Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
1996, kronika
200 orrialde
84-86766-66-4
Imanol Murua Uria
1966, Zarautz
 
1998, kronika
 

 

Esklusiba

 

— Euskaldunak ergelak zarete. Abertzale eta borrokalariak politikagintzaren joko eszenikoan gertatzen denari so dauden bitartean, lotan harrapatu ditu Espainiako Gobernuak. Gure estrategiatik ikasi behar lukete.

        — Zein da estrategia hori?

        — Kalera irten eta zapaltzen gaituen estatuaren eta gobernuaren ekimena zapuztu, harik eta egonkortasuna eta gobernabilitatea deitzen diren horiek hautsi arte. Gure borroka kalean dago, ikusgai; euskaldunak, ordea, oskolaren barruan geratzen zarete, batek daki zein mirakuluren zain.

        — Gu handik gatoz, eta nahikoa algara bada egunero.

        — Ez da egia. Biguin kakajaleak zarete euskaldunak!

        Solasaren emaitza antzuari erreparatuta, amore eman eta gaiari beste bide batetik heltzea nahiago Imanolek eta biok. Baina Malachy ahoberoa suminduta dago oraindik. Gorritasuna uxatzeko putz egin eta teari zurrutekoa kendu dio.

        — Nahikoa izan duzu. Ederto batean despatxatu zara.

        — Ezta gutxiago ere. Gainera, antolaketa eta funtzionamendu aldetik kaskar samar dabiltzala uste dut. Ekintza gehiago egin beharko lukete. Ez al dakite leku eta une aproposean bonba batek hamar atentatu txikik baino askoz oihartzun eta eragin handiagoa duela? Gugandik ikasi behar dute. Amonala alde batera laga eta Semtex lehergaia erabili.

        — Zuek erabiltzen duzuena da Semtex hori?

        — Horixe. Amonala baino askoz ere eraginkorragoa da eta, garrantzitsuago dena, arrisku gutxiago dauka. Areago, ez dago zertan aditua izan beharrik. Kaskajo batek ere prestatuko luke leherkaria.

        — ETAk egiten duenari gutxi irizten diozu orduan.

        — Urtero ez dute hamar-hamabost bat ekintza handi besterik burutzen. Horrela ez ditu inork seriotan hartuko, ez die inork kasurik egingo. Dena den, zuzendaritzak oso bestelako iritzia du gai honen inguruan, eta ez du bere egiten nik aipatzen dizuedana. Baina ez dut uste arrazoi faltan nagoenik.

        The Chieftains taldearen «Celtic wedding» kantuko arrabita eta mandolinaren doinu eztien intimitatean, Malachyren azken hitz jarioak parada ona eman digu orain arte gordeta eduki dugun eskaera egiteko:

        — Nahi genuke bai zuzendaritzarekin edo, sikieran, erakunde barruko bozeramaile autorizatu batekin elkarrizketa izatea gure egunkarian argitara emateko. Horrela guk geuk kontrastatuko genituzke erakundearen gogoetak, guretzat propio egindako adierazpenekin.

        Malachyren irri karkarak arrabitari gailendu zaizkio, eta ingurukoak ere gure eskari debekatuaren arrastoan sentitu ditugu.

        — Jira eta buelta ibili zarete sugearen arrastoaren bila eta azkenean aurkitu duzue haren habia. Kosta zaizue baina azkenean bota duzue bota beharrekoa. Hori egina dago. Baina itxaron beharko duzue. Ahal dudana egingo dut. Izango duzue nire berri. Hurrengora arte lagunak!

 

 

Kaputxadunekin elkarrizketa noiz etorriko zain gaudela, Sinn Feineko egoitzara abiatu gara Martin McGuinness-ekin elkarrizketa egiteko modua bideratzeko. Falls errepideko egoitzan dago alderdi errepublikarraren prentsa bulegoa. Etxearen eite kaskarrak baino, bertara sartzeko gainditu behar diren burdinazko ate beltzak eta etxaurrean dauden hiru kamera orobegiraleek eman digute erreparo pixkat.

        — Ez beldurtu, gazteak. Suetenak dirauen bitartean ez dago zertaz kezkaturik.

        — Zertarako orduan hainbeste kamera? Filmeren bat egiten ala? —Imanolek irlandarren umore horretatik ere edan du dagoeneko.

        — Filme bat baino gehiago egiteko adina irudi eta trama daukagu kamera hauetan gordetakoarekin. Iaz, suetena iragarri aurretik, RUCeko paisanozko agente batek hiru lagun hil zituen hementxe bertan.

        Informazio bila etorri omen zen gu bezalako ezezagun bat.

        — Nire toki hau betetzen zuten atezainak tiroz josi zituen agenteak. Handik lasterrera bere buruaz beste egin zuen borrero madarikatuak.

        Prentsa arduradunarekin gaurko zita egina daukagula esan diogu.

        — Donnagha? Tenplez hartu. Estresa zer den urrunetik ere ez dakien horietakoa da Donnagha jauna.

        Ordu erdi inguruko itxaronaldia izan dugu agertu artean. Marx anaietako Harpo mutuaren antza dauka Donnaghak. Lastima ile beltza duena. Iluntasunagatik-edo, hasieran ez diogu erreparatu, baina leihotikako argiak haren gorputza siluetatu duenean harritu gara: besoa falta zaio, ezkerrekoa. Bonba bat jartzen ari zela eztanda egin zion.

        — Ipar Irlandako arazoa ezagutzera etorritako kazetariak gaituzu, euskaldunak. Euskaraz argitaratzen den egunkari bakarrean idazten dugu. Mandatu anitz dakargu zuretzat. Besteak beste, alderdi errepublikarreko ordezkari nagusiak elkarrizketatu nahi ditugu: Gerry Adams, Martin McGuinness, Martin McLaughin, Bobby Sands-ekin batera preso izandako errepublikarren bat...

        — Eta IRA ere bai.

        Penalti jaurtiketa igarri eta gelditu egin digu besamotzak.

        — Badakit horren atzetik ibili zaretela. Britainiarrak izan ezik, denak daude gurekin hitz egiteko irrikitan. Zintzo jokatu nahi dut zuekin, ilusio faltsuak egin ez ditzazuen. Suetenak bere horretan dirauen bitartean, IRAk Sinn Feinen gain utzi du mugimendu errepublikarraren ahotsa. Eta beraz, zuekin salbuespenik egitea zail samarra ikusten dut. Gainerako elkarrizketekin ez dago arazorik. Dei iezadazue datorren astean, ea ordurako ezer dagoen. Agur.

        — Feicfidh me thu —agurraren trukean, ondo kostata ikasitako ikusi artekoa esan diot.

 

 

Maddens-eko bezeroen astean fijoetakoa da Eric gure laguna. Goizean, arratsaldean zein gauean joan, Holy Trinityko batean ez bada bestean izango da seguru: tabernariari sorbalda emanda, besoa barran jarrita egoten da Eric, tentuan, beti bakarrik, guinnessa lagun. Lehor eta zakarra izan arren, behin hasierako une traketsak gaindituz gero, atsegina gerta dakizuke eta solas probetxugarriak izan ditzakezu berarekin. Politika da bere gai faboritoa. Gugaz behintzat politikaz bakarrik mintzatu da orain arte. Itxura batean izotzez egina dirudien arren, british-en gainean mintzo denean sutan jartzeko bi minutu besterik ez ditu behar, eta izotza urtuz joaten da bera bezalako ekintzaile bati uste zaion zuhurtzia galduta.

        — Kokoteraino nago unionistez eta britainiar madarikatuez. Bederatzi hilabete dira jadanik suetena deitu eta bake prozesuari heldu genionetik eta aurrerapausorik ez dute eman.

        — Gauzak aurrera doazela pentsa daiteke —aski da hau, erabat zirikatzeko.

        — Negoziatu beharrean, negoziazioa nola egin behar den eztabaidatzen dihardute batzuek eta besteek. Denbora honetan guztian ez diote mamiari heldu. Ergelarena egiten ari gara. Gugaz jolasean ari dira. Badirudi bake prozesua aurrera doala, baina denbora ere bai. Gure kalterako, noski.

        Ez gaude gehiago itxaroteko prest; berriro armak hartu behar badira, hartuko ditugu.

        Inoiz baino oldartuago ikusi arren, ez diogu aurrekoetan baino kasu handiago egin, eta mitinarekin jarrai dezan utzi diogu:

        — Are gehiago, Erakundearen Zuzendaritzak edozein momentutan armak hartzeko prest egoteko agindu digu. Britainiarrek ez badute elkarrizketa-mahaia azkar deitzen, borroka armatuari ekingo diogu berriro. Kopeteraino gaude txantxetan har gaitzaten!

        Beti bezain zakar amaitu du mitina Ericek. Gaurkoan handiak bota ditu. Nahastuta utzi gaitu hark esandakoak.

        — Hau burutik dago. Egia izanda ere, nola aipa ditzake hainbestekoak topatzen duen lehendabizikoaren aurrean?

        — Ahuntzak legez, bere kasa dabilenetakoa da. Beste edonork esan balitu, esklusiba ederra!

        Aurkitu dugu Ericek gure solasaldia berehala mozteko arrazoia. Emakumeak dira bere bigarren obsesioa —agian lehena—. Tabernaren beste muturreko hippy itxurako neska ile luzedun bategatik laga gaitu. Eta gu, gauza serioez ari ginelakoan!

        — Imanol, ezagutzen al duzu Ericegaz dagoena?

        Sorgin begi politak dauzka, ezpain mamitsuak. Ulertzeko moduko aldaketa.

        The Irish Times egunkariko kazetaria da. Suzanne Breen. Prentsaurreko batean topo egin genuen berarekin. Sorgin begi politak, ezta?

        Bi egun beranduago, astelehen goizean, Dublingo The Irish Timesen lehen orrialdearekin harri eta zur geratu gara. Letra larriz: «IRA grassroots activists told to be ready for resumption of violence». From Suzanne Breen, in Belfast.

        IRAko baseek borroka armatuari berriro ekiteko prest egoteko agindua jaso dute. Suzanne Breenek, Belfastetik.