Kronikak
Kronikak
Txillardegi
Testuen apailatzea: Koldo Izagirre / Juan Luis Zabala
2022, kronika
208 orrialde
978-84-17051-82-2
Azala: Katiuskak argazki estudioa
Txillardegi
1929, Donostia
2012, Donostia
 
 

 

San Frantzisko

 

(Argia, 1982-04-04,
Larresoro ezizenez)

 

      Alfonso Sastrek esan bide zuen behin San Frantzisko dela munduko hiririk ederrena, edo horrelako zerbait. Eta beste askok gauza bera esan duela, edo esango lukeela, sinetsita nago.

      Eta ez dut uste, benetan, Berkeleyko Unibertsitateagatik denik: campuseko dorre lerden luze hark fama merezia badu, San Frantziskok ez du jakinduriaren tenplua ematen. Eta 1968 ondoko profeten biltokia ere ez: arrastorik ez gaur, itxuraz.

      1906ko lurrikara ikaragarriak ere, ez dio gaur bere kutsua eransten. Berreraiki egin zen hiria goitik behera, eta batimenduren bat kenduz gero, dena da mende honetakoa. Kaleetan barrena ireki ziren arraildura ikaragarrietan hondoratu ziren herritar gizarajoen garrasiak aspaldi ahaztu ziren.

      Alcatraz bera ere, oso berandu arte kartzeletan beldurgarriena, gaur turismo-leku bihurtu da. Eta pareta zaharren zaharrak, eta hustutako etxetzarren hutsak, ikaratu egiten badute ere, beren itsusian, golko ederraren erdian dago Alcatraz uhartea; eta San Frantzisko gaur, besterik da.

      Zer da, beraz?

      Orain dela sei bat urte bisitatu nuenean, txinatarren urteberri-jaia zen San Frantziskon. Sinetsi ezina zen zarata: petardoak han eta hemen lehertzen ziren etengabe: petardo gaitzak, bonbak itxuraz. Eta kale askotan hogei bat zentimetro konfetik estaltzen zituzten galtzadak eta espaloiak. San Frantzisko jaietan zegoen. San Frantzisko jolasten ari zen. San Frantziskon jokoa zen lege eta nagusi.

      Eta hitza hori da: jokoa.

      Lonbard kalea, esate baterako, bakarra da munduan: aldapa gaitzegia izanik (San Frantzisko muino mordo baten gainean eraikia dago; eta lehengo mazelak hantxe daude, beren hartan, baina etxez eta kale ezin erpinagoz estalirik), zeharka luzatu dute kalean barreneko ibilbidea. Eta kalea, gorri-gorri gainera, itzulinguru guztietan lorez mukuru, kotxeak jaisteko moduan dago. Baina, zinez, kale bitxi hartan behera jaistea, ezinezkoa da, gutxienez irribarre egin gabe: karrusela ematen du!

      Kaian, Pier 39 delakoan, eta inguruko kinkila-dendetan, kutsu bera: txantxetan ari dira sanfrantziskotarrak. Donostiako arrain usaina bera kai ondoko aterpeetan; baina arrainez gain, otarrainak eta txangurruak dozenaka, jendearen aurrean maneatuak. Mahaietan, horko “Pantxikaenean” bezala, espaloian, bezeroak arraina jaten ari... Euria ere bazegoen lehengoan, xirimiri etengabea... Beraz, zertaz oroitzen nintzen ez dizuet esango.

      Baina, dudarik gabe, San Frantziskoko folklore bihurtu diren cable car famatuak dira hiriaren sinboloa. 1873an mamituak, San Frantziskoko tranbiak (kable-tranbiak, egia esan) xahartu egin dira: pentsa, 109 urte luze gora eta behera... Baina beren zahar-kutsu horretan atxiki dituzte. Gidatzaileak benetako indar eta eskola erakusketa egiten du bidaia bakoitzean: alimaleko palanka haien erabilera ez da batere erraza, eta tranbiaren erdia behar du batzuetan kableari eutsiko badio. Eta jendeak barre egiten du: zahar eta gaztek, gizon eta emakumek, denek egiten dute barre.

      Donostian izan ziren jardinera haiek bezala erabat zabalik alderdi guztietara euria ari badu, jendea busti egiten da. Baina joko bat denez (esaten dutenez baita sanfrantziskotarrentzat ere), irribarrea ez da gelditzen: aldamenetan zintzilik eta blai, baina pozik. Itxura denez!

      Eta aldapak ez dira txantxetakoak: % 20, % 30, erraz. (Beste zenbait kale, sinetsita egon, are % 40 eta % 50ekoak ere badira; baina hauetan oso kotxe gutxi menturatzen da...).

      Itsas golkoa zoragarria da: Oslo gogoratzen du agian, edo Galiziako zenbait ría baixa. Eta hamaika bay-cruise egin daitezke: hona eta hara, luzeago edo motzago... Golden Gate zubia, munduan dagoen luzeenetako bat, ontzitik ikustea, beste joko bat da: mekano munstro batez eraikia, agian.

      Eta cable car-en txilin-hotsa, eta orain dela berrogei bat urte kaia gurutzatzen zuten ontzietako pianola-soinu mekanikoa, eta arranparrilatzen ari diren arrainen usaina, eta Chinatowneko herensuge koloretsuen irudien oroitzapena, nahasi egiten dira gugan; eta San Frantzisko, haurtzaroaz geroztik ikusi ez genuen hiria bihurtzen da. San Frantziskon nagusiak ere ume.

      Nola azalduko Los Angeles hotz honetara etorri beharrak pizten duen deskana?

      Baina honetaz beste batez mintzatuko natzaizue.