Katebegi galdua
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
azala: Gary Kelley
Jon Alonso
1958, Iruñea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
aurkibidea
 

 

—4—

 

Kultur Ministroak, komuneko bonbari eragiten ziolarik, igarri egin zuen, ikusi baino gehiago, bere zakil beratua, beheratua; zizare lotsatia iruditu zitzaion. Oposizioan zeudeneko garaiak gogoratu zituen, oroiminez, eta ez orduan Partenongo habea sekula iruditu zitzaiolako, baizik eta garai haietan, sikiera, triparen bolumenak ez ziolako ikusmira galarazten. Tristura post coitum-ari egotzi zion momentuko desanparoa eta eskertu zuen Elsa —ohetik altxatu zelarik komunerako bidean bere urratsei so gelditu zena— ohean etzanik eta mutu egotea. Klandestinitateko garaietatik zeukan preserbatiboak komunetik pertsonalki botatzeko ohitura ere bai—, orduan teknikoki bikotekidearekin kontrazepzioaren kargak eramatea deitzen zena, baina egun, ministro bati inolaz ere ez zegokion eginbeharra, eta are, oraingo egoera eta status-a lorturik desegokia ere izatera irits litekeena. Eginahalak eginda ere kendu ezin zezakeen ohitura, haatik. Horregatik eskertu zuen bi aldiz Elsaren isiltasuna. Ursula izan balitz asaldatuko zen berak botako zituela eta horrelako tokiz kanpoko desenkusekin, baina, jakina, ulertzekoa zen, Ursula gorputz miragarrizko hogei urte bete berri zituen animaliatxo txokolatezkoa zen ber. Amanda izan balitz, ostera, gai orokorreko solasaldi konplizeari ekingo ziokeen operazioak iraun bitarte osoan, bera ez zela aurreko egunean jaio zeharka adierazi nahiz, ministroarentzat arriskugarri baizik ezin gertatzen ahal zen konfiantza maila bat irabazi nahian. Amandak hogeita hamar urte zituen eta bere diti bete eta gozoak Newtonen legearen aurkako borrokaren lehen sarraskiak jasaten ari ziren. Elsa, aldiz, perfektoa da ministro batentzat, pentsatu zuen ministroak, ministro honentzat bederen: hogeita bost urte ditu eta ez du liskar txarrik Newtonekin, baina bere indarrekin jolasten badaki inor mindu gabe, eta diskretoa ez ezik azkarra ere bada. Perfektoegia, agian, baita ministro batentzat ere. Elsarekikoa noiz arte luzatzen ahalko zen arrenkuratu zen. Batek zekien aberriak ez ote zuen helburu handiagoetara deituko. Berriz oheratzerakoan, Elsaren soin eskulturala besarkatu zuen naufragoaren azken salbazio ohola bailitzan.

        Elsa, goazen eskiatzera.

        — Noiz? Nora?

        — Bi aste barru. Cortina d'Ampezzo. Austria, beharbada.

        — Kezkatuta zaude.

        Ministroak aulki gainean zetzan lycrazko jantzi beltza begiratu zuen. Versace-ri berari erosi zioten, eta honek, Elsak esku kolpe batez eta hankak luzatuz bere soinaren neurri zehatzera ekarri zuenean, pasarela gainean erakuts zezala eskatu zion, «solamente una volta». Elkarri begiratu eta barre egin zuten, Versace-ri ohore handia egiten ziela eta biziki eskertzen ziotela baina ezinezkoa zela erantzun baino lehen.

        Kezkatuta zaude. Edo Errusiako bidaia ahaztu zaizu?

        Egia zen. Ahaztuta zeukan bi aste beranduago Errusiara joan behar zuela, Gobernuak Errusian bultzatu nahi zituen afera batzuei bidea errazteko; aitzindari kultural eta diplomatikoarena egin behar zuen, zubi-buru bat osatu behar zuen ondorengo Errusiaratze orokorra prestatzeko. Bere bulegoaren aitzinean azken bi asteak Errusiara joateko irrikitan zegoen txoroarekin gogoratu zen. Izenaz ere ez zen akordatzen.

        Ez da ezer. Alemaniar hori, badakizu —zerbait esateagatik, ministroak.

        — Hoffman?

        — Bai.

        Egia esan, kezka handiagoak zituen. Ederki gintezke, Autonomien Estatua kosta zaigunarekin, halako huskeria batek ministro baten atsedena zapuz baleza, pentsatu zuen. Dagokion Aginte Autonomikoak konpon dezala konpontzekoa, konpontzekorik badago. Baina aitortu behar izan zion bere buruari Hoffmanen izena errekurtso merke gisa erabili izanak berak zerbait esan nahi zuela. Hoffman, Errusiara joan nahi zuen txoroa... Bere idazkariak esana zion Barne Ministeriokoek interes nabarmena zeukatela asuntu hartan. Barne Sailekoak! A zer nolako koadrila. Aberria eta demokrazia estolderietan defenditu beharrarekin guztiz konforme egotearekin ere, euren eginbeharraren zaila eta eskertxarrekoa onarturik ere, bere buruari ez zuela gaiztoegi izan behar Barne Saileko kide sufrituekin mila bider esanagatik ere, ezin izaten zion haiekiko erdeinu puntu bati uko egin; estetika hutsarengatik, nahi bada. Hiltzaile, dejeneratu, koprofilo, zakarro eta koipetsuak ziren. Inork ezin zezakeen Barne Ministro bera ere imajinatu kalamar ogitartekoa jaten eta puta lodi bati ipurdian zimikoa egiten ari zitzaiola izan ezik. Ordean, ordea bidezkoan, Kultur Ministroak bazekien Barne Sailean inork ere ezin zuela bera ikusi. Kultura hitza entzuten dudan bakoitzean, kartutxera bilatzen diat, horra hor Barne Sailean azken hilabeteetan gehien entzuten zen esaldia, berriro ere, oso aspaldiko ez zen garai bateko moda berreskuratu izan balute bezala.

        Zer dabilkizu buruan?

        Ezer ez —isilune laburra—. Oraindik ez didazu esan eskiatzera etorri nahi ote duzun. Errusiatik itzultzerakoan.

        Esan behar al nuen? —neskaren irria entzuten zen—. Jakina. Baina ministroaren promesak ministroaren promesak dira —arrenkuraturik—. Batzuetan betetzen dira, bestetzuetan ez.

        Ederregia. Ederregia egia izateko. Ministroa, zergatik ez zekiela, munduko ministrorik anparogabeena zela sentitzen hasi zen. Elsa indarrez besarkatu zuen, eta honek, bere aldetik, hanka tartean eragin lezakeen gogorrik aztertzeari ekin zion, esku fin, delikatu, jakintsu eta beroaz. Ministroa, horrelakoetan maiz gertatzen zitzaionez, haurtzarora itzuli zen.

        Elsa, ongi deritzozu ministro batek kondoiak komunetik botatzen ibili behar izateari?

        Elsak algara luze eta alai batez erantzun zion.

        Kultur Ministroa eta Elsa zeuden tokitik urruti, denboraz eta espazioaz, Elsaren algara luze eta alaiaren oihartzuna iritsi zen Petronio komisarioaren belarrietara, bere ñabardura guztiekin. Kalitateak deabruen gauza zirudien.

        — Kalitatea izugarria da.

        — Zenbait denbora dela bulegoan bideoak ere paratu dizkiogu.

        Petronio eta bere laguna baino ez zeuden entzun keta-gelan.

        — Txortadak ere grabatu dizkiezue?

        — Debekatu egin digute. Baina debekua jaso genuen arte... Batto entzun nahi duzu?