Bihurguneko nasa
Bihurguneko nasa
2021, narrazioa
136 orrialde
978-84-17051-78-5
Azala: Xabier Gantzarain
Uxue Apaolaza
1981, Hernani
 
Bihurguneko nasa
2021, narrazioa
136 orrialde
978-84-17051-78-5
aurkibidea
 

 

Manoletinak

 

 

— Ui, Leticia, ze sustoa! Ez nuen inor espero.

      Entsaladako azken letxuga hostoak murtxikatzen ari da kafe-gelan, kizkurrak motots batean bilduta. Nik jarraitu behar izan dut hizketan.

      — Goiz ari zara bazkaltzen.

      Eta bakarrik; inoiz ez du bakarrik bazkaltzen, beteranoen taldekoa da, menua bazkaltzen du beheko kafetegian.

      — Bai, medikuarenera joan behar dut, hautsita dauzkat oineko hezur batzuk.

      Ez naiz harritzen. Manoletina kendu du oina erakusteko. Bizitza desegokia da manoletinekin ibiltzeko. Eta neguan, eguraldia. Agian manoletinak dira desegokiak, beti. Bulego madarikatu horretan, eserita (dantzan beharrean), bihotzetik oinetarainoko bidea bihurgunez beteta, behatzak izoztu egiten zaizkio Leticiari berogailua topera egon arren. Zerraldoak hoztu egiten dira berogailua jarrita ere.

      — Herrenka nabil.

      Ez naiz ohartu, zirkunstantziek uzten badigute ez baitiogu elkarri begiratzen. Une honetan, makina bat nire kafesnea prestatzen ari da, 10 zentimoren truke (30 berez, baina enpresak 20 ordaintzen ditu, porque despierto nos gustas más), eta hemen egon behar dut, zain egotea beste zereginik gabe. Txanpona eskutik eskura pasatuz sartu naiz, ezin nuen baso bat ur hartu eta alde egin, nabarmena izan da kafea hartzera etorri naizela. Inguruabarrek ez digute tarterik utzi kortesia-arauak larriki urratu gabe elkarri ez begiratzeko.

      — Min handia daukazu?

      Tuperra garbitu gabe itxi, eta plastikozko poltsa batean ari da sartzen.

      — Dagoeneko, kontuz ibiltzen banaiz, ez. Pastillak hartzen ari naiz. Ez dakizu nola egin nuen. Hori da okerrena. Oso fuertea.

      — Uste dut badakidala, Leticia, han nengoen.

      Begiak gorantz jarri ditu, bekainak ere bai.

      — Nola nabilen, egia da. Barkatu. Zu zinen. Oso gogorra izaten ari da.

      Mikrouhin labeak klin egin du.

      — Nire rooibosa da. Aspaldi ez dudala kaferik hartzen. Zuk asko edaten duzu?

      — Bai. Asko. Ez altxatu, lasai, aterako dizut nik.

      Kafesnea ere prest dago, baina rooibosa atera diot lehenengo. Mahaian hozten den bitartean, beste manoletina kendu, eta oinari masajea ematen hasi da. Oinutsik dago. Hori pertsona txikiek egiten dutenean baino ez da konposizio bildu eta orekatua sortzen; ni oinutsik geratzen banaiz, nire 41 neurriarekin, erdiko behatza besteak baino askoz luzeago, giroa desorekatu egiten da.

      — Ezin izan ditut egun hartako manoletinak garbitu. Gogoratzen dituzu? Odola ikusi egiten da oraindik. Bota egin beharko ditut.

      — Tira, asko dituzu.

      — Bai. Eta gauza on bat lortu dugu honekin guztiarekin, badakizu? Orain denek ixten dute portaleko atea. Ez dut berriro irekita ikusi. Egun hartan bezala. Joder. Horretan pentsatzen ari nintzen sartu zarenean, beti zerbait gertatu behar dela jendea espabilatzeko. Ze beldurra, tia. Bel-du-rra. Orduan zu ez zeunden han, ez? Ez zinen etxeraino nirekin etorri. Bakarrik nengoela esango nuke.

      — Ez, ni ez nengoen, ez ginen elkarrekin joan.

      — Metroan ere ez?

      — Ez.

      Normala da nahastea. Berez, bagoi berean joan baikinen. Bakoitza mutur batean, eta bestearen kontziente. Baina egun hartan kontuz ibili nintzen, gaur ez bezala, inguruabarrek utzi ziguten elkarri ez begiratzen. Bulego irteeran, hatz erakuslea fitxatzeko makinan jarrita kristalezko atean zehar begiratu nuen, eta ikusi nuen, kalean jada, kanpoko aterainoko pasarela igarotzen, eta kalkulatu nuen zenbat denboraz antzeztu beharko nuen poltsan zerbaiten bila nenbilela, Mary Poppinsena banerama bezala, bion artean nahikoa tarte uzteko. Distantzia handi samarretik jarraitu nion Alcala kalera arte, ez zen zaila jendartean hura bereiztea, ez zuen halako hotzik esperoko, eta ekilore txikiz apaindutako manoletina urdinak jantzi zituen, media horiak, berokia, erdia horia, erdia urdina (Mary Quantena izan zitekeen). Inoiz ez zitzaion bere ibilera manoletinekin zihoanetan bezain arina, dantzaria eta neurtua iruditzen. Ballet dantzariek ere izaten dute mina, eta agertokiaren atzealdean erretzaile porrokatuak balira bezala ito arren, aurpegiak gorri, bizkarrak oker, ezin diote taulan arinak, ametsezkoak eta dotoreak izateari utzi, ezta txaloen bila itzultzen direnetan ere. Manoletinekin eta bailarinekin kalean ibiltzeak berak salatzen du ballet dantzaria ez dela, bestela jakingo luke oinetako horiek balleta dantzatzeko baino ez dutela balio, oinetako horientzat garrantzitsua ez baitira zure oinak, dantza baizik.

      Gaur ere denek esan diote zer guapa dagoen, neskek, mutilek, lankideek, nagusiek... bi bider baten batek. Lau sosekin konpontzen da beti ondo konbinatuta eta gazte-airez ibiltzeko, harro dago horregatik. Ez dauka seme-alaben aitzakiarik lanera ia pijaman azaltzeko. Amen aurretik pasatzeak plazer berezia sortzen dio guapa dagoenetan, Triball-en, burdela izandako denda batean, erositako trapuekin. Azkenaldian horirako joera dauka, itxura bizia ematen diolako, gaztea, “arropa da nire adina”. Bulego-eraikinetik irteten den bakoitzean pentsatzen du emakume independenteei buruzko erreportaje baterako irudiak grabatzen ari zaizkiola, errekurtsoko irudiak, eta bere gurasoek ikusiko dituztela. Kontu handiz ibiltzen da zati horretan aire egokituak edo berogailuak lehortutako muki koskorrak sudurretik kentzen ez hasteko, eta esfortzu handia egin behar izaten du haurra zela ikasitako Ravelen boleroko ballet pausoak ez egiteko (gurasoek ezagutuko lituzkete, ziur, Plisetskaiarenak izan nahi eta poliodunak ziruditen pausoak, “zoragarri aritu zara, Plisetskaia zenirudien”: Plisetskaia esaten ikasi zuten, alferrik).

      Berriro jantzi ditu oinetakoak, baina apatx eginda jarraitu du aulkian, haur baten malgutasunez. Eroso dago bulegoan; zeregin bat, leku bat, errutina bat, estatus bat.

      — Ez zara eseriko?

      Zutik ari naiz kafesnea edaten, berez, lan-mahaian edateko hartu baitut.

      — Dena hain normal zihoan. Egun bat gehiago zen. Hotzak nengoen. Brokolia bazkaltzeko asmoa nuen, lurrunetan egosia, bexamelarekin. Beti horrela jaten dut. Eta gaztarekin. Ez zait brokolia gustatzen. Zuri?

      — Nik makarroiekin jaten dut. Izebak errezeta hori pasatu arte ez nuen brokolirik jaten.

      Ez du keinua aldatu, eta aldatu gabe jarraitu du hizketan.

      — Siesta egin behar nuen, egunero egiten dut pixka bat. Etxea garbitu, koadro bat jarri, dutxatu eta etxeko arropa jantzi.

      Imajinatu dut, maitagarriki axolagabe jantzita, ballet entsegu batetik irten balitz bezala; leggins grisak, jertse fin eta zabala Mafaldaren aurpegiarekin, berokizko katiuska diren txapinak, motots altu okertua.

      Egun bat gehiago. Alcala kalera iritsi eta metroan sartzen ikusi nuen. Tira, ikusi ez nuen guztiz egin, sute txiki bat baitzegoen, ia beti bezala, metro geltokiaren sarbideko hautsontzian (jendeak ez du, presaren presaz, zigarroa ondo itzaltzen), eta keak estali zidan Leticia. Bide bera ibiltzen dugu egunero, eta elkarrekin egin behar izaten dugu, ia etxe atariraino, bietakoren batek beharrezko distantzia gorde ez, eta elkarri begiratzen badiogu. Egun hartan ez nintzen zein bagoitan sartu zen ikustera heldu, baina behin barruan begi ertzak berehala bereizi zituen haren kizkurrak, berandu. Azkar erabaki behar izan nuen. Nabarmenegia zen bagoitik ateratzea, eta ahalik eta urrunen eseri eta berriro hasi nintzen poltsan bila. Egon behar zen barruan irakurtzeko zerbait. Metroan Leticiarekin joatea bere aurkako bidegabekerien inbentarioa entzutea da: lekurik ez dago esertzeko, goizean dutxatu ez direnei izerdi kiratsa darie, kaskoak jarrita egon arren beren musika latinoarekin zigortzen gaituzte gaur egungo gazteek... Treneko ikuskizunek egoera okertu besterik ez dute egiten; bere kontra egin balituzte bezala jokatzen du, nabarmen bizkarra emanez, zerbait gaizki egiten ari direla azpimarratu nahi balie bezala, “denok entzun behar badugu, ba entseatu, joder”. Biral egin ondoren, pantailan. Horrela baino ez zaizkio arriskugabeak iruditzen; errealitatean, ez da jakiten bagoiari film erromantiko giroa emango dion Got Talent-en ateratzeko moduko soprano errumaniar ilehoria agertuko den, Cuando nadie me ve abestera (progresatu nahi du), edo Leon de Aranoaren film batera eramango gaituen begi hezeko trobadore galiziarra Rosalia de Castroren A gaita gallega errezitatzen hasiko den, ó teu corazón pregunta, / verás que che di en resposta / que a gaita gallega / non canta, que chora (denok izorratu nahi gaitu). Batzuetan beldurra ere pasatzen du, tia, machupichuz inguratuta joan behar izaten duenetan. Trenak arazoren bat balu eta itxita geratuko balira, zer egingo liokete? Bagoi osora begiratzen du halakoetan, eta ondokora ere bai ahal badu —aurpegi zuri bila—. Hala ere, dantza modernoko bere eskolan, ikasturte amaierako ikuskizunerako, metroko bagoi bat birsortu zuten agertokian; berak helduleku bertikal batean striptease dantzaren eta ballet klasikoaren arteko hibridazio bat taularatu zuen, Los Planetasen kanta batekin.

      Liburu bat ireki zuen, bere oinei begira ez joateko, eta bere pertsonaiari hala zegokiolako. Paul Auster zegokion orduan bere pertsonaiari, bizkarra aulkian jarri gabe, bizkarrezurra arkututa.

      — Portaleko atea irekita ikusi nuen. Bihozkada bat izan nuen, benetan. Arraroa zen, hotz zegoen kalean, zertarako utzi irekita? Gonbidapen bat zen, edonor sar zitekeen eraikinean, oztoporik gabe; nerabea banintz, ni ere sartuko nintzatekeen agian, pipak jatera edo.

      Pipak jatera.

      Ez zuen inoiz, karrera etxetik urrun egiten ari zela, gurasoek ikusi ezingo luketen ezer egin. Harreman sexual heterosexualak baino ez, beti ezagutzen zuen norbaitekin, beti preserbatiboa erabilita, beti sentimenduren bat tarteko, beti osasungarri, beti alai, edo pixka bat malenkoniatsu, baina pixka-pixka bat. Horrek horrela behar duela hitzaldi askotan entzun dugu denok. Kontzertuak dira bere gaztetasunaren eremua; bere belaunaldi betiko gaztearen zigilua. Jaialdiz jaialdi josten ditu bere oroitzapen udatiarrak, luzaroan edukitzen ditu kendu gabe eskumuturrekoak, ziur etxean kaxatxo batean gordetzen dituela denak: Primavera Sound, Benicassim, bbk Live... gaztaro fotogeniko baten lekuko. Inoiz ez da erretzailea izan. Maiz entzun ditu gurasoak horregatik pozten. Beharbada lagungarri litzaioke noizean behin zigarro bat erretzea, legearen barruko zerbait aipatzearren. Edo pilularen bat, bestela; bere gurasoek onartuko luketen Lexatin bat.

      — Portaleko presidenteak ohar bat jarri zuen sarreran duela ez asko, joder; ixteko atea, nahi gabekorik ez aurkitzeko —presencias indeseables esan du, berez; baina pentsatu nahi dut, berez-berez, indeseadas esan nahi izan duela—. Ez da hainbesteko esfortzua, atea ixtea. Esan dizut lehen, zerbait gertatu behar da jendea espabilatzeko, be-ti ber-din. Eskuzorroak neramatzan. Gogoan dut Chupa Chupsa atera nuenean kendu behar izan nuelako bat. Eskuzorroekin oso zaila da Chupa Chupsei heltzea. Eta Chupa Chupsaz gogoratzen naiz portaleko atea irekita ikusi nuenean bota egin nuelako.

      Eskuzorroak ez dira erosoak, elurretako panpina bat ez bazara. Beraz, eskuak baliogabetzen dizkioten eskularruak erabiltzen ditu, eta oinak babesten ez dizkioten oinetakoak.

      — Igogailua hartzeko asmoa nuen, min nuen oinetan; beti oinez igotzen naiz, lehen solairuan bizi naiz, eta badakizu, ona da eskailerak igo eta jaistea. Baina lehen eskailburuan neskatila bat ikusi nuen, udako arropaz jantzita, ezin izan nion aurpegia bereizi, eskaileretan gora abiatu baitzen. Dantzaria zirudien, arin-arina zen. Zuk neska hori ez zenuen ikusi.

      Leticiak nire besoari helduta esan ditu azken esaldiak. Inbasio bat. Askatu dit rooibos trago bat hartzeko.

      — Hirunaka igo nituen eskailerak, a ze itxura, eta nire etxean sartzen ikusi nuen. Atearen aurrean geratu nintzen, etxea berea balitz bezala, ez nirea. Oinetan sentitzen nituen bihotz taupadak. Behatzetan. Oso izututa nengoen, ez nintzen ohartu negarrez noiz hasi nintzen. Eta hiltzen baninduten? Hil. Ba, tia, pentsatu gabe, ez dakit zergatik egin nuen, atea kolpetik guztiz ireki eta pauso bat eman nuen barrura. Begiak itxita. Be-gi-ak i-txi-ta, tia.

      Negarrez ari da orain ere, nire aurrean, ez dakit ohartu den, negarrez ari dela, eta nik ez dakit ukitu behar dudan edo ez, kontsolatzeko. Edonor sar daiteke berez, baina ez, justu orain ez da inor sartu. Begiratu diot ateari, erreguka.

      — Kolpe bat sentitu nuen aurpegian, beste bat buruaren atzealdean, atearen kontra.

      Sorbalda ukitu diot azkenean besoa luzatuta, eta pena aurpegia jartzen ahalegindu naiz. Bost segundo zenbatu ditut eta plastikozko edalontziari heldu diot berriro, bi eskuekin: txikiegia da horretarako. Kontsolazio keinua baino “nahikoa da, hombre” bat zirudien. Utzi dio negar egiteari.

      — Eskaileretan behera zihoazen, ama-alabak. Nire arropaz eta oinetakoz betetako maleta batekin. Nire manoletinak. Poliziari deitu nion eskailerak jaitsi bitartean.

      Momentuz, ez dirudi berriro negar egingo duenik, amorruz ez bada.

      — “Zertan lagun zaitzaket” entzun nuen telefonoaren beste aldean. Korrika ari nintzen. Baina garbi esan nion, errumaniar madarikatu bat oinetakoak lapurtzen ari zitzaidala, bai, joder, oinetakoak eta arropa. Eta galderak eta galderak egiten hasi zen. Ez neukan denborarik! Zer gehiago behar zuen, eman nion helbidea. Etorri. Joder, egunero-egunero lanera joan, zergak ordaindu eta ordaindu, eta babesgabe bizi gara! Guk egin behar dugu lasterka lapur hauen aurka! Esan nion e, behatzak puskatzeko zorian nituela, i-zoz-tu-ta. Ea nola nekien errumaniarra zela. Nola? Denak dira errumaniarrak. Edo ijitoak. Edo bi gauzak! Esan nion bai, “zuek ematen diezue jaten, ez? Ba niri ez!”.

      Ez dut begirada mahaiaren ertzetik altxatu. Gorputza aulkiaren bizkarrera itsatsita daukat, beragandik ahalik eta urrunen. Bera guztiz aurreratuta dago. Ez da inor sartu.

      — Ia-ia muturrez aurrera erori nintzen.

      Altxatu dut begirada non jarri oso ondo pentsatu gabe. Efektuak arraroa behar du, leku askotara eraman baitut. Lasaiago ari da orain.

      — Nerbioak, telefonoa... eta eskailera horiek ez dira egokiak manoletinentzat; irrist egin zidaten eta azken mailak txirrista bat zutik jaisten ari banintz bezala egin nituen. Irteerako atea oraindik itxi gabe zegoen iritsi nintzenean, lapurraren gainera salto egin eta bultzaka lurrera botatzeko garaiz: berehala erori zen eta, tia, bere gainean eseri nintzen, ni, kar, kar, kar, 49 kilo. Lepoa estutu nion.

      Baietz egin du buruaz, “hori egin nuen” bat, “nik”, eta “segundo batzuk utziko dizkizut flipa dezazun”.

      — Sinestezina da, ezin gara norbere etxera iritsi eta seguru sentitu.

      — Zurea da etxea?

      — Errumaniar horientzat bai, behar luke. Niri gauzak doan ateratzen zaizkidala uste dute? Esan egin nion, “niri gauzak doan ateratzen zaizkidala uste duzu?”. Nire kamisetak, gonak, bularretakoak, ma-no-le-ti-nak, zer uste duzu?

      — Erantzun zizun?

      — Zer?

      — Lanera itzuli behar dut.

      — Tipak zaplazteko bat eman, eta lurrera bota ninduen. Ez nuen minik sentitzen; bera baino bizkorrago altxatu nintzen eta ostikoa eman nion saihetsen azpian, hemen, lapur errumaniarrari, e-rru-ma-ni-a-rra. Ziur ijitoak ere bazirela. Oso gaztea zen, hasieran iruditu zitzaidana baino gazteagoa. Horiek ez dute egbrik ere, berehala edukitzen dituzte umeak. Hori da bestea, nik zenbat ikasi behar izan dudan. Lehenengo ostikoek min handiagoa eman zidaten niri berari baino, baina gero, “hau manoletinengatik, hau kuleroengatik...”, kar, kar, kar, gero ez nituen oinak sentitzen. Jendea hasi zen hurbiltzen, “eta polizia? Non dago polizia? Kontsolatu baino ez naute egingo? Nik atxiki behar dut gaizkilea? Heroiak izan behar dugu?”. Hori oihukatzen nuen. Nik kazetaritza ikasi nuen! Bikain, dena bikain. Eta korroan zeudenetako tipo batek esan zidan gelditzeko pixka bat, arazoak izango nituela hiltzen banuen. Manoletinak neramatzan, jainkoarren, nola hil behar nuen manoletina batzuekin! Jendea batzuetan ergela da. Beste batek, ze kabroia, kar, kar, kar, animatu egiten ninduen, ikas dezatela ekialdeko hauek ere.

      Kazetaritza ikasi zuen, kultura-kazetaria izateko lehenengo, egunkari progresistaren batean: ez, asmoa ez zen hain mugagabea. El Paísen. Titulua eskatu zioten enpresara sartu ahal izateko, ahalik eta hitz tekniko gehien ahoskatu zituen lan elkarrizketan... target eta horrelakoak. Lan ona zen, bitartean bere gustuko zerbait bilatzeko, bitartean; ez zekien non, enpresa handiren bateko komunikazio bulegoan, adibidez, psoeren zerbaiten komunikazio arduradun. Edo dantza konpainiaren batean; esaterako, Dantza Konpainia Nazionalean. Momentuz, bulegokide ginen komunikazio bulegoak hornitzeko materiala sortzen, anonimo, sei urtez.

      — Nola zenekiten denek nongoa zen?

      — Nik ez nekien zer egin, jo nahi bazion jo ziezaiola berak, ez? Nik egin behar nuen hori ere? Baina ostikoka jarraitu nuen, bestela berehala mintzen zitzaizkidan behatzak. Tipak garrasi egin zuen. Berak. Benetan. Falta zena.

      Hori izango zen nik entzun nuen oihua.

      — Orduan iritsi nintzen ni?

      — Ez nago ziur.

      — Lanera itzuli behar dut, benetan. Bueno, Leticia, ba animo. Ea medikuak zer esaten dizun.

      — Eskerrik asko. Kontatuko dizut.

      Ez dut uste.

      Sei urte bulegoko aulki urdinean eserita, beti bera. Hiru ziren mahaian apaingarririk eduki ezin zuela: takillak jarri zituzten langileen gauzentzat. Okerreko dekorazioek desordena itxura dute, desordena dira, eta izan daitezke negarguraren kausa edo ondorio. Ahal balu, edukiko luke gurasoen argazki bat, ahizparen beste bat, semetxoarekin, haurra zeneko bere bat ballet emankizun batean (urrunetik, okertuta eta mugituta: hala ere, argazkian pentsatze hutsarekin hunkitu egiten da, hainbesteko samurtasuna, ia gupida sortzen dio irudiko neskatilak), bikotekidearena (lau urte elkarrekin. Berak baino hiru aldiz gehiago irabazten du. Etxe propioa dauka. Berak alokairuan dirau, ia egunero bikotearenean lo egiten badu ere: diskurtso feminista bat eratu du horren inguruan, baina, berez, mutilak gonbidapena noiz egingo zain dago. Inoiz ez dio egingo. Hurrengoei egiten diete beti, hurrengoekin edukitzen dituzte haurrak. Egun hartan, mutila zihoan berera. Denei iruditzen zitzaien keinu maitagarria, askoz dirudunagoa izanik, noizean behin berera joatea. “Ez zen batere klasista”, esango diote uzten duenean. Garbitu egin behar zuen etxea, eta erosi berri zuen koadroa logelan jarri: ea hori ere gustu oso txarrekoa, funsgabeki nabarmena eta nerabea iruditzen zitzaion. Beste zerbait bururatuko zitzaion, okerragoa, eta irribarre egingo zion neskatila bati bezala, harmonikari lehen notak atera bitartean). Eskerrak ezin duen mahaigainean ezer eduki.

      Gertakarien egunean, kafesnea erosi berri nuen nik, azukrea oraindik bota gabe, zer une baregarria, azukre poltsatxoa astintzen, Luna plazako zinemaren aurretik pauso geldoan: aspaldi itxi zuten, baina hantxe zegoen, mamu bat balitz bezala... Norbaitek filmen kartelak jarri zituen hartarako izandako paneletan, El Pico II, Princesas, Arrebato, Bajarse al moro, Requiem for a dream... Auzoaren deskribapen bisuala. Leticiari ez zitzaion zonalde hori gustatzen, baina deskribatzen zuen arte interbentzioa ziur baietz, eta bururatuko zitzaion zinema zahar hura arropa denda zoragarria litzatekeela, edo taberna tematikoa, edo gimnasioa. Bere kizkurrak ikusi nituen dantzan Luna kalean. Ezinezkoa zitzaidan bereiztea ska dantzatzen ari zen edo zerbaiti ostikoka. Ez nengoen hain hurbil ere, eta jendez inguratuta zegoen; dena den, bi aukerak ziren nahiko kezkagarriak protagonista Leticia izanda.

      Kafeari begiratu nion, nire buruari galdetu nion ea denbora aski ba ote nuen azukrea botatzeko, baina ezetz erabaki nuen, bereizteko moduan iritsitako oihu pare batek argitu baitzidan zerbaiti ez, norbaiti ostikoka ari zela. Burua galdu du. Pauso azkarrean abiatu nintzen. Norbait hori emakume bat zela ikusi nuen nahikoa hurbildu nintzenean, lurrean geldi-geldi zegoela, oihu egiteari ere utzita. Kafea eta poltsa erraz bota nituen airean Leticiari solapatik heldu ahal izateko, azukre poltsatxoa, ordea, behatz artean nuen, zigarro baten moduan, eta eskua astinduz joan behar izan nuen lurrera eror zedin, ikusle bati bultza eta Leticiaren parera iritsi arte ia.

      Iritsi zen polizia ere. Emakumea ez zen mugitzen baina arnasa hartzen zuen. Unetxo bat lehenago besoan jarri nion eskua, “ondo zaude?”, baina begiratu ere ez zidan egin. Leticiak azken ostiko bat emateko baliatu zuen aukera. Lurrera bota eta nik neuk ostikatzeko gogoa izan nuen. Eta nik, beti bezala, kirol-zapatilak neramatzan. Leticia makurtuta zegoen, oinei eskuez helduta. Min zuen. Berekin hitz egin ahal izateko, poliziak alde batera egin zituen horrelako errumaniarrekin zer egin behar litzatekeen eztabaidatzen ari ziren ikusleak. Negar zotinka ari zen berriro Leticia. Ikusleen artean hasperenak sortu zituen horrek; batzuek besoak aurrealdean gurutzatuta lurrera begiratu, eta ezezko keinua egiten zuten buruaz, “edozein lekutan gerta daiteke, leku guztietan daude”, “edonori”, “neska gaixoa, ze sustoa hartu duen”... Burua agentearen bularrean jarri zuen, kontsola zezan. Poliziak agindu zuen esposatzeko lurrean zegoen pertsona eta eramateko: “Ea oinez joateko gai den autoraino”. “Neskatila madarikatu horrek eramango zuen falta den arropa, horretarako trebatzen dituzte, ez medikuak izateko; lapurtzeko, manoletinak lapurtzeko”. Baina berreskuratu zituen kamiseta, txaketa, gona, jertse gehienak. Malkoak lehortu eta bere arropa erakutsi zien agenteei, prezio batzuk esaten zituen, “ganga bat”, “monada bat”... eta oinetakoak, “ez dute ostikoak emateko balio, kar, kar, kar... baina politak dira, baietz?”. Negarrez hasi zen berriro, “hilda egon nintekeen. Eta lanik gabe. Eskerrak lana daukadan. Es-ke-rrak”. Eta barrez hasi zen, niri begira, “pozik egoteko motiboak dauzkagu, e, lana daukagu”. Poliziak bazihoazen, deituko zioten salaketaren kontua dela-eta; atzerantz zebiltzan, agurtu baikintuzten, bitan ordurako, baina Leticia ez zen isiltzen, negarrez ari zen berriro, eguna izorratu zion lapur horrek, lapurra, “espero dut denbora batez kartzelan edukiko duzuela, zibiliza dadila”.

      Etxeko atea itxi zuen. Berekin igo nintzen; behin kontaktua eginda, ezin nuen aurrera jarraitu, gure begiradak gurutzatu ez balira bezala. Besoak beherantz bota eta arnasa hartu zuen. Oinetara begiratu zuen, nik ere begiratu nizkion oinak, odol-guneak ikusten ziren, manoletinaren barrualdetik kanpora jaiotako lore gorriak ziruditen. “Goazen medikutara, min handia eduki behar duzu”. Koadro bat jarri behar zuela esan zidan. Plisetskaiaren poster bat, beltxargarena egiten. Eta etxea garbitu. Ez zegoen garbitzeko ezer. Ordenatzeko ezer. Liburuak suedieraz zeuden begiratzeko gogoa izan nuen. Etxejabearen lagun arkitekto batek diseinatu omen zuen, metro karratuak optimizatzeko; dena irekitzen zen espero baino gehiago, eta ia edozer ireki zitekeen.

      Aurpegia garbitu zuen. Oinak arrastaka zebilen, eta narrasti pauso bakoitzean min keinuak egiten zituen. Telefonoa hartu eta deitu zuen. “Aita?”, zotinka ari zen, malkoak borborka, oinetako oinazeak handia behar zuen, “hilda egon nintekeen!”. Zigarro bat eskatu zidan, bi hatz aho aurrean jarrita, “erretzailea zara?”, hatzetako batek isiltzeko esan eta telefonoa seinalatu zidan; a, eta esku osoak alde egiteko gonbita egin zidan zigarroa piztu nionean, atea seinalatu zuen kea zeriola. Ez ninduen bere bizitzan ezertarako behar.

      Pasilloan, eskaileretan behera, portalean, Leticiaren janzkiak zeuden. Portaleko atea ireki nuenean, neskatila bat sartu zen Galdosen nobela batetik. Behera begira, begiek salatzen zuten negar egin zuela, eta beste gauza batzuk. Arropa jasotzen hasi zen, azkar. Begira-begira nengoen atea eskuan, ni baino lehen atera zen bera arropa bete plastikozko poltsa batekin. Hogei euroko billetea nuen poltsikoan eta eman egin nion. Harrituta begiratu zidan, bekainak igota, niri mesede bat egiteko bezala hartu zuen paper zatia, eta joan egin zen.