hark utzi, bestalde tailerrean pedidoak eskastu egin zirela-ta kalean gelditu zen... Orain Barakaldon, erreparto-enpresa batean lan egiten zuen, eta Barakaldon bertan, alkilatuta zeukan gela txar batean bizi.

        — Eta zu?

        — Etorri, esan zion Loreak, bere eskuaz Marc-ena helduz, goian hitz egingo dugu.

        Marc une batez esku luze, eder hari begira gelditu zen.

        — Ez al zara...?

        — Bueno bueno... Etorri, lasai!

        Lorea barra barrenetik, Marc kanpotik, pubaren fondoraino heldu ziren. Besaulki gorriak, mahai borobil txiki batzuk zeuden han, hiru gizonezko hizketan. Erreserbatu batean, bi neska eta bi gizonezko barrezka ari ziren.

        Ate batez hara, eskalera batzuk igo zituzten. Bertan eman zion Loreak albiste izugarria.

        — Hauxe da ba, gure etxea eta lantokia. Biak batean, ez dago horren gaizki. Amaiak ere aldi batez... Jakin zenuen ezta? hil egin zela hura...

        — Hil...! Ez; ez nekien ezer...

        Etxean sartu ziren, pasiloan emakume mulato batekin topatu.

        — Buenos días Rufi, esan zuen Loreak, cómo va eso?

        — Hola cariño... esan zuen neska mulatoak, gela batera sartuz.

        Loreak tresilo batean jarriarazi zuen, edateko zerbeza, edo nahi zuena, eskaini zion, baina Marc-ek ez zuen ezer nahi. Loreak hautsontzi bat hurbildu zuen, zigarriloak piztu zituzten...

        — Orduan, ez zenekien ezer? Nola izaten diren gauzak... Orain dela bi urte, 94ko urtarrilean hil zen ba gaixoa. Oso luzea izan zen... Zuk ez zenuen ondo ezagutzen ezta? Ez zenekien bere historia.

        «Txikitan abandonatua, monjek Mutrikun familia bat bilatu zioten. Suerte txarra izan zuen, hara. Aita alkoholikoa, ama ere desastre bat... Bera beti kalean... Eta kalean bortxatu zuten. Ez zenekien ezta? Ez zion inori esan-eta. Nabajarekin tipo batek... Kopetan bazuen-ba, zauri-zakar bat...? Hark egin zion.

        »Nik geroxeago ezagutu nuen, Eibarrera, diskotekara etortzen zela-ta. Oso lagun egin ginen, gero beti biak elkarrekin joaten ginen edonora. Urte pare bat izan genuen... Orduan ezagutu zintudan...

        »Uda hartan bertan, gaizki ez banago, Elgoibarko tipo batekin hasi zen. Hura ezkonduta zegoen baina, bazirudien oso maite zuela, pisu bat eskaini zion... Orduan Amaiak ikasketak utzi zituen, eta dena. Familiak eman ez zion afektua eskaini zion hark. Gero ikusi genuen, hark ofizioan erabili nahi zuela. Bere emaztea ere halaxe zerabilen-eta: dena deskubritu, kartzelara sartu —gero Basaurin, bere buruaz beste egingo zuen hark.

        »Bitartean jakoarekin hasi zen. Amaiak gogorra ematen zuen, baina kristalezko bihotza zeukan. Oso bakarrik egon zen, oso gaizki pasa zuen.

        »Baina, ja Mutrikura itzultzerik ez zuen: familiak ez zuen onartzen, herrian gaizki ikusita zegoen. Orduan nirekin, Bilbora etorri zen. Atzeko gela horretan egoten zen bera. Baina berari honek nazka ematen zion, goiti egiteko gogoa! Eta kotxean zenbat aldiz, bost talegoren truke... Berak ez zuen inoiz asumitu.

        »Dirua bagenuen baina, diruak sufrimentua ezkutatzeko besterik ez zuela balio, esaten zuen Amaiak. Eta min ematen zion, mixeri guzti honek...

        »Tipo batek maite zuela sinistarazi zion. Harengatik utziko zuen ofizioa. Oso maite zuen. Baina kabroi hark: 'Hil egingo zaitut, esaten zion, asfaltopean sartuko zaitut...' Eta jo, ere bai. Ez ziren zeloak. Ez zen maitasunik. Kabroi aleena... Asko sufritu zuen, harekin. Horregatik gero esaten zuen ez zuela beste inor ere nahi. 'Gure lanak daukan gauza on bakarra, esaten zidan, ez zarela putakume bakar batekin usteltzen...'

        »Eta, beste honekin oso engantxatuta zegoen. Ja, gaixorik. Azkenean, harentzako ez ni, ez beste inor esistitzen ginen: bakar-bakarrik zegoen, produktuaren aurrean. Uzten zuen aste betez baina... gero berriz ere zulora. Nik ezin nion lagundu... Poliziarekin istiluak izan zituen, pare bat aldiz atxilotu ere bai... Esaten zidan, ez zuela merezi...»

        Loreak behatzarekin begi bakoitzetik malko bana xukatu zuen, rimela pixka bat korrituz. Marc-ek jaisten ari zen eskuari heldu, bere esku bien artean estutu zuen.

        — Eta hemen gara...! esan zuen Loreak, hasperen bat eginez, ezpainak, hertsita, zimurtuz.

        Pixka batean ixilik egon ziren; gero Marc-ek:

        — Eta zu, esan zion, ondo ote zara?

        Loreak irribarre melankoliko, samurra egin zuen.

        — Ni bertokoa naiz, esan zuen. Gustatzen zait gaueko klima. Txiki-txikitatik... —bere eskua Marc-en eskuetatik askatuz, beste zigarrilo bat piztu zuen—. Zortzi urte nituela, amarekin Bilbora etorri, medikuagana, eta kalean puta bat ikusi nuen, eta: «Ni handia naizenean (esan nion amari) hori bezala ibiliko naiz...» Amak zaplasteko bat erantsi zidan...

        Marc-ek ere irribarre egin zuen, neskarengan tinkatuz bere begi hezeak.

        — Eta gero, esan zuen Loreak, baditut nire negozioak...

        Ondoren bere berri galdetu zion Marc-i. Eta honek gain-gainetik kontatu zion: nola emazteak utzi zuen...

        — Es la vida, esan zuen Loreak, bukatu zuenean.

        — Pues sí, esan zuen Marc-ek.

        Beste solas batzuk ibili zituzten. Gero, joateko garaian, berandu zela-ta:

        — Baduzu nola joan...? esan zion Loreak. Bestela berton...

        Ezetz, furgoneta kanpoan utzi zuela, esan zion Marc-ek.

        Elkarrekin jaitsi ziren. Barran Loreak, tarjeta baten atzeko aldean zerbait idatzi zuen, gero eskuratu zion.

        — Hots egidazu, esan zion, bazkaltzera joango gara, nahi baduzu...

        Bihotzez ari zitzaion. Une hartan Marc-i zoragarria iruditu zitzaion. Eta eskua haren aurpegira eraman zuelarik, Loreak, bere burua pixka bat okertuz, onartu egin zuen laztana, intentsidade harrigarriaz...

        Bera zihoala berriz, Lorea barran zen taju gaiztoko tipo batengana zihoala antzeman zuen.

        — Anselmo qué hay de tu vida...

        Erabat txokatuta gelditu zen Marc. Amaiaren historia trajikoagatik, eta Loreagatik beragatik ere.

        Nola neskak gogoan zeukan, Andoainen elkarrekin pasatu zuten (eta berarentzat ere, hain espeziala izan zen) aspaldiko gau hura... Ez zuen espero.

        Bat-batean, Lorearekin enamoratzen ari zela konturatu zen. Konturatu zen behintzat, harekin nahi zuela maitemindu. Edo behintzat, neskak zuen zerbait nahi zukeela harrapatu.

        Amets eta gogorapenen artetik heldutako laguna, lagun ona, konfiantza osokoa, esan nahi baita, begirada soil batez maitasuna, eta beste mila gauza, adierazi ziezaiokeena.

        Horretaz gain, haren eskuak, haren aurpegi luzanga, eta haren sinpatia, haren hizketa espontaneoa, haren romantizismo apurra, haren laxatasuna (imajinatzen zuen) maitasuna egin behar zenean...

        Tarjetaren atzeko aldean, Loreak idatzi zion: «Etxekoa. 4110631».

        Lainorik ez zen arratsalde batean hots egin zion.

        — Bihar ordubitan, ondo? esan zion Loreak.

        — Bertara?

        — Kanpoan egongo naiz.

        Eguerdian plazan, lore-sorta bat erosi zuen. Ez zekien egokia zen, ez zekien komeni zen, dena den detaile bat izan nahi zuen.

        Ernesto Freire kalean sartu zenean, Lorea doble-filan zegoen kotxe txiki baten barruan ikusi zuen.

        — Aupa, esan zion neskak, Marc-en aldeko atea irekita, eta gero: Mobida dago, esan zuen.

        Marc-ek ikusi zuen, pareko espaloian aurreraxeago aparkatuta zegoen kotxe batetik, bi tipo jaitsi, eta bazetozkiela ja. Loreak martxa sartu zuen eta, bat-batean arrankatuta, tipo haietako bat harrapatzeko zorian egon zen.

        Marc-ek, atzera begiratuta, tipo haiek atzera beren kotxean sartu zirela ikusi zuen...

        — Zein dira, ze...?

        — Zipaioak! Amaiak esaten zuenez, esan zuen Loreak.

        Bolantean maniobra izugarriak egiten zituen neskak. Gora, behera, berriz ere gora, bide estu batean sartu ziren, erdi-erdian ziren bidoi batzuren kontra jo eta mendi pista batean sartu ziren abailan. Parke-atrakzio bateko dibertsio bat zirudien, halako belozidadean zihoazen. Marc, lore-sortari esku biez eutsita, erabat ikaratuta zihoan.

        — Gogoratzen al zara, esan zion Loreak barre eginez, emakume hartaz, bere eskopetarekin...

        Errebuelta batean, pistatik atera eta larra pila baten kontra jo zuten. Kotxetik irtenda, polizia-kotxearen sirena aditu zuten. Orduan Loreak, eskutik heldu zion Marc-i eta, honek beste eskuan lore-sorta zeramala, biek gora jo zuten: airean gora, eguzkirantz, hegaldaka joan ziren...