Ez duk erraza, konpai!
Ez duk erraza, konpai!
1995, kronika
180 orrialde
84-86766-57-5
azala: Lotura Films
Koldo Izagirre
1953, Altza-Antxo
 
2016, narrazioak
2015, nobela
2013, poesia
2011, nobela
2010, saiakera
2009, nobela
2006, poesia
2006, kantuak
2005, narrazioak
1998, nobela
1998, kronika
1997, poesia
1996, erreportaia
1989, poesia
1987, ipuinak
 

 

—XXIII—

 

Hirugarren aldia dut Habanako Katedralera natorrela. Egun eman behar zidaten erantzuna. Sakristiaraino sartu naiz bestetan bezala mezari ezaxolatua, eta abade gazte kubatar berri batek hartzen nau. Ez dut ezagutzen, ez da nik aurrez hitz egindakoa, baina jakinaren gainean dago:

        — Monsegneur Roger Etxegaraik irten beharra izan du herriska batera...

        Langilea izan behar du, hirugarren aldia du huts egiten didala. Ez naiz haboro saiatuko. Aurkituko ditu euskal prentsak ni baino profesional hobeak Habanako Artzapezpiku ezpeletarrari elkarrizketa gogor bat egiteko, Oxúnekikoa zer moduz daraman eta. Hari ematen diot beraz mandatu, egiazta dezala Panpilli bertsolariak kantatu zuena urteek eta arropa gorritan jazteak higatu ez baldin badute:

 

                Apez xarmanta dugu Roger Etxegarai

                Arpegi onekoa, ezti eta arrai...

 

        Bizkarrak harrotzen ditu bestetan hartu nauen apaiz zaharrak hurbildurik, ulertu behar dut zaila dela kardinaleak sakristietan harrapatzea, sakristia katedral batena izanda ere. Mesede bat eskatu behar diet:

        — Aita Gaztelu, non bizi da?

        Elkarri behatu diote. Apaiztegitik irtendakoren bat naizela usteko dute. Gazteenak oraingoan:

        — Hila da duela urte batzuk.

        Edo usteko dute kriminal damutu bat naizela, abade bereziak behar ditudala nire bekatuaren handia aitortzeko.

        Katedraleko plaza purtzileriaz betea dago beti, eta igandeetan beteago. Ez dut zer eginik eta lehendik begiz joak neuzkan kareizko irudi batzuen prezioa eskatzera noala gizonezko gazte ezagun bat ikusi uste dut. Baiki, hura eta bera. Hurbildu natzaio atzetik, ikus ez nazan. Itxaron dut argazkia egin dezan arte, turistari koloreko lapitza eskatu behar dion umeak bezala. Gaia, bizkarra atalondoan lasai emana etxerako mailetan jarria dagoen atso beltz bat tabako luzea ezpainetan.

        — Kontuz, jauna, lapur asko dabil hemen!

        Ezagutu nau kubatarrekin bidaiatzearen arriskuak doan jakinarazi zizkidan erreportari errukitu honek. Poztu ere egin da. Leku zoragarri bat ezagutu omen du, eta bertara gonbidatu nau. Nola ez, La Bodeguita del Mediora narama. Kazetari argazkilaria da. Bere gain ibiltzen da, baina oraingoan enkarguz ari da egiten Habana kolonialari buruzko serie bat. Oso ongi moldatzen da, zeren argi hau Andaluziakoaren berdina baita... Hotelean zer giro dudan jakin nahi du, eta Madrilen esan niona errepikatzen diot Habanan, harroago eta —uste dut— ikaragarriago:

        Konpai... Ni, Kuban, ez nabil hoteletan!

        Ez diot ezer galdetu beharrik, berak esaten dit Espainiako zein egunkariren iganderoko gehigarrirako ari den argazkiak egiten hemen. Bat dator dena: kazetari honen ideologia eta egunkariaren aurrerakoitasuna. Bozkariotan da mutila, dei bat hartu du egunkaritik, Guatemalara hartu behar du hegaldia igandean.

        Ihes egin behar dut. Hanka egin behar dut gizagajo ergel honek hizketan jardun dezan baino lehen. Mutua naiz, Guatemala, bai, ongi, aurkintza ederrak. Gorra naiz, ez dut entzun nahi, ihes egin behar diot... Besotik heldu nau. Belarrira, sasitarrek hala hitz egiten dutela baleki bezala, labana:

        — Muga egiten du Chiapasekin...!

        Ez nuen onartu nahi.

        Barka nazan, B.

        Angel Gaztelu apaiza hainbatetan abiatuko zen bezala naiz abiatu Pariskoa baino ederragoa, aunitzez ederragoa den Trocaderorantz. Pradotik hurbilean dago 162 zenbakia, Salomon zutabeak dauzkan jauregi zaharra. Hemen bizi izan zen, hemen bidaiatu zuen, hemen idatzi zuen Kubak izan dituen José handietan bigarrenak:

        — Aurrena Martí izan zen...

        Eta bigarrena tinda berdeko idazlea (ez da alusio bat), erromes mugiezina (ez da metafora bat), munduari akelarre hitz eder eta iluna eman zion hizkuntzaren jabeak garelako (ez da Borgesen aurkako mendeku bat) euskal jatorrikoa izateaz harrotzen zen habanar peto hura.

        — Ez dago inor, hutsa dago!

        Hil zen Lezama Lima. Idazle gazteak ez datoz liburu eta solas bila. Aita Gaztelu ez dator teologiaz eztabaidatzera. Lezama joana da, maletarik gabeko hainbat bidaia egin zituen harri germinatzaile hura. Hitzaren tenploa, Trocadero 162, hutsa dago.

        — Nahi duzu Paradisoren lehen edizioa? Merke!

        Eskatu didana baino dolar bat gehiago eman diot benetan lehen edizioa dela ikusi dudanean: 1966an UNEACek eginikoa. Pozarren ezkutatu zait karrikan behera. Erabilia dago, baina sendo, edizio onak egin ahal zitzaketen garaikoa da. Liburutegi Nazionalera joan eta kalkatu eginen dut Lezamak Cortazarri eginiko eskaintza, adiskideei benetakoa bezala erakutsi eta bekaizgoa sortzeko... Alua! Alaen alua! Hementxe dago, laugarren orrialdean, zigilua: «Policía Marítima Revolucionaria. Biblioteca Patricio Lumumba». Harrapatuko banu... Errierta eman? Salatu? Ez, eskupeko eman diodan fula kenduko nioke!

        Liburutegi Nazionalera noala burutik pasa zaidan, B., heuk idatzia ez ote den Cortazar-en fondoko Paradisoren lehen orrian ageri dena, niri adarra jotzeko:

 

        Nire lagun maite Julio Cortazar-entzat, bere Rayuela bikaina hartu dudan egun berean, nire Paradiso igortzen diot. Zu eta bion artean oso kariño handia dago, ia batere elkar ezagutu gabe, zenbaitetan geure arbaso amankomun euskaldunari egozten diot...

 

        Barka nazan. Eskerrik asko, B. Despedidako opari ederra dun.