Liztor mutanteak
Liztor mutanteak
2022, narrazioa
144 orrialde
978-84-17051-88-4
Azala: Lander Garro
Santi Leoné
1972, Iruńea
 
 

 

Hau zerua ote da?

 

 

 

Wade: Is this heaven?

Vanessa: It is now.

      [Wade: Hau zerua ote da?

      Vanessa: Orain bai.]

 

 

 

Gizonak hiru aste eman ditu artikulua idazten. Marveleko zenbait film eta telesailetan agertzen den maitasun perfektuaren eta, hortaz, ezinezkoaren fantasia aztertu du —fantasia funtsean maskulinoa, testuan azaldu duenaren arabera—. Hiltzeko zorian edo torturapean edo sufrimendu handiko egoera batean daudela, bai Logan —Otsokumea—, bai Frank Castle —Zigortzailea—, bai Wade Wilson —Deadpool— amodiozko eszena idealizatu batera eramaten ditu irudimenak. Ńabardurak badira, jakina: Logani aukeran aditu nahi ez lituzkeen aholkuak ematen dizkio ametsetan ikusten duen Jean Greyk. Frank Castle torturatzen ari direlarik, emaztearekin ohatzean irudikatzen du bere burua, baina irudi hori Afganistandik itzuli ondokoa da, eta ordurako, beraz, Frank barnetik hautsitako gizakia da, seme-alabekin izaten zuen harreman noizbehinka gatazkatsuaren oroitzapenek erakusten diguten bezala; haatik, Zigortzailearen imajinazioaren irudi horiek galdutako paradisu batekoak dira, paradisu hori badaezpadakoa izanda ere. Deadpoolena da, dudarik gabe, fantasia borobilena, eta gizona benetan liluratua daukana. Hil ondotik, Wade Wilsonek gela batean irudikatzen du Vanessa neska-laguna, aulki kulunkari batean jarria, esperoan, Deadpool bihurtu baino lehenagoko garai ideal batean —beraz, aurpegia eta gorputz osoa kiskali eta desitxuratu baino lehenagoko fantasia akasgabe batean—. Hiru bikoteetan Waderen eta Vanessaren harremana lotsagabeki eta alaiki sexualena bazen ere, Deadpoolen fantasia da ohatzean gauzatzen ez den bakarra, eta hiruretan, inolako zalantzarik gabe, alde guzietarik erromantikoena.

      Mingarriak dira hiru eszenak: alde batetik, erruaren eta damuaren zama flotatzen da hiruren gainetik. Frank Castlek uste du berak Afganistanen egindakoaren ondorio dela norbaitek haren familia hil izana; Otsokumeak hil behar izan zuen Fenix Ilun bilakatutako Jean Grey; Deadpoolek gangster bat akabatzeko saioan huts egin zuelako dago hila Vanessa: aldez edo moldez, hirurek ekarri diete sufrimendua maite zituztenei, edo hala uste dute. Bertzetik, fantasia diren heinean, hiru pertsonaietarik —hiru superheroietarik idatzi du hasmentan gizonak, baina Zigortzailea gizon arrunta da, eta Deadpoolek ez luke etiketa hori onartuko— bakar bat ere ezin da gelditu denboratik eta espaziotik kanpo dagoen memento zirriturik gabe zoriontsu horretan. Halere, baliteke Deadpoolena izatea lazgarriena, Wadek bere burua berpiztea erabaki behar baitu eta, hortaz, boluntarioki uko egin behar baitio Vanessaren konpainian gelditzeari. Hiruretan oinazea eta nostalgia eragiten ditu azken buruan gauzatzen ez den —gauzatzen ahal ez den— maitasun perfektuak; eta atzera-bueltarik gabe galdutakoaren min hori da hiru pertsonaiak mugiarazten eta biziarazten dituena. Hirurek egiten dute egiten duten guzia sekulan gauzatuko ez den eta, are makurragoa dena, sekulan existitu ez den maitasun ideal baten nostalgiak bulkatuta. Ezinezkoa den heinean da akasgabea hirurek sentitzen duten fantasiako bikotekidearenganako amodioa.

      Hiru asteko lan obsesibo samarra akituta, estreinako aldiz ohartu da orain gizona emazteak normalean baino aise denbora gutiago ematen duela etxean. Joan diren egunetan eman dion arreta eskasari egotzi dio kontua —emazteari ez zaizkio komikiak interesatzen, neurri batean lotsagarria iduritzen zaio berrogeita hamarreko gizon heldu batek traje koloreduneko superheroien artean denbora xahutzea eta, horregatik, gizona alferrik saiatuko zen azaltzen zertan zebilen zertan zebilen jakiteko gogorik ez zuenari—, baina orain, eguneko hogeita lau orduak berriz ere beretako dituen honetan, konturatu da gero eta ordutegi arraroagoak dituztela emaztearen ateraldiek, eta gero eta xelebreagoak direla haren azalpenak —gizonak inoiz azalpenik eskatu ez duen arren, hain dira ezohiko bihurtu etxetik ateratzeko eta, batez ere, bueltatzeko orduak, non iduri bailuke emaztea behartua sentitu dela horien arrazoiak argitzeko, normalean gauzak oraindik gehiago iluntzea lortu bertzerik egiten ez badu ere—.

      Gizonak ondorioztatu du emaztea adarrak jartzen ari zaiola, norbaitekin engainatzen ari dela. Hipotesi horrek argitzen lagunduko luke berriki komunean aurkitu dituen lurrinen funtzioa. Aferak, nabaritu du harridura handirik gabe, ez du molestatzen. Ariketa intelektual gisa, zenbait probabilitate aztertu ditu emaztearen balizko infideltasuna imajinatzeko: sexu hutsa da, berak baino hobeki —luzeago, intentsoago, trebeago, irudimentsuago— asetzen duen norbait aurkitu du; norbaitekin maitemindu da eta, larru jotzeaz gainera edo —ez du uste— larrurik jo gabe gustura ibiltzen dira eskutik hartuta, berriz nerabe bihurtuta, Donostian edo Zarautzen edo batek daki non, eta oraindik dibortzio eskaerarik jaso ez badu emazteari pena ematen diolako da; amorantea bera baino gazteagoa da; amorantea bere adinekoa da; amorantea bera baino zaharragoa da —neketan: higuina eragin diote beti zaharrek emazteari—; amorantea bertze emazteki bat da, bizitza osoan lesbiana dela ezkutatu ondotik, hondarrean armairutik ateratzera ausartu delako, edo, berant bada ere, bisexuala dela aurkitu edota onartu duelako, edo, lesbiana edo bisexuala izan gabe, plazera emateko manera berriak dastatu nahi dituelako; amorantea ez da amorantea singularrean, pluralean baizik, bi dira amoranteak, bertze bikote bat, edo bi gizon, edo beharbada bi emazteki, eta hiruren arteko saioetan ez ezik, orgietan parte hartzen du emazteak bertze biekin batera, probatu gabe zeukan guzia probatu nahian, probatu gabe zeukan hori guzia eskatu izan balio, senarrak ez ziokeelakoan eman nahiko edota ematen ahalko —aski inprobablea iduritzen bazaio ere, ez du orgien hipotesi hau baztertzen, emaztea grinatsua izan baita beti sexu kontuetan—. Hipotesi horietarik guzietarik bakar batek ere ez dio minik ematen. Aitzitik, lasaitasuna sentitu du. Sortzekotan, emazteari pena ematen ahal diolako ideiak sortzen dio amorru pixka bat. Horretaz aparte, abantailak bertzerik ez du ikusten bere egoera berrian. Emaztearen ustezko traizioak libratu baitu gero eta nekagarriago egiten zaizkion sexu jardueretarik, zeinetan, berarengandik espero izaten dena betetzekotan, burura ekarri behar izaten baititu webgune pornoetan ikusitako eszenak —Asa Akirak Jessie Volti ipurtzuloa jaten dionekoak ez dio behin ere hutsik egiten—, emazteak bere gorputza senarraren gorputzaren kontra alferrik igurzten duen bitartean.

      Maitasun edota sexu kontuetarako den ala bertze zernahitarako, etxetik kanpo ibiltzeko emaztearen ohitura berriak ematen dion astia ordenagailuaren aitzinean igarotzen du gizonak, merchandising web-orriak bisitatzen ditu —superheroien figurak eskaintzen dituztenak, katiluak, tixertak, etxeko atean paratzeko alfonbrak, giltzatakoak, karterak—, plataforma pornoetako bere atal gogokoenak —kinky lesbians, anal gape, sloppy kissing, pegging, ts Playground—, YouTubeko bideo irri-emangarriak, eta, asperdurak xaxatuta, botikak saltzen dituzten web-orriak —lo egiteko pastillak, analgesikoak, lasaigarriak—. Bortz egunen buruan, iraganetik ustekabean akordura etorri zaion —edo ustekabean etorri zaiola uste duen— izen bat hasi da paratzen bilatzailean. Emazteki baten izena. Gutienez hamalau urte dira ez duela haren berririk —duda egiten du norbaitek ez ote zion erran istripu bat izan zuela, istripu larria—, eta, orain artio arrunt atzendua zuela uste bazuen ere, bilatzaileak haren arrastoren bat —berak baliatzen ahalko lukeen arrastoren bat alegia, zertarako baliatu oraindik sobera ongi ez dakien arren— emanen dion itxaropenaz haren izena hainbat aldiz, hainbat moldez, bertze solas batzuekin hainbat konbinazioz ordenagailuan tekleatu ahala konturatu da bere baitan eraman duela haren oroitzapena urte hauetan guzietan eta, hortaz, izena ez dela ez bat-batean ez ustekabean agertu, baizik eta bere memoriaren toki sekretu batean esperoan egon dela berriz ere agertzeko une egokia noiz ailegatuko.

      Bilaketak biderkatzearekin batera, gizonaren oroimena duela hamalau urteko juntabidera bueltatu da, orduko beldurrera eta zalantzetara, eta orduan hartutako erabakietara —erabaki makurrak, orain badaki—, sobera pentsatu gabe errandako gauzetara —irribarre egiten duzularik, munduko lanpara guziak itzalita ere, darizun argia aski nuke nire bidea aurkitzeko behin erran ziola gogoratzean beroa sentitu du mazeletan, ez daki esaldiaren melengak edo darizu adizkia erabili izanak eraginda—. Hondarrean, haren izena izan daitekeena, akats ortografiko ttiki bat gorabehera, azaldu zaio Freiburgeko hotel bati lotua. Hari horretarik tiraka, hoteleko kudeatzailea dela ondorioztatu du. Hotelaren izena apuntatu du —Organic City Hotel Weber—, eta hiriko mapa batean kokatu.

      Emazteak ez dio oztoporik jarri, ezta galdera anitzik egin ere. Aitzitik, kontent iduri du senarra egun batzuez bistatik galduko duelako. Bertze behin, gizonak berretsi du emaztearen alegiazko infideltasunak edo heldu diren egunetan bien ohatzea berak ez bertze batek eragindako orgasmoen lekuko izaten ahal delako probabilitateak ez diola inolako emoziorik sortzen.

      Bidaia trenez egin du: hegazkinek beldurra emateaz gainera, garestiegiak dira. Tren batean, bertzalde, pentsatzeko eta irakurtzeko astia izaten da; aireportuan, berriz, alferrikako ehunka lan egiten xahutzen da denbora. Bere baitara bildua egin du Hendaiatik Parisera —Gare de Montparnasse— doan ibilbidea, bai eta gero Parisetik —Gare de l'Est— Mannheimera doana ere. Bidaiaren bigarren atalean, liluratua egon da, laburki, parean suertatu zaion zango luzeko neska ilehori ezin ederragoarekin —hain zehazki betetzen ditu edertasun klase jakin baten estereotipo guziak, non duda egin baitu gizonak ez ote den bere irudimenaren asmazio bat—. Telefonoz alemanez aritu da, amarekin, gizonak ulertu uste izan duena ongi ulertu badu, baina Folio bildumako liburu bat darama altzoan. Julio Cortazarren ipuin bat gogoan, tarte batez haren begiak bilatzen saiatu da leihoko kristalean islatutako irudian, alferrik saiatu ere. Gero haren hankak aztertzen entretenitu da, akasgabe margotutako azazkalak, oinen fetitxismoak inoiz erakarri ez duen arren. Bera eta neska pertsonaia nagusi dituen istorioren bat —ez nahitaez amodiozkoa: zientzia fikziokoa, beldurrezkoa...— fantaseatzekotan dagoelarik ohartu da David Foenkinosena dela altzoan zabaldua daraman liburua, eta lilura guzia desagertu da. Lotan egin du Mannheimeraino falta den bidea.

      Handik Freiburgerainokoa, berriz, erne egin du. Poz estrainio bat sentitzen du duela hamalau urte galdu zuen harengana hurbiltzen ari dela imajinatzearekin batera, nahiz eta oraindik ez dakien zer erran behar dion ikusten duelarik, ezta, egia aitortzeko, zerbait erran nahi ote dion edo ikusi nahi ote duen ere.

      Gela ez du hark kudeatzen duen hotelean erreserbatu, tren geltoki nagusitik hurbil dagoen Novotel batean baizik. Gaua da ailegatu orduko, eta harreran dagoen langileak hiru aldiz erran behar izan dio, lehen bietan alemanez —gizonak hizkuntza horretan, aski trakeski, hasi baitu solasaldia— eta hirugarrenean ingelesez, ez duela erreserbarik hotel horretan. Gizonak lehen aldian ulertu dio hori; ez, ordea, zergatik ez duen gelarik, hori da ez alemanez eta are gutiago ingelesez ulertu ez duena. Lankide hegoamerikar bati deitu dio, etsita, harrerako langileak; hegoamerikarrak espainolez galdegin dio zein webgunetan egin zuen erreserba eta, izena aditutakoan, azaldu dio, begietara begiratu gabe baina irribarre atsegin bat ezpainetan, webgune hori ez dela fidatzekoa, maiz huts egiten duela orain berari huts egin dion bezalaxe. Hotela, zoritxarrez, betea dago kongresu baten karietara, baina sasoi horretan ez luke bertze edozein hoteletan tokia aurkitzeko problemarik izan beharko. Gizona kalera atera da, gurpil txikiko maleta herrestan daramala.

      Alde zaharrera abiatu da baina, Döner Kebab bat ikustean, goseak dagoela bururatu zaio. Bere alemanaren ulergarritasun maila zein ote den ezjakitun —bilatzera etorria den hura ez bezala, bera ez da sekulan trebea izan hizkuntzekin— pizza margherita bat eskatu du, mundu zabalean toki guzietan berdintsu ahoskatzen den zerbait delakoan. Pizza bat eta koka-kola bat. Eskatutakoa ekarri diote. Zenbat ordaindu behar duen, ordea, ez dio ulertu saltzaileari. Hamar euroko billete bat luzatu dio, haren erreakzioa aztertu bitartean.

      Afaltzen ari delarik, zigarreta bat eskatu dio gazte batek eta, segituan, haren bi lagunek. Baimena eskatuta, gizonarekin jarri eta solasean aritu dira. Gizona kontent dago nahiko ongi ulertzen dielako, eta haiek ere bere aleman murduskatua ulertzen dutelako, edo ulertzeko itxura egiten dutelako. Egoera ez zaio arraroa egiten. Zergatik azaltzen jakinen ez lukeen arren, ez zaio harrigarria iduritzen webguneak hutsik egin izana eta egun osoko bidaia egin ondotik hotelean gelarik ez izatea eta Döner Kebab batean pizza margherita bat jatea eta hiru gazte ezezagunekin honetaz eta hartaz deklinabideak nahasten dituen oinarrizko aleman batean aritzea. Organic City Hotel Weber non den ba ote dakiten galdegin die. Urrun. Orain ez du balio haraino joatea. Gazteetarik batek, lehen zigarreta eskatu dionak ez bertze batek, bere etxera gonbidatu du. Ez doan, baina edozein hoteletan baino merkeago. Horrek ere ez du gizona harritu.

      Etxea pisu txiki zikin bat da. Han, gaztearen neska-laguna izan daitekeena ezagutu du, irribarre zabal eta —iduritu zaio gizonari— zintzo batez agurtu duena. Neska kulerotan egoteak eta kamisetaren azpian bularretakorik ez daramala nabaria izateak ez du gizona deseroso sentiarazi. Opari bat iduritu zaio. Bertze bat. Bikotea berehala joan da logelara. Maletan pijama bat bilatzeko lanik hartu gabe, sofan etzan da, galtzak eta galtzerdiak erantzita, baina atorra kendu gabe. Intziri batzuek itzarri dute; logelara hurbildu eta, gaizki hetsitako ateko zirritu batetik, neska ikusi du gaztearen zakila milikatzen berak filmetan baizik ikusi ez duen abilezia batez. Sofara bueltan, ez du bere zakila sobera ukitu behar izan orgasmo etsigarri batera ailegatzeko; pentsatzen aritu da gero: damu du bizitzan alferrik xahututako denbora. Egunsentira artio ez da berriz lokartu.

      Organic City Hotel Weberreraino lagundu diote hiru gazteek biharamunean. Kanpoan gelditu dira, gizonaren esperoan. Ateratakoan, egoerak eskatzen zuena baino konbentzimendu handiagoz baietz azaldu die, hotel horretan lan egiten duela bilatzen ari den pertsonak, baina gaur Freiburgetik kanpo dabilela. Bihar itzuliko dela.

      Eguna gazteekin pasatzea erabaki du gizonak. Gaua igarotzeko balio izan duen pisura bueltatu, maleta hartu eta hirian barna bakarrik ibiltzeko gogo handirik ez duelako, baina, beharbada, baita bururatu zaiolako ere bidaia absurdo hau zergatik egin duen ez dakiela. Gizonak ordaindu ditu otorduak eta edariak; erosi duten belarra —berak erre ez duena— ere bai.

      Iluntzean sortu da eztabaida. Gizonak bezperako pisuan espero zuen lo egitea, baina gazteak gehiago kobratu nahi dio. Ikuskizunagatik, erran dio. Gizonak suminduta erantzun dio bere maleta hartu eta hotel batean eginen duela lo. Gero, lasaiago, ez lukeela horrela, haserre, despeditzea nahi.

      Gazteek bezperakoak ez diren karriketan barna eraman dute. Isilik doaz, baina gizonari iduritu zaio keinuak egiten dizkiotela elkarri berak ikusten ez dituela uste dutelarik. Pareta bati atxikia dagoen kaleko argi bakarra duen karrika mehar batean eman diote lehen kolpea —pisua eskaini zionak ez, lehen zigarreta eskatu zionak—, lurrera bota duena. Hirurak batera hasi dira ostikoka lurrean bildua datzan gorputz horren kontra. Gizonak ez daki dirua nahi ote duten —baina aski izanen zuketen pixka bat mehatxatzea—, edo bertzerik gabe dibertitzeko ari ote diren zafratzen. Nolanahi den ere, sosak haien amorrua apalduko duelakoan, burua babes gabe utzita, sakela aldera luzatu du esku bat. Ez daki ostikoak begia leherrarazi dion, baina oinazea gupidagabe hedatzearekin batera dena ilunpean gelditu da. Bi segundoren buruan, argi ezin zuriago batek itsutu du; bat-batean, gizonak pentsatu du munduko farola guziak itzaliko balira ere, argi hura aski izanen lukeela bere bidea aurkitzeko.

      Maitasun akasgabeko eszenaren batera saiatu da gogoa eramaten; horren ordez, bidaia egin aitzin ordenagailuan ikusitako orriak etorri zaizkio akordura, bilatzen ari zen haren istripuaren berri ematen zuena, lasaigarriak eskaintzen zituena, eta irribarre egin du. Astiro-astiro, eskuak burutik baztertu ditu, eta gorputza babesten saiatzeari utzi dio, orain, hondarrekoz, bai baitaki zertara etorri den hiri honetara eta zein den fite egin beharko duen galdera.