Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
1996, kronika
200 orrialde
84-86766-66-4
Imanol Murua Uria
1966, Zarautz
 
1998, kronika
 

 

Horren hurbil, hain urruti

 

— Nire bizitza osoan ez naiz egundo Shankill auzunean barrena ibili. Telebistan bakarrik ikusi ahal izan dut.

        Azken bost urteetan kazetari lanetan jardun du Colonek La Nuachtán na nGael (Gaelikoen albistegia) gaeliko hutsez Ipar Irlandan argitaratzen den astekari bakarrean. Hego Irlandan bada beste bat: Anois.

        Culturlannen dauka erredakzioa La astekariak. Ipar Irlandako sei konderrietako gaelikoaren etxea da Culturlann McAdam O Fiaich, gaeliko zale eta sustatzaileen biltokia. Eraikin berezi honek eliza izanaren aztamak gordetzen ditu: dorre nagusia eraikinaren erdi-erdian, erlojua haren altzoan, sarrerako ate handiak, eta lehendabizikoa gainditu osteko pasilutxo goibela, bigarren ate bat gero, antzinako sarraila eta guzti.

        1973ra arte eliza presbitariarra zen gaurko Culturlann. Komunitateen arteko gatazka hasi arte nahasita bizi ziren katolikoak eta protestanteak, baita gaur egun erabat nazionalista den Fallsen ere, non mendearen erdi partean unionistak nagusi ziren. Gatazkaren larriagotzearekin aldegin egin zuen komunitate protestante osoak, beste auzune batzuetatik katolikoek hanka egin zuten moduan. Eliza hutsik geratuta, Armada britainiarrak bereganatuko ote zuen zurrumurrua zabaldu zen Fallsen. IRA ez zegoen arerioaren gotorlekurik ametitzeko prest, eta erre egin zuen.

        — Berreraiki eta alfonbra enpresa batek erosi zuen orduan —gogoratzen du Colonek—. Halaxe ezagutu nuen nik mutikotan, La astekarirako publizitate eske joan nintzenean. 80ko hamarkadaren hasieran erosiko zuen Eliza katolikoak, eta 1991. urtean bihurtu zen Culturlann, gaelikoaren eta gure herriko kultur adierazpideen ardatza.

        Culturlannen goiko solairuan daude astekariaren erredakzioa eta Radio Feilte irratiarena, eta beste bietan haur eta gaztetxoen Meanscoil Fairste eskolako gelak, Ipar Irlandako lehen ikastolak. Beheko solairua goikoak baino zaratatsuagoa da. Liburutegia dago bertan, musika eta liburu gaelikoak kontsultatu zein saltzeko. Zarataren arrastoari segitu eta liburutegiarekin bat egiten duen kafetegira iritsi gara. Te bana atera digu Colonek, lanetik atsedena hartuta.

        Gai politikoez arduratzen da Colon astekarian, baina argazkilaritza edota produkzio lanetan ere sarri jarduten du. Bera da informatika arazoak konpontzen dituena. Eta Radio Feilte irrati libreko esatari nagusia da gainera. Errepublika librean baino ez dago gaelikozko irrati legala, Radio na Gaeltachta, baina haren uhinak ez dira Ipar Irlandara ailegatzen.

        — Hogeita zortzi urtetan ez naiz egundo Shankill auzunean barrena ibili —Fallseko gazteen artean batere ohikoa ez den ile mataza luzeak estaltzen dio kaskoa.

        Muturretik muturrera ezagutzen ditu Colonek ipar eta hego Irlandako bazterrak, Donegal konderritik hasita Cork-eko porturaino. Belfasteko mutilak bisitatu ez duen parajerik ez dago. Uhartea bere esku ahurra balitz bezala ezagutzen du. Bere etxetik bost minutura dagoen Shankill auzunea, ordea, ez du sekula zapaldu. Eta ez nahi ez duelako, bizitza jokoan jarriko lukeelako baizik. Errepublikarren fruitu debekatua da Shankill.

        — Zuek biok atzerritarrak zarete eta aste batzuk besterik ez daramatzazue Belfasten, baina nik inoiz ikusi eta bisitatu ezingo ditudan kale eta lekuetan ibili zarete.

        Minik egiteko asmorik gabe, baina zapalduta sentitzen denaren amorru etsiarekin aurpegiratu digu bere arrangura.

        — Sinesgaitza egiten zait. Shankill ondo-ondoan dago, eta zu hara agertuko bazina ez litzaizuke ezer gertatuko.

        — Fallsen bizi garenok ongi dakigu zein arriskutsua izan litekeen Shankilleko eremuan gaudela inork ezagutuko bagintu. Ez ginateke bizirik aterako. Gure bekatua Fallsen bizitzea da, eta Irlanda Batuaren aldekoak izatea.